EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2016197

47/2016 EBAZPENA, urriaren 4koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Fondoa - Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, euskal erakundeen (udalak, foru-aldundiak eta autonomia-erkidegoa) eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetza koordinatzeko proiektua finantzatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201600047
Xedapenaren data: 2016-10-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201604382
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu du, eta, horri eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Fondoa - Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, euskal erakundeen (udalak, foru-aldundiak eta autonomia-erkidegoa) eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetza koordinatzeko proiektua finantzatzeko. Testu hori honen eranskinean ageri da.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 4a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 4KO 47/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKAL FONDOA EUSKAL TOKI ERAKUNDEEN LANKIDETZARAKO ELKARTEAREN ARTEKO HITZARMENA EUSKAL ERAKUNDEEN (UDALAK, FORU ALDUNDIAK ETA AUTONOMIA ERKIDEGOA) ETA SAHARAKO ERREPUBLIKA ARABIAR DEMOKRATIKOAREN ARTEKO LANKIDETZA KOORDINATZEKO PROIEKTUA FINANTZATZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
BILDU DIRA:
Batetik, Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendaria.
Bestetik, Maite Etxebarria Azpiolea anderea, Euskal Fondoa Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartearen presidentea.
ESKU HARTU DUTE:
Lehenengoak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bigarrenak, Euskal Fondoa Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Mendebaldeko Sahararen egungo egoera soziopolitikoak erakusten duenez, lurralde ez-autonomoa eta deskolonizazioa egiteke duena da, eta Nazioarteko Komunitatea ordezkatzen duen organo gorenaren –hots, Nazio Batzuen Batzar Orokorraren– arabera, ez du jabe legitimorik Saharar Herriaren determinazio librerako erreferendum bat egiten ez den bitartean.
Bizirik irauteko, esparruetako biztanleria kanpoko laguntzaren mende dago erabat, batez ere, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen, Elikagaien Munduko Programaren, Solidaritateko Elkarteen, GKEen eta udal senidetu eta solidarioen laguntzaren mende.
EAEk Saharako herriarekin duen solidaritate edo elkartasunak, gutxienez, Marokoren inbasioaren aurka Saharako herriak izandako exodoak bezainbeste urte ditu (1975ean), eta eragile askoren bitartez eta modu ugaritan adierazi da solidaritate hori, gizarteari nahiz erakundeei dagokienez.
Bigarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortzen duen araudian ezarrita dagoen bezala, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezarritako printzipio- eta egitura-sarean txertatuta dagoen agentzia hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzari buruzko politikaren plangintza eratzeko ardura duen erakunde publikoa, eta baita hori koordinatu, kudeatu eta gauzatzekoa ere, herrialde pobreetan pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko.
Hirugarrena.– Euskal Fondoa Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartea da, eta 1996an sortu zen euskal lankidetza deszentralizatua bultzatzeko eta koordinatzeko. Beraz, Hegoaldeko erakunde, gizarte-erakunde eta komunitateekin harreman solidarioak garatzearen alde diharduten toki-esperientzia guztiak biltzen ditu.
Laugarrena.– 2000ko abenduaren 21etik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak eta Euskal Fondoak zenbait proiektutan dihardute elkarlanean, euskal erakunde publikoen ekintzaren koordinazioa eta osagarritasuna indartzeko nazioarteko garapenerako lankidetzaren alorrean, eta euskal lankidetza publikoaren irudi kohesionatu bat sustatu eta proiektatzeko. Indarreko Gida Plan Estrategikoaren III.2 azpigidalerroan (Lankidetzarako euskal entitateen –publikoak eta sozialak– koordinazioa indartzea, eta baita lehentasunezko herrialdeetan Hegoaldeko agenteekin koordinazioa indartzea ere) kokatzen da lankidetza hori.
Bosgarrena.– Indarreko Gida Plan Estrategikoaren arabera, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa euskal lankidetzaren lehentasunezko herri eta herrialdeetako bat da, eta guztiz bat dator Euskal Fondoaren esku-hartzearen esparru geografikoarekin.
Seigarrena.– Erakundearteko lankidetza honen esparruan, Euskal Fondoak Sahara Koordinazio Unitatea sortu zuen euskal Udalek Saharako herriarekiko erakusten duten elkartasunaren koordinazioa hobetzeko premiari erantzunez, bai giza lankidetzaren eta/edo laguntzaren eremuan, bai elkartasun politikoko eta sentsibilizazio sozialeko hainbat ekintzaren eremuan Sahara Koordinazio Unitatearen funtzionamendua 2003ko ekainaren 16an hasi zen ofizialki, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren, Euskal Fondoaren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen eta Eudelen arteko lankidetza-hitzarmen baten ondorioz.
Zazpigarrena.– 13 urte hauetan Sahara Koordinazio Unitateak lortu du euskal erakundeek Saharako herriaren aldeko hainbat jarduera sustatu eta koordinatzea. Hala ere, behar-beharrezkoa da Saharako herriarekin lankidetzan diharduten erakunde eta elkarteen artean elkartasuna koordinatzeari eustea eta koordinazio horretan sakontzea, batetik, lankidetzari dagokionez, eta, bestetik, elkartasun politikoko ekintzei, gizartea sentsibilizatzeko ekintzei eta Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan egunetik egunera izaten diren giza eskubideen urraketak salatu eta zabaltzeko ekintzei dagokienez.
Aurreko guztia kontuan hartuta, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, honako klausula hauei jarraiki:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea alderdi sinatzaileen, hots, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Euskal Fondoaren arteko harremanak arautzea da, EAEren eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetza publikoaren koordinazioa eta artikulazioa hobetzeko eta hartan sakontzeko proiektu bat batera finantzatzearren.
Bigarrena.– Hitzarmenaren edukia.
Hitzarmen honen esparruan honako emaitza hauek aurreikusi dira:
Emaitza 1. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lankidetza Ministerioarekin eta beronen ordezkariekin lankidetza-esparru egonkorra sortzea, euskal erakunde publikoen lankidetzarako jardun-esparruak, modalitateak eta irizpideak zehazteko.
Emaitza 2. Saharako Emakumeen Batasun Nazionalaren gaitasunak hobetzeko laguntza, koordinazioa eta sustapena.
Emaitza 3. EAEren eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren arteko lankidetzari buruzko behatokia mantentzea.
Emaitza 4. Udalak, aldundiak, Eudel, Euskal Legebiltzarreko Taldea, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritza, Arartekoa, Emakunde eta gainerako euskal erakunde publikoak koordinatzeko unitateak koordinatzea, komunikatzea eta aholku ematea, ekintza humanitarioa eta haren efikazia sustatzeko eta Giza Eskubideak defendatzeko.
Emaitza 5. Urtean baterako esku-hartze bat egitea erakundeen artean, kudeaketa, jarraipena eta agerikotasuna bermatuta.
Emaitza 6. Errefuxiatu-kanpamentuen egoera ezegonkorrak sortzen dituen larrialdi-egoerei eta ezustekoei aurre egiteko jardun osagarriak koordinatzeko eskatzea.
Emaitza 7. Elkartasun politikoko, gizartea sentsibilizatzeko eta Saharako errefuxiatuek bizi duten egoera salatzeko kanpainak sustatu eta koordinatzea euskal gizartea jomugan, «Bakea eta Askatasuna Saharan» Legebiltzarkideen Taldeartekoarekin, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren lagunen elkarteekin eta beste zenbait lankidetza-eragilerekin elkarlanean.
Emaitza 8. Euskal udalentzat hainbat gomendio edo aholku landu eta zabaltzea, lankidetza eraginkorragoa eta iraunkorragoa egiteko.
Emaitza 9. Mendebaldeko Saharan gertatutako giza eskubideen urraketak ikertzeko proiektua (Oroimenaren oasia) garatzea eta saharar talde bat eratzen laguntzea, nazioartean eragina izan dezan giza eskubideen alorrean.
Emaitza horiek lortzeko jarduerak eta haien norainokoa neurtzeko adierazleak honekin batera doan plangintzako orri nagusian zehaztu dira.
Hirugarrena – Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, 2016ko maiatzaren 1etik aurrera zenbatzen hasita.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreikusitako kostua berrehun eta zazpi mila bostehun eta hogeita hamazazpi euro eta laurogeita hemezortzi zentimo (207.537,98) da.
Euskal Fondoak finantziazioan lagunduko du berrogeita hamar mila (50.000,00) euroko ekarpena eginez.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, berriz, ehun eta berrogeita hamazazpi mila bostehun eta hogeita hamazazpi euro eta laurogeita hemezortzi zentimoko (157.537,98) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko dio Euskal Fondoari:
a) Hirurogeita hiru mila eta hamabost euro eta hemeretzi zentimoko (63.015,19) lehen ordainketa bat, hau da, diru-laguntzaren % 40, Hitzarmena sinatu ondoren.
b) Hirurogeita hemezortzi mila zazpiehun eta hirurogeita zortzi euro eta laurogeita hemeretzi zentimoko (78.768,99) bigarren ordainketa bat, hau da, diru-laguntzaren % 50, aldez aurretik diru-laguntzaren % 32ko edo hortik gorako zenbatekoa ekonomikoki justifikatuta. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
c) Hamabost mila zazpiehun eta berrogeita hamahiru euro eta laurogei zentimoko (15.753,80) hirugarren ordainketa bat, hau da, diru-laguntzaren gainerako % 10a, aldez aurretik diru-laguntzaren % 72aren baliokidea den edo hortik gorako zenbatekoa justifikatuta. Horretarako, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara dagokion txosten tekniko-finantzarioa igorri beharko da.
Proiektuaren % 100 sei hilabeteko epean justifikatu beharko da, hitzarmenaren amaiera-datatik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu berarekin emandakoekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketa egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Alderdi bakoitzak diruz lagundutako partidak erantsitako aurrekontu xehatuan ezartzen direnak izango dira.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren banku-kontu espezifikoa.
Erakunde esleipendunak ES80 3035 0064 24 0640069861 banku-kontu espezifikoa erabiliko du, eurotan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren diru-laguntza hau kudeatzeko. Ordainketa bakoitzean transferitutako diru-kopurua berariazko kontu horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako funts-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako bi ordezkari, agentziako zuzendaritzak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, berriz, idazkaria.
– Euskal Fondo elkarteko bi ordezkari, eskumeneko organoak izendatuak.
2.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da ohiko moduan lehenengo egikaritzapen-urtearen bukaeran edota lehenengo txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren; beste behin bigarren egikaritzapen-urtearen bukaeran edota bigarren txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta, azkenekoz, amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Ezohiko bilerei dagokienez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak egoki deritzotenean bildu ahal izango dira jarduerak nola doazen aztertzeko.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die, eta Administrazioak berak ezarriko ditu administrazio-berezitasunak.
Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.
Hitzarmen hau izenpetu duten alderdiek honako hau hartuko dute hitzarmena suntsiarazteko arrazoitzat: hitzarmenean bildutako estipulazioak eta indarrean dagoen legerian hitzarmenaren nondik norakoei buruz jasotako beste edozein estipulazio ez betetzea.
Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Euskal Fondoak baimen-eskaera bidali beharko dio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari, proiektuaren aldaketak edo luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin baino lehen, eta haiek Jarraipen Batzorde Mistoko esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmenaren indarraldia hitzarmena izenpetzen den egunean hasiko da eta 2018ko apirilaren 30ean amaitu.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Euskal Fondoa Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartearen aldetik, Maite Etxebarria Azpiolea, Lehendakaria.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren aldetik, Paul Ortega Etchevarry, Zuzendaria.