EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016218

64/2016 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegora ekarritako auzitegiko medikuen online prestakuntzaren alorrean Justizia Ministerioaren Ikasketa Juridikoen Zentroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea.

Xedapenaren zenbakia: 201600064
Xedapenaren data: 2016-11-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201604880
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegora ekarritako auzitegiko medikuen online prestakuntzaren alorrean Justizia Ministerioaren Ikasketa Juridikoen Zentroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 7a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN AZAROAREN 7KO 64/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGORA EKARRITAKO AUZITEGIKO MEDIKUEN ONLINE PRESTAKUNTZAREN ALORREAN JUSTIZIA MINISTERIOAREN IKASKETA JURIDIKOEN ZENTROAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEAN IZENPETUA
Madril, 2016ko irailaren 14a.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 3. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz.
Eta, beste aldetik, Antonio Zárate Conde jauna, Ikasketa Juridikoen Zentroko –aurrerantzean CEJ– zuzendaria, urriaren 10eko 1276/2003 Errege Dekretuaren bidez onartu zen Ikasketa Juridikoen Zentroaren Estatutuaren 11. i) artikuluak ezarritakoari jarraikiz.
Daukaten karguaren zereginak betez eta beraien erakundeen izenean eta ordezkari gisa dauzkaten ahalmenak erabiliz dihardute bi aldeek, eta hauxe
ADIERAZTEN DUTE:
1.– CEJ erakunde autonomoa da, Justizia Ministerioari atxikia, Justiziako Estatu Idazkaritzaren bidez eta, urriaren 10eko 1276/2003 Errege Dekretuak onartutako bere Estatutuaren 3.2.a) artikuluak xedatzen duenez, hau egin ahalko du: «Autonomia-erkidegoetako organoekin beraien eskumen-esparruko lankidetza-hitzarmenak egin».
2.– Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 35.3 artikuluan autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioko beharrei erantzuteko eskumenak, 13.1 artikuluarekin bat etorriz. Eskumen horien egikaritza azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen, eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 errege-dekretuen bidez egindako eskualdaketei esker, aipatutako beharrei hobeto erantzuteko garapen egokia ahalbidetu zuen. Herri Administrazio eta Justizia Saila da eskualdatutako zereginak bete eta garatu behar dituena.
3.– Bi aldeek prestakuntza-jarduerak elkarlanean egiteko interesa dutenez, lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren klausulak:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Lankidetza-hitzarmen honen xedea CEJen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lankidetza bideratzea da, medikuen prestakuntzaren alorrean, CEJek antolatutako online prestakuntza-jardueretan ekarritako auzitegiko medikuen parte-hartzea ahalbidetzeko.
Bigarrena.– Lankidetza.
CEJeko Zuzendaritzaren 2016ko apirilaren 4ko Ebazpenaren bidez, plazak deitu ziren transferitutako eskumenak dituzten autonomia-erkidegoetara bidalitako auzitegiko medikuek CEJen online jardueretan parte hartzeko.
Deialdi horren esparruan Euskal Autonomia Erkidegoak CEJen prestakuntza-jarduera hauetan parte hartzea eskatu zuen:
Parte-hartzaile horientzako prestakuntza-jarduerak ondoren adierazten den moduan finantzatu, antolatu eta kudeatzeko izango da lankidetza-hitzarmen honetan ezartzen den lankidetza.
Hirugarrena.– Prestakuntza-jardueren antolaketa eta kudeaketa.
CEJek hartuko ditu bere gain lankidetza-hitzarmen honetan programatutako prestakuntza-jardueren antolaketa, kudeaketa eta ikuskapena eta aprobetxamendu-ziurtagiria emango die ebaluazioa gainditu duten ekarritako auzitegiko medikuei.
Laugarrena.– Finantzazioa.
Salbuespenez eta, haren online prestakuntza-jarduera zabaltzeko xedez, 2016an ez da ezarri CEJen aldeko prestaziorik.
Hitzarmen hau aplikatzeak eta gauzatzeak, horretarako hura gauzatzean eta garatzean eman litezkeen egintza juridiko guztiak barne, ezingo dio betebehar ekonomikorik ekarri Euskal Autonomia Erkidegoari eta, egonez gero, bere giza baliabide eta baliabide materialekin aurre egin beharko zaio.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmen honen jarraipen-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori CEJen ordezkari batek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari batek osatuko dute.
Jarraipen-batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:
a) Hitzarmenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
b) Erakunde sinatzaileen arteko koordinazio-lanak bultzatzea, prestakuntza-helburuak ahalik eta hobeen lortzeko.
c) Hitzarmena interpretatzea eta gauzatzeko garaian sor litezkeen zalantzak argitzea.
Seigarrena.– Indarraldia eta luzapena.
Hitzarmen hau izenpetzen den unean jarriko da indarrean, 2016ko abenduaren 31 arte, eta ezingo da luzatu.
Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Hitzarmen hau aldatu ahalko da, alderdiek aho batez erabakita.
Zortzigarrena.– Lehenago suntsitzea.
Hitzarmen hau arrazoi hauengatik suntsitu ahal izango da:
a) Bi alderdiek hala adosteagatik.
b) Indarraldia bukatu baino hiru hilabete lehenago alderdietako batek haren amaiera idatziz iragartzeagatik.
c) Hitzarmenaren klausularen bat ez betetzeagatik.
d) Hitzarmenaren xedean gerora sortutako ezintasunagatik.
Hitzarmena suntsituz gero, behar diren neurriak hartuko dira erabakiaren unean bidean egon litezkeen prestakuntza-jarduerak ez kaltetzeko.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren araubide juridikoa.
Hitzarmen hau hitzarmen juridiko-administratiboa da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) 6. artikuluan xedatutakoaren babesean egin da, eta haren araubide juridikoa azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren eremutik at geratzen da, hala ezartzen baitu haren 4.1.c) artikuluak.
Halaber, kontuan hartu da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean horri buruz xedatutakoa (Atariko tituluko V. kapitulua), hitzarmenaren ondorioak lege hori indarrean sartzeko datatik harago zabaltzen diren heinean.
Interpretazioari, gauzatzeari, aldaketari, suntsipenari eta hitzarmen hau aplikatzearen ondorioz sor litezkeen ondorioei buruz sortutako kontu auzigaiak alderdien adostasunez konpondu beharko dira, bosgarren klausulan xedatutakoaren arabera eratutako jarraipen-batzorde mistoaren barruan.
Jarraipen-batzorde mistoan konpontzen ez diren kontu auzigaien kasuan, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren pean jarriko dira.
Aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaileek, euren eskumenak baliatuz, hasieran adierazitako lekuan eta egunean hitzarmenaren bi ale sinatzen dituzte.
Autonomia Erkidegoko organo eskuduna,
Josu Iñaki Erkoreka Gervasio.
Ikasketa Juridikoen Zentroko zuzendaria,
Antonio Zárate Conde.