EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2016213

58/2016 EBAZPENA, urriaren 21ekoa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean sinatutako hezkuntza-lankidetzako hitzarmena argitaratzea, curriculumaren barruko ikaskuntzan, emakume eta gizonen berdintasunaren gaineko masterreko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten: berdintasun-agenteak.

Xedapenaren zenbakia: 201600058
Xedapenaren data: 2016-10-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201604730
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean sinatutako hezkuntza-lankidetzako hitzarmenaren testua, curriculumaren barruko ikaskuntzan, emakume eta gizonen berdintasunaren gaineko masterreko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten: berdintasun-agenteak. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 21a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 21EKO 58/2016 EBAZPENARENA
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUA ERAKUNDE LAGUNTZAILEAREN ARTEKO HEZKUNTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, CURRICULUMAREN BARRUKO IKASKUNTZAN, EMAKUME ETA GIZONEN BERDINTASUNAREN GAINEKO MASTERREKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGIN DITZATEN: BERDINTASUN-AGENTEAK
Vitoria-Gasteizen, 2016ko apirilaren 15ean.
BILDUTA:
Alde batetik, María Aránzazu Campos Rubio andereak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean, UPV/EHU) ordezkariak, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko (Berdintasun-agenteak) Masterreko zuzendariorde gisa, titulu hori proposatu duenak eta Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudian ezarritakoari jarraikiz,
Eta beste alde batetik, Ángel Tarsicio Toña Güenaga jaunak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoko (aurrerantzean, erakunde laguntzailea) lehendakari gisa, 2015eko otsailaren 10ean egindako izendatzeari jarraikiz, erakunde hori ordezkatuz,
Elkarri onartzen diote beharrezko legezko ahalmena badutela Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmen hau sinatzeko, eta honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– UPV/EHUk helburu hau duela, besteak beste: «Goi-mailako kalitatezko hezkuntzaren bidez ikasleak modu integralean heztea eta lan-munduan sartzeko prestakuntza profesionala bermatzea».
Bigarrena.– Erakunde laguntzaileak konpromisoa hartu duela gure komunitateko ikasleak profesionalki gaitzeko prozesuak etengabe hobetzeko, lana aurkitzeko baldintzak hobetzeko eta etorkizuneko profesional gisa gaitzeko neurri modura.
Hirugarrena.– Kanpoko praktika akademikoek trebatzeko jarduera osatzen dutela, ikasleek egiten eta unibertsitateak gainbegiratzen duena, eta horren helburua dela ikasleek prestakuntza akademikoan jasotakoa aplikatzeko eta osatzeko aukera izatea; horrela, jarduera profesionalean lagunduko dieten gaitasunak lortzeko aukera izaten dute, bai eta lana lortzeko eta ekiteko gaitasuna lortzekoa ere.
Laugarrena.– UPV/EHUk «Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun-agenteak» titulua berezko titulu gisa eskaintzen duela, eta kanpoko praktikek titulu horren ikasketa-planeko jarduera akademikoetako bat osatzen dutela.
Bosgarrena.– Erakunde laguntzaileak enpleguaren sektorean garatzen duela bere jarduera, Euskal Autonomia Erkidegoko aginpide diren enpleguko politika aktiboez eta bitartekotzaz baliatuz.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Berdintasun Unitatea, hain zuzen ere, 2015-2016 garairako plangintza osatzen ari da berdintasunari dagokionez; une honetan, unitate horren aurrerakada eta sendotzea gertatzen ari dira. Euskal Enplegu Zerbitzuan praktikak egin nahi dituzten ikasleek berdintasunerako politika publikoak integratzeko behar den prestakuntza eta ezagutza jasoko dituzte gizarte-politiken definizioan bertan eta enpleguaren sustapenean.
Seigarrena.– Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudian ezarritakoaren arabera (2012ko irailaren 27ko Gobernu Kontseiluan onartua), «Kanpoko praktika akademikoak bideratu ahal izateko, hezkuntza-lankidetzarako hitzarmenak sinatuko ditu unibertsitateak, araudi honen 2.2 artikuluan aurreikusten diren erakunde laguntzaileekin (...)».
Horregatik, bi alderdiek hau
ERABAKITZEN DUTE:
Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmen hau sinatzea,
KLAUSULA HAUEK KONTUAN HARTUZ
Lehenengoa.– Xedea.
Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmen honen xedea da UPV/EHUko «Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun-agenteak» izeneko masterreko ikasleek kanpoan (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakundean) egiten dituzten praktika akademikoen baldintzak arautzea, uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuarekin eta UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiarekin bat etorriz, eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartuta, 2012ko irailaren 27ko saioan (2012ko azaroaren 12ko EHAA, 218. zk.).
Bigarrena.– Praktiken lekua, programa eta praktikak egitea.
Dagokion ikasketa-planean ezarritakoa oinarri hartuta, praktiken tutorea izango den pertsona prestakuntza-proiektua (I. eranskina) egiteaz arduratuko da, praktikak hasi aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko izapidegilearekin batera. Proiektu horretan, honako datu hauek zehaztuko dira:
1.– UPV/EHUk eskaintzen duen irakaskuntza:
Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun-agenteak.
2.– Jarduerak egingo diren lekua.
3.– Praktika programaren iraupena.
4.– Programaren ordutegia.
5.– Erakunde laguntzaileko izapidegilea.
6.– Unibertsitateko tutorea.
7.– Praktika programaren arduraduna.
8.– Hezkuntza-helburuak.
9.– Garatu beharreko jarduerak edo zereginak.
10.– Ikasleen zerrenda.
Praktiken iraupena eta ordutegiak praktiken ezaugarrien eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baliabideen arabera ezarriko dira, praktika horiek ahalik eta eragin gutxiena izan dezaten Lanbideren ohiko jardueran.
Hirugarrena.– Erakunde laguntzailearen eta ikaslearen arteko harremana.
1.– Kanpoko praktika akademikoek prestakuntza egiteko helburua dutela kontuan hartuta, horietatik inoiz ez da etorriko lan-harreman batek dakarren eginbeharrik, eta praktikek ezin izango dute lanpostuen berezko prestazioaren ordezko izan.
2.– Halaber, ikasketak amaitzean, ikaslea erakunde laguntzaileko plantillan sartuko balitz, praktiketan egondako denbora ez litzateke kontuan hartuko antzinatasuna aitortzeko xedearekin, eta ez luke probaldia ordezkatuko, dagokion hitzarmen kolektiboan bestelako baldintza bat berariaz adierazita dagoenean izan ezik.
Laugarrena.– Praktiken izapidegilea.
1.– Erakunde laguntzaileak izapidegile bat hautatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta pertsona horrek trebatzeko jarduerak antolatuko ditu, Praktika programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutorearekin adostu eta gero.
2.– Erakunde laguntzaileak izapidegile izateko aukeratuko dituen pertsonak erakunde horri lotutakoak izango dira, eta lanbide-esperientzia eta tutoretza eraginkorra egiteko ezagutza nahikoa izan beharko dituzte. Pertsona horiek ezin izango dute aldi berean izapidegile eta Unibertsitateko tutore izan.
3.– Izapidegileek Praktika programaren arduradunaren adostasuna izan beharko dute, eta «venia docendi» aitortu beharko zaie, UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudian adierazitako prozedurari jarraikiz.
Bosgarrena.– Izapidegilearen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Erakunde laguntzaileko izapidegileak honako eskubide hauek izango ditu:
a) Kolaboratzaile ibili dela aitortuko zaio, aurreko klausulako 3. zenbakian adierazitako baldintzen arabera.
b) Kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren inguruko informazioa jasoko du, baita prestakuntza proiektuaren eta horren garapenaren baldintzen ingurukoa ere.
c) Unibertsitaterako sarbidea izango du, bere funtzioa betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza jaso ahal izateko.
d) Bere etengabeko prestakuntzan lagundu ahal dioten Unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak eskura izango ditu (liburutegiak, mintegiak, etab.).
2.– Halaber, betebehar hauek izango ditu:
a) Ikasleari babesa ematea eta, prestakuntza-proiektuan ezarritakoaren arabera, garatu beharreko jarduera antolatzea.
b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea, eta praktikaren garapena bideratzea eta kontrolatzea, betiere elkarrekiko errespetua eta ikasketarekiko konpromisoa oinarri izanda.
c) Ikasleari erakundearen antolaketa eta funtzionamenduaren eta dagokion araudiaren inguruko informazioa ematea, batez ere segurtasunari eta laneko arriskuei dagokiena.
d) Hezkuntza lankidetzarako hitzarmen honetan adierazitako jarduerak Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea, praktika normaltasunez garatzeko behar diren aldaketak egitea prestakuntza-proiektuan, baita hori garatzean sor daitezkeen aparteko gorabeherak komunikatzea eta konpontzea edota azterketak egiteko baimenak kontrolatzea ere, beharrezkoa bada.
e) Amaierako txostena igortzea, UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.
f) Ikasleari praktikak egiteko behar duen informazio osagarria ematea.
g) Ikasleari praktika aurrera eramateko nahitaez beharko dituen baliabide materialak ematea.
h) Ikasleak berritzeko, hobetzeko eta ekiteko proposamenak egitea erraztea eta bultzatzea.
i) UPV/EHUko tutoreari erakunderako sarbidea erraztea, haren funtzioaren helburuak bete ahal ditzan.
j) Izapidetzearen ondorioz ikasleari buruz ezagutzen duen informazioa isilpean gordetzea.
k) Ikasleari laguntza eta babesa ematea erakundean dagoen bitartean, ikasleak hor egiten dituen jardueretan izango dituen beharrizan profesionalei erantzuna emateko.
Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten ari denean, ikasleak eskubide hauek izango ditu:
a) Dagokion praktikak irauten duen bitartean, pertsona hauen babesa izango du: Unibertsitateko irakasle bat eta praktika egingo duen erakunde laguntzailean lan egiten duen profesional bat.
b) Unibertsitatean ezarritako irizpideen araberako ebaluazio bat izango du.
c) Praktikak erakunde laguntzailean egingo ditu, eta horren txosten bat jasoko du; hor, egin duen jarduera, horren iraupena eta, ikasleari dagokionez, errendimendua ere aipatuko dira; hori UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiaren IV. eranskinean adierazten den ereduaren arabera zehaztuko da.
d) Jabetza intelektual eta industriala izango ditu, arlo hori arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.
e) Erakunde laguntzailearen aldetik segurtasunaren eta laneko arriskuen araudiari buruzko informazioa jasoko du.
f) Bere jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa bete ahal izango ditu, erakunde laguntzaileari nahikoa denborarekin jakinaraziz.
g) Desgaitasuna duten ikasleek baliabide nahikoak izango dituzte babesa, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eta praktikak aukera berdintasunean egiteko.
h) Desgaitasuna duten ikasleek beren egoeraren ondorioz edo horrekin erlazionatuta dituzten jarduera edo egoera pertsonalak praktikak egitearekin bateratu ahal izango dituzte.
2.– Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten ari denean, ikasleak honakoak bete beharko ditu:
a) Unibertsitatearen arautegian kanpoko praktiken inguruan xedatutakoa betetzea.
b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak hautatutako izapidegilearen argibideei jarraikiz, eta Unibertsitateko tutorearen gainbegiradarekin.
c) Praktika egiten duen bitartean Unibertsitateko tutorearekin harremana izatea, horren bitartean gerta daitekeen edozein gertakari jakinaraztea, eta tutoreari bitarteko segimendua egiteko dokumentuak eta txostenak eta amaierako memoria entregatzea.
d) Adostutako datan hastea erakunde laguntzailean lanean, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundearen funtzionamendurako, segurtasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.
e) Prestakuntza-proiektua egitea eta erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, proiektuaren inguruan adostutakoaren arabera.
f) Praktiken amaierako memoria egitea eta, kasu honetan, bitarteko segimendurako txostena ere bai, UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiaren V. eranskinean adierazten den ereduaren arabera.
g) Erakunde laguntzailearen barneko informazioa isilpean gordetzea, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktikek irauten duten bitartean eta ondoren.
h) Erakunde laguntzailearen politikarekiko errespetua erakustea uneoro, eta UPV/EHUren izen ona zaintzea.
i) Indarrean dagoen arautegian aurreikusitako beste edozein betebehar.
3.– Aurreko atalean aurreikusitako betebeharrak bete ezean, praktika aldez aurretik deuseztatu ahal izango da. Horretarako, UPV/EHUk edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Hitzarmen honetan ezarritako jarraipen-batzordeari egoera jakinarazi beharko dio, eta horrek 10 eguneko epean (gehienez) ebatzi beharko du ea praktikak aldez aurretik hutsaltzea bidezkoa den.
4.– Ikaslea praktiketatik irten ahal izango da azterketak egiteko; horretarako, izapidegilearen aurrean hiru egun lehenago justifikatu beharko du. Ikasleak arrazoi akademikoen edota bestelako arrazoien ondorioz praktiketara joan ezin izana izapidegileari eta tutoreari azaldu beharko die ahal bezain laster eta, kasu horretan, tutoreak horretarako baimena eman beharko du.
Zazpigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.
Praktikak egiteko, erakunde laguntzaileak beharrezkoak diren instalazioak eta baliabideak erabiltzeko aukera ematen du, eta jaso dezakeen ikasle-kopurua zehaztuko du.
Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.
1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko poliza bat du hitzartuta, ikasleek praktikak egitean eragin ditzaketen kalteak ordaintzeko.
2.– Ez Unibertsitatea ez ikaslea ez dira izango erantzuleak kalteak erakundeko izapidegileak emandako argibide edo agindu baten ondorio badira, eta argibide edo agindu hori ez baldin bada praktiken jardueren programan agertzen.
3.– Berezko Ikasketetan eskola-aseguruak ez dituenez ikasleak barnean hartzen, sor daitezkeen kontingentziak Berezko Ikasketetako Zuzendari Akademikoak sinatutako polizarekin ordainduko dira.
4.– Praktikak egiteko, nahitaezkoa izango da 28 urtetik gorako ikasleek aseguru bat sinatzea. Aseguru osagarri hori UPV/EHUk hitzartuta duen CUM LAUDE istripuen poliza kolektiboa izan daiteke, edo edozein erakundek eskaintzen duen aseguru bat, gutxienez UPV/EHUk (CUM LAUDE) eskaintzen dituen kontzeptuak barnean hartzen dituena. Ikasleak egoki ikusten badu, aseguru hori sina dezake, osagarri modura, aipatutako adinera iritsi aurretik.
5.– UPV/EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetatik datozen eta praktikak erakundean egiten dituzten ikasleek ere istripuen poliza bat izan beharko dute sinatuta, gutxienez CUM LAUDEk barnean hartzen dituen kontzeptuak jasoko dituena.
Bederatzigarrena.– Diru-laguntza.
Ikasleek ez dute inolako dirurik jasoko praktikak egitearen truke.
Hamargarrena.– Ikaslearen datuak babestea.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan praktikak egiten dituzten ikasleen datuak Hitzarmen honen helburuetarako soilik erabili ahal izango ditu erakundeak, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraikiz, eta Europak proposaturiko neurriak aplikatuz.
Hamaikagarrena.– UPV/EHUren beste konpromiso batzuk.
1.– Aurretik adierazitakoari eragin gabe, UPV/EHUk konpromiso hauek hartzen ditu parte hartzen duten ikasleekiko:
a) Ikasleei hitzarmen honen baldintzak (haiei eragiten dieten puntu guztiak) eta garatuko duten prestakuntza-proiektu zehatza jakinaraztea.
b) Ikasleek hitzarmen honek eta arautegiak esleitzen dizkieten betebeharrak beren gain hartzea.
c) Ikasleek beren datuak ematea berariaz onartzea, aurreko klausulan aurreikusitako xedeetarako.
2.– Aurretik esandakoaren ondorioz, UPV/EHUk ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat (II. eranskina) emango dio erakunde laguntzaileari.
Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Praktikak garatzean edo hitzarmen hau betetzean gerta daitezkeen aparteko gorabeherei aurre egiteko, jarraipen-batzorde bat osatuko da; batzorde hori Unibertsitateko edo Berezko Ikasketetako tituluko bi arduradunek eta erakunde laguntzaileko bi kidek osatuko dute.
2.– Batzorde hori osatzean, sinatzen duten bi aldeek osatuko dute zuzendaritza, txandaka, eta UPV/EHUk izango du lehen txanda.
Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
1.– Hitzarmen honek indarraldi mugagabea izango du sinatzen den unetik, eta sinatzen duten bi aldeetatik edozeinek salatu ahal izango du, martxoa aurretik, hemen hitzartutakoak hurrengo ikasturtean eraginik izan ez dezan.
2.– Hitzarmenaren salaketa idatziz egin beharko da, eta ez du eraginik izango salaketa egiten den unean egiten ari diren praktiketan; hau da, ez du praktikak aldez aurretik hutsaltzearen inguruan Seigarren Klausulan adierazitakoa kaltetuko.
Aurretik azaldutako guztiarekin ados daudelako, aldeek hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta goian adierazitako egunean eta lekuan.
María Aránzazu Campos Rubio, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Emakume eta Gizonen Berdintasunaren gaineko masterreko (berdintasun-agenteak) zuzendarikidea.
Ángel Tarsicio Toña Güenaga, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren lehendakaria.