EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2016199

EBAZPENA, 2016ko martxoaren 8koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatu eta berrikusi egiten baita Beasain, Ordizia eta Lazkaoko udal-mugarteetan (Gipuzkoa) trenbide-ibilgailu eta -osagaiak diseinatu eta fabrikatzeko jarduerarako Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateari emandako ingurumen-baimen bateratua.

Xedapenaren data: 2016-03-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201604433
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/02/18an argitaratutako 2008/04/30reko EBAZPENA [201100863]
  • Ikus 2015/12/14an argitaratutako 2015/11/27ko EBAZPENA [201505251]

Orduko Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateari, trenbide-ibilgailu eta -osagaiak diseinatu eta fabrikatzeko jarduera egiteko Beasain, Ordizia eta Lazkaoko udal-mugarteetan (Gipuzkoa).
2008ko ekainaren 6an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak 2008ko apirilaren 30eko Ebazpen horren aurka.
2009ko otsailaren 25ean, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen agindua eman zuen ingurumen-organoak. Agindu horretan, partzialki baiesten da gora jotzeko errekurtsoa, eta aldatu egiten dira Ebazpen horren bigarren atala (B.1.1.2, B.1.1.4, B.1.2.4, B.1.3.1 eta B.1.3.2 azpiatalak) eta hirugarren atala.
Ingurumeneko sailburuordearen 2015eko irailaren 28ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta eraginkor egin zen Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateari emandako ingurumen-baimen bateratua, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko udal-mugarteetan (Gipuzkoa) trenbide-ibilgailu eta -osagaiak diseinatu eta fabrikatzeko jarduera egiteko; 16-I-01-0000000000088 baimen-zenbakia esleitu zitzaion.
2012ko martxoaren 8an, argitara eman zen Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko Erabakia –ekoizpen siderurgikorako teknologia erabilgarri onenak ezartzen dituena–.
2013ko urriaren 19an, Estatuko Aldizkari Ofizialean, argitara eman zen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industriako isurpenen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluak ingurumen-baimen bateratua berrikusteko prozedura ezartzen du, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratuz gero.
2015eko ekainaren 25ean, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea onartu zen.
2015eko azaroaren 9an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateari: alderaketa bat, hau da, ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenak aintzat hartuz gero, instalazioaren funtzionamendua nolakoa litzatekeen adieraztea, lurzoruei buruzko informazio eguneratua eta oinarrizko txostena egiteko aurreikuspena.
2015eko azaroaren 25ean, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak ingurumen-baimen bateratua berrikusteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen.
Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpenaren bidez, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietatearen ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena jendaurrean jartzea erabaki zen, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Horrenbestez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2015eko abenduaren 14an.
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Beasain, Ordizia eta Lazkaoko udalei eta Osasun Sailari 2016ko urtarrilaren 28an.
2016ko otsailaren 15ean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak txostena egin zuen, eta espedientean jaso da txosten horren emaitza.
Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspenari dagokionez jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.
Siderurgia-produkzioko teknologia erabilgarri onenei buruzko ondorioak ezartzen dituen dokumentuak altzairugintzaren sektoreko arku elektrikoko labeetarako isurketen muga-balioak ezartzen dituenez, ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena egin behar da, baimena ondorio horietara egokitzeko.
Ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena izapidetzeko aldian beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu dutenez, 2015eko irailaren 28ko Ebazpenaren bigarren atalaren B.1 eta C.1 azpiatalak aldatu behar dira, aipatutako ondorioetara egokitzeko.
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietatearen jarduerak substantzia arriskutsu nabarmenak igortzea dakar, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko aukera aintzat hartuta; beraz, bidezkoa da sei hilabeteko epean lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egitea eskatzea; hartara, alderaketa kuantitatiboa egin ahal izango da jarduera behin betiko amaitzean duen egoerarekin.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan –ingurumen-baimen bateratua aldatzeari buruzkoa– zehaztutakoari eta 2015eko irailaren 28ko Ebazpenaren B.4 atalean zehaztutakoari jarraikiz, egokitu egin daiteke, lurzoruaren babesari buruzko atalaren idazketa eguneratzeko.
Bidezkoa da Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateari emandako ingurumen-baimen bateratua aldatzea, adierazitako aldaketak txertatu ahal izateko.
Ingurumen-organo honek ebazpen hau emateko eskumena du, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz.
Eta honako arau hauek guztiak aztertu ondoren: Euskal Herriko ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea, ekainaren 11ko 5/2013 Legea, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea, eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituena, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industriako isurpenen Erregelamendua onartzen duena eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplikazio orokorreko gainerako arauak.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateari emandako ingurumen-baimen bateratua aldatu eta berrikustea, eta baimenaren baldintzak ekoizpen siderurgikorako teknologia erabilgarri onenak ezartzen dituen Batzordearen 2012ko otsailaren 28ko Erabakira egokitzea, zehazki, 2015eko irailaren 28ko Ebazpenaren bigarren atalari dagokionez (B.1, B.4 eta C.1 azpiatalak). Honela idatzita geldituko dira:
«B.1.− Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
B.1.1.− Baldintza orokorrak.
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietatearen instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurketek ez dituzte ebazpen honetan ezarritako balioak gaindituko.
Era berean, prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.
Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurketen probabilitatea murrizteko eta haien ondoriozko efluenteek giza osasunerako eta segurtasun publikorako arriskurik ez izateko.
Instalazioaren titularrek 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzekoa).
Fokuen sekzioak, neurketa-tokiak, laginketa-puntuek, neurketa-puntuek, irisgarritasunak, segurtasunak eta zerbitzuek atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan zehaztutakoa bete beharko dute.
Organo horrek foku berri baterako baimena eman ondoren, fokua abian jarri eta sei hilabete igaro aurretik, ingurumen-kontroleko erakundeak egindako hasierako IKE txostena bidali beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietatearen instalazioak, zeinak trenbide-ibilgailuak eta -osagaiak diseinatzen eta fabrikatzen baititu, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren –atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituenaren– katalogoan bildutako 04 02 07 01 jarduerari lotutako honako foku konfinatu hauek ditu:
Gainera, zepa-parkeari dagokion isurtze-foku barreiatu bat dago eta prozesu jarraikian partikulak isurtzen ditu.
B.1.3.– Isurtzeko muga-balioak.
Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren isurketetan, ez dira gaindituko isurketen muga-balio hauek:
Isurketen muga-balioak baldintza hauei dagozkie: 273 K-ko tenperatura eta 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.
● Isurketa-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da.
● Modu jarraituan neurtutako parametroen neurketen kasuan (1. eta 71. fokuak) (partikula guztiak), aurreko isurketen muga-balioak errespetatzen direla ulertuko da, eguneko batez besteko balio baliozkotu batek ere ez badu gainditzen isurketen muga-balioa. Baliozkotutako batez besteko eguneko balioak ustiaketa eraginkorraren epean zehaztuko dira (martxan jartzeko eta gelditzeko epeak salbuetsita), neurtutako erdiordutegiko batez besteko balio baliozkoak oinarritzat hartuta, eta, betiere, ondoren zehaztutako konfiantza-tartearen balioa kendu ostean:
Isurtzeko gehienezko balioetan zehaztutako % 95eko konfiantza-tartearen balioak ez ditu ondorengo isurtzeko muga-balioen ehunekoak gaindituko: guztizko partikulen % 30.
● Erregistro-denbora ez-baliozkotzat jotzen dira neurketa-ekipoen mantentze-lanak, matxurak edo funtzionamendu okerra.
Disolbatzaileen isurketen muga-balioak.
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak gainditu egiten dituenean II. eranskineko jarduera hauetarako 117/2003 Errege Dekretuan ezarrita dauden disolbatzaileen kontsumo-atalaseak, muga-balio hauek bete beharko ditu:
Disolbatzaile-isurketen kalkuluak (lausoak eta guztizkoak) eta xede-isurketenak 117/2003 Errege Dekretuan eta hori garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera egin behar dira.
(1) Instalazioak aurkeztu duen jarduketa-planaren xede-urtetik aurrera aplikatuko da muga-balio hori: 2016.
(2) Instalazioak 5. jardueran urtean 10 t disolbatzaile baino gehiago kontsumitzen badu, isurketa lausoen muga-balioa disolbatzaileen sarreraren % 15ekoa izango da.
Instalazioak jarduera bakoitzean adierazitako kontsumo-atalaseak gainditzen baditu, hau egin ahal izango du:
a) Banakako jarduera bakoitzari dagokionez aurreko tauletan adierazita dauden muga-balioak betetzea (isurketa lausoak eta jarduerari lotutako foku konfinatuen ondoriozko isurketak batuta), edo
b) Guztira eginiko disolbatzaile-isurketek ez gainditzea a) atala aplikatzearen ondorioz lortuko liratekeenak.
Isurtzeko muga-balioren bat betetzen ez dela ikusten bada, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta berehala ingurumen-arloko eskumena duen sailari ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio.
B.1.4.– Gasak hartu eta kanporatzeko sistema.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo B.1.2 atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta laginketa-puntuek argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.
Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzako jarraibide teknikoak bete beharko dira.
Gas-efluenteak tratatzeko sistemak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien laburtuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.»
«B.4.– Lurzoruari buruzko baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean zehaztutako betebeharrak betez aurkeztutako egoerari buruzko aurretiazko txostenarekin bat eta horretan jasotako gomendioei jarraikiz, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak behar diren neurriak hartu beharko ditu lurzorua babesteko, manipulatutako materialak eta identifikatutako arrisku-guneak aintzat hartuta.
Bost urtez behin, ebazpen hau jasotzen denetik hasita, eguneratu egin beharko da lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostena, instalazio guztiei dagokien kutsadura-arriskuaren ebaluazio bat erantsiz. Txosten hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da.
Nolanahi ere, ekainaren 25eko 4/2015 Legean adierazitako inguruabarren bat gertatzen denean, sustatzaileak dagokion lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena lortzeko prozedura hasteko eskatu beharko dio ingurumen-organoari.
Produkzio-jarduera duten eta ez duten eremuetan egin beharreko obren ondorioz lur-mugimenduak sustatzen baditu, jardueraren sustatzaileak hondeatu behar dituen materialen (lurrak, obra-hondakinak, etab.) karakterizazioa egin beharko du, jardun kutsatzaileen ondorioz kalterik jaso ote duten egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, haiek kudeatzeko modu egokiena zehaztearren.
Alabaina, obrak aldez aurretik inolako jarduerarik izan ez duten eremuetan egin behar badira, karakterizazioa egin gabe uzteko aukera izango da, betiere, jarduerarik eza behar bezala justifikatzen bada.
Ingurumen-organo honen aurrean justifikatu beharko da induskatutako zati bakoitzerako proposatutako kudeaketa modua egokia dela, organoak onartu aurretik; proposatutako azken xedea (kanpo-kudeaketa edo kokapen berean berrerabiltzea) adierazi beharko da, eta egindako azterketen kopia bat erantsi.
1.– Soberakinak hondakindegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera aldatu ahal izango da. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.
2.– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpiko balioa eduki beharko dute material horiek, eta lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, laginketa eta azterketa erakunde egiaztatu batek egin beharko du, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.
3.– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.
4.– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
Gainera, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. atalak ezarritakoaren arabera, jarduera ezartzeko edo zabaltzeko hondeatze-lanetan edo lur-mugitzeetan kutsadura-zantzuak hautematen badira, horren berri eman beharko zaie udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek beharrezkoa izango balitz hartu beharreko neurriak ezar ditzan, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e) atalarekin bat etorriz.
Sei hilabeteko epean, substantzia kutsatzaile garrantzitsuei dagokienez, lurzoruak eta lurpeko urek duten hasierako egoera zehazten duen oinarrizko txosten bat aurkeztu beharko da, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko.
Halaber, epe berean, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat aurkeztu beharko da; proposamen horrek gutxienez hauek bilduko ditu: karakterizazioa egiteko bi zundaketa, erauzitako zutabearen karakterizazioa eta lurpeko uren segimendua egiteko erabiliko diren piezometroak prestatzea. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa, eta instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da. Jakinarazi beharko da instalazioa kokatzen den lurzatiak eraginik duen interes hidrogeologikoko lekuetan (IHL), jabari publiko hidraulikoan edo Eremu Babestuen Erregistroko lekuetan (EBE).»
«C.1.– Isurketa atmosferikoak kontrolatzea.
C.1.1.– Kanpo-kontrolak.
a) Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak isurketen kontrola egin beharko du, informazio honen arabera:
b) Kontrol hauek Administrazioko Lankidetza Erakunde batek egin beharko ditu, Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa betetzeko, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.
c) Halaber, a) zenbakian azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek funtzionatzen badu urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin, eta bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozein maiztasunekin, baldin eta isurketaren iraupen globala plantaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, baldin eta kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.
d) Neurketa jarraitua.
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak partikulen neurketa jarraitua egin beharko du F-1 eta F-71 fokuetan.
Ingurumen Sailburuordetzak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak bete beharko ditu neurtzeko sistema jarraituak.
Isurketak modu jarraituan neurtzeko sistema Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera konektatu beharko da.
Neurtzeko sistema jarraituaren instalazioak, kalibrazioak, kontrolak, mantentze-lanek eta jakinarazpenek, eta ekipamenduen, neurketa-sekzio eta -tokien ezaugarriek ingurumen-arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritako baldintzen araberakoak izan beharko dute.
Instalazioen titularrek izango dute neurtzeko sistema jarraituaren datuak eskuratzeko, tratatzeko eta jakinarazteko ardura, eta neurtzeko kontrol jarraituaren bidez erregistratutako datuak gutxienez 10 urtez gorde beharko dira.
Neurgailu jarraituak dituzten isurketa-fokuetan, neurketarako ekipamenduen erabilgarritasuna, hau da, baliozko datuak lortzeko aldien ehunekoa, gutxienez urteko benetako jardunaren % 90ekoa izango da, Ingurumen Sailburuordetzak bestelako baimenik ematen ez badu behintzat.
Elkarren segidako 15 egunetik gora neurtzeko sistema jarraitua konektatu gabe badago edo gaizki badabil, ingurumen-lankidetzako erakundearen bidez modu jarraituan neurtu beharko liratekeen parametroen aldizkako autokontrolak egin beharko dira, 15 egunez behin, gorabehera hasten den egunetik hasita, eta neurtzeko sistema jarraituak zuzen jardun arte.
Neurtzeko sistema jarraituaren funtzionamenduari buruzko txosten bat egin eta Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko da urtero, ingurumenaren arloko eskumenak esleitu dituen sailak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakoaren arabera.
e) Txostenak.
Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera, Ingurumen Sailaren jarraibide teknikoetan ezarritako txosten guztiak bidali beharko dira.
C.1.2.– Txostenak eta kontrolen erregistroak.
C.1.1 puntuan eskatutako parametro guztien neurketen txostenak bidali beharko dira. Kanpoko kontrolen txostenetan jarraibide teknikoetan ezarritako gutxieneko edukia jaso beharko da. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan ezarritako kontrol-maiztasunaren aurretik egindakoak badira. Isurketa atmosferikoen ondorengo kontrolak egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.
Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, eta, betiere, hauetan xedatutakoari jarraikiz: atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua, eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.
C.1.3.– Disolbatzaileak erabiltzeagatik sortzen diren konposatu organiko lurrunkorren isurketak kontrolatzea.
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. merkataritza-sozietatea sartuta dago zenbait jarduera eta instalaziotan disolbatzaile organikoak erabiltzeagatik sortzen diren konposatu organiko lurrunkorren isurketak mugatzeari buruzko urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuaren aplikazio-esparruan, eta, horrenbestez, urtean behin eta dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan, konposatu organiko lurrunkorrak isurtzen dituzten instalazioei buruzko urtarrilaren 8ko 1/2013 Dekretuaren 9.1 artikuluan adierazitako dokumentazioa igorri beharko du.
Urte zehatz batean Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietatearen disolbatzaile-kontsumoa ez bada iritsi urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarrita dagoen urteko kontsumo-atalasera, instalazioak disolbatzaileen urteko kontsumoaren taula bakarrik igorri beharko du, 1/2013 Dekretuaren 9.2 artikuluak ezartzen duen bezala.
1/2013 Dekretuaren 9.1 eta 9.2 artikuluek aipatzen dituzten agiriak igortzeko, helbide elektroniko honetan eskura dauden gidak eta txantiloiak erabili beharko dira: http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3614/es/contenidos/faq/tramitacion_cov/es_faq/ippc.html
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak produkzioan aldaketak egiten baditu, edo beste lehengai batzuk erabiltzen hasten bada, eta horren ondorioz aurreikusten badu ez dela egongo sartuta urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuaren II. eranskinean, behar bezala justifikatu beharko du egoera hori, sozietatearen inskripzioa ezeztatzeko konposatu organiko lurrunkorrak isurtzen dituzten instalazioen EAEko erregistroan, 1/2013 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, eta, hala badagokio, ingurumen-baimen bateratuan ezarrita dituen isurketa atmosferikoak kontrolatzeko baldintzak aldatzeko.»
Bigarrena.– Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak honako hauek aurkeztu beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari ebazpen hau jakinarazten denetik hasita hiru hileko epean:
● Baimendutako kudeatzaileari ematen zaizkion sortutako hondakinen behar bezalako identifikazioa eta sailkapena justifikatzea, bereziki hondakin arriskutsua izateari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakinen Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hondakinei buruz eman zuten eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituzten 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten baita. Hori egiaztatu ondoren, baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena eguneratu egingo dira.
Hirugarrena.– Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateak honako hauek aurkeztu beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari ebazpen hau jakinarazten denetik hasita sei hileko epean:
● Substantzia kutsatzaile garrantzitsuei dagokienez, lurzoruak eta lurpeko urek duten hasierako egoera zehazten duen oinarrizko txosten bat, jarduera behin betiko amaitzen denean konparazio kuantitatiboa egin ahal izateko.
● Lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzeko proposamen bat, ebazpen honen B.4. letran adierazten den moduan.
Laugarrena.– Ingurumen-baimen bateratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 30. artikuluan, eta uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 31. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, S.A. sozietateari, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko udalei, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betetzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 8a.
Ingurumeneko sailburuordea,
IOSU MADARIAGA GARAMENDI.