EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2016200

EBAZPENA, 2016ko urriaren 17koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Donostiako (Gipuzkoa) Eva-Enea etxea (Aldama-Enea jauregia) monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2016-10-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201604450
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipatutako eskumen hori baliatuta, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Donostiako (Gipuzkoa) Eva-Enea etxeak (Aldama-Enea jauregia) duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Donostiako (Gipuzkoa) Eva-Enea etxea (Aldama-Enea jauregia) monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren, II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren eta III. eranskinean jasotako esku-hartze baimendunen erregimenaren arabera.
Bigarrena.– Hasiera ematea Donostiako (Gipuzkoa) Eva-Enea etxea (Aldama-Enea jauregia) monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko aldiari; horrela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere, jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten.
Laugarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 17a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak eraikina bera hartzen du alde batetik, eta, bestetik, eraikinaren ingurua. Horrela, eraikinaren partzela pribatuaren mugek ezartzen dute mugaketa-eremua.
b) Mugaketaren justifikazioa.
Donostiako (Gipuzkoa) Eva-Enea etxearen (Aldama-Enea jauregia) ingurumen-balioak eta bisualak gorde beharrak justifikatzen du proposatu den mugaketa. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berarekin batera dakar eraikinaren inguruko lurrak eta sarbidea babestea, eraikinaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere barne hartzen du.
II. ERASKINA
DESKRIBAPENA
Eraikinaren forma karratua dela esan daiteke, eta 20 bat metroko luzera dauka. Bolumen prismatikoa da, zeinetan nabarmena baita ipar-mendebaldeko ertzean dagoen dorrea, eraikinak hirian daukan presentzia azpimarratzen baitu.
Iparraldeko fatxadaren osaerari dagokionez, hiru horma-atal ditu; bi horma-atal estu ditu alboetan, eta beste bat erdialdean, zeinak baorik gehienak hartzen baititu. Beheko solairuan, sarrerako logia zirkulu erdiko bost arkuk osatzen dute; pilastrak daude arkuen artean eta zerrenda apaingarri bat daukate inguruan. Alboetan bi leiho hirukoitz ditu, serliana eran. Lehenengo solairuan, erdialdean, hiru leiho oso apaindu ditu, eta alboetan fabrikazko bi balkoi. Bigarren solairuan, erdialdean, arku-multzo bat dago; bost leiho bikoitzetan daude antolatuta arkuak; leihoek maine bat dute, eta pilastra erromatarren artean kokatuta daude. Ezkerrean, arku hirukoitz bat dago, eta eskuinaldean, berriz, bi bao, eta haien artean familiaren armarria. Dorrea ipar-mendebaldean dago, eta zirkulu erdiko hiru bao ditu, alde banatan bi pilastra dituztela, idulki jarrai batean, erlaitz irten dentikulatuaren gainean. Pinakuluak ditu dorreak erremate gisa, eta Salamancako Monterrey jauregikoa gogorarazten du. Idulkiak jarraipena dauka fatxadan, eta eten egiten da ezkerraldean; han ere pinakuluak daude erremate gisa.
Mendebaldeko fatxada iparraldeko fatxada nagusia baino irregularragoa da; izan ere, bolumen irtenak ditu; kaperarena, ezkerraldean, eta bigarren mailako eskailerarena, erdirago. Kaperaren kanpoaldeko bolumena poligonala da, eta gainaldean kareldun balkoi bat osatzen du. Balkoi horretara, fatxada nagusiko balkoietako moduko bao bat irekitzen da, eta bertan hiru leiho daude. Dorreak errematatzen du fatxada alde horretatik. Irtenda dagoen bolumenean, eskaileraren bolumenean, leiho hirukoitz bat dago, eta leihoaren gainean, azken solairuan, zirkulu erdiko bao bat dago, albo banatan pilastrak dituela. Bi pinakulu handik errematatzen dute bolumen hori. Bolumenaren alboetan, beheko solairuan, bi bao sinple daude; lehenengo solairuan, bao apainduak, eta bigarren solairuan, ezkerraldean, fatxada nagusiko arku-saila errepikatzen da, lau baorekin, eta, eskuinaldean, terraza txiki bat dago.
Hegoaldeko eta ekialdeko fatxadak xumeagoak dira, eta ez daukate beste bien garrantzia. Hegoaldeko fatxadak leiho-bao erregularrak ditu, eta fatxada horietan nabarmentzekoak dira hego-mendebaldeko ertzeko terraza, eskailera nagusiaren bolumena –beirateriaren zirkulu erdiko baoarekin– eta hegoaldeko sarrera, aurretik balaustredun balkoipean zutabedun portxe txiki bat duela. Ekialdeko fatxada leiho-bao erregularrez osatuta dago; sinpleak dira behealdekoak, eta apainduak lehenengo solairukoak; eta bigarren solairuan, berriz, goialdea apainduta daukaten lau leiho bikoitz daude.
Eraikinak terraza bat dauka iparraldeko fatxadan. Iparraldeko atari edo logiatik hall nagusira sartzen da, eta, hortik, beheko solairuko eta lehenengo solairuko geletarako sarbidea dago. Eskailera nagusiak lotzen ditu bi solairu horiek. Bigarren solairua, hasiera batean, etxe-zerbitzurako zen. Solairu guztiak daude komunikatuta mendebaldean kokatutako zerbitzuko eskaileraren bidez.
Eraikinaren egiturari dagokionez, karga-horma perimetral bat dauka, harlanduz egina, eta horren paraleloan, antzeko beste bat dauka barrualdean, eta horma horiek dira solairuen euskarri. Lehenengo solairuko galeria eta bigarreneko korridorea, berriz, halleko zutabeen eta haien uztai-habeen gainean bermatzen dira.
Kontserbatu diren espaziorik baliotsuenak dira hall nagusia, eskailera nagusia, sarrerako ataria, hegoaldeko sarbidea, kapera, ipar-ekialdeko gela eta beheko solairuko bainugela.
Sarrerako atarian zokalo zeramikoa dago, andaluziar erako azulejuekin. Azulejuek lore-motiboak eta motibo geometrikoak dauzkate elkarlotuta; urdinxkak dira batez ere, eta seguruenik Sevillako Mensaque fabrikakoak. Nabarmentzekoa da atarian zorua ere; baldosa prentsatu gorrizkoa eta
Hall nagusia da etxearen gunea. Altuera bikoitza dauka, oktogonala da eta zortzi zutabe ditu solairuko. Hall nagusiko beheko solairuko zutabeak marmol artifizialez eginak daude, eta kapitelak estilo «korintoar» berezikoak dira, zeintzuetan boluten ordez giza-figura batzuk jarri baitira; banaketa-zapata bat daukate goialdean, modiloi bikoitzarekikoa, lautua, gaztelar erakoa, baina angelua taulamenduaren forma oktogonalera egokituta. Lehenengo solairuko balkoi korrituaren taulamendua erroleo begetal finez apainduta dago, giza irudi kasko errenazentistadunak tartekaturik daudela; zerrenda horren gainean balaustre zuriak daude jarriak, perimetro guztian. Balkoi korrituaren azpiko tauladuraren motiboak –erroleo begetal finez apainduak, etab.– errepikatu egiten dira lehenengo solairuko barrualdeko banaketa-perimetroan. Lehenengo solairuko zutabeen kapitelak koriontoarrak dira eta taulamendua haien gaineko modiloi batzuetan bermatzen da. Beheko solairuko galeria giza-irudi eta erroleoz apainduta dago. Ateak ageriko egurrezkoak dira beheko solairuan, arku karpanelekin errematatuak (ate nagusiak), eta zirkulu erdiko arkuekin bigarren mailakoak; moldurak eta erliebezko irudiak dauzkate. Lehenengo solairuan, ateburudunak dira ateak, eta zuriz pintatutako egurrez molduratuak. Halleko hormek zokalo zeramikoa daukate, eta barroko toledoarrean oinarritutako motiboak dituzte: zurtoin eta orrizko erroleoak, figura zoomorfoak eta gerrari eta guduen irudiak, kobalto-urdina nagusi dela, baina batzuetan kolore biziagoak dituztela. Lehenengo solairuko zokalo zeramikoak figura antropomorfoak eta akanto-irudiak dauzka, baita gerrarien buruak ere, oso erabiliak errenazimenduan. Beirate batek halleko sabai-leihoa estaltzen du. Garrantzitsuena da, haren tamaina eta aberastasun tematikoa aintzat hartuta. Egitura erlaitzaren ertz oktogonaletan bermatzen da. Beiratearen inguruan eskaiolazko dekorazio bat dago. Beirateak Rubensen lanetatik ateratako zenbait motibo mitologiko dauzka. Hallaren mendebaldean, beheko solairuan, tximinia bat dago, goialdean armarri bat daukala.
Beheko solairuan zein lehenengoan eskailera nagusira sartzeko baoak daude, eta haien alboetan mentsula bikoitz altuak, pilastra itxurako molduren gainean. Eskailera nagusia marmol zurizkoa da, eta motibo begetalez zizelkatutako balaustreak ditu. Eskailera nagusiko beiratea tranpalaren parean dago kokatuta, forma bertikala dauka eta zirkulu erdiko arkua dauka goialdean, eta alboetan, berriz, moldurak eta igeltsu-apaingarriak dauzka. Zaldun bat ageri da, XVII. mendeko janzkerarekin, eta forma xumedun marko edo zerrenda apaingarri bat dauka, tonu argi eta beroak dituena.
Eraikinak sarbide bat dauka hegoaldetik. Bertan, burdina forjatuzko saredun ate aberats bat dago, inspirazio errenazentistakoa; goialdean, arku karpanela dauka, panel bat duena (AA) inizialekin (bigarren jabeena), alboetan erroleoz apaindua. Hegoaldeko sarrerako ateko beirateak paisaia-motiboak eta beste era batzuetakoak dauzka. Azpimarratzekoa da sabaia, kasetoidura urre-kolorekoarekin apaindua, apaingarri askorekin, oktogono bat osatuz atondoaren erdian, beirazko lanpara oktogonalaren plafoiaren marko gisa. Hegoaldeko sarbideko hormak dira, seguruenik, dekoratuenak, moldura eta apaingarri begetal, geometriko eta arkitektonikoekin, eskaiolazkoak. Burdinazko ateak bi pilastra korintoar ditu alboetan, atearen altuera osoa hartzen dutenak, eta zezen irtengune eta erlaitz dentikulatuaren arteko friso aberats bati «eusten» diote. Alboetako hormak behe-erliebean egindako kasetoiz apainduta daude, eta bi horma-hobi ere badira, aurrez aurre jarriak eta frontoi batekin errematatuak.
Hego-ekialdeko gelan (langela zen jatorriz), nabarmentzekoa da hormetako igeltsu-lana.
Kapera jangela zen jatorriz, eta, bertan, nabarmentzekoak dira hormetako igeltsu-apaingarriak. Ukitu ponpeiarra dauka, eta ukitu hori ematen diote, batetik, espazioen arteko zutabeek (bata, oinplano karratukoa, eta, bestea, poligonala, exedra gisa hondoan), beren kapitel korintoar urre-koloreko eta guzti, eta, bestetik, hormen estaldurak, zeta-paper berde eta irudi erronbikodunak.
Lehengo bainugeletatik, beheko solairukoa ia oso-osorik mantentzen da; baina hori ere aldatu egin da hasieratik hona. Egungo dekorazioa 1931koa omen da, eta, dauden datuen arabera, seguruenik, Eduardo Lagarde arkitektoak diseinatutakoa da. Gaur egun, onize orri berde eta laranjaz jantzia dago, eta kupula bitxi bat dauka, dibisioz –galloiak bailiran–, lore-erliebez eta akabera metalikoz dekoratua. Leihoak «art déco» beiratea dauka, kolore grisaxkakoa, eta oso xumea eta atsegina da; loredun pitxer bat irudikatzen du, eta bat dator gainontzeko dekorazioarekin. Lehengo bainugela bateko beste beirate bat estalkira sartzeko atean kokatuta zegoen, eta loro bat irudikatzen du.
III. ERANSKINA
ESKU-HARTZE BAIMENDUNEN ERREGIMENA
1.– Oso-osorik mantendu behar dira jauregitxoan dauden kanpoko formak: bolumenak, terrazak, eskalinatak, elementu arkitektonikoak, esate baterako, leihoak eta haien markoak, balkoien eta terrazen karelak, pinakuluak eta beste batzuk, baita leihoen burdin sareak ere, betiere fatxada guztien osaerari eutsiz.
2.– Ezin da instalazio edo eraikin berririk egin finkaren lorategi edo baso esparruan, baldin eta eraikina estaltzen badu eta hiritik argi eta eragozpenik gabe ikustea galarazten badu.
3.– Barruan, babestu beharreko alderdi eta elementutzat hartzen dira:
– Eraikuntza-mota bera: habearte kontzentrikoduna eta bi altuerako banaketa-patio edo atondoarekin, bere elementu eta guzti, esate baterako, zutabeak, apaindurak eta estaldurak.
– Eskalinata nagusia, bere jatorrizko elementu eta apaingarri guztiekin.
– Iparraldeko atondoaren espazioa, bere jatorrizko elementu eta apaingarri guztiekin.
– Hegoaldeko sarreraren espazioa, bere jatorrizko elementu eta apaingarri guztiekin.
– Lehenagoko jangelako (kapera) gela poligonal edo exedra, bere zutabeak oso-osorik hartuta eta bertan kontserbatzen diren elementu eta apaingarri guztiak.
– Ipar-ekialdeko ertzeko gelako hormetako igeltsu-apaingarriak.
– Atondoko tximinia eta bere apaingarriak.
– Bi solairuetako arotzeria-elementuak, errementaritza-elementuak eta zoru, horma eta sabaietako estalduretako elementu guztiak: ateak, frisoak, zoladura zeramikoak, azulejoak, igeltsu-apaingarriak, beirateak, burdin saredun ateak eta gainontzeko apaingarri metalikoak, II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.