EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016201

51/2016 EBAZPENA, urriaren 13koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea sinatutako lankidetza-hitzarmena, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekina, Bilboko metroan Bat-Barik-Mugi garraio-txartelen interoperabilitatea ezartzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201600051
Xedapenaren data: 2016-10-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201604478
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea sinatutako lankidetza-hitzarmen honen testua: Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin Bilboko metroan Bat-Barik-Mugi garraio-txartelen interoperabilitatea ezartzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 13a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 13KO 51/2016 EBAZPENARENA
Lankidetza-hitzarmena sinatutako, Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin,Bilboko metroan Bat-Barik-Mugi garraio-txartelen interoperabilitatea ezartzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 14a.
HAUEK BATZARTU DIRA:
Batetik, Ana Oregi Bastarrika andrea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari legez, hitzarmen hau sinatzeko baimena eman baitio Gobernu Kontseiluak 2016ko irailaren 6an hartutako erabakiaren bidez.
Eta, bestetik, Unai Rementeria Maiz jauna, Bizkaiko Garraio Partzuergoko presidentea eta ordezkaria.
Aldeek beharrezko legezko gaitasuna onartzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko, eta, horrenbestez, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
I. Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, besteak beste, Euskal Herriko trenbideko, lehorreko, itsasoko ibaietako eta kable bidezko garraioaren eta portu, heliportu, aireportu eta meteorologia zerbitzuaren arloko eskumen esklusiboa, horrek Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedaturikoa ezertan galarazi gabe. Garraio-gaietan, zama-kontrataguneak eta -terminalak.
II. Aipaturiko arlo horietan Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku utzi ziren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluaren bidez (Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu, eta horien egiteko eta jardun-arloak finkatzen ditu), eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen Dekretua aldatzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren bidez.
III. Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren funtzioen artean, bere eskumenekoak diren eremuekin lotutako sektore ezberdinak laguntzeko politika aurrera eramatea dago, eta adierazitako sail horri esleitutako ahalmenetako bat aireko garraioko eskumenak gauzatzea da, baita Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien garraioa antolatu eta ordenatzea ere, aipatutako 196/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren d) atalean agertzen den bezala.
IV. Ildo horretatik, X. legealdiko gobernu programan bilduta dagoen moduan, Euskadiko garraio publiko guztietan txartel bakarra ezartzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Euskadiko Garraio Agintaritzan, Bat-Barik-Mugi garraio txartelen Interoperabilitateko Master Plana egin du. Plan horrek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetako garraio publikoetan egin behar diren ekintzak definitzen eta baloratzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun dauden hiru tarifa sistema integratuen (hots, Bat, Barik eta Mugi) arteko interoperabilitatea lortzeko.
Master Plan horretan, zehaztutako xedea lortzeko aurrerapauso bat ematearren, besteak beste, lurralde historikoetan honako proiektu pilotu hauek martxan jartzea zehaztu zen:
– Araban: Vitoria-Gasteizeko tranbia, gaur egun hiru txartelak erabil daitezke.
– Bizkaian: Bilboko tranbia, gaur egun hiru txartelak erabil daitezke.
– Gipuzkoa: Donostiako hiri-autobusetan (DBus) ezartzeko fasean daude.
Era berean, Euskotrenen linea orokorrean interoperabilitatea ezartzen ari dira, eta hori interoperabilitatearen barnean gakoa den elementua da, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeei eragiten baitie, bi lurraldeetan geltokiak eta sarrera eta irteerak baitauzka. Aurreikusitako hurrengo ekintza garrantzitsua Bilboko Metroan interoperabilitatea ezartzea da.
Interoperabilitatea ezartzeko, proiektu pilotu bezala zein operadore desberdinengatik, alde guztien (garraio agintaritzak eta operadoreak) parte hartzea eta koordinazioa beharrezkoa da, baita pilotu bakoitza ezartzen den lurralde historikoarena zein gainontzeko lurralde historikoena ere. Azken horien txartelak gonbidatu bezala erabili ahal izango dira. Beharrezko segurtasuna erabiliko da eta konpentsazio zentro bakoitzari informazioa bidaliko zaio formatu egokian.
V. Bizkaiko Garraio Partzuergoa abenduaren 30eko 44/1975 Legearen bidez eratu zen eta nortasun juridiko propioa duen toki erakundea da, partzuergoan bildutako gainerakoekiko independentea. Partzuergoan sartuta daude EAEko Administrazioa, Bizkaiko Foru Aldundia eta metropoli Bilboko udal batzuk. Partzuergoaren estatutuen arabera, emandako eskumenak erabiltzea xedeetako bat da, 44/1975 Legearen 7. artikuluan (garraio publikoa antolatu, kudeatu eta koordinatzeari buruzkoa) ezarritakoa betez. Aipatutako 44/1975 Legean ezartzen diren eskumenetan ezartzen da Bizkaiko Garraio Partzuergoari dagokiola Bilboko Metropoli-trenbidearen ustiaketa kudeatzea Metro Bilbao SAren bidez (sozietate hori Bizkaiko Garraio Partzuergoarena da bere osotasunean).
Ildo horretatik, Bizkaiko Garraio Partzuergoak Metro Bilbaoko erabiltzaileei Barik txartelaz gain Bat eta Mugi txartelak erabiltzeko aukera eman nahi die, eta hori aurrerapauso handia litzateke interoperabilitatea lortzeko. Izan ere, Metro Bilbao EAEn bidaiari gehien mugitzen dituen operadorea da (2014. urtean 87,39 milioi erabiltzaile).
VI. Alderdiak EAEn txartel bakarra ezartzeko aurrera egitearen alde daude, elkarlanean betiere, eta, horretarako, ekintza batzuk egitea aurreikusi da. Azpimarratzekoa da, besteak beste, Metro Bilbaok ustiatutako lineetan gaur egun hiru lurralde historikoetan dauden hiru txartelen arteko (Bat-Barik-Mugi) interoperabilitatea ezartzea.
VII. Inplikaturiko alderdi guztiek ezarritako xedeak lortzeko interes komunak dauzkatela kontuan hartuta, sinatzaileek lankidetza hitzarmen hau sinatzea hitzartu dute, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak konpromisoa hartzen dute Metro Bilbaok ustiatzen dituen lineetan lurralde historikoetan dauden hiru txartelen interoperabilitatea (Bat-Barik-Mugi) garatzeko eta lortzeko, eta horretarako baldintzak arautzen dira, hitzarmeneko klausuletan jasotakoaren arabera.
Bigarrena.– Bizkaiko Garraio Partzuergoaren konpromisoak.
1.– Metro Bilbaon interoperabilitatea ezartzearen proiektua egitea eta aurrekontua finantzatzea, baita egin beharreko kontratazioen kostua finantzatzeko kreditu zehatza dagoela eta erabil daitekeela ziurtatzea eta hitzarmenean aurreikusitako kostu osoa ordaintzea ere. Eta hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza ekonomikoa gorabehera egingo da.
2.– Metro Bilbaon Bat-Barik-Mugi txartelen interoperabilitatea ezartzeko ekintza zehatzak egitea. Lan horiek egokitzapenak eskatzen dituzte hainbat arlotan:
– Bizkaiko Garraio Partzuergoaren sistema zentralak egokitzea.
– Metro Bilbaoko sistema zentraleko ticketinga egokitzea.
– Segurtasunari loturiko ekintzak.
– Bat eta Mugi txartelak Metro Bilbaoko tokiko ekipoetan ezartzea.
Guztira, Metro Bilbao interoperabilitatera egokitzeko lanek gutxi gorabeherako kostu hau izango dute: 485.473 euro (BEZa barne).
3.– Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari jakinarazi beharko zaio xede bera duten laguntza edo diru-laguntzarik lortu den, eta, hala balitz, zer organok eman dion eta horren zenbatekoa zehaztu beharko dira. Horretarako, hamar egun balioduneko epea egongo da, laguntza edo diru-laguntza eman zaiola jakinarazi zaionetik hasita. Diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatu den ere jakinarazi beharko da.
4.– Hitzarmen honen ondorioz egiten diren jarduera guztietan garbi azaldu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ere parte hartu duela. Horretarako, kontuan izan beharko da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko Eskuliburuaren edukia.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren konpromisoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bidez, Bilboko Metroan Bat-Barik Mugi txartelen interoperabilitatea ezartzeko ekintzen kostua finantzatu eta ordainduko du, betiere, gehieneko diru kopuru jakin bat muga duela.
Hitzarmenaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bidez, gehienez ere hirurehun eta hamahiru mila seiehun eta laurogeita hamazortzi euro (313.698,00) jarriko ditu 2016an. Diru kopuru hori 16.0.1.09.32.0100.3.718.25.51412.002.K aurrekontuko partidaren kargura finantzatuko da.
Gastuak egozteko, kontuan hartuko da abenduaren 23ko 9/2015 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, beharrezkoak diren kontabilitate-egokitzapenak egin eta gero, oinarri hartuta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretua, zeinaren bidez Euskadiko aurrekontu-erregimenaren arloko testu bategina onesten baita eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatzeko aurrekontu-erregimena arautzen baita. Honela banatuko da:
2016. urtea: 313.698,00 euro.
Laugarrena.– Laguntzaren xedea eta ordainketa.
1.– Laguntzaren zenbatekoa Bizkaiko Garraio Partzuergoaren bidez honako honetarako erabili ahal izango da soilik: Metro Bilbaon Bat-Barik-Mugi garraio txartelen interoperabilitatea ezartzeko jarduerak egiteak dakartzan kostuak finantzatzeko.
2.– Diru-laguntza hau bateragarria da helburu bererako beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek eman ditzaketen bestelako diru-laguntza edo laguntzekin; baina laguntzen edo diru-laguntzen bidez jasotako diru-kopuruek ezingo dute gainditu, inondik ere, Bizkaiko Garraio Partzuergoak garatu duen jardueran egiaztatutako benetako kostua.
3.– Harik eta diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa agortu arte, zenbatekoa Bizkaiko Garraio Partzuergoan egindako jardueren egiaztagiriak edo fakturak aurkeztu eta gero ordainduko da (jatorrizkoak nahiz fotokopia konpultsatuak aurkeztu ahal izango dira).
Bosgarrena.– Jarduketen Jarraipenerako Batzordea.
1.– Hitzarmen honen jarraipenerako batzorde bat eratuko da. Batzorde hori lau ordezkarik osatuko dute: bi Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailarenak eta beste bi Bizkaiko Garraio Partzuergoarenak. Ordezkariak alde bakoitzetik hitzarmena sinatzen dutenek izendatuko dituzte eta honako eginkizun hauek izango dituzte:
a) Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduketak normal burutzen direla egiaztatzea, eta elkarri informazioa emateko eta bakoitzak bere konpromisoak behar bezala betetzeko irizpideak eta moduak zehaztea.
b) Egin behar diren izapideak bizkor egitea galarazten duten oztopoak kentzeko erraztasunak ematea.
c) Hitzarmenaren xede diren lanak beteko direla bermatzeko behar diren neurrien berri ematea eta proposatzea.
d) Hitzarmena interpretatu eta burutzerakoan sortzen diren arazoak konpontzen saiatzea.
2.– Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, eta edozein alderdik hala eskatzen badu, batzordea behar den guztietan elkartuko da, jarduketak ondo joan daitezen. Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ordezkaria izango da lehendakaria, eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren ordezkaria, berriz, idazkaria. Erabakiak bertaratutakoen gehiengoz hartuko dira, eta gutxienez alderdi bakoitzaren ordezkarien ehuneko berrogeita hamarra bertaratu beharko da.
3.– Hitzarmenak jarraipen batzordearentzat berariaz jasotzen ez dituen gaietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidea bete beharko da.
Seigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.
1.– Hitzarmen hau administrazio arlokoa da eta, beraz, hura interpretatu eta garatzeko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko araubide juridikoa bete beharko da.
2.– Hitzarmenak edo hori betearazteak sorrarazitako interpretazio arazoak jarraipen batzordeak konponduko ditu aurreko klausulan esandakoari jarraituz eta, hala ezin bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren iraupena eta iraungitzea.
1.– Hitzarmenaren indarraldia parte-hartzaileek sinatutakoan hasi eta konpromiso guztiak betetakoan amaituko da.
Baldin eta konpromisoak 2017. urtera arte luzatzen badira, 2016. urtean ezin izan direlako amaitu Metro Bilbaon interoperabilitatea ezartzeko lanak, beharrezkoa izango da Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpen bidez egiteke dauden jarduerak zehaztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 2017. ekitaldian horietarako zenbat diru jarriko duen zehaztea ere, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bidez, betiere esleitutako aurrekontu-kredituaren mugak gainditu gabe. Horretarako, urteko ordainketen beharrezko doiketak egingo dira, eta kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da.
2.– Alderdietako batek onartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du hitzarmena suntsiarazteko eskatzeko. Hitzarmena suntsiarazten bada, zein baldintzatan bukatu eta burutzen ari diren jarduerak nola ordaindu erabaki beharko dute alderdiek.
Eta batzartutakoek, ados daudela adierazteko, hitzarmenaren bi ale sinatu dituzte idazpuruan adierazitako leku eta egunean.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
Bizkaiko Garraio Partzuergoko presidentea,
UNAI REMENTERIA MAIZ.