EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016218

AGINDUA, 2016ko urriaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016. urteko Euskadi literatura saridunen berri ematen duena.

Xedapenaren data: 2016-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201604884
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/06/14an argitaratutako 2016/06/08ko AGINDUA [201602552]

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko ekainaren 8ko Aginduaren bidez (2016ko ekainaren 14ko EHAA, 112. zk.), Euskadi literatura sariak arautu eta horretarako deialdia egiten da, haien zazpi modalitateetan: euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura, euskarazko haur eta gazte literatura, euskarazko literatura itzulpena, literatura lanaren ilustrazioa, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera.
2016ko ekainaren 8ko Aginduaren 7.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, modalitate bakoitzean saritutako pertsona eta lanekin.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2016ko Euskadi literatura sarietako zazpi modalitateetan saritutako lanak eta egileak argitara ematea:
– Euskarazko literatura: Luis Garde Iriarte jauna, 2015ean Pamiela argitaletxeak argitara emandako Ehiztariaren isilaldia izeneko literatura lanagatik.
– Gaztelaniazko literatura: Gabriela Ybarra Pasch andrea, 2015ean Caballo de Troya argitaletxeak argitara emandako El comensal izeneko literatura lanagatik.
– Euskarazko haur eta gazte literatura: Uxue Alberdi Estibaritz andrea, 2015ean Elkar argitaletxeak argitara emandako Besarkada izeneko literatura lanagatik.
– Euskarazko literatura itzulpena: Xabier Olarra Lizaso jauna, 2015ean Igela argitaletxeak argitara emandako James Joyceren Ulises izeneko lanaren itzulpenagatik.
– Literatura lanaren ilustrazioa: Mikel Casal Patiño jauna, 2015ean Media Vaca argitaletxeak argitara emandako Así es la dictadura izeneko lanaren ilustrazioengatik.
– Euskarazko saiakera: Mitxelko Uranga Alvarez jauna, 2015ean Pamiela argitaletxeak argitara emandako Tartaroa. Mina, boterea eta egia izeneko lanagatik.
– Gaztelaniazko saiakera: Fernando Mikelarena Peña jauna, 2015ean Pamiela argitaletxeak argitara emandako Sin piedad. Limpieza política en Navarra izeneko lanagatik.
Sarituek, aipatutako 2016ko ekainaren 8ko Aginduaren 2. artikuluaren arabera, 18.000 euro gordin jasoko dituzte. Era berean, 4.000 euro gordin jaso ahalko dituzte aipatutako aginduan aurrez ikusitako ekintzak egin ostean (euskarazko itzulpenaren modalitatean izan ezik).
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea, jendeak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 25a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.