EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016198

EBAZPENA, 2016ko irailaren 27koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez behin betiko onartzen baita Bilboko metropoli-trenbidearen 5. lineako Galdakao erdialdea-Ospitalea tarteari buruzko informazio-azterlana.

Xedapenaren data: 2016-09-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201604413
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/09/21ean argitaratutako 2012/07/27ko EBAZPENA [201204231]

Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planak –otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuaren bidez onartu eta otsailaren 22ko 34/2005 Dekretuaren bidez aldatua– aurreikusten du Bilboko metropoli-trenbidea Basauritik Galdakao erdigunera zabaltzea.
Horiek horrela, Bilboko metropoli-trenbidearen 5. lineako Galdakao erdialdea-Usansolo tarteari buruzko informazio-azterlana idatzi zen.
Aipatu informazio-azterlana eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri ziren Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2012ko uztailaren 27ko Ebazpenaren bidez, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Ebazpen hori 2012ko irailaren 21eko EHAAn eta egun bereko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta El Correo eta El País egunkarietan argitaratu zen, eta hogeita hamar egun baliodunetan egon zen ikusgai, Galdakaoko Udalaren iragarki-oholean.
Izapide horiek egitean, erakundeei egiteko entzunaldiari buruzko sei alegazio jaso dira, baina horietako batek ere ez du azterlana zalantzan jartzen, Eraikitze Proiektuari buruzko argibideak edo zehaztapenak eskatzen dira soilik, zeinei hurrengo fasean erantzungo baitzaie.
Bilboko metropoli-trenbidearen 5. linea eskatzeko azterlanean egiaztatu da Ospitalea- Usansolo tartean erabiltzaileen aurreikuspena asko jaisten dela lineako beste tarteekin alderatuz.
Halaber, aintzat hartuz zein diren Ospitalean artatzen diren pertsonen jatorria-helmuga eta herriak, ondorioztatzen da trazadura-aukeren azterlan bat egin behar dela zuzenean lotzeko Donostia-Bilbao lineako Durango-Bilbao zatiaren trenbide sarea –Usansoloko udalerritik igarotzean– eta Ospitalea eta Galdakao, Bilboko metropolialdeko trenbide-konexioekin batera, honela, jada badauden sareen optimizazioa bilatuz.
Bi gai horiek aholkatzen eta justifikatzen dute Ospitalea-Usansolo zatiaren informazio-azterlana ez onartzea uneotan, aipatu aukeren azterlana eskuartean izan arte, gutxienez.
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko uztailaren 20ko Ebazpenaren bidez egin zen Bilboko metroaren 5. lineako Galdakao erdialdea-Ospitalea tartea proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena, zeinean, gainera, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarri ziren, eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatu.
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ikuskapena eta aldeko txostena eginik aldez aurretik, teknikoki eta behin-behinean onartu da dokumentua; txosten hartan honako hauek egiaztatu dira: teknikoki zuzena dela eta trenbideen arloko berariazko arauak eta aplikagarria den gainontzeko legeria betetzen dituela.
Organo honek eskumena du Gobernu Kontseiluarentzat erreserbatuak ez dauden Bilboko metropoli-trenarekin zerikusia duten proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan xedatuari jarraituz (dekretu hori abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen).
Beraz, aipatu xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurreko informazio- eta entzunaldi-espedientea onartzea, eta behin betiko onartzea Bilboko metropoliko trenbideko Galdakao erdialdea-Ospitalea tartearen informazio-azterlana.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; idazkia organo horri edo Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 27a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.