EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2016211

61/2016 EBAZPENA, urriaren 28koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin 2014ko abenduaren 17an sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko hitzarmena, arriskuan dauden enpresen ekoizpen-lehiakortasuna hobetzeko Txoke Planera bideratutako prestakuntza eta esku-hartze programa diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko xedearekin.

Xedapenaren zenbakia: 201600061
Xedapenaren data: 2016-10-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201604699
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin 2014ko abenduaren 17an sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko hitzarmenaren testua, arriskuan dauden enpresen ekoizpen-lehiakortasuna hobetzeko Txoke Planera bideratutako prestakuntza eta esku-hartze programa diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko xedearekin. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 28a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 28KO 61/2016 EBAZPENARENA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREKIN 2014KO ABENDUAREN 17AN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA ALDATZEKO HITZARMENA, ARRISKUAN DAUDEN ENPRESEN EKOIZPEN-LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO TXOKE PLANERA BIDERATUTAKO PRESTAKUNTZA ETA ESKU-HARTZE PROGRAMA DISEINATZEKO, EZARTZEKO ETA EBALUATZEKO XEDEAREKIN
Lehenengoa.– Lankidetza hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da, «Txoke Planeko» Garaituz programaren barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren arteko lankidetza arautzea, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren (TKNIKA) bidez, zeina Eusko Jaurlaritzaren menpekoa baita, TKNIKAk koordinatu eta kontrolatuta, Lanbide Heziketako zentroetako adituek Garaituz programako 3. Ildoarekin zerikusia duen prestakuntza eta esku-hartze programa bat diseinatu, ezarri eta ebaluatu dezaten, ahultasun egoeran dauden enpresen «Produkzio lehiakortasuna hobetzeko» ildora (3. ildoa) bideratuta.
Bigarrena.– Elkarrekin egin beharreko ekintzak.
1.– Lankidetza esparru honen asmoa da eraginkorki uztartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren lidergo gaitasuna, unibertsitate eremuak eta eremu akademikoak eskaintzen duten ezagutza sortzeko ahalmena, eta garapen agentziek duten ehun ekonomikoaren ezagutza eta eskualde mailan koordinatzeko gaitasuna. Hori guztia Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen eragileen arteko lankidetza eta harreman gunearen barruan.
Helburu orokorra da Lanbide Heziketako zentroek beren gain har ditzatela «Txoke Plana»ren 3. ildoari (Produkzio lehiakortasuna hobetzea) lotutako ikerketa, prestakuntza, diseinu, ezartze eta ebaluazio lanak, betiere TKNIKAk koordinatuta eta gainbegiratuta.
Hirugarrena.– Erakunde sinatzaileen konpromiso mailak.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzen dituen konpromisoak:
• Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi bat euro (1.000.000) erabiliko ditu gehienez hitzarmen honetan zehaztutako jarduerak finantzatzeko, 1.0170.700.227.01.00.2014 kontu sailaren kargura.
Azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak emango duen diru zenbatekoa lagundutako enpresa kopuruaren araberakoa izango da.
900.000 euroko gehieneko zenbateko aldagarria ezartzen da, baldin eta Garaituz programan ehun enpresak parte hartuko balute. 900.000 euroko gehieneko zenbatekoa kalkulatu da eskualde bakoitzeko 2 pertsona adituren dedikazioa konpentsatzeko; guztira 22 pertsona aditu izango dira. Kopuru hori baino aditu gutxiago jartzen baditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa proportzionalki jaitsiko da.
Edozein kasutan ere, gehieneko zenbateko hori aplikatuko da eskualde bakoitzean parte hartzen duen enpresa kopurua 6 baino handiagoa den segmentuan. Eskualde bakoitzeko Foru Aldundiaren dedikazioa eta, ondorioz, finantzazioa, % 66koa izango da 4 enpresatik 6ra bitarteko segmentuan, eta % 33koa enpresa 1etik 3ra bitarteko segmentuan.
Laguntza emango zaien enpresen kopurua eta enpresa horiek zein eskualdetakoak diren 2014ko deialdia ebazten denean jakingo da, hain zuzen ere, Gipuzkoan ahultasun egoeran dauden enpresa txiki eta ertainetan ekintza planak ezartzen laguntzeko diru-laguntzak emateko 2014ko irailaren 23ko Foru Gobernuaren Kontseiluaren erabaki bidez onartutako deialdia ebazten denean. Eskualde banaketaren arabera, prestazioa eskualde bakoitzeko enpresa kopurura egokituko da, lehenago xedatutakoari jarraituz.
Diru-kopurua banketxeko transferentzia bidez ordainduko zaie TKNIKAk enpresen eskura jarri dituen Eusko Jaurlaritzaren mendeko lanbide-heziketako zentroei, dagozkien fakturak aurkeztuta eta benetan egindako zerbitzuak onartu ondoren.
Dena dela, 100.000 euroko zenbateko finko bat egongo da (zenbateko osoaren % 10a), faktore horri lotuta egongo ez dena eta, besteak beste, ondorengo faktore hauekin zerikusia zango duena: partaidetzaren oinarri orokorrak ezartzeko egin den ikerketa jarduera, prestakuntza programaren diseinua, esku-hartze programaren diseinua, programa horien koordinazio eta administrazio lana, programen ebaluazioa, eta proiektuaren ondorio diren material pedagogikoak prestatzea.
• Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du:
– Foru departamentu ezberdinetako arduradunak hausnarketa prozesu honetan inplikatzeko, dauden beharren arabera, Gipuzkoaren lurralde-garapena bultzatzeko aliatu estrategiko diren aldetik.
– Etengabeko elkarrizketa izateko, hala tokiko eta eskualdeko erakundeekin nola eragile sozial, ekonomiko, sindikal eta abarrekin, hitzarmen honen esparruan aurreikusi diren ekintza guztiak garatu eta burutzen laguntzeko.
2.– TKNIKAk bere gain hartzen dituen konpromisoak:
• Lanbide Heziketako zentroek «Txoke Plana»ren 3. ildoari (Produkzio lehiakortasuna hobetzea) lotuta egingo dituzten ikerketa, prestakuntza, diseinu, ezartze eta ebaluazio lanak koordinatu eta gainbegiratzea.
• Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraztea esku hartuko duten taldeen osaketa, alde batetik, eta lan plana, bestetik; Foru Aldundiak onartu beharko ditu.
• Pertsona bat izendatzea koordinazio orokorrerako.
• Txosten bat aurkeztea enpresa bakoitzeko.
• Ziurtatzea esku-hartzeak homogeneoak izango direla eskualdeetan.
• Egitasmoan duen jarduketa esparruari buruzko txosten pedagogiko bat lantzea eta aurkeztea.
3.– Lanbide Heziketako zentroek beren gain hartzen dituzten konpromisoak:
• Eskualde bakoitzeko, gutxienez, bi pertsona bideratzea egitasmo honetara, zehaztu beharreko jardunaldiarekin. Pertsona horiek irakasleak izango dira. Deialdira aurkeztuko diren enpresek duten lurralde-kokapenaren arabera, eskualde batzuetan beste batzuetan baino behar gehiago identifika daitezke. Lanbide Heziketako zentroek, TKNIKAk gainbegiratuta, Garapenekin koordinatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren adostasunarekin, horretara egokituko dute beren eskaintza.
• Enpresei alorreko aholkularitza eskaintzea (alegia, ahal den heinean aholkularitza egokitua egon beharko da, enpresa bakoitzak eta bere jarduera sektoreak dituen ezaugarriak kontuan izanik).
• TKNIKAk nahiz Lanbide Heziketako zentroek beren gain hartzen dituzte honako konpromiso hauek:
• Erakunde Bitartekariak, EGF programa eragilearen agintari ezberdinek, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egingo dituzten egiaztapenen mende jartzea.
• Diruz lagundutako jarduera edo jarduketaren finantzaketa publikoaren berri ematea. Besteak beste, laguntza eman duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EGFaren (Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako EGF programaren esparruan) irudi instituzionala sar daiteke, edo finantzaketa publikoari buruzko legendak jar daitezke karteletan, plaka oroigarrietan, material inprimatuetan, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezkoetan, edo diru-laguntza hedabideetan aipatu daiteke.
• Hitzarmen hau sinatzeak berekin ekarriko du, baita ere, ontzat ematen dela Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 8ko 1828/2006 Erregelamenduaren 7.2.d) artikuluan aipatzen den zerrenda publikoan agertzea, baldin eta EFGak hitzarmen honetan jasotako jarduerak kofinantzatuko balitu.
• Bestalde, dokumentu guztiek EGFaren kofinantzaketaren aipamena eraman behar izango dute, baldin eta hori behin betikoa izango balitz.
• Halaber, hitzarmena EGFk kofinantzatzen badu, burutzen diren ekintzen informazio finantzarioa, administratiboa eta segimenduzkoa behar bezala artxibatu behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako EGF programa eragilearen amaierako saldoa ordaintzen denetik gutxienez 3 urte igaro arte.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik,
MARKEL OLANO ARRESE.