EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016223

66/2016 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Nazioarteko Bake Brigaden artean sinatutako lankidetzako hitzarmena argitaratzea, Mexikon, Guatemalan, Hondurasen eta Kolonbian giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak babesteko eragin politikoa sustatuko duen proiektu bat finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201600066
Xedapenaren data: 2016-11-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201604989
Maila: Ebazpena
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Nazioarteko Bake Brigaden artean sinatutako lankidetzako hitzarmena, Mexikon, Guatemalan, Hondurasen eta Kolonbian giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak babesteko eragin politikoa sustatuko duen proiektu bat finantzatzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 10a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN AZAROAREN 10EKO 66/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA NAZIOARTEKO BAKE BRIGADEN ARTEKO HITZARMENA, MEXIKON, GUATEMALAN, HONDURASEN ETA KOLONBIAN GIZA ESKUBIDEAK DEFENDATZEN DITUZTEN PERTSONAK BABESTEKO ERAGIN POLITIKOA SUSTATUKO DUEN PROIEKTU BAT FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
BILDU DIRA:
Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria
Montserrat García Blas andrea, Nazioarteko Bake Brigadetako (PBI, ingelesezko siglen arabera) presidentea.
ESKU HARTU DUTE:
Lehenengoak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bigarrenak, Nazioarteko Bake Brigaden izenean eta hura ordezkatuz.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal lankidetzaren laguntza eta finantzaketa jasotzen duten ekimenen testuinguru eta lurraldeetan, askotariko mehatxuak eta segurtasunik eza jasotzen dituzte giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonek. Ildo horretan, euskal erakundeek zein bertako erakundeek egiaztatu dutenez, giza eskubideen defentsak dakartzan arriskuak areagotu egin dira. Hori arrisku handia da gizarte-erakundeen eta gizarte-mugimenduen parte diren pertsonen osotasun fisikorako, eta oso baldintzatzaile garrantzitsua lotutako garapen-prozesuetarako.
Esparru horretan, ezinbestekoa da giza eskubideen arloan eta, bereziki, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen laguntza eta babesaren arloan lan egitea. Horretarako, nazioarteko komunitateak hainbat lurraldetan giza eskubideak era baketsuan defendatzen dituzten pertsona, komunitate, erakunde eta gizarte-mugimenduen lan-eremua babesteko bete behar duen zeregin aktiboa sustatu behar da.
Bigarrena.– Nazioarteko Bake Brigadak nazioarteko GKE bat da, eta giza eskubideen babesean dihardu 1981. urteaz geroztik. Estatu espainolean 1987an eratu zen, Guatemalan 1983an, Kolonbian 1994an, Mexikon 2000. urtean eta Hondurasen 2013an. Izaera globaleko erakundea da, eta aitzindaria da babesa emateko nazioarteko laguntzaren teknikan. Teknika horretan, nazioarteko boluntario taldeak eta bertako defendatzaileak ez ezik, behar bezala informatuta eta pertsona horien segurtasuna bermatzeko laster jarduteko prest dagoen nazioarteko Laguntza Sare zabal bat ere badago.
Nazioarteko Bake Brigadek esku hartzeko dituzten estrategiak honako hauek dira: 1) Presentzia fisikoa; 2) Informazioaren produkzioa eta banaketa; 3) Eragin politikoa, eta 4) Defendatzaileak babesteko ahalmenak sendotzea eta gizarte-sarea berreraikitzea.
Hirugarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoen bezala, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
2014-2017ko Gida Planean, eskubide unibertsalak ezarri dira sektoreko lan-ildo gisa («giza eskubideak bete-betean baliatzeko aukera bermatzera bideratutako ekintza espezifikoak bultzatu beharra» bereziki aipatuta), eta giza eskubideen inguruko salaketa, eragin, defentsa eta sustapenarekin zuzenean lotutako proiektuen sustapena ezarri da lan-ildo gisa, hitzarmenak izenpetzeko asmoaren esparruan eta 2008-2011ko Gida Plan Estrategikoan ezarritakoari jarraikiz.
Laugarrena.– Giza eskubideen defendatzaileek bizi dituzten mehatxuekiko eta segurtasunik ezarekiko kezka eta nazioarteko komunitateak egoera horri aurre egiteko bete dezakeen funtsezko rola kontuan hartuta, proposamen honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Nazioarteko Bake Brigaden arteko lankidetza finkatzea da helburu, nazioarteko komunitateak –eta, nagusiki, Estatu Batuek, Estatu espainolak eta Euskadik– Mexikon, Guatemalan, Hondurasen eta Kolonbian Nazioarteko Bake Brigaden laguntza jasotzen duten giza eskubideen defendatzaileen lan-eremuak babesteko eta haiei eusteko duen eragin politikoa sustatu eta bete dezakeen zeregin aktiboa sendotu ahal izan dadin. Adierazitako lau herrialde horiek dira, hain zuzen ere, Estatu espainoleko Nazioarteko Bake Brigaden lan-eremuak, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehentasunezko herrialdeak dira aldi berean.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraikiz:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea honako hau da: hitzarmena izenpetzen duten alderdien –Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Nazioarteko Bake Brigaden– arteko harremanak arautzea, Mexikon, Guatemalan, Hondurasen eta Kolonbian giza eskubideak era baketsuan defendatzen dituzten pertsona, komunitate, erakunde eta gizarte-mugimenduen lan-eremua nazioarteko komunitatearen zeregin aktiboaren bidez babestuko duen proiektu bat batera finantzatzeko.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1.– Europako eta Estatu Batuetako nazioarteko komunitateak (hots, organismo politikoek, gizarte zibil antolatuak eta herritarrek, oro har) giza eskubideek eta haiek defendatzen dituzten pertsonek Mexikon, Guatemalan, Hondurasen eta Kolonbian duten egoerari buruzko lehen eskuko informazioa du, eta PBIren ekarpen proaktiboak jaso ditu haien babesean bete dezaketen zeregina hobetzeko.
2.– Mexikon, Guatemalan, Hondurasen eta Kolonbian diharduen nazioarteko komunitateak hobeto ezagutzen du PBIren laguntza duten eta arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileen egoera, baita haiek babesteko ezar daitezkeen ekimen eta neurriak ere.
3.– Hobekuntza bat izan da proiektuko erakundeen arteko koordinazioan eta PBIk giza eskubideen defendatzaileak babesteko egiten duen eragin-lanaren plangintzan.
Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzako ideia nagusian zehaztuta daude.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 18 hilabete izango da, 2016ko urriaren 1etik aurrera zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrehun eta berrogeita hamahiru mila berrehun eta berrogeita hamalau euro eta hamalau zentimo da (253.254,14), eta kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Nazioarteko Bake Brigadak erakundeak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak egikaritu eta kudeatzekoa ere, eta guztira berrogeita hamahiru mila berrehun eta berrogeita hamalau euro eta hamalau zentimoko (53.254,14) ekarpena egingo du.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak berrehun mila euro eta zero zentimoko (200.000,00) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Nazioarteko Bake Brigadak erakundeari:
% 50, hau da, ehun mila euro eta zero zentimo (100.000,00), hitzarmena sinatu ondoren.
Beste % 40 osagarri bat, hau da, laurogei mila euro eta zero zentimo (80.000,00), diru-laguntzaren % 40ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara.
Gainerako % 10a, hau da, hogei mila euro eta zero zentimo (20.000,00), diru-laguntzaren % 72ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikok nahiz pribatuk, helburu berarekin ematen litzakeenekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.
Alderdi bakoitzak diruz lagundutako partidak erantsitako aurrekontu xehatuan ezartzen direnak izango dira.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili beharreko banku-kontua.
Nazioarteko Bake Brigadak erakundeak ES27 1491 0001 2530 0006 4020 zenbakiko banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa (eurotan), hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Jarraipen-batzorde mistoa.
1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat batzordeko presidentea izango da, eta bestea, berriz, idazkaria.
Nazioarteko Bake Brigadak erakundeko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek ohiko bilkura egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran edo 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta bigarren aldiz, hura amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, kideek egokitzat hartzen dutenean eta, hala badagokio, horietako batek eskatzen duenean bildu ahal izango da jarraipen-batzorde mistoa.
4.– Jarraipen-batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren izaerari dagokionez jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Nazioarteko Bake Brigadak erakundeak baimena eskatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek jarraipen-batzorde mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmenaren indarraldia hitzarmena izenpetzen den egunean hasiko da, eta 2018ko martxoaren 31n amaitu.
Ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute bi alderdiek, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Sin.: Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria.
Sin.: Montserrat García Blas andrea, Nazioarteko Bake Brigadetako presidentea.