EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2016202

49/2016 EBAZPENA, urriaren 4koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Munduko Landagunearen artean sinatutako hitzarmena argitaratzea, Familia Nekazaritzaren +10 (FNNU+10) Nazioarteko Urtearen Ekimena Indartzeko proiektu bat finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201600049
Xedapenaren data: 2016-10-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201604502
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu du, eta, horri eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Munduko Landagunearen artean sinatutako hitzarmenaren testua, Familia Nekazaritzaren +10 (FNNU+10) Nazioarteko Urtearen Ekimena Indartzeko proiektu bat finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 4a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 4KO 49/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA MUNDUKO LANDAGUNEAREN ARTEKO HITZARMENA FAMILIA-NEKAZARITZAREN +10 (FNNU+10) NAZIOARTEKO URTEAREN EKIMENA INDARTZEKO PROIEKTU BAT FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
BILDU DIRA:
Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria.
Auxtin Ortiz Etxeberria jauna, Munduko Landagunea Garapenerako Elkartearen zuzendaria.
ESKU HARTU DUTE:
Lehenak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bigarrenak, Munduko Landagunea Garapenerako Elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea 2014 (FNNU2014) ospatzea oso aukera egokia izan zen nekazaritza-politikak nazio osoan, eskualdeetan eta nazioartean sustatzeko; izan ere, politika horiei esker gosea, desnutrizioa eta pobrezia modu jasangarrian eta lurraldea eta ingurumena zainduz desagerrarazteko ekoizpen-eredu hori aintzatetsi eta eredu horrek egindako ekarpena bultzatu ahal izan da. FNNU2014 aukera aparta izan zen landa-garapenaren oinarri den familia-nekazaritzaren sustapena oinarritzat hartzen duen produkzio-eredu horren kudeaketa publiko handiagoa eta hobea sustatzeko.
Bigarrena.– Sozietate zibilak, Brasiliako Deklarazioaren bitartez, orain arte lortutakoa goraipatu du, eta, bestalde, adierazi du Familia Nekazaritzaren aldeko ekintza globala sustatzen jarraitu behar dela FNNU2014tik haratago. Testuinguru horretan, agente askok –publikoek nahiz sozietate zibilekoek– erabaki dute FNNU2014an, FNNU+10 ekimenaren bitartez, izandako lorpenei jarraipena ematea eta lorpen horiek indartzea. Ekimen horren helburua familia-nekazaritzaren aldeko politika publikoak hobetzen jarraitzea eta zazpi gairen inguruan lanean jarraitzea izango da: tokiko eta eskualdeko merkatuetarako sarbidea, kreditua lortzea, teknologia egokiak baliatzea, baliabide naturalak eskuratzea klima-aldaketaren testuinguruan eta emakumeen eta gazteen antolamendua eta rola indartzea. Hitzarmen honen bitartez, jarraipena eman nahi zaie 2014-2015 aldiko Esparru Akordioa ezarri zenean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen eta Munduko Landagunearen artean ireki ziren lanerako eta baterako lankidetzarako aukerei.
Hirugarrena.– Munduko Landagunea Garapenerako Elkartea irabazi-asmorik gabeko Elkartea da; Euskadin du egoitza soziala, nazioarteko lan-sarean elkartuta dauden pertsona fisikoez eta erakunde juridikoez osatuta dago, eta helburu nagusia landa-garapen iraunkorra garapen globalari atxikitako elementu gisa sustatzea da.
Munduko Landaguneak ECOSOCen aurrean aholkulari-maila berezia duenez, proposamenak bidal ditzake eta Nazio Batuen sistemaren hitzaldietan parte har dezake. Era berean, FAO erakundeak lotura-maila eman zionez, errekonozimendu ofizial horrek aukera ematen dio FAOren eta Elikadura Segurtasuneko Batzordearen Konferentzietan parte hartzeko.
Munduko Landagunea FNNU2014a aitortzearen aldeko kanpainaren buru izan zen eta kanpaina hori koordinatu zuen. Kanpaina horrek 60 herrialdeko 355 erakunderen laguntza izan zuen eta oso lagungarria izan zen erakunde horien arteko loturak indartzeko. FNNU+10 ekimenaren esparruan, Munduko Landaguneak jarraitzen du Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalen munduko sare hori koordinatzen, eta sare hori indartzen eta hedatzen laguntzen du hainbat herrialdetan Batzorde berriak sortuz, Familia Nekazaritzaren aldeko politika publikoak hobetzeko.
Horretarako, Munduko Landaguneak estrategia bikoitza du: alde batetik, Batzorde Nazionalen eragin politikoko ekintza jakin batzuk gauzatzen laguntzen du herrialde bakoitzean; eta, bestetik, Batzorde Nazionalak Familia Nekazaritzaren aldeko agenda global batean antola daitezen sustatzen jarraituko du, eta sareko lana ez ezik, Batzorde horien artean esperientziak truka daitezen ere ahalbidetuko du.
Laugarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (GLEA) sortzen duen araudian ezarrita dagoen bezala, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, eta baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
2014-2017 aldiko Plan Zuzendarian gobernantza demokratikoa eta tokiko boterea ezarri dira lanerako linea sektorial gisa –aipamen espezifikoa eginez sozietate zibileko erakundeak eta mugimendu sozialak garapen-eredua aldatzeko eta pobreziaren aurka borrokatzeko subjektu gisa indartzeari-, eta lan-ildo gisa biltzen dira –hitzarmenak sinatzearen esparruan eta 2008-2011 aldiko Plan Estrategiko eta Zuzendarian ezarritakoari jarraipena egiteko esparruan– partaidetza indartzea eta sozietate zibilaren gaitasunak sendotzea, xede-biztanleriak eragin politikoko prozesuak bultzatzea eta esperientziak eta jakiteak trukatzeko guneak sortzea Euskadiko tokiko erakundeen eta jarduten den herrialdeetako erakundeen artean bi noranzkotan.
Bosgarrena.– Hitzarmen honen helburua FNNU+10 ekimenaren esparruan GLEAren eta Munduko Langunearen arteko lankidetza sendotzea eta indartzea da, Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalen Munduko Sarea indartu dadin sustatuz; horretarako, Batzordeen artean dauden koordinazio-mekanismo komunak indartuko dira, Familia Nekazaritzaren aldeko politika efektiboei buruzko ezagutza trukatu eta hedatu dadin sustatuko da eta beste agente batzuek Sarearekiko lankidetzan duten konpromisoa areagotuko dute.
Zehazki, GLEAk eskainiko duen laguntza honako hau izango da: alde batetik, Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalen arteko koordinazio-mekanismo komunak indartzea (etengabeko laguntza teknikoaren bitartez eta Munduko Landaguneak tokirako bidaiak eginez); eta, bestetik, Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalek sortutako ezagutzak, esperientzia arrakastatsuak eta ikasitako guztia trukatu eta hedatu dadin sustatzea. Kasu horretan, aurreikusten da komunikaziorako puntu nagusien sare bat sortzea, eta sare horrek, Munduko Landagunearekin batera, Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalen artean ezagutza partekatzeko eta sortzeko ekintzak sustatzea, baita ezagutza hori Familia Nekazaritzako agente nagusien artean hedatzea ere tokian-tokian eta globalki.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua alderdi sinatzaileen arteko (Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Munduko Landagunea) harremanak arautzea da, FNNU+10 ekimenaren Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalen Munduko Sarea Indartzea xedetzat duen proiektu bat elkarrekin finantzatzeko.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1.– Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalek koordinazio-printzipio eta -tresna komunen arabera lan egiten dute.
2.– Familia Nekazaritzaren aldeko politika efektiboei buruzko ezagutza trukatu eta hedatu dadin sustatu da.
3.– FNNU+10 ekimenaren Familia Nekazaritzaren Batzorde Nazionalen Munduko Sarearekiko konpromisoa areagotu dute gobernuek, nazioarteko erakundeek eta sozietate zibileko erakundeek.
Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehazten dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 12 hilabetekoa izango da, 2016ko uztailaren 1etik aurrera zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua laurogeita bost mila hirurehun eta sei euro da (85.306,00 euro); kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Munduko Landaguneak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian bildutakoak ere, guztira hirurogeita bost mila hirurehun eta sei euro eta zero zentimoko (65.306,00 euro) ekarpena eginez.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hogei mila euro eta zero zentimoko (20.000,00 euro) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Munduko Landaguneari:
% 100, hogei mila euro eta zero zentimo (20.000,00 euro), hitzarmena sinatu ondoren.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikoak nahiz pribatuak, helburu berarekin eman litzakeenarekin, betiere horren ondorioz, gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Alderdi bakoitzak diruz lagundutako partidak erantsitako aurrekontu xehatuan ezartzen direnak izango dira.
Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Munduko Landagunearen bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek gutxienez ohiko bilera bat egingo du azken txosten tekniko-finantzarioa egikaritzen bukatzen denean eta/edo txosten hori aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak bilduko dira kide horietako batek egokitzat ikusten badu eta horretarako eskaera egiten badu.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Seigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Zazpigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Munduko Landaguneak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Zortzigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmenaren indarraldia hitzarmena izenpetzen den egunean hasiko da eta 2017ko ekainaren 30ean amaitu.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
Munduko Landagunea Garapenerako Elkartearen zuzendaria,
AUXTIN ORTIZ ETXEBERRIA.