EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2016217

IRAGARKIA, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko (SPRI) zuzendari nagusiaren 2016ko azaroaren 2ko Ebazpenari buruzkoa. Ebazpen horren bidez, «Innobideak-Kudeabide 2016» eta «Innobideak Lehiabide 2016» programak arautzen dituzten araudiak aldatzen dira.

Xedapenaren data: 2016-11-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201604874
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Pribatuen iragarkiak)

Aurreko erreferentziak:
  • 2016/04/07an argitaratutako 2016/03/22ko IRAGARPENA aldatzen du [201601472]
  • Ikus 2016/04/07an argitaratutako 2016/03/22ko IRAGARPENA [201601473]

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko (SPRI) zuzendari nagusiaren 2016ko azaroaren 2ko Ebazpenaren bidez, argitara eman ziren «Innobideak-Kudeabide 2016» eta «Innobideak Lehiabide 2016» Laguntza Programen aldaketak, eta hauxe da ebazpen horren edukia:
Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publikoa izanik–, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.
Alde horretatik, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (PCTI 2020) jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira euskal enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten laguntza programak.
Horrela beraz, «Innobideak Kudeabide» eta «Innobideak Lehiabide» Laguntza Programak diseinatu ziren, lehentasunezko helburutzat harturik enpresen lehiakortasuna hobetzeko ekintzak sustatzea, dela Kudeaketa Aurreratuko metodologiak, tresnak eta printzipioak inplementatuz eta aplikatuz, edo dela produktu, zerbitzu edota merkatuko dibertsifikazio handiagoa lortzeko proiektuak babestuz.
Innobideak Estrategiaren barruan daude bi programa horiek eta baita ere «Innobideak Pertsonak» programa. Hiruren artean, 2.482.244 euroko aurrekontua dute, eta aurrekontu-epigrafe beraren barnera biltzen dira, zeren, bakoitzak bere helburuak izan arren, hirurek erantzuten baitiote euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko estrategia komun bati.
Testuinguru horretan, ikusi da ekitaldi honetan ugaritu direla Innobideak Kudeabide estrategiarako aurkeztutako proiektuak. Aitzitik, eta proiektu kopurua murriztu ez bada ere, Innobideak Lehiabide programara aurkeztutako proiektuek jaso duten zenbatekoa txikiagoa izan da batez beste. Hala, Innobideak estrategiari esleitutako baliabideak zuzen banatzeko, eta ahalik eta proiektu gehien babesteko, aldatu egingo dira programa bakoitzari esleitutako baliabideak, hots, Laguntza Programa horien araudietan jasota daudenak.
Gorago adierazitakoaren arabera,
HAUXE EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Innobideak Kudeabide» 2016 Laguntza Programaren araudiko 4. artikuluaren aldaketa onartzea; honela geldituko da:
«4. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honen xederako, hots, diru-laguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 600.000 euro izango dira, eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeinak sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
3.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.»
Bigarrena.– «Innobideak Lehiabide» 2016 Laguntza Programaren araudiko 4. artikuluaren aldaketa onartzea; aldaketaren ondorioz, honela idatzita geldituko da:
«4. artikulua.–Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honen xederako, hots, diru-laguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 1.660.000 euro dira, eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeinak sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
3.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.»
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitara ematea.«Innobideak Kudeabide 2016» eta «Innobideak Lehiabide» 2016 laguntza programen araudiak aldatzen dituen ebazpen hau.
Bilbao, 2016ko azaroaren 2a.
Zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.