EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016198

AGINDUA, 2016ko urriaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; honen bidez, argitara ematen da zenbat diru bideratuko den Euskal Autonomia Erkidegoan erlezaintzaren aldeko laguntzetara 2016. urtean.

Xedapenaren data: 2016-10-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201604404
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2005/03/10rean argitaratutako 2005/02/15eko 200500030 DEKRETUA

Erlezaintzarako laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamendutik datoz. Erregelamendu horren bidez, nekazaritza-produktuen merkatuen erakunde komuna sortzen da eta, aldi berean, indargabetzen dira erregelamendu hauek: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE). Bestalde, Batzordearen apirilaren 29ko 917/2004 (EE) Erregelamenduaren bidez, ezartzen dira honako erregelamendu hau aplikatzeko xedapenak: Kontseiluaren 2004ko apirilaren 26ko 797/2004 (EE) Erregelamendua, Erlezaintzako produktuak ekoizteko eta merkaturatzeko baldintzak hobetzera bideratutako neurriei buruzkoa.
Erregelamendu horietan, hiru urteko aldirako nazio mailako programak prestatzea aurreikusten da, «erlezaintza-programak» izenekoak. Programa horiek Batzordeak onartuko ditu, eta, laguntza hori hartu ahal izateko, neurri batzuk jaso beharko dituzte; laguntza hori Erkidegoak kofinantzatuko du, erlezaintzarako laguntza-neurrien urteko programan aurreikusitako egintzek sortutako gastuen % 50era arte. Batzordearen 2013ko abuztuaren 12ko Erabakiaren bitartez, Espainiako estaturako azkeneko erlezaintza-programa onartu da 2014., 2015. eta 2016. urteetarako. Espainiako estatuan, martxoaren 26ko 519/1999 Errege Dekretuak arautzen du erlezaintzarako laguntzen araubidea, Urteko Programa Nazionalen esparruan.
Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko guzti hori garatzeko eta aplikatzeko, 30/2005 Dekretua argitaratu zen (otsailaren 15eko Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzei buruzkoa), zeina urtarrilaren 15eko 9/2008 Dekretuaren bidez aldatu baitzen. Arau horretako 2.2 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, «Erakunde Ordaintzailearen bitartez EAEko Administrazio Orokorrak ordainduko ditu laguntza hauek. Bestalde, laguntza horiek, batetik, Europako Erkidegoak kofinantzatuko ditu, zehazki, programan aurreikusitako egintzek sortutako gastuen % 50era arte, eta, bestetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek».
Nahiz eta laguntzok foru-aldundiek deitzen eta kudeatzen dituzten, otsailaren 15eko 30/2005 Dekretuaren 6.3 artikuluak hau xedatzen du: «Urtero, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu batez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da), emango da argitara deialdi bakoitzari esleitutako urteko zenbatekoa». Agindu honen xedea, hain zuzen ere, aurreikuspen hori betetzea da. Horren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.
2016. urtean, gehienez ere 44.159,47 euro bideratuko dira otsailaren 15eko 30/2005 Dekretuan aurreikusita dauden NBBEFren konturako Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzetara.
Bigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Ondorioak.
Sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek. Agindua, betiere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 11.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.