EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2016200

50/2016 EBAZPENA, urriaren 4koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, Via Campesina Mugimendua Bere Nazioarteko VII. Konferentziaren Esparruan indartzeko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna – Bizkaia (EHNE-Bizkaia) sindikatuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600050
Xedapenaren data: 2016-10-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201604446
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Via Campesina Mugimendua Bere Nazioarteko VII. Konferentziaren Esparruan indartzeko, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna – Bizkaia (EHNE-Bizkaia) sindikatuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea. eranskinean jasota dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 4a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 4KO 50/2016 EBAZPENARENA
HITZARMENA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKAL HERRIKO NEKAZARIEN ELKARTASUNA - BIZKAIA (EHNE-BIZKAIA) SINDIKATUAREN ARTEKOA, VIA CAMPESINA MUGIMENDUA BERE NAZIOARTEKO VII. KONFERENTZIAREN ESPARRUAN INDARTZEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
BILDU DIRA
Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria
Unzalu Salterain Basaguchibeascoa jauna, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna – Bizkaia (EHNE-Bizkaia) sindikatuaren legezko ordezkaria.
ESKU HARTU DUTE
Lehenak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bigarrenak, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna – Bizkaia (EHNE-Bizkaia) sindikatuaren izenean eta hura ordezkatuz.
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Munduko biztanleriaren erdiek baino gehiagok landako nekazaritza-sektorean lan egiten dute, eta biztanleria gehiena nekazarien elikagai-produkzioaren mende dago. Hori gorabehera, nekazaritzaren industria-ereduak eta elikagaien merkataritzaren liberalizazioak ez dituzte kontuan hartzen nekazarien eskaerak eta arriskuan jartzen dute haiek existitzea; era berean, elikadura-krisi globala sortu dute eta krisi hori estatuko eta nazioarteko agendetako lehen mailan dago.
Bigarrena.– Vía Campesina Asiako, Afrikako, Amerikako eta Europako nekazari ertain eta txikiak, nekazaritzako langileak, emakumeak eta indigenen komunitateak biltzen dituen nazioarteko mugimendua da. Mugimendu hori 79 herrialdeko 164 erakundek –nazionalek eta eskualdekoek– osatzen dute eta 200 milioi nekazari ordezkatzen ditu.
Vía Campesina mugimenduak eskualdeko eta nazioarteko foroetara eramaten du nekazarien ahotsa, foro horietan hartzen baitira, hain zuzen ere, elikagaiak produzitu, banatu eta kontsumitzeko politika eta ereduekin lotutako erabakiak. Gainera, elikagai-krisi globalaren aurrean, nekazariak eta elikadura-subiranotasuna oinarritzat dituen ordezko nekazaritza-eredu bat eskatzen du.
Hirugarrena.– EHNE-Bizkaia 1977. urtean sortu eta legeztatutako euskal nekazaritza-sindikatua da. Gainera, Vía Campesina mugimendua osatzen duten erakundeetako bat da, eta, gaur egun, mugimenduaren nazioarteko zuzendaritza osatzen du Europa ordezkatuz. Era berean, EHNE-Bizkaia sindikatua Vía Campesina mugimenduaren Nazioarteko VI. Konferentziaren esparruan (Jakarta, 2013) izendatu zuten mugimenduaren Nazioarteko VII. Konferentzia bere gain hartzeko eta antolatzeko. Konferentzia hori Derion (Bizkaia) egingo da 2017ko uztailean.
Laugarrena.– Vía Campesina mugimenduaren Nazioarteko Konferentzia erabakiak hartzeko goreneko erakundea da, non eskualdeko ordezkariek politikei buruzko azterketa kolektiboan eta politiken garapenean parte hartzen duten. Nazioarteko Konferentzia lau urtean behin izaten da eta aldi horretan mugimenduak izango dituen lerrokatzeak eta estrategia politikoak definitzen ditu.
VII. Konferentziaren esparruan, Gazteen Nazioarteko IV. Biltzarra eta Vía Campesina mugimenduaren Emakumeen Nazioarteko V. Biltzarra ere egingo dira; era berean, ekitaldia amaitutakoan, nazioarteko ordezkaritza batzuek EAEn jarraituko dute antolamendu kolektiboari buruzko eta Elikadura Subiranotasunaren esparruan aukerak eraikitzeari buruzko tokiko esperientziak trukatzeko.
Bosgarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoen bezala, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa, eta baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
Seigarrena.– Vía Campesina mugimendua indartzeko EHNE-Bizkaia sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin gauzatutako lankidetza-esperientziak hamar urteko ibilbidea du eta garapenerako lankidetzari buruzko proiektuen eta hitzarmenen bitartez sustatu da. Horri esker, mugimendua maila globalean egituratu eta antolatu ahal izan da, eta, era berean, erabakiak hartzeko guneetan proposamenak egiteko eta eragiteko dituen ahalmenak areagotu ahal izan dira.
Zazpigarrena.– Proposamen honek ekarriko du beste urrats bat gehiago egitea Vía Campesinaren, EHNE-Bizkaia sindikatuaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren arteko lankidetza-ibilbidean, Vía Campesina antolatu, aztertu eta proposatzeko ahalmenak indartzeko. Horretarako, proposatzen da mugimendu horren VII. Nazioarteko Konferentzia ez ezik, Konferentzia horrekin lotutako ekitaldiak ere egin daitezen laguntzea, bai aurreko ekitaldiak (Emakumeen V. Biltzarra eta Gazteen IV. Biltzarra), bai ondorengoak (Elikadura Subiranotasunaren esparruan aukerak eraikitzeari buruzko tokiko esperientziak trukatzea nazioarteko delegatuen eta euskal agenteen artean).
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea izenpetzen duten alderdien –Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna-Bizkaia (EHNE-Bizkaia) sindikatuaren– arteko harremanak arautzea da, Vía Campesina bere VII. Nazioarteko Konferentziaren esparruan (Derio, Bizkaia, 2017ko uztaila) elikadura-subiranotasunaren inguruan estrategiak sortzeko eztabaidarako gune estrategiko gisa indartzea helburutzat duen proiektua elkarrekin finantzatzeko.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
Emaitza 1. Nekazari-mugimendu antolatuaren egitura indartu da eta mugimendu horrek duen ahalmen diskurtsiboa eta proposamenerako ahalmena areagotu dira nazioartean lan egiten duen eremuetan aliatutako erakundeekin batera eta elikadura-subiranotasunaren paradigmaren esparruan.
Emaitza 2. Bermatu da genero-ikuspegia zeharka sartzea nekazari-mugimenduaren agendan, baita VII. Konferentziaren dokumentu eta erabaki guztietan sartzea ere.
Emaitza 3. Vía Campesina osatzen duten 9 eskualdeetako nekazariek maila globalean nahiz beren herrialdeetan elikadura-subiranotasunaren inguruko proposamenak egiten laguntzen dieten produkzioaren, antolamenduaren eta erakundeen arloko hainbat esperientzia bisitatu dituzte Euskal Herrian.
Aurreko emaitzak lortzeko jarduerak eta emaitzak neurtzeko adierazleak erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 12 hilabete izango da, hitzarmena sinatzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Vía Campesinaren Nazioarteko VII. Konferentziarekin lotutako ekitaldi guztiak egiteko aurreikusitako kostua milioi bat eta berrehun eta hemezortzi mila euro (1.218.000) inguru da. Nolanahi ere, hitzarmen honek zenbateko horren zati baten finantzaketa soilik arautzen du: ehun eta laurogeita zazpi mila eta laurehun euro (187.400,00); zenbateko hori erantsitako aurrekontu-koadroan xehatuta dago.
Zenbateko horren guztizkotik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ehun eta hogeita bost mila euroko (125.000,00) zenbatekoa emango du. Zenbateko hori ordainketa bakar baten bitartez ordainduko da hitzarmena sinatu ondoren.
Era berean, EHNE-Bizkaia sindikatuak hirurogeita bi mila eta laurehun euro (62.400,00) emango ditu ekarpen balorizatu gisa interprete-kontzeptupean. Era berean, aurreko klausuletan hitzartutako ekintza guztien egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz arduratuko da, eta baita erantsitako plangintzari buruzko ideia nagusian jasotakoen egikaritzapenaren eta kudeaketaren koordinazio teknikoaz ere.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita. Horretarako, azken txosten tekniko-finantzarioa aurkeztuko da.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakundek, publikok nahiz pribatuk, helburu berarekin eman litzakeenekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Alderdi bakoitzak diruz lagundutako partidak erantsitako aurrekontu xehatuan ezartzen direnak izango dira.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarduera ekonomikoak egikaritzeko soilik erabili beharreko banku-kontua.
EHNE-Bizkaiak ES40-3035-0015-00-0151134940 zenbakiko banku-kontua (Laboral Kutxa) erabiliko du kontu espezifiko gisa (eurotan), hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Zenbateko hori berariazko kontu horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako funts-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, agentziaren Zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
EHNE-Bizkaia sindikatuaren bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da Vía Campesinaren Nazioarteko VII. Konferentzia eta harekin lotutako ekitaldiak egin aurretik; eta beste behin Konferentzia hori egin ondoren.
3.– Salbuespenez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak bilduko dira alderdietako batek egokitzat ikusten badu eta horretarako eskaera egiten badu.
4.– Jarraipen Batzorde Mistoaren erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Erakunde interesdunek baimena eskatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakarren edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta iraunaldia 12 hilabetez luzatuko da.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
EHNE-Bizkaia sindikatuaren koordinatzailea,
UNZALU SALTERAIN BASAGUCHIBEASCOA.