EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016213

154/2016 DEKRETUA, azaroaren 8koa, Plentziako herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun bezala sailkatzeko Dekretua aldatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600154
Xedapenaren data: 2016-11-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201604732
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2009/06/05ean argitaratutako 2009/05/26ko 200900277 DEKRETUA aldatzen du
  • Ikus 2012/10/04an argitaratutako 2012/09/18ko 201200176 DEKRETUA

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bere gain hartu zuen, Konstituzioaren 148.1.16. artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19. artikulua kontuan hartuta. Eskumen hori garatzeko Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen.
Eskumen horiek direla bide, maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretuaren bidez, Plentziako herrigune historikoa (Bizkaia), monumentu-multzo kategoriarekin, kultura-ondasun deklaratu zen. Dekretuaren 3. zerrendan oinarrizko babesa zuten eraikinak jaso ziren, tartean Palas hostala.
Plentziako Udalak, 2016ko apirilaren 29an, Palas eraikinaren barrualdeko babesa partzialki aldatzeko eskabide bat bidali zuen (kultura-ordenamendu faltagatik). Eraikin hori Plentziako Erribera kaleko 42. zenbakian dago.
Kontuan hartu ziren eskabidea, udalak zer adierazi eta argudiatu zuen eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dauden txostenak, eta, ondorioz, zentro horren zerbitzu teknikoek txostena eman zuten, zeinaren bidez ziurtatzen baita Palas eraikinaren kultura-interesa kanpoaldeari baino ez dagokiola, eta, beraz, ez dela egokia maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretuaren oinarrizko babesean sartzea (277/2009 Dekretua, Plentziako herrigune historikoa monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun bezala sailkatu zuena).
Ondorioz, zera erabaki zen: Palas hostala izeneko eraikina 3. zerrendatik (oinarrizko babesa) kentzea, eta dekretu horren 6. zerrendan sartzea (babes partziala).
Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2016ko ekainaren 24ko ebazpenaren bidez (uztailaren 7ko EHAA, 129. zk.) espediente bat ireki zen eta jendaurreko informazioaren eta audientziaren izapideak abiarazi ziren, Plentziako herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun bezala sailkatzen duen maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretua aldatzeko.
Era berean, aldaketa-prozedura abiarazteko ebazpenean Areatza kalearen erreferentzia kendu zen, nahasterako bidea eman baitezake; izan ere, katastroan Palas hostala Erribera kaleko 42. zenbakian dagoela azaltzen da, hala eskatu baitzuen bere garaian Plentziako Udalak (eraikina desafektatzeko egindako aurreko eskabide batean).
Gainera, kontuan hartzekoa da irailaren 18ko 176/2012 Dekretuaren bidez Artekale kaleko 12. zenbakiko higiezina desafektatzea ebatzi zela aurri-egoerako prozedura batean egoteagatik. Elementu hori ere 3. zerrendan zegoen sartuta (oinarrizko babesa), baina ez zen beharrezko aldaketa egin zerrenda horretan, eta, beraz, orain kenduko da zerrendatik.
Jendaurreko informazioaren izapidea eta interesdunei entzunaldia ematekoa hasita, alegazioak aurkeztu zituen Antonio Iglesias Losada, Gestión Inmobiliaria Palas SLren izenean.
Alegaziogileak eskatzen du eraikina Plentziako herrigune historikoko kategorietatik kanpo uzteko. Herritarren memoriaren eta memoria historikoaren parte izateko, eraikina eraitsi eta berdin-berdin berreraikiko zen, era klonatuan, egungo teknologia berrien bidez. Eskaera horren oinarri bezala arkitektura-estiloaren eta eraikuntzaren araberako arrazoiak aurkezten ditu.
Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek alegazioei erantzuteko emandako idatzian esaten da argudiatutako arrazoiak eraikinaren jabeen aurreko txostenen eta eskaeren kontrakoak direla. Izan ere, haietan espresuki esaten zen Palas hostalaren balioa haren ingurumen-interesari eta bolumetriari zor zitzaiola, eta arrazoi horietan oinarritzen zen eraikina hustu eta hasiera batean zuen erabilera (hau da, etxebizitzarena) emateko eskaria. Iritzi bera adierazten zen dekretua aldatzeko udalaren eskaerarekin batera bidali zen udal-arkitektoaren txostenean. Eskaera horrek eragin du, hain zuzen, espediente hau irekitzea.
Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta prozedura hasteko arrazoien kontra egiten duten edo horien edukia indargabetzen duen txosten berririk aurkeztu ez dela kontuan hartuta, batik bat eraikinaren kultura-balioa kanpoaldeari mugatzeari dagokionez, ez dira onartu alegazioak.
Ondorioz, Kultura Ondarearen gaineko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12 artikuluetan ezarritakoari jarraituz eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko azaroaren 8ko bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Plentziako herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun bezala sailkatzen duen maiatzaren 26ko 277/2009 Dekretua aldatzea. Aldaketa horren bidez, idazkera berria emango zaie Dekretuko III. eranskinaren V. kapituluko 3. (oinarrizko babesa), 6. (babes partziala) eta 7. zerrendei (diskordantzia partziala), Dekretu honen eranskinean jasota dagoen testuaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Dekretu honen berri emango dio Jabego Erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, Dekretua jakinaraziko zaie ere honako hauei: interesdunei, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Plentziako udalari (Bizkaia) udal-hirigintzako araudia aldatzeko eskatuko dio, monumentu-multzo horretarako ezartzen diren babes-araubideko zerrenda berrietara egokitu dadin, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Honako Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da jende guztiak horren berri izan dezan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Udal-plangintza Dekretu honetan ezarritako aldaketei egokitu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak plangintza berriari oniritzia eman arte, eraikinaren kanpoaldean (fatxadetan eta estalkian) egin beharreko esku-hartzeetarako beharrezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunen baimena eskuratzea, eta baimen hori udal-lizentzia baino lehen lortu beharko da, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak ezartzen duen moduan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan izango du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko azaroaren 8an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
AZAROAREN 8KO 154/2016 DEKRETUAREN ERANSKINA
MAIATZAREN 26KO 277/2009 DEKRETUAREN III. ERANSKINAREN V. KAPITULUKO 3., 6. ETA 7. ZERRENDEN IDAZKERA BERRIA
3. zerrenda: oinarrizko babesa.
– Erribera, 1, 3, 5, 7, 8, 10, 11, 13, 18, 21, 23, 25 (Arrarte Hotela), 26, 30, 44, 48, eta 50 (Barrenkale, 47)
– Barrenkale, 1, 7, 12, 14, 19 (Erribera, 20), 20, 22, 24, 26, 33, eta 35
– Artekale, 1, 2, 3, 5, 6, 7, 8, 9, 10, 14, 15, 17, 21, 22, 23, 24, 25, 29, 31, 32, 33, 35, eta 39 (Arbideko aldapako izkina)
– Goienkale, 1A (Villa Saturnina), 3, 12, 13, 14, 15, 17-19, 21, 22, 23, eta 31
– Eleiz Enparantza, 3, 4, 5, 6, 9, 10, 11, 13, 14, 15, eta 16
– Portaleta, 2 eta 4
– Kale Barria, 1 eta 3
– Arbidea, z/g
– Udaletxe Aldapa, 5
– Magdalen Aldapa, 1, 3, 4, 5, 6, 7, 10, 11, eta 13
– Kristo Eskilara-enparantza, 4, 7, eta 8-12 (Kultur aretoa)
– Etxegana (Gaminiz, 1, Azurtegiondo)
6. zerrenda: Babes partziala.
– Barrenkale, 31: harrizko behealdea.
– Goienkale, 33, 35, 37: fatxadak.
– Eleiz Enparantza, 17: fatxada nagusia.
– Opatua (Kristo Enparantza, 6): fatxadak.
– Palas Hostala (Erribera, 42): kanpoaldea (fatxadak eta estalkia).
7. zerrenda: Diskordantzia partziala.
– Erribera, 6, 9, 15, 28: hegalkin trinkoak.
– Barrenkale, 28: hegalkin trinkoa.
– Artekale, 20: hegalkin trinkoa.
– Goienkale, 11: hegalkin trinkoa.
– Eleiz Enparantza, 14: hegalkin trinkoa.
– Palas Hostala (Erribera, 42): hormigoi-armatuko atari/terraza, fatxada nagusian.