EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2016200

1281/2016 EBAZPENA, irailaren 16koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendariarena. Honen bidez, kudeaketa-agindu baten hitzarmena argitaratzen da.

Xedapenaren zenbakia: 201601281
Xedapenaren data: 2016-09-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201604451
Maila: Ebazpena
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta EHUko Finantza Ekonomia II Sailak kudeaketa-aginduko hitzarmen bat izenpetu dute, eta, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 15.3 artikuluan ezartzen duenari jarraituz, hitzarmen hori argitaratze aldera, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta EHUko Finantza Ekonomia II Sailak izenpetutako kudeaketa-aginduko hitzarmenaren testua argitaratzea. Hitzarmenaren helburua Euskadiko integrazio-prozesua idaztea da; hain zuzen ere, Ebazpen honen eranskinean jasotakoa.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 16a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.
ERANSKINA
KUDEAKETA-AGINDUAREN HITZARMENA OSAKIDETZAREN ETA UPV/EHU-KO FINANTZA EKONOMIA II SAILAREN ARTEAN, EUSKADIKO INTEGRAZIO PROZESUA IDAZTEKO
Jon Etxeberria jaunak, Osakidetzako zuzendari nagusia den heinean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutu sozialak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 11. eta 12. artikuluetan aitortzen zaizkion ahalmenez baliatuz, eta aipatutako Ente Publikoaren izenean eta hori ordezkatuz,
eta
Jesús Matey de Antonio jaunak, Euskal Herriko Unibertsitatearen Finantza Ekonomia II Sailaren zuzendaria den heinean, bere eginkizunak betez eta aipatutako Erakunde publikoaren izenean eta hori ordezkatuz
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak sortutako Osakidetza ente publikoaren xede nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten biztanleen osasun-maila mantentzea, berreskuratzea eta hobetzea da.
Helburu horrekin, proiektu bat garatu du, kudeaketa agindu honen helburuaren izen bera duena: «Euskadiko integrazio prozesua idaztea».
Bigarrena.– Finantza Ekonomia II Sailak eskolak ematen ditu, batez ere, merkatuen merkaturatze eta ikerkuntzako ezagutzako arloetan eta finantzetan eta kontabilitatean. Bertako irakasleek, eskolak emateaz eta ikertzeaz gain, harremana dute enpresekin eta erakundeekin, azken horiek eskatzen dutenean aholkularitza eskaintzen baitiete.
Hirugarrena.– «Euskadiko integrazio prozesua idaztea» proiektua. Justifikazioa.
Herritarren zahartzearen eta mendekotasunari, ezintasunari eta kronikotasunari arreta eskaintzearen gaia gure ongizateko politika publikoen eta, azken finean, gure gizartearen antolaketa ekonomiko eta sozialaren erronka handienetariko bat bihurtzen ari da.
Osasun Saileko eta Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren Lerro Estrategikoek, Osakidetzako 2013-2016 Plan Estrategikoak eta Euskadiko Arreta Integraturako Planak, pertsona sistemaren ardatz izanik asistentzia-jarraipena bermatzeko helburuarekin, arreta integratuaren garrantzi estrategikoa agerian uzten dute.
Euskadin arreta integratuak pazienteen eta, oro har, herritarren osasun-emaitzak hobetzea bilatzen du, prozesu asistentzialak integratzearen bidez. Erkidegoan osasun sistema, sistema soziosanitario eta agenteen maila ezberdinen artean koherentzia ematean eta sinergiak bilatzean datza. Horretarako, aldaketak egiten ari dira maila hauetan: erakunde sanitarioen gobernu-formula; kultura eta balio-sistema; lan korporatiboko kultura areagotuz eta, azkenik, sistema klinikoan aldaketak eginez, Osasun Publikoarekin eta esparru soziosanitarioarekin elkarlanean.
Bide horretan aurrera egiteko, Erakundeak ulertu du hainbat esparru estrategikoak direla Zerbitzu-erakunde guztietarako eta horietan modu korporatiboan lan egin behar dela. Hauek dira: pazienteak ardatz duen arreta, kudeaketako eta gobernantzako sistemak, paziente kronikoari arreta integratua ematea, koordinazio soziosanitarioa eta horri ikuspegi komunitariotik ekitea. Domeinu horiekin batera, garrantzi handiko bi zeharkako elementu detektatzen ditugu: partekatutako lidergoa eta profesionalen arteko elkarlana.
Aurretik aipatutakoak azaletik islatu nahi du osasun sistemak egun bizitzen ari duen aldaketa, kalitatezko osasun sistema bat edukitzea geroz eta gehiago eskatzen duen inguru bati bermeekin erantzuteko gai izatea helburu izanik. Gure ustez, ezinbestekoa da Euskadin gertatzen ari den eraldaketa-prozesua behar bezala islatzea dokumentatutako idatzi baten bidez, iragaz dadin eta erakundearen maila guztiek ezagutu dezaten. Ez da beharrezko aldaketa emango osasunaren profesionalek, prozesuaren ardatz nagusia direnek, erakundetik igorri nahi diren mezuak ulertzen ez badituzte. Hori dela eta, euskal osasun sistema publikoa azken urteotan egiten ari den ibilbidea modu arin eta ulergarri batean azaldu nahi dugu, Arreta Integratuaren prozesuari berebiziko garrantzia emanez.
Proiektuaren xedea:
Proiektuaren xedea Osakidetzak eskatutako Integrazioa prozesuari buruzko Kasua idaztea da, ondoren ISBNrekin argitaratzeko, egileen berariazko aitorpenarekin batera.
Kasuak helburu zehatz bat izango du, hori idazterakoan definituko dena. Zehazki, kasuaren helburua Osakidetzako eredu berria eta hori ezartzeko arrazoiak azaltzea da, betiere, Osakidetzako langile guztiei ezagutzera ematea errazten duen lengoaia batean.
Emaitzak:
Proiektua hedapen eta doakotasun maximoko pretentsioarekin konfiguratzen da; beraz, Osakidetzan idazteaz arduratuko den taldeak lanaren emaitzak nahi duen baliabide guztien bidez hedatu ahalko ditu, betiere, prozesuaren kolaboratzailea izan den beste alderdia aipatuz.
Esku-hartzea:
Idazteaz arduratuko den taldea honakoek osatuko dute: Goizalde Hernando Saratxagak, ikertzaile nagusia izango denak, Julen Izaguirre Olaizolak, María Soledad Aguirre Garcíak eta Covadonga Aldamiz-Echevarría González de Duranak.
Kasua irailaren 30a baino lehen egin behar da. Horretarako, talde idazleak uztailaren 15a baino lehen bidaliko du lehenengo bertsio bat, Osakidetzako taldeak berrikus dezan. Osakidetzako taldeak egiteke dagoen bidea definitzen lagunduko die. Osakidetzako langileekin elkarrizketatzea behar badute, talde kontratatzaileak elkarrizketatuak izan daitezkeenen datuak eta baita hitzorduak berak ere emango dizkiete.
Guztira, 3 eta 9 hilabete arteko iraupena hitzartuko da.
Hemen azaldutako guztiagatik, alderdi sinatzaileek
ADOSTU DUTE:
Lehenengoa.– UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Sailari «Euskadiko integrazio prozesua idaztea» proiektua agintzea.
Bigarrena.– Akordio honen I. eranskinean agertzen diren baldintza zehatzen arabera burutuko da agindu hori.
Hirugarrena.– Kudeaketa Agindurako Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Iz. JON ETXEBERRIA CRUZ
Osakidetzako zuzendari nagusia
Iz. JESUS MATEY DE ANTONIO
Finantza Ekonomia Saileko zuzendaria UPV/EHU
I. ERANSKINA
Lehenengoa.– Kudeaketa Aginduaren xedea.
UPV/EHUko Finantza Ekonomia Sailari eginiko kudeaketa agindu honen bidez, «Euskadiko integrazio prozesua idaztea» proiektua aurrera eramatea, sailak berak edo hirugarrenek, esleitzen zaio.
Eman beharreko zerbitzuaren titulartasuna Osakidetzari dagokio beti.
Bigarrena.– UPV/EHUko Finantza Ekonomia Sailari agindutako jarduerak.
UPV/EHUko Finantza Ekonomia Sailak, Osakidetzako zerbitzuaren arduradunek eskatuta, osasun sistema publikoan egiten ari den arreta integratuari buruzko prozesua dokumentatuko du, horretarako, kasu bat idatziz. Kasua prozesua deskribatzeko eta hori sistemaren barruan zein sistematik kanpo hedatzeko (beste agenteei, erakundeei edo instituzioei) balioko du.
Hirugarrena.– Prezioa eta ordaintzeko baldintzak.
Kontratu hau izenpetzen den egunean dugun informazioarekin, aurrekontu hau ezartzen da:
– 2.000 euro kasua idazteagatik.
– Osakidetzan edo Osakidetzak beste fororen batean kasua azaltzea eskatuko balio: 130 euro/orduko.
– Dietak: EAEn 10 pertsona gehienez elkarrizketatzea beharrezkoa izango balitz (gehienez 1.000 euro).
Kopuru guztiak garbiak dira eta kanpo uzten dute EHUk eta OTRIk (% 17,64) aplikaturiko zeharkako kostu guztien % eta baita dagokion BEZa ere. Zenbateko gordina Euskoikerrek Osakidetzari fakturatuko dio.
Laugarrena.– Jarraipen batzordea.
Agindu honen xede diren jardueren jarraipena egiteko, Jarraipen Batzorde bat osatuko da. Batzordea Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendariordetzak eta kasuaren Talde idazleak, UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Sailaren izenean, osatuko dute, bi erakundeen teknikarien laguntzarekin.
Jarraipen Batzordearen eginkizunak:
a) Kudeaketa-aginduaren ondorioz egindako jarduerei jarraipena egitea, planteatutako helburuen lorpena bermatzeko.
b) Kudeaketa-aginduaren ondoriozko gastuaren gauzatzeari jarraipena egitea, baliabide erabilgarriak aintzat hartuta.
c) Jarraipen Batzordeak agindutakoa gauzatzeko eskuragarri dagoen kreditua behar bestekoa ez dela iritziko balu, agindutakoa gauzatzeko, indarraldia agortu arte, beharrezko zenbateko gehigarriaren kalkulua egingo du. Kasu horretan, kalkulu hori Osakidetzari jakinaraziko zaio dagokion gastu gehigarria onartzeko izapideak egin ditzan, proiektuan eskuragarri dauden aurrekontu-aukerak ikusita.
Bosgarrena.– Datuak babestea.
1.– Datu Pertsonalak babesteko araudiarekin bat etortzeko, UPV/EHUko Finantza Ekonomia II Sailak, Osakidetzak emandako datu guztiei dagokienez, «Tratatzeaz arduratzen dena» izaera duela ulertzen da; hau da, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluan jasotako izaera baduela.
2.– Aipatutako Sailak horrela emandako datu pertsonalak ezin izango ditu erabili hitzarmen honetan aurreikusi gabeko helburu baterako, eta ezin izango zaizkie jakinarazi beste pertsona batzuei, jakinarazpen hori datu horiek gordetzeko bada ere.
3.– Kudeaketa-agindu hau bete ostean, datu pertsonalak suntsitu edo horien tratamenduaren arduradunari itzuli zehar zaizkio; eta, berdin jokatuko da tratatu beharreko datu pertsonalen bat duten euskarri edo dokumentuekin.
Seigarrena.– Kudeaketa-aginduaren indarraldia.
Kudeaketa-agindu honen indarraldiak izenpetzen den egunetik 2016ko abenduaren 31ra arte iraungo du.
Hala ere, sinatzen duten alderdiek aurreikusitako epeetan hitzarmena salatzen ez badute, isilbidez berrituko da beste 6 hilabetez edo Osakidetzako azpiegitura teknologikoa erabiltzea posible den arte, horretarako aurrekontu-kontsignatzea dagoen bitartean.
Zazpigarrena.– Hitzarmena azkentzea.
Hitzarmen hau azkenduko da:
– Bi alderdiek hala adosten dutelako.
– Azkendu beharreko eguna baino 2 hilabete lehenago, gutxienez, alderdiek salatzen dutelako.
– Agindua eman duen Administrazioak ezeztatzen duelako, kudeaketa-agindua bete behar duen Administrazioak bere eginbeharretako edozein ez betetzeagatik. Ezeztatzea kudeaketa-agindua eman duen Administrazioaren ebazpen ziodunaren bidez egingo da, aurretik kudeaketa-agindua bete behar duen Administrazioari entzunaldia emanda.
– Kudeaketa-agindua bete behar duen Administrazioak uko egiten diolako, agindua eman duen Administrazioak bere eginbeharretako edozein ez betetzeagatik. Uko egin aurretik, entzunaldia eman beharko zaio kudeaketa-agindua eman duen Administrazioari; izapide hori beteta, ukoa kudeaketa-agindua bete behar duen Administrazioaren ebazpen ziodunaren bidez egingo da.
Zortzigarrena.– Hitzarmenaren erregimen juridikoa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta, gauzatzean sortu litezkeen zalantzak eta hutsuneak bideratzeko, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean ezarritakoari jarraituko zaio.
Bederatzigarrena.– Jurisdikzio-eskumena.
Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak arduratuko dira auzialdi bakarrean Hitzarmen honen ondoriozko errekurtsoez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hamargarrena.– Indarrean sartzea.
Hitzarmen hau izenpetzen duten bi Erakundeetako organo eskudunek onartzen dutenean jarriko da indarrean.
Aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, sinatzaileek Hitzarmen honen bi kopia sinatzen dituzte, idazpuruan adierazitako lekuan eta datan.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 1ean.