EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2016202

45/2016 EBAZPENA, urriaren 4koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuaren artean Euskadiko Garapenerako Lankidetzako Agenteen Ahalmenak Sendotzeko sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600045
Xedapenaren data: 2016-10-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201604501
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskadiko Garapenerako Lankidetzako Agenteen Ahalmenak Sendotzeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 4a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 4KO 45/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA HEGOA NAZIOARTEKO LANKIDETZA ETA GARAPENARI BURUZKO IKASKETA INSTITUTUAREN ARTEKO HITZARMENA, EUSKADIKO GARAPENERAKO LANKIDETZAKO AGENTEEN AHALMENAK SENDOTZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
BILDU DIRA:
Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria.
M.ª Victoria Lamas Veiga andrea, Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuko presidentea.
ESKU HARTU DUTE:
Lehenengoak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bigarrenak Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuaren –Hegoa, aurrerantzean– izenean eta hura ordezkatuz.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Azken urteetan nazioartean zenbait aldaketa izan dira lankidetzaren garapenari eta ikusmoldeari buruzko eztabaida eta proposamenei dagokienez, eta, horregatik, etengabe eguneratu beharrean aurkitu gara, eta, pixkana-pixkana, gai horiei heltzeko aukera berriak zabaldu ditugu. Gauzak horrela, Euskadin lankidetzaren alorrean diharduten agenteen ahalmenak indartu behar dira, lankidetza deszentralizatuaren espezifikotasunetik abiatuta eta haren balio bereizgarria onartuta, gaur egun garapenerako lankidetzaren alorrean gertatzen ari diren ikuspegi- eta joera-aldaketa globalen esparruan birkokatzeko.
Bigarrena.– Hegoa Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Institutu Misto bat da, unibertsitate horrek eta Hegoa elkarteak sortua. Hegoa 1987. urtean sortu zen, eta unibertsitate-institutua eta elkarte zibila den heinean, giza garapenaren sustapena eta nazioarteko lankidetza ditu lan-eremu. Ildo horretan, hainbat ekarpen egiten ditu: ikerketa eta azterketa, informazio- eta dokumentazio-baliabideak, graduatu ondoko ikasketak eta garapen eta lankidetzari lotutako unibertsitate-prestakuntzako beste irakaskuntza-programa batzuk, lankidetzaren gizarte-ehuna sendotzeko ahalmenen sorkuntza eta Euskadiko hainbat entitate eta erakunde publikori eskainitako aholkularitza teknikoa.
Hirugarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoenez, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko entitate publikoa, baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
Laugarrena.– Hegoak eta Eusko Jaurlaritzak bi hamarkadatik gora daramate elkarlanean, lehenik Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritzaren bitartez, eta 2011tik aurrera Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, eta esan beharra dago esperientzia hori garrantzitsua eta emankorra izan dela. Hari esker, (i) garapenerako lankidetzaren alorreko ehunka profesionalek prestakuntza jaso dute, eta haietako askok lanean dihardute, gaur egun, nazioarteko hainbat erakunde, garapenerako agentzia eta gizarte-entitate eta gizarte-erakundetan, Euskadin eta Euskaditik kanpo; (ii) Dokumentazio Zentro bat garatu da, erreferentziazkoa ikerketa- eta dokumentazio-baliabideen sorkuntzaren alorrean; eta (iii) askotariko lanak egiteko aukera izan da ikerketaren eta aholkularitza teknikoaren alorrean, Euskadiko entitate eta erakundeek aplikatutako garapen-politiken hainbat alderdiri buruzkoak.
Bosgarrena.– Horregatik guztiagatik, proposamen honek Hegoaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren arteko lankidetza sendotzeko eta indartzeko helburua dauka, garapenerako euskal lankidetzaren gizarte- eta erakunde-sarea osatzen duten entitate, gizarte-agente eta erakunde guztiak sendotzeko. Zehazki, proposamenak honako hiru eremu espezifiko hauetan laguntzea hartzen du aintzat: (i) garapeneko eta/edo lankidetzako graduondoko unibertsitate-programetan; (ii) Dokumentazio Zentroan eta hark eskainitako zerbitzuetan; eta (iii) garapenerako euskal lankidetza hobetzeko ikerlan eta/edo laguntza-lanetan.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere honako klausula hauei jarraikiz:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen bitartez, hitzarmena izenpetzen duten alderdien –Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Hegoa Nazioarteko Garapen eta Lankidetzari buruzko Institutuaren– arteko harremanak arautu nahi dira, Euskadin garapenerako lankidetzaren gizarte-sarea osatzen duten pertsonen eta entitate eta erakundeen ahalmenak (lanbide-ahalmenak, ikerketa-ahalmenak, eragin-ahalmenak eta abar) indartzeko proiektu bat batera finantzatzeko. Horretarako, graduondoko prestakuntza espezializatua, eguneratutako informazio eta dokumentazio zientifikoa eta dibulgaziozkoa eta Hegoaren ikerketa eta aholkularitza sustatuko dira.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1.– Giza Garapen Jasangarriari lotutako problematiken konplexutasuna diziplina anitzeko ikuspegi eta genero-ikuspegi batetik interpretatu eta horren inguruan elkarreragiteko prestakuntza espezializatua eta gaitasunak (ezagutzazkoak, prozedurazkoak eta jarrerazkoak) dituzten profesionalak.
2.– Globalizazioaren fenomenoa eta Giza Garapen Jasangarriarekin dituen loturak diziplina anitzeko ikuspegi eta genero-ikuspegi batetik ikertzeko ahalmena eta horren inguruko prestakuntza espezializatua duten pertsonak.
3.– Lankidetzaren eta/edo hezkuntzaren arloko profesionalek eta/edo laguntzaileek beren gaitasunak eguneratu eta garatu dituzte (pentsamendu kritikoa; talde-lanerako eta ekintza kolektiborako metodologiak eta tresnak; errealitatearen irakurketa etikoa egiteko balioen eta printzipio etiko horietan oinarritutako jardunbideen garapena). Horretarako, etengabeko prestakuntza erabili dute garapenaren, lankidetzaren eta hezkuntzaren eremuetan, diziplina anitzeko ikuspegi eta genero-ikuspegi batetik.
4.– Nazioarteko garapen eta lankidetzari lotutako prestakuntza eta ikerketara, eta, bereziki, informazio eta dokumentazio eguneratua eskuratzeko aukerara bideratutako laguntza-zerbitzuak eman dira (Liburutegi Digitala, Buletinak, Hemeroteka, Multimedia, Argitalpenak, alfabetatze informazionala eta arreta presentziala) Hegoaren Dokumentazio Zentroaren bitartez.
5.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta euskal lankidetzaren arloko agenteek Nazioarteko Ekintza Humanitarioaren egoerari eta agertzen dituen joera eta aldaketei buruzko informazio garrantzitsua eta eguneratua dute formatu eskuragarri batean.
Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzako ideia nagusian zehaztuta daude.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 27 hilabete izango da, 2016ko urriaren 1etik aurrera zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua seiehun eta berrogeita zazpi mila bederatziehun eta hirurogeita bat euro eta zentimo bat da (647.961,01), eta kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Hegoak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak eta erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, eta guztira berrehun eta bat mila hirurehun eta hogeita hamalau euro eta hirurogeita zortzi zentimoko (201.334,68) ekarpena egingo du.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak laurehun eta berrogeita sei mila seiehun eta hogeita sei euro eta hogeita hamahiru zentimoko (446.626,33) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Hegoari:
% 40, hau da, ehun eta hirurogeita hemezortzi mila seiehun eta berrogeita hamar euro eta berrogeita hamahiru zentimo (178.650,53), hitzarmena sinatu ondoren.
Beste % 20 gehigarri bat, hau da, laurogeita bederatzi mila hirurehun eta hogeita bost euro eta hogeita zazpi zentimo (89.325,27), diru-laguntzaren % 32ko edo hortik gorako zenbateko bat justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara.
Gainerako % 40a, hau da, ehun eta hirurogeita hemezortzi mila seiehun eta berrogeita hamar euro eta berrogeita hamahiru zentimo (178.650,53), diru-laguntzaren % 48ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako ere, dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikok nahiz pribatuk, helburu berarekin eman litzakeenekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.
Alderdi bakoitzak diruz lagundutako partidak erantsitako aurrekontu xehatuan ezartzen direnak izango dira.
Bosgarrena.– Gastuen egozpena.
2016ko urriaren 1etik 31ra bitarte, 5. emaitzaren jarduerei lotutako gastuak baino ez dira egotziko. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta 2018ko abenduaren 31n hitzarmen hau amaitu arte, emaitza guztiei lotutako gastuak egotzi ahal izango dira.
Beraz, graduondoko prestakuntza espezializatuari eta dokumentazio-zentroari lotutako gastuak (1., 2., 3. eta 4. emaitzak) 2017ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arte egotziko dira, eta Ekintza Humanitarioko azterketari eta mintegiei lotutako gastuak (5. emaitza), berriz, 2016ko urriaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arte.
Seigarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili beharreko banku-kontua.
Hegoak ES87 2095 0362 0091 07952100 zenbakiko banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa (eurotan), hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua kontu espezifiko horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako diru-mugimendurik egin.
Zazpigarrena.– Jarraipen Batzorde Misto.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako bi ordezkari, agentziaren Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, berriz, idazkaria.
Hegoako bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde horrek ohiko bilkura bat egingo du gutxienez lehenengo egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo lehenengo txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren; beste bat bigarren egikaritzapen-urtearen amaieran eta/edo bigarren txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta beste bat –azkena– amaieran, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, kideek egokitzat hartzen dutenean eta, hala badagokio, alderdietako batek eskatzen duenean bildu ahal izango da Jarraipen Batzorde Mistoa.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zortzigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren izaerari dagokionez jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Bederatzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Erakunde interesdunek baimena eskatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Hamargarrena.– Indarraldia.
Hitzarmenaren indarraldia hitzarmena sinatzen den egunean hasiko da, eta 2018ko abenduaren 31n amaitu.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuko presidentea,
M.ª VICTORIA LAMAS VEIGA.