EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016201

EBAZPENA, 2016ko irailaren 26koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena. Honen bidez, baimendu egiten da Gaubea udalerriko (Araba) honako instalazio hau: «Estrambasaguas TEAren Berguenda tentsio ertaineko aireko linea elektrikoaren eraberritzea, Fresneda eta 20425. euskarriaren arteko tartean»; halaber, exekuzio-proiektua onartu, eta instalazio hori onura publikokoa dela deklaratzen da.

Xedapenaren data: 2016-09-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201604480
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/08/12an argitaratutako 2016/07/01eko IRAGARPENA [201603577]

Erreferentzia:17960 / Espedientea: 01-AT-H-2016-00007.
Espedientea ebazterakoan, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:
AURREKARIAK
Bat.– 2016ko ekainaren 9an, Oscar Villanueva Moreno jaunak, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren izenean eta ordez (aurrerantzean, Iberdrola), eskatu zuen, honako linea elektriko honi dagokionez, exekuzio-proiektua onartzea, onura publikokoa deklaratzea eta administrazio-baimena ematea: «Estrambasaguas TEAren Berguenda tentsio ertaineko aireko linea elektrikoaren eraberritzea, Fresneda eta 20425. euskarriaren arteko tartean», Gaubea udalerrian (Araba).
Bi.– Jendaurrean erakusgai jarri dira, hogei egunez, delako proiektua eta aipatu enpresaren arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua, (2002ko abenduaren 23ko EHAA), honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua (2013ko abenduaren 27ko BOE); 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak (1954ko abenduaren 17ko BOE); eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua (1957ko ekainaren 20ko BOE).
Hiru.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia argitara eman zen Gaubeako Udaleko iragarki-taulan, 2016ko uztailaren 8tik abuztuaren 25era, 2016ko uztailaren 29ko ALHAOn, 2016ko abuztuaren 12ko EHAAn eta 2016ko uztailaren 15eko «Diario de Noticias de Álava» egunkarian.
Lau.– Jendaurreko erakustaldiaren izapidearekin batera, sail honek dagozkion txostenak eskatu dizkio Gaubeako Udalari. Ez da inolako alegaziorik aurkeztu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Bat.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak du espediente hau ebazteko eskumena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 24ko 190/2013 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (2013ko apirilaren 24ko EHAA).
Bi.– Sektore elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenez, energia elektrikoa banatzeko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, aldez aurretik baimenen araubidea bete beharko da.
Hiru.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bidez honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio baimenerako prozedurak arautu ziren: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta kontsumitzaileak EAEn konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.
Lau.– Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan ezartzen da onura publikokoak direla energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko instalazio elektrikoak, hain zuzen ere horiek ezartzeko beharrezko diren ondasunen eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen eta bide-zortasunaren ezarpen eta erabileraren ondorioetarako. Halaber, lege horren beraren 56. artikuluan ezartzen denez, onura publikoko deklarazioak berekin dakar, betiere, ondasunak okupatu beharra edo eraginpean hartutako eskubideak eskuratu beharra, eta, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako, okupazioa lehenbailehen egin beharra.
Bost.– Espedientea bideratzean, kontuan hartu eta bete dira administrazio-prozedurari buruzko arauetan zein arestian aipatutako legerian aurreikusitako prozedura-baldintzak eta -izapideak.
Sei.– Proiektuak betetzen ditu aplikagarriak diren segurtasun-araudietan biltzen diren eskakizun teknikoak.
Aipatutako lege manuak, eta, oro har eta bat etorriz aplikatzekoak diren xedapen guztiak aintzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri baimena ematea Gaubea udalerriko (Araba) honako proiektu honi dagozkion instalazioetarako: «Estrambasaguas TEAren Berguenda tentsio ertaineko aireko linea elektrikoaren eraberritzea, Fresneda eta 20425. euskarriaren arteko tartean», eta, halaber, linea burutzeko proiektua onartzea. Hona hemen linearen ezaugarri nagusiak:
Kokapena: Gaubea udalerrian.
Aurrekontua: 44.265,54 euro.
Helburua: zonaldean energia elektrikoaren horniduraren kalitatea hobetzea.
Ezaugarriak:
– Aireko linea elektrikoa.
– Zerbitzu-tentsioa: 13,2 kV.
– Zirkuitu-kopurua: 1.
– Eroale-kopurua: 3.
– Eroaleak: 100-AL1/17-ST1A.
– Luzera: 1.435 m.
– Jatorria: 847 zenbakiko euskarria (dagoeneko badago).
– Amaiera: gaur egungo 20425 zenbakiko euskarria (dagoeneko badago).
Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, eta deklarazioak, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Beherago zehaztutako baldintza orokorrekin eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriaz ematen da ebazpen hau.
1.– Onartutako proiektuarekin bat egin beharko dira obrak, eta, halakorik bada, eskatzen eta baimentzen diren aldakuntzekin bat.
2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera.
3.– Obrak bukatzen direnean, horren berri emango dio Arabako Lurralde Ordezkaritzari instalazioen titularrak, hain zuzen ere, behin betiko errekonozimenduaren ondorioetarako eta martxan jartzeko akta egiteko.
4.– Obrak egiteko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak (udalen eskumenekoek, probintzien eskumenekoak edo bestelakoak) edozein direla ere, horiek aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Halaber, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe ematen da, eta jabetza eskubidea salbu utziz.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Industriako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoarekin bat etorriaz.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 26a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.