EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2016211

151/2016 DEKRETUA, azaroaren 2koa, Donostiako Asociación Arrats: prevención, atención y resocialización integral de colectivos desfavorecidos elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201600151
Xedapenaren data: 2016-11-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201604698
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2007/07/12an argitaratutako 2007/06/22ko 200700007 LEGEA

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, «Asociación Arrats: prevención, atención y resocialización integral de colectivos desfavorecidos» elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, egiten duen lanagatik bere ustez onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako.
«Asociación Arrats: prevención, atención y resocialización integral de colectivos desfavorecidos» elkartea 1999ko apirilaren 7an inskribatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, eta 2008ko apirialren 1ean elkartearen estatutuen aldaketa inskribatu zen erregistro horretan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, AS/G /07906/1999 erregistro-zenbakiarekin dago inskribatuta elkartea.
Bere eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu.
Eratu zenetik, «Asociación Arrats: prevención, atención y resocialización integral de colectivos desfavorecidos» elkarteak bere helburuak lortzeko behar diren jarduera guztiak egiten ditu; helburu horiek elkartearen estatutuen 2. artikuluan daude jasota:
«A) Kolektibo baztertuen prebentzioa, arreta eta gizarteratze integrala, batez ere, askatasunaz gabetuta daudenengan edo askatasunaz gabetuta egoteko arriskuan daudenengan arreta jarriz.
B) Bitartekaritza eta gatazkak konpontzeko beste modu batzuk sustatzen dituzten programak eta jarduerak bultzatu eta gauzatzea esparru familiarrean, penalean, espetxe-arloan, arlo komunitarioan, interkulturalean, lan-arloan eta enpresa-arloan.
C) Sentsibilizazio soziala.
D) Biktimarenganako arreta sustatzea eta bigarren mailako biktimizazioa saihestea.
E) Delitua eta gizarte-bazterketako arriskua saihestea.
F) Familiei laguntzea.
G) Gizarte-sareen sorrera eta erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza sustatzea, elkartearen helburuak lortzeko xedez.
H) Elkartearen helburuekin lotutako esparruetan, ikerketa, prestakuntza eta informazioa sustatzea.»
Bete dira honako arau hauetan ezarritako betekizunak: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretuan eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretua.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan agindutakoarekin bat, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta betiere justiziaren arloko sail eskudunak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.
Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, ekarritako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko azaroaren 2an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Donostiako «Asociación Arrats: prevención, atención y resocialización integral de colectivos desfavorecidos» elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro orokorrean AS/G /07906/1999 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.
Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko azaroaren 2an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.