EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016218

EBAZPENA, 2016ko urriaren 20koa, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariarena, zeinaren bidez epea zabaltzen baita honako liburu honetan eskaera berriak jasotzeko eta aldez aurretik egindako eskaerei eusteko eskabideak aurkezteko: Euskal Autonomia Erkidegoko Etorkinen Integrazio eta Gizarte Partaidetzarako Foroaren Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburua.

Xedapenaren data: 2016-10-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201604882
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2002/09/16an argitaratutako 2002/08/30reko 200200200 DEKRETUA
  • Ikus 2002/12/03an argitaratutako 2002/11/20ko AGINDUA [200206904]

Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortzen duen abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretuaren (175. EHAA, 2002ko irailaren 16koa) IV. kapituluan, foro horren osoko bilkuran elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua arautzen da.
Dekretu horren 15. artikuluan xedatzen denez, immigrazio-kontuetan lan egiten duten elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua antolatzeko xedez, Foroko Osoko Bilkuran ordezkarien izendapenean parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburua eramango da, eta parte hartzeko eskaera horiek liburu horretan jasotzeko epea, ezohiko arrazoiak izan ezean, hiru urterik behin zabalduko da.
200/2002 Dekretua onartu ondoren, 2002ko abenduaren 3an, EHAAn argitaratu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Gizarte Partaidetzarako Foroaren Osoko Bilkuran elkarteetako ordezkariak izendatzeko prozesuan hasiera batean parte hartzeko eskatu zuten elkarteen zerrenda.
Ebazpen honen bidez, 200/2002 Dekretuaren 18.3 artikuluan xedatzen denez, 2002ko abenduaren 3ko EHAAn (231. zk.) argitaratutako zerrendan azaltzen diren elkarteek ordezkariak izendatzeko prozesu honetan parte hartzeko eskaerari eutsi ahal izango diote, baldin eta prozesu berri honetan parte hartu nahi dutela jakinarazten badute eta eskaera berriak egiteko epea amaitu baino lehen aurreko urtean (kasu honetan, 2015ean) egindako jardueren memoria aurkezten badute.
Era berean, epe bat irekiko da Eskaerak Jasotzeko Liburuan ez dauden erakundeek parte hartzeko eskaera aurkez dezaten, Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortzen duen abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretuaren 15. artikuluan ezartzen denez.
Otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeari jarraikiz, erabakiak hartzeko gune guztietan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua errespetatu behar da, eta pertsona anitzeko administrazio-organoetan ordezkaritza orekatutzat joko da, hain zuzen, sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuan xedatutakoa betez, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariari dagokio izendapen-prozesu berria irekitzea eta parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea jakinaraztea, EHAAn argitaratuta.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hamabost eguneko epea zabaltzea immigrazio-kontuetan lan egiten duten elkarteek (etorkinek osatutako elkarteek zein etorkinak babesteko elkarteek) Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Gizarte Partaidetzarako Foroaren Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan sartzeko eskaerak aurkeztu ahal izateko.
Bigarrena.– Era berean, Foroaren Osoko Bilkuran parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan jasotako eskaerari eutsi ahal izango diote aurreko izendapen-prozesuetan parte hartu duten elkarteek, eta, hain zuzen ere, 2002ko abenduaren 3ko EHAAn (231. zk.) argitaratutako ebazpenean azaltzen diren zerrendakoek, baldin eta prozesu berri honetan parte hartu nahi dutela jakinarazten badute eta ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasi eta hamabost eguneko epea amaitu baino lehen aurreko urtean (kasu honetan, 2015ean) egindako jardueren memoria aurkezten badute. Memoria hori aurkezten ez duten elkarteei baja emango zaie, ofizioz, eta ezin izango dute izendapen-prozesuan parte hartu.
Hirugarrena.– Parte hartzeko eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa sortzen duen abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretuaren (175. EHAA, 2002ko irailaren 16koa) I. eranskinean ezarritako ereduaren arabera aurkeztu beharko dira.
Laugarrena.– Parte hartzeko eskabideekin batera, adostasun-agiria aurkeztu beharko da, zeinaren bidez elkarteek aho batez izendatu baitituzte Osoko Bilkuran ordezkatuko dituzten bokalak.
Izan ere, ordezkariak izendatzeko lehenengo irizpidea da adostasuna lortzea Foroko Osoko Bilkurako ordezkari gisa izendapen-prozesuan parte hartzea eskatu duten lurralde historiko bakoitzeko etorkin-elkarteen eta etorkinak babesteko elkarteen artean. Gainera, aho batez egin beharreko izendapen hori Foroko Osoko Bilkurako elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesuan parte hartzeko eskaerak aurkezteko ezarri den hamabost eguneko epea amaitu aurretik (ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita kontatzen hasita) gauzatu beharko da betiere.
Bosgarrena.– Irekitako prozesuan parte hartzeko eskaera aurkezten duten elkarteen artean ez bada adostasunik lortzen izendapena egiteko, izendatzeko bigarren irizpidea aplikatuko da; hau da, Eusko Jaurlaritzan immigrazio-arloan ardura daukan zuzendariak izendatuko lituzke. Hori dela eta, ez badago adostasunik, abuztuaren 30eko 200/2002 Dekretuaren 7.2.f) II artikuluan aipatutako abalak aurkezteko epea irekiko da (200/2002 Dekretua, azaroaren 9ko 213/2004 Dekretuaren bidez aldatua). Hori dela eta, izendapen hori nahitaez egokituko zaio lurralde historiko bakoitzeko dagozkion elkarteen abal-kopuru handiena biltzen duen elkarteak (etorkinen elkarteak zein etorkinak babesteko elkarteak) proposaturiko pertsonari, elkarte horiek parte hartzeko Eskaerak Jasotzeko Liburuan alta emanda badaude elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesuan.
Seigarrena.– Prozesu honetan parte hartzeko eskaerak Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzara igorri behar dira, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako edozein modutan aurkez daitezke.
Zazpigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herritar Etorkinen Integrazio eta Gizarte Partaidetzarako Foroaren Osoko Bilkuran elkarteen ordezkariak izendatzeko prozesua Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedaturikoaren araberakoa izango da, eta ordezkaritza orekatutzat joko da, hain zuzen, sexu biek gutxienez % 40ko ordezkaritza dutenean.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 20a.
Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendaria,
JOSÉ JAVIER MIGUEL DE LA HUERTA.