EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016207

AGINDUA, 2016ko urriaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baitu 2017ko lehen seihilekoan kongresu eta bilera zientifikoak antolatzeko laguntzak emateko.

Xedapenaren data: 2016-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201604619
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresu eta bilera zientifikoak –beste arlo batzuen artean– tresna egokiak dira ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko, eta, oro har, euskal zientzia ikusgarriago egiteko. Horregatik uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, horien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, ospe handiko ikertzaile eta irakasle nazional eta atzerritarren partaidetzaren bitartez.
Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua (2013ko martxoaren 7ko EHAA), dekretu horrek aldatu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua.
Halaber, kontuan izan behar dira, batetik, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena; eta bestetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena.
Herri Administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Laguntzak arautu eta horietarako deialdia egitea da agindu honen helburua, ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera presentzialak antola daitezen, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017ko lehen seihilekoan.
2.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, oro har, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako trebakuntzarako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak, mintegiak, doktorego-, master- edo graduondo-programak, etengabeko prestakuntzarako jarduerak, ate irekien jardunaldiak, jardunbide egokiak bateratzeko jardunaldiak, baldin eta ez badute ikerketa zientifikoarekiko lotura zuzena.
2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.
200.000 euro erabiliko dira agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Laguntza hauen onuradun honako hauek izan daitezke: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, haien agente-kategoria edozein delarik ere, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 3170. zk., kanpoan utzita bi kategoria hauek: I+G empresa-unitateak eta eskaintza-eskarietako bitartekotza-erandundeak.
2.– Diru-laguntza baliatzeko denboran zehar bete behar dituzte erakunde onuradunek honako eskakizun hauek:
a) Erakundeak ezin izango dira onuradun izan baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administratibotik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne izanik, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
b) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako, ez du haien baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.
Eskakizun hori bete egin behar da bai onuradun izateko, bai onuradun izaten segitzeko, eta emandako diru-laguntza likidatu arte; egiaztatu egingo da bete egiten dela bai diru-laguntza emateko unean, bai ordaintzeko orduan.
c) Ezin izango dira agindu honek araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Gastu arrunt hauek osorik edo zati batean ordaintzeko erabiliko dira laguntzak:
a) Antolamendua eta zabalkundea, barnean hartuta webguneak eta laguntza-zerbitzuak sortzeko, jardueraren publizitatea egiteko eta saioen arteko kafe-etenaldiak ordaintzeko kostua.
b) Hizlarien bidaiak, ostatua, mantenua eta ordainsariak.
c) 30 urte arteko gazte ikertzaileentzako diru-laguntzak, deialdiaren xedeak barne hartzen dituen jardueretara joateko ere bai. Diru-laguntza horiek inskripzioaren prezioei ezarri behar zaizkien beherapen osoak edo partzialak baino ez dituzte barne hartzen, oinarriko kuotaren gainekoak (gastu sozialak kanpoan utzita). Laguntzek bidaia-gastuak barne hartzen dituzte, baina bidaiaren kostuaren % 20ko gehienezko muga izanik. Ez dira diruz lagunduko norberaren autoan egindako bidaiak.
2.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen bazkaria eta ostatua, egintza ludikoak, dietak eta protokolo-gastuak.
b) Jarduerari egotzitako gastuak, erakunde onuradunaren beraren elementuak erabiltzeko.
c) Erakunde onuradunaren estatutupeko edo kontratupeko langile finkoen ordainsariak, eta ikerkuntzako bekadunentzako dotazioak.
d) Enpresa hornitzailea eta erakunde onuraduna lotzen dituzten gastuak, ez badira berariaz justifikatuak, eta justifikazio hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baloratu eta baimendu beharko du. Oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakunde edo enpresa lotuta daudela baldin eta Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako egoeraren batean badaude.
5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Formulario batez bete beharko dira eskabideak; eta hura bide telematikoz eskuratu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitza elektronikoan: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus (https://euskadi.eus/diru_laguntza/2017/ikerbilerak-1semestre/y22-izapide/eu/).
Eskabidea elektronikoki sinatzeko, erakunde eskatzaileak erakunde-txartela izan beharko du, eta, halakorik izan ezean, legezko ordezkariak alta hartu beharko du Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).
Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoaren bidez (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzaren bidez. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.
2.– Behin eskabide osoa beteta, artikulu honen 5. zenbakian adierazita dagoen dokumentazioa erantsita, eta aplikazioan sartutakoan, erakundeak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, betiere 1. zenbakian adierazitakoarekin bat, eta orduantxe bakarrik geratuko da erregistraturik eskabidea.
3.– Azkenik, erantzukizunpeko adierazpena ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatzen dena (legegintzako dekretu horren bidez onartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena). Aipatutako adierazpenak honako hauek jaso beharko ditu:
– Ea erakunde eskatzaileak eskatu dion beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik helburu bererako, eta ea halakorik eskuratu duen.
– Erakunde eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.
– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalen bat duen, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duen.
– Eskatzaileak Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2004 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako beste debekuren bat duen.
4.– Eskabidea aurkezteko epeak.
Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
5.– Eskatutako dokumentazioa.
Dokumentazio hau jaso beharko dira eskabidean; eta dokumentazioa aplikazio telematikoan sartu beharko da:
a) Jarduerari buruzko memoria zientifikoa; honako hauek adierazi beharko dira:
– Ekitaldiaren garrantzia.
– Behin-behineko edo behin betiko programa, egutegia, hizlariak, eta bera argitaratuta duen webgunearen esteka.
– Batzorde antolatzailearen, batzorde zientifikoaren eta hautapen-batzordearen osaera, halakorik badago.
b) Eskatzen diren funtsen justifikazioa; kontzeptua, unitateak, tokiak, kostuak, aurrekontuak zehaztu behar dira. Ahal dela, proformako fakturak sartu behar dira.
c) Entitate deitzailearen edo antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila altuagoko batzordearen akta; beren-beregi adierazi beharko da ekitaldia antolatzeko eta deialdia egiteko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.
d) Gonbidatutako hizlariek parte-hartzea onartu izanaren egiaztagiria.
e) Erantzukizunpeko adierazpenean egindako baieztapenen egiaztagiria.
6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.
7. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 egun naturaleko epea emango die eskabide-sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die ezen, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Hala agintzen da urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan (39/2015 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Akatsak zuzentzeko errekerimenduak honelaxe jakinaraziko dira: 12. artikuluko bigarren zenbakian ezarritako prozedurarekin bat.
8. artikulua.– Ebaluazioa eta hautaketa.
1.– Eskabideak hautaketa-batzorde batek ebaluatuko ditu. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu: Zientzia Politikarako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Unibertsitateetako zuzendaria; eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari bat, zuzendariak izendatua, idazkari-lanak egingo dituena. Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko proposamena.
2.– Eskariak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:
a) Ekitaldiaren tipologia. Kongresuek 40 puntuko balorazioa izango dute, eta bilerek 20 puntukoa.
b) Ekitaldiaren izaera: nazioartekoa, 20 puntu; estatukoa, 10 puntu.
c) Hizlari kopurua. 0,5eko balorazioa emango da gonbidatutako hizlari bakoitzeko, baldin eta bertaratuko dela baieztatzen badu; 10 puntu, gehienez. Halakotzat hartuko dira programan esplizituki aipatutakoak.
d) Zenbateko asistentzia aurreikusten den. Puntu batez baloratuko da bertaratutako hogeita bosteko; 10 puntu, gehienez.
e) Kanpoko iturriek finantzatutako maila: bertaratutakoen kuotak eta diru-laguntza publiko edo pribatu egiaztatuak. Puntu batez baloratuko da adierazitako iturrietatik sortutako finantzaketaren % 4ko; 20 puntu, gehienez.
9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira; horien artean lehentasunak jartzeko, 8. artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuko dira, eta puntu gehien lortzen dituzten eskaerei baino ez zaizkie esleituko diru-laguntzak, harik eta agindu honetako 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da.
10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honen babespean ematen diren diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa hau izango da:
a) Kongresuak badira: 20.000 euro edo 10.000 euro; nazioartekoak edo estatukoak diren kontuan hartuta, hurrenez hurren.
b) Zientzia-bilerak badira: 7.500 euro edo 4.000 euro; nazioartekoak edo estatukoak diren kontuan hartuta, hurrenez hurren.
c) Kafe-etenaldietarako emango den gehieneko zenbatekoak ez du emandako guztiaren % 10 gaindituko.
2.– Emandako zenbatekoak ez du inola ere gaindituko ez eskatutakoa, ez diru-laguntzako jardueren aurrekontuaren herena, xedapen honen 4. artikuluan adierazi bezala. Ez da emango eskabidean zenbatetsitako gastuen eta sarreren arteko aldea gainditzen duen zenbatekorik.
Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.
Halaber, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da, gainditzen badu diruz lagundutako jardueraren gastu osoaren herena.
Laguntza justifikatzeko xedapen honen 15. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ostean, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egiaztatuko du berriro emandako diru-laguntzak ez dezala gainditu erakunde onuradunaren gastuaren herena.
3.– Zenbat eman behar den zehazteko ondorioetarako, kongresutzat hartuko dira elkarte zientifikoen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio mota egiten diren: gonbidapenetako hitzaldiak aurkeztekoak, eta ikertzaileak unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Izan beharko dute batzorde antolatzaile bat, batzorde zientifiko bat eta hautaketa-batzorde bat, maila zientifikoa bermatu beharko duena, eta inskripzio bidez parte hartzeko deialdi publiko bat egin behar dute.
4.– Ekitaldiak nazioartekotzat edo estatukotzat hartuko dira erakunde deitzailea edo antolatzailea nongoa den kontuan hartuta.
5.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
11. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateratu ahal izango dira kongresu bera egiteko xedea duen beste edozeinekin, kontuan izan gabe funtsak publikoak edo pribatuak diren. Alabaina, xede bererako lortu diren laguntzen zenbatekoa, guztira, kostu osotik gorakoa bada, dagokion neurrian murriztuko da deialdi honetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Emandako laguntzak esleitzeko eta dagozkien zenbatekoak zehazteko, hautapen-batzordeak proposamena egingo du, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du ebazpena, betiere agindua argitarazten denetik harako sei hileko epean.
2.– Aurreko zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.
3.– Jakinarazpena egiteko, argitara emango da ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko taula elektronikoan (https://www.euskadi.net/).
4.– Aurreko zenbakian ezarritakoa bazter utzi gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako argitalpenen abisuak, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera.
6.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Izan ere, diru-laguntza emateko ebazpenari buruzko jakinarazpena egiten denetik egutegiko hamar egun igaro badira, eta interesdunak berariaz eta idatziz uko egin ez badio laguntzari, onartu egin duela ulertuko da.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Ukapenak, atzerapenak edo gainerako gorabeherak jakinaraztea, jakinaren gainean egoteko eta, behar izanez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak berariazko baimena eman dezan.
d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz.
e) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren logotipoa eta irudi korporatiboa sartzea bai karteletan, bai jardueraren publizitatea egiteko erabiltzen diren baliabideetan, bai ondorengo argitalpenetan. (Eusko jaurlaritzaren claim-a aplikatzeko gidaliburua). 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).
14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi ordain-aginduren bidez.
Lehenengoan, aurretiaz eta kontura ordainduko da, eta emandako laguntzaren % 75 izango da; 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.
Bigarrenean, 2018. urtean, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da, betiere hurrengo artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu ostean.
15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute jarduera egin dutela, finantzaketaren helburu baita; hartarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte inprimaki normalizatuan (ikusi txantiloia), jarduera hura bukatzen denetik sei hileko epearen barruan:
a) Emandako laguntzaz egindako gastuaren ziurtagiria, eta kontzeptuen araberako banaketa. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.
b) Ekitaldiaren balantze ekonomiko zehatza (diru-sarrerak eta gastuak). Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta egon behar du dokumentu horrek.
c) Kongresuaren akten bi ale, edo, halakorik badago, horien baliokideak. Behin-behinean onartuko dira akten zirriborroak edo baliokideak, beroriek argitaratzea aurreikusi bada.
d) Entitate onuradunak gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, eman beharko du, beka eman dien pertsonen zerrenda ez ezik (izena eta NAN), egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.
Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, txartel prezioduna edo faktura eman beharko da.
2.– Dokumentazio guztia aplikazio telematikoaren bitartez eman beharko da, 5. artikuluaren 1. zenbakian adierazi bezala.
3.– Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira lehenago esan den justifikazio-epearen hasieratik gehienez bost urtez, eta eskura egongo dira Zientzia Politikako Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Kontroleko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duten edozein egiaztapenetarako.
16. artikulua.– Jarraipena.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio jarraipena egitea; horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkoa dela pentsatzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.
17. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak behar diren ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.
18. artikulua.– Ez-betetzea, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzea eta, beharrezkoa bada, itzultzea.
1.– Aplikatzekoak dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
2.– Halaber, diru-laguntzak emateko orduan kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, edota beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntza edo diru-laguntzaren bat jasoz gero, edo helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabiderik jasoz gero, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluaren bitartez (1992ko otsailaren 7ko EHAA), honako hauek arautzen dira: diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala dagokionean, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien legezko interesak itzuli beharra. Bada, dekretu horretako bigarren tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenez egingo da goiko guzti horretarako deklarazioa, dagozkion prozedura-izapideak gauzatu ondoren; hargatik eragotzi gabe gainerako ekintza bidezkoak.
4.– Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
19. artikulua.– Datuak babestea
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Halaber, datuak «Ikerketa» izeneko fitxategian sartuko dira. Fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago (2010eko azaroaren 5eko EHAA), eta haren helburua da diru-laguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuen aurka egiteko, datuetan sartzeko eta datuak zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 25a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.