EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2016217

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 278/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2016-10-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201604859
Maila: Ediktua
Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia.
Judizioa: 278/2015 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Demandatzailea: Laida Romero Gargallo.
Abokatua: Juan Jose Aizpun Aguirre.
Prokuradorea: Uriz Martin Gonzalez.
Demandatua: Jhon Pooll Ramirez Betances.
Judizio horren gainean 188/16 epaia eman zen, eta honako hau da epaitza:
ERABAKITZEN DUT:
Osorik baiesten dut epaitegietako Alberto Iguaran Telleria prokuradoreak Laida Romero Gargalloren izenean, eta bera ordezkatuz, sustatutako eskabidea, Jhon Pooll Ramirez Betancesen aurkakoa, guraso eta seme-alaben arteko harremanetarako neurriei buruzkoa. Horrenbestez, neurri hauek hartzen ditut:
1.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala elkarrekin baliatzen jarraituko dute bi gurasoek. Guraso biek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeari dagozkion erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartu beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea; adingabea atzerrira joatea, oporraldiko bidaietan ez bada.
b) Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.
e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
Zaintza ez duen gurasoari aitortu egiten zaio adingabearen eskola-bilakaerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, bai eta ikastetxeko jarduera tutorialetan parte hartzekoa ere. Halaber, semearen tratamenduei buruzko argibide medikoak ere eskatu ahal izango ditu.
Semearekin dagoen gurasoak hari buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabearen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.
2.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko araubidea. XXXXX adingabea zaintzeko eta jagoteko ardura amari dagokio.
3.– Bisita-araubidea: Bisita-araubide zehatz bat ezartzen da gurasoarentzat eta adingabearentzat, alderdiak askatasunez eta borondatez ados jartzen ez direnerako; horretarako, entzun egin dira auzi-jartzailearen adierazpenak, berak azaldu baitu zein den errealitate faktikoa eta, hartara, aitaren bisitetarako eta txandakako asteburu-egonaldietarako araubidea ezartzen da, egin ohi diren bezala, ostiraletako 17:00etatik igandeetako 17:00etara, eta horrekin batera: oporren erdiak, hilabeteka, uztaila eta abuztua zenbatuta. Urte bikoitietan amak aukeratuko du, eta, urte bakoitietan aitak, ados jartzen ez badira. Lehen aldia: uztailaren 1eko 10:00etatik uztailaren 31ko 20:00etara. Bigarren aldia: abuztuaren 1eko 10:00etatik abuztuaren 31ko 20:00etara. Kasu bietan, aitak adingabea amaren etxetik jasoko du, eta bertan utziko.
Adostasunik ez bada ere, jagoletza ez duen gurasoarentzako semearekiko komunikazio-araubidean, baimenduta egongo da telefonoz, gutunez, SMSez, posta elektronikoz, Internetez, gizarte-sareez edo hartako beste edozein bitarteko egokiz hartu-emanak izatea, betiere fede onez jokatuta eta estudiotako, jolaserako eta deskantsurako ordutegiak errespetatuta.
4.– Mantenu-pentsioa. Jagoletza ez duen gurasoa den aldetik, Jhon Poollek pentsioa ordaindu beharko du XXXXX semearen elikagaiak ordaintzeko kontzeptuan, ekonomikoki independentea ez delako, eta hilean ehun (100) eurokoa izango da. Zenbateko hori urteko hamabi hilabeteetako lehenengo bost egunetan ordaindu beharko dio jagoletza duen gurasoari, berak adierazten duen kontuan. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako kontsumoko prezioen indizeak aurreko urtean izandako aldaketen arabera, urtarrilaren batetik izango ditu ondorioak, 2017. urtetik aurrera.
Mantenu-pentsioari dagokionez, XXXXXk independentzia ekonomikoa izan arte ordainduko da, edo burujabetasun hori eskuratzeko moduan izan arte, fede onaren eskakizunekin bat.
Jagoletza ez duen gurasoak zuzenean ordaindu behar dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.
Independentzia ekonomikorik ez duen bitartean, semeak dituen aparteko gastuak erdibana (% 50) ordainduko dituzte aitak eta amak, baldin eta ados badaude eta agiri bidez hala egiaztatzen badute, hau da, biek batera erabaki beharko dituzte; adostasunik ez bada, epailearen baimena beharko da. Aurretiaz agiri hori edo baimen hori eskuratu beharko da. Kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.
Aurreko paragrafoan azaldutako aparteko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten, ebazpen honetan ezarritako proportzioan.
Alderdi bati ere ez zaio ezartzen prozesuko kosturik.
Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, eta zein diren apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak (PZLb, 458.2. artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santander banketxean duen Gordailuan eta Zainpean jartzeko Kontuan. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (Kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean utzi izana egiaztatu egin beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, bai eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak ere.
Hala agindu eta sinatu du epaileak. Fede ematen dut.
Argitalpena.- Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen magistratu berberak eman, irakurri eta argitaratu zuen. Eta nik, Justizia Administrazioaren letradua naizenez, horren guztiaren fede ematen dut Donostian, bi mila eta hamaseiko ekainaren zortzian.
Jhon Pooll Ramirez Betances demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu baten bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (PZLb).
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake demandatuak, zeina auzi-ihesean baitago.
Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskuragarri du interesdunak, auzitegi honetako bulego judizialean.
Donostia, 2016ko urriaren 11.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.