EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2016202

EBAZPENA, 2016ko urriaren 10ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bitartez erabakitzen baita, deialdi publikoaren bidez, prozedura hau hastea: Lekeitioko (Bizkaia) portuan amarralekuak erabiltzeko baimenak emateko prozedura.

Xedapenaren data: 2016-10-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201604506
Maila: Ebazpena
Lekeitioko portuak baditu profesional ez diren aisia-ontzientarako amarratze-instalazioak; eta horiek okupatzeko amarralekuak erabiltzeko baimena edo titulu administratiboa izan behar da aldez aurretik.
Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasunekoak diren portuetan baimen horiek emateko prozedura Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduak arautzen du, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan profesional ez diren aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura arautzeko dena, hain zuzen. Agindu horren 3. artikuluan zehazten denez, amarralekuak eskuratzeko eskabide-orriak aurkeztu ahal izateko epea zabalduko du Administrazioak, eskuduna den agintaritzaren ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarriko da deialdi hori.
Aurrekoagatik guztiagatik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 6.e) eta 14.1.m) artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan, profesional ez diren aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura arautzen duen Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduak zuzendaritza honi ematen dizkioten ahalmenak baliatuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea, deialdi publikoaren bitartez, Lekeitioko portuan amarralekuak erabiltzeko baimenak emateko prozedurari, betiere ebazpen honen I. eranskinean jasotako oinarriekin bat.
Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari; beraz, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraioetako sailburuordeari, edo ebazpena eman duenari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 10a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdi honen xedea hauxe da: Lekeitioko portuan amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak ematea.
2.– Profesional ez den aisia-ontzi baten titular den orok aurkez dezake eskabidea.
Bigarrena.– Eskainitako amarralekuak.
1.– Berrehun eta hirurogeita hiru (263) amarraleku daude eskainita:
2.– Amarralekuen kokapenak honako helbide honetan jarritako eta behera kargatu daitekeen planoan daude adierazita: www.euskadi.eus, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren atalean – Garraioak – Portuak (Garraio azpiegiturak) – Kirol portuak – Amarralekuak: «Lekeitio 2016ko deialdia».
3.– Administrazioak ahalmena du erabilgarri dauden amarralekuen kopurua aldatu, murriztu edo handitzeko, baita horien ezaugarriak ere, betiere antolaketa-planekin bat.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Ebazpen honetako II. eranskinean jasotako eredu normalizatuan aurkeztu beharko da eskabidea; doan emango da leku hauetan: Bizkaiko portuen lurralde zerbitzuan (Elcano 3 behea, 48011 Bilbao), eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 7. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz); astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.
2.– Halaber, Eusko Jaurlaritzaren webgune elektronikoan ere (www.euskadi.eus) behera kargatu ahal izango da eredua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren atalean -Garraioak – Garraioak – Portuak (Garraio azpiegiturak) – Kirol portuak – Amarralekuak: «Amarratzeko eskaera».
3.– Eskabidearekin batera, Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 2004ko apirilaren 20ko Aginduaren 4.2 artikuluan eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
4.– Ontzi batek eta berorren ekipo propultsatzaileak CE marka badute, ontzi horren titularrak, idazpen-orriaren ordez, inskripzio-ziurtagiria aurkeztu ahal izango du.
Laugarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua.
Eskabideak zuzenean aurkeztu ahal izango dira honako leku hauetan: Bizkaiko portuen lurralde zerbitzuan (Elkano 3 behea, 48011 Bilbao), eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Lakua 1, 7. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz); astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Horrek ez du eragotziko Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluak xedatutakoa.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 2016ko azaroaren 2an hasiko da, eta azaroaren 25ean amaitu (astelehenetik ostiralera).
Seigarrena.– Prozedura.
1.– Baimenak emateko prozedura honako agindu honetan ezarritakoa izango da: Agindua, 2004ko apirilaren 20koa, Garraio eta Herri Lanetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren portuetan eta portu-instalazioetan, profesional ez diren aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak emateko prozedura, hain zuzen ere.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Portuko Administrazioarekin zorrak dituzten eskatzaileei ezin izango zaie inolaz ere amarralekurik eman.
Zazpigarrena.– Amarralekuak erabiltzeko baimena.
1.– Amarralekua erabiltzeko baimena hiru urterako izango da.
2.– Hilabete batez jarraian edo bi hilabetez era ez jarraian esleipendunak plaza ez badu okupatzen urte bateko epean, amarralekua galduko du, justifikatutako kausaren bat salbu; Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak aztertu eta onartu beharko du kausa hori.
Zortzigarrena.– Argitalpena.
1.– Bizkaiko portuen lurralde zerbitzuko iragarki-taula (Elcano 3 behea, 48011 Bilbao) eta Bizkaian gehien saltzen diren bi egunkariak erabiliko dira argitalpenak egiteko, deialdiaren garapenaren inguruko informazio guztia eta deialdiari buruzko argitalpenak, hauek jakinarazpenen ordezkoak izango dira, prozedurari amaiera ematen dioten ebazpenen kasuan salbu, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 59.6.b) artikuluan ezarritakoarekin bat.
2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira prozedura amaitzen duen ebazpena, Lekeitioko portuan amarralekuak erabiltzeko emandako baimenak, ezetzak eta itxarote-zerrenda.
Bederatzigarrena.– Datuak babestea.
1.– Izaera Pertsonaleko Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren 5. artikuluan xedatutakoa betetzeko xedez, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jakinarazten du esleipendunek ematen dituzten datu pertsonalak «Emakidak eta baimenak portuko jabari publikoan» eta «Portuetako tarifak» fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horien ardura Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak du. Amarralekuak erabiltzeko aldi baterako baimenak kudeatzea dute helburu datu horiek biltzeak eta tratatzeak, eta aipatutako zuzendaritzari bidaliko zaio informazioa.
2.– Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).