EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016198

AGINDUA, 2016ko urriaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako deialdia egiten baita.

Xedapenaren data: 2016-10-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201604412
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko uztailaren 19ko Aginduaren bitartez (2016ko uztailaren 28ko EHAA, 143. Zk.), Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programaren laguntzak arautu eta laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko 2016-2017 ikasturteko deialdia egin zen. Agindu horrek egonaldiak egiteko aukera ematen du programaren aplikaziokoak ez diren zentroetan; horrela, aginduak erantzuna ematen die egonaldiok duten interesari, hau da: ikertzaileak hobeto prestatu eta nazioarteko doktoregoa lortzeari.
Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua (2013ko martxoaren 7ko EHAA), dekretu horrek aldatu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen dekretua.
Kontuan hartu dira, halaber, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA) eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa. 698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra arautzen da, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezartzen dira; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen da.
Horretaz gainera, aintzat hartu da Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.
Horrenbestez, oinarri hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa,
Honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Beka aplikatzen den zentroetan ez beste batzuetan doktoretza-aurreko egonaldiak egiteko deialdia egitea prestakuntzan ari diren ikertzaileei. Egonaldi horien helburua izango da ikertzaileak zientzia- eta teknika-ikerketan hobeto prestatzea eta, horretarako, ikerketa-lanak egitea, ikerketa-proiektuei aplikatzeko teknika berriak ikastea, bibliografia- eta ikerketa-funtsetan kontsultatzea eta beste edozein ikerketa jarduera egitea esku artean duen tesi-proiektuaren testuinguruan, ikertzailearen zientzia- eta teknika-prestakuntza hobetzeko, tesiaren garapena bultzatzeko eta nazioarteko doktoretza lortzea errazteko.
2.– Egonaldiak egin ahal izango dira unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+b-eko jarduera duten enpresetan, atzerrikoetan zein estataletan, betiere doktoretza aurreko programa aplikatzeko zentroan bertan barik beste hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatu egiten badu agindu honetan zehazten diren laguntza ekonomikoak ematea.
3.– Deialdi honetatik kanpo geratzen da biltzarretara eta batzar zientifikoetara joatea, bai eta, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren ustez, lehenengo paragrafoan ezarritakoarekin bat ez datozen bestelako egonaldietara joatea ere. Ez da onartuko, halaber, ohiko aplikazio-zentroa atzerrian duten ikertzaileek Espainiako zentroetan egonaldiak egitea.
2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.
175.000 euro erabiliko dira agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Honako hauek izango dute laguntzak eskatzea: doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko 2016-2017 programaren onuradun direnek.
2.– Laguntza hauetaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da prestakuntzan ari diren ikertzaileak jardunean egotea eta beka-programa lehenengoz, bigarrenez eta hirugarrenez berrituta izatea.
3.– Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan honako hauetan jasotako egoeretakoren batean dauden erakundeak: Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.
4. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Laguntza hauen gai diren egonaldiak 2017. urtean hasi beharko dira.
2.– Egonaldi bakoitzaren gutxieneko iraunaldia hiru hilabetekoa izango da, eta, justifikatutako salbuespenak izan ezik, egonaldi horiek bat etorri beharko dute joan nahi den zentroetako aldi akademikoekin eta/edo ohiko jardunarekin.
5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabidea nahitaez egin beharko da Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://euskadi.net/-ayuda_subvencion/-/2015/egonlabur/es/) modu telematikoan eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez. Eskabideari atxikitako dokumentazioa harekin batera bidali beharko da, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta egin beharko du erabiltzaile gisa, eta aipatutako aplikazioan emandako argibideei jarraitu.
Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoaren bidez (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzaile eta pasahitzaren bidez. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.
2.– Behin eskabide telematikoa erabat bete denean eta, aplikazioaren bitartez, artikulu honen 8. atalean adierazitako dokumentuak erantsi direnean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesua gauza dezake, Egoitza Elektronikoak onartzen dituen sinadura elektronikoaren sistemetako edozeinen bidez.
Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki eraldatuko balitz, eskabidea baztertuko da automatikoki.
3.– Paperez izapidetuz gero, eskatzaileak aplikazioak sortutako eskabide-inprimakia inprimatu eta sinatu behar du. Paperezko eskabideak artikulu honen 5. eta 6. ataletan adierazitako epean eta lekuan aurkeztuko dira.
4.– Nolanahi ere, eskabidearekin batera, Erantzukizunpeko Adierazpena aurkeztu behar da, hala xedatzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. Artikuluaren 6. atalean (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutakoa da). Adierazpenak egiaztatuko du hautagaiek obligazio hauek betetzen dituztela:
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Hautagaia ez dagoela sartuta itzultze- edo zehatze-prozedura batean, eta, hala badagokio, diru-laguntzak itzultzeko obligazioak egunean dituela.
– Hautagaiak ez duela zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan ezarritako gainerako debekuetakoren batean sartuta ez egotea.
– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla eta hautagaiak betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
5.– Diru-laguntzak jasotzeko eskabidea aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan hark zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, eskaerarekin batera aurkeztu beharko ditu beharrezko egiaztagiri eguneratuak.
6.– Eskaerak aurkezteko epeak.
Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
7.– Eskabidea paperean izapidetuz gero, helbide honetara bidaliko da:
Eusko Jaurlaritza
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
Zientzia Politikarako Zuzendaritza
Erreferentzia: Doktoretza-aurreko egonaldiak
Donostia kalea, 1
01010 Vitoria-Gasteiz
Eskabideak toki hauetan ere aurkeztu ahal izango dira, bai eta informazioa eskatu ere: Herritarrei arreta emateko Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta eskuratzeko, 012 zenbakira deitu daiteke.
Ikertzailea Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera:
– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz)
– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia)
– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).
– Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
Eskaera aurkezteko, aplikagarria izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritakoa. Eskabideak, halaber, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak) aipatzen dituen lekuetan aurkeztu ahal izango dira, deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.
Eskabideak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskabidearen goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.
8.– Eskatutako dokumentazioa.
Eskabide-orriarekin batera, ondoren zerrendatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da aplikazioaren bitartez:
a) Egonaldiaren helburua deskribatzeko txostena (bi orrikoa, gehienez ere).
b) Zentro hartzailearen jatorrizko gutuna, non egiaztatzen baita bisitaldia onartzen dela eskatutako egunetan.
c) Egitekoa den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen agiria, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioan, eskuragarri dago dokumentu horren txantiloi bat.
6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
Zuzenketak egiteko errekerimenduak honelaxe jakinaraziko dira: 12. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.
7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.
8. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta asegurua.
1.– Mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa eguneko 25 eurokoa izango da.
2.– Bidaia norberaren ibilgailuan egin daiteke, eta bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, honako taula honi begiratuko zaio:
Kilometroak kalkulatzeko, http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza hartuko da erreferentziatzat. Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.
Joan-etorriak egiteko, bisatua izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.
Bidaia-gastuetarako laguntzak ez du toki-garraiorik hartuko barruan.
3.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, laguntzak esleitu eta gero, justifikatuta dagoen kasuetan aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.
4.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimenduta atzerrian egiten diren egonaldietarako, istripu eta osasun-laguntza asegurua kontratatuko da. Interesdunaren ezkontidea eta 25 urtetik beherako seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, aseguru hori haientzat ere zabaldu ahal izango da, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori antolamendu juridikoak edozein frogagirien bitartez onartutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
9. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.
Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duen beste edozein diru-laguntzarekin, salbu doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako laguntza bera.
10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
1.– Hautaketa-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu: Zientzia Politikarako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Unibertsitateetako zuzendaria, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari bat, Zientzia Politikarako zuzendariak izendatua, idazkari-lanak egingo dituena. Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko proposamena.
2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera balioetsiko dira:
a) Laguntza lehen aldiz berritzen duten eskatzaileak: puntu 1.
b) Laguntza bigarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 2 puntu.
c) Laguntza hirugarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 3 puntu.
11. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira; horien artean lehentasunak jartzeko, 10. artikuluan finkatutako irizpideak aplikatuko dira, eta puntu gehien lortzen dituzten eskaerei baino ez zaizkie esleituko diru-laguntzak, harik eta agindu honetako 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.
Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira agindu honetan araututako laguntzak eta haien zenbatekoak zehaztuko, sei hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik hasita.
2.– Jakinarazpena egiteko, ebazpena argitara emango da egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (www.euskadi.net).
3.– Alde batera utzi gabe aurreko 2. paragrafoan xedatutakoa, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
4.– Artikulu honen 1. paragrafoan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.
5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako diru-laguntzen barruan diru-laguntzak itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedura tramitatzen ari bada, prozedura hori bukatu egin beharko da diru-laguntza eman eta ordaintzeko.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, ebazpena www.euskadi.net egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.
c) Egonaldiaren hasierako datak emate-ebazpenean adierazitakoa izan behar du. Salbuespenez, egonaldiaren aurretik eskatu ahal izango da, idatziz eta behar bezalako arrazoiak emanda, hasiera data aldatzeko. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak erabakiko du aldaketa egin daitekeen ala ez, eta baimena eman ahal izango du behar bezala justifikatutakotzat jotzen dituen aldaketak egiteko.
c) Zentroan egon beharko du diruz laguntzen den denboraldi osoan. Diru-laguntza jasotzen duen ikertzaileak bere jarduera etenik gabe egin beharko du; zentroko lan-egutegiak bete beharko ditu, gainera. Ikerketa-arrazoien ondorioz aldi baterako zentrotik atera behar badu, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, eta hark eman beharko dio horretarako baimena. Atzeratutako aldiak, baimendutakoak badira, ez dira errekuperatu behar.
d) Diru-laguntza jasotako jardueraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea; era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
e) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, haiek hala eskatuz gero dagozkien funtzioak gauzatzerakoan.
g) Helburu bererako lortu den beste edozein laguntza deklaratzea.
h) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 15. artikuluan zehazten diren agiriak bidali beharko ditu Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.
14. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko egiteko, Zientzia Politikarako zuzendariari jakinarazi beharko zaio, idazki baten bidez, eta onuradunak, tesi-proiektuaren zuzendariak eta ezarpen-zentro kontratugileko legezko ordezkariak sinatu beharko dute idazkia. Han, adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko-egite hori, aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago. Horren berri, halaber, posta elektronikoz ere eman beharko da huisibas@euskadi.eus helbidera bidalita, uko egitearen ondorioak hasten diren eguna baino lehenago.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko dira.
Uko egitearen ondorio ekonomikoak hasiko dira uko egite hori gauzatzen den egun berean. Hala ere, bidegabeko ordainketak gauzatu badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.
15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Laguntza hauen ordainketa behin batez egingo da, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, onuradunak hirugarrenen altaren agiriaeguneratua izan beharko du: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html
2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek bidali beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzara:
a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria: lankide izandako ikertzaile arduradunak izenpetutako jatorrizko idazki bat izango da. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak aipatu beharko dira han.
b) Egindako lanaren memoria zientifiko-teknikoa, diru-laguntzaren baldintzak bete direla justifikatzen duena, eta egindako jarduerak eta jasotako emaitzak zehazten dituena.
c) Bidaiaren kostuari eta bisatuaren izapidetzeak dakarren kostuari buruzko txosten ekonomikoa, honako dokumentu hauek erantsita:
– Garraio publikoan egindako bidaien jatorrizko txartelak eta fakturak.
– Bisatua tramitatzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien jatorrizko txartelak eta fakturak.
Bidaian norberaren garraiobideak erabiliz gero, justifikatutako kilometroak kilometroko 0,29 euron ordainduko dira.
3.– Egonaldia esleitutakoa baino txikiagoa bada, mantenurako emandakoaren zati proportzionala itzuli egin beharko du onuradunak, hau da, egin gabeko aldiari dagokion zatia, betiere indarrean den legeriarekin bat etorriz.
4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa gertatzen bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.
5.– Dokumentazio hau guztia aurkezteko, aplikazio telematikoa erabiliko da.
16. artikulua.– Ez-betetzea.
Egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion legezko interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren pentzutan ordaindu beharreko diru-laguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).
Aplikatzekoak dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina( EHAA 1988ko urtarrilearen 19a) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
17. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.
Prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 15. artikuluaren 3. eta 4. ataletan adierazten diren kasuetan:
a) Prozedura hasi eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.
b) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta15 egun naturaleko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.
Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela jakinaraziko du, eta, hala badagokio, adieraziko du diru-zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Finantza Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian jasoko dira, «Bekadunentzako diru-laguntzak» izenekoan (deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena). Fitxategi hori jasota dago arau honen xedapen-esparruan: 2010eko urriaren 4ko Agindua, EHAA 213zk. Azaroaren 5a, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko EHAA, 213. zk.).
Fitxategi horren organo arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Datuen aurka egin, datuetan sartu eta datuak zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hartarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 11.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
IKERTZAILEAK PRESTATZEKO DOKTORETZA-AURREKO PROGRAMA APLIKATZEN DEN ZENTROEZ BESTELAKOETAN EGONALDIAK EGITEKO LAGUNTZAK
II. ERANSKINA
ESKATZAILEAREN AITORPENA
III. ERANSKINA
IKERTZAILEAK PRESTATZEKO DOKTORETZA-AURREKO PROGRAMA APLIKATZEN DEN ZENTROEZ BESTELAKOETAN EGONALDIAK EGITEKO LAGUNTZAK