EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016213

AGINDUA, 2016ko azaroaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta 2016-2017 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasuneko programak dituzten unibertsitateetarako, goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeetarako eta beste zenbait erakundetarako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-11-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201604735
Maila: Agindua
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan zehazten denez, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek beraiek, zeinek bere esparruan, ikasleen mugikortasuna bultzatuko dute Europako unibertsitate-eremuan. Horretarako, bekak eta ikasketetarako laguntza eta kredituak emateko programak ezarriko dituzte, edo, kasua hala bada, Europar Batasunaren laguntza-programak osatuko. Gaur egun, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1288/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez, «Erasmus+» programa sortu da, hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kiroletakoa.
Erasmus+ programako mugikortasunetarako Europako Erkidegoak egiten dituen diru-ekarpenen bidez ez da kostuen % 100 finantzatzen; beraz, finantzaketa zabaldu beharra dago. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden lekuetara egiten da; horrela, bada, horiek ez dituzte aipatutako erakundeen laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan dauden pertsonak finantzatu beharra ikusi da.
Aurrekoa aplikatuz eta mugikortasunak goi-mailako ikasketetan duen garrantziaz ohartuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erabaki du mugikortasunerako laguntzen deialdia egitea lehen aipatutako markoa zabalduz. Hori dela eta, deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei, goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeei eta beste zenbait erakunderi egiten zaie, Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantziazioa hobetzeko asmoz.
Horregatik, eta kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotakoa, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoan oinarrituta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta 2016-2017ko ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasuneko programak dituzten unibertsitateetarako, goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeetarako eta beste zenbait erakundetarako diru-laguntzen deialdia egitea, I. eranskineko oinarrietan ezarritakoarekin bat.
2. artikulua.– Helburu hori betetzeko, 1.071.200 euro ezarriko dira.
3. artikulua.– Finantzaketa ebatzi baino lehen, laguntza hauek finantzatzera bideratutako zenbatekoa handitu ahal izango da, legerian aurreikusitako kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen araubidearen arabera. Hala gertatzen bada, hori jendaurrean jakinarazi beharko da, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Baimena ematen zaio Unibertsitateetako zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan, agindu honetan xedatutakoa betetzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hileko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko azaroaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
1.– Deialdi honen xedea da 2016-2017 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasuneko programak dituzten erakunde hauei diru-laguntzak ematea.
– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateak eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko beste erakunde eta organismo batzuk.
2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
1.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura, guztira, 1.071.200 eurokoa da, honela banatuta:
a) 371.200 euroko aurrekontua ezarri da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) emandako laguntzak osatzeko, eta 8.1.b) artikuluan daude ezarrita zenbatekoak.
b) 700.000 euroko aurrekontua ezarri da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzarik ez duten egonaldietarako; eta 8.1.c) artikuluan daude ezarrita zenbatekoak.
2.– Unibertsitate Zuzendaritzak, arlo batean ez bada adierazitako aurrekontua agortzen, beste arloan handituko du.
3.– Ikasketak amaitu dituztenen mugikortasunei legozkiekeen zenbatekoak eragotzi gabe, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzak jasotzeko eskubiderik ez izan, mugikortasun horietarako bidaiako laguntza-aseguru bat egingo da.
3. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak.
Nazioarte mailako mugikortasunerako eskaerak lagunduk dira diruz, 1. artikuluan adierazitako erakundea bada eta eskakizun hauek betetzen baditu:
a) Erasmus+ programaren esparruan aurkeztutako proiektuek SEPIEren onarpena izan beharko dute; edo, nazioarte mailako gainontzeko mugikortasun-programen kasuan, dagozkion nazioarteko akordioen babesa izan beharko dute.
b) Mugikortasun-proiektuetan sartuta dauden ikasleek betekizun hauek bete beharko dituzte:
– Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Europako Erkidegokoak ez diren atzerritarrek, eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako, legezko bizilekua dutela egiaztatu beharko dute. Ez dituzte laguntza hauek jasoko ikasketak direla-eta bertan daudenek edo bertan bizilekua dutenek, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.
– 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko administrazio-auzotartasuna izatea.
– 2016-2017 ikasturtean nazioarte mailako mugikortasun programaren bati atxikita egotea.
4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.
1.– Deialdi honetan unibertsitate hauek parte hartu ahal izango dute: Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Goi Eskola, egoitza Donostian izanik (TECNUN), eta goi-mailako arte eta kirol irakaskuntzen ikastetxeak. EASD-Vitoria-Gasteiz, Musikene, Kirolene eta Dantzerti. Halaber, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten beste erakunde edo organismo batzuek ere parte hartu ahal izango dute baldin eta Erasmus+ mugikortasun programetan parte hartzen badute unibertsitateko prestakuntzaren eremuan.
2.– Erakunde onuradunak ezin izango du diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten dion zigor penalik edo administratiborik izan, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako sexuaren ziozko bereizkeria barne dela.
3.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. idatzi-zatian jasotako egoeren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
4.– Unibertsitate Zuzendaritzak beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu ahal izango du deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen diren.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoez egingo dituzte deialdi honetako izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, non E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen baitu.
Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/erasmus/y22-izapide/eu
Eskaeraren ondorengo izapideak elektronikoki egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
6. artikulua.– Eskakizunak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.
3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Aurkeztutako proiektuaren barruan mugikortasunetan parte hartzen dutenek deialdiko oinarrien 3.b) artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzte.
b) Erakundea ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehatze-prozedura batean.
c) Erakundeak ez du diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez dauka horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztuarekin bat etorriz.
d) Erakundeak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
e) Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzekin edo eskakizunekin lotutako edozein egoera aldatzen bada, edo erakundeak xede bererako beste diru-laguntza, sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen baditu edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturengandik, konpromisoa hartzen du horren berri emateko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Unibertsitate Zuzendaritzari.
f) Erakundean ez gertatzea azaroaren 17ko 38/2003 legeak, Diru-laguntzen lege orokorrak, 13. artikuluko 2. idatzi-zatian zehaztutako egoerarik.
7. artikulua.– Eskabideen aurkezpena eta epeak
1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira aipatutako egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/erasmus/y22-izapide/eu
Eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
2.– Eskabideak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2017ko urtarrilaren 31n bukatuko, egun hori barne dela.
8. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskaeran honako informazio hau jasoko da:
a) Mugikortasun-proiektuaren identifikazioa. Proiektu horretan erakundeak eskatutako mugikortasun guztiak sartuko dira.
b) Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) finantzaketa duten mugikortasunak. Erakunde horrek emandako laguntza hileko 330 euro baino gutxiago bada, eskabidean adieraziko da zer kopuru falta den zehatz-mehatz hileko 330 euroraino iristeko erakunde horrek finantzatutako hilabeteetan zehar. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer laguntza eman dion SEPIEk eta zer zenbateko eskatzen zaion Eusko Jaurlaritzari. Era berean, proiektuan adieraziko da zer laguntza eskatzen den guztira deialdi honen kontura finantzatutako mugikortasun guztietarako.
c) Erasmus+ programak finantzatzen ez dituen egonaldi-zatiak egiten badira, programa horrek finantzatutakoez gain, gehienez ere, eskatu ahal izango dira bi hilabete eta 330 euro programa horrek finantzatzen ez duen hilabete bakoitzeko. Ikasle bakoitzeko kostua, gehienez, 660 eurokoa izango da. Nazioarteko beste programa batzuetarako, egonaldiko bederatzi hilabete eskatu ahal izango dira gehienez; hileko 330 euro, eta, guztira, gehienez ere, 2.970 euro ikasle bakoitzeko. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer kopuru eskatzen den, bai eta zer laguntza eskatzen den guztira finantzaketarik ez duten mugikortasun guztietarako.
2.– Aurkeztutako proiektuaren barruan mugikortasunetan parte hartzen dutenek 3.b) artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria.
3.– Aurreko paragrafoko b) eta c) idatzi-zatietako mugikortasunen eta kostuen banan-banako informazioa XML formatuan bidaliko da.
9. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Unibertsitate Zuzendaritzari dagokio diru-laguntza hauek kudeatzea.
10. artikulua.– Laguntzak emateko prozedurak.
1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, dagozkion zuzenketak egingo dira. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera zuzen daitezkeen akatsak ikusten badira, bertan ezartzen den epea eskainiko zaie zuzenketak egiteko. Epe horretan eskaera zuzendu ez bada, ulertuko da eskaera bertan behera utzi dela.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
2.– Diru-laguntza emango zaie 3. eta 4. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskabideei, baldin eta 7. eta 8. artikuluekin bat aurkeztu badira.
Dagoen aurrekontu-zuzkiduraren bidez ezin bazaie eskabide guztiei aurre egin, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera hainbanatuko da aurrekontu-zuzkidura.
3.– Emandako zenbatekoa eskabidean sartutako ikasle guztien artean berdin banatuko da, hurrengo artikuluan ezartzen den bezala.
11. artikulua.– Diru-laguntza zehaztea.
1.– Proiektuen % 100eraino finantzatuko da, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoekin, eta 8.1 artikuluaren b) eta c) letretan adierazitako gehienezko mugekin, baldin eta onartutako eskabide guztien kostuaren baturak ez badu ezarritako zuzkidura gainditzen.
2.– Onartutako eskabide guztien kostuaren baturak 2. artikuluan a) eta b) letretako bakoitzerako ezarritako zuzkidura gainditzen badu (horrela banakatu da deialdiaren zuzkidura osoa), proiektu guztien artean dagoen zuzkidura hainbanatuz ateratzen den zenbatekoa emango zaio proiektu bakoitzari.
3.– Eskabide bakoitzean emandako zenbatekoa eskabidean sartutako ikasle guztien artean berdin banatuko da.
4.– Eranskin honetako 2. artikuluko letretako baterako ezarri den aurrekontu-zuzkidura behar dena baino gehiago bada (eskatutako laguntza guztien % 100 ordaindu ondoren), eta beste letrarako ezarri dena ez bada nahikoa, aurrekoan geratu den gaindikina erabiliko da bigarren horren zuzkidura handitzeko. Aurrekontu-zuzkidura handitu ondoren, aurreko paragrafoan ezartzen den bezala zehaztuko da zenbatekoa.
12. artikulua.– Prozedura ebaztea.
Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabetera ebatziko du deialdia Unibertsitateetako zuzendariak.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren, erakunde eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, laguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, hilabeteko epean.
2.– Agindu honetako diru-laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraituta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek, orokorrean, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak bete beharko dituzte, eta, batez ere, honako hauek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera–, Nire kudeaketak izeneko atalean, berariaz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
b) Diru-laguntza zertarako eman den, xede zehatz horrexetarako erabiltzea.
c) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betez eskatutako informazio guztia ematea.
d) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea.
e) Mugikortasun proiektuan sartuta daudenek deialdiko 3.b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.
f) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eska daitekeen beste edozein betekizun betetzea.
15. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Erakunde onuradunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte justifikazioak aurkezteko, egoitza elektronikoko Nire kudeaketak izenetako ataletik: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak
2.– Dokumentazio hori aurkezteko epea 2017ko azaroaren 15ean amaituko da, 15a barne. Erakunde onuradunek jasotako diru-laguntzak justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Jasotako laguntza aurrekontuan sartu dutela egiaztatzen duen agiria. Erasmus+ programaren barruan egindako mugikortasunei dagokienez, egindako mugikortasunen arabera SEPIEk egindako diru-sarraren ziurtagiria aurkeztuko da.
b) Unibertsitatearen edo ikastetxearen ziurtagiri ekonomikoa, proiektuan zerrendatutako pertsonei egindako banan-banako ordainketena. Pertsona guztiak zerrendatuko dira, bakoitzari egindako ordainketa adierazita.
c) Mugikortasunak amaitu ondoren, erakunde onuradunek aurkeztutako proiektuaren memoria bat aurkeztu beharko dute. Bertan adieraziko dira helburuak, lortu dena eta egindako ekintzaren eta banan-banako mugikortasunen azken kostua (zenbat mugikortasun eta bakoitzaren iraupena).
Memoriarekin batera, 8. artikuluko 1.b) eta 1.c) letretako mugikortasunen eta kostuen banan-banako informazioa aurkeztuko da XML formatuan.
16. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea eta itzultzea.
1.– Unibertsitateetako zuzendariak, erakunde onuradunari entzun ondoren, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak, partez edo osorik, itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Besteak beste, kasu hauetan itzuli beharko da:
– Ezarritako betekizunak (bat edo bat baino gehiago) betetzen ez dituzten ikasleei eman zaienean.
– Laguntza emateko baldintzak aldatu direnean. Proiektuan aurkeztutako mugikortasunetan aldaketak daudenean, mugikortasun horiengatik jasotako laguntza osoari edo parte bati dagokion zatia itzuli beharko da. Justifikatu ez diren mugikortasunen kasuan, dagozkien laguntzen zenbateko osoa itzuliko da, eta, mugikortasunetako egonaldiak proiektuan eskatutakoak baino laburragoak izan direnean, dagokion zatia itzuliko da.
– Agindu honetan xedatutako edozer betetzen ez denean.
– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunei dagokien eginbeharren bat betetzen ez denean.
2.– Abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan araututakoaren arabera egingo da itzulketa.
3.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren xedea beteta– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, baliteke diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emango da argitara emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko duen ebazpena.
17. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
1.– Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraituta, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 1 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori, «Laguntzak eta Diru-laguntzak» deiturikoa, jasota dago Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan, zeinaren bidez Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen baitira).
2.– Datuak lortu, zuzendu, ezabatu eta aurkatzeko eskubideak Unibertsitate Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
3.– Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari behar diren egiaztapenak egin ditzan beste erakunde batzuetan, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla egiaztatzeko eta proiektuan azaltzen direnek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Proiektuetan sartutakoek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, unibertsitateek edo ikastetxeek beren proiektuetan sartu dituzten pertsonen baimena lortu beharko dute.