EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016198

AGINDUA, 2016ko urriaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari izateko laguntzaren deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-10-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201604411
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Cambridgeko Unibertsitateak hitzarmena sinatu dute Clare Hall-en ikertzaile batek egonaldia egin dezan.
Clare Hall College 1966an sortu zuten, eta ikasketa aurreratuen zentroa da Cambridgeko Unibertsitatearen barruan. Gora doan ikertzaile bisitarien programa bat du. Programa horri esker, mundu osoko akademikoak ari dira lanean Cambridgen, hamabi hilera arteko egonaldietan. Cambridgeko Unibertsitateko gradudunen bost elkargoetako bat da. Zentroan Euskadirekin lotutako gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat izateak ekarpen garrantzitsua egingo du Euskadiri buruzko ezagupenak garatzeari dagokionez.
Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua (2013ko martxoaren 7ko EHAA), dekretu horrek aldatzen baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Dekretua.
Herri Administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen helburua da diru-laguntza emateko oinarriak ezartzea eta prozedura arautzea, 2017-2018 ikasturtean Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en ikertzaile bisitari gisa aritzeko egonaldiak finantzatze aldera.
2.– Ikertzaile bisitariak diziplina hauetan lan egin ahal izango du: fisika, biologia zelularra eta molekularra eta arteak (giza zientziak, gizarte-zientziak eta zientzia juridikoak).
2. artikulua.– Iraupena.
Egonaldiaren iraupena hamabi hilekoa da, eta urrian hasiko da. Hala ere, hautagaiek sei hileko egonaldiak ere aukeratu ahal izango dituzte.
3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Laguntza hau lor dezakete baldintza hauek betetzen dituztenek:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat urtebetez bizi izana 2016ko urtarrilaren 1ean. Hala ere, antzinatasun bera izanik, atzerrian bizi direnen eskabideak ere onartuko dira, baldin eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) bidez Euskal Autonomia Erkidegoan auzotasuna badute eta atzerrian bizi aurreko azken auzotasuna Euskadin izan bada.
b) Doktore gradua izatea.
c) Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartuak izatea.
d) Ingeles hizkuntzaren ezagutza-maila nahikoa izatea, unibertsitate-komunitatean lehen egunetik bizi eta lan egiteko gai izan daitezen.
e) Ezingo dira agindu honek araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 13.3. artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50.5. artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.
4. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan modu telematikoan eskura daitekeen inprimakiaren bidez beteko da eskabidea. Hona hemen helbidea elektronikoa:
https:/www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ikercambridge/y22-izapide/eu/.
Eskabideari atxikitako dokumentazioa harekin batera bidali beharko da, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak erabiltzaile gisa alta egin beharko du, eta aipatutako aplikazioan emandako argibideei jarraitu.
Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. Aplikaziora sartzen diren pertsonek Zientzia Politikarako Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen den organoa) baimena ematen diote nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan, bitarteko elektronikoen bitartez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bitartez.
2.– Behin eskabide telematikoa erabat bete denean eta aplikazioaren bitartez artikulu honen 8. atalean adierazitako dokumentuak erantsi direnean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesua gauza dezake, Egoitza Elektronikoak onartzen dituen sinadura elektronikoko sistemetako edozeinen bidez.
Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki eraldatuko balitz, eskabidea automatikoki baztertuko da.
3.– Paperez izapidetuz gero, eskatzaileak aplikazioak sortutako eskabide-inprimakia inprimatu eta sinatu behar du. Paperezko eskabideak artikulu honen 6. eta 7. ataletan adierazitako epean eta lekuan aurkeztuko dira.
4.– Nolanahi ere, eskabideak Erantzukizunpeko Adierazpena barne hartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50. artikuluak bere 6.atalean xedatu bezala (EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutakoa). Adierazpenak obligazio hauek betetzen direla egiaztatuko du:
– Eskatzaileak helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo lortu dituen, edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribatu baten eskutik.
– Eskatzaileak itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat martxan duen edo izan duen, eta, hala badagokio, obligazioak ordaintzeke dituen, diru-laguntzak itzultzeari dagokionez.
– Eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zigor penala edo administratiboa duen, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren bat duen.
– Eskatzaileak Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako beste debekuren bat duen.
– Konpromisoa hartzen duela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazteko diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.
– Eskabide honetako datuak egiazkoak direla, eta bertako zehaztugabetasunek sor ditzaketen erantzukizunak bere gain hartzen dituela.
5.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak organo kudeatzaileari baimena ematen dio haren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzeko egiaztagiria zuzenean lortzeko.
Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera.
6.– Eskaerak aurkezteko epeak.
Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
7.– Eskabide-orriak eta bestelako agiriak ondorengo posta helbidera bidaliko dira:
Eusko Jaurlaritza.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.
Zientzia Politikarako Zuzendaritza.
Erreferentzia: «Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall laguntza».
Donostia kalea 1.
01010 Vitoria-Gasteiz.
Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan ere eskabideak aurkeztu eta informazioa eska daiteke: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia kalea 13, 20003 Donostia), eta Araban (Ramiro Maeztu kalea 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta 012 zenbakira deituz eskuratu ahal da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, 16.4. artikuluan ezartzen duena aplikatuko da. Eskabideak apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak) aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira, deialdiak eskabideak aurkezteko ezartzen duen epean.
Eskabideak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskabidearen goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.
8.– Eskatutako dokumentazioa.
Eskabide-orriarekin batera, ondoren zerrendatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da aplikazioaren bitartez:
a) Doktore gradua duela egiaztatzen duen agiria.
b) Errolda-egiaztagiria. Atzerrian bizi direnen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon izanaren agiria (historikoa) eta atzerrian bizi diren espainiarren erroldan (AEE) erregistratuta egotearen ziurtagiria.
c) Curriculum akademikoa eta zientifikoa ingelesez idatzita.
d) Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en garatu beharreko ikerketa-proiektua, agindu honetako 1. artikuluan aipatutako diziplinetako edozeinetan. Ingelesez idatzi beharko da.
e) Cambridgeko Unibertsitateko sail edo fakultate batean onartua izan dela adierazten duen gutuna.
f) Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-en «Application for a Visiting Fellowship» eskaera-inprimakia.
g) Eskatzailea unibertsitateko irakaslea bada, Zentroko arduradun legalak sinatutako dokumentua aurkeztuko da, eskatzaileari baimena ematen diona laguntzak iraun bitartean kanpoan egoteko.
h) Hautagaiek haien irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutzen duten ospe aitortuko hiru ikertzaileren aipamen-gutunak lortu beharko dituzte. Gutunak ingelesez idatzita egongo dira, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio.
5. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo arauzko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Zuzenketak egiteko errekerimenduak 8. Artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.
6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio laguntza hau kudeatzea.
7. artikulua.– Hautaketa Batzordea. Ikertzailea hautatzeko irizpideak.
1.– Behin aurkezteko epea, eta, hala badagokio, eskabideak zuzentzeko epea amaituta, Hautaketa Batzordeak eskabideak ebaluatuko ditu, eta laguntzaren esleipendunak aukeratu. Batzordea honela osatuko da:
a) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeko burua izango da.
b) Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidentea.
c) Bi aditu akademiko gehienez, bata Cambridgeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskal Herrikoa. Aditu horiek esperientzia handia izango dute akordio honetako diziplina garrantzitsuetan, eta Clare Hall-eko «Fellowship Committee»ko presidenteak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuko dituzte, hurrenez hurren. Hautagaiak aurkezten diren gaien esparrua zabala denean eta horren ondorioz komeni bada, alderdiek bigarren aditu akademiko bat proposatu ahal izango dute.
2.– Hautaketa Batzordeak hautagaiek aurkeztu dituzten eskabideak ebaluatuko ditu. Bi fasetan egingo du, eta irizpide hauei jarraikiz:
a) Lehiaketaren lehenengo fasea
– Curriculum akademikoa eta zientifikoa: 10 puntu.
● Argitalpenak, hitzaldiak, ezagutza gizarteratzea: 4 puntu.
● Zuzendutako ikerlanak eta tesiak: 3 puntu.
● Irakaskuntza-lana graduetan eta graduondoetan: 3 puntu.
– Ikerketa-proiektua: 10 puntu.
● Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.
● Ikerlanaren emaitzek euskal gizartean duten inpaktua: 3 puntu.
– Ikertzailearen eskuragarritasuna: 5 puntu.
● Hamabi hileko egonaldia: 5 puntu.
b) Lehiaketaren bigarren fasea
Hautaketa Batzordearekin elkarrizketa izango dute eta proiektua aurkeztuko diote; ingelesez izango da: 10 puntu.
3.– Hautaketa Batzordeak aurkeztutakoari buruzko galderak egin ditzake, edo laguntzaren xedearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzkoak. Era berean, ingelesa jakiteko baldintza betetzen den egiaztatuko du, 3.d) artikuluak adierazi bezala.Hautaketa Batzordeak lehenbiziko bost hautagaiei egingo die elkarrizketa gehienez. Aitzitik, lehenbiziko bost hautagaietako bat elkarrizketara bertaratzen ez bada, elkarrizketatutako hautagaien kopurua handitu liteke, ordenari zorrozki jarraituz.
4.– Hautagaien ebaluazioa amaitu ondoren, Batzordeak onuraduna/k aukeratuko du/ditu, eta ordezkoen lehentasun-ordena ezarri, esleipendunak uko egingo balio edo laguntzarako eskubidea galduko balu. Lehiaketaren bi faseetan puntu gehien lortu dituena izango da esleipendun. Berdinketarik balego, elkarrizketaren fasean puntuaziorik onena izan duena hautatuko da.
5.– Esleipendunak ezingo balu ikasturte akademiko osoa bertan egon, puntuazio handiena jaso duen bigarren hautagaiari eskainiko zaio hamabi hilabeteko aldia amaitu arte geratzen den epealdia betetzeko aukera.
6.– Clare Hall-en Gobernu Kontseiluak hautagaiei buruzko iritzia emango du, eta, bere irizpideen arabera eta arrazoiak emanez, proposatutako hautagairen bat onartu edo guztiak baztertu ahal izango ditu.
7.– Hautaketa Batzordeak laguntza hutsik deklaratuko du, eskabiderik ez balego, edo hautagaiek ez badute balorazio osoaren % 50 gainditzen. Halaber, egonaldiaren epealdi partzialetako bat hutsik gera liteke.
8. artikulua.– Ebazpena eta esleipena.
1.– Aurreko artikuluan xedatzen den hautaketa-prozesua amaitu ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen Ebazpen bidez emango da laguntza, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.
2.– Ebazpenean adieraziko dira pertsona onuradunaren nortasuna, egonaldia hasi eta amaitzeko datak eta laguntzaren zuzkidura, 9. artikuluan jasotako kontzeptuen arabera banakatuta, eta, hala badagokio, ordezkoen nortasuna eta horien lehentasun-ordena ere bai.
3.– Jakinarazpena egingo da aipatutako ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuz: www.euskadi.net.
4.–Aurreko zenbakian ezarritakoa bazter utzi gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako argitalpenen abisuak, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
5.– Aipatutako Ebazpenak ez du bide administratiboa agortzen, eta horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean.
6.– Ezarritako epean laguntza esleitzeko Ebazpenik eman edo jakinaraziko ez balitz, eskabideak ezetsi direla iritziko zaio. Kasu horretan, eta nahiz eta Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra duen, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hiru hilabetekoa izango da, oinarri hauen 1. atalean ezarritako epea iraungi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta jasotako laguntzak.
9. artikulua.– Zuzkidura.
2017-2018 ikasturtean hamabi hileko egonaldia egiteko laguntzaren zuzkidura 75.150 eurokoa da. Kopuru hori honela banakatzen da:
a) 51.750 euro Clare Hall-i ordainduko zaizkio, College-ren zeharkako gastuak estaltzeko, Clare Hall-ek emandako laguntza teknikoa barnean dela, bai eta ikertzailearen ostatua eta mantenua ere. Ostaturako zuzkidurak hauek estaltzen ditu: pertsona batentzako estudio baten alokairua, elektrizitatea, berokuntza eta udal-tasak. Mantenuak astelehenetik ostiralera bitarteko aldia hartzen du. Kopuru horrekin, gainera, beste kontzeptu batzuk ere estaltzen dira: ikerketa-gastuak, establezimendu-gastuak eta ekitaldiak (profesionalak, harrerak, kontzertuak).
b) 4.500 euro gehienez, ikertzaile bisitariak mintegi bat antolatu eta garatzeko. Laguntza bi pertsonak jasoko balute, kopurua bikoiztuko da. Kasu horretan, hitzarmenak xedatzen du egonaldi bakoitzak sei hilabeteko iraupena izango lukeela.
c) 14.400 euro, ikertzaile bisitariari ordaintzeko (hilean 1.200 euro).
Horrez gain, onuradunak istripuen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izango du, bai eta bidaian laguntzeko asegurua ere, egonaldiak atzerrian egiten badira. Azken horren kasuan, interesdunak eskatuz gero, ezkontideak eta 25 urtetik beherako seme-alabek ere balia dezakete, egonaldian berarekin badira. Aseguru hori antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.
10. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Clare Hall-i transferituko dizkio funtsak, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzailea den heinean. Ordainketa arau hauen arabera egingo da:
a) Behin deialdia ebatzita eta onuradunak emandako laguntza onartu duenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak xedapen honen 9. artikuluan esleitutako zuzkidura osoaren % 75 emango dio Clare Hall-i.
b) Bigarren ordainketa gainerako % 25a izango da, eta emandako laguntza osoaren gastua frogatu ondoren egingo da. Egindako gastu hori frogatzeko, fakturak edo agiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek ikasturte akademikoa amaitu ostean aurkeztu beharko dira, egindako ekintzei buruzko azalpen-memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.
Clare Hall-ek laguntza ordainduko dio onuradunari, arau hauen arabera:
a) Clare Hall-ek 9. artikuluaren c) letran adierazitako kopurua ordainduko dio ikertzaileari, hamabi hileko ordainketatan. Lehenengo hileko ordainketa Cambridgera iristean egingo zaio.
b) Clare Hall-ek mintegiak antolatzearen ondoriozko gastuak ordainduko dizkio ikertzaileari, horiei buruzko azalpen zehatza eman eta sortutako gastuen egiaztagiriak aurkeztu ostean.
Behin egonaldia amaituta, administrazioak kostuen balantze ekonomiko xehatuaren kopia emango dio ikertzaileari, Clare Hall-ek emandakoa.
Onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik abiarazitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.
11. artikulua.– Bateraezintasuna.
Laguntza hau bateraezinak da helburu bererako ematen diren antzeko diru-laguntzekin.
12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza eman izanaren Ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamar eguneko epean onuradunak laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, iritziko zaio laguntza onartu duela. Diru-laguntza onartzeak esan nahi du Agindu honetako arauak onartzen dituela.
b) – Eman den xede zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.
c) – Eskatutako argibide guztiak ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lagungarria izan dakien.
d) – Garatzen duen ikerlanarekin lotutako mintegia antolatzea, eta emaitzak liburuetan, artikulu zientifikoetan eta gainerako bitartekoetan hedatzea. Mintegia egitea nahitaez bete beharreko jarduera izango da, bai hamabi hileko egonaldietarako bai sei hileko egonaldietarako.
e) – Clare Hall-eko Visiting Fellow gisa dagozkion ohiko ekitaldietan parte hartzea, bai eta Euskadiren gaineko ezagutza hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hala eskatuta.
f) – Egonaldia amaitu ostean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eta Clare Hall-i txostena bidaltzea, eginiko ikerketari eta parte hartu duen bestelako jarduerei buruz, Cambridgen zein Euskadin.
g) – Clare Hall-i eragindako gastuen azalpen xehatua eta egiaztagiri originalak bidaltzea, artikulu honen d) letran xedatutako kasuan.
h) – Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei buruzko antolamendu juridikoan ezartzen diren bestelako betebehar guztiak, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50.2. artikuluak diru-laguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruz ezarritakoa eta Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak xedatutakoa.
13. artikulua.– Uko egitea.
Onuradunak laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.
Uko egingo balio, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lehen ordezkoa izenda dezake onuradun, laguntza erabiltzeko geratzen den epeaz.
14. artikulua.– Ez betetzea.
1.– Onuradunak ez badu betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat, ebazteko eskumena duen organoak Ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa jasotzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoaren arabera.
2.– Onuraduna edo, kasuan kasu, erakunde laguntzailea konpromisoak erabat betetzetik benetan gertu dagoenean eta haien jarduera konpromiso horiek betetzera argi eta garbi bideratuta dagoela egiaztatzen dutenean, ordaindu beharreko zenbatekoa egindako egonaldiaren iraupenaren baitan behar bezala egiaztatutako denboraren araberakoa izango da, lehenik, eta, hala badagokio, behar bezala egiaztatzen diren mintegi-gastuen arabera, bigarrenik.
15. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Halaber, datuak «Bekadunen laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututakoa (2010eko azaroaren 5eko EHAA). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdia kudeatzea eta deialdian lehiatzen direnei prozesuaren bilakaeraren berri ematea. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren organo arduraduna. Datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien kontra egiteko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Prozedurari dagokionez agindu honetan arautu gabeko kasuetan, herri administrazioen administrazio prozedura erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honek jasotako diru-laguntzak eta bertan xedatutakoa arautzean, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. Tituluak ezarritakoa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 11.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.