EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2016207

148/2016 DEKRETUA, urriaren 25ekoa, honen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maiestren lanpostu-zerrendak onartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan, Urrutiko Heziketako Euskal Institutuan, Patronatoetan eta Hezkuntza Ordezkaritzetan.

Xedapenaren zenbakia: 201600148
Xedapenaren data: 2016-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201604614
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1993/02/25ean argitaratutako 1993/02/19ko 199300002 LEGEA
  • 2015/11/23an argitaratutako 2015/11/17ko 201500216 DEKRETUA indargabetzen du
  • 2016/03/23an argitaratutako 2016/03/15eko 201600045 DEKRETUA indargabetzen du

EAEko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak lanpostuen zerrendak arautzen ditu II. tituluaren I. kapituluan, irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketari buruzkoan; zerrenda horien oinarrizko printzipioak adierazten ditu, baita zerrendak egiteko jarraitu beharreko prozedurak ere.
Parametro hauek identifikatzen dituzte dekretu honi erantsitako zerrendetan azaltzen diren lanpostuak: espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna. Hizkuntza-eskakizunak hizkuntza-ereduen arabera zehazten dira, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan (apirilaren 2ko EHAA) ezarritako proportziak beteta; dekretu hori urtarrilaren 18ko 6/2000 Dekretuak aldatu zuen (urtarrilaren 20ko EHAA), eta arautu egin zuen nola dekretu hori irakasleen lanpostuei. Helduen ikastetxeetako lanpostuei hizkuntza-eskakizunak jartzeko, uztailaren 23ko 182/2002 Dekretuan ezarritako irizpideak jarraitu dira.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak, 2016ko urriaren 25eko bileran, eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Maisu-maistren kidegoko funtzionarioei eta lan-kontratudun irakasleei 2016-2017 ikasturtean Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan, Urrutiko Heziketako Euskal Institutuan, Patronatoetan eta Hezkuntza Ordezkaritzetan gordetako lanpostuen zerrendak onartzen dira. Zerrenda horiek dekretu honi erantsitako I., II., III., IV., V., VI. eta VII. eranskinetan azaltzen dira.
2. artikulua.– Irakasle-jarduna ikastetxe bitan edo gehiagotan egin behar duten lanpostuak ibiltaritzat jotzen dira. Ikastetxe bakarrean diharduten irakasle-lanpostuak ere ibiltaritzat jotzen dira, ikastetxe horrek herri bitan edo gehiagotan egoitzak dituenean.
Lanpostu horiek betez gero, irakasleak kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izango du joan-etorrietan ibiltzearren. Horretarako ezartzen den arautegiak finkatuko ditu zenbatekoak.
3. artikulua.– Lekualdatze-lehiaketaren bidez beteko dira lanpostuak, lanpostu bereziak izan ezik, berariazko lehiaketaren bitartez beteko baitira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Erantsitako zerrendetan, maisu-maistren kidegoko lanpostuek berariazko osagarri bat dute esleituta: 11.542,16 euro urteko. Kopuru hori honela xehatzen da:
– Berariazko osagarri orokorra: 7.961,66 euro urteko.
– Dedikazio bereziko osagaia, bigarren eta hirugarren graduen kapitalizazioetatik eratorria: 3.580,50 euro urteko.
Arduraldi bereziko osagarriaren lahen maila egiaztatu duten langileek urtean 1.093,96 euro gehiago jasoko dituzte, goian aipatu kopuruez gain.
Dedikazio bereziko laugarren maila egiaztatzen duten karrerako irakasleek urteko 652,54 euro jasoko dute, eta dedikazio bereziko bosgarren maila egiaztatzen dutenak, berriz, 540,82 euro; diru-kopuru horiek aurreko paragrafoetan adierazitako kopuruei gehituko zaizkie.
Berariazko osagarri hori urte osokoa da, eta hilero banatuko da, abenduaren 23ko 9/2015 Legearen 19. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorrak onartzen den bezala.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Irakasleen lanbide-karreraren negoziazioa egiten ez den bitartean, indarrean jarraituko du pizgarri ekonomiko honek: Haur eta Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzako erregimen orokorreko irakaskuntzetan tutore-lanak betez gero, urtean 806,40 euro gehiago jasotzekoa, hilero ordainduko dena, bigarren xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Era berean, eta Irakasleen lanbide-karreraren negoziazioa egiten ez den bitartean, indarrean jarraituko du honako pizgarri ekonomikoak: zikloko koordinatzaile-lanak betez gero, urtean 732,62 euro gehiago jasotzekoa, hilero ordainduko dena, bigarren xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Klaseak Helduen Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dituzten maisu-maiestrek 906,22 gehiago jasoko dute urtean, bigarren xedapen gehigarrian adierazitako modu berean.
BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Zuzendaritza-karguak betetzen dituzten maisu-maiestrek, berriz, berariazko osagarri bat izango dute, urte osokoa izango da eta hilero banatuko da bigarren xedapen gehigarrian adierazitako modu berean. Hona osagarriak:
SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Helduen Hezkuntza Ikastetxeetan gelen kopurua honako hau izango da: prestakuntza arautuen ikasturte hasierako matrikula-datuetan agertzen diren taldeak, bider 1,6 indize-zuzentzailea.
ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Pertsona batek bi kargu baditu, kargurik altuarenaren kopurua ordainduko zaio.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko urriaren 25ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.