EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2016205

AGINDUA, 2016ko irailaren 7koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuak aldatzea onartzen duena.

Xedapenaren data: 2016-09-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201604569
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuetan egindako aldaketa bat onartzeko eskabide-espedientea, honako aurrekari hauetan oinarriturik,
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzeko eskabidea jaso eta espedientea bideratu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.
Bigarrena.– Osasun Sailaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jasota, 2011ko martxoaren 11ko idazkiaren bidez, Herri Administrazio eta Justizia Sailak atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zitzaion Elkargoari. Errekerimenduari erantzun ez ziotenez, 2016ko maiatzaren 23an, berriz bidali zen. Horren bidez, hilabeteko epea eman zitzaien akatsak zuzentzeko, eta ohartarazi zitzaien akatsak zuzendu ezean, eskabidean atzera egin zutela ulertuko zela. 2016ko uztailaren 15ean, Elkargoak bidalitako dokumentuak jaso ziren Herri Administrazio eta Justizia Sailean.
Hirugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen. Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua betetzen da, baita Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35. artikuluko 5., 6. eta 7. idatzi-zatietan, 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa ere.
Aipatutako manuak eta aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Aipatutako Elkargoaren estatutuak agindu honen eranskin gisa argitaratzeko agindua ematea.
Aginduak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 7a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
ERANSKINA
ARABAKO SENDAGILEEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
IZAERA JURIDIKOA ETA ORDEZKARITZA
1. artikulua.– Izaera juridikoa.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da. Konstituzioak, Euskadiko Autonomia Estatutuak eta elkargo profesionalei buruz Estatuan eta Autonomia Erkidegoan dauden legeek babesten dute. Egitura demokratikoa, izaera ordezkatzailea eta nortasun juridiko propioa ditu. Haren eskumenen lurralde-eremua Arabako Lurralde Historikoa da.
2. artikulua.– Egoitza.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren egoitza Gasteizen dago: Santiago hiribidea, 7 zk., 1. solairua. Hala ere, egoitza lekuz aldatzea erabaki dezake Zuzendaritza Batzordeak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak tradizioz erabili izan dituen logotipoa eta ezkutua izango ditu, bai eta beste batzuk ere, Zuzendaritza Batzordeak hala erabakiz gero.
3. artikulua.– Tratamenduak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren lehendakariak eta lehendakariordeak agintari izaera izango dute korporazioaren barruan eta izendatzen zaizkien egitekoetan aritzerakoan.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak «prestua» tratamendua izango du eta lehendakariak, «txit prestua».
4. artikulua.– Lurralde-eskumena.
Araban lanbide horretan ari diren Medikuntzako lizentziatu, graduatu edo, kasua bada, medikuntzan jarduteko gaikuntza ematen dien titulazioa daukaten guztiak hartzen ditu nahitaez Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak, indarrean dauden legeek horri buruz diotenaren arabera, baldin eta lanbide-helbide bakarra edo nagusia Araban badute.
Martxoaren 15eko 2/2007 Legean ezarritakoaren arabera, Elkargoan inskribatu behar dira lanbide-sozietateak, baldin eta merkataritzako erregistratzaileak Elkargoari jakinarazten badio Arabako Lurralde Historikoan helbide soziala daukaten sozietate horien sorrera.
Lanbide-helbidea Arabako Lurralde Historikoan eduki gabe bertan lanbidean diharduten profesionalak eta lanbide-sozietateak ere hartzen ditu elkargoak. Horretarako, ordea, sendagileen beste elkargo bateko kide izan beharko dute, aplikatzekoa den araudian jasota dagoenarekin bat. Hala ere, horiek guztiek ez dituzte edukiko elkargokide izateak berez ematen dituen eskubideak.
Lanbidean ari ez diren Medikuntzako lizentziatuek, graduatuek edo, kasua bada, medikuntzan jarduteko gaikuntza ematen dien titulazioa dutenek, bai eta beste elkargo batzuetan izena emanda dauden profesional edo lanbide-sozietateek ere, elkargokide egiteko eska dezakete, hala nahi badute.
5. artikulua.– Erakunde-ordezkaritza.
Elkargoaren legezko ordezkaritza, bai epaiketetan bai bestelakoetan, lehendakariari dagokio edo lehendakariaren legezko ordezkoari. Legitimitatea edukiko du prokuradoreei, letratuei edo edozein motatako mandatariei ahalmen orokorrak nahiz bereziak emateko, baldin eta Zuzendaritza Batzordeko Batzorde Iraunkorrak aurretik hala erabaki badu.
6. artikulua.– Ahalmen juridikoa.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak erabateko gaitasun juridikoa eta jardutekoa du. Hortaz, edozein motatako ondasunak erosi –kostubidez nahiz ordainik gabe–, besterendu, zergapetu, eduki eta errebindikatu ditzake; obligazioak har ditzake, edozein motatako eskubideen titular izan daiteke eta edozein ekintza judizial, erreklamazio edo errekurtso baliatu nahiz jasan dezake, edozein jurisdikziotan.
II. KAPITULUA
HELBURUAK ETA EGITEKOAK
7. artikulua.– Helburuak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren funtsezko helburua sendagileen lanbidea ordezkatzea eta defendatzea da, bai eta elkargoaren zerbitzuetako kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestea ere.
8. artikulua.– Egitekoak.
Bere funtsezko helburua betetzeko, honako egiteko hauek dagozkio Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialari beren-beregi:
1.– Sendagileen lanbidea antolatzea –alor horretan Administrazioari dagokionari kalterik egin gabe–, sendagileen lanbidearen ordezkaritza instituzional esklusiboa edukitzea eta lanbidea defendatzea.
2.– Lanbide-jarduna eta elkargokideek beren printzipio etiko eta deontologikoak bete ditzaten zaintzea, bereziki merkataritza-komunikazioen arloan duten jokabidea legean xedatuaren araberakoa izan dadin, hartara lanbidearen independentzia eta integritatea babesteko, bai eta sekretu profesionala ere.
3.– Elkargokideek ematen dituzten prestazio profesionalen kalitatea egokia izan dadila zaintzea. Horretarako, sendagileen merezimendu profesionalen egiaztapenak eguneratuta edukitzeko behar diren sistemak jarri ahalko ditu.
4.– Ahalik eta baliabide gehien sustatzea elkargokideen maila zientifikoa, ekonomikoa eta soziala uneoro hobetzeko.
5.– Herri agintariekin lankidetzan aritzea, osasuna babesteko eskubidea lortzeko eta ahalik eta erregulazio eraginkor, zuzen eta orekatuena izateko, bai asistentzia sanitarioari dagokionez bai medikuntzaren jardunari dagokionez ere.
6.– Herritarrei zerbitzua ematea sendagileen lanbidearen arloan.
7.– Asistentzia sanitarioaren alorrean herritarrek egiten dituzten erreklamazioei erantzutea.
8.– Administrazioaren, instituzioen, epaitegien, entitateen eta partikularren aurrean Arabako Lurralde Historikoko sendagileak, medikuntzako lanbide-sozietateak eta lanbidea bera ordezkatu eta defendatzeko ardura bere gain hartzea eta interes profesionalak ukitzen dituzten auzietan alderdi izateko legitimitatea izatea.
9.– Lanbideko intrusismoarekin lotutako gaiak aztertu eta salatzea eta intrusismoa ekiditeari buruz legeek ezartzen dituzten ekintzez baliatzea, Administrazioak egin behar dituen ikuskaritza- eta zehapen-jarduerei kalterik egin gabe, betiere.
10.– Sendagileen erroldaren eta lanbide-sozietate eta tituluen erregistroaren ardura izatea eta informazioa osoagoa izan dadin beharrezko jotzen diren datuak jasotzea, bai eta indarreko legeriak eskatzen dituenak ere; eta medikuntzaren jardunarekin zerikusia duten ikerketak, proiektuak eta proposamenak egiteko beharrezko jotzen diren estatistikak egitea.
11.– Elkargoak ematen dituen zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak behar bezala errespetatzen direla zaintzea.
12.– Lanbidearen eta elkargoaren arloetan diziplina-ahalmena erabiltzea elkargokideen ekintza batzuk zehatzeko, hala nola, bidegabeko lehia egitea, deontologia kodea urratzea eta profesionalak direla baliatuz pazienteekin gehiegikerian aritzea.
13.– Osasunari buruz herri administrazioek esleitzen dizkioten egitekoak.
14.– Osasunari buruzko politika eta asistentzia-planak prestatzen laguntzea, bai eta horiek burutzen ere, eta osasuna eta asistentzia sanitarioa sustatzearekin lotuta dauden gaietan edo alor hori ukitzen duten gaietan parte hartzea.
15.– Elkargokide berriei lanbidean sartzen laguntzeko behar den informazioa prestatzen eta ikasketa-planak gertatzen lankidetzan aritzea unibertsitateekin eta irakaskuntzaren inguruko beste erakunde batzuekin.
16.– Arazo judizialetan peritu legez parte hartzeko, auzitegiek prestakuntza eta esperientzia berezia duten elkargokideak eskatzen badituzte, elkargokide horien zerrenda ematea, edo agintari judizialak hala eskatuta, zeintzuk parte har dezaketen proposatzea.
17.– Estatutuak eta Barne Araubideko Erregelamendua onartzea.
18.– Eusko Jaurlaritzaren edo Gobernu Zentralaren arau-proiektuei buruz txosten nahitaezkoak egitea, lanbidea ukitzen duten gaiak direnean.
19.– Eskatzen zaizkion txosten eta irizpen medikoak egitea.
20.– Entitate publiko eta pribatuekin lankidetza bultzatzeko harremanak edukitzea eta akordioak izenpetzea, lanbiderako mesedegarri denean.
21.– 36/1998 Legearen 10. artikuluaren arabera, lanbidea dela-eta elkargokideen artean gertatzen diren auzietan parte hartzea, arbitrajea egiteko Elkargoa izendatzen denean.
22.– Bermatzea lanbidearen antolaketari buruzko erregulazioan ez dadila murriztapenik ezar lanbide-jardunean sozietate moduan aritzeko.
23.– Lanbidearen interesen onerako diren eta elkargoak dituen helburuak betetzeko lagungarri diren gainerako egitekoak, indarrean den legediaren barruan, betiere.
III. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOAREKIKO HARREMANAK
9. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko harremanak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoarekin izango dituen harremanak honela bideratu ditu:
– Lanbidearen edukiei buruzko gaiei dagokienez, Osasunaren alorrean eskumenak dituen sailaren bidez, eta,
– Lanbidearen, instituzioen eta korporazioen inguruko gai orokorrei dagokienez, profesionalen elkargoen alorrean eskumenak dituen sailaren bidez.
10. artikulua.– Estatuko Administrazio Zentralarekiko harremanak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak Sendagileen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren bidez edo Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren bitartez bideratuko ditu Administrazio Zentralarekiko harremanak.
11. artikulua.– Sendagileen beste elkargo batzuekiko harremanak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren bidez koordinatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko sendagileen gainerako elkargoekin; Estatuko sendagileen elkargoekin, berriz, Sendagileen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren bidez edo autonomia-kontseiluen bidez. Hori gorabehera, zuzeneko harremanak ere izan ditzake.
II. TITULUA
GOBERNU-ORGANOAK
I. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOAK
12. artikulua.– Gobernu-organoak.
Hauek dira Arabako Sendagileen Elkargoaren gobernu-organoak:
– Biltzar Nagusia.
– Zuzendaritza Batzordea.
– Lehendakaritza.
II. KAPITULUA
BILTZAR NAGUSIA
13. artikulua.– Definizioa.
Biltzar Nagusia da elkargoa ordezkatzen duen organo gorena. Araban diharduten elkargokide guztiek osatuko dute. Biltzar Nagusiaren erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat, baina Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen mugak bete beharko dituzte.
14. artikulua.– Egitekoak.
Hauek dira Biltzar Nagusiaren egitekoak:
1.– Estatutuak eta, behar izanez gero, Barne Araubideko Erregelamendua onartzea eta aldatzea.
2.– Elkargoaren aurrekontua onartzea. Horretarako, deialdi bi egingo dira: bata, uneko urtearen azken hilean, hurrengo urteko aurrekontuak onartzeko. Eta bestea, urteko lehenengo lauhilekoan, aurreko urteko abenduaren hogeita hamaikan itxitako aurrekontu-likidazioa onartzeko.
3.– Elkargoaren ondarea nola dagoen jakitea.
4.– Kuotak onartzea, bai eta jar daitezkeen murriztapenak edo hobariak ere.
5.– Zuzendaritza Batzordearen edo haren edozein kideren kudeaketa onartzea edo gaitzestea.
6.– Elkargorako ondasun higiezinak erosi, besterendu eta zergapetzea eta horiekiko erabiltze zein zergapetze egintza juridikoak egitea.
7.– Elkargo-merezimenduengatiko domina ematea onartzea.
8.– Zuzendaritza Batzordeak iritzia emateko uzten dizkion gaiak.
15. artikulua.– Deialdia eta funtzionamendua.
1.– Biltzar Nagusirako deialdia Zuzendaritza Batzordeak egingo du, berak erabakita edo gutxienez elkargokideen ehuneko hogeiak idatziz eskatuta.
2.– Biltzar Nagusi guztietan gai-zerrenda bat egongo da, Zuzendaritza Batzordeak prestatutakoa; gai horretan dauden gaiak baino ez dira eztabaidatuko. Galde-eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira, Elkargoaren Idazkaritza Orokorrean, berrogeita zortzi ordu lehenago, gutxienez; ez dira ez eztabaidatuko ezta bozkatuko ere.
3.– Deialdia Idazkaritza Orokorrak egingo du, idatziz, hamar egun baliodun lehenago, gutxienez. Gai-zerrenda jarriko da, eta horretaz gain, biltzarra –lehen deialdian zein bigarrenean– non, noiz eta zein ordutan egingo den adieraziko da; lehen eta bigarren deialdiaren artean hogeita hamar minutuko tartea utzi beharko da, gutxienez.
16. artikulua.– Erabakiak baliozkoak izateko betekizunak.
1.– Biltzar Nagusia balioz eratzeko, beharrezkoa izango da lehenengo deialdian botoa emateko eskubidea duten elkargokideen erdia eta beste bat egotea; quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdian osatuko da, bertaratu diren elkargokideen kopurua edozein izanik ere.
2.– Biltzar Nagusiaren erabakiak biltzarrera joaten diren elkargokideek emandako botoen gehiengo soilaz hartuko dira, hurrengo zenbakian beren-beregi adierazten diren kasuetan izan ezik. Ez da botoa eskuordetzerik izango.
3.– Botoa emateko eskubidea duten elkargokideen erdia eta beste bateko quoruma beharko da kasu hauetarako: estatutuak onartzeko edo aldatzeko, higiezinak besterentzeko edo horiei karga bat jartzeko, elkargoa beste elkargo batekin bat egiteko, xurgatzeko, banatzeko edo desegiteko. Quorum hori lortzen ez bada, beste biltzar nagusi bat egingo da, lehenengo deialdiaren ondoko hogeita lau ordu baliodunen barruan; biltzar horretan erabakiak gehiengo soilaz hartu ahalko dira, ez baita quorum berezi baten beharrik egongo.
Biltzar Nagusiaren deialdian, bigarrena zein egunetan eta zein ordutan egingo den iragarriko da, lehenengo deialdirako behar den quoruma lortzen ez denean.
Elkargoa beste batekin bat egiteko, xurgatzeko, banatzeko edo desegiteko –kasuen arabera–, Eusko Jaurlaritzak dekretu baten bidez onartu beharko du.
4.– Ezohiko Biltzarraren gaia gaitzespen-mozioa bada, aurreko paragrafoan ezarritako baldintza berak (deialdiri, asistentziari eta bozketari buruzkoak) eskatuko dira.
5.– Idazkari nagusiak akta bat egingo du ukitutako gaiak eta hartutako erabakiak jasotzeko. Akta hori hurrengo biltzarrean aurkeztuko du, eta hortxe onartuko da, egoki iritziz gero.
III. KAPITULUA
LEHENDAKARITZA
17. artikulua.– Lehendakaria.
1.– Lehendakariak elkargoaren erakunde-ordezkaritza izango du edozein motatako agintari eta erakundeen aurrean, eta estatutuetan jasotako aginduak eta elkargoko gobernu-organoek hartutako erabakiak eta xedapenak betetzen diren zainduko du.
2.– Bere eskumenen eremuan, egiteko hauek dagozkio:
a) Biltzar Nagusietan, ohikoetan zein ezohikoetan, mahaiburu izatea, bai eta joaten den beste edozein batzarretan ere; dena den, Zuzendaritza Batzordeko kide bati eskuordetu diezaioke mahaiburutza, kasu zehatz batzuetan.
b) Zuzendaritza Batzordea eta batzordeak deitzea.
c) Bilkurak ireki, zuzendu eta amaitzea.
d) Aktak onartu ondoren, sinatzea.
e) Bankuko kontu korronteak eta kreditu kontuak irekitzeko eta diru-zenbatekoak ateratzeko taloiak edo txekeak egiteko baimena ematea, diruzain-idazkariordearekin batera.
f) Idazkari nagusiak egiten dituen egiaztagiriei oniritzia ematea.
g) Agintari, korporazio, elkargokide, partikular eta iritzi publikorako txostenak eta komunikazioak baimentzea.
h) Sendagile bat Elkargoan sartuta dagoela justifikatzeko Zuzendaritza Batzordeak onartzen duen agiria baimentzea, sinadura-bidez.
i) Behar diren baimenak izanda, hirugarren batzuekin egiten dituen kontratuak, hitzarmenak eta bestelako erabakiak sinatzea, Elkargoa ordezkatuz.
j) Zuzendaritza Batzordeak, Euskadiko Sendagileen Kontseiluak edo, azken hori artean eratzeke badago, Kontseilu Nagusiak ardurapean uzten dion beste edozein.
IV. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEA
18. artikulua.– Osaera.
Zuzendaritza Batzordea Osokoak eta batzorde iraunkor batek osatuko dute.
19. artikulua.– Osokoa eratzea.
Hauek dira Osokoa osatuko dutenak:
1.– Lehendakaria.
2.– Lehendakariordea.
3.– Idazkari nagusia.
4.– Diruzaina – idazkariordea.
5.– Lehenengo batzordekidea.
6.– Bigarren batzordekidea.
7.– Hirugarren batzordekidea.
8.– Laugarren batzordekidea.
9.– Bosgarren batzordekidea.
10.– Seigarren batzordekidea.
11.– Zazpigarren batzordekidea.
20. artikulua.– Agintaldia.
Zuzendaritzako karguen izendapen guztiak lau urtetarako izango dira. Berriz ere izendatu ahalko dira.
21. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen egitekoak.
Hauek dira zuzendaritza batzordearen egitekoak:
1.– Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedura bultzatzea.
2.– Biltzar Nagusiari dagozkion gaiak proposatzea.
3.– Aurrekontuak prestatzea eta Elkargoko kontabilitate-lanak egitea.
4.– Elkargokideekin diziplina-ahalmena erabiltzea.
5.– Biltzar Nagusirako deia egitea.
6.– Hauteskundeetarako deia egitea Zuzendaritza Batzordeko karguak betetzeko.
7.– Zuzendaritza Batzordeko karguak hutsik geratzen direnean, kideak behin-behingoz izendatzea, 27. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
8.– Deontologia Batzordeko kideak izendatzea.
9.– Goraipamenak eta sariak ematea.
10.– Elkargokide egiteko eskabideen espedienteak ebaztea.
11.– Zehapenak bertan behera uzteko baimena ematea.
12.– Elkargoan sekzioak sortzeko edo desegiteko erabakia hartzea.
13.– Egokitzat jotzen diren batzordekideei sekzioak atxikitzea.
14.– Elkargoak hobeto funtziona dezan, egokitzat jotzen diren batzordeak eta lantaldeak sortzeko erabakia hartzea eta horien kideak izendatzea.
15.– Elkargoko karguetan aritzean sortzen diren ordezkaritza-gastuak eta konpentsazioa erregulatzea.
16.– Hitzarmenak edo bestelako akordioak izenpetzeko baimena ematea, lanbidearen onerako direnean.
17.– Lanbideko erantzukizun zibilaren aseguruan elkargokideek hitzartu behar dituzten gutxieneko estaldurak ezartzea.
18.– Elkargoaren administrazio-lana antolatzea eta horretan dabiltzan giza baliabideen zuzendaritzaren ardura hartzea; horretarako, egoki irizten diona izendatuko du.
22. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen Osokoaren funtzionamendua eta deialdia.
1.– Zuzendaritza Batzordeko Osokoa hilean behin batuko da, gutxienez; ezohiko bilerak, berriz, gutxienez kideen ehuneko hogeik eskatzen duen guztietan edo inguruabarrak direla-eta Batzorde Iraunkorrak edo lehendakariak egoki irizten dioten guztietan.
Lehendakaritzak agindu ostean, Idazkaritza Orokorrak egingo du deia, zortzi egun natural lehenago gutxienez; berak finkatuko du gai-zerrenda.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek konfidentzialtasuna gorde beharko dute bileretan ukitutako gai guztiei dagokienez.
3.– Lehendakariak ahalmena du premiazko egoeretan Osokoa deitzeko, inguruabarrak direla-eta komenigarria dela irizten badio. Deialdia edozein modutan eman daiteke ezagutzera, baina igorri dela jasota utzi beharko da beti.
4.– Erabakiak baliozkoak izateko, lehenengo deialdian beharrezkoa izango da Batzordearen Osokoa osatzen duten kideen gehiengoa egotea. Bigarren deialdian, baliozkoak izango dira gehiengo soilaz hartutako erabakiak, batzarrera joan direnen zenbatekoa edozein izanda ere. Berdinketa dagoenean, lehendakariak erabakiko du, kalitateko botoa baitu.
23. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren osaera.
Hauek izango dira Batzorde Iraunkorra osatuko dutenak:
1.– Lehendakaria.
2.– Lehendakariordea.
3.– Idazkari nagusia.
4.– Diruzaina – idazkariordea.
24. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren eskumenak.
Hauek dira Batzorde Iraunkorraren eskumenak:
1.– Lehendakariak prokuradoreei, letratuei edo beste mandatari batzuei ahal orokorrak zein bereziak emateko baimena ematea.
2.– Elkargokide egiteko eskabideak ebaztea, baldin eta, funtsezko arrazoiak tarteko, Osokoak ebazten ez baditu.
3.– Elkargokideen onerako diren elkargo-zerbitzuak antolatzea, eta, horretarako, beharrezko diren baldintza operatiboak eta ekonomikoak eta partaidetzakoak ezartzea.
4.– Zuzendaritza Batzordearen Osokoak eskuordetzen dizkion gaiak ebaztea.
5.– Biltzar Nagusiari edo Zuzendaritza Batzordearen Osokoari beren-beregi izendatu ez zaizkien eskumen guztiak.
25. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren funtzionamendua eta deialdia.
1.– Batzorde Iraunkorra hilean behin batuko da; hala ere, maizago batu ahalko da gaiak direla-eta beharrezkoa baldin bada edo kideetatik hiruk, idatziz, hala eskatzen badute.
2.– Batzorde Iraunkorraren deialdiak eta funtzionamenduak Osokoak dituen formaltasun eta betekizun berak izango dituzte.
3.– Osokoaren edozein kideri Batzorde Iraunkorrean parte hartzeko deia egin ahal zaio, ukitu behar diren gaiak direla-eta kide hura egotea beharrezkoa dela irizten bazaio.
26. artikulua.– Zuzendaritza Batzordeko kideen kargu-uztea.
Hauek dira Zuzendaritza Batzordeko kideek karguak uzteko arrazoiak:
1.– Kargu hori betetzeko aukeratu zirenean jarritako epea amaitzea.
2.– Interesdunak uko egitea.
3.– Heriotza.
4.– Karguren baterako, publikoa edo ez, izendatua izatea, baldin eta independentzia, 7. artikulua aurrera eramateko beharrezkoa izaki, kolokan jartzen bada.
5.– Epai irmo baten bidez kargu publikoetarako ezgaituak izatea.
6.– Diziplina-zehapen irmoa izatea, arau-hauste astun bat edo oso astun bat egiteagatik.
7.– Hautagarri izateko baldintzak galtzea –39. artikuluan zehaztuak–.
8.– Biltzar Nagusiak gaitzespen-mozio bat onartzea.
9.– Zuzendaritza Batzordera hiru aldiz segidan edo segidan izan gabe bost aldiz ez joatea urte batean.
27. artikulua.– Zuzendaritza Batzordeko kideak ordezkatzea.
1.– Zuzendaritza Batzordearen Osokoaren kideen erdiak edo gehiagok karguak uzten badituzte edo uzteko agintzen bazaie, hutsik geratu diren karguak betetzeko hauteskundeak deituko dira. Hauteskundeak lau hileko epean egin beharko dira. Hautatutako karguen agintaldiaren iraupena ordezkatutakoek zuten bera izango da.
2.– Hauteskunde-aldi horretan beste lanpostu batzuk hutsik geratzen badira eta hala geratzen direnak Zuzendaritza Batzordeko karguen erdiak edo gehiago badira, artikulu honen 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera jardungo da.
3.– Hutsik geratzen direnak Zuzendaritza Batzordeko kideen erdiak baino gutxiago badira, Zuzendaritza Batzordeak beteko ditu karguak ordezkoak izendatuz. Horien agintaldia hurrengo hauteskundeetara artekoa izango da.
4.– Lehendakaria lehendakariordeak ordezkatuko du eta idazkari nagusia diruzain-idazkariordeak. Lehendakaria ordezkatzeko beharrezkoa izango da Biltzar Nagusiak berrestea.
5.– Edozein gorabehera tarteko, Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek karguak uzten badituzte, behin-behineko batzorde bat izendatuko du Euskadiko Sendagileen Kontseiluak edo, hori artean eratu gabe badago, Kontseilu Nagusiak. Batzorde horrek hauteskundeetarako deia egingo du; gehienez ere, lau hileko epean egin beharko dira.
V. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEKO KIDEAK
28. artikulua.– Lehendakariordea.
Lehendakariordeak lehendakariak ematen dizkion egitekoak burutuko ditu. Halaber, lehendakaria ordezkatuko du hori ez dagoenean, gaixorik dagoenean, hiltzen denean, abstenitzen denean edo errefusatzen dutenean. Lehendakaritza hutsik dagoenean, agintaldia amaitu arte horren ardura hartuko du, Biltzar Nagusiak berretsiz gero.
29. artikulua.– Idazkari nagusia.
1.– Estatutu hauen, indarreko xedapenen eta Lehendakaritzak ematen dizkion aginduen arabera dagozkion egitekoez gain, honako hauek izango ditu:
a) Lehendakariak edo Zuzendaritza Batzordeak ematen dizkion aginduei jarraituz, elkargoaren ekintza guztietarako ofizio-zitazioak idatzi eta bideratu beharko ditu, behar besteko aurrerapenaz.
b) Biltzar Nagusiaren aktak eta Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen bileretako aktak idatzi beharko ditu, bileretara joan diren kideak aipatuz. Horretaz gain, aktak dagokien liburuan kopia daitezen arduratuko da, eta sinatu egingo ditu, lehendakariarekin batera.
c) Zerbitzua ahalik eta onena eta ordenatuena izateko behar den beste liburu prestatuko du. Nahitaezkoa izango da liburu bat egotea, elkargokideei ezartzen zaizkien zehapenak jasotzeko.
d) Elkargora iristen diren komunikazio eta eskaera guztiak jaso, eta horien berri lehendakariari eman beharko dio.
e) Sendagile bat elkargoan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria sinatu beharko du, lehendakariarekin batera.
f) Eskatzen diren egiaztagiriak egin beharko ditu, lehendakariaren oniritzia duela.
g) Urtero memoria bat egin beharko du urtean gertatutako gorabeherak jasotzeko; Biltzar Nagusia jakinaren gainean jarri beharko du.
h) Agintari, instituzio, korporazio, elkargokide eta iritzi publikorako txosten eta komunikazioak bidali beharko ditu, lehendakariaren baimena duela.
i) Elkargo-fede publikoa baliatzea.
30. artikulua.– Diruzaina-idazkariordea.
Egiteko hauek dagozkio:
1.– Elkargoaren funtsak biltzea eta zaintzea.
2.– Egin beharrekoa egitea elkargoaren kontabilitatea legezko arauen eta estatutuetako arauen arabera eta behar besteko bermearekin burutu dadin.
3.– Aurrekontuan onartu ondoren, elkargoan burutzen diren inbertsio eta gastu guztiak eta bankuko kontu-korronteak izenpetzea, lehendakariarekin batera; horretarako, taloiak eta ordainketak egiteko diren gainerako baliabideak baliatuko ditu funtsez baliatzeko.
4.– Ekonomia-txostena, balantzea eta emaitzen kontua eta aurrekontu-kitapena –aurreko urteko abenduaren hogeita hamaikan itxitakoak– aurkeztea Zuzendaritza Batzordearen Osokoan eta Biltzar Nagusian.
5.– Aurrekontuen proiektua idaztea urtero, eta gero Biltzar Nagusiari aurkeztea, Zuzendaritza Batzordearen Osokoak onartu ondoren.
6.– Kontabilitatetik ateratzen diren balantzeak eta finantza-egoerak sinatzea.
7.– Elkargoaren kontabilitatea kontrolatzea, erregulartasunez.
8.– Elkargoaren inbertsioak kontrolatzea eta gainbegiratzea; halaber, inbertsioak nola doazen eta emaitzak jakinaraztea Zuzendaritza Batzordeari, erregulartasunez.
9.– Elkargoak hirugarren batzuekin izenpetutako kontratuen ekonomia-edukia kontrolatzea eta gainbegiratzea, eta Zuzendaritza Batzordeari horien berri ematea.
10.– Idazkari nagusiari laguntzea, eta horren egitekoak bere gain hartzea ez dagoenean, gaixorik dagoenean, hiltzen denean, abstenitzen denean eta errefusatzen dutenean. Idazkaritza hutsik dagoenean, 27. artikuluan agindutakoari jarraitu beharko zaio.
31. artikulua.– Batzordekideak.
Beren-beregi dagozkien egitekoak eta Zuzendaritza Batzordeak izendatzen dizkienak bete beharko dituzte batzordekideek.
VI. KAPITULUA
ELKARGOKO KARGUEN BERME-ARAUBIDEA
32. artikulua.– Kargudunen izaera.
Ondorio korporatibo eta profesionalei begira, hautapen bidezko karguei dagozkien betebeharrak betetzea elkargo-eginbehartzat hartu behar da, Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat denez gero.
33. artikulua.– Ahalmenak.
Elkargoko kargu bat hautapen bidez izendatzen denean, izendapen horrek ahalmena ematen dio agintaldian karguaz libreki baliatzeko. Ahalmen hauek izango ditu:
1.– Elkargo-ordezkaritzari dagozkion gaiei buruz iritzia ematekoa, askatasunez.
2.– Elkargoaren eskubideak eta interesak, bere karguaren ardurapean utzitakoak, defendatzeko behar diren ekintzak sustatzekoa.
3.– Estatutuetako arauei jarraituz korporazioko gobernu-organoetako gainerako kideekin bilerak egitekoa, elkargoarentzat interesgarri diren gaien inguruan eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko eta kudeatzeko.
4.– Bere egitekoak askatasunez bete behar dituenez, horren kontrako usurpazio, abusu eta esku-sartze ororen aurka babestua izatekoa.
5.– Elkargoko organo eskudunengandik informazioa, aholkuak eta lankidetza jasotzekoa, bere karguari dagozkion egitekoak burutzeko behar izanez gero.
6.– Lanbideko jarduna eteteko aukera izatekoa, elkargo-ordezkaritzak horretara behartzen duenean.
7.– Elkargoko egitekoak zintzo betetzeagatik, administrazio-zehapenik ez jasotzekoa edo jazarpenik ez izatekoa.
34. artikulua.– Bileretara joatea.
1.– Kargu hautatuak Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko, Euskadiko Sendagileen Kontseiluko edo Sendagileen Elkargoen Antolakundeko gobernu-organoek erregelamenduaren arabera deitutako bileretara joaten direnean, indarrean diren xedapenek kasu bakoitzerako aipatzen dituzten ondorioak izango dituzte.
2.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak agintari eskudunei eskatuko die aukera eman diezaietela Zuzendaritza Batzordeko kideei edo elkargoaren edozein organoko kideei euren ekintza eta bileretara joateko.
3.– Ordezkaritza duen karguak lanpostutik joateko beharraren berri eman beharko dio kasuan kasuko agintariari: deialdiaren testuaz justifikatu beharko du lanpostuan ez egotearen arrazoia, eta behar besteko aurrerapenaz iragarri beharko du.
VII. KAPITULUA
DEONTOLOGIA BATZORDEA
35. artikulua.– Definizioa, osaera eta egitekoak.
1.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialean deontologia batzorde bat eratu beharko da nahitaez: lehendakari batek eta lau batzordekidek osatuko dute; batzordekide bat idazkari izango da. Batzordeko kideak Zuzendaritza Batzordearen Osokoak izendatuko ditu, lau urterako. Batzorde horrek elkargoan dagoen edozein sendagileri aholkuak eskatu ahal dizkio, batzordean aztertzen ari den gaiaren inguruan.
2.– Zuzendaritza Batzordeak Deontologia Batzordeko kideak kargutik ken ditzake, arrazoitutako ebazpen baten bidez, honelako kasuren bat gertatzen denean:
a) Gaixorik daudenean edo ageriko ezintasunen bat dutenean.
b) Elkargoak zehapen bat jartzen dienean, falta astun edo oso astun bategatik.
c) Epai irmo baten bidez prozedura judizial edo administratibo batean kondenatzen direnean.
d) Zuzendaritza Batzordeko kide izateko aukeratzen direnean.
e) Karguan behar den besteko arduraz ari ez direnean.
3.– Honako hauek dira Deontologia Batzordearen egitekoak:
a) Zuzendaritza Batzordeari aholkuak ematea, Medikuntzaren alorreko etika eta deontologiarekin zerikusia duten gaiei buruz. Gai horietan, deontologia-arauak urratu diren ala ez baloratuko du, eta irizpen bat eman beharko du nahitaez, Zuzendaritza Batzordeak horri buruzko erabakia hartu baino lehen.
b) Diziplina erako prozedura guztien berri eman beharko du, aurretiaz eta isilpean, eta egokitzat jotzen duen proposamena egingo du, estatutu hauetan jasotakoarekin bat etorriz.
c) Zuzendaritza Batzordearen Osokoari aholkuak emango dizkio, bidegabeko lehiaren inguruko gaiei buruz.
d) Behar izanez gero, deontologia kode bat prestatuko du, elkargoaren lurralde-eremuan aplikatzeko. Kodearen proiektua Zuzendaritza Batzordeak onartuko du, eta horrek Biltzar Nagusira bidaliko du, behin betiko onar dezaten. Bien bitartean, Sendagileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak edo Euskadiko Sendagileen Kontseiluak argitaratutako kodeak aginduko du.
e) Medikuntzaren alorreko etikari eta deontologiari buruzko prestakuntza emateko, gai hori irakasteko eta hedatzeko ekintzak sustatuko ditu.
36. artikulua.– Funtzionamendua.
1.– Batzordearen ordezkaria izango da lehendakari.
2.– Deontologia Batzordeak behar beste batzar egingo ditu. Behar besteko aurrerapenaz, lehendakariak bileretan ukituko diren gaiak ezagutaraziko dizkie gainerako kideei.
3.– Idazkariak hartzen diren erabakiei buruzko akta bat egingo du bilera guztietan, eta lehendakariarekin batera sinatuko du. Lehendakariak, bestalde, Elkargoaren Idazkaritza Nagusiari ezagutarazi beharko dio batzarrean erabakitakoa, gehienez ere, hamabost eguneko epean. Deontologia Batzordeko agiri guztiak Idazkaritza Nagusian gordeko dira, baina artxibo berezi batean. Deontologia Batzordearen erabakiak idazkari nagusiak igorriko ditu Elkargoaren Batzorde Iraunkorrera, eta behar izanez gero, Zuzendaritza Batzordera.
37. artikulua.– Erabakien konfidentzialtasuna.
Deontologia Batzordean ukituko diren gaiak isilpekoak izango dira. Hori dela eta, batzordeko kideren batek gairen bat hedatuz gero, falta astuntzat hartuko da.
VIII. KAPITULUA
BATZORDEAK
38. artikulua.– Batzordeak eta lantaldeak.
1.– Elkargoak ondo funtzionatzeko eta elkargoko interesen alde egiteko, egokitzat jotzen duen beste batzorde eta lantalde eratzea erabaki dezake Zuzendaritza Batzordearen Osokoak; horietan zenbat pertsona ariko diren, kasu bakoitzean dagoen beharrak esango du.
2.– Elkargoko lehendakaria mahaiburu izango da batzorde guztietan. Eskumen hori Zuzendaritza Batzordeko edozein kideri eskualdatu diezaioke.
Batzordeek, aldizka, egiten dituzten lanen berri eman beharko diote Zuzendaritza Batzordeari.
IX. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEKO KIDEAK HAUTATZEKO ARAUAK
39. artikulua.– Kideak hautatzeko baldintzak.
1.– Hautagai izateko, nahitaezkoa da pertsona fisikoa eta Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko elkargokidea izatea. Batzordekide izateko, beharrezkoa izango da gutxienez bi urtez elkargokide izatea; Batzorde Iraunkorreko kargu izateko, berriz, bost urte eskatuko dira.
2.– Hautagaiak ordainduta eduki beharko ditu elkargoko kargak, estatutu hauetan jasotako salbuespenak gorabehera, eta ezingo du eduki debekurik edo legeen nahiz estatutuen araberako ezgaitasunik.
40. artikulua.– Hautatzeko modua.
Zuzendaritza Batzorderako hautagai guztiak banaka edo taldean aurkez daitezke. Elkargokide guztiek bozkatuko dute, sufragio unibertsal, aske, zuzeneko eta isilpeko baten bidez.
41. artikulua.– Hauteskundeak egiteko beharrik eza.
Ez da hauteskunderik egin beharko hautagai-zerrenda bakarra aurkezten eta aldarrikatzen denean.
42. artikulua.– Deialdia.
1.– Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratzeko deialdia Osokoak egingo du: agintaldia amaitu baino hiru hilabete lehenago egin beharko du deia, eta behar bezala iragarriko du. Halaber, egoera ezagutaraziko die Euskadiko Sendagileen Kontseiluari eta Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari.
2.– Deialdiaren argitalpenean honako hauek jaso beharko dira: hautatu behar diren karguak, hauteskunde-egutegia, hauteskundeak non eta zein egunetan egingo diren, Hauteskunde-mahaiaren eratzea eta bozketa ireki eta ixteko ordutegia.
43. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen egoera, hauteskundeak deitu ostean.
Hauteskundeetarako deia egiten den unetik aurrera, Zuzendaritza Batzordeko kargu guztiak jardunekoak izango dira harik eta batzorde berriko kideak karguaz jabetzen diren arte.
44. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen osaera eta egitekoak.
Hauteskundeak deitzen direnean, hauteskunde batzorde bat eratu beharko da, zeinak hauteskunde-prozesua kontrolatzeko eta aurrera eramateko ardura izango duen. Batzorde hori lehendakari batek, lau batzordekidek eta idazkari batek osatuko dute. Hauteskunde Batzordeko kide guztien izendapenak deitutako hauteskunde-prozesua amaitu arte egongo dira indarrean.
1.– Hauteskunde Batzordean Elkargoaren Deontologia Batzordeko lehendakaria izango da mahaiburu; idazkari, berriz, aipatu batzordeko idazkaria. Ados jarrita, biek aukeratuko dituzte Hauteskunde Batzordeko gainerako kideak eta ordezkoak. Lehendakaria edo idazkaria ez badago, gaixorik badago edo kargua hutsik badago, Deontologia Batzordeak bere kideen artean izendatuko ditu ordezkoak, ahal izanez gero.
2.– Hauteskunde Batzordea balioz eratzeko, gutxienez hiru kidek joan beharko dute. Elkargoaren aholkularia batzarretan egongo da, hala eskatzen zaion guztietan; iritzia emango du, baina ez du botoa ematerik izango.
3.– Hauteskunde Batzordeko kide bat ere ezingo da izan Zuzendaritza Batzorderako hautagai nahiz Zuzendaritza Batzordeko jarduneko kide, eta legeen edo estatutuen araberako debekurik ezingo du eduki.
4.– Hauteskunde Batzordea izango da hauteskundeetako mahaiburu, eta hauteskunde-prozesua garbia eta demokratikoa eta tratu-berdintasunean, zuzentasunean eta begirunean oinarritutakoa izan dadin arduratuko da.
5.– Jarduneko Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna izango da Hauteskunde Batzordea hauteskundeak egiteko behar diren materialez eta giza baliabideez hornitzea.
6.– Hauteskunde Batzordearen egitekoak izango dira:
a) Hauteskunde-prozesua zuzentzea eta gainbegiratzea, estatutu hauetan eta Medikuntzaren alorreko Deontologia Kodean hauteskundeei buruz jasotako arauen arabera egin dadin; bereziki zainduko du hautagaien arteko errespetua.
b) Hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaiek eskatzen diren betekizunak betetzen dituztela eta horietako batek ere hautagai izateko ezintasunik ez duela egiaztatzea.
c) Aurkeztutako hautagai-zerrendak aldarrikatzea eta hauteskunde-arauetan eskatutako betekizunak betetzen ez dituzten zerrendak edo hautagaiak baztertzea.
d) Boto-orrien eta gutun-azalen ereduak onartzea.
e) Botoa postaz emateko sistemak behar bezala funtzionatzen duela zaintzea; horren inguruan, indarrean diren arauak betez, jarraibideak eman ahal izango ditu, botoa postaz eman nahi duenak behar diren berme guztiak izan ditzan.
f) Hauteskundeetan funtzionamenduaren inguruan gertatzen den edozein akats edo urrapen berehala zuzentzea, eta prozesu horretan egon daitezkeen hutsuneak konpontzeko jarraibideak ematea.
g) Zaintzea hauteskunde-mahaia behar bezala ari dela, bozketa behar bezala doala eta zuzenean eta postaz emandako botoak behar bezala zenbatzen direla.
h) Hauteskundeetako emaitzak eta hautatu diren karguak aldarrikatzea, bozketa amaitzen denean.
i) Hauteskundeen inguruan hauteskunde garaian aurkezten diren kexak eta erreklamazioak ebaztea. Hauteskunde Batzordeak bi egun balioduneko epean ebatzi beharko ditu kexa eta erreklamazio horiek –jartzen diren egunetik zenbatuta–; salbuespen izango dira aparteko kasu batzuk, zeintzuk behar bezala justifikatu beharko diren, eta estatutu hauetan jasotako salbuespenak.
45. artikulua.– Hautagai-zerrendak izapidetzea.
1.– Hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio, deialdia iragartzen den egunetik hasi eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barruan. Zerrendak idazki baten bidez aurkeztu beharko dira, eta hor, postu bakoitzerako hautagaien izenak aipatu beharko dira, bai eta guztien sinadurak ere. Hautagai-zerrenda aurkezterakoan, ordezkari bat izendatuko da Hauteskunde Batzorderako.
2.– Aurreko aldia amaitu eta hurrengo egunean, Hauteskunde Batzordeak hautagai guztiek hautagai izateko baldintzak betetzen dituztela eta aurkeztutako hautagai-zerrendak forma aldetik zuzenak direla egiaztatuko du. Berrogeita zortzi orduko epea emango die hautagaiei, akatsak zuzendu ditzaten.
3.– Hauteskunde Batzordeak, aurkeztu diren agiriak aztertu ondoren, hauteskundeetan lehiatuko diren hautagai-zerrendak aldarrikatuko ditu. Halaber, horren berri emango die aurkeztu diren hautagaiei eta elkargokideei.
4.– Hautagairen batek hautagai izateko baldintzak betetzen ez dituelako Hauteskunde Batzordeak zerrendaren bat kanpoan uztea erabakitzen badu, kanporatu direnek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute Euskadiko Sendagileen Kontseiluan edo, artean hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusian, estatutu hauen 102. artikuluan ezarritako moduan.
Errekurtsoa aurkeztuagatik, aurkaratutako egintzaren gauzatzea ez da etengo eta hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du.
5.– Hautagai-zerrendak onartu ondoren, ez da ezer aldatzerik izango, hautagairen bat hiltzen denean salbu.
6.– Hauteskundeetarako deialdia argitaratzen den unean, hautesle-errolda jarriko da elkargoaren iragarki-oholean, eta hamar egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko; erreklamazioak Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo bost egun baliodunen barruan. Erreklamazioa egin duten elkargokide guztiei jakinaraziko die ebazpena.
Hautesle-erroldak itxita egon beharko du hauteskundeak aldarrikatu aurreko hilabeteko azken egunean. Hauteskundeetarako deia lau urteko agintaldia amaitu baino lehen egiten bada, deialdiaren egunean indarra duen hautesle-errolda erabiliko da.
7.– Hautagai-zerrenda bakoitzak eskubidea izango du hautesle-errolda behin betikoaren kopia bat edukitzeko, zeina Hauteskunde Batzordeak emango baitie. Hautagaiek, bestalde, datu pertsonalei buruz indarrean diren xedapenak errespetatu eta betetzeko hitza eman beharko dute.
8.– Hautagai-zerrendak aldarrikatzen diren egunetik hasita, gutxienez hogei egun naturaleko epean eta gehienez hogeita hamar egun naturaleko epean egin beharko dira hauteskundeak.
46. artikulua.– Debekatutako jarduerak eta eztabaidak.
1.– Debekatuta dago gainerako hautagaiei izena galtzea edo errespetu pertsonalaren falta eragiten dien edo Deontologia Medikoko Kodean jasotako printzipioekin bat ez datorren hauteskunde-jarduera oro. Debeku hori urratuz gero, hautagaia baztertzea, Hauteskunde Batzordearen erabakiz, aurrez Aholkularitza Juridikoak txostena emanda.
2.– Hautagai-zerrendako kideen artean eztabaida publikoak egin daitezke.
47. artikulua.– Hauteskunde-prozedura.
1.– Elkargoaren jurisdikzioak hartzen duen lurraldea hauteskunde-barruti bakarra izango da; elkargoak egoitza duen lekuan eratuko da mahaia.
Hala ere, Hauteskunde Batzordeak beste hauteskunde-egoitza batzuk jartzeko baimena eman dezake. Elkargokide guztiei aldez aurretik ezagutarazi beharko die erabaki hori.
2.– Lehendakariak, idazkariak eta Hauteskunde Batzordeko beste kide batek osatuko dute hauteskunde-mahaia, deialdian adieraziko den egunean eta orduan. Gainerako kideek ordezkatu ditzakete kide horiek.
Hautagai-zerrenda bakoitzak kontu-hartzaile bat izendatu ahalko du hauteskunde-egoitzan, Hauteskunde Batzordeari eskatuta. Hauteskunde Batzordeak kasuko egiaztagiria emango du. Kontu-hartzaileek elkargokideak izan beharko dute gutxienez ere urtebete lehenagotik, eta 39.2 artikuluko baldintzak bete beharko dituzte.
3.– Deusezak izango dira onartutako hautagai-zerrendetan ez dauden pertsonen alde emandako botoak; deusezak izango dira, halaber, hautagaiaren izena eta kargua gabe beste esaldi batzuk dituzten gutun-azalak eta zuzenketak edo zirriborroak dituztenak.
4.– Finkatutako orduan bozketa amaitu ondoren, botoak zenbatzeari ekingo zaio; zenbaketa amaitu ostean, emaitzak aldarrikatuko ditu Hauteskunde Batzordeko lehendakariak.
5.– Idazkariak bozketari eta emaitzei buruzko akta bat egin beharko du, zeina kontu-hartzaileek eta Hauteskunde Batzordeko kideek sinatuko duten. Gero, Zuzendaritza Batzordeari ezagutaraziko dio, boto gehien jaso duen zerrendako kideak izenda ditzan.
6.– Zuzendaritza Batzordearen Osokoak esaten duen egunean jabetuko dira karguez, hogeita hamar egun naturaleko epean, gehienez ere.
7.– Bozketaren emaitza Euskadiko Sendagileen Kontseiluari eta Espainiako Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseiluari emango zaie ezagutzera.
48. artikulua.– Botoa mahaira joanda ematea eta postaz bidaltzea.
1.– Botoa eman daiteke norbera hauteskunde-mahaira joanez edo postaz, estatutu hauetan jasotakoaren arabera. Hauteskunde-mahaira joanez emandako botoak posta bidezko botoa baliogabetuko du.
2.– Botoa norberak eman beharrekoa da, eta ezin da inor eskuordetu; hauteskundeak egiten diren egunean eta hauteskunde-mahaian eman beharko da botoa, eta, botoa eman aurretik, boto-emailearen nortasuna egiaztatu beharko da elkargokide-txartelaz, nortasun agiriaz, gidabaimenaz edo pasaporteaz.
3.– Hautesleak bozkatu nahi duen hautagai-zerrendarako boto-papera osatu eta gutun-azal batean sartuko du. Horretarako, hauteskunde-mahaian paper guztiak egongo dira: taldean aurkezten diren hautagai-zerrendena, bakarka doazen hautagaiena eta hautagairik gabekoena; gutun-azalak ere egongo dira.
4.– Botoa postaz emateko, elkargokideak dagokion gutun-azalean sartuko du boto-papera. Gero, beste gutun-azal batean sartuko du hori, idazki batekin batera; idazki horretan honako hauek jaso beharko dira: izena eta abizen biak, elkargokide-zenbakia eta sinadura, elkargokide-txartelaren fotokopia eta nortasun agiriaren, gidabaimenaren edo pasaportearen kopia.
Hori guztiori gutun-azal berezi baten sartuko da, «Hauteskundeak» izenekoan; posta ziurtatuz edo mezulari-enpresa baten bidez bidali beharko da, Hauteskunde Batzordeko lehendakariarentzat.
5.– Hauteskunde Batzordeko lehendakariak zainduko ditu botoak, azken egunera arte. Botoa mahaira joanda emateko epea amaitzen denean, lehendakariak postaz bidali diren botoak ireki, eta dagokien hautestontzian sartuko ditu, kontaketa baino lehen.
6.– Bozketa ixteko ordura arte posta bidez edo mezulari-enpresa baten bidez elkargora iristen diren botoak izango dira baliozkoak. Gerora iristen direnak ireki gabe suntsituko dira.
7.– Lanbide-sozietateen boto-eskubidea sozietatearen ordezkari formalak izango du; nolanahi ere, sozietateko bazkide profesionala izan behar du ordezkari horrek.
III. TITULUA
ELKARGOKIDE EGITEA
I. KAPITULUA
ELKARGOKIDE EGITEA
49. artikulua.– Elkargokide egiteko betebeharra.
Lege indardunetan eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoko azaroaren 25eko 18/97 Legeko bigarren xedapen iragankorrean eta Zerbitzuetako jardueretara libre iristeari eta jarduera horietan aritzeari buruzko legera egokitzeko zenbait lege aldatzen dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legean ezarritako terminoetan, Arabako Lurralde Historikoan lanbide medikoan jarduteko ezinbesteko baldintza izango da Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko kide egitea, lanbide-egoitza bakar edo nagusia lurralde horretan edukiz gero.
Horretarako, lanbidean jarduten dela joko da baldin eta edozein modalitatetan zerbitzu medikoak ematen badira, norbere kontura, inoren kontura edo lanbide-sozietate baten bidez.
50. artikulua.– Elkargokide egiteko eskabidea.
1.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko kide izateko, eskabidearekin batera jatorrizko lanbide-titulua aurkeztu beharko da, edo tituluaren notario-lekukotza. Horrezaz gain, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea; indarrean egon beharko dute.
b) Jatorrizko sendagileen elkargoan hartutako bajaren egiaztagiria; aldi baterako edo betiko lanbidean aritzeko ezgaituta ez dagoela adierazi beharko da bertan.
c) Zinpeko adierazpena, elkargo batean lehen aldiz sartzen denean.
d) Banku-helbideratzea.
e) Agiri-neurriko hiru argazki kolorezko.
2.– Eskatzaileak adierazi beharko du lanbidean aritzeko asmoa duen, non ariko den eta zein modalitatetan ariko den; espezialista-titulu ofizialak edo egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
3.– Inskribatzeko eskabidearen gainean Zuzendaritza Batzordeak egokitzat jotzen duena erabakiko du, hilabeteko epean, gehienez ere. Agiri eta azalpen osagarriak eskatu ahalko dizkio eskatzaileari.
4.– Medikuntza eta Kirurgiako Lizentziaturaren titulua jaso gabe duten sendagile graduatu berriei elkargoratze iragankor bat eman ahalko die Zuzendaritza Batzordeak, baldin eta interesdunek titulua jasotzeko eskubideak ordainduta dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria, unibertsitateak egina, aurkezten badute; titulua ematen zaienean, ordea, elkargoan aurkeztu beharko dute, erregistratuta gera dadin.
5.– Europar Batasuneko estatuetan modu egonkorrean bizi diren herritarrak elkargokide egiteko, bi legedi aplikatuko dira: Europar Batasuneko legedia eta elkargokidea zein herrialdetan dagoen, herrialde horretako barne-zuzenbidea, legedi hura garatzekoa. Beste herrialde batzuetako sendagileak elkargoratzeko, berriz, indarrean diren xedapenek agintzen dutena aplikatuko da.
6.– Lanbide-sozietateek Estatutu hauen 105. artikuluan ezarritakoari jarraituko diote.
7.– Interesdunek bide telematikoz izapidetu ahalko dute elkargokide egiteko eskabidea, estatutu hauetako 106. artikuluan ezarritakoaren arabera.
51. artikulua.– Elkargokide egitea ukatzea eta errekurtsoak.
1.– Elkargokide egiteko eskabidea kasu hauetan ukatuko da:
a) Elkargoan sartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agiriek zerbait falta dutenean eta datuak zuzentzeko epean akatsak zuzentzen edo osatzen ez direnean; halaber, elkargokide egiteko beharrezkoak diren agiriak eta datuak faltsutzen direnean edo aurkeztu diren agiriak benetakoak diren ala ez argi eta garbi ikusten ez denean.
b) Eskatzailea, eskabidea egiteko unean, lanbidean aritzeko ezgaituta dagoenean.
Ezgaitze-aldia amaitzen denean edo elkargokide egiteko oztopoak desagertzen direnean, elkargoratzea berehala eta aitzakiarik gabe onartu beharko da.
2.– 50.3 artikuluan jasotako epean Zuzendaritza Batzordeak elkargoratze bat ukatzea erabakitzen badu, interesdunari ezagutarazi beharko dio, ukatzeko erabakia hartu eta hurrengo hamabost egun balioduneko epean; ukatzeko arrazoiak eta erabaki horren aurka jar ditzakeen errekurtsoak jakinarazi beharko dizkio.
3.– Ukatzeko erabakiaren jakinarazpena jaso eta hurrengo hogeita hamar egun balioduneko epean, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dio Euskadiko Sendagileen Kontseiluari edo artean hori eratzeke badago, Kontseilu Nagusiari.
Errekurtsoa ezesten duen ebazpenaren aurka, interesdunak Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan jarri ahalko du errekurtsoa.
52. artikulua.– Onartua izan ondoko izapideak.
Elkargoak, eskatzailea onartuz gero, nortasun-txartela emango dio; halaber, inskripzioaren berri emango die Euskadiko Sendagileen Kontseiluari eta Kontseilu Nagusiari.
Halaber, espediente bat irekiko da, non kidearen aurrekariak eta jardunbide profesionala jasoko baitira. Elkargokideak uneoro behar diren datuak eman beharko ditu, aipatutako aurrekari horiek gaurkotuta edukitzeko.
Dagokion inskripzio-kuota ordaindu beharko du.
53. artikulua.– Elkargokide ez egiteagatiko zehapenak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak ahalmena du elkargokide egiteko eginbeharra egiaztatzeko eta eskatzeko, indarrean diren legeei jarraituz.
Elkargokide egiteko eginbeharra badago eta betetzen ez bada, Eusko Jaurlaritzan elkargo profesionalen alorrean eskumena duen Sailari jakinarazi beharko dio elkargoak, izendatuta duen diziplina-ahala erabil dezan. Elkargoak, bestalde, interesduna elkargoratu gabe dagoela argitara dezake prentsa profesionalean edo probintziakoan, baina elkargoaren interesak defendatzeko beste ekintza batzuk ere balia ditzake.
54. artikulua.– Elkargokide izaera galtzea.
1.– Elkargokide izateari utziko zaio honelakoetan:
a) Zuzendaritza Batzordean norberak hala eskatzen duenean.
b) Hiru kuota arrunt ordaintzen ez direnean.
c) Lanbidean jarduteko baldintzak betetzen ez direnean; kasu horretan, jarduna galarazten duen hori gertatzen den unean emango zaio baja.
2.– Aurreko paragrafoko bigarren puntuaren kasuan, interesdunari modu frogagarrian eskatuko zaio ordainketa egin dezan eta hogeita hamar egun balioduneko epean egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Epe hori iragaten bada ordainketa egin gabe edo haren bidegabetasuna justifikatu gabe, Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du hari elkargokidearen izaera kentzea. Erabaki hori ere modu frogagarrian ezagutaraziko zaio. Egoera hori dagokien agintariei eman beharko zaie ezagutzera.
Aurrekoa gorabehera, elkargokideak eskubideak berreskura ditzake zor duena eta elkargoratzeari dagokion zenbatekoa ordainduz.
55. artikulua.– Elkargokide-motak.
1.– Estatutu hauen ondorioetarako, elkargokideak honela sailkatuko dira:
a) Jardunekoak.
b) Ez-jardunekoak.
c) Ohorezkoak.
d) Ohoragarriak.
e) Lanbide-sozietateak, baldin eta medikuntzaren lanbidean jardutea badute helburu.
2.– Jardunekoak: edozein modalitatetan medikuntzan jarduten dutenak eta, lege edo erregelamendu batek eskatuta, Medikuntzako Lizentziaturaren titulua beharrezko duen lanpostu edo kargu batean daudenak dira.
3.– Ez-jardunekoak: lanbidean aritu gabe, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko kide izan nahi dutenak dira.
4.– Ohorezko elkargokide izango dira 70 urte bete dituztenak, borondatezko erretiroa eskatzen dutenak eta lanbidea guztiz uzten dutenak, eta medikuntzan aritzea eragozten dien baliaezintasun edo ezintasun aitortua dutenak. Aipatutako kasuetan ohorezko elkargokide izateko, elkargoan gutxienez 20 urte eman dutela egiaztatu beharko dute, elkargoko kuotak ordainduta eduki beharko dituzte eta Zuzendaritza Batzordeak onartu beharko du. Zuzendaritza Batzordeak, bestalde, kategoria hori jendaurrean emango die, ekitaldi ospetsu batean.
5.– Elkargokide ohoragarriak izango dira Medikuntzaren lanbidearen alde lan handia, merezimendu handikoa, egin duten pertsonak edo instituzioak. Kategoria hau ohorezkoa izango da soilik, Zuzendaritza Batzordeak erabakitakoa.
6.– Lanbide-sozietateek, elkargokide izateko, martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean sortuak izan behar dute, eta Elkargoaren Lanbide-sozietateen Erregistroan sartuta egon behar dute. Elkargokide egin diren sozietate horiek estatutu hauetan banako elkargokideentzat ezartzen diren eskubide eta betebeharrak izango dituzte, aplikagarria zaien eta Biltzar Nagusiak hala xedatzen duen orotan.
56. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
Kuotak ordainduta dituzten elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:
1.– Korporazioko kudeaketa-lanetan parte hartzeko eskubidea; beraz, eskatzeko eskubideaz baliatzekoa eta gobernu-organoko kideak aukeratzekoa eta kargu horietako hautagai izatekoa, estatutu hauetan jasotako prozeduren eta betekizunen arabera. Lanbide-sozietateak euren bazkideetako baten bidez baliatuko dira eskubide horietaz; nahitaezkoa izango du bazkide horrek mediku elkargokidea izatea.
2.– Elkargoak eta horko aholkularitza-zerbitzuek ordezkatuak eta babestuak izateko eskubidea, bai agintari, epaitegi eta entitate pribatu edo publikoetan erreklamazio arrazoituak aurkeztu behar dituztenean, bai lanbidean aritzearen ondorioz sortzen diren desadostasunetan. Elkargokide eskatzaileak ordaindu beharko ditu prozeduran sortzen diren gastu eta kostu juridikoak, Zuzendaritza Batzordeak bestelakorik erabakitzen duenean salbu.
3.– Elkargokideak edo beren jaraunsleak «Patronato de Huérfanos Príncipe de Asturias» fundazioaren onuradunak izateko eskubidea, bai eta etorkizunean sor daitezkeen fundazioetakoak ere. Lanbide-sozietateek, euren izaera dela-eta, ez dute eskubide hori izango, ezta eskubide horrek dakarren kargarik ere.
4.– Lanbidean askatasun eta independentzia osoz jarduteko eskubidea; Legean, deontologia-arauetan eta estatutu hauetan jasotako mugak baino ez dituzte izango.
5.– Korporazio-kargarik ez edukitzeko eskubidea, legeetan eta estatutu hauetan jasotakoez aparte eta Zuzendaritza Batzordeak balio osoz erabakitzen dituenaz aparte.
57. artikulua.– Elkargokideen eginbeharrak.
Elkargokideek eginbehar hauek izango dituzte:
1.– Estatutuetan agindutakoa bete beharko dute, bai eta elkargoaren gobernu-organoek hartutako erabakiak ere, haiek aurkaratzeko aukera izango duten arren.
2.– Elkargoko kuotak ordainduta eduki beharko dituzte.
3.– Leialtasun osoz jokatu beharko dute elkargoarekin eta gainerako elkargokideekin; laneko jardunean norbaitek elkargokide bat iraintzen badu edo bidegabeki tratatzen badu, elkargoari ezagutarazi beharko diote.
4.– Elkargoari jakinarazi beharko dizkiote lanbidea dela-eta dituzten karguak eta kasuan kasuko tituluaz zein espezialitatetan aritzen diren, espedientean jasota uzteko.
5.– Egoitza edo etxebizitza aldatuz gero eta kuotak ordaintzeko banku-helbideratzea aldatuz gero, jakinarazi egin beharko dute.
6.– Elkargoak egiten dien errekerimendu oro bete beharko dute; bereziki, batzorde eta lantaldeei lagundu beharko diete horietako kide izendatzen direnean.
7.– Euskadiko Sendagileen Kontseiluari edo Sendagileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari egin beharreko erreklamazio edo eskabideak izapidetu beharko dituzte Elkargoaren bitartez, berak bideratuko baititu.
8.– Kontseilu Nagusiak, Euskadiko Sendagileen Kontseiluak edo elkargoak berak paper ofizialean prestatzen dituen inprimakiak soilik, ez besterik, erabili beharko dituzte ziurtagiri medikoak egiteko.
9.– Erantzukizun zibil profesionaleko aseguru bat kontratatu beharko dute, behar hainbateko zenbatekoa duena; kontuan hartu beharko dira elkargokidearen inguruabar partikularrak eta profesionalak, eta Zuzendaritza Batzordeak jarritako mugak, halakorik jarriz gero, errespetatu egin beharko dira beti.
58. artikulua.– Debekuak.
Deontologia Kodean adierazitako debekuak –zorrotz betetzekoak–, eta aurreko artikuluetan ezarritakoak gorabehera, elkargokide guztiek debeku hauek dituzte:
1.– Ezingo dute prozedura diagnostiko edo terapeutikoen eraginkortasun bermaturik eskaini, baldin eta prozedura horiek komunitate zientifiko medikoak onartu ez baditu.
2.– Sendagile titulua eduki gabe lanbidean jardun nahi duen inor ezingo dute estali, ez eta horrelako jokabidea onartu ere.
3.– Ezingo dute erabili errezetetan formula, zeinu edo lengoaia konbentzionalik; prestakin farmazeutikoen izenak dituzten errezetak ere ezingo dituzte erabili, ez eta etxe produktoreen tituluak edo iragartzeko balio duten beste adierazpen batzuk dituztenak ere.
4.– Beste pertsona edo entitate batzuekin ados jartzerik ez dute izango, lanbidean zuzen aritzearen aurka doazen helburuak edo bidezko ez diren helburuak lortu ahal izateko.
5.– Ezingo dute inor erabili bezeroak erakartzeko.
6.– Debekatuta dute sendagile direla baliatuz bezeroei drogak, sendabelarrak, produktu farmazeutikoak edo espezialitate propioak saltzea edo ematea.
7.– Ezingo dute beren izena utzi medikuntzaren inguruko enpresa, industria edo sendaketa-zentroetan zuzendari fakultatibo edo aholkulari moduan agertzeko, baldin eta aipatutako horiek zuzenean zuzentzen edo aholkatzen ez badituzte, edota Deontologia Kodearekin eta indarrean diren legeekin bat egiten ez badute.
8.– Ezingo dute komisio moduan saririk edo onurarik jaso, zuzenean nahiz zeharka, bezeroei propaganda egiteagatik edo bezeroei produktu batzuk emateagatik, salbu eta horiek lanaren ondorioz jasotzen badira eta indarrean diren legeen arabera ematen badira. Berdin izango da nola jasotzen dituzten sari eta onura horiek, bai eta nork ematen dizkien ere: botiken edo sendaketa-baliabideen etxeek, bainuetxeek, ur mineral eta medizinalen sozietateek eta optikek, besteak beste.
9.– Zientifikoki kontrolatu gabeko biderik ezingo dute erabili lanbideko jardunean, ez eta elementu diagnostiko eta terapeutikoak aplikatzen dituzten itxura egin ere.
10.– Ez dute jarduera dikotomikorik egiterik izango.
11.– Ezingo dute edozein motatako kontsulta publikoetako gaixoak kontsulta partikularrera bideratu, interesak tarteko.
12.– Ezingo diete kontsulta profesionala erabiltzen utzi inongo elkargotan alta eginda ez dauden pertsonei, Medikuntzako lizentziatu edo graduatua izanda ere edo, kasua bada, medikuntzan jarduteko gaikuntza ematen dien titulazioa edukita ere.
13.– Lanbidean jarduteko gaitasuna kentzen dieten ohiturak dituztenean edo osasun-alterazio bat dutenean, ezingo dute medikuntzan jardun.
59. artikulua.– Elkargokideen arteko desadostasunak.
Elkargokideen artean lanbideko gaien inguruan desadostasunak sortzen direnean, baldin eta hainbat probintzietako elkargokideak edo Zuzendaritza Batzordeetako kideak badira eta tarten daudenek hala erabakitzen badute, Zuzendaritza Batzordearen edo Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren nahiz, artean hori osatu gabe badago, Kontseilu Nagusiaren jurisdikziopean utz daiteke auzia, gero ebazteko.
II. KAPITULUA
SARIEN ETA GORAIPAMENEN ARAUBIDEA
60. artikulua.– Eskumena.
Arabako Sendagileen Elkargoak, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta, dagokion espedientea egin ondoren, sariak eta goraipamenak eman ditzake: hainbat kategoriatakoak izan daitezke, korporazioan edo lanbidean lortutako merezimenduen arabera, eta merezi duten pertsonei edo instituzioei emango zaizkie.
61. artikulua.– Sari motak.
Honako kategoriak ezarri dira:
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren urrezko domina.
Elkargo-merezimenduaren domina.
62. artikulua.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren urrezko domina.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren urrezko domina, elkargoaren sari gorena, ematea erabaki dezake Zuzendaritza Batzordeak, kultur eta gizarte arloetan edo lanbidean bereziki garrantzitsuak diren pertsona fisiko edo juridikoak saritzeko.
63. artikulua.– Elkargo-merezimenduaren domina.
1.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren alde lan handia, merezimendu handikoa, edo lanbidean lan eredugarria egin duten pertsona fisiko edo juridikoei emango zaie elkargo-merezimenduaren domina.
2.– Zuzendaritza Batzordeak edo gutxienez elkargokideen % 20ak proposatu beharko du elkargo-merezimenduaren domina ematea.
3.– Proposamena egin ostean, Zuzendaritza Batzordearen Osokoak proposamena egingo dio Biltzar Nagusiari, horrexek eztabaidatu eta, hala bada, onartu beharko du-eta.
64. artikulua.– Sariak ematea.
Sari biei publikotasuna emango zaie, eta Elkargoak antolatzen duen ekitaldi ospetsuren batean emango dira.
65. artikulua.– Beste goraipamen eta sari batzuk.
Zuzendaritza Batzordeak proposatuta, Biltzar Nagusiak beste sari batzuk ezarri ahalko ditu arautu direnaz aparte. Hori gertatuta ere, estatutuak ez dira aldatu beharko.
66. artikulua.– Sariak eta goraipamenak erregistratzeko liburua.
Ematen diren sariak edo goraipamenak horretarako prestatutako liburu batean erregistratutako dira.
Elkargokide bakoitzaren espediente pertsonalean edo lanbide-sozietate bakoitzari dagokion erregistro-orrian. Ohar bidez jasoko dira Elkargoko Biltzar Nagusiaren, Zuzendaritza Batzordearen edo Lehendakaritzaren zorion-emate edo sariak.
III. KAPITULUA
EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA
67. artikulua.– Eskumenak.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala beregaina izango da ondasunak kudeatzen eta administratzen; lan hori Zuzendaritza Batzordearen Osokoari utziko zaio, eta Biltzar Nagusiak onartu beharko du. Horrek ez du esan nahi, ordea, Euskadiko Sendagileen Kontseilua eta Kontseilu Nagusia finantzatzen lagundu behar ez duenik.
68. artikulua.– Aurrekontuak prestatzea eta kitatzea.
1.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak sarreren eta gastuen aurrekontu-proiektua prestatuko du urtero, eta Biltzar Nagusiari aurkeztu beharko dio urte bakoitzeko azken hiruhilekoan, Biltzar Nagusiak baietsi edo ezetsi beharko baitu.
2.– Aurrekontua ezetsiz gero, aurreko urteko aurrekontuak besterik gabe luzatuko dira.
3.– Aurrekontuak onartu ondoren, sarrerak gutxitzeko edo gastuak handitzeko erabaki edo proposamen oro Zuzendaritza Batzordearen Osokoak onartu beharko du, izapideak egiteko.
4.– Inguruabar bereziak aintzat hartuta egoki iritziz gero, elkargokide-talde batzuei kuotak murriztea edo edo haietarako hobaria ematea proposatu diezaioke Zuzendaritza Batzordearen Osokoak Biltzar Nagusiari.
5.– Urte bakoitzeko lehenengo lauhilekoaren barruan, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak Biltzar Nagusiari aurkeztu beharko dizkio aurreko urteko abenduaren hogeita hamaikan itxitako aurrekontuen balantzea eta likidazioa, onets ala ezets ditzan. Hilabete lehenago, balantze hori, egindako diru-sarreren eta gastuen egiaztagiriekin batera, kasuko Ogasun Batzordeari eskuratu beharko zaio, baldin eta Biltzarrak hura izendatu badu, bai eta hura eskatzen duen edozein elkargokideri ere.
69. artikulua.– Aurrekontua betetzeari segimendua egitea.
Aurrekontua betetzen den ikusteko eta desbideratzerik baden ikusteko, segimendu- eta kontrol-lanak egingo dira urte barruan, etenik gabe. Zuzendaritza Batzordearen Osokoak aztertu eta onartu beharko du, hiruhilero gutxienez; kanpoko ikuskaritza-zerbitzu batek ere ikuskatuko du, indarrean diren legezko xedapenen arabera.
70. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Hauek izango dira Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialaren funtsak:
1.– Sarrera-kuotak eta elkargokideen kuota arruntak eta bereziak.
2.– Egiaztagiri, baimendutako zigilu eta inprimaki ofizialengatik jasotzen diren zenbatekoak eta prestazio, zerbitzu orokor, peritu-txosten eta abarrengatik finkatuta dauden edo finkatzen diren zenbatekoak.
3.– Partikularrek, profesionalek edo instituzio publiko edo pribatuek ematen dituzten legatuak, dohaintzak, diru-laguntzak edo diru-ekarpenak.
4.– Ondare-ondasunengatik sortutako errentak.
5.– Eta oro har, Zuzendaritza Batzordearen ustez elkargoaren helburuak betetzeko eraginkor izan daitezkeelako, elkargoak erabakitzen dituen guztiak.
71. artikulua.– Sarrera-kuotak.
Banako elkargokideek eta lanbide-sozietateek sarrera-kuota bat ordaindu beharko dute elkargoan inskribatzen direnean. Kuota horren zenbatekoa Biltzar Nagusiak finkatuko du, Zuzendaritza Batzordeak proposatu ondoren, eta ez ditu gaindituko izen-ematea izapidetzeari lotutako kostuak.
72. artikulua.– Ohiko kuotak.
Elkargokide diren sendagileek –lanbidean aritu edo ez– eta lanbide-sozietateek, Zuzendaritza Batzordeak proposatuta Biltzar Nagusiak finkatzen dituen kuotak ordaindu beharko dituzte.
73. artikulua.– Ezohiko kuotak.
1.– Zuzendaritza Batzordeak, aparteko kasuetan, kuota bereziak onartzea proposatu diezaioke Biltzar Nagusiari.
2.– Kuotak onartu ondoren, une horretan kuotak ordaindu beharra duten elkargokide guztiek nahitaez ordaindu beharko dituzte.
74. artikulua.– Berankortasuna.
1.– Sarrerako kuotak, ohikoak zein ezohikoak, ordaintzen ez dituen elkargokideari haiek ordaintzeko errekerimendua egingo zaio. Ez ordaintzeko egoerak hiru hilabete edo gehiago irauten badu errekerimendua egin zenetik, zor den zenbatekoari % 20ko gainkargua jarri ahalko zaio.
2.– Elkargokideei beren betebeharrak bete ditzatela eskatzeko behar diren egintzez baliatzeko ahalmena du Zuzendaritza Batzordearen Osokoak, auzibideko egintzak barne direla. Auzibidean erreklamazioa jarrita ere, elkargokideek zor dituzten kuotak ordaindu beharko dituzte.
3.– Zuzendaritza Batzordearen Osokoak ahalmena du kuotak ordaintzeko epeak luzatzeko baimena emateko eta berankortasun-egoerak erregularizatzeko hitzarmen partikularrak ezartzeko, kasu bakoitzean ezarriko diren baldintzen arabera.
4.– Elkargokide berankorrak ez du elkargo-ziurtagiririk eskatzerik izango.
5.– Elkargokide berankorrak ez du gobernu-organoetako edo batzordeetako kide izaterik izango.
75. artikulua.– Kuotak biltzea eta kitatzea.
Kuotak, bai sarrerakoak bai ohikoak zein ezohikoak, une bakoitzean egokitzat jotzen dituen bideetatik bilduko ditu Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak. Elkargoak Kontseilu Nagusiari dagokion ekarpena igorriko dio, haren finantzaketan parte hartzeko dagoen akordioari jarraituz; halaber, Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren finantzaketan parte hartuko du.
76. artikulua.– Gastuak.
1.– Zerbitzuei eusteko beharrezko direnak izango dira Elkargoaren gastuak. Onartutako aurrekontuan jaso gabe dagoen gasturik ezingo da egin, justifikatutako kasuetan izan ezik. Bestalde, diruzaintzan erabilgarri dauden zenbatekoak kontuan hartuta, Zuzendaritza Batzordearen Osokoak kreditu gehigarri bat gaitzea erabaki dezake.
2.– Zuzendaritza Batzordearen Osokoari dagokio diru-konpentsazio hauen izaera eta zenbatekoak zehaztea: Zuzendaritza Batzordearenak, Deontologia Batzordearenak, Hauteskunde Batzordearenak, batzorde edo lantaldeenak nahiz edozein elkargokideenak, baldin eta Elkargoak zerbitzu batzuk izendatu badizkio. Kontuan hartuko dira arduraldi berezia, egin beharreko lanaren zer-nolakoak, iraupena eta gainerako inguruabarrak.
3.– Zuzendaritza Batzordeak elkargokideren bati bere izenean lan zehatz bat egiteko eskatzen dionean, lan hori dela-eta sortzen diren gastuak elkargoak ordainduko ditu. Gastuak agiri-bidez egiaztatu beharko dira.
4.– Bankuko kontuak: Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak bere jarduera hobetzeko beharrezko jotzen dituen beste banku-kontu izango ditu, eta ahal den guztietan, kontu horien bidez egingo ditu ordainketak, bai transferentzia bidez bai txeke-bidez.
Zuzendaritza Batzordeak finkatuko ditu banku-kontu bakoitzeko sinadura baimenduak.
77. artikulua.– Elkargoa deseginez gero, elkargoaren ondasunen norakoa.
Arabako Sendagileen Elkargo Ofiziala deseginez gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargo Profesionalei buruzko Legearen 31.2 artikuluan agindutakoari jarraitu beharko zaio. Salbuespen izango dira, ordea, entitate publikoek helburu zehatz baterako emandako diru-laguntzak.
IV. TITULUA
ZEHAPENEN ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
78. artikulua.– Printzipioak, lehia eta epea.
1.– Banako elkargokideek eta Elkargoaren Erregistroan inskribatutako lanbide-sozietateek, diziplina-erantzukizuna izango dute aplika dakiekeen orotan estatutu hauetan ezarritako kasuak eta inguruabarrak gertatzen direnean.
2.– Estatutu hauetan ezarritako diziplina-araubidea gorabehera, elkargokideek erantzukizun zibil eta penalak izango dituzte.
3.– Diziplina-zehapena jartzeko, ezinbestekoa izango da aurretik espedientearen instrukzioa, eta horretarako, titulu honetan ezarritako prozedurari jarraitu beharko zaio, eta bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean eta lege hori garatzen duten arauetan zehapen-prozedurei buruz jasotako arauei.
4.– Zehatzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeari dagokio. Hala ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek egindako falten gaineko prozedura eta zehapenak Euskadiko Sendagileen Kontseiluaren eskumenekoak izango dira, eta hori artean eratu gabe badago, Kontseilu Nagusiaren eskumenekoak.
5.– Zehapen-prozeduraren gaineko ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman beharko da, instruktoreari hala izendatu dela jakinarazten zaion egunetik hasita.
Epe hori, instruktoreak eskatuta eta kasuan kasuko inguruabarrek hala eskatzen badute, hiru hilabetez luza dezake ebazteko eskumena duen organoak. Luzapena interesdunari jakinaraziko zaio.
6.– Diziplina-zehapenak eraginpean dagoenaren espedientean jaso beharko dira.
7.– Diziplina-zehapenak eraginpean dagoenaren espedientean edo lanbide-sozietatearen erregistroko orrian jaso behar dira.
79. artikulua.– Faltak.
Diziplina-faltak honela sailkatuko dira: arinak, astunak eta oso astunak.
1.– Falta arinak dira:
a) Estatutuetako eta deontologia kodeko arauak edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak betetzen arduragabekeriaz jokatzea, bere eskumenen barruan.
b) Lanbidearen alorrean egindako aldaketak, espediente pertsonalean jasota utzi behar baitira, Elkargoari ezagutaraztean zabarkeriaz jokatzea.
c) Elkargoak eskatutako txostenen gaineko eskaera edo errekerimenduei ez erantzutea.
d) Egiaztapen edo informazio eskaera bati ez erantzutea, eta horren ondorioz, gaixoa arriskuan jartzea.
2.– Falta astunak dira:
a) Estatutuetako arauak edo Zuzendaritza Batzordeak edo Biltzar Nagusiak hartutako erabakiak ez betetzea, modu larrian, non eta beste maila bateko falta bat ez den.
b) 57. artikuluan jasotako eginbeharrak ez betetzea eta 58. artikuluan jarritako debekuak haustea, non eta beste maila bateko falta bat ez den.
c) Lanbideko eginbeharrak ez betetzea, eta hori lanbide-jarduna eskatzen edo hitzartzen dutenen kalterako izatea.
d) Intrusismo-egintzak edo arauz kontrako edozein egoera Elkargoari ezagutarazteko eginbeharra ez betetzea.
e) Erantzukizun profesionala aseguratzeko eginbeharra ez betetzea.
f) Arrisku handiren bat baldin badago edo hondamendi nahiz gizarte-mailako zoritxarren bat gertatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lanbidean jardutera behartzen duenean, agindutakoa ez betetzea, non eta agindutakoa betetzea eragozten dion arrazoi justifikaturik ez dagoen.
g) Lanbide bereko beste profesional batzuen edo horien gobernu-organoen eta lanbideagatik harremanetan dauden pertsonen edo erakundeen duintasuna larriki iraintzea eta horiek fisikoki erasotzea.
h) Bidegabeko lehia dakarten ekintzak.
i) Elkargoaren gobernu-organoen ohiko funtzionamendua eragozten edo aldarazten duten egintzak.
j) Sekretu profesionala larriki urratzea, norbere erruz edo zabarkeriaz.
k) Titulu profesionalen bat edo eskumenen bat adieraztea, dena delako hori eduki gabe.
l) Estupefazienteak mugatzeari eta toxikomanien tratamenduari buruzko arauak ez betetzea.
m) Egia esaten ez duten txostenak edo egiaztagiriak egitea.
n) Deontologia-arauak urratuz gurata egindako egintzak eta omisioak, non eta falta oso astunak ez diren.
o) Urte biko epean falta arinak gutxienez bost aldiz berriz egitea.
p) Sendagile titulua eduki gabe Arabako Lurralde Historikoan lanbidean aritu nahi duen bat estaltzea edo hori egiten uztea.
q) Lanbide-sozietate bat sortzea, indarreko legeriak ezartzen dituen baldintzak bete gabe.
3.– Falta oso astunak dira:
a) Medikuntzako Lizentziatura eduki gabe lanbidean jardutea.
b) Eginbehar profesionalak ez betetzea, eta, ondorioz, jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kaltea egitea.
c) Sekretu profesionala doluz urratzea.
d) Lanbidean aritzea, lanbidean jarduteko ezgaituta egonda edo ezgaitasun- edo debeku-kausaren bat izanda.
e) Lanbidean jardutean doluzko delituak egitea, zeinahi delarik ere parte-hartze maila.
f) Gaixoei, maltzurki edo asmo txarrez, jaramonik ez egitea.
g) Urte biko epean arau-hauste astun bi egitea, aurreko zenbakiko o) letran jasotako arau-hausteak salbu.
h) Lanbide-sozietate batean bazkide profesional gisa parte hartzea bateraezintasun- edo ezgaitasun-kausaren bat izanda.
80. artikulua.– Diziplina-zehapenak.
1.– Aurreko artikuluan aipatzen diren faltengatik, zehapen hauek jar daitezke:
a) Ohartarazpena.
b) 60.000 eurora arteko isuna.
c) Lanbidean aritzeko aldi baterako ezgaitzea edo lanbide-sozietatearen jarduera etetea, hurrengo artikuluan ezartzen den moduan.
2.– Falta arinak ohartarazpen-zehapen batez edo isun batez zuzenduko dira. Banako elkargokideei, gehienez, 300 euroko isuna ezarriko zaie, eta lanbide-sozietateei, gehienez, 600 eurokoa.
3.– Falta astunak zuzentzeko, lanbidean jarduteko ezgaitu edo lanbide-sozietatearen jarduna etengo da, gehienez ere urtebetez. Edo bestela isuna ezarriko da: pertsona fisikoen kasuan, 301 eurotik 3.000 eurora arteko isuna; eta lanbide-sozietateen kasuan, 601 eurotik 30.000 eurora artekoa.
4.– Falta oso astunak direnean, zehapen hauek jarriko dira: lanbidean jarduteko ezgaitzea edo lanbide-sozietatearen jarduna etetea, gutxienez, urtebete eta egun batez, eta gehienez, hogei urtez. Edo bestela, isuna jarri ahalko da: banako elkargokideen kasuan, 3.001 eurotik 30.000 eurora artekoa; eta lanbide-sozietateen kasuan, 30.001 eurotik 60.000 eurora artekoa.
5.– Arau-hauste bategatik egileak diru-etekina atera badu, isuna handiagoa izango da: etekin hori zenbatekoa izan den kalkulatu ondoren –aurreko gehienezko kopuruekin alderatuko da–, gutxienez etekina eta gehienez etekinaren bikoitza gehitu beharko zaio ordaindu beharreko isunari.
81. artikulua.– Lanbidean aritzeko ezgaitzea.
1.– Ezgaitze-zehapenak irauten duen bitartean ezingo da lanbidean jardun, ezta lanbide-sozietatearen jarduera burutu ere.
2.– Halaber lanbiderako ezgaitu ahalko dira, Zuzendaritza Batzordearen Osokoak berariaz instruitutako aldebiko espedientearen ondoren, sendagile-lanbidean jarduteko ezgaitzen duten nahaste organiko edo psikiko agerikoak dituzten elkargokideak. Espedientea instruituko da 92. artikuluan eta hurrengoetan erregulatutako diziplina-espedientearen berme berdinekin, eta aplikatzekoak izango dira xedapen horietan jasotako arauak, betiere aplikazio analogiko hori egin daitekeen kasuetan.
3.– Zuzendaritza Batzordeak, bidezkoak diren eraginetarako, Euskadiko Sendagileen Kontseiluari eta, kasua bada, Kontseilu Nagusiari emango die ezagutzera administrazio eskudunei zehapena ezarri zaiela. Inguruabarrak direla-eta gomendagarri den kasuetan, elkargoaren argitalpenetan ere iragarri ahalko da.
4.– Bera erabakitzen duen administrazio-egintza edo elkargo-erabakia irmoa denean izango da eraginkorra ezgaitzea; zehapena jarri zaiona beste kausa edo arau-hauste batzuengatik ezgaituta badago, jartzen zaion aldiaren aurreko aldia amaitzen den unean hasiko da betetzen, besterik gabe, eta horrela, hurrenez hurren.
82. artikulua.– Preskripzioa.
1.– Arau-hauste oso astunak hiru urtera preskribatuko dira, astunak urte bira eta arinak urtebetera.
Hala ere, hiru urteko edo hortik gorako lanbide-ezgaitzeko zigorretan, preskripzio epea zigorraren parekoa izango da.
2.– Preskribatzeko epea arau-haustea egin zen egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
3.– Zehapen-prozedura bat hasiz gero, preskripzioa eten egingo da. Zehapen-espedientea sei hilabete baino gehiago geldirik badago eta horren errua arau-hauslearena ez bada, berriz hasiko da preskribatzeko epea.
83. artikulua.– Diziplina-erantzukizuna iraungitzea.
Diziplina-erantzukizuna iraungi egingo da:
1.– Inputatua hiltzen denean.
2.– Zehapena betetzen denean.
3.– Faltak preskribatzen direnean.
4.– Zehapenak preskribatzen direnean.
5.– Lanbide-sozietatea desegiten bada, sozietatearen diziplina-erantzukizuna iraungi egingo da; ez, ordea, sozietatearen kideena, desegindako sozietatearen erantzukizuna eurek hartuko baitute.
84. artikulua.– Idatzoharra iraungitzeagatiko birgaikuntza.
1.– Elkargokidearen espedientean edo lanbide-sozietatearen erregistroko orrian jasotako zehapenen idatzoharrak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, falta arina izan denean; bi urteren buruan, falta astuna izan denean; eta lau urteren buruan, falta oso astuna izan denean.
2.– Birgaitze-epea zehapena beteta geratzen den egunaren hurrengoan hasiko da kontatzen.
3.– Iraungipen-epeak igaro ostean, zehapena jarri zaienek birgaitzeko eska diezaiokete Zuzendaritza Batzordeari. Birgaitzeko, titulu honetan jarritako iraungipen-aldia igaro dela eta aldi horretan beste arau-hausterik egin ez dela egiaztatuko da, eta ez da beste izapiderik egingo.
II. KAPITULUA
ZEHATZEKO PROZEDURA
85. artikulua.– Prozedura.
1.– Elkargokideek –pertsona fisikoak edo lanbide-sozietateak– izan ditzaketen diziplina-erantzukizunak eskatzeko Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak burutzen dituen egintzetan aplikatuko da datozen artikuluetan arautzen den prozedura.
2.– Falta astunengatik edo oso astunengatik zehapenak jartzeko, ondorengo artikuluetan adierazten den moduan izapidetu beharko da espedientea. Falta arinengatik zehapenak jartzeko, hau baino ez da egin beharko: interesdunari entzun, zortzi egun balioduneko epean; hala ere, titulu honetan adierazitako izapideen bidez ere egin daiteke, hala erabakiz gero.
86. artikulua.– Zehapenak pilatzea eta prozeduren independentzia.
1.– Zigor bidez epaitu diren egintzak ezingo dira zehatu, baldin eta pertsona, egintza eta oinarria berberak badira.
2.– Zigor-prozedura bat egintza berberengatik edo beste batzuengatik izapidetzen ari denean, zehatzekoak direnak titulu honen arabera banatzea ezinezkoa bada, prozeduraren izapideak eten egingo dira. Diziplina-prozedurari berriro ekiteko unea atzeratu egingo da agintari judizialak ebazpen irmoa ematen duen arte.
3.– Prozedura hasi ondoren, edozein unetan instruktoreak delitu edo falta penal bat izan daitekeen arau-hauste bat ikusten badu, espedientea hastea agindu zuen organoari ezagutaraziko dio berehala, organo horrek Ministerio Fiskalari ezagutaraztea edo ez erabaki dezan eta prozeduraren etenaldia ebatz dezan, agintari judizialak pronuntziamendu irmoa ematen duen arte.
4.– Edozein kasutan, diziplina-espedientearen izapideei berriro heldu ondoren, ebazpen judizialean jasotzen diren egintzen gaineko iritzia jaso beharko du hartzen den ebazpenak.
87. artikulua.– Behin-behineko neurriak.
1.– Zuzendaritza Batzordeak diziplina-espediente bat hastea erabakitzen badu, organo berak, aurrezaintzako neurri legez, lanbidean aritzea eten diezaieke zigor-prozedura baten inputatuta edo prozesatuta dauden elkargokideei, edo lanbide-sozietate bati bere jarduna eten diezaioke, baldin eta kideetako bat adierazitako egoeraren batean badago. Erabaki hori arrazoitutako ebazpen baten bidez hartu beharko da, interesdunari entzun ondoren. Ebazpena Zuzendaritza Batzordeko kideen bi herenak onartu beharko du.
2.– Lanbidean aritzeko behin-behineko etena jartzea erabakitzen duen ebazpena jakinarazi egin beharko zaio eraginpean dagoen elkargokideari edo, kasua izanez gero, elkargokide horren lanbide-sozietateari, ondoren datorren artikuluaren arabera. Ebazpen hori, bestalde, 101. artikuluan jasotakoari jarraituz errekurritu ahal izango da.
Erabaki arrazoitutako ebazpen baten bidez hartu beharko da, interesdunari entzun ondoren. Ebazpena Zuzendaritza Batzordeko kideen bi herenak onartu beharko du.
3.– Prozesatzeak edo inputazioak irauten duen artean luza daiteke behin-behineko etenaldia; aurreko artikuluan aurreikusitako prozedura-etenak, ordea, ez dio eragingo etenaldiarekin jarraitzeari.
88. artikulua.– Prozedura izapidetzea, jakinarazpenak eta epeak luzatzea.
1.– Interesdunak edo bere ordezkariak jakinarazpena jaso duela eta eguna, nortasuna eta jakinarazitako egintzaren edukia ziurtatzen dituen bide bat erabiliz egin beharko dira jakinarazpenak.
Jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.
2.– Elkargokideak zein helbide eman dion Elkargoari, helbide horretan egingo dira jakinarazpenak; lekuz aldatu bada eta hori ezagutzera eman ez badu, bestalde, erantzukizuna izan dezake. Jakinarazpena egiten den unean interesduna bertan ez badago, bizilekuan dagoen edozeinek har dezake, nor den jasota uzten badu.
3.– Interesdunak edo etxean dagoenak jakinarazpenari uko egiten badio, espedientean jasota utzi beharko da, bai eta jakinarazpena egiteko saioa egin dela ere. Kasu horretan, jakinarazpena elkargoko iragarkien taulan hamabost eguneko epean argitaratuko da, eta, horrela, jakinarazpena egiteko izapidea burututzat joko da.
Organo eskudunak ikusten badu jakinarazpena iragarkien taulan argitaratuz kalte egiten zaiela eskubide edo interes legitimoei, azalpen labur bat argitaratuko du, egintzaren edukia adierazteko eta dagokion epean interesdunek zein lekutan ager daitezkeen azaltzeko, egintzaren berri izan dezaten.
4.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean jakinarazpenei buruz jasotakoa aplikatuko da, ordezko izaeraz.
89. artikulua.– Diziplina-prozeduran elkargokideek dituzten eskubideak.
Diziplina-prozedurak egiten zaizkien elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:
1.– Errugabetasun-presuntziorako eskubidea.
2.– Egozten zaizkien egintzen berri, egintza horiek eragiten dituzten arau-hausteen berri eta ezartzen zaizkien zehapenen berri izateko eskubidea eta honako hauek jakitekoa: instruktore nor den, zehapena ezartzeko eskumena duen organoa zein den eta eskumen hori esleitzen duen araua zein den. Jakinarazpen horiek lanbide-sozietateari ere egingo zaizkio, baldin eta erruztatua sozietateko kideren bat bada.
3.– Beren aurka bideratutako prozeduran deklaratzeari uko egiteko, alegazioak jartzeko eta ordenamendu juridikoak onartzen dituen defentsa-bideak erabiltzeko eskubidea.
4.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean eta hori garatzen duten arauetan aitortutako gainerako eskubideak.
III. KAPITULUA
JARDUKETEI EKITEA
90. artikulua.– Prozeduraren hasiera.
1.– Zuzendaritza Batzordearen erabaki batez ekingo zaio prozedurari, bai berak hala erabakita, bai beste pertsona edo erakunde batzuk salatu nahiz ezagutarazi ondoren.
Prozedura horri ekiteak diziplina-espediente bat irekitzea ekarriko du zuzenean, edo, hala badagokio, datorren artikuluan jasotako baldintzen arabera aurretiazko informazio-aldi bat irekitzea.
2.– Aurreko zenbakian ezarritakoak salbuespen hau du: kasuan kasuko egintzak elkargoko Zuzendaritza Batzordearen kideren bat ukitzen badu, prozedurari ekiteak espedientea Euskadiko Sendagileen Kontseilura edo, artean hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusira igortzea ekarriko du soil-soilik. Kontseiluaren eskumena izango da, bestalde, diziplina-espedientea hastea, aurretiazko informazio-aldia instruitzea edo, besterik gabe, jarduerak artxibatzea.
91. artikulua.– Aurretiazko informazio-aldia.
1.– Zuzendaritza Batzordeak aurretiazko informazio-aldi bat irekiz ekin diezaioke prozedurari, kasu jakin baten inguruabarrak zeintzuk izan diren jakiteko eta diziplina-espedientea irekitzea komeni den edo ez ikusteko. Informazio-aldi horri dagozkion egintzak bukatu ondoren, betiere informazio-aldia irekitzea erabaki zuen ebazpenaren egunetik hogeita hamar egun balioduneko epean, Zuzendaritza Batzordeak ebazpen bat emango du diziplina-espedientea irekitzeko, jarduketak artxibatzeko edo falta arintzat sailkatzeko eta dagokion zehapena ezartzeko.
2.– Aurreko epigrafean adierazitako erabakiak tartean dagoen elkargokideari jakinaraziko zaizkio beti, bai eta bere lanbide-sozietateari ere.
3.– Halaber, alderdi den salatzaileari jakinaraziko zaizkio administrazio-prozedurari buruzko lege indardunei jarraituz.
IV. KAPITULUA
DIZIPLINA-ESPEDIENTEAK
92. artikulua.– Diziplina-espedientearen instruktorea eta idazkaria.
1.– Diziplina-espedientea hasteari buruzko erabakian bertan izendatuko dira espedientearen instruktorea eta idazkaria, zeintzuk ezingo baitira zuzendaritza batzordeko kide izan. Diziplina-espedientearen instruktorea edo idazkaria, kargua onartu ondoren, honako kasu hauetan baino ezingo ditu ordeztu Zuzendaritza Batzordeak: izendatutakoa hilez gero, karguari uko eginez gero eta abstentzioari edo errefusatzeari buruz aldeko ebazpena hartuz gero.
2.– Diziplina-espedientearen hasiera, instruktorea eta idazkaria izendatzea barne dela, espedientearen eraginpean dagoen elkargokideari eta kargu horietan jarduteko aukeratutako gainerakoei jakinaraziko zaie. Inputatuak letratu baten laguntza izan ahalko du prozedurak irauten duen bitartean.
3.– Zuzendaritza Batzordearen eskumena baino ez da izango izendapen horietatik salbuestea onartzea, karguak onartu ondoren horiei uko egitea onartzea eta abstenitzeko eta errefusatzeko kausak balioestea.
4.– Aukeratutako instruktorea eta idazkaria nortzuk diren interesdunak dakien unetik aurrera burutu daiteke errefusatze eskubidea, zazpi egun balioduneko epean. Errefusa sustatu ahalko da prozedura-izapidearen edozein unetan, gerora gertatutako inguruabarrak direla eta.
5.– Instruktoreak eta idazkariak elkargokide izan beharko dute nahitaez.
6.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan eta lege hori garatzeko arauetan jasotako arauak aplikatuko dira espedientearen instruktorea eta idazkaria errefusatu eta abstenitzeari buruzko gaietan.
7.– Instruktoreak, idazkariaren fedepean, egitateak zehazteko eta egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen eginbideak burutzea agindu dezake, zehapena jar dakiekeen erantzukizunak zehazteko, bai eta argitzeko lagungarri izan daitezkeen probak egitea ere. Aholkurik behar izanez gero, Elkargoaren Aholkularitza Juridikoari eskatu ahalko dio.
93. artikulua.– Kargu-orria.
1.– Instruktoreak, instruktore izendatu dela jakinarazten zaion egunetik hasi eta berrogeita bost egun naturaleko epean eta egindako jarduerak aztertu ondoren, kargu-orria egin eta jakinaraziko du.
2.– Kargu-orriak zehatz-mehatz eta argi eta garbi idatzia beharko du izan; inputatuari zein egintza egozten zaion jaso beharko du, paragrafotan banatuta eta bakoitzari zenbaki bat jarrita; ustez zein arau-hauste egin den eta zein zehapen jar dakiokeen adierazi beharko du; eta azkenik, aplikatu daitezkeen manu juridikoak eta instruktorea eta zehapena jartzeko organo eskuduna nortzuk diren adierazi beharko ditu.
94. artikulua.– Kargu-orriari erantzutea.
1.– Kargu-orria inputatuari jakinaraziko zaio eta hamabost egun naturaleko epea emango zaio, luzaezina, kargu-orriari erantzun diezaion, egokitzat jotzen dituen alegazioen bidez eta interesgarri iritzitako agiriak aurkeztuz.
2.– Inputatuak, beharrezko irizten badio, zuzenbideak onartzen duen edozein frogabide egitea proposatu dezake kargu-orriari erantzuterakoan.
95. artikulua.– Frogaldia.
1.– Instruktoreak hogeita hamar egun naturaleko epea izango du frogabide egokiak egiteko; ofizioz egin ahalko dira ukitutakoek proposatu ez dituzten frogak. Aipatutako epea hasiko da kontatzen kargu-orria erantzuten zaionetik edo horretarako ezarritako epea iragaten denetik.
2.– Instruktoreak ebazpen bat emango du –arrazoitua beti–, desegokitzat jotzen dituen frogak onartu eta burutzea ukatzeko. Prozedurarekin aurrera egiteko ezintasuna amaitzen denean ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahalko da, bai eta defentsa-gabezia gertatzen denean ere. Gainerako kasuetan, alegazioen bitartez aurkatu ahal izango du eraginpekoak; alegazio horiek kontuan hartuko dira bai prozedura amaitzen duen ebazpenean bai ebazpen horren aurka –egintza horiek aurkaratzeko– jartzen den errekurtsoan.
3.– Instruktoreak berak egin beharreko probak burutzeko, leku, egun eta orduaren berri emango zaio inputatuari, parte hartzeko aukera izan dezan.
4.– Probetara elkargoaren aholkulari juridikoa joan daiteke, instruktoreak hala eskatzen duenean.
96. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
Instruktoreak ebazpen-proposamen bat egingo eta jakinaraziko du, proba proposatzeko eta burutzeko aldia amaitu, eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan. Proposamen horretan, egintzak zehatz-mehatz finkatuko ditu, horien kalifikazio juridikoa egingo du bere ustez zein arau-hauste egin den edo egin diren zehazteko, eta, azkenik, inputatuari egotz dakiokeen erantzukizuna adieraziko du, bai eta zein zehapen ezar dakiokeen ere.
97. artikulua.– Inputatuaren alegazioak.
Ebazpen-proposamena inputatuari jakinaraziko zaio, eta, horrela, hamabost egun naturaleko epe luzaezinean, espedientea ikusi, eta bere buruaren alde egiteko egokitzat jotzen duen guztia alegatu ahalko dio instruktoreari.
98. artikulua.– Espedientea ebazteko eskumena duen organoari igortzea.
1.– Instruktoreak, inputatuari entzun ondoren edo epea alegaziorik egin gabe igarota, ebazpen-proposamena eta espediente osoa igorriko dizkio Zuzendaritza Batzordeari, epea amaitzen denetik bost egun naturaleko epean. Zuzendaritza Batzordeak beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen dituen eginbide osagarriak egiteko agindu diezaioke instruktoreari.
2.– Beste eginbide batzuk burutzeko espedientea itzultzea erabakitzen badu, instruktoreak, egintzak burutu ondoren eta jarduketak berriz bidali aurretik, inputatuari entzunaldia emango dio, hamar eguneko epe luzaezinean inputatuak egokitzat jotzen duena alega dezan.
99. artikulua.– Espedientea ebaztea.
1.– Espedientea ebatzi baino lehen, Zuzendaritza Batzordeak txosten bana egiteko eskatuko die Deontologia Batzordeari eta Aholkularitza Juridikoari.
2.– Diziplina-prozedura amaitzen duen ebazpena gehienez ere berrogeita bost egun naturaleko epean erabaki beharko da, instruktoreak proposamena jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita. Ebazpenak arrazoitua beharko du izan, espedientean azaldutako gai guztiak ebatzi beharko ditu eta kargu-orria eta ebazpen-proposamena egiteko oinarri izan ziren egintzak baino ez ditu onartu beharko, nahiz eta balorazio juridikoa desberdina izan.
3.– Erabakia eztabaidatu eta onartzerakoan ez dute parte hartzerik izango prozesua instruitzerakoan instruktore eta idazkari izan direnek.
4.– Ebazpen-proposamenean sei hilabetetik gorako etenaldia edo 6.000 eurotik gorako isuna ezartzen duen zehapena badago, Zuzendaritza Batzordeak ezkutuko bozketa baten bidez hartu beharko du ebazpena eta kideen heren bik ados egon beharko du. Zuzendaritza batzordeko kide guztiek joateko beharra dutela ohartarazi beharko da bilkurarako deialdian.
5.– Hartzen den ebazpena inputatuari eta bere lanbide-sozietateari jakinarazi beharko zaio. Ebazpenak, bestalde, bete egin beharko du Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 89. artikuluan eta lege hori garatzen duten arauetan ezarritakoa; halaber, ebazpen horren aurka aurkez daitezkeen errekurtsoak adierazi beharko ditu, bai eta zein organotan –administrazioko organoak zein judizialak– eta zein epetan aurkeztu behar diren, nahiz eta interesdunek beste errekurtso batzuk ere jar ditzaketen, egoki iritziz gero.
V. KAPITULUA
DIZIPLINA-ALORREKO ERREKURTSOEN ARAUBIDEA
100. artikulua.– Errekurritu daitezkeen ekintzak.
1.– Zuzendaritza Batzordearen ebazpen batzuen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, zehazki, ebazpen hauen kontra: auziperatuta edo erruztatuta dauden elkargokideei lanbidean aritzeko behin-behineko etenaldia ezartzeko diren ebazpenen aurka; hasitako jarduketak artxibatzeko edo diziplina-zehapenak jartzeko diren ebazpenen aurka; eta prozeduran hartzen den beste edozein erabakiren aurka, baldin eta, izapide bat egiteko egintza bat izanda ere, aurrera egiteko ezintasuna badakar edo defentsa-gabezia badakar. Errekurtso hori ebazten duen ebazpenak administrazio bidea amaitzen du, berehala bete beharrekoa izango da, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea egongo da.
2.– Diziplina-espediente bat irekitzen duten erabakien aurka ez dago errekurtsorik jartzerik.
3.– Egintzen salatzaileak eskubidea izango du hasitako jarduketak artxibatzea edo largestea edo zehapenak jartzea dakarten ebazpenak jakinaraz diezazkioten; horrek, ordea, ez dio ezelako eskubiderik emango espedientean.
101. artikulua.– Errekurtsoen araubidea.
1.– Ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera hilabeteko epea, luzaezina, emango da gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko; elkargoaren Zuzendaritza Batzordean edo errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoan aurkeztu beharko da. Zuzendaritza Batzordeak hamar eguneko epean Euskadiko Sendagileen Kontseiluari, edo hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusiari igorri beharko dio, bai eta berak egindako txostena eta espedientearen kopia oso eta ordenatu bat ere.
2.– Ezarritako epearen barruan diziplina-zehapenaren aurka administrazio-errekurtso bat jartzeak eten egingo du errekurritutako erabakiaren gauzatzea. Errekurtsoa ebatzi ondoren kenduko da etendura.
3.– Hala ere, onartutako behin-behineko neurriak hartzen diren unean bertan gauzatu daitezke.
4.– Lanbide-sozietateek legitimazioa izango dute euren kideetako bati eragiten dieten kasuetan errekurtsoak jartzeko, baldin eta kide horiek euren kabuz errekurtsorik jarri ez badute.
V. TITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA
I. KAPITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA
102. artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa.
1.– Biltzar Nagusiaren, Zuzendaritza Batzordearen eta Hauteskunde Batzordearen behin betiko erabakien aurka edo prozedurarekin aurrera egiteko ezintasuna dakarten edo defentsa-gabezia dakarten izapidezko ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Euskadiko Sendagileen Kontseiluan edo, artean hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusian. Errekurtsoa jartzeko hilabeteko epea emango da, erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatuta.
2.– Erabakia eman duen organoan aurkeztu beharko da errekurtsoa, berak igorri beharko baitio, aurrekari eta txostenarekin batera, Euskadiko Sendagileen Kontseiluari edo, artean hori eratu gabe badago, Kontseilu Nagusiari. Hamar egun izango ditu horretarako, errekurtsoa aurkeztu eta hurrengo egunetik zenbatuta.
103. artikulua.– Jurisdikzio-aurkaratzea.
Ekintza hauek administrazio-zuzenbideari lotuta geratzen direnean, korporazio-errekurtsoak agortu ondoren, zuzenean errekurritu ahalko dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
104. artikulua.– Egintzen eraginkortasuna eta etendura.
Elkargoko organoek agindutako ekintzak baliozkotzat jotzen dira, eta hartzen diren unetik izango dituzte ondorioak, non eta horietan besterik agintzen ez den edo horien eraginkortasuna jakinarazi nahiz argitaratzen diren arte atzeratu behar ez den. Errekurtsoa aurkeztuta ere, aurkaratutako ekintza gauzatzeko prozesua ez da etengo. Salbuespen izango da diziplina-zehapen bat errekurritzen bada edo Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak hala erabakitzen badu, delako ekintza gauzatzean kalte larriak, konponbide zaila edo ezinezkoa dutenak, sortzen badira.
VI. TITULUA
LANBIDE-SOZIETATEEN ERREGISTROA
I. KAPITULUA
LANBIDE-SOZIETATEEN ERREGISTROA
105. artikulua.– Lanbide-sozietateen Erregistroa.
1.– Lanbide-sozietateen Erregistroa sortu da Elkargoaren egoitzan; erregistro horretan sartuko dira martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean sortutako sozietateak, Merkataritza Erregistratzaileak Elkargoari jakinarazten dizkionak, hain zuzen ere.
2.– Honako datuak sartuko dira Erregistroan:
a) Sozietatearen izena eta helbidea.
b) Eraketa-eskritura publikoaren eta notarioaren identifikazio-oharra eta data; sozietatearen iraupena, epealdi zehatz baterako eratuz gero.
Sozietatearen helburu d(ir)en jarduera profesionala(k).
c) Elkargo profesionalen eta ez profesionalen datuak; elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoa den.
d) Sozietatearen administrazio eta ordezkaritzaren ardura eman zaien pertsonen datuak, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita.
3.– Elkargoak hiru hilean behin bidaliko dio Justizia Ministerioari eta Autonomia Erkidegoko organo eskudunari Lanbide-sozietateen Erregistroan egindako inskripzioen zerrenda, horretarako sortuko den interneteko atarian horren berri eman ahal izateko.
VII. TITULUA
LEIHATILA BAKARRA ETA ERREGISTRO ZENTRALA
I. KAPITULUA
LEIHATILA BAKARRA ETA ERREGISTRO ZENTRALA
106. artikulua.– Leihatila bakarra.
1.– Arabako Sendagileen Elkargoak web-orria du, eta, web-orri horri esker eta zerbitzu-jardueretan libre sartzeari eta beren baliatzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusitako leihatila bakarra erabiliz, elkargoan sartzeko, elkargokide gisa jarduteko eta elkargoan baja emateko egin beharreko izapideak egin ahal izango dituzte sendagileek; horretarako, gune bakarra izango dute, eta mezu elektroniko bidez eta urrutitik egingo dituzte izapide horiek guztiak.
2.– Zehazki, leihatila bakarraren bidez sendagileek honako hauek egin ahal dituzte doan:
a) Beren lanbidean hasteko eta horretan jarduteko beharrezko informazioa eta inprimakiak eskuratzea.
b) Beharrezko dokumentazioa eta eskariak aurkeztea, elkargokide egiteari buruzkoa barne.
c) Interesduntzat jotzen den prozedurak nola dauden jakitea, derrigorrezko izapide-egintzen berri jasotzea eta egintza horiek nola ebatzi diren elkargoak jakinaraztea, zehapen-espedienteen jakinarazpena barne, bestela egiterik ez badago.
d) Elkargoko gobernu-organoen bileretarako deialdiak eta haien gai-zerrendak hartzea, eta hartutako erabakien berri hartzea.
e) Elkargokide gisa estatutuen arabera dauzkaten eginbeharrak eta gainerako betebehar formalak betetzea.
3.– Leihatila bakar horren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak honako informazio hau eskainiko du, modu argi eta nahastezinean eta doan:
a) Elkargokideen erregistrorako irispidea. Erregistroa etengabe eguneratuko da, eta, bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira: elkargokide diren profesionalen izen-deiturak, elkargokide-zenbakia, dituzten titulu ofizialak, lanbide-helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera.
b) Lanbide-sozietateen Erregistroa erabiltzeko bidea ematea, Lanbide-sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan jasotako edukia izango duena.
– Sozietatearen izena eta helbidea.
– Eraketako eskritura publikoaren data eta identifikazio-aipamenak eta baimena ematen duen notarioa, eta, denbora jakin baterako eratu bada, elkartearen iraupena.
– Sozietatearen helburu diren jarduera profesionalak.
– Bazkide profesionalen eta ez profesionalen datuak; elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoa den.
– Sozietatearen administrazio eta ordezkaritzaren ardura eman zaien pertsonen datuak, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita.
c) Estatutuetan jasota dauden erreklamazio- edo errekurtso-bideak, kontsumitzaileen edo erabiltzaileen eta elkargokide baten artean gatazkarik gertatuz gero aurkez daitezkeenak.
d) Kasua bada, Lanbide-zerbitzuen jasotzaileek, laguntza jasotzeko, kontsumitzaile eta erabiltzaileen zein elkarte edo erakundetara jo dezaketen.
e) Deontologia kodeen edukia.
4.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak behar diren neurriak arbitratuko ditu sistema desberdinen arteko elkarreragingarritasuna eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatuko duten plataforma teknologikoak sortu eta mantentzeko. Horretarako, behar diren koordinazio- eta lankidetza-tresnak abian jarri eta gauzatu ahalko ditu, dela beste elkargoekin, dela kontseiluekin beraiekin –autonomikoa zein nagusia–, bai eta beste osasun lanbide batzuetako korporazioekin ere.
VIII. TITULUA
URTEKO MEMORIA
I. KAPITULUA
107. artikulua.– Urteko memoria.
1.– Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak, bere kudeaketan gardentasun printzipioa betetze aldera, urteko memoria bat egingo du, eta bere web-orrian argitaratuko du urtero, lehen seihilekoan.
2.– Urteko memoriak, gutxienez ere, honako informazio hau jaso beharko du:
a) Kudeaketa ekonomikoari buruzko urteko txostena, langile-gastuak behar bezain banakaturik dauzkana. Gobernu Batzordeko kideek beren kargua dela-eta jasotzen dituzten ordainsariak ere adierazi behar dira.
b) Kontzeptuka eta emandako zerbitzu-motaren arabera banakaturik aplikatu behar diren kuoten zenbatekoa, bai eta zenbateko hori kalkulatzeko eta aplikatzeko arauak ere.
c) Informazio erantsia eta estatistikoa, instruitzen ari diren edo dagoeneko irmoak diren informazio- eta zehapen-prozedurei buruzkoa. Arau-haustea, izapidetzea eta ezarritako zehapena ere adierazi behar dira, datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez betiere.
d) Informazio erantsia eta estatistikoa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexei eta erreklamazioei buruzkoa, haien izapidetzeari buruzkoa ere bai, eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko izan dituzten arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez.
e) Deontologia kodeen edukian egindako aldaketak.
f) Bateraezintasunei buruzko arauak estatutuetan ezar daitezkeen interes-gatazkako egoerak.
3.– Aurreko atalean aipatzen den informazio estatistikoa osatzearen eraginetarako, Elkargoak Kontseilu Nagusiari urteko memoria egiteko behar den informazioa emango dio.
IX. TITULUA
ELKARGOKIDEEI ETA KONTSUMITZAILEEI EDO ERABILTZAILEEI ARRETA EMATEA
I. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEI ETA KONTSUMITZAILEEI EDO ERABILTZAILEEI ARRETA EMATEA
108. artikulua.– Elkargokideei eta kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua.
1.– Arabako Sendagileen Elkargoak elkargokideek aurkeztutako kexa edo erreklamazioak artatu beharko ditu.
2.– Elkargoak kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izango du. Zerbitzu horrek izapidetu eta ebatziko ditu lanbide-zerbitzuak kontratatzen dituzten kontsumitzaileek edo erabiltzaileek elkargokideen elkargo-jarduna edo jardun profesionala dela-eta aurkezten dituzten kexak eta erreklamazioak, bai eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta antolakundeek beren ordez edo beren interesen alde aurkeztutakoak ere.
Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bidez, elkargoak ebatziko du kexa edo erreklamazioa, bai gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko sistemari buruzko informazioa emanez, bai espedientea elkargoaren organo eskudunetara bidaliz kasuko espediente informatibo zein diziplinakoak instruitzeko, bai espedientea artxibatuz, bai zuzenbidearen araberako beste edozein erabaki hartuz.
Zerbitzu hori erregulatzean, kontuan hartu beharko da, halaber, kexak eta erreklamazioak mezu elektronikoz eta urrundik aurkezteko aukera.