EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016204

AGINDUA, 2016ko urriaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpeko Hezkuntza - ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen eta Hezkuntza Saileko ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketa deitzen duena.

Xedapenaren data: 2016-10-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201604539
Maila: Agindua
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.3 xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenen arabera, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko plazen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituenak, betebehar bat ezartzen die hezkuntza-administrazioei: bi urtez behin estatu mailako lekualdatze-lehiaketak deitzekoa. Lehiaketa horietan karrerako funtzionarioak diren irakasle guztiek parte hartu ahal izango dute, edozein dela ere menpekoak diren edo sartu diren hezkuntza-administrazioa, baldin eta horretarako betekizunak betetzen badituzte. Hala, interesdunek lehiaketa guztietan parte hartu ahal izango dute ekintza bakarraren bitartez, eta ebazpenaren ondotik kidego bakoitzean destino bakarra lortuko dute.
Irailaren 23ko ECD/1596/2016ko Aginduaren bidez ezartzen da zein prozedurazko arau izango den aplikatzekoa 2016-2017 ikasturtean zehar deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan, hain zuzen ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan -abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua- bildutako irakasle kidegoetako funtzionarioentzat.
Horrenbestez, aipatutako araudian xedatuaren babesean eta Hezkuntzako Ikuskatzailetzan lanpostu hutsak badaudenez,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.- Deialdia.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko urriaren 24ko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren menpeko Hezkuntza - ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen eta Hezkuntza Saileko ikuskatzaileen kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketa deitzea.
2.- Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.- Indarraldia.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.- Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 24a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
OINARRIAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK
Lehenengoa.- Deialdia.
1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioko Ikuskatzaileen eta Hezkuntza Administrazioaren zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoetako karrerako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia iragartzen da.
2.- Lehiaketa honetan, honako xedapen hauek bete behar dira: Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua; urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatuaren Legearen testu bategina onartzen duena; Funtzio Publikoa Eraldatzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, aipatutako estatutuaren arau bidezko garapena eman arte indarrean jarraitzen duten artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzarako Irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legea; urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk arautzen dituena; abenduaren 11ko 343/2001 Dekretua, Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta eskakizun horien derrigorrezkotasunak esleitzeko araubide berezia ezartzen duena; azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia-Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzekoa; irailaren 23ko ECD/1596/2016ko Agindua, 2016-2017 ikasturtean zehar deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketetan aplikatzekoak diren prozedurazko arauak ezartzen dituena.
Bigarrena.- Eskaintzen diren lanpostuak.
1.- Lehiaketa honetan eskaintzen diren lanpostuen behin-behineko eta behin betiko finkapena Langileen Kudeaketarako zuzendariaren ebazpenaren bidez egingo da, irailaren 23ko ECD/1596/2016ko Aginduaren bostgarren atalean ezarritako datetan. Behin-behinekoa 2017ko otsailaren 15a baino lehen egingo da, eta behin betikoa 2017ko apirilaren 6a baino lehen. Ebazpen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko dira:http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus y htpp://www.irakasle.eus
2.- Eskaintzen diren lanpostuen artean sartuko dira 2016ko abenduaren 31n dauden lanpostu hutsak eta lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak. Gainera, nahitaezko erretiroen ondorioz 2016-2017 ikasturtearen amaierara arte sortzen diren lanpostu hutsak sartu ahalko dira. Hezkuntza plangintzan haien funtzionamenduaren jarraitutasuna aurreikusita dagoenean, eta ikastetxe berean irakasleen egonkortasunerako ezartzen diren irizpideen arabera eskainiko dira batzuk zein besteak.
3.- Hutsik geratzen diren lanpostuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko jarraitutasuna duen lanposturen bat bada, dagokion akatsen zuzenketa argitaratuko da.
II. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK ETA IZAERA
Hirugarrena.- Betekizunak.
1.- Deialdi honetan parte hartu ahalko dute lehenengo oinarrian aipatzen diren eta urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren 10. artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituzten langileek -zeinaren bidez arautzen baitira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan bildutako irakasle kidegoetako langile funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze-lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuen beste hornikuntza-prozedura batzuk-, bai eta deialdi honetan oro har aipatzen direnek ere.
2.- Betekizun horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzerako bete beharko dira, eta lanpostua jabetzan hartu arte eutsi beharko zaie.
Laugarrena.- Parte-hartzearen izaera.
1.- Parte-hartzea nahitaezkoa izango da zazpigarren oinarrian jasotako kasuetan.
2.- Parte-hartzea borondatezkoa izango da seigarren oinarrian jasotako kasuetan.
Bosgarrena.- Hizkuntza-eskakizuna.
1.- Aurreko atalean jasotako salbuespenarekin, derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da postuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea, Hezkuntzako ikuskatzaile lanpostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta eskakizun horien derrigorrezkotasunak esleitzeko araubide berezia ezartzen duen abenduaren 11ko 343/2001 Dekretuan xedatuaren arabera, edo, bestela, Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia-Esparru Bateratuko mailekin baliokidetzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuan aipatutako tituluak edo hizkuntza-ziurtagiriak edukitzea.
2.- Ez da eskatzen baliokideak diren eskakizun, titulu edo akreditazioak egiaztatzeko, baldin eta egiaztatzen bada euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituen apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak gertatzen badira, dekretu horretan ezarritako eran.
III. KAPITULUA
BORONDATEZKO PARTE-HARTZEA
Seigarrena.- Borondatezko parte-hartzea.
1.1.- Deialdi honetan eskaintzen diren lanpostuetan borondatez parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden eta jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden irakasle funtzionarioek:
a) Zerbitzu aktiboan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskatzailetzako plazetan behin betiko destinoarekin, baldin eta gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte.
b) Aitortutako zerbitzu berezietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako plazetan, baldin eta gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte.
c) Aitortutako borondatezko eszedentzian, mota ezberdinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskatzailetzako plazetan.
Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 89.1 artikuluko a) eta b) idatzi-zatietan aurreikusitako moduan, norbere interesagatik edo familia batzeagatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, parte hartu ahal izateko, ezinbesteko izango dute bi urte iragan izana eszedentziara igaro zirenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte.
d) Aitortutako etenduran, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetan, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean etendurako diziplina zigorraren iraunaldia bukatu bada eta gutxienez urte bi pasatu badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik.
e) Beste administrazio publiko batzuetan zerbitzuan, baldin eta gutxienez bi urte iragan badira behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte.
1.2.- 1.1 atalean aipatzen diren parte-hartzaileek, era berean, gainerako Hezkuntza Administrazioek egindako deialdiei dagozkien plazak eska ditzakete, bakoitzaren oinarrietan ezarritako irizpideei jarraikiz.
2.- Beste Hezkuntza Administrazio batzuen menpeko langile funtzionarioak:
Deialdi honi dagozkion plazak eskatu ahalko dituzte beste Hezkuntza Administrazio batzuen menpean dauden irakasle funtzionarioek, baldin eta agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Hauxe izan beharko da funtzionario horien lehenengo behin betiko destinoa: aukeratu zituen deialdia zedarritzen zen Hezkuntza Administrazioaren alorrekoa, bertan azken baldintza hori betetzeko eskatzen ez zen kasuan izan ezik.
Langile horiek eskabide-ereduaren arabera, eta destinoari dagokion Hezkuntza Administrazioak egiten duen deialdian zehazten den organoaren aurrean egin beharko dute parte hartzeko eskabidea.
IV. KAPITULUA
NAHITAEZKO PARTE-HARTZEA
Zazpigarrena.- Nahitaezko parte-hartzea.
1.- Lehiaketa horretan parte hartzera derrigortuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden funtzionarioak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dauden Hezkuntzako Ikuskatzailetzako plazetan 2015-2016 ikasturtean behin-behineko lanpostua duten funtzionarioak.
Lehiaketa honetan parte hartuko ez balu, edo parte hartuta ere, nahikoa plaza huts eskatuko ez balitu, ofizioz eman ahalko litzaioke betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren zentroetan, behin-behineko jarduna duen Lurralde Historikoan dauden ikastetxeetan, I. eranskinean ikuskatzailetza-zentroak argitaratuta dauden ordenari jarraituz.
b) Eszedentziatik edo funtzioen etendura egoeratik etorrita behin betiko destinoa galdu duten eta jarduneko zerbitzura itzuli diren eta, deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehenago, itzulera hori dela-eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kudeaketa-eremuren batean behin-behineko destinoa lortu duten funtzionarioak.
Lehiaketa honetan parte hartuko ez balu, edo, parte hartuta ere, nahikoa plaza huts eskatuko ez balu, behin-behineko jarduna izan duen Lurralde Historikoan dauden ikastetxeetan eman ahalko zaio ofizioz behin betiko destinoa, I. eranskinean Ikuskatzailetza zentroak argitaratuta dauden ordenari jarraituz, edo bestela, destinoa eman zain geratuko da.
c) Nahitaezko eszedentzian, edo funtzioen etendura irmoan eta destinoko lanpostua galduta dauden funtzionarioak, zigorra bete eta gero, behin-behinean itzultzerik lortu ez badute, eta egoera hori aitortu bazaie Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko ikastetxeren batean.
Aurreko paragrafoan aipatutako funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, parte hartu arren, behar beste plaza eskatzen ez badute eta, hala, behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzia-egoeran geldituko dira, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatuaren Legearen testu bateginaren 89. artikuluaren 1.a) atalean aurreikusten den moduan.
d) Behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioak, epaia betetzeagatik edo errekurtsoari emandako ebazpena betetzeagatik, edo behin betiko betetzen zuten lanpostua ezabatu zaielako.
Parte hartzen ez badu, ofizioz esleitu ahal izango zaio lanpostua, behin-behineko jarduera izaten ari den Lurralde Historikoaren barnean dauden eta baldintzak bete ditzakeen plazetan, kasuaren arabera, I. eranskinean argitaratutako Ikuskatzailetza zentroen ordena jarraituz.
e) Behin betiko lanpostua galdu eta bere kidegoan aktibo mantenduz administrazioko beste lanpostu batzuk izatera pasa ziren langile funtzionarioak, betiere hura utzi eta behin-behineko destinoa lortu badute gaur egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mende dauden lanpostuetan.
Lehiaketa honetan parte hartuko ez balu, edo, parte hartuta ere, nahikoa plaza huts eskatuko ez balu, ofizioz eman ahalko litzaioke behin betiko destinoa Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren zentroetan, behin-behineko jarduna duen Lurralde Historikoan dauden ikastetxeetan, I. eranskinean Ikuskatzailetza zentroak argitaratuta dauden ordenari jarraituz.
V. KAPITULUA
HERRI EDO BARRUTI BATERAKO LEHENTASUN-ESKUBIDEA
Zortzigarrena.- Parte-hartzeko egoerak eta baldintzak.
Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute jarraian adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek, zerrendatzen diren lehentasun ordenan:
a) Ikastetxe batean behin betiko izaeraz betetzen zuen lanpostua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango du plaza edo lanpostua ezabatu den herri bereko beste ikastetxe bateko edo, hala badagokio, lanpostua ezabatu den ikastetxea dagoen barrutiko beste ikastetxe bateko lanpostu bat lortzeko.
b) Behin betiko betetzen zuten irakasle-lanpostua galduta Herri Administrazioan beste lanpostu bat betetzera pasa direnak, betiere azken lanpostua eten badute.
c) Behin betiko izaeraz betetzen zuten lanpostua galdu dutenak, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatuaren Legearen testu bateginaren 89.4 artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentzia-egoera aitortu ostean aplikatu beharreko araudiak zehaztutako lanpostu-erreserbaren denbora-tartea amaitu delako eta zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.
d) Betetzen zuten behin betiko lanpostua galtzeagatik, epaia bete beharra edo administrazio-errekurtsoaren ebazpena bete beharra dela-eta.
e) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortuta eduki ondoren, zerbitzu aktiborako berriz gaitu diren langile funtzionarioak.
Aurreko atal bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean, lanpostua merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio.
Idatzi-zati honetan adierazitako egoeretan egonda lehentasun-eskubideaz baliatu nahi duten funtzionarioek, kidegoan behin betikoz azken destinoa izan zuten herri edo barrutirako erabili ahal izango dute.
Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubideren batez baliatzen diren irakasleek hau adierazi beharko dute parte hartzeko eskabidean:
1.- «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidea izateko arrazoia ere.
2.- Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitatearen (plaza-mota) + hizkuntza-eskakizunaren (bertako hizkuntza) kodea ezarriko da. Lehentasun hori kontuan hartuko da herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.
3.- Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren plazak» idazpuruan, eskubidea egikaritzea dagokion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira, eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeran eskatutako herrietako ikastetxe guztiak, herriak bloke homogeneotan multzokatuta. Herriaren kodea bakarrik adieraziz gero, lanpostuak hutsik dituzten bertako edozein ikastetxetako destinoa emango zaio; eskubidea izanda, herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez baditu edo, barrutiko lehentasun-eskubidea izanda, aukeran eskatutako herrietako ikastetxe guztiak, lanpostu hutsak dauden aipatu herri horietako gainerako edozein ikastetxetako lanpostu batean eman ahal izango zaio destinoa, I. eranskinean zerrendatzen diren ordenan.
Herri edo barruti bateko lehentasun-eskubideaz baliatuta herri, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, ikastetxe jakin bateko destinoa, lekualdatze-lehiaketan lehentasun-eskubiderik gabe parte hartzen duten gainerakoen arabera lortuko dute, baremoan lortutako puntuazioaren arabera.
VI. KAPITULUA
PARTE HARTZEKO ESKABIDEAK
Bederatzigarrena.- Eskabideak.
Parte-hartzaileek eskabide bakarra aurkeztuko dute, III. eranskinean ageri den ereduaren arabera.
Eskabideak sinatzen dituztenek espresuki azaldu beharko dute oinarrietan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskaerak oinarri hauen I. eranskinean ageri den edozein ikuskatzailetza zentroetan egin beharko dira.
Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek eskabideetan adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak eskatu direla hartuko da kontuan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo langile parte-hartzaileak eska ditzakeen lanpostuekin bat ez badatoz, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko litzateke, hargatik eragotzi gabe deialdi honetan destinoa ofizioz esleitzeko aurreikusten diren egoerak.
Hamargarrena.- Agiriak aurkeztea.
1.- Lehiatzaileak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
- «Merezimenduak alegatzeko orria», Interneteko helbide hauetan eskuratuko den ereduaren arabera: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net. Orri hori bete eta aurkeztu beharko da, merezimenduak aurkeztu edota alegatu behar izanez gero, honako paragrafo hauetan ezarritakoaren arabera:
- II. eranskinean (merezimenduen baremoa) aurreikusten diren merezimenduak egiaztatzeko agiriak, non eta merezimenduak ofizioz aintzat hartzen ez diren, aipatutako II. eranskinean adierazitakoari jarraituz, sail honen langileen erregistroan lehendik jasota egoteagatik. Ofizioz zenbatzen direnez, ez dira alegatu behar, ezta haiei buruzko agiriak aurkeztu behar ere.
2.- Langileen Erregistroan dagoen informazioa kontsultatzeko, honako helbide honetara jo beharko da: www.irakasle.eus (sartu erabiltzailea eta pasahitza) - Espediente pertsonala. Eta ondoren, honako atal hauek kontsultatu ahalko dira:
Zerbitzu-orria
Tituluak
Ikastaroak
Zuzendaritza-karguak
3.- Gaztelaniaz edo euskaraz ez dauden agiri guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko dira, zinpeko itzultzaileak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.
4.- Fotokopia bidez aurkezten diren agiriak konpultsatu beharko dira.
5.- Lehiatzaileak izango dira aurkeztutako agirien egiatasunaren berariazko erantzuleak. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, izangaiak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.
Administrazioak edozein momentutan eska diezaieke interesdunei zalantzak edo kexak eragiten dituzten merezimenduak justifikatzeko.
Hamaikagarrena.- Eskatutako baldintzak eta adierazitako merezimenduak ziurtatzeko agiriak aurkezteko tokia.
1.- Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan.
2.- Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015, Legeko 16 artikuluan adierazitako edozein lekutan. Posta-zerbitzuko bulegoren batean aurkeztu nahi bada eskabidea, gutun-azal irekian egingo da, zerbitzu horretako funtzionarioak eguna eta zigilua jar ditzan eskabidean, gutun-azala ziurtatu aurretik.
Hamabigarrena.- Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.
Eskabideak egin eta agiriak aurkezteko epea 2016ko azaroaren 8tik 28ra bitartekoa izango da, biak barne.
Adierazitako epe hori amaitzen denean, ez da onartutako inolako eskabiderik eta aldaketarik egindako eskaeretan, ezta aurkeztutako merezimenduei dagozkien agiriak ere.
VII. KAPITULUA
MEREZIMENDUEN BAREMOAREN APLIKAZIOA
Hamahirugarrena.- Merezimenduen baremoa aplikatzeaz arduratuko diren unitate eta organoak.
Lehiakideek adierazi dituzten merezimenduak ebaluatzeko, puntuazioen baremoko 3. eta 4.1 idatzi-zatiei dagokienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileria Kudeatzeko zuzendariak Batzorde Barematzailea izendatuko du. Batzorde horietan, horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten, gizon zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkaritza izango dute, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatzen duen Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 31. artikuluan xedatuaren arabera.
Batzorde Barematzaileek honako kide hauek izango dituzte:
Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioa.
Batzordekideak: Hezkuntzako Ikuskatzaileen kidegoko edo Hezkuntza Administrazioaren Zerbitzura dauden Ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioa.
Aurreko Batzorde Barematzaileko burua Langileen Kudeaketarako zuzendariak izendatuko du, aurrez zozketaz izendatutako batzordekideen artetik. Era berean, idazkari lanak egiteko, aurrez zozketaz izendatutako batzordekideen artetik batzordeburuak proposatzen duen pertsona izendatuko du Langileen Kudeaketarako zuzendariak.
Ordezkaritza handiena duten erakunde sindikalek ordezkari bat izendatu ahal izango dute Batzorde bakoitzean, begirale lanak egiteko.
Batzorde Barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz izentu ahal izango dira ordezko batzordekideak. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren azaroaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentziorako eta uko egiteko kausetara lotuta egongo dira batzordekideak.
Langileen Kudeaketarako zuzendariak gaian espezialistak diren bi aholkulari sartu ahalko ditu beharrezkoa dela iritzitako Batzordeetan.
Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan aurreikusten denaren arabera, bidai-gastuengatiko kalte-ordainak ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak (28ko EHAA) dioenari jarraikiz ordainduko dira. Dekretu horrek zerbitzuengatiko kalte-ordainen zenbatekoak eguneratzen ditu.
Batzorde Barematzailearen osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko da: http: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net
Baremoaren gainerako atalengatik lehiakideei dagokien puntuazioa hala dagokion administrazio-unitateak emango du.
VIII. KAPITULUA
PROZEDURAN ONARTZEARI ETA PUNTUAZIO-EMATEARI BURUZKO EBAZPENAK
Hamalaugarrena.- Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.
1.- Langileriaren Kudeaketako Zuzendaritzan Batzorde Barematzaileen aktak eta langile-atalek esleitutako puntuazioa jaso ostean (barematu behar dituzten merezimenduei dagokienez), ebazpena emango du Langileriaren Kudeaketako zuzendariak, eta, behin-behinean, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak onetsiko dira; azken kasu horretan, baztertzeko arrazoia zein den adieraziko du. Gainera, baremoko atal bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa jakinaraziko du.
Ebazpena eta behin-behineko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, argitara emango dira, sail honen Interneteko helbidean: www.irakasle.eus. Halaber, informazioa zabaltze aldera, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpen hori.
Halaber, behin-behineko zerrendak horrekin batera, lehiakide bakoitzak parte-hartzailearen fitxa jasoko du. Bertan, ikusgai jarriko dira parte-hartzaile bakoitzaren identifikazio-datuak: parte-hartzea, merezimenduak eta eskatutako lanpostuak.
2.- Lehiatzaileek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko ebazpen horren aurka, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, adierazitako Interneteko helbidean argitaratzen denetik hasita.
Hamabosgarrena.- Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.
1.- Aurkeztutako erreklamazioak aztertuta, ebazpena emango du Langileriaren Kudeaketako zuzendariak, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betiko onesteko; azken kasu horretan, adieraziko du zein den baztertzeko arrazoia. Gainera, baremoko atal bakoitzean onartutako parte-hartzaileei emandako puntuazioa ere jakinaraziko du.
Ebazpena eta behin betiko zerrendak interesdunei jakinarazte aldera, argitara emango dira, sail honen Interneteko helbidean: www.irakasle.eus. Halaber, informazioa zabaltze aldera, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpen hori.
2.- Aipatutako behin betiko zerrenda horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote sail honetako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrenda Interneten argitaratu eta biharamunetik hasita.
IX. KAPITULUA
DESTINOAK ESLEITZEKO EBAZPENAK ETA LANPOSTUAZ JABETZEA
Hamaseigarrena.- Lanpostu hutsen behin-behineko esleipena.
1.- Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, destinoen behin-behineko esleipena onartuko da lortutako puntuazioari eta parte-hartzaileen eskaeren lehentasunei jarraituta, eta ebazpen hori, esleipenaren behin-behineko zerrendekin batera, sail honen www.irakasle.eus webgunean argitaratuko da, interesdunei jakinarazteko. Halaber, informazioa zabaltze aldera, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko da Langileriaren Kudeaketako zuzendariaren ebazpen hori.
Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren atal bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta atalek baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz.
Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiataletan lortutako puntuak hartuko dira aintzat, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.
Bi kasuotan, arlo bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan atal bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, eta, azpiatalen kasuan, ezta azpiatalak sartuta dauden arloak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiatal bat edo gehiago sartuta dagoen atalaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiataletan izandako puntuazioak.
Beharrezkoa balitz, kidegoan sartzeko oposizioak egin zituzten urtea hartuko litzateke kontuan azken irizpide gisa, zaharrena lehenetsiz berrienaren aurrean, eta urtearen barruan, prozesuan lortutako puntuaziorik altuena lehenetsiz baxuenaren aurrean.
Hamazazpigarrena.- Erreklamazioak eta uko-egiteak.
Lehiatzaileek behin-behineko esleipena dela-eta erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte, esleipen hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Interneteko helbidean (www.irakasle.eus) argitaratu eta biharamunetik 5 egun balioduneko epean. Lehiakide boluntarioek, epe horretan bertan, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin diezaiokete, lehiaketak parte-hartzeko eskabidean idatzitako eskaera guztiei eragin diezaiekeela ulertuta. Uko egiteko idazkiarekin batera, nortasun agiri nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da.
Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela esan nahi behin betiko esleipenean lortuko ez denik.
Hamazortzigarrena.- Lanpostu hutsen behin betiko esleipena.
Erreklamazioak aztertuta eta, hala badagokio, aurreko oinarrian aurreikusitako uko-egiteak onartuta, destinoen behin betiko esleipena onartzeko agindua emango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, aginduan, lehiaketako destinoen behin betiko zerrendak non eta noiz argitaratuko diren jakinaraziko da.
Lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipenaren aurkako errekurtsoak, parte hartu den Hezkuntza Administrazioa edozein izan dela ere, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion Hezkuntza Administrazioari zuzendu beharko zaizkio, eta Hezkuntza Administrazio horrek ebatzi beharko ditu.
Hemeretzigarrena.- Jarduneko zerbitzura itzultzea.
Eszedentzian dauden eta lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren ikuskatzaileek, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan:
1.- Eszedentziarako aginduaren kopia.
2.- Irakaskuntzarekin bateraezina den gabezia edo gaixotasun fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duen medikuaren ziurtagiri ofiziala.
3.- Agindua edo zinpeko aitorpena, non adierazten baita diziplina-espedientearen arabera, ez dagoela Estatuko, tokiko edo Autonomia Erkidegoko Administrazioaren inongo kidegotatik bereizita eta ez dagoela funtzio publikoen jardunerako ezgaituta.
Hala ere, lehiaketa honetan destinoa lortu duten baina beste irakasle kidego batean jardunean daudenek ez dituzte aurkeztu beharko aipatutako agiriak.
Hogeigarrena.- Lanpostuaz jabetzea.
Destino berriak 2017ko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan.
Hogeita batgarrena.- Destinoen ukaezintasuna.
Ezin izango zaie uko egin lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei.
Hogeita bigarrena.- Ordainsariak.
Destinoa lortzen duten eremuari dagozkion ordainketa arauen arabera jasoko dute euren ordainsaria oinarri hauen babespean araututako deialdiaren bidez euren jatorriaz bestelako kudeaketa eremu batean behin betiko destinoa lortu duten funtzionarioek.
X. KAPITULUA
IZAERA PERTSONALEKO DATUAK
Hogeita hirugarrena.- Datu pertsonalen erabilera.
Pertsona parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.
Datu horiek inola ere ez dituzte beste batzuek erabiliko, eta laga ere ez zaizkie lagako, ez bada interesdunaren baimen argi eta garbirik, edo ez bada Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 6.2 eta 11.2 artikuluetan jasotako kasuren batean (1999ko abenduaren 14ko BOE, 298. zk.).
Aipatutako 15/1999 Lege Organikoan xedatua betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, edozein unetan, eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango ditu, erregelamenduan zehaztuko den moduan.
Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonaleko Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenetara egokitu beharko da.
I. ERANSKINA
IKUSKATZAILETZA-ZENTROAK
II. ERANSKINA
LEHENTASUN BAREMOA DESTINOEN ESLEIPENEAN
III. ERANSKINA
2016-2017AN LEKUZ ALDATZEKO LEHIAKETAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA HEZKUNTZA ADMINISTRAZIOKO IKUSKARIEN KIDEGOA ETA HEZKUNTZAKO IKUSKARIAK