EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016198

AGINDUA, 2016ko urriaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Jarduera zientifikoa sustatzeko, Ikerkuntzako Euskadi Sariaren 2016ko ediziorako deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2016-10-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201604410
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/12/04an argitaratutako 2015/12/01eko 201500221 DEKRETUA

221/2015 Dekretua, abenduaren 1ekoa, Ikerkuntzarako Euskadi Sariak arautzen dituena, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.
Dekretu horretako 1.3 artikuluan zehazten denez, Ikerkuntzarako Euskadi Sarirako deialdia urtero egingo da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu bidez. Agindu horrek honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, sari horietarako ezarritako zenbatekoaren eguneratzea eta hautagaiak aurkezteko epea –inolaz ere ez hilabete bat baino txikiagoa.
Horrenbestez, oinarri hartzen dut Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da, zientzia eta teknologia modalitatean, Ikerkuntzako Euskadi Sariaren 2016ko ediziorako deialdia egitea –abenduaren 1eko 221/2015 Dekretuaz arautua da sari hori.
2. artikulua.– Hornidura.
Emango den saria eta zenbateko gordina 40.000 eurokoa izango da. Sarituak estatuatxo bat eta bereizgarri bat jasoko dute, gainera, sari-banaketako ekintza publikoan.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili ahalko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.
Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzekoan.
Bai bide elektronikorako, bai presentzialerako, eskabideari eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideei buruzko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:
https://euskadi.eus/saria_lehiaketa/euskadisaria2016/y22-izapide/eu/
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala edo elektronikoa– erabiltzeak ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe xedatzen da-eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan.
4. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz,deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian, «Bekadunentzako diru-laguntzak» izenekoan, jasoko dira , eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen xedapen-esparruan sartzeko da: 2010eko urriaren 4ko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko EHAA, 213. zenbakia).
Fitxategi honen organo arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien kontra egiteko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan zehazten diren ondorioetarako, deialdi honetako sariak ebazteko baldintza izango da 2017. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETIK BIGARRENA.
Agindu honek xedatzen ez dituen arloetan abenduaren 1eko 221/2015 Dekretuak ezartzen duena beteko da.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 11.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.