EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016201

1290/2016 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probetarako ezohiko deialdia onartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201601290
Xedapenaren data: 2016-09-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201604475
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzeko prozesua arautzen du. Dekretu horrek zehazten du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak direla (86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena). Orobat ezartzen du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, Enteak helburu zehatz horrekin deituko dituen ohiko deialdien eta/edo ezohiko deialdien bidez.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren 2013ko abenduaren 3ko Administrazio Kontseiluaren erabakian; hots, Euskararen erabilera normalizatzeko 2. Plana onartzen duen horretan, jasotzen dira, alde batetik, lehenengo Euskara Planarekin hasitako prozesuaren egungo egoera (bere aurrerapenak eta gabeziak) eta bestetik, agertzen joan diren egoera berriak eta elementu berriak, horiek, ezbairik gabe, bigarren planifikazio-epealdian eragina izango baitute.
Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2. Planaren (2013-2019) 5.1.a) atalak ezartzen duenez, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko 67/2003 Dekretuaren 18. artikuluan, hizkuntza-eskakizunen aplikazioari buruzkoan, ezarritakoa betez, 2. hizkuntza-eskakizuna esleituko zaie, zentro asistentzialetako unitate sanitarioen eta bezeroaren arretarako unitateen langileei eta baita administrazio-unitateen eta unitate orokorren izaera sanitarioko betekizunak dituzten langileei ere.
Ildo horretan, pazienteekiko harremanean eguneroko lanean haien zerbitzuak euskaraz jariotasunez eta normaltasunez eskaintzen dituzten baina orain arte eskatutako hizkuntza-eskakizuna (hizkuntzak egiaztatzeko araudian eskatutako hizkuntza adierazpeneko gaitasunekin) egiaztatu ez duten pertsona enplegatu askoren egoera ikusita, 2. Euskara Planak, bere bosgarren kapituluan, pertsona horiek aipatutako Euskara Planean partaide aktibo izatera igarotzea bilatzen du. Helburu horrekin, Osakidetzak azterlan bat egin behar du eta 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ezohiko deialdi bat egiteko aukera aztertu.
Planaren bosgarren kapituluarekin bat etorriz, lantalde bat osatu zen. Lantaldeak aurretik Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzarentzat egindako hizkuntza-eskakizunen azterketa kualitatiboa eztabaidatu zuen. Aipatutako lantaldeko adituen ondorioetan, mintzo garen jardueren hasierarako oinarri direnetan, adierazi zen ezohiko deialdi batek euskaraz jariotasunez eta modu jatorrean harremanak izateko gaitasuna izan bai baina hizkuntza-eskakizuna lortzeko aukera izan ez duten –horren ondorioz, normalizazio planetik kanpo geratu ziren– langile enplegatuentzat izango lukeen eragin positiboa. Euskaraz lan egiten duten pertsonak dira eta, praktikan, euskararen erabilera normalizatzeko sustatzaile aktibo eta balizkoak dira. Hortaz, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean jasotako helburuak betetzen dituzte.
Hori dela eta, deialdi honen bidez, 2. Euskara Planean jasotako aurreikuspen horri erantzuna eman nahi zaio; hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko araudian eskatutako gutxieneko trebetasunak betez (zehazki, 2. hizkuntza-eskakizunari dagozkionak), helburu horretarako proba bat egin dadin. Ohiko deialdietan, ahozko proba behin idatzizko proba gainditu ondoren egiten da. Ezohiko deialdi honetan, aldiz, euskaraz modu jatorrean harremanak dituzten eta hizkuntza-eskakizunen araudi erregulatzaileek eskatutako gutxieneko mintzameneko trebetasun linguistikoak egiaztatzen dituztenei zuzendutakoan, proben ordena aldatzen da. Horrela bada, lehenengo ahozko proba egingo da, aipatutako trebetasun linguistikoa benetan dutela eta euskaraz jariotasunez eta jator adierazten direla egiaztatzeko.
Ezohiko suposizio bat denez, aldizkako ohiko deialdietara egokitzen ez dena eta aurretik aipatutakoei erantzuna emateko helburu espezifikoa duenez –betiere, pertsonen arteko harremanetan euskaraz mintzatzeko gaitasuna dutela egiaztatzen badute; hau da, eskakizuna lortzeko eskatutako mintzameneko trebetasun linguistikoak dituztela frogatzen badute–, deialdi hau justifikatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 34. artikuluan eta baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren 25 b) artikuluan; izan ere, arau horiek hizkuntza-eskakizunen ezohiko deialdiak egitea aurreikusten dute.
2. hizkuntza-eskakizuna deitzen da deialdiaren helbururako egokiena delako, Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren II. eranskinean eskakizun horrekin lotutako trebetasunak kontuan izanik.
2. hizkuntza-eskakizuneko ezohiko proba egitea Euskararen Plan Nagusiaren Neurri Korporatiboen artean bultzatzen ari den neurrietako bat da eta Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2. Plana bultzatzeko eta jarraipena egiteko Batzordeak onartu du.
Deialdi honen proposamena II. Euskara Planaren betetze-mailari buruzko txostenean sartu zen eta Osakidetzako Mahai Sektorialaren Euskara Batzordean aurkeztu zen 2015eko urtarrilaren 15ean. Ondoren, interes-taldeei aurkeztu zitzaien (HABE, Hizkuntza Politikarako sailburuordetza, Arartekoa, Behatokia, Elebide, EUDEL, UPV/EHUko Euskarako errektoreordetza, OEE, UEMA, hiru Foru Aldundien Euskara Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Zerbitzua eta Soziolinguistika Klusterra).
Hori guztia dela eta, 2013-2019 Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2. Planaren bosgarren kapituluan ezarritakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 34. artikulua eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 dekretuaren 25.b) artikulua betez,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probetarako ezohiko deialdia onartzea, I. eranskinean jasotako oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengo artikuluen arabera, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 21a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.
I. ERANSKINA
2.– HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA EGIAZTATZEKO EZOHIKO DEIALDIA (B2 MAILA)
OINARRIAK
1. oinarria.– Ezohiko deialdiaren xedea.
Deialdi honek 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko baino ez du aukera emango (Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Komuneko B2 maila). Egiaztatze prozesuak atal hauek izango ditu: izena emateko aldia, onartuen eta baztertuen zerrenda, dagozkion probak (bakoitza bere behin-behineko kalifikazioekin eta erreklamazio-epearekin), eta azkenik, behin betiko kalifikazioak argitaratzea.
2. oinarria.– Parte-hartzaileak.
Ezohiko deialdian parte hartu ahal izango dute Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langile finkoek, estatutupekoek, funtzionarioek edo lan-kontratudunek, baldin eta egoera horretan badaude deialdi hau argitaratzen den egunean.
3. oinarria.– Izen-ematea.
Deialdi honetarako egiaztatze prozesuan parte hartzeko eskabideak 2016ko urriaren 25etik azaroaren 25era arte aurkeztu ahal izango dira, biak barne.
Izena eman nahi dutenek ebazpen honen II. eranskineko eskaera-orria bete beharko dute. Eskaera-orriak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zerbitzu-erakundeen Pertsonaleko zuzendaritzetan entregatu beharko dira.
Era berean, izena emateko eskabidea aurkeztu ahal izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan ezarritako edozein modutan.
4. oinarria.– Azterketak egin ahal izateko egokitzapenen baten premia duten langileak.
Ezintasuna legez aitortuta dutenek eskabidean bertan adierazi beharko dituzte hautatze-probak egiteko beharko dituzten egokitzapen teknikoak. Horretarako aplikatu ahal izango dira ekainaren 9ko PRE/1822/2006 Aginduaren eranskinak ezarritakoak, horrek ezartzen baititu denbora gehigarriak moldatzeko irizpide orokorrak. Gainera, egoera horretan dauden hautagaiek eskabideak egiteko epe barruan aurkeztu beharko dituzte desgaitasuna aitortuta dutela egiaztatzen duten agiriak. Edozein egokitzapen egiten dela ere, horrek ezin izango du inolaz ere jaitsi azterketa gainditutzat emateko eskatzen den gaitasun-maila.
5. oinarria.– Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu denean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartuko du Ebazpen baten bidez; baztertuen kasuan, arrazoia zein izan den adierazita. Ebazpena Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web orrian eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan jarriko da edonoren eskura.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman osteko egunetik hasita, hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari.
Probetan parte har dezakete onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda dakarren ebazpenean onartuta agertzen diren izangaiek.
Era berean, azterketan parte hartu ahal izango dute, baztertuta egon arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri eta horren kopia azterketaren egunean aurkezten dutenek. Gora jotzeko errekurtsoaren kopiarekin batera eskabidearen kopia ere aurkeztu beharko dute. Halako kasuetan, azterketaren emaitza bakarrik izango da baliozkoa errekurtsoaren gaineko ebazpenean ezartzen baldin bada errekurtsoa jarri duena azkenean onartua izan dela.
6. oinarria.– Epaimahaia.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdiaren ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Epaimahaikide izango dira epaimahaiburua, hiru mahaikide eta idazkaria. HAEEk epaimahaikideetako bat izendatuko du. Osatzen duten kideek Euskal Herri Administrazioetan lanean egon eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatua duten langileak izango dira.
7. oinarria.– Proben ordena.
Egiaztatze-prozesuak bi proba izango ditu: ahozko proba eta idatzizko proba, adierazitako hurrenkeran egingo direnak. Probak baztertzaileak izango dira. Ahozkoa gainditzen dutenek baino ez dute idatzizkoan parte hartuko.
Emaitza bakarra emango zaio hautagai bakoitzari 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ezohiko deialdi honetako azterketetarako: «gai» edo «ez gai».
8. oinarria.– Proben egunak, lekuak eta orduak.
Osakidetzak azterketen egutegia onartuko du eta erabakiko du zein tokitan egingo diren, jasotako eskabide kopurua eta antolaketarako zer-nolako baliabideak behar diren kontuan hartuta.
Azterketen egunak, lekuak eta orduak zerbitzu erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web orrian jakinaraziko dira.
9. oinarria.– Ahozko proba.
Lehenengo proba ahozkoa izango da. Bertan, mintzamena eta entzumenaren trebetasun linguistikoak ebaluatuko dira, hizkuntza-eskakizuneko araudi arautzailean eskatutako ezagutza-mailekin bat etorriz, pertsona euskaraz jariotasunez eta normaltasunez harremanak izan ditzakeela egiaztatzeko. Trebetasun bakoitza; hau da, mintzamena eta entzumena, proba bereizietan edo aldi berean ebaluatuko da, eta ariketa edo ataza bat baino gehiago eduki ditzakete.
Aztertzaileek ahozko proba grabatu ahalko dute, baldin eta azterketa egiten ari denak kontrakoa adierazten ez badu eta, bakarrik, ebaluazioaren aspekturen bat berrikusteko aukera ematen dion material lagungarria izateko, beharrezkoa iruditzen bazaio.
Ulermena eta mintzamenerako gaitasun nahikoa duela egiaztatzen ez duenak, hau da, egunerokoan, bai lan-ingurunean, bai pazienteekin dituen harremanetan, zerbitzua euskaraz hitz-jario onarekin eta normaltasunez emateko gai dela frogatzen ez duenak, ez ditu gutxieneko baldintzak beteko hurrengo idatzizkoa egiteko. Orduan, ezohiko deialdi honetan duen parte-hartzea une horretan amaitutzat joko da, eta aurrerantzean ezin izango da ezohiko deialdian antolatutako beste euskara proba batean sartu –xede horretarako, Osakidetzak halakorik antolatuko balu–. Aldiz, Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egiten dituen ohiko deialdietako euskara-probak egin ahalko ditu.
10. oinarria.– Ahozkoaren emaitzak eta erreklamatzeko epea.
Ahozkoaren (entzumena eta mintzamena) behin-behineko emaitzak jakinarazteko ebazpena emango du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak. Ebaluatutako ariketa bakoitzaren emaitza zehatza emango da bertan: hautagaiak «gai» edo «ez gai» diren, alegia. Behin-behineko emaitzak zerbitzu erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web orrian argitaratuko dira.
Ebazpen horretan, gainera, erreklamatzeko epea ere jakinaraziko da; gutxienez, 5 egun naturalekoa, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunaren biharamunetik hasita. Erreklamazioa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari jarri beharko zaio.
Erreklamazioak egin ahal izateko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web orrian horretarako dagoen formularioa erabili beharko da, betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.
Behin-behineko emaitzen aurkako erreklamazio-epea amaitu ondoren eta behin horiek ebatzita, behin betiko emaitzak jakinaraziko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpen baten bidez.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
11. oinarria.– Idatzizko proba.
Proba horretan irakurmena eta idazmena aztertuko dira. Trebetasunak banaka ebaluatuko dira, azterketa bereizietan edo aldi berean, eta ariketa edo ataza bat baino gehiago eduki ditzakete.
Ahozkoa gaindituta deialdi honetan frogatzen dutenek eguneroko zereginetan euskaraz aritzen direla hitz-jario onarekin eta normaltasunez, nahiz eta idatzizkoa ez gainditu, proba hori egiteko bigarren aukera bat izango dute (idatzizkoaren bigarren proba berezia), eta kasu horretan salbuetsita egongo dira ahozkoa egitetik. Ahozkoa gaindituta izateak bakarrik balioko du deialdi honetarako edo, kasuan kasu, Osakidetzak asmo berarekin antolatu dezakeen beste edozein ezohiko deialdirako. Alderantziz, gainditutako ahozko horrek ez du baliorik izango Osakidetzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prestatzen dituen gainerako ohiko deialdietako euskara azterketetan.
12. oinarria.– Idatzizkoaren emaitzak eta erreklamatzeko epea.
Idatzizko probaren behin-behineko emaitzak jakinarazteko ebazpena emango du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak. Ebaluatutako ariketa bakoitzaren emaitza zehatza emango da bertan: hautagaiak «gai» edo «ez gai» diren, alegia. Behin-behineko emaitzak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web orrian argitaratuko dira.
Ebazpen horretan, gainera, erreklamatzeko epea ere jakinaraziko da; gutxienez, 5 egun naturalekoa, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunaren biharamunetik hasita.
Erreklamazioa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari jarri beharko zaio.
Erreklamazioak egin ahal izateko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web orrian horretarako dagoen formularioa erabili beharko da, betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.
Idatzizko probaren behin-behineko emaitzen aurkako erreklamazio-epea amaitu ondoren eta behin horiek ebatzita, behin betiko emaitzak jakinaraziko dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
13. oinarria.– Deialdiaren emaitzak.
Egiaztatze prozesuaren behin betiko emaitzak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez jakinaraziko dira. Ahozko zein idatzizko azterketen behin betiko emaitza horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira eta, zerrendan, azterketa guztiak gainditu dituztenen izenak baino ez dira azalduko.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala jasota baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 artikuluan eta hurrengoetan.
14. oinarria.– Ziurtagiriak batzea eta ondorioak.
Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketak gainditzen dituztenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ziurtagiria jasoko dute.
Ebazpen baten bidez emango da egiaztatze-prozesuaren behin betiko emaitzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua, eta ebazpen hori ematen den egunean bertan izango ditu ondorioak egiaztatzeak.
15. oinarria.– Datu pertsonalak babestu eta kudeatzea.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako eskabideak kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da eskatzaileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eta administrazio eskudunei lagatzea.
Ebazpen hau dela-eta bildutako datu pertsonalen tratamendua fitxategi batean egingo da, prozesua kudeatzeko baino erabiliko ez dena.
Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua lege hauetan araututakoaren arabera egingo da: Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Titularitate Publikoko Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortutako 2004ko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek Ebazpen honen xedea betetzeko egin beharreko datu pertsonalen prozesamendua onartzen dute.
Era berean, onartu egiten dute kalifikazioak erregistratzea, tratatzea eta erakunde eskudunei lagatzea, hauen gaineko ebaluazio-txostena osatzeko: euskararen erabileraren helburu eta lehentasunen betetze-maila, langileak euskaraz komunikatzen gaitzeko prozesuak eta hizkuntza-eskakizunen egiaztatze-maila (67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzekoa; 1.3 artikulua). Langileek bat datoz, halaber, datu horiek Osakidetzako Euskara Plana egokiro kudeatzeko erabiltzearekin.
Eskatzaileei buruzko informazioa «Registro del personal de Osakidetza-Servicio vasco de salud» deritzan fitxategian gordeko da, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian erregistratuta dagoen fitxategian, alegia. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Saila da horren arduraduna.
Eskatzaileek eskubidea daukate datu horietara sartzeko, datuok zuzentzeko eta ezeztatzeko eta horien aurka egiteko. Horretarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara jo dezakete: Araba kalea, 45; 01006, Vitoria-Gasteiz.
Deialdi honetan parte hartzen dutenek onartu egiten dute, eskabidea aurkeztean, euren datu pertsonalak oinarri hauetan ezarritako helbururako eta azaldutako eran tratatuko direla.
16. oinarria.– Deialditik kanpo geratzeko arrazoiak.
Eskabidean edo aurkezten diren agirietan datu faltsurik emanez gero edo deialdiko probak baliogabetzen dituen edozein jokaera desegoki agertuz gero, izangaia zigortua izango da, kontraesan-espedientea aurretik eginda. Horrela, deialdi honetako azterketa guztietatik baztertua izango da, eta parte hartu duen edozein ariketatan jadanik lortuta dauzkan emaitzak baliogabetuko zaizkio; hori guztia ez da eragozpen izango dagozkion legezko neurriak hartzeko.