EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016209

EBAZPENA, 2016ko urriaren 17koa, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan sartzeko 2016-2017 ikasturteko probarako deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-10-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201604663
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/02/15ean argitaratutako 2016/02/11ko AGINDUA [201600655]

Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloetarako sarrera arautzen duen 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak heziketa-zikloetara sartzeko proba baterako deialdia egingo du, gutxienez urtean behin.
Horren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdia.
Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetan zuzenean sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten ikasleentzako sarbide-probak egiteko 2016-2017 ikasturteko deialdia egiten da.
Erdi-mailako 600 plaza eta goi-mailako 2.500 plaza betetzeko deialdia egiten da, dagoen aurrekontuaren arabera.
2. artikulua.– Onarpena lortzeko baremazio-irizpideak.
Eskaintzen den plaza-kopurua baino eskabide gehiago jasotzen bada, eskabideen baremazioa egingo da, honako irizpideei jarraituz:
a) Sarrera-probaren atalen bat gaindituta edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta nota hori gordetzen den aldiaren barruan egotea.
b) Bizitokia Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Baldintza hori egiaztatzeko, NANean jasota dagoen helbidea hartuko da erreferentzia gisa. Helbide hori aldatu egin bada, inskripzioa egiterakoan egiaztatu beharko da aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuta.
c) Hizkia izango da berdinketa hausteko irizpidea, hala ezartzen baitu 2016-2017 ikasturtean ordezkogaiak kudeatzeko prozesuan –baita urtean zehar deitzen den edozein hautatze-prozesutan ere– alfabeto-hurrenkera zehaztuko duen letra zein izango den jakiteko zozketaren emaitza argitaratzen duen Langileak Kudeatzeko zuzendariaren Ebazpenak.
3. artikulua.– Inskripzioak eta informazioa.
1.– Proba hori egin ahal izateko, I. eranskinean jasota dauden ikastetxeetakoren batean eman beharko dute izena, 2017ko urtarrilaren 9tik 18ra –biak barne– bitartean, Hezkuntza Sailak horretarako jarri duen aplikazio informatikoaren bitartez.
2.– Proba egiteko izena emateko unean ikusiko dira salbuespen-kasuak, hala badagokio, eta horiei buruzko agiriak eta baremazioa egiteko dagokion gainerako dokumentazioa aurkeztuko dira. Izen-emate aldia amaitu ondoren, ezin izango da probako datuei eragiten dien aldaketarik egin.
3.– Izena emateko ikastetxeek eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzek informazioa emango diete interesdunei: sartzeko baldintzak, salbuespenen eskaera, probak noiz egingo diren, proben edukia, eta abar.
4.– Pertsona batek ezingo du sarrera-probetarako izena eman autonomia-erkidego baten baino gehiagotan, ikasturte berean. Baldintza hori ez betetzeak inskripzioa deuseztatzea ekarriko du berekin. Egoera hori egiaztatzeko, II. eranskinean jasotzen den aitorpena bete beharko du.
4. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Onartutakoen behin-behineko zerrenda –azterketa-eskubideak ordaindu aurrekoa– 2017ko urtarrilaren 26an argitaratuko da. 2017ko urtarrilaren 27a eta otsailaren 9a bitartean, onartuen zerrendaren aurka egindako erreklamazioak aurkeztu ahalko dira, ikastetxeetako idazkaritzan. Aldi horretan, ezin izango da baremoaren atalei buruzko agiri berririk erantsi.
Proba egiteko onartutakoen behin betiko zerrenda –azterketa-eskubideak ordaindu aurrekoa– 2017ko otsailaren 15ean argitaratuko da, 7. artikuluan aipatzen diren tokietan.
Zerrenda horretan agertzen diren ikaslegaiek azterketa-eskubideak ordaindu beharko dituzte sarrera-proba egiteko. Matrikula gauzatutzat joko da dagokion prezio publikoa ordaindu ondoren.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da azterketa egiteko eskubidea. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan.
Ordainketa-gutuna inskripzio-agirian datorren web (URL) helbidean lortu ahalko da.
2017ko otsailaren 24a izango da azterketa-eskubideak ordaintzeko azken eguna.
Proba egiteko onartutakoen behin betiko zerrenda, azterketa-eskubideak ordaindu ondorengoa, 2017ko martxoaren 1ean argitaratuko da. Zerrenda horretan, ikasle bakoitzari azterketa egiteko esleitu zaion ikastetxea adieraziko da.
5. artikulua.– Ikastetxea esleitzeko irizpideak.
Oro har, inskripzioa egiten den ikastetxea hartuko du ikasleak erreferentzia gisa proben inguruko prozedura gauzatzeko.
Salbuespen izango dira honako egoera hauek:
1.– Ikastetxe batean egiten diren eskabideen kopurua gutxieneko inskripzio-kopurua baino txikiagoa bada.
2.– Ikastetxe batean egiten diren eskabideen kopurua gehieneko inskripzio-kopurua baino handiagoa bada.
Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak plaza libreak dituen beste ikastetxe batzuk berresleituko dizkie egoera horietako batean dauden interesdunei. Kasu horretan, azken hori izango da ikaslearen erreferentziako ikastetxea.
Bigarren egoerari dagokionez, hizkia izango da erabili beharreko irizpidea ikastetxea berresleitzeko, hala ezartzen baitu 2016-2017 ikasturtean ordezkogaiak kudeatzeko prozesuan –baita urtean zehar deitzen den edozein hautatze-prozesutan ere– alfabeto-hurrenkera zehaztuko duen letra zein izango den jakiteko zozketaren emaitza argitaratzen duen Langileak Kudeatzeko zuzendariaren Ebazpenak.
Berresleitutako ikasleen espedienteak berresleitzearen ondorioz dagokien ikastetxeetara bidaliko dira. Ikasleak hasieran izena eman zuen ikastetxea arduratuko da lekualdaketa hori egiteaz.
6. artikulua.– Salbuespenei buruzko ebazpena.
Proba egiteko salbuespenen behin-behineko ebazpena ikastetxe bakoitzak argitaratuko du 2017ko martxoaren 10ean.
Martxoaren 10a eta 24a bitartean egin ahalko dira salbuespenei buruzko ebazpenaren aurkako erreklamazioak, dagokien ikastetxeetako idazkaritzetan. Era berean, salbuespenen behin-behineko zerrendan adierazitako agiriak osatu ahal izango dira.
Salbuespenen behin betiko zerrenda martxoaren 31n, 12:00etan, argitaratuko da.
7. artikulua.– Non argitaratuko diren.
Deialdi honen inguruko guztia ikastetxe bakoitzak argitaratuko du, berak zehaztuko dituen bitartekoak erabiliz, onarpen-prozesuari dagokiona izan ezik; onarpen-prozesuari buruzko informazioa www.hezkuntza.net edo www.euskadi.net/fp-lh webguneetan ere argitaratuko da.
8. artikulua.– Probak egitea.
1.– Egin beharreko proben egutegia:
2.– Probak non egingo diren.
Azterketa-eskubideak ordaindu ondorengo onartutakoen behin betiko zerrendan zehazten den tokian egingo da proba.
Probak egingo diren ikastetxeetako zuzendaritzen ardura izango da tokiak antolatzea eta proben antolaketa ikuskatuko duten langileak nortzuk izango diren zehaztea.
I. eranskinean aipatzen diren ikastetxeetako idazkaritzek zainduko dituzte probetako kalifikazio-aktak eta probei dagozkien gainerako agiriak –lurralde bakoitzari dagozkion ariketak barne–, zeinak zortzi hilabetez gordeko baitira.
Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoak egingo ditu prozesuaren gaineko ikuskaritza- eta aholkularitza-lanak.
9. artikulua.– Probaren emaitzak eta erreklamazioak.
Proben emaitzak 2017ko maiatzaren 10ean, 12:00etan, argitaratuko dira. Une horretatik aurrera, maiatzaren 24ko 13:00ak arte, erreklamazioak egiteko epea zabalik egongo da. Erreklamazioak, bestalde, esleitutako ikastetxeetako idazkaritzetan egingo dira.
Egindako erreklamazioen ebazpena 2017ko maiatzaren 31n, 11:00etan, emango da argitara.
10. artikulua.– Proben ziurtagiriak.
Proba osoa gainditu duten ikasleek kreditatze-ziurtagiriak eskura ditzakete, 2017ko ekainaren 1etik aurrera, behin betiko emaitzak argitaratzean esango den tokian.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan prozedura-gaietarako arautzen ez denerako, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 17a.
Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria,
RAMÓN MARÍA MARTÍNEZ DE MURGUÍA URRETA.