EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016223

AGINDUA, 2016ko ekainaren 13koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Zadorra Fundazioaren azkentzea eta likidazioa onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201604987
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2015eko otsailaren 26an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu, eta, han, eskatzen zen Fundación Zadorra Fundazioaren azkentze eta likidatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion eskabide-idazkiari.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeko 33. eta 34. artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 46. artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. eta 36. artikuluetan, eta Fundazioaren estatutuetan.
Aipatutako manuak eta oro har aplikagarriak diren gainerako arauak IKUSITA, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Berresten da Fundación Zadorra Fundazioaren Patronatuak 2014ko abenduaren 31ko bileran hartutako erabakia, zeinaren bidez azkendu eta likidatzen baita Fundación Zadorra Fundazioa, amaitzen baita likidazio-prozedura eta zehazten baita fundazioa likidatzearen ondoriozko likidoaren destinoa. Erabaki hori 2015eko urtarrilaren 29an Félix Torres Cía notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez gauzatu zen (protokolo-zenbakia: 151.
Bigarrena.– Agindua ematen da Fundazioa azkendu eta likidatzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Hirugarrena.– Amaitutzat jotzea Fundazioaren likidazioa, aipatutako eskritura publikoan aurreikusitako eran, eta agintzea Fundación Zadorra Fundazioaren erregistro-orria ezerezteko.
Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 13a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.