EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016201

EBAZPENA, 2016ko urriaren 3koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Reciclajes y Chatarras Legazpi, S.L. Basaurin (Bizkaia) sustatzen ari den hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jardueraren inguruan.

Xedapenaren data: 2016-10-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201604485
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2016ko uztailaren 1ean, eskaera bat jaso zen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Reciclajes y Chatarras Legazpi, S.L. merkataritza-sozietateak Basaurin egin nahi duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jardueraren proiektuaren inguruan; bertan eskatzen zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura has dadila, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat; arau horretako II. eranskinaren 9. taldearen d hizkian jasota dago proiektua.
Abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat, 2016ko abuztuaren 3an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektu honek eragiten dien administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, interesekoa izan daitekeen informazioa bildu eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazteko.
Hauei egin zaie kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (bi horiek Eusko Jaurlaritzaren erakundeak); Ihobe, Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa; Uraren Euskal Agentzia; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa; Basauriko Udala, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan.
Kontsultak izapidetu eta gero, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak (bi horiek Eusko Jaurlaritzaren erakundeak) eta Basauriko Udalak erantzun dute, eta espedientean jaso da emaitza. Hartarako, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da garapen jasangarria sustatzeko.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuen ebaluazioek behar bezala bermatu beharko dituzte, besteak beste, planifikazio-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa, eta, aukera egokienak hautatu ahal izateko, ingurumenaren gaineko eraginei buruzko azterketa, jardueren ondoriozko eragin metatzaile eta sinergikoak kontuan izanik, betiere.
Abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean dauden proiektuei. Beraz, ingurumen-ebaluazioaren arloko indarreko legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio Reciclajes y Chatarras Legazpi, S.L.k sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerari, eta prozedura horren ondoren zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko eragin nabarmenik duenetz, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaionetz.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea, hura baita erakunde eskuduna (Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998ko Lege Orokorra eta Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua). Bertan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeenetz eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaionetz proiektuari.
Hauek ikusirik: Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Reciclajes y Chatarras Legazpi, S.L.k sustatutako hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jardueraren inguruan, ondoren adierazitakoaren arabera.
A) Aztertzen ari garen proiektuaren helburua da hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazio bat martxan jartzea Basaurin. Egiteko jarduera nagusiak dira hondakin ez-arriskutsuak sailkatu, hautatu, biltegiratu eta kudeatzea eta ibilgailuak tratatzea haien bizi erabilgarriaren amaieran.
B) Ebazpen honetan aztertzen da 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat datorren proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia.
1.– Proiektuaren ezaugarriak:
562,10 m
Pabilioia oinplano errektangularreko eraikin bat da, eta dimentsio hauek ditu: 30,80 m luze eta 18,25 m zabal. Profil metalikoko oinarridun zazpi portikok osatzen dute sostengu-egitura, eta estalkia bi isurkikoa da. Itxitura bataz beste 3 metroko garaiera duen hormigoi-blokezko fabrikako obra-hormekin egina dago, fibrozementuzko plakekin eta plaka metalikoekin konbinatua estalkira arte. Zolata hormigoizkoa da, eta kontserbazio-egoera onean dago.
Barnean daude bulegoak, komunak eta aldagelak, 30,00 m
Hauek dira egin beharreko jarduerak:
– Hondakin metaliko ez-arriskutsuak kudeatzea: hondakinak salerosi, sailkatu, hautatu, biltegiratu eta bidaltzea. Kode hauekin sailkatzen dira hondakinak balorizatzeko jarduera horiek, Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean xedatuaren arabera: R12-R13. Kudeatutako hondakinak autoak desegiteko tokietatik, ibilgailuak konpontzeko lantegietatik, aluminiozko arotzeriako lantegietatik eta abar etorriko dira funtsean. Urtean, gutxi gorabehera 5.821 T kudeatzeko gaitasuna aurreikusten da.
– Aldi baterako biltegiratzea berunezko bateria erabilien bilketaren arloan (R13 kodea).
– Ibilgailuak tratatzea haien bizitza erabilgarriaren amaieran (piezak jaso, deskontaminatu, desmuntatu eta errekuperatzea, saltzeko).
Instalazioak: hondakinak kudeatzeko jarduerak aurreikusi dira pabilioiaren barnean zein kanpoan, aire zabalean, instalazioen parte den partzelan. Hondakin arriskutsuen jarduerak, erabiltzen ez diren ibilgailuen tratamendu-zentroa eta bateria erabiliak biltegiratzea kasu, pabilioi baten barnean egingo dira osoki, eta, hondakin metaliko ez-arriskutsuen kudeaketaren kasuan, aldiz, biltegiratzeen parte bat aire zabalean egingo da (partzela hormigoitua eta iragazgaitza) ibilgailu tratatuak ere aire zabalean biltegiratuko dira, hondakin ez-arriskutsu bezala ekarriak baitira horiek ere.
Lehengaiak: olio hidraulikoa eta gasolioa dira jarduera egiteko kontsumitutako lehengai arriskutsuak, eta ez dira zentroan biltegiratuko.
Hondakinak sortzea: hondakin arriskutsuak (HA) eta ez-arriskutsuak (HEA) sortuko dira. HAk ontzi egokietan bilduko dira, pabiloiaren gune bereiztu batean eta iragazgaiztutako zoruaren gainean, kudeatzaile baimendu batek bertatik kendu arte; zentroan ezin izango da 6 hile baino denbora gehiagoz biltegiratu.
HEAk kudeatzaile baimendu baten bidez kudeatu behar dira duten tipologiaren arabera, edo administrazioak aurreikusitako kudeaketa-sistemen bidez, hala dagokionean.
Isuria: partzelak isurketa-urak biltzeko sare bat du, eta hidrokarburoen banatzaile batean tratatzen dira ur horiek euri-uren udal-sarera isuri baino lehen.
Isurtze atmosferikoak: atmosferara isuriko dena hautsa izango da, funtsean materialaren zamalanetan sortutako hautsa.
Zarata: materialaren zamalanetan eta instalazioetan ibilgailuak sartzeagatik gertatuko da.
2.– Proiektuaren kokapena:
Hondakinen kudeaketa-jarduerak helbide honetan dauden instalazioetan egingo dira: Bereziondo 4, Arteagoiti industrialdea, Basauri (Bizkaia). Arteagoiti industrialdearen lurzorua hiri-lurra da, eta erabilera-industrialaren barnean sartzen da harekin egin nahi den erabilera. Partzelaren ekialdean eta hegoaldean, pabilioi industrialekin urbanizatutako guneak daude; iparraldean eta mendebaldean, berdeguneak.
Aurreko atalean aipatu den bezala, 562,10 m
Instalazioa dagoen partzela partez barne hartua dago 1.324,00 m
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko otsailaren 18ko Ebazpenaren bidez adierazi zen industria-erabilerarako lurzoru eraldatua dela lurzorua. Halaber, ebazpen horretan esaten denez, lurzoruaren kalitatea ezagutzeko egindako azterketaren emaitzen arabera, ez dago eragozpenik aurreikusitako jarduera gaitzeko behar diren baimenak emateko.
3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak aintzat harturik, eragin nabarmenenak plantaren jarduera beraren ondoriozkoak izango dira, eta kutsadura atmosferikoari buruzkoak izango dira garrantzitsuenak (zehaztugabeko isuriak, hauts-isuriak, errekuntza-gasak, zarata-mailak eta abar), toki horretan jarduera handituko delako eta burutuko den jarduera-motarengatik.
Hondakinak kudeatzearen ondorioz hondakin arriskutsuak sortzeak eta euri-uren eta aire librean biltegiratzeen arteko kontaktuak eragin dezakete lurzorua kutsatzea baldin eta ez bada beharrezko neurri zuzentzaileekin egiten.
Halaber, hondakinek eta isuriek kutsadura eragin dezakete uretan, eta haien kalitatea aldatu. Hala ere, aurreko kasuan bezala, neurri prebentiboak hartuko dira hori eragozteko.
Bigarrena.– Proiektua egikaritzeko eta sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan adierazitako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriez gain, kontuan izan beharko dira baldintza hauek:
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia, eta, zehazki, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena, eta ekainaren 25eko 4/2015 Legea, lurzoru kutsatua prebenitu eta zuzentzekoa.
– Balorizatu beharreko materialak deskargatu eta biltegiratzea, bai kanpokoa bai barnekoa, behar bezala iragazgaiztutako azalera batean egingo da, eta urak jasotzeko sistema bat jarriko zaio.
– Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalita biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean eta ihesak edo lixibiatu likidoak biltzeko sistemarekin. Gainera, gutxienez hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta hondarren frakzioa.
– Airearen kutsadurari dagokionez, jarduera horrek –atmosfera kutsa dezakeen jarduera izateagatik– izan behar duen baimenean ezarritakoa betetzeaz gain, arreta berezia jarriko zaio ahal den hauts gutxien sortzeari. Horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:
• Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.
• Uda-garaietan edo prezipitaziorik ez dagoenean, kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.
• Aspertsore-sistema bat erabiltzen bada materiala eta iraganbideak bustitzeko, egiaztatuko da alde kritikoenak ureztatzeko punturik egokienean kokatuta daudela eta jarduerak eskatutako behar besteko maiztasunarekin lan egingo dutela. Instalazioko aspertsore-sistema aldizka berrikusi beharko da, hala dagokionean, egoera onean manten dadin. Ildo horri jarraikiz, Legionellosia prebenitzeari zein kontrolatzeari buruzko uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretua izan behar da kontuan.
• Ureztatzearen eraginkortasuna areagotzeko gehigarri tentso-aktiboak eta ur egonkortzaileak injektatzeko beharra dagoen aztertuko da.
• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko gisan egingo dira.
• Biltegiratze-baldintzei dagokienez, saihestu beharko da haizeak hondakinak eramatea, bai eta hondakinaren edo haren osagaien beste edozein galera ere. Metaketen altuera kontrolatuko da.
• Materialak kanpoaldean metatuta dauden kasuetan, metaketa horiek haize-babeslekuetan kokatuko dira.
• Bestetik, olanekin edo hauts-emisioa saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira materiala garraiatuko duten kamioiak.
• Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen esekia ahalik eta txikiena izan dadin.
• Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Kutsadura akustikoari dagokionez: kutsadura akustikoa prebenitzeko beharrezko neurriak hartuko dira; esaterako, eragin akustiko txikieneko teknologiak baliatuko dira, direnik eta teknika onenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnen artean kutsadura gutxien sortzen dutenak, kasuko kutsatzaile akustikoaren bereizgarriak kontuan hartuta, eta, betiere, kutsadura-iturri berriei aplikagarri zaizkien muga-balioak betez, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta gainerako araudietan ezarrita daudenak.
– Halaber, jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute, eta, batez ere, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza onenetan (bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez) funtzionatzen duela bermatzeko.
– Isurketa-baimenean ezarritako mugei eta kontrolei kalterik egin gabe, aurretratamendurako sistemaren ohiko kontrolak egingo dira (hidrokarburoak bereizteko), eta funtzionamendu egokia duela bermatzeko beharrezkoak diren mantentze-lanak egingo dira. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia eta hidrokarburoak kentzea eta gero kudeatzaile baimenduari bidaltzea.
– Hondakinei dagokienez, jarduerak lortu beharreko baimenak edozein direla ere, enpresak sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.
– Hondakinak sortzea minimizatuko da.
– Lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira sortutako hondakinak: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa balitz, ingurumenean eragina izatea saihesteko gisan deuseztatuko dira hondakinak, edo ahalik eta kalterik txikiena eraginez.
– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak izango dira, nahaste horiek saihesteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.
– Hondakin arriskutsuak biltegiratzeko, instalazio horietarako diren baldintza teknikoak bete beharko dira.
– Baztertzen diren olioen, baterien, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, arriskutsutzat jotako substantzia/prestakin guztiak, horiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapuak eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar behar bezalako baldintzetan baztertuko dira, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen arabera eta aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei eta hondakin arriskutsuei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.
– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan hori egiteko egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.
– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendua egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Reciclajes y Chatarras Legazpi, S.L. enpresak Basaurin egin nahi duen hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea bai Basauriko Udalari bai proiektuaren sustatzaileari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 3a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.