EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016196

42/2016 EBAZPENA, urriaren 3koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea, segurtasuneko komunikazio-sarean (Enbor Sarea) Bilboko Udalaren Tetra Sarea integratzeko eta poliziaren informazio-sistemetako datuak era telematikoan «Datapol» konexioaren bidez trukatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201600042
Xedapenaren data: 2016-10-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201604354
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen honen testua: segurtasuneko komunikazio-sarean (Enbor Sarea) Bilboko Udalaren Tetra Sarea integratzeko eta poliziaren informazio-sistemetako datuak era telematikoan «Datapol» konexioaren bidez trukatzeko lankidetza-hitzarmena. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urriaren 3a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN URRIAREN 3KO 42/2016 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BILBOKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, SEGURTASUNEKO KOMUNIKAZIO-SAREAN (ENBOR SAREA) BILBOKO UDALAREN TETRA SAREA INTEGRATZEKO ETA POLIZIAREN INFORMAZIO-SISTEMETAKO DATUAK ERA TELEMATIKOAN «DATAPOL» KONEXIOAREN BIDEZ TRUKATZEKO.
Erandion, 2016ko irailaren 21ean, bildu dira, alde batetik Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bestetik, Juan Maria Aburto Rike jauna, Bilboko udaleko alkatea, udal horren izenean eta hura ordezkatuz.
Duten ordezkaritzan, eta hitzarmen hau emateko behar besteko ahalmena izanik, hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 15/2012 Legearen 42. artikuluan ezartzen denez, Segurtasun publikoaren eskumena duen sailak erabilera komuneko komunikazio-sare bat sortu eta mantenduko du, Ertzaintza eta udaltzaingoak elkarrekin konektatzeko, bai eta bi horiek segurtasun publikoaren sistemako gainerako zerbitzu profesionalekin konektatzeko ere. Gainera, Ertzaintzak eta udaltzaingoek elkarri lagundu eta informazioa eman beharko diote, bakoitzak bere eginkizunen barruan.
Era berean, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeari buruzko 15/2012 Legearen 36. artikuluaren arabera, koordinaziotzat hartzen da elkarri informazioa emateko, baliabide material eta giza baliabideen dotazioa homogeneoa izateko eta elkarrekin aritzeko aukera ematen duten bitarteko eta baliabideak finkatzeko jardun-sistemen multzoa, udalerriei nahiz Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkien jardun-ahalmenak integratzeko moduan.
Bestalde, aipatutako 15/2012 Legearen 45. artikuluan Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroa (EPDPZ) sortzen da (horren antolaera eta funtzionamendua uztailaren 12ko 109/2016 Dekretuak arautzen du), polizia-zerbitzuei euren zereginak betetzeko behar dituzten datuak euskarri fisikoa duten fitxategi automatizatu eta ez automatizatuetan bildu, gorde, prestatu, sailkatu eta kontserbatzeko eta datu horiek subjektu baimenduei jakinarazteko organo administratibo gisa. Legearen 46. artikuluak udaltzaingoak EPDPZn integratzea jasotzen du, poliziaren eraginkortasuna bermatzeko. Horretarako, udaltzaingoek beren jardunak egin ahal izateko egokia den EPDPZko informazioa erabili ahal izango dute, eta polizia-indar horiek herritarren segurtasunaren eta polizia judizialaren arloan dituzten funtzioak egiterakoan biltzen dituzten datuak EPDPZn sartuko dituzte.
Bigarrena.– Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistemak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko lankidetza- eta koordinazio-mekanismo bateratuak behar ditu, hain zuzen, jarduerak bikoiztea saihesteko eta polizia-indar guztien ekintza-baliabideak optimizatzeko asmoz. Ondorioz, premiazkoa da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko informazio-trukea eta baterako jarduna ahalbidetuko duten irizpideak, prozedurak eta bitartekoak zehaztea eta horien ezarpena sustatzea.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoa, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren bidez, Enbor-Sarea segurtasuneko komunikazio-sarearen titularra da (Irrati Mugikorreko Sare Digitala - TETRA). Bestalde, Bilboko udalak bere TETRA komunikazio-sare propioa kudeatu eta erabiltzen du udalaren mende dauden segurtasun eta larrialdietako agentzia publikoei ahots- eta datu-zerbitzuak emateko.
Bi sareek frekuentzia-banda berean egiten dute lan eta zerbitzuan sartzeko teknologia bera erabiltzen dute eta, hori dela-eta, bi aldeek erabaki dute egokia dela integratzea, estaldura eta komunikatzeko gaitasuna handitzeko, bai Bilbao inguruan bai beste leku batzuetan, beharrezkoa balitz. Hori egin arren, funtzionalitate batzuek udalaren esku jarraituko dute, baliabideak hornitu edo kudeatzeari dagokionez edo ahots- eta datu-zerbitzuetako sarbideari dagokionez.
Enbor-Sarea, segurtasuneko komunikazio-sareko integrazioak bi erakundeei estaldura eta komunikatzeko gaitasuna hobetzeko aukera emango die, eta Bilboko udalari, gainera, azpiegitura hori mantendu eta eguneratzeko kostuak aurrezteko aukera ere emango dio.
Lankidetza eta integrazioko esparru horretan, gehitu beharrekoa da polizia-fitxategietan dauden datuen trukea, Datapolen bidezko konexioari esker.
Hori guztia dela eta, bi aldeek Lankidetza Hitzarmen hau sinatzea adostu dute, betiere toki-araubidearen oinarrizko legerian eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako esparruan, aintzakotzat hartuz hurrengo
ESTIPULAZIOAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hona hemen hitzarmen honen xedea:
a) Bilboko Udalaren TETRA sarea Euskal Autonomia Erkidegoko Enbor-Sarea segurtasuneko komunikazio-sarean integratzea. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak kudeatzen du sare hori;
b) Trukea errazten duten mekanismoak aurreikustea, poliziaren eta larrialdi-zerbitzuen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatzen duten informazio- eta komunikazio-sistemen bitartez, eta
c) Ertzaintzaren eta Bilboko udaltzaingoaren sistemen arteko konexio telematikoa egitea, «DATAPOL» izeneko kanalaren bidez. Horrek bi polizia-indarren arteko komunikazioa eta informazio-trukea ahalbidetuko ditu.
Bigarrena.– Enbor-Sarea segurtasuneko komunikazio-sarea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren bidez, Bilboko udalaren segurtasun eta larrialdietako zerbitzuei doan utziko die sartzen Enbor-Sarea segurtasuneko komunikazio-sarean (TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean), polizia- eta larrialdi-zerbitzu horiei dagozkien eskumenak betetzeko behar diren komunikazioak egin ditzaten.
2.– Bilboko Udaleko segurtasun eta larrialdietako zerbitzuak aipatutako sarean errazago integratzeko, bi aldeek konpromiso hauek hartu dituzte:
a) Bilboko Udaleko erabiltzaileak Enbor-Sarea komunikazio-sarean integratzeko beharrezkoak diren ekipamenduak (walkie-talkieak, igorgailuak, etab) erostea eta mantentzea Bilboko Udalaren ardura izango da, eta horrek, gainera, honako hauek egiteko konpromisoa hartuko du:
– NMT kudeaketa-lizentziak eskuratzea edo berritzea.
– Kontsolak eta grabatzeko ekipamenduak eguneratzea.
– Bilboko udaleko NMT, kontsolak eta grabatzeko ekipamenduak Enbor Sarea komunikazio-sarean integratzea.
– Terminal berriak hornitzea eta terminalak birprogramatzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Segurtasun Sailaren bidez, konpromiso hauek hartuko ditu:
– Segurtasun Sailaren SDH ekipamendua instalatzea Bilboko Udaltzaingoaren instalazioetan (Miribilla).
– Sarea konfiguratzea kudeaketa-kontsola gehiagori sarbidea emateko.
– Terminal berrien enkriptatze-klabeak ematea formatu egoki batean.
c) Irrati mugikorreko terminalak eskuratu, ezarri, kudeatu eta mantentzea. Horretarako, kontuan hartuko dira hitzarmen honen jarraipen-batzordeak ezartzen dituen jarraibideak eta prozedura.
d) Bilboko Udalak baliabideak hornitu eta kudeatzeko zenbait funtzionalitateren gaineko kontrola izaten jarraituko du, bai eta jarraian azaltzen diren ahots- eta datu-zerbitzuetako sarbidea ere:
– Irrati-terminalen eta deitzeko taldeen hornidura, bai eta horien komunikazio-ezaugarriak ere. Sarbide hori Bilboko udalaren elementu propioei mugatuko zaie.
– Terminalak gaitu eta desgaitzeko eta deitzeko taldeak esleitzeko funtzionalitateak, bai eta radio-checkaren funtzionalitateak ere, betiere Bilboko Udalaren erantzukizunpeko baliabideen alorrera mugatuta.
– Zone-Watch, bere lan-eremuari lotutako oinarrizko estazioen komunikazio-kanalen erabilera ikustea.
– SDR sarbidea: CPU bat edo batzuk SDR-en erregistratzea, terminalek GPS posizionamenduen bidalketei lotutako datu laburren zerbitzuak kudeatzeko eta terminaletatik pertsona eta ibilgailuen kontsultak egiteko.
– STATUSa bidaltzea.
– Bere irrati-terminalak programatzea.
– Bere komunikazio-baliabideen ahots-grabaketetako sarbidea. Grabaketak kudeatzea (terminalen / taldeen grabaketak gaitzea edo desgaitzea).
– MCC7500 modeloko bere bulegoko kontsolak erabiltzea.
3.– Hitzarmen honen jarraipen-batzordeak aztertu egingo du Bilboko Udalaren MTS motako oinarrizko estazioak lagatzeko aukera, Enbor-Sarea segurtasuneko komunikazio-sarean integratzeko, sare horren kapazitatea eta komunikazioen estaldura handitzeko eta azpiegitura horien berrerabilpena errazteko.
Hirugarrena.– Elkarren arteko komunikazioa.
Bilboko Udalaren segurtasun eta larrialdietako zerbitzuen eta Enbor-Sarea segurtasuneko komunikazio-sarean dauden beste talde, agentzia edo zerbitzu batzuen arteko komunikazioa gauzatuko da erabiltzaileen artean onartutako eta aurretik zehaztutako flota-planen arabera.
Akordio horietan oinarrituta, Ertzaintzak eta Bilboko Udalaren segurtasun eta larrialdietako zerbitzuek ahots-zerbitzuen elkarreragingarritasuna zehaztu ahal izango dute.
Laugarrena.– Datu-baseen sarbidea eta informazioaren trukea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Segurtasun Saileko poliziaren datu-base edo fitxategietan sartzen utziko dio Bilboko udaltzaingoari, Enbor-Sarea segurtasuneko komunikazio-sarearen edo Udaltzaingoen Atariaren bidez, edo beste aplikazio batzuen bidez, kontsultak egiteko edo beste polizia-izapide batzuk egiteko.
2.– Era berean, Ertzaintzaren eta Bilboko udaltzaingoaren sistemen arteko konexio telematikoa gaituko da, «DATAPOL» izeneko kanalaren bidez. Horrek bi polizia-indarren arteko komunikazioa eta informazio-trukea ahalbidetuko ditu.
3.– Datuen sarbidea eta informazioaren trukea ezartzen diren mugekin, segurtasun-mailekin eta sarbideen kontrolekin egingo da, bi polizia-indarrek dituzten eskumenen banaketari erreparatuz.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Segurtasun Sailaren bitartez, Bilboko Udaltzaingoari sartzen utziko dio Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren datu-baseetan, lehenago esandako baliabideen bidez eta helburuarekin, Segurtasun Sailaren eta Barne Ministerioaren Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren artean aldez aurretik adostutako eran eta moduan.
4.– Gorago adierazitako datu-zerbitzuetara sartzeko erabili beharreko irrati-terminalek erabiltzen dituzten funtzionarioei esleituta egon beharko dute Udaltzaingoen Erregistroaren bidez. Horretarako, ezinbestekoa izango da kontsulta egiten duen agentearen identifikazioa eta erregistroa egitea.
Ondorio horietarako, udalak uneoro eguneratuta izan beharko ditu udaltzaingoko agenteen datuak, asmo horretarako autonomia-erkidegoak Segurtasun Sailaren bidez haren esku jarriko duen aplikatiboa baliatuz.
5.– Datu pertsonalak dituzten datu-base edo fitxategietarako sarbideak datuak babesteko indarreko araudia errespetatu beharko du, eta EPDPZk bere funtzio eta eskumenen alorrean ezar litzakeen jarduera- eta koordinazio-irizpideak ere bete beharko dira.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmen hau egoki aplikatzen dela ziurtatzeko jarraipen-batzordea sortuko da, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko ordezkari batek eta sinatzen duen udaleko beste batek osatuko dute. Batzorde horren ardurak izango dira hitzarmena interpretatzean agertzen diren zalantzak argitzea, betetzean sortzen diren desadostasunak konpontzea, hitzarmena nola doan ikuskatzea eta, behar izanez gero, hobetzeko proposamenak egitea.
Alderdi sinatzaileetako batek hala eskatzen duenean bilduko da batzordea eta, gutxienez, urtean behin.
Seigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta lau urteko indarraldia izango du, baldin eta alderdietako edozeinek berariaz uko egiten ez badio. Hori, gutxienez, amaitu baino hilabete lehenago egin eta modu frogagarrian jakinarazi beharko da.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta auzigaiak.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, interpretatu eta garatzeko, herri-administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen ordenamendu juridiko eta administratiboa bete beharko du.
Seigarren klausulan adierazitako jarraipen-organoaren gain utzitako eginkizunei eragin gabe, hitzarmen hau ulertzean eta betetzean sor litezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ezagutzaren eta eskumenaren eraginpean geratuko dira.
Zortzigarrena.– Eraginkortasuna.
Hitzarmena sinatzen denetik egongo dira behartuta administrazio parte-hartzaileak.
Eta bi alderdiak bat datozela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, hitzarmen hau izenpetzen dute, bi aletan, izenburuan esandako tokian eta egunean.
Bilboko alkatea,
JUAN MARIA ABURTO RIKE.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.