EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016208

IRAGARKIA, Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoko karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoei dagokiena, komunikazio-teknikariaren plaza bat betetzeko (11/25.01.00.0001).

Organo emailea: EUSKO LEGEBILTZARRA
Xedapenaren data: 2016-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201604642
Maila: Iragarpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/10/15ean argitaratutako 2015/10/06ko IRAGARPENA [201504333]

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2016ko urriaren 18ko erabakia betez, agintzen dut:
Lehenengoa.– Komunikazio-teknikariaren plaza bat betetzeko, deialdia egitea Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoan karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesurako, 2015eko enplegu publikoaren eskaintza onetsi zuen Mahaiaren 2015eko urriaren 6ko erabakiaren ondorioz (2015eko urriaren 9ko Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 142. zk., eta 2015eko urriaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 196. zk.).
Bigarrena.– Komunikazio-teknikariaren plaza bat txanda irekian betetzeko, Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoan karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2016ko urriaren 18ko erabakiaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Laugarrena.– Oinarri espezifiko hauek ondorioak sortuko dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz 2016ko urriaren 25a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
KOMUNIKAZ IO-TEKNIKARIAREN PLAZA BAT BETETZEKO, EUSKO LEGEBILTZARREKO GOI MAILAKO TEKNIKARIEN KIDEGOKO KARRERAKO FUNTZIONARIO GISA SARTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAREN OINARRI ESPEZIFIKOAK.
1.– DEIALDIAREN HELBURUA.
1.1.– Deialdi honen xedea da behar diren arauak finkatzea Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoko komunikazio-teknikariaren plaza bat, txanda irekian, oposizio-lehiaketa sistemaren bidez betetzeko.
1.2.– Deialdiko plaza.
Komunikazio-teknikariaren plaza bat.
Atxikipena: Prentsa eta Komunikazio Atala.
1.3.– Legebiltzarreko Administrazioko kidegoa: Goi Mailako Teknikariak.
1.4.– Betetzeko sistema: oposizio-lehiaketa.
1.5.– Eskatzen den titulazioa: doktore, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradu titulua, edo lortzeko beharrezko diren betekizunak betetzea.
1.6.– Euskarako hizkuntza-eskakizuna: 4. derrigorrezkoa.
1.7.– Lanpostuaren eginkizun nagusiak: II. eranskinean ezarritakoak.
2.– ESKABIDEAK AURKEZTEKO EPEA.
Eskabideak aurkezteko epea 2016ko azaroaren 4an hasiko da eta 2016ko azaroaren 25ean 23:59an bukatuko da.
3.– HAUTAKETA-PROZESUAREN OINARRIAK.
Deialdian jarraitu beharrekoak izango dira, batetik, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak, Mahaiak 2015eko martxoaren 17an onetsiak eta 2015eko apirilaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (62. zenbakia) argitaratuak, eta, bestetik, oinarri espezifiko hauek.
4.– PARTE HARTZEKO ESKAKIZUNAK, HAUTAKETA-PROZESUAREN BILAKAERA ETA PLAZAREN ESLEIPENA.
4.1.– Plazarako lehiatzaileek oinarri orokorretako 3.3 oinarrian orokorki ezartzen diren eskakizunak bete behar dituzte.
4.2.– Eskabidea, oinarri orokorretako 4. oinarrian xedatutakoaren arabera, Interneten bidez bete beharko da, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.
4.3.– Goi Mailako Teknikarien Kidegoarentzako tasa 20 euro dira.
Tasaren ordainketa oinarri orokorretako 4.5 oinarrian aurreikusitako eran egin ahal izango da (banka elektronikoaren bidez edo sukurtsalean) honako erakunde hauetan: Kutxabank eta Laboral Kutxa.
4.4.– Hautaketa-prozesua eta plazaren esleipena arestian aipatutako oinarri orokorretako aginduen arabera egingo dira, eta, orobat, oposizio-aldiko ariketei eta lehiaketa-aldiko ebaluazioari buruz oinarri espezifiko hauetan aurreikusitako arauen arabera.
5.– EPAIMAHAIA.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak, oinarri orokorretako 6. oinarrian xedatutakoaren arabera.
Nolanahi ere, hauek izango dira epaimahaiko kideak: Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide bat; legelari nagusia edo hark eskuordetzen duen pertsona; Prentsa eta Komunikazio atalburua; gaian espezialista den kanpoko aholkulari bat; Legebiltzarreko beste funtzionario bat, Langileen Batzordeak, haren espezializazioarengatik, proposatuta; HAEEk izendatutako pertsona bat, eta Eusko legebiltzarreko legelari bat, idazkari-lanetan jardungo duena.
6.– OPOSIZIO-ALDIKO ARIKETEI DAGOZKIEN ARAUAK.
Aldi honi dagozkion ariketak egingo dira, eta ingelesaren ezagutza egiaztatuko da hizkuntzetarako Europako erreferentzia esparru bateratuko C1 mailan gutxienez, zeregin biak nahitaezkoak eta kanporatzaileak direlarik.
Oposizio-aldia osatzen duten ariketak ezin izango dira hasi harik eta gutxienez hiru hilabete igaro arte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdia argitaratzen denetik. Lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia argitara emango dira interneten, bai Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan, bai Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan, betiere gutxienez bost egun lehenago. Argitaratu ordez, lehiatzaileei zuzenean eta modu frogagarrian jakinarazi ahal izango zaie, aurreko epe berean. Gainerako ariketak egiteko hurrengo iragarkiak jakitera emango dira lehen aipatutako interneteko helbideetan, gutxienez 48 ordu lehenago, betiere.
Ariketa guztiak izango dira derrigorrezkoak eta kanporatzaileak.
Oposizio-aldiko proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emango ditu oposizio-aldiaren behin-behineko emaitzak ahalik eta lasterren, eta epe bat ezarriko du, hiru egun baliodunekoa, epaimahaiaren ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera kontatuta, egin beharreko erreklamazioak egiteko.
Lehenengo ariketa.
A gai-zerrendako (zati orokorreko) 40 galderari erantzutea izango da, lau aukeraren artean hautatuz erantzuna. Zigortu egingo dira erantzun okerrak: erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzen baten balioaren herena deskontatuko da.
Ariketa honen balioa 10 puntu izango da. Epaimahaiak, kontuan hartuta eska daitekeen gutxieneko maila eta aurkeztu direnen ezaupideen maila, erabakiko du, betiere haien nortasuna ezagutu aurretik, zein den ariketa gainditzeko gutxieneko puntuazioa eta jakitera emango du hartutako erabakia.
Bigarren ariketa.
Idatzizko azalpen bat egitea izango da, gehienez ere bost orduz, B gai-zerrendako (zati espezifikoko) lau gairi buruz.
Zortzi gai aterako dira, zoriz. Epaimahaiak gai horietako bat aukeratuko du lehiatzaile guztiek gara dezaten, eta, beste zazpietatik, lehiatzaileak aukeratuko ditu garatuko dituen beste hirurak.
Ariketa honen balioa 25 puntu izango da, eta 13 puntu lortu beharko dira gainditzeko.
Edozein gai erantzun gabe utziz gero edo edozein gaitan epaimahaiaren irizpidez 0 puntu ateraz gero, lehiatzailea kanpoan geratuko da.
Batez ere, azaldutako ezaupideak baloratuko dira, baita horiek egoki ordenatzea eta formulatzea ere.
Hirugarren ariketa.
Kasu praktiko bat edo batzuk planteatuko dira, idatziz ebatziak izan daitezen, B gai-zerrendaz (zati espezifikoaz). Ariketa honek lau ordu iraungo du, gehienez ere.
Epaimahaiak honako alderdi hauek baloratuko ditu: ezaupide teknikoen maila, gaia azaltzean erakutsitako argitasuna, sintesi-gaitasuna eta ezaupide desberdinen erabilera konbinatua eta integrazioa.
Ariketa honek 35 puntu balioko du gehienez ere. Kanporatuta geratuko dira 18 puntu, gutxienez, lortzen ez dituzten lehiatzaileak.
Edozein kasu praktiko erantzun gabe utziz gero edo edozein gaitan epaimahaiaren irizpidez 0 puntu ateraz gero, lehiatzailea kanpoan geratuko da.
Euskarako proba.
Euskarako probaren helburua izango da 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea, eta oinarri orokorretako 8.2 paragrafoaren arabera egingo da.
Ingelesaren ezagutza egiaztatzea.
Plaza lortzeko, ingelesaren ezagutza egiaztatu behar da, dagokion titulu edo ziurtagiriaren bidez, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 mailan, gutxienez.
Ezagutza horrek egiaztatzen den tituluaren jabetza eduki behar du merituak aurkezteko epea hasi aurretik, eta epe horren barruan aurkeztu beharko da titulua edo ziurtagiria.
Horretarako, titulu eta ziurtagiri hauek bakarrik hartuko dira kontuan: «Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailen baliokide diren titulu eta ziurtagiriak» eranskinean agertzen direnak (117/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako).
7.– LEHIAKETA-ALDIAREN EBALUAZIOARI BURUZKO ARAUAK.
Lehiaketa-aldiaren ebaluazioa egingo da behin oposizio-aldiko azken ariketa burutu ondoren. Epe bat irekiko da, 10 egunekoa gutxienez, ariketak gainditutako pertsonek merituen dokumentazio justifikagarria ekar dezaten. Merituak alegatu eta egiaztatuko dira oinarri orokorretako 10. oinarriak xedatutakoaren arabera. Alegatutako merituak eduki egin beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Lehiaketa-aldiaren kalifikazioa ondorengo meritu-baremoaren arabera emandako puntuen baturak zehaztuko du:
a) Lanbide-esperientzia: 15 puntu.
Esperientzia egiaztatua A-1 administrazio-kidegoaren edo goi-mailako tituludunaren eginkizun eta lanetan, komunikazio-teknikari gisa, oinarri espezifiko hauen II. eranskinean jasotakoaren arabera, gehienez ere 15 puntu.
Lanbide-esperientziatzat hartuko dira Eusko Legebiltzarrean, Arartekoan edo beste administrazio publiko, erakunde autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sozietate publiko batzuetan egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostuaren eginkizun eta lanetan egin badira. Atal honetan baloratu egingo da esleitutako lanak betetzeko egokitasun berezi bat erakutsiko duen lanbide-esperientzia; hilabeteko 0,15 puntu, II. eranskinaren arabera.
Ez dira baloratuko hilabetetik beherako zatiak. Zenbaketan, lan egindako aldien batura egingo da, eta, behin batura egin ondoren, ez dira aintzat hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa joko da hilabetetzat.
Ezinbestekoa izango da aritu izaniko instituzio publiko edo erakundearen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagirian agertu beharko dira lanpostuaren izena, egindako lan zehatzak eta haietan aritutako aldia.
Nolanahi ere, Eusko Legebiltzarrean lan egiten duten lehiatzaileek ez dute ziurtagiri hori ekarri beharrik izango instituzio horretako merituei dagokienez.
b) Graduondoko prestakuntza eta titulazio ofizialak: 8 puntu.
Baloratuko dira, gehienez 8 punturaino, ondoren azaltzen den baremoaren arabera, lanpostuaren eginkizunei eta lanpostu horretarako eskatutako titulazioari lotutako titulazio ofizialak eta graduondoko prestakuntza:
– Doktorea: 8 puntu.
– Unibertsitate-masterra (ofiziala), Kazetaritzako lizentziatura, Ikus-entzunezko Komunikaziokoa, Publizitateko eta Harreman Publikoetakoa eta beste lizentziatura baliokideak: 6 puntu.
– Ikertze-askitasuneko edo ikasketa-aurreratuen diploma: 6 puntu.
– Berezko masterra: 5 puntu.
– Kazetaritzako gradua, Ikus-entzunezko Komunikaziokoa, Publizitateko eta Harreman Publikoetakoa eta beste gradu baliokideak, denak ere Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan inskribatuak: 4 puntu.
– Unibertsitateko aditu/espezialistaren berezko titulua: 2 puntu.
– Doktoretza-ikastaroa (ikastaro bakoitzeko, 10 gehienera): 0,50 puntu.
Doktoretza-ikastaroak ez dira baloratuko erabili baldin badira doktore-titulua edo ikertze-askitasunekoa lortzeko edo ikasketa aurreratuen diploma lortzeko.
c) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak: 2 puntu.
Baloratu egingo da prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak ematea, egitea eta gainditzea, betiere ikastaro horiek darabiltzaten gaiek zuzeneko lotura dutenean deialdi honetako lanpostuaren berezko eginkizun eta lanekin, oinarri orokorretako 10.7 oinarrian xedatutakoaren arabera. Bakar-bakarrik baloratuko dira azken 10 urteetan eman edo egindako 10 ordutik gorako iraupeneko ikastaroak, orduko 0,02 punturekin eta gehienez ere 2 punturekin; betiere puntu 1 gainditu gabe, alegatutako ikastaroko. Inoiz ere ez dira baloratuko bulegotika oinarrizko edo orokorreko ikastaroak.
d) Hizkuntzak: 5 puntu.
Baloratu egingo dira, frantses eta alemaneko titulu edo ziurtagiriak, gehienez ere 5 punturekin guztira, ondorengo baremoaren arabera:
C2 maila: 4 puntu.
C1 maila: 3 puntu.
B2 maila: 2 puntu.
Horretarako, titulu eta ziurtagiri hauek bakarrik hartuko dira kontuan: «Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailen baliokide diren titulu eta ziurtagiriak» eranskinean agertzen direnak (117/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako).
8.– Azken kalifikazioa eta berdinketa-hausteko irizpideak.
8.1.– Azken kalifikazioa:
8.1.1.– Oinarri orokorretan xedatutakoaren arabera, lehiatzaile bakoitzaren azken kalifikazioa oposizio-aldian eta merituen balorazioan lortutako puntuazioen baturak zehaztuko du.
8.1.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak argitara emango dira Interneten, bai Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan, bai Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan. Kontsultak egitekoz helbide horien bitartez, sartu beharko da NANaren zenbakia eta eskaeraren erreferentzia-zenbakia.
8.2.– Berdinketa hausteko irizpideak:
8.2.1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.a artikulua aplikatuz, ulertuko da lehiatzaileek gaitasun bera dutela berdinketa ateratzen denean hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, behin proba guztiak egin eta baloratu eta dagozkion merituak batu ondoren.
8.2.2.– Berdinketa gertatuz gero, lehentasun-ordena ezarriko da ondorengo irizpideei jarraiki, bata bestearen ondotik:
1) Nork lortu duen puntuaziorik handiena oposizio-aldian.
2) Nork lortu duen puntuaziorik handiena oposizio-aldiko hirugarren ariketan.
3) Nork lortu duen puntuaziorik handiena oposizio-aldiko bigarren ariketan.
4) Nork lortu duen puntuaziorik handiena oposizio-aldiko lehenengo ariketan.
5) Nork lortu duen puntuaziorik handiena lanbide-esperientziagatik.
6) Nork lortu duen puntuaziorik handiena lehiaketa-aldian.
7) Nork lortu duen puntuaziorik handiena graduondoko prestakuntzan eta titulazioetan.
8) Nork lortu duen puntuaziorik handiena irakaskuntza-jardueretan eta prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroetan.
9) Nork lortu duen puntuaziorik handiena hizkuntzetan.
I. ERANSKINA
A GAI ZERRENDA (ZATI OROKORRA)
1.– Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko printzipioak. Oinarrizko eskubide eta eginbeharrak. Estatuaren botereak. Botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala. Botereen arteko harremanak.
2.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutua. Printzipio orokorrak. Estatuaren eta EAEren arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. Autonomia Estatutuaren erreforma.
3.– Lehendakaria. Estatutu pertsonala (hautaketa, izendapena, kargu-uztea eta eginkizun-gabetzea). Eskumenak eta ahalmenak. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernua. Osaera. Eskumenak (7/1981 Legea, ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzkoa).
4.– Eusko Legebiltzarra. Osaera. Legebiltzarkidearen estatutua. Legebiltzar-taldeak. Eusko Legebiltzarraren egoitza.
5.– Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua. Egitura sistematikoa. Eusko Legebiltzarraren eraketa. Lehendakaritza eta Mahaia. Bozeramaileen Batzordea.
6.– Legebiltzarraren Osoko Bilkura. Legebiltzarreko batzordeak: osaera, motak eta eginkizunak. Bilkurak eta gai-zerrenda.
7.– Eusko Legebiltzarreko legegintza-prozeduraren ideia orokorra. Legegintza-ekimena. Lege-proiektuak eta lege-proposamenak. Zuzenketak. Prozedura bereziak.
8.– Jaurlaritza sustatu eta kontrolatzeko eginkizuna Eusko Legebiltzarrean. Galderak, interpelazioak, mozioak. Ikerketa-batzordeak.
9.– Eusko Legebiltzarraren zuzendaritza-organoak. Lehendakaria. Mahaia. Bozeramaileen Batzordea. Legelari nagusia. Eusko Legebiltzarraren harremanak beste organo batzuekin.
10.– Arartekoa (3/1985 Legea, otsailaren 27koa). Egitura sistematikoa, eginkizunak, hautaketa eta kargu-uztea. Jarduera-eremua. Legebiltzarrarekiko harremanak.
11.– Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa. Egitura sistematikoa. Funtzionario motak eta kidegoak. Lanpostu-zerrenda eta aurrekontu-plantillak. Langile-hautaketa eta lanpostu-betetzea.
12.– Euskal funtzio publikoaren araubide juridikoa (6/1989 Legea, uztailaren 6koa). Xedea. Aplikazio-eremua. Funtzionario publikoen eskubide eta eginbeharrak. Diziplina-araubidea.
13.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna (4/2005 Legea, otsailaren 18koa). Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal botere publikoen jardunaren araubide eta gida izan behar duten printzipio orokorrak. Administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.
14.– Euskararen erabileraren hizkuntza-normalizazioa Administrazioan. Printzipio orokorrak. Hizkuntza-eskakizuna. Hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna. Eusko Legebiltzarreko Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana.
15.– Administrazio-prozedura I (39/2015 Legea, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena). Prozedurako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta kontzeptu hauek: interesduna, interesdunak identifikatzea eta beren sinadura administrazio-prozeduran. Administrazio publikoen jarduera: administrazio publikoen jardunerako arau orokorrak. Epemugak eta epeak: epemugen eta epeen derrigortasuna, epe-neurketa. Administrazio-egintzak: egintzen baldintzak, egitea, edukia, arrazoitzea, forma eta eraginkortasuna.
16.– Administrazio-prozedura II. Prozeduraren bermeak: interesdunaren eskubideak; prozedura hasteko moduak; prozeduraren instrukzioa eta amaiera; prozedura betearaztea, eta prozeduraren antolamendua. Administrazio-egintzen deuseztasuna eta deuseztagarritasuna, egintzen eta tramiteen bihurketa, mantentzea eta baliozkotzea. Administrazio-egintzak berrikustea: ofizioz berrikustea, egintzak errebokatzea eta hutsen zuzenketa. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak eta errekurtso-motak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa (40/2015 Legea. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa): printzipio orokorrak, egoitza elektronikoa, Interneteko ataria, administrazio publikoen identifikazio-sistemak, administrazio-jarduera automatizatua, sinadura-sistemak eta sinadura elektronikoa, dokumentuen artxibo elektronikoa.
17.– Gardentasuna eta gobernu ona (19/2013 Legea, abenduaren 9koa). Printzipio orokorrak, aplikazio-eremua, informazio publikoa eskuratzeko bidea. Eusko Legebiltzarreko Lehendakaritzaren Ebazpen Orokorra, 2016ko otsailaren 9koa, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzeko bidearen printzipioa Eusko Legebiltzarrean aplikatzeari buruzkoa.
18.– Datu pertsonalen babesaren oinarrizko alderdiak (Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea). Kontzeptuak, printzipioak eta eskubideak; bereziki, informazio-eskubidea datuen bilketan, sekretu-eginbeharra eta datuen komunikazioa.
19.– Erabateko kalitatea. Kudeaketako printzipio eta ereduak (Euskaliten kudeaketa aurreratuaren eredua). Bezeroaren gogobetetzea. Zerbitzu-kartak.
20.– Laneko arriskuen prebentzioa (31/1995 Legea, azaroaren 8koa). Xedea, aplikazio-eremua, eskubideak eta betebeharrak.
B GAI ZERRENDA (ZATI ESPEZIFIKOA)
1.– Giza komunikazioa eta komunikazio kolektiboa. Komunikazio-prozesua. Komunikazio-egintzaren alderdi eta osagaiak. Eredu teorikoak. Komunikazio kolektiboaren jatorriak eta garapena. Komunikazioaren eta zabalkundearen zientziak.
2.– Iturria; kanala; komunikazio-eraginkortasuna; atzeraelikadura; zarata. Mezua. Sailkapena. Informazio-mezua ikertzeko metodoak: edukiaren analisia; analisi estrukturala.
3.– Komunikazio kolektiboaren prozesua. Osagaiak eta faseak. Osagai objektiboak eta osagai subjektiboak. Komunikazio kolektiboko sistemak. Tipologiak. Erregimen autoritarioak eta demokratikoak. Komunikazio-pluralismoa. Askatasun publikoak. Botere publikoen funtzioak sistema demokratiko eta pluralistetan.
4.– Komunikazioaren hartzailea. Masa-komunikabideak. Bilakaera eta garapena. Haien betekizuna egungo gizarteetan. Teoriak. Gizarte-komunikazioaren hartzaileak. Audientziak, publikoa eta masa. Audientziaren prozesu selektiboak, baheak, berrinterpretazioa. Komunikazio-eraginkortasuna.
5.– Komunikazioaren ondorioak. Ondorioen azterketaren etapak. Ondorio mugatuen teoria. Ondorioen ikusmolde moderatu bateranzko bilakaera. Ondorioen azterketari buruzko ikuspegi berriak. Komunikazioaren funtzioak eta disfuntzioak. Analisi funtzionala. Komunikazioaren ondorioak: espezifikoak, generikoak, epe labur eta luzekoak. Ondorio-analisia.
6.– Komunikabideen eragina iritzi-sortzean. Iritzi- eta hauteskunde-inkestak. Espazio publikoaren eraketa eta demokrazia. Iritzi publikoa. Kontzeptuaren jatorria eta bilakaera. Iritzi publikoaren eraketako prozesu psikosoziologikoak. Definizioa eta ebaluatzeko metodoak. Propaganda eta iritzi publikoa. Propagandaren izaera, motak eta ondorioak.
7.– Komunikazio politikoa eta demokrazia. Komunikazio politikoaren prozesuko aktoreak. Alderdi politikoak. Bilakaera historikoa. Antolaketa eta funtzionamendua. Estatutu juridikoa eta finantzaketa. Alderdi politikoen sistemaren egitura Euskal Herrian. Gobernuaren eta alderdi politikoen komunikazioa. Komunikazioa eta mugimendu sozialak. Diskurtso politikoa. Komunikazioko eta marketin politikoko estrategiak. Propaganda politikoa. Lobbya.
8.– Herritarra komunikazio politikoaren hartzaile gisa. Komunikazio politikoaren ondorio sozialak. Komunikabideak komunikazio politikorako tresna gisa. Teknologien aplikazioa komunikazio politikorako tresna berrien garapenean. Komunikabideen harremanak alderdi politikoekin eta botere publikoekin.
9.– Kazetaritza garaikidearen ezaugarriak eta korronteak. Kazetaritzaren bilakaera eta joerak XX. mendean (Europa eta AEB). Erreferentziazko tradizio handiak. Masa-komunikabide berrien sarrera: irratia, zinema eta telebista. Masa-komunikazioaren gizartearen sendotzea. Estatuen betekizuna informazioaren eta gizarte-komunikabideen aurrean. Ikus-entzunezko komunikabideen goraldia eta garapena. Komunikabide-kontzentrazioaren fenomenoa. Talde multimedia handiak.
10.– Kazetaritza Euskal Herrian 1975az geroztik: trantsizio demokratikoa komunikabideetan. Informazio politikoa ikus-entzunezko komunikabideetan. Komunikabide-kontzentrazioaren fenomenoa: informazio-taldeak. Informazio-gizartearen garapena.
11.– Kazetaritza-egintza. Informazioa balioesteko eta aukeratzeko irizpideak. Albistea. Definizioak. Errealitatea eraikitzea eta informazioa. Objektibotasuna. Albistearen egitura. Izenburuak. Izenburuaren definizioa, ezaugarriak eta osagaiak. Izenburuan eragina duten faktoreak. Izenburu motak. Izenburuak jartzeko arauak.
12.– Kazetaritza-diskurtsoa. Horren betekizuna eta ezaugarriak diskurtso narratiboen barruan. Kazetaritza-komunikazioa: kodeak eta estiloak. Espresio-moldeak eta jarrera psikologikoak kazetaritza-komunikazioan. Estiloak: informatzailea, editorializatzailea, atsegingarria.
13.– Informazio-mezuaren tratamendua: kazetaritza-generoen teoria. Definizioa. Sailkapena. Generoen berezitasunak espezializazio-mailaren, ingurunearen edo formatuaren arabera. Informazio-generoak: informaziorako; erreportaje objektiboa, interpretaziorako; interpretaziozko erreportajerako eta kronikarako; eta iruzkinerako eta iritzirako: editoriala. Artikulua, mota desberdinak. Zutabea. Kritika. Irakurleen gutunak. Informazio- eta interpretazio-generoak. Erreportajea, elkarrizketa, kronika eta azalpen biografikoa edo erretratua. Kontsiderazio orokorrak generoei buruz.
14.– Hitzaldiak eta elkarrizketak. Audientzia. Hitzaldiaren tipologia eta egitura. Hizlariaren protokoloa. Hitzezko eta ez-hitzezko hizkuntza. Prentsa, irrati eta telebistako elkarrizketak.
15.– Kazetaritza espezializatua. Parlamentua, kazetaritza eta politika gaur egungo aroan. Informazio parlamentarioa. Kronika parlamentarioa. Kazetaritza politikoa.
16.– Informazio-iturriak: iturri motak. Iturriak egiaztatzea. Tratamendua eta erabilera. Identifikazioa. Informazio-iturri administratibo eta instituzionalak. Iturri ez-ofizialak. Iturrien identifikazioa. Dokumentazio informatiboa. Dokumentu-antolaketa eta -funtzioak. Datu-baseak. Dokumentu-analisi eta -hizkuntzak. Teknologiak eta euskarri berriak informazioan eta dokumentazioan.
17.– Informazio-agentziak: funtzioa eta egitura. Egungo agentzia handiak eta haien eragin-eremuak. Lan-sistema. IKTetara egokitzea. Haien kanpo-proiekzioa. Albisteetan espezializatutako agentziak. Agentziako albistearen ezaugarriak.
18.– Kazetari-lanbiderako irispidea. Elkargoko kide egitea eta asoziazionismo profesionala. Euskal kazetari-elkargoa. Kazetariaren deontologia profesionala. Komunikabideen autorregulazioa eta autokontrola. Kode etiko eta deontologikoak. Kontzientzia-klausula eta sekretu profesionala. Autorregulazio profesionala. Erredakzio-kontseiluak. Estilo-liburuak. Prentsa-kontseiluak. Irakurleen defendatzaileak.
19.– Kazetaritza-hizkuntza prentsan. Ezaugarri bereizgarriak. Ezaugarri idealak. Berezko ezaugarriak. Organigrama. Egunkari baten funtzionamendua. Idatzizko komunikabideen osagai bisualak. Irrati-hizkuntza. Hura definitzen duten estiloak. Iritzia irratian. Telebista-hizkuntzaren berezko ezaugarriak. Irudiaren betekizuna telebistaz ematen den informazioan. Kazetaritza-hizkuntza komunikabide digital berrietan.
20.– Kazetaritza-diseinua. Kontzeptua eta funtzioak. Aro tipografikoa, aro mekanikoa eta aro elektronikoa. Oinarrizko maketazio-arauak. Egitura (formatuak, marjinak, zutabea, publizitatea); erredakzio-osagaiak (izenburuak jartzea, aurkibideak, nabarmenduak, sarrerak); testua (gorputza, lerroartea, testu tartekatuak); irudia prentsan (fotografia, infografia, marrazkia).
21.– Idatzizko komunikabideak. Kazetaritza-prentsaren sailkapena. Erreferentziazko goiburuak. Eguneroko prentsa: ezaugarriak. Prentsa ez-egunerokoa: joerak. Komunikabidearen ezaugarriak: audientzia, hedapena eta estaldura. Aldizkako prentsaren egungo panorama Euskal Herrian.
22.– Irrati publikoaren eta pribatuaren egungo panorama. Finantzaketa eta audientzia. Irratigintza definitzen duten ezaugarriak eta egungo joerak. Irratia: jeneralista, formula, dena albiste, musikala: euskarri teknologikoa. Irrati analogikoa eta irrati digitala. Bilakaera eta egungo egoera. Irratia Interneten eta Internet bidez. Sorrera. Irismena. Lege-esparrua. Irrati konbentzionalarekiko desberdintasunak. Podcasta. Audientzia eta estaldura. Irrati-eskaintza. Emanaldi propioak eta katekoak. Irrati-antolaketaren egitura: programazioa, programa-ekoizpena eta errealizazioa. Ezaugarri bereziak. Organigrama. Programazioa. Gidoia irratian. Albistea lantzeko prozesua. Albistegiak.
23.– Telebista publikoaren eta pribatuaren egungo panorama. Finantzaketa eta audientzia. Telebista-komunikabidea definitzen duten ezaugarriak eta joerak XX. mendean: euskarri teknologikoa (satelitea, kablea, lurreko digitala). Interaktibitatea eta nahierarako telebista. Euskarri berriak: telebista Internet bidez. TB webak. Estaldura-eremua. Estaldura nazional, autonomiko eta lokaleko kateak. Tokiko telebisten panorama. Audientzia eta programazioa. Programazio-parrilla eta ordu-tarteak. Audientziaren eragina programazioa egiterakoan: sharea. Programazioa eta publikoa. Kanal jeneralistak eta tematikoak.
24.– Telebista-komunikabidearen alderdi soziologikoak. Ondorioak eta eragina audientzian. Telebista-edukiei buruzko ekimen parlamentarioak. Ikus-entzunezkoak arautzeko organoak. Ikus-entzunezkoen kontseiluak Europar Batasuneko herrialdeetan. Ikus-entzunezkoen kontseiluak Espainian.
25.– Interneten sarrera kazetaritzan. Ondoreak industria tradizionalarentzat. Ondorioak kazetari-lanbidean. Prentsa elektronikoa. Ezaugarriak. Edukiak sortzea eta egituratzea. Diseinua. Hipertestua. Lotura multimedien aukerak.
26.– Internet komunikazio-kanal gisa: Sarearen ezaugarri orokorrak. Egunkari digitalak. Audientzia eta irispidea. Prentsa tradizionala komunikabide digitalen agerpenaren aurrean. Egunkari digitalen egitura eta eta edukiak. Gaurkotasunaren kontzeptua egunkari digitalean. Irakurlearekiko interaktibitatea. Informazioaren eta komunikazioaren gizarteratzea: bitakorak, foroak, posta-zerrendak, weblogak eta beste.
27.– 2.0 Weba. Definizioa. Interaktibitatea. Sare sozialak. Facebook (profilak, orrialdeak, taldeak) eta Twitter: sorrera, garapena, desberdintasunak. Beste sare batzuk (Tuenti, Myspace, Linkedin eta beste). Bilatzaileak. Posizionamendua webean (SEO, SEM...). Blogak (erantzukizuna, iturriak, fidagarritasuna). Youtube. Beste irudi-kanal batzuk (Vimeo, Bliptv eta beste). Flickr irudiak. Wikiak. RSSa. Foroak. Etiketak (Tags).
28.– Internet eta iritzi publikoa: demokratizazioa, zatikatzea, blogosfera. Informazio- eta komunikazio-teknologien sarrera informazioaren eremuan. Masa-komunikazioaren gizartetik informazio-gizartera. Eragina komunikabide konbentzionaletan.
29.– Komunikazio digitala eta 2.0 teknologiak administrazio publikoetan: herritarren parte-hartzerako tresnak, posizionamendua bilatzaileetan. Sare sozialak administrazio publikoetan: jardunbide egokiak, jabetza intelektuala, pribatutasuna. Interneten alderdi etikoa.
30.– Webaren etorkizuna. Web semantikoaren kontzeptua. Open data. Informazioaren berrerabilera sektore publikoan: 37/2007 Legea, azaroaren 16koa. Informazioaren eta erabilgarritasunaren arkitektura. Definizioa eta eduki-sasilkapena, informazioaren egitura, nabigazio-sistemak. Diseinu erabilgarriaren printzipioa. Estilo-orriak: definizioa eta kudeaketa.
31.– Informazio-egintzaren inplikazio juridikoak. Komunikabideei buruzko legeria. Adierazpen- eta informazio-askatasunak askatasun publikoen eremuan. Adierazpen- eta informazio-askatasuna Estatu demokratikoan. Adierazpen- eta informazio-askatasunari buruzko nazioarteko arauak.
32.– Informazio-eskubidea. Definizioak. Informazio-eskubidearen subjektua eta objektua. Informazio-eskubide subjektiboa. Informazio eta iritziak ikertzeko, hedatzeko eta jasotzeko eskubidea. 1978ko Espainiako Konstituzioaren 20. artikulua. Mugak. Jurisprudentzia. Erantzuteko eta zuzentzeko eskubideak. Irain eta kalumnia delituak. Sekretu ofizialak.
33.– Informatzaileen eskubideak. Informatzailearen askatasuna eta erantzukizuna. Egia informazioan. Informazio-egiatasuna eta haren galerak. Objektibotasun-kontzeptuak. Kontzientzia-klausulak. Jabetza intelektualaren eta egile-eskubideen esparru juridikoa. Egile-eskubideak kazetaritza-lanean.
34.– Irrati eta telebista publikoen araubide juridikoa. Parlamentuaren kontrola. EITBren Kontrolerako Batzordea. Irratiaren eta telebistaren arau-esparrua. Tokiko telebista. Telebista pribatua. Lurreko eta satelite eta kable bidezko telebista.
35.– Publizitatearen araubide juridikoa Espainian. Komunikabideen finantzaketa. Tarifak. Kontzentrazioa. Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legea.
36.– Publizitatea komunikazio-prozesu gisa. Publizitate-mezua. Alderdi soziologiko, psikologiko eta ekonomikoak. Publizitate-prozesua: osagaiak eta etapak. Publizitate-hizkuntza. Sustapena eta babesa. Marketina. Sortze-plana. Briefinga. Publizitate-euskarriak. Komunikabide-plana. Publizitate-agentziak. Kontzentrazioa. Publizitate tradizionalaren ordezko aukerak: publizitate-estrategia berriak. Publizitate instituzionala. Publizitate-kanpainak diseinatzea eta lantzea.
37.– Harreman publikoen jatorria eta bilakaera. Enpresei, instituzioei eta jarduera publikoari aplikatzea. Protokoloa komunikabideen estilo-liburuetan.
38.– Antolakundeen komunikazioa. Komunikazio korporatiboaren oinarriak. Komunikazio instituzionalaren historia, izaera eta kontzeptua. Komunikazio instituzionalaren eremuak eta moldeak. Administrazio publikoen komunikazio- eta publizitate-kanpaina instituzionalak.
39.– Komunikazio-kabineteak. Egitura eta funtzioak. Lan-sistemak. Prentsa-bulego baten informazio idatziak, ikus-entzunezkoak eta Internet bidezkoak. Instituzioen ordezkariak kazetariekin harremanetan jartzeko estrategiak. Komunikazio-plana. Kontzeptua. Komunikazio-plana lantzea. Egitura. Martxan jartzea. Kazetariekiko tratua. Prentsa-oharra. Prentsa-dosierra. Prentsaurrekoen prestaketa.
40.– Barne-komunikazioa. Barne-komunikazioko plana eta haren aplikaziorako baliabideak.
41.– Identitate eta irudi korporatiboa. Marka balio gisa erabiltzea. Marketin-komunikazioa. Identitate instituzionala. Kontzeptua eta garrantzia. Estilo korporatiboa. Irudi instituzionala. Kontzeptua eta garrantzia. Irudi instituzionala eratzea.
42.– Irudi instituzionalaren eskuliburua. Irudi instituzional motak. Komunikazio korporatiboa Interneten. Printzipio orokorrak, irakurgarritasuna, idenditate grafiko korporatiboa. Komunikazio instituzionalean aplikatzea. Hizkuntza administratiboa identitate korporatiboaren atal gisa. Eusko Legebiltzarraren kanpo-itxurari buruzko eskuliburua.
43.– Informazioaren, komunikazioaren, publizitatearen eta propagandaren kudeaketa instituzionala Administrazio publikoan: kanpo- eta barne-komunikazioaren helburua, estrategia eta tresnak. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak komunikazio instituzionalaren zerbitzuan: herritarrekin komunikatzeko bitarteko eta tresna berriak.
44.– Instituzioen harremanak komunikabideekin. Ezaugarriak. Komunikabideekiko lanerako teknikak. Instituzioak informazio-iturri gisa. Ekitaldi instituzionalen ahalmen komunikatiboa. Agertokiak eta mezua.
45.– Komunikazioaren kudeaketa krisi-egoeran. Tipologia. Arriskuak identifikatzea eta prebentzio-plana egitea. Krisiaren kudeaketa eta kontrola.
46.– Parlamentuaren eta prentsaren arteko harremanak. Publikotasunaren printzipioa jarduera parlamentarioaren oinarri gisa. Parlamentua gizarte mediatikoan. Parlamentuen irudi publikoa. Parlamentuen komunikazio-erronkak. Gardentasun-politikak. Komunikazio parlamentarioaren egungo arazoak. Informazioa emateko bide nagusiak parlamentu batean.
47.– Parlamentuen komunikazio- eta informazio-bideak. Ikus-entzunezko baliabideak: seinale instituzionala eta informazio parlamentarioko kanal tematikoak. Munduko ikuspegia. Parlamentuen web orriak. Eusko Legebiltzarraren web orria. Teknologia berriak komunikaziora aplikatzea parlamentuetan. Internet eta intranet. Eztabaida-lekuak. Ikus-entzunezko baliabideak legebiltzarretan.
48.– Komunikazio instituzionalaren antolaketa parlamentuetan. Parlamentuetako prentsa-zerbitzuak: antolaketa eta funtzioak. Komunikabideekiko harremanak. Komunikabideekiko harremanerako tresnak. Informatzaileen akreditazioa ganberetan, haien araubidea eta lanerako bitartekoak. Lan-sistemak. Informazio idatziak, ikus-entzunezkoak eta Internet bidezkoak.
49.– Komunikabideak ekitaldien antolaketan. Komunikazio-betekizuna eta haren helburuak ekitaldien antolaketan. Akreditazioak. Prentsa-poola. Komunikabideei mugatutako ekitaldiak. Komunikazioa, protokoloa eta segurtasuna. Prentsa-operatiboaren diseinua. Prentsa-areto edo -zentroaren ezaugarriak. Komunikabideen beharrak ekitaldien gauzatzean.
50.– Europako erakundeak. Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra eta Europar Batasuneko Kontseilua. Batzordea. Europar Batasuneko Justizia Auzitegia. Eskualdeetako Lantaldea. Alerta azkarreko prozedura. Komunikazioa Europako erakundeetan.
II. ERANSKINA
KOMUNIKAZIO-TEKNIKARIAREN POSTUAREN EGINKIZUN NAGUSIAK
– Legebiltzarreko Administrazioaren kanpoko eta barruko komunikazioa garatzeko jarraibideak definitu eta ezartzea, legelari nagusiarekin elkarlanean.
– Bezeria segmentatuta, kolektibo batzuek eta besteek (herritarrak, administrazioak, ikastetxeak, etab.) dituzten kanpoko komunikazio-beharrak aztertzea.
– Aldian-aldian Legebiltzarreko Administrazioko enplegatuen barne-komunikazio beharrak atzeman eta aztertzea.
– Kanpoko zein barruko komunikazio-ekintzak planifikatu, bultzatu, egikaritu eta gainbegiratzea.
– Legebiltzarreko Administrazioaren kanpoko zein barruko komunikazioaren koherentzia ziurtatzea, komunikazioaren ebaluazioa eta hobekuntza bultzatuz.
– Barneko komunikazio-ekintzen garapena Legebiltzarreko Administrazioko sail batzuekin eta besteekin koordinatzea.
– Goitik beherako eta behetik gorako komunikazio-bideak eta komunikazio horizontaleko bideak ziurtatzea, eta etengabe hobetzea.
– Prentsaren kudeaketarako jarduna gainbegiratzea.
– Telefono-deiei erantzutea Legebiltzarraren jardunaren eta Legebiltzarreko ekitaldien berri emateko.
– Eusko Legebiltzarraren irudi korporatiboa daramaten materialak diseinatzeko jarraibideak proposatzea.
– Herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duten bideak esploratzea, zehaztea eta hobetzea.
– Herritarren informazio eta parte-hartzerako bide instituzionalak aktibo eta eguneratuta edukitzea.
– Eusko Legebiltzarraren presentzia sustatzea eta animatzea erakundeak prestatutako sare sozialetan (Community Manager).
– Eusko Legebiltzarraren webgune instituzionalaren ildo editoriala eta edukiak gainbegiratzea eta mantentzea, legelari nagusiarekin elkarlanean.