EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016196

AGINDUA, 2016ko uztailaren 5ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2016-07-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201604350
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa onartzeko eskaeraren espedientea, eta honako aurrekari hauek kontuan hartu dira:
GERTAKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean sartu da Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa onartzeko eskaera. Estatutuok aldatuko dira, batetik, azaroaren 23ko 17/2009 Legean eta abenduaren 22ko 25/2009 Legean ezarritakoa betetzeko; eta, bestetik, Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparruko titulazio berrietara moldatzeko. 17/2009 Legea zerbitzu-jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzkoa da; eta 25/2009 Legea zerbitzu-jardueratan aske sartzeari eta aritzeari buruzko legera egokitzeko asmoz hainbat lege aldatzeari buruzkoa da. Eskaerarekin batera estatutu berriak bidali zituzten.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Sailak nahitaezko txostenak eskatu zizkien Euskal Herriko Ingeniari Industrialen Kontseiluari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari eta Lehiaren Euskal Agintaritzari. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Perituen eta Ingeniari Tekniko Industrialen Kontseiluari ere txostena eskatu zion, alderdi interesduna delako.
Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialari zenbait idazki bidali zitzaizkion, akatsak zuzen zitzaten. Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak akatsak zuzendu zituen. Hori egin eta gero, estatutuak indarreko araudiarekin bat datozela egiaztatu da.
Hirugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Horretarako, kontuan hartu dituzte honako oinarri juridiko hauek:
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuta), profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala xedatuta dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Betetzen da tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua, bai eta profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6. eta 7., 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa ere.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Elkargoaren estatutu aldatuak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea. Estatutuok agindu honi erantsita daude.
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 5a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
BIZKAIKO INDUSTRI INGENIARIEN ELKARGO OFIZIALAREN.ESTATUTUAK.2014KO MAIATZAREN 28KO EZOHIKO BATZAR OROKORREAN ONARTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENENGO KAPITULUA
NORTASUNA ETA IRISMENA
1. artikulua.– Nortasuna.
Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala (aurrerantzean, elkargoa) zuzenbide publikoko korporazio profesionala da, iraupen mugagabekoa. Berezko nortasun juridikoa dauka, bai eta erabateko gaitasuna ere, bere xedeak betetzeko eta bere ahalmenez baliatzeko.
2. artikulua.– Aplika daitezkeen araudiak.
1.– 1949ko apirilaren 9ko Dekretuaren bidez eta dekretu horrekin bat datozen beste xedapen batzuen bidez onartu zen industria-ingeniarien elkargo ofizialak eratzea; eta, edonola ere, maila handiagoko arauetan ezarritakoa ere beteko da, aplikagarria baldin bada. Elkargoa, zehazki, honako manu hauek arautuko dute: Espainiako Konstituzioaren 36. artikuluak; Estatuko oinarrizko legeek, lege orokorrek edo aplikazio zuzenekoek (baldin eta elkargoari eragiten badiote); 18/1997 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoak; estatutuotan ezarritako guztiak; eta Barne Araubidearen Erregelamenduan ezarritakoak.
2.– Elkargoaren barne-egiturak eta funtzionamenduak demokratikoak izan beharko dute.
3. artikulua.– Irismena.
1.– Elkargokide izateko eskaera aurkezten dutenek industria arloko ingeniaritzetako lizentziadunak izan behar dute (estatutuon 11. artikuluan xehetasun handiagoz azalduta dago). Horrez gain, haien titulua onartu behar izan dute Espainiako estatuko agintariek edo dagokion autonomia-erkidegoko agintariek, beren eskumenez baliatuz. Industria arloko ingeniaritzan atzerrian lizentziatu direnak ere kideak izan daitezke, baldin eta Espainiako estatuak haien titulua eta industria-arloko ingeniaritzetako tituluak era ofizialean baliokidetzat hartu baditu.
2.– Elkargokideak izan daitezke industria-arloko ingeniaritzetan lizentziadunak, baldin eta lizentzia-tituluek honako hau betetzen badute: otsailaren 9ko CIN/311/2009 Aginduan ezarritakoa (CIN/311/2009 Agindua, ingeniari industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzeari buruzkoa); edo 921/1992 Errege Dekretuan ezarritakoa. Horrez gain, 1497/1987 Errege Dekretua argitaratu aurretiko tituludunak ere onartuko dira, baldin eta Estatuak indarreko legeriaren arabera titulu horiek lanbidean aritzeko onartu eta baliokidetzat hartu baditu, eta lizentziadun horiek nahitaez elkargokideak izan behar badute, edo borondatez eskatzen badute.
BIGARREN KAPITULUA
LURRALDE-EREMUA ETA EGOITZA SOZIALA
4. artikulua.– Lurralde-eremua.
Elkargoa Bizkaiko Lurralde Historikoan dago.
5. artikulua.– Egoitza eta helbidea.
Elkargoaren egoitza Bilbon dago; zehazki, Mazarredo zumarkaleko 69. zenbakiko 2. solairuan (48009, Bilbo). Gobernu-batzarrak erabakita, elkargoa udalerri bereko beste helbide batean ezar daiteke, baina helbide-aldaketa argitaratu beharko du.
HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARGOAREN XEDEAK ETA AHALMENAK
6. artikulua.– Elkargoaren xedeak.
1.– Elkargoak honako xede hauek bete behar ditu: industria-ingeniaritzan aritzeko lanbidea antolatzea (aurrerantzean, lanbidea); lanbidearen ordezkari instituzional bakarra izatea (elkargo profesionalek une bakoitzean bete behar duten legeriaren arabera); elkargokideen lanbide-interesak defendatzea; elkargokideen zerbitzuak erabiltzen eta kontsumitzen dituzten pertsonen interesak defendatzea. Horrek guztiak bat etorri behar du gizartearen interes eta behar orokorrekin, eta, edonola ere, funtzionario-harremana dela eta, eta hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoaren eskumena.
2.– Informazioa jakinarazteko baina mugatzeko asmorik gabe, honako hauek ere elkargoaren xedeak dira:
a) Dagokion esparruan, lanbidearen ordezkari instituzional bakarra izatea, Espainiako Konstituzioaren 36. artikuluan, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko Lanbide Elkargoei buruzko legeetan eta Europako Erkidegoko zuzenbidean ezarritakoarekin bat etorrita. Hortaz, lanbidearen ordezkari arituko da Administrazioan, erakundeetan, auzitegietan eta partikularren aurrean. Industria-ingeniarien lanbideko interesei eragiten dieten auzi guztietan legezko alderdia izan daiteke.
b) Dagokion eskumen-esparruan, lanbidea antolatzea, Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak ezartzen dituen oinarrizko irizpideei jarraituz. Horrez gain, arretaz zaindu behar du profesionalek etikoki, lanbide-duintasunez eta herritarrekin begirunez joka dezaten.
c) Industria-ingeniaritzaren lanbidea defendatu behar du administrazio publiko, erakunde eta auzitegi guztietan, bai eta partikularren aurrean ere. Gainera, alderdi izan daiteke Industria-ingeniaritzaren interes orokorrei edo kolektiboei eragiten dieten auzi guztietan.
d) Elkargokideen prestakuntza.
e) Elkargokideen artean, gizarte-aurreikuspenaren antolaketa eta garapena, bai eta aseguramendua ere.
f) Elkargokideen zerbitzuak kontsumitzen edo erabiltzen dituzten pertsonen interesak babestea.
7. artikulua.– Elkargoaren eginkizunak.
1.– Aurreko artikuluan zehaztu diren xedeak lortzeko, elkargoak beteko ditu indarreko ordenamendu juridikoaren arabera bete behar dituen eginkizunak.
2.– Informazioa adierazteko eta mugatzeko asmorik gabe, elkargoak honako eginkizun hauek bete behar ditu.
Generikoak:
a) Industria Ingeniarien lanbidea arautzea eta zaintzea. Justizia Auzitegietara bertaratzea, elkargokideak defendatzeko; edo erakunde ofizialek edo partikularrek hala eskatu dutelako. Horretan beteko ditu aplika daitezkeen legeetan eta Europako Erkidegoko zuzenbidean ezarritakoa.
b) Aurreko guztia gorabehera, elkargoak badaki erantzulea izan behar duela gizartearen aurrean; beraz, legeetan ezarritakoarekin bat, esku hartu ahal izango du agintzen dizkioten interes orokorreko zereginetan edo berak erabakita hartzen dituenetan.
Administrazioarekin lotutako eginkizunak:
c) Administrazioekin edo erakundeekin lankidetzan jardutea guztion interesak babesteko; administrazioetako edo erakundeetako organo aholku-emaile edo erabakitzaileetan parte hartzea eta eskatzen dizkieten txostenak edo berak erabakita egiten dituenak aurkeztea. Kasu horietan guztietan, elkargoaren jarduketen xedeak ez dira inola ere izango industria-ingeniaritzaren berezko zerbitzuak.
d) Justizia Administrazioarekin eta gainerako erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan jardutea, industria-ingeniaritzari buruzko ezagutzak eduki behar dituzten ordezkariak edo perituak izendatzeko, halakorik egitea eskatzen bazaio.
e) Unibertsitateekin lankidetzan jardutea, etorkizuneko tituludunak gaitzen eta tituludunei lanbide-jardueran sartzen laguntzeko. Horretarako, prestakuntza-jarduerak antolatzen lagunduko du.
f) Gainera, elkargoak bete ahal izango ditu Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Administrazio Publikoaren berezko eginkizunak ere, baldin eta administrazio horietako organo eskudunek halakorik egitea eskatzen badiote, legean ezarritakoari jarraituz.
g) Eusko Jaurlaritzak egiten dituen proiektuei eta aurreproiektuei buruzko txostenak egitea, elkargo profesionalen arloan. Horrez gain, industria-ingeniarien interesei zuzenean eragiten dieten xedapen orokorrak egiteko prozeduretan aditua izatea.
h) Administrazio publikoekin, erakundeekin edo entitateekin lankidetzan jardutea: azterlanak eginez, txostenak bidaliz, estatistikak prestatuz, arbitraje-prozeduretan parte hartuz, eskudun organoek xedeekin lotuta eskatu ahal dituzten bestelako jarduerak eginez eta bere ekimenez egindako beste batzuk garatuz. Kasu horietan guztietan elkargoaren jarduketen xedeak ez dira inola ere izango industria-ingeniaritzaren berezko zerbitzuak.
i) Administrazio publikoekin lankidetzan jardutea, hezkuntza-jarduerak egiteko, prestakuntza teknikoa emateko, lanbidean hobetzeko edo antzeko jardueretan; eta, bereziki, jardueren hartzaileak elkargokideak ez direnean.
j) Administrazio Publikoetan aholkuak ematen edo erabakiak hartzen jarduten duten organoetan parte hartzea, dagokion araudian ezarritako baldintzetan.
Elkargoarekin berarekin lotutako eginkizunak:
k) Estatutuak eta Barne Araubidearen Erregelamenduak onartzea eta betetzen direla zaintzea.
l) Elkargoaren aurrekontuak eta urteko kontuak onartzea.
m) Elkargoaren kode etikoa eta deontologikoa onartzea eta betetzen dela zaintzea.
n) Irizpide orientagarriak prestatzea, kostuak tasatzeko eta abokatuen kontuei zin egiteko. Halaber, irizpide horiexek baliodunak izango dira, ordainsariak eta eskubideak kalkulatu eta laguntza juridiko doakoari dagozkion kostuak tasatu ahal izateko.
ñ) Lanbide-, kultura- eta laguntza-jarduerak edo antzekoak antolatzea eta garatzea, industria-ingeniaritzari mesede egiten badiote. Horretarako, administrazioarekin eta erakundeekin itunak edo akordioak ezarri ahal izango ditu, erakundeak edo zerbitzuak sortzeko eta sustatzeko.
o) Lanbidean sartu eta jarduten hasi nahi dutenak era berean eta bereizkeriarik egin gabe tratatzeko printzipioa betetzen dela zaintzea.
p) Lanbide-intrusismorik, lehia desleialik eta legez kanpoko publizitaterik ez onartzea; beraz, jokabide horiek osatzen dituzten egitateen berri duenean, justizia-auzitegiak jakinaren gainean jarri, eta horretarako legez ezarrita dauden ekintzak egingo ditu. Halaber, beharrezkoa baldin bada, zehapen- edota diziplina-ekintzak aginduko dizkie ingeniaritza-lanbidean legezko betekizunak bete gabe jarduten dutenei.
Elkargokideekin lotutako eginkizunak:
q) Elkargokideen lanbide-zerbitzuen kalitatea egokia dela ziurtatzea, eta zerbitzuen hartzaileen legezko interesak eta eskubideak errespetatzen direla zaintzea.
r) Elkargokideen lan profesionalak ikus-onestea eta lan edo dokumentu teknikoak erregistratzea, halakorik egitea eskatzen diotenean.
s) Bai elkargokideen artean, bai elkargokideen eta bezeroen artean lanbidearen zioz sortzen diren gatazketan bitartekari aritzea arbitraje-bidean, alderdiak ados jarrita, halakorik egitea eskatzen diotenean.
t) Elkargokideek lanbidean jardutean arau-hausteak egiten badituzte, diziplina-ahalmena baliatzea. Lehia desleialarekin lotutako arau-hausteak direnean, justizia auzitegiek aldez aurretik ebatzi behar dute jokabidea lehia desleialtzat hartu behar den.
u) Elkargokideei zuzenduta, batez ere, prestakuntza teknikoko jarduerak eta hobekuntza-jarduerak antolatzea eta garatzea.
v) Elkargokideei laneratzen laguntzeko jarduerak bultzatzea.
w) Elkargokideen ekarpenak arautzea eta eskatzea.
x) Lanbide-interesei mesede egiten dieten gainerako eginkizunak, elkargoaren helburuak betetzeko egiten badira. Ildo horretatik, honako hauek barne hartzen dira: elkargokideen informazio-eskaerei erantzutea, ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio-eskaerei erantzutea eta ikuskapen- zein ikerketa-eskaerei erantzutea, baldin eta Europar Batasuneko estatu kideren bateko edozein agintari eskudunek eskatzen badu, azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 27.4 artikuluan ezarritako baldintzetan (17/2009 Legea, zerbitzu-jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzkoa); eta, bereziki, kontroletan, ikuskapenetan eta ikerketan egiten diren informazio-eskaerei erantzutea, baldin eta eskaerak behar bezala justifikatuta badaude, eta lortutako informazioa zertarako eskatu zen, eta horretarako erabiltzen bada.
y) Indarreko legerian nahitaezko aseguramendu-betebeharra ezarrita badago, elkargokideen aseguramendu-betebeharra betetzeko neurriak hartzea.
z) Indarreko legeriak agintzen dion edozein eginkizun, bai eta elkargokideen zerbitzuak kontsumitzen edo erabiltzen dituzten pertsonak babesteko behar diren eginkizun guztiak ere, gauzatzea.
LAUGARREN KAPITULUA
GIZARTEAREKIKO HARREMANAK
8. artikulua.– Administrazio publikoekiko harremanak.
1.– Lanbidearekin eta alderdi instituzional zein korporatiboekin zerikusirik duen guztiari buruz, elkargoa harremanetan jarriko da Estatuko Administrazio Orokorrarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin eta Tokiko Administrazioarekin, ministerio-sailen eta sail eskudunen bidez, hurrenez hurren.
2.– Elkargoaren eta Estatuko Administrazio Orokorraren arteko harremana, estatuotan ezarritako kasuetan izan ezik, Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialen Kontseiluak egituratuko du.
3.– Elkargoak eta Elkargoko Kontseilu Orokorrak administrazio publikoekin izaten dituzten harremanak arautuko dira azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) eta aplikagarriak diren gainerako arauen arabera.
9. artikulua.– Lehia defendatzean bete behar diren mugak.
Profesionalen elkargo honek hartzen dituen akordioetan, erabakietan eta gomendioetan beteko dira Lehiaren Defentsari buruzko Legean eta otsailaren 2ko 1/2012 Legean ezarritako mugak (1/2012 Legea, Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzkoa).
10. artikulua.– Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zerbitzu egitea.
1.– Elkargoak zaindu beharko du elkargokideen lanbide-zerbitzuak kontratatzen dituzten kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesen babesa. Hortaz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak eta erakundeak ere babestuko ditu, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak ordezkatzeko eta defendatzeko jarduten dutenean.
2..– Aurreko atalean ezarritakoa betetzeko, elkargoak «Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei laguntzeko zerbitzua» eduki beharko du. Horrela, kontsumitzaileek, erabiltzaileek eta haien elkarteek edo erakundeek elkargokideen lanbide-zerbitzuei buruz dituzten kexak edo erreklamazioak zuzenean, bide elektronikoan edo urrutik aurkeztuko dituzte zerbitzu horretan.
3.– Halaber, elkargoak leihatila bakarreko sistema bidez onartuko du elkargokideen eta sozietate profesionalen erregistroan doan, erraz eta argi sartzea; eta, era berean jakinaraziko die kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zer bide baliatu ahal duten erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezteko, ados ez egonez gero. Azkenik, bide horretatik Elkargoaren Kode Deontologikoa ere jakinaraziko zaie interesdunei.
4.– Elkargoak izapidetuko ditu aurkeztu diren kexak eta erreklamazioak. Horretarako, baliabide egokia aukeratuko du kasu bakoitzean: gatazkak ebazteko judizioz kanpoko sistemari buruzko informazioa ematea; behar diren informazio- edo diziplina-espedienteak bideratzeko, hasitako espedientea elkargoko gobernu-batzarrera bidaltzea; kasua artxibatzea; edo zuzenbidearekin bat datorren edozein erabaki hartzea.
II. TITULUA
ELKARGOKO KIDEAK
LEHEN KAPITULUA.– ELKARGOKIDEAK
11. artikulua.– Elkargokide egitea.
1.– Elkargoko kide egitea elkargorako araututako egintza da. Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargoan nahitaez onartuko dira, industria-ingeniaritzan aritzeko legez eskatzen den titulua aldez aurretik dutela egiaztatzen duten pertsonak; baldin eta legeetan, estatutuotan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako betekizun orokorrak betetzen badituzte.
2.– Nahitaez elkargokide izateko betekizuna.–
a) Industria-ingeniaritzan jardun nahi duten pertsonek Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialean izena eman beharko dute, indarreko legerian ezarrita dauden kasuetan. Tituluek uztailaren 17ko 921/1992 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute, edo, 1497/1987 Errege Dekretua argitaratu aurretiko tituluak direnean, baliokideak izan behar dute, edo Estatuak onartu behar izan ditu; edo otsailaren 2ko CIN/311/2009 Aginduan ezarritakoa bete behar dute (CIN/311/2009 Agindua, ingeniari industrialaren lanbidean jarduteko gaitzen duten unibertsitate-tituluak egiaztatzeko betekizunak ezartzeari buruzkoa).
Horrez gain, atzerriko tituluak homologatzeko eta aitortzeko araudia ere bete behar da.
Norbaitek industria-ingeniari gisa jardungo badu, elkargokide egin beharko du, harik eta Estatuko lege batek elkargokide izateko betebeharra zer lanbidetan bete behar den zehaztu arte. Horretan, abenduaren 22ko 25/2009 Legearen Laugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoa beteko da (25/2009 Legea, zerbitzu-jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzko legera egokitzeko asmoz hainbat lege aldatzeari buruzkoa).
b) Estatuko lege batek ezartzen baldin badu, elkargoak nahitaez onartuko ditu beste ingeniaritza batzuetako tituludunak ere, Industria Ingeniaritzaren arlo jakin batzuetan jardun nahi badute. Horretan beteko dira legez onartu diren ikasketa-planetan ezarritakoa eta estatutuotan arautu diren izapideak.
Horrez gain, atzerriko tituluak homologatzeko eta aitortzeko araudia ere bete behar da.
3.– Elkargokide egitea borondatez erabakitzea.
Elkargokide izatea nahitaezko betekizuna ez den kasu guztietan, borondatezko erabakia izango da. Elkargokideak izan daitezke honako hauek: industria-ingeniariak; bigarren zikloko ingeniariak, baldin eta Industria Ingeniaritzaren arloak landu badituzte; bai eta industria-ingeniarien elkargo ofizialen eta haien kontseilu orokorraren estatutu orokorrak onartzen dituen indarreko errege dekretuan ezarritako beste ingeniari batzuk ere, betiere espezialitate-titulua barne hartzen duen berariazko elkargorik ez dagoenean.
4.– Elkargo batean izena ematen denean, elkargoaren helbidea izango da lanbide-helbide bakarra edo nagusia, eta kideak Estatuko lurralde osoan jardun ahal izango du. Europar Batasuneko profesionalak beste estatu kide batera aldi baterako lekualdatzen badira, indarreko araudiei jarraitu beharko diete, Europako Erkidegoko zuzenbidean tituluak aitortzeko ezarrita dagoena aplikatzeko.
5.– Elkargoak ezin izango die eskatu komunikaziorik edo gaikuntzarik elkargokide egin diren lurraldeaz bestelako lurraldeetan jarduten duten ingeniariei. Halaber, ezin izango die eskatu kontraprestazio ekonomikorik, zerbitzuak jasotzearen truke elkargokide onuradunei eskatzen dizkien ordainak izan ezean, zerbitzuok elkargokide izateko kuotaren barne hartuta ez badaude.
6.– Elkargokide izanik, elkargokideak ikasketa-tituluarekin bat datorren lanbidean jardun ahal izango du. Eskuduntzei dagokienez, elkargokide izateak berez ez du bermatzen legerian aitortuta ez dagoen eskubiderik.
7.– Batzar orokorrak elkargo-loturari buruzko beste figura batzuk onartu ahal izango ditu. Lotura-maila araubide egokian ezarri beharko da.
12. artikulua.– Elkargokide izateko betekizun orokorrak.
1.– Borondatez edo nahitaez elkargoko kide izateko, aurreko artikuluan zehaztu diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek elkargoari egin behar diote eskaera.
2.– Horrez gain, Espainiako estatuak aitortu edo homologatu duen Industria Ingeniaritzako titulua duten pertsonek ere elkargokide izateko eskaera egin ahal izango dute.
3.– Elkargoaren barne-araubidearen erregelamenduan zehaztuko dira elkargokide izateko eskaera-agiriak.
13. artikulua.– Eskaerak behin-behinean onartzea.
1.– Eskaerak aurkeztu bezain laster, elkargokide izateko eskaerak behin-behinean onartu direla joko da.
2.– Eskaera ezin da inola ere onartutzat hartu, eskaerarekin batera aurreko artikuluan aipatu den titulua edo titulua ziurtatzeko agiria aurkeztu ezean.
14. artikulua.– Behin betiko onartzea.
1.– Elkargoko gobernu-batzarrak erabakiko du eskaerak behin betiko onartzea.
2.– Eskaera elkargoaren erregistroan sartu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean gobernu-batzarrak erabakiko du eskaerak behin betiko onartzea ala baztertzea.
Epe hori igarota, ebazpenik eman ez bada, behin-behineko onarpena behin-betikotzat joko da.
3.– Eskaeren onarpena egintza arautua da. Eskaerak ez onartzeko arrazoiak estatutu- edo lege-xedapenetan oinarritu behar dira, eta interesdunari jakinarazi behar zaio zergatik baztertu den.
4.– Interesdunari jakinarazi behar zaio eskaera ez onartzeko erabakia, eta berak errekurtsoa aurkeztu ahal izango du elkargoko gobernu-batzarraren aurrean, estatutuotan ezarritakoarekin bat etorrita.
15. artikulua.– Ez onartzeko arrazoiak.
Honako hauek dira eskaerak ez onartzeko arrazoiak:
a) Titulua behar bezalakoa ez izatea.
b) Eskaera arauen arabera ez aurkeztea.
c) Lanbideko jarduna eteteko agintzen dion diziplina-zehapena ezarrita izatea.
d) Elkargokide-kuota edo, hala dagokionean, izen-ematea ez ordaintzea.
e) Beste elkargo batzuetan ordaintzeko zorrak edukitzea.
16. artikulua.– Onarpenaren ondorio orokorrak.
1.– Eskaera onartzen bada, eskatzailea elkargokidea izango da. Hori dela eta, hurrengo artikuluetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak edukiko ditu.
2.– Elkargokide egiten den pertsona bakoitza aseguru kolektiboko polizetan eta elkargoaren aurreikuspen-hitzarmenetan kontuan hartuta egongo da, bai eta elkargoaren beste zerbitzu batzuetan ere, arauetan ezarritako moduan; betiere, indarreko legerian halakorik eskatzen bada, edo elkargokideak berariaz eskatzen badu. Erantzukizun zibileko aseguruak babesten duen arriskuaren irismena eta ezaugarriak nolakoak diren, halakoa izango da aseguruaren kostua.
BIGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
17. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
1.– Elkargokide guztiek honako eskubide hauek izango dituzte:
a) Elkargoko lurralde-eremu osoan lanbidean aritzea.
b) Elkargoko lurralde-eremutik kanpo lanbidean aritzea, 11. artikuluko 4. zenbakian ezarritakoarekin bat.
c) Elkargokideak duen ikasketa-tituluarekin batera, Industria Ingeniarien Elkargoko kide dela adieraztea, nor den zehazten duenean.
d) Elkargokideak elkargoaren bidez kobratu ahal die bezeroei, elkargoari borondatez eskatzen badio.
e) Elkargoak ezarrita dituen ondasunak eta zerbitzuak erabiltzea, gainerako elkargokideen eskubideei kalterik egin ezean.
f) Hitza eta botoa edukitzea estatuotan ezarritako gaietan eta moduetan.
g) Elkargoko gobernu-batzarrari jakinaraztea lanbidean eragina izan dezaketen eta esku-hartzea eska dezaketen egitate guztiak.
h) Elkargokideen, profesionalen, elkargoaren beraren edo lanbidearen eskubideak edo interesak kaltetutzat edo gutxitutzat hartzen dituenean, elkargoaren babesa eskatzea.
i) Hautagaia eta hautagarria izatea elkargoa ordezkatzeko karguetan, estatutuotan horretarako ezarri diren betekizunak aintzat hartuta.
j) Estatutuotan edo indarreko arau aplikagarrietan ezarrita dauden gainerakoak.
2.– Estatutuotan ezarri diren ordezkaritza-karguak betetzeko hautagaitzak aurkezteko, beharrezkoa da elkargokidea izatea eta elkargoko lurralde-eremuan egoitza pertsonala edo profesionala edukitzea.
18. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
Hauexek dira elkargokideen betebeharrak:
a) Erregelamenduz sostengatzeko eta garatzeko dagozkion elkargoaren ohiko eta ezohiko kuotak ordaintzea, bai eta zerbitzuetarako ezarritako kuotak eta eskubideak ere.
b) Lan profesionalak aurkeztea, legez onartuak eta ikus-onetsiak izan daitezen, eskakizun hori eskatzen den guztietan.
c) Estatutuotan, Elkargoaren Kode Deontologikoan edo elkargoaren erabakietan ezarritako aginduak zorrotz betetzea.
d) Jarduketa profesional irregularren edo lanbide-intrusismoaren berri ematea, elkargoak auzitegi eskudunei jakinaraz diezaien, eta ikerketa edo zehapena agin dezaten.
e) Korporazioko ekitaldietara joatea, bai elkargokidea bera, bai ordezkari baten bidez.
f) Hautatuak izan direlako, edo elkargoko organoek agindu dizkielako, dagozkien karguen eginkizunak betetzea, gobernu-batzarrak justifikatu duen horren kontrako arrazoiren bat egon ezean.
g) Jardun profesionalaren ondorioz izan dezaketen erantzukizun zibileko arriskuak aseguru egokiaren bidez estaltzea. Elkargoko poliza bateko harpidetza beti egiaztatuko da, bai eta elkargokideak berariaz eskatzen duen guztietan. Babesten duten arriskuaren ezaugarriak eta irismena nolakoak diren, halakoak izango dira aseguruaren zenbatekoa eta polizaren kostua.
h) Helbide profesionalaren eta harreman-datuen aldaketa jakinaraztea.
19. artikulua.– Eskubideak etetea.
Elkargoaren ohiko eta ezohiko kuotak horretarako adierazitako epeetan ordaindu ezean, ez da elkargokidetzat hartuko, eta elkargokideei legozkiekeen eskubide guztiak galduko ditu, harik eta aipatutako kuotak zein etendako denboran gainontzeko elkargokideei kobratutakoak ordaintzen dituen arte.
Aurreko paragrafoan ezarri denarekin batera, ez ordaintzeagatik ezar daitezkeen diziplina-zehapen guztiak ere aplikatu ahal izango dira.
Estatutuon VIII. tituluan ezarritakoarekin bat etorrita, diziplina-zehapentzat har daiteke eskubideak etetea.
20. artikulua.– Elkargokide izateari uztea.
Elkargokide izateari utziko zaio honako kasu hauetan:
a) Elkargokidea hiltzen bada, edo desgaitasun bat dela-eta.
b) Elkargokideak uko egiten badio elkargokide izateari.
c) Elkargoko gobernu-batzarrak elkargoaren kuotak behin eta berriz ez ordaintzeagatik edota estatutuotan jasotako bestelako betebehar ekonomikoak ez betetzeagatik hartutako erabakiaren bidez, horietan eta baliozkotasunez hartutako erabakietan finkatutako moduan, gutun ziurtatu bidez horretarako egindako bi errekerimenduren ostean.
d) Lanbidean aritzeko betekizunak ez betetzeagatik. Halakorik gertatzen bada, lanbidean aritzea eragozten duen egitatea gertatu bezain laster emango zaio baja.
HIRUGARREN KAPITULUA
SOZIETATE PROFESIONALAK
21. artikulua.– Aplika daitezkeen araudi zehatzak.
2. artikuluan ezarritakoarekin batera, elkargoa arautzen du martxoaren 15eko 2/2007 Legeak, Sozietate Profesionalei buruzkoak.
22. artikulua.– Elkargoaren eta Administrazioaren arteko harremanak.
Sozietate profesionalak eratzeko, ezartzeko eta garatzeko, elkargoak Merkataritza Erregistroarekin jarri behar du harremanetan, elkargoko lurralde-eremuan.
23. artikulua.– Sozietate profesionalak elkargoan sartzea.
1.– Sozietate profesionalak elkargoan sartuko dira, baldin eta Elkargoko Sozietate Profesionalen Erregistroan izena eman badute.
2.– Lanbidean sozietate gisa aritu nahi dutenek martxoaren 15eko 2/2007 Legean ezarritakoa bete behar dute (2/2007 Legea, Sozietate Profesionalei buruzkoa). Horrez gain, aukeratutako sozietate mota zehatza arautzen duten legeek eta gainerako arau juridikoek ezarritakoa ere bete beharko dute.
3.– Gobernu-batzarrak erabaki behar du sozietate profesionalen eskaerak onartzea ala ez.
24. artikulua.– Elkargoko sozietate profesionala izateari uztea.
Honako kasu hauetan elkargoan sartutako sozietate profesionala izateari utziko zaio:
a) Interesdunak berak elkargoko dekanoari idatziz eskatzen badio, betiere egiteke dauden betebehar profesionalak edo korporatiboak eduki ezean.
b) Diziplina-zehapena ezarri bazaio, estatutuotan ezarritakoari jarraituz ezarrita.
c) Lanbidean aritzeko desgaikuntza epai irmoz ezartzen bazaio.
d) Elkargoaren estatutuotan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, estatutuotan eta erabaki baliodunetan ezarritako baldintzetan. Aldez aurretik egingo da behar den espedientea.
e) Erregistroak sozietate hori sozietate profesionaltzat hartzen ez badu, baina hargatik eragotzi gabe sozietateak hartzen jarraitzen duen eredu zibil, merkataritza-eredu edo beste eredu bat.
25. artikulua.– Elkargoaren eginkizunak eta ahalmenak, sozietate profesionalei buruz.
Estatutuotan bildu diren eginkizunekin eta ahalmenekin batera, elkargoak honako hauek ere egin edo baliatu ahal ditu:
a) Sozietate Profesionalen Erregistroa eratzea, araubidea ezartzea eta funtzionamenduari dagokiona agintzea.
b) Sozietate profesionalen kontratu soziala dela-eta, bazkideen artean, bazkideen eta administrarien artean eta bazkide zein administrarien eta sozietatearen artean gerta daitezkeen gatazketan esku-hartzea, adiskidetzeko bidean edo arbitraje-bidean. Gatazken barne hartzen dira banatzeari, baztertzeari eta likidazio-kuota zehazteari buruzkoak.
26. artikulua.– Lanbidean sozietate gisan aritzea.
1.– Elkargokideak diren pertsonek beste elkargokide batzuekin batera jardun ahal dute beren lanbidean, zuzenbidean onartutako edozein forma hartuta. Hala dagokionean, beste diziplina batzuetako profesionalekin batera ere jardun ahal dute. Lanbidean sozietate gisan jarduten badute, indarrean dagoen Sozietate Profesionalei buruzko Legean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
2.– Sozietate profesionalek nahitaez izena eman behar dute elkargoko sozietate profesionalen erregistroan; zehazki, sozietateen egoitza sozialari dagokionean. Elkargoko sozietate profesionalen erregistroan izena eman gabe jarduten duen sozietate profesional bati zehapena ezarri ahal izango zaio; deontologiaren aurka joko du, eta, gainera, ordenamendu juridikoan ezarritakoarekin bat, erantzukizunak izango ditu.
3.– Sozietate profesionalen erregistroa arautuko dute Sozietate Profesionalei buruzko Legean eta estatutuotan ezarritako arauek, bai eta aurreko arauak garatzeko berezko araubidean ezarritako guztiak ere. Gobernu-batzarrak onartu beharko du araubide hori.
4.– Sozietate profesionalak elkargoko sozietate profesionalen erregistroan izena ematen badu, honako ondorio juridiko hauek sortuko dira: lehenik, sozietatea elkargoan sartzea; eta, bigarrenik, sozietate profesionalak errespetatu beharko ditu Elkargo Profesionalei buruzko Legeak, 18/1997 Legeak eta estatutuok elkargoari elkargokide profesionalekin lotuta esleitzen dizkioten eskumenak, eta, bereziki, estatutuon 6. eta 7. artikuluetan ezarrita daudenak. (18/1997 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa).
27. artikulua.– Sozietate profesionalen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Sozietate profesionalen erregistroan izena eman duen sozietate profesionalak edukiko ditu estatutuon 17. eta 18. artikuluetan aitortzen diren eskubideak eta betebeharrak, honako hauek izan ezik: 17. artikuluaren c) eta f) letretan ezarritakoa; elkargoko organoetan parte hartzeko eskubideak eta hauteskunde-eskubideak (eskubide horiek pertsona fisikoek baino ez dituzte, 17. artikuluko i) letran eta 2. zenbakian ezarritakoaren arabera); 18. artikuluko e) eta f) letretan agindutako betebeharra.
2.– Horrez gain, sozietate profesionalak erregistroan izena eman baldin badu, elkargoaren zerbitzuak –estatutuotan adierazita daude– erabili ahal izango ditu, elkargokide diren pertsona fisikoek erabiltzen dituzten bezala.
III. TITULUA
ELKARGOAREN EGITURA
LEHEN KAPITULUA
ELKARGOKO ORGANOAK
28. artikulua.– Elkargoko organoak.
1.– Honako hauek dira elkargoko organo zuzentzaileak:
a) Osoko organoa: elkargoko batzar orokorra.
b) Gobernu-organoa: elkargoko gobernu-batzarra.
c) Lehendakaritza-organoa: elkargoko dekanoa.
2.– Elkargoko gobernu-batzarrak batzorde iraunkorra eta egokitzat hartzen dituen batzorde guztiak eratuko ditu, eta batzarraren mende egongo dira.
BIGARREN KAPITULUA
BATZAR OROKORRA
29. artikulua.– Elkargoko batzar orokorra.
1.– Elkargoko Batzar Orokorra da elkargoaren iritzia adierazteko organo gorena.
2.– Elkargokide guztiek, disidenteek eta batzarrean parte hartu ez dutenek ere, bete behar dituzte batzarrean hartzen diren erabakiak; betiere erabaki baliodunak badira, legeek eta estatutuek batzarrari ematen dizkioten eskumenen barne hartu badira, eta erabakiak hartzeko ezarritako prozedurari jarraitu bazaio.
30. artikulua.– Elkargoko batzar orokorraren eskumenak.
Elkargoko batzar orokorrari baino ez dagokio honako hauek egitea:
a) Elkargoaren estatutuok eta estatutuon aldaketak onartzea; eta barne-araubidearen erregelamendua ere onartzea.
b) Elkargoaren bat egiteari, absortzioari, segregazioari, izen-aldaketari eta desegiteari buruzko erabakiak hartzea, indarreko ordenamendu juridikoan ezarritakoarekin bat etorrita.
c) Elkargoaren aurrekontua eta urteko kontuak onartzea.
d) Ondasunak eta eskubideak erosteko edo besterentzeko baimena ematea, ondasunen edo eskubideen balioa elkargoaren ondarearen % 10 baino handiagoa bada, azken balantze onartuaren arabera.
e) Elkargoaren ohiko eta ezohiko kuotak finkatzea. Batzar orokorrak gai zehatz batean eta berariaz agindu ahal izango dizkio gobernu-batzarrari kuotak finka ditzala.
f) Gobernu-batzarraren kudeaketa onartzea edo, hala dagokionean, gaitzestea.
g) Gobernu-batzarreko kideak hautatzea, estatuotako IV. tituluan ezarritako prozeduraren arabera.
h) Gobernu-batzarrak edo gutxienez elkargokideen % 5ek proposatuta, elkargoko batzar orokorreko gai-zerrendan ezartzen diren gai guztiak jorratzea.
i) Elkargoaren egoitza edo helbidea aldatzea.
j) Urteko memoria-txostena onartzea.
31. artikulua.– Elkargoko batzar orokorraren osaera.
1.– Eskubide osoko elkargokide guztiek hitza eta botoa izango dituzte elkargoko batzar orokorrean.
2.– Elkargokideak ordezkari baten bidez baino ezin dira ordezkatuak izan batzar orokorrean.
3.– Elkargokide bakoitzak gehienez ere hamar aldiz erabili ahal du ordezkarien bidez ordeztua izateko aukera. Ordezkariak ziurtagiri egokiaren bidez egiaztatuko dira.
HIRUGARREN KAPITULUA
GOBERNU-BATZARRA
32. artikulua.– Elkargoko gobernu batzarra.
1.– Elkargoko gobernu-batzarra izango da elkargoko organo zuzentzailea.
2.– Elkargokide guztiek bete behar dituzte gobernu-batzarrean hartzen diren erabaki guztiak, baldin eta batzarrean modu baliodunean hartzen badira, eta ezarritako prozedurari jarraitzen bazaio.
33. artikulua.– Elkargoko gobernu-batzarraren eskumenak.
1.– Elkargoko gobernu-batzarrak elkargoa zuzendu eta administratu behar du; hortaz, elkargoko batzar orokorrari espresuki esleitu ez zaion guztia gobernu-batzarraren eskumenetakoa da.
2.– Zehatz-mehatz, honako hauek dira elkargoko gobernu-batzarraren eskumenak:
a) Batzar orokorra biltzeko deialdia egitea eta gai-zerrenda zehaztea.
b) Elkargoaren aurrekontua, kontuak eta urteko memoria-txostena; eta, orokorrean, batzar orokorrean jorratu behar diren gai guztiak prestatzea.
c) Elkargokide berriak onartzea.
d) Elkargoaren oniritzia eta eskatutako dokumentu-erregistroak ematea.
e) Ondasunak eta eskubideak erosteko edo besterentzeko baimena ematea, ondasunen edo eskubideen balioa elkargoaren ondarearen % 10 baino handiagoa ez bada, azken balantze onartuaren arabera.
f) Diziplina-espedienteak hastea eta ebaztea, estatutuotan eta barne-araubidearen erregelamenduan ezarritakoarekin bat etorrita.
g) Epai- eta administrazio-ekintzak eta jarduketa prozesalak (mota guztiak kontuan hartuta) egitea, eskuordetzeko eta ahalduntzeko eskumenekin batera.
h) Zuzendari kudeatzailea eta aholkulariak izendatzea.
¡) Estatutuotan ezarrita dauden beste eskuduntza batzuk.
34. artikulua.– Elkargoko gobernu-batzarraren osaera.
1.– Honako hauek izango dira elkargoko gobernu-batzarkideak: dekanoa, dekanordea, idazkaria, diruzaina, kontu-hartzailea eta batzarkideen kopuru bat (gutxienez 10 eta gehienez ere 23; batzar orokorrak erabakiko du).
2.– Batzarkide guztiak estatutuotako IV. tituluan ezarritakoarekin bat etorrita hautatuko dira.
3.– Batzarraren osaera bi urtean behin berrituko da.
4.– Gobernu-batzarrak onartzen badu, bileretara joan daiteke zuzendari kudeatzailea, eta deialdia aholkulari ekonomikoei, teknikoei edo juridikoei ere egin ahal zaie.
35. artikulua.– Elkargoko gobernu-batzarreko kargudunak.
1.– Estatutuotako IV. tituluan ezarritakoaren arabera hautatua den pertsona elkargoaren dekanoa eta gobernu-batzarreko lehendakaria izango da.
2.– Batzarreko dekanoak eta gainerako kargudunek edukiko dituzte hurrengo artikuluetan zerrendatu diren eskuduntzak. Zehazki, honako hauek:
36. artikulua.– Dekanoa.
1.– Dekanoak bere gain hartzen ditu lehendakaritza eta elkargoa korporazio gisa ordezkatzea, bai eta gobernu-batzarrak agintzen dizkion gainerako eskuduntzak ere.
2.– Dekanoa izango da elkargoko batzar orokorreko eta gobernu-batzarreko lehendakaria, elkargoak agintariekin, auzitegiekin, erakundeekin eta entitate publikoekin zein pribatuekin harremanetan jarri behar duenean. Edonola ere, kasu zehatz batzuetan, elkargoko gobernu-batzarrak funtzio hori agindu ahal izango die beste elkargokide batzuei.
3.– Dekanoak sinaduraren bidez baimenduko ditu batzarreko bileren aktak, bai eta elkargoaren erabakiak egikaritzea eta betetzea ere; horrez gain, ordainketak ere baimenduko ditu.
4.– Dekanoak bere eginkizunak eskuordetu ahal ditu, baina gai zehatz baten gainean baino ez.
37. artikulua.– Dekanordea.
1.– Dekanordeak izango ditu dekanoak eskuordetzen dizkio eskuduntza guztiak.
2.– Dekanoa ez dagoenean (gaixorik dagoelako, edo karguan aritzea eragozten dion beste arrazoi bat dela-medio), dekanordeak ordeztuko du.
3.– Dekanotza hutsik geratzen baldin bada, dekanordeak bere gain hartuko ditu dekanoaren eginkizunak, kargua erregelamendu bidez bete arte.
38. artikulua.– Elkargoko idazkaria, diruzaina eta kontu-hartzailea.
1.– Idazkariak, diruzainak eta kontu-hartzaileak beren karguen ahalmen eta betebehar zehatzak egin beharko dituzte.
2.– Idazkariaren eginkizunak:
a) Elkargoko batzar orokorraren eta gobernu-batzarraren bilerak deitzea, dekanoak agintzen duenean.
b) Batzar horien aktak idaztea eta ziurtagiri eta dokumentu egoki guztiak egitea.
c) Urteko memoria-txostena idaztea.
3.– Diruzainaren eginkizunak:
a) Elkargoaren ordainketak eta kobrantzak egitea.
b) Elkargoaren funtsak eta inbertsioak zaintzea.
c) Funtsen erabilera baimentzea, dekanoarekin batera.
4.– Kontu-hartzailearen eginkizunak:
a) Elkargoaren gastuetan esku hartzea.
b) Elkargoaren kontabilitatea zuzena dela ziurtatzea.
c) Aurrekontua eta urteko kontuak egitea, dekanoarekin batera. Ondoren, batzar orokorrak onartu beharko ditu.
d) Urteko aurrekontua betetzen dela zaintzea.
5.– Idazkariak, diruzainak eta kontu-hartzaileak ahalmen guztiak edo batzuk eskuordetu ahal izango dizkiote elkargoaren zuzendari kudeatzaileari, halakorik egonez gero.
LAUGARREN KAPITULUA
BATZORDE IRAUNKORRA
39. artikulua.– Batzorde iraunkorra.
Honako hauek izango dira batzorde iraunkorreko kideak: dekanoa, dekanordea, idazkaria, diruzaina, kontu-hartzailea eta batzarkideak, elkargoko gobernu-batzarrak izendatuta.
Presako gaiak izateagatik, ezinezkoa izan bada elkargoko gobernu-batzarrak gai horien berri izatea, batzorde iraunkorrak aztertuko ditu. Edonola ere, gobernu-batzarrari jakinarazi beharko dizkio, eta, erabakiak hartu badira, erabakiok berretsi beharko ditu.
Batzorde iraunkorrak aldez aurretik aztertuko ditu elkargokideek edo batzorde delegatuek elkargoko gobernu-batzarrari egiten dizkioten proposamenak.
IV. TITULUA
HAUTESKUNDE-ARAUAK
40. artikulua.– Kargu hautagarriak.
1.– Elkargoko dekanoa eta elkargoko gobernu-batzarreko gainerako karguak elkargokideen hauteskunde zuzen, aske eta isilpeko bidez beteko dira.
2.– Kargu hutsak hauteskunde bidez baino ezin dira bete.
3.– Hauteskunde-aldi bakoitzean, kargu hautagarriak izango dira honako hauek: berritu behar diren kargu guztiak eta hutsik daudenak.
4.– Karguen erdiak bi urtean behin berrituko dira.
5.– Hauteskunde-aldi bakoitzean berritu beharko dira lau urtean hartuta egon diren karguak, bai eta aldez aurretiko hauteskunde bidez bete zirenak ere.
6.– Era berean, hauteskunde-aldi bakoitzean aldez aurretik utzi egin diren karguak, eta, hartara, hutsik daudenak bete beharko dira, nahiz eta beste kide batek behin-behinean eginkizun horiek bete izan.
41. artikulua.– Ohiko hauteskundeak eta ezohikoak. Bozketa-aldia.
1.– Bi urtean behin ohiko hauteskundeak egingo dira, berritu behar diren edo hutsik dauden kargu guztiak betetzeko.
2.– Dekanoaren kargua edo gobernu-batzarreko bi kargu, kargu gehiago edo kideen herenak hutsik geratzen badira, elkargoko gobernu-batzarrak ezohiko hauteskundeen deialdia egin beharko du. Hutsik dauden karguak edo kideen postuak betetzeko hauteskundeak hilabeteko epean deitu beharko dira. Ezohiko hauteskundeen bidez hautatu diren kargudunek eta kideek beren eginkizunak beteko dituzte, harik eta ordeztu dituzten pertsonek erregelamendu bidez kargua uzteko egin behar diren hauteskundeak antolatu arte.
Hauteskunde horiek ezin izango dira uztailean edo abuztuan deitu, ezta antolatu ere. Halakorik gertatzen denean, iraila arte atzeratu beharko da deialdia.
3.– Ohiko hauteskundeetan eta ezohikoetan bete beharko da estatutuotan eta barne-araubidearen erregelamenduan ezarritakoa.
Ezarritako datak ez zaizkie aplikatuko ezohiko hauteskundeei, baina zehaztutako epeak bete beharko dira.
Prozeduran onartuta dago pertsona berak berriro hautatzea, kargu bera betetzeko (dekanoa, dekanordea, kontu-hartzailea, diruzaina edo idazkaria). Alabaina, norbait kargu berean gehienez ere 8 urtean egon ahal da, jarraian.
42. artikulua.– Hauteskundeak deitzea eta hautagaiak izendatzea.
Urte egokietako urriaren 10a baino lehen, elkargokide guztiei jakinaraziko zaie gobernu-batzarrean erregelamendu bidez zer postu bete behar diren eta zer kargudunen edo kideren postuak hutsik geratu diren, hainbat arrazoi direla-eta. Egun berean, postu horietarako hautagaitzak aurkezteko epea hasi, eta urriaren 25ean, arratsaldeko zortzietan (20:00etan) amaituko da. Egun hori larunbata edo jaieguna baldin bada, aurreko lanegunean amaituko da.
Bete behar diren lanpostuak baino kide gehiago ezin dira egon hautagaitza bakoitzean. Hautagaitza bakoitza sinatu behar dute gutxienez ere hogeita hamar elkargokidek. Hautagarriak diren kargu eta postu guztietarako aurkeztu ahal dira hautagaitzak; bai eta bat bakarrik betetzeko ere. Elkargokideek proposatzen duten hautagaien taldea da hautagaitza (hautagaiak aurkezten dira hutsik dauden karguak eta postuak betetzeko). Elkargokide batek hautagaitza batzuk sinatu ahal ditu.
Gobernu-batzarrak onartu eta aldarrikatu ditu postuak betetzeko elkargokide hautagarriak dituzten hautagaitzak. Elkargokide batek hautagaia izateko betekizunak betetzen ez baditu, ezarritako baldintzak betetzen dituzten hautagaitza horretako gainerako hautagaiak aldarrikatuko ditu gobernu-batzarrak.
Azaroaren 1a baino lehen, hautesle guztiei jakinaraziko zaie: batetik, bete behar den postu bakoitzerako zer hautagai aurkeztu eta aldarrikatu diren; eta, bestetik, hauteskundeak azaroko egun batean izango direla. Jakinarazpena helbide elektronikoz egingo da, baldin eta dagokion elkargokideak elkargoari jakinarazi badio; posta arruntez edo elkargoaren web-orriaren bidez.
Elkargokideak 43. artikuluan ezarrita dagoen b) moduan bozkatzen baldin badu, jakinarazpenean bertan bozketa-paper eredu bat aurkituko du, eta bertan argi jarriko du zer postu bete behar diren. Derrigorrean erabili behar den gutun-azala ere barruan egongo da.
Elkargokideak 43. artikuluan ezarrita dagoen c) moduan bozkatzen baldin badu, gutun-azalean hautagaitzen zerrenda eta botoa adierazteko berariazko txantiloia aurkituko ditu. Boto-emaileak txantiloia betetakoan, bozkatzeko jaso zuen mezu elektronikoari erantzuteko mezuarekin batera bidaliko du txantiloia.
Elkargoko lokaletan eskuragarri jarriko da bozkatzeko eskubidea duten elkargokideen zerrenda.
Hautagaitzak aurkezteko epean aurkeztu beharko dira zerrenda horren aurkako erreklamazioak, eta elkargoko gobernu-batzarrak astebetean ebatzi beharko ditu.
43. artikulua.– Hautatzeko modua.
Elkargokide guztiek hautesle gisa parte hartu ahal dute, gobernu-batzarreko karguak eta postuak berritzeko hauteskundeetan.
Hautagai gisa parte hartu ahal izateko, hautagaitza aurkeztean elkargokideak gutxienez ere bi urteko antzinatasuna izan beharko du; eta 5 urteko antzinatasuna, dekanoaren kargua betetzeko aurkeztu nahi badu.
Hauteskundeetan hautagaiak aldarrikatuko dira kargu eta postu bakoitzeko.
Bozketa-paper batean hautagai baten alde bozkatzen bada, baina hautagai hori postu horretarako aldarrikatu ez bada, bozketa-paper hori baliogabetzat joko da. Era berean, baliogabetzat joko dira kargu bera betetzeko hautagai bati baino gehiagori botoa eman bazaie. Berritu behar diren kideak baino kide gehiago bozkatzen badira, bozketa-paper horiek ere baliogabetzat joko dira.
Hiru modu daude bozkatzeko:
a) Elkargoko lokaletan eratu den mahaian bertan aurrez aurre boto emanez, ezarritako egunean. Boto-emaile bakoitzak mahaiburuari emango dio bozketa-paper inprimatua edo idatzia. Segidan, bozketa-papera hautestontzian sartuko dute, boto-emailea nor den ziurtatu eta beraren izena boto-emaileen zerrendan aurkitu ondoren.
b) Hauteskunde-eguna baino lehen elkargoari botoa bidalita, honela: bozketa-paper inprimatua edo idatzia gutun-azalean sartu beharko du (elkargoak emango du gutun-azal hori), eta gutun-azal hori beste baten barruan sartu beharko du (elkargoak emango du hori ere). Azken gutun-azal hori itxita bidali beharko dio hauteskunde-mahaiburuari. Atzealdean, interesdunak sinatu beharko du, itxiera-lerroak marra batzuen bidez zeharkatuta. Horrez gain, izen-abizenak (bi abizen) idatziko ditu, letra irakurgarriz.
c) Helbide elektronikoz: hautesleak jaso duen mezuari erantzun beharko dio. Aukeratutako bozketa-papera erantzun-mezuarekin batera bidali beharko du.
44. artikulua.– Hauteskunde-mahaia.
Hauteskunde-mahaia osatuko dute mahaiburuak eta idazkariak. Haiekin batera, gobernu-batzarrak izendatutako bi idazkari zenbatzaile ere egongo dira. Haiek guztiek idatziz hauteskunde-mahaiko kargua eskuordetu ahal izango die gobernu-batzarreko beste kide edo kargudun batzuei. Dekanoa izango da hauteskunde-mahaiburua. Idazkaria izango da hauteskunde-mahaiko idazkaria eta eginkizun berak hartuko ditu bere gain, edo, hala dagokionean, haien ordezkariek beteko dituzte.
Hautagaitza bakoitzean izendatu ahal izango dira mahaiko bi kontu-hartzaile, eta bozketa-egintzan eta zenbaketan egon ahal izango dira.
Bozketa goizeko 10:00etan hasiko da, eta egun bereko 20:00etan amaitutzat joko da, deialdian adierazitako egunean.
Hauteskunde-mahaia bozketa-egintzan eratuko da, eta gutxienez bi kidek egon beharko dute.
Mahaiburuak edo idazkariak aldi baterako urrundu behar dutenean, eurek izendatuko dituzte mahaiko bi kide, behin-behinean ordezka ditzaten.
Aurrez aurre bozkatzen duten elkargokideek bozketa-papera tolestuta emango diote mahaiburuari. Mahaiburuak hautestontzi zigilatuan sartuko du, baina aldez aurretik ziurtatuko du boto-emailea nor den, boto-emaileen zerrendan dagoen eta aurretik ere botoa eman ez duen.
Elkargoko lokaletan lehendik jaso diren gutun-azalak edo postaz bidali direnak mahaiburuak irekiko ditu, bozketa-egunean. Halaber, bozketa-egunean gutun-azal horietako bozketa-paperak hautestontzian sartuko dira, igorleak boto emateko eskubidea duen aldez aurretik ziurtatuta.
Jaso diren mezu elektronikoei buruz, hauteskunde-mahaiak bozketa-txantiloiak inprimatuko ditu, eta hautestontzian sartuko.
Bozketa amaitutakoan, mahaiko kide guztiak bozketa egiten hasiko dira. Mahaiak berehala zehaztuko du boto bat balioduna den edo nola interpretatu behar den.
Zenbaketa amaitu ostean, mahaiburuak aldarrikatu du nortzuk diren hautagai hautatuak, hots, boto-kopuru handiena lortu dutenak.
Berdinketa osatuz gero, mahaiak hautatutzat aldarrikatuko du elkargokide gisa antzinatasun handiena duena; eta adin berekoak badira, nagusiena.
45. artikulua.– Kasu bereziak.
Bete behar diren kargu eta postu guztiak betetzeko beste kide aurkeztu ezean, gobernu-batzarrak erabakiko du beste hauteskunde batzuk deitzea edo erregelamendu bidez egin behar diren hurrengo hauteskundeak egin arte itxarotea.
Hautagai bat baino ez bada aurkezten kargu edo postu bakoitzeko, informazio hori jasoko da bazkideei azaroaren 1a baino lehen bidaliko zaien jakinarazpenean. Hauteskundeak bertan behera utziko dira, eta aurkeztu diren hautagaiak hautatutzat hartuko dira.
Dimisioa edo beste arrazoi bat dela-eta, karguren bat hutsik geratzen den guztietan, zuzendaritza-batzordeak izendatuko du zer kidek ordeztuko duen, postu hutsak betetzeko antolatu behar diren hurrengo hauteskundeak egin arte, halakorik egitea beharrezkoa baldin bada.
46. artikulua.– Karguaz jabetzea.
Hauteskundeak egin eta hurrengo hiru hilabeteko epean egiten den lehenengo bileran jabetuko dira karguaz edo postuaz elkargokide hautetsiak. Bilera berean kargua utziko dute aurrekoek.
47. artikulua.– Kargua uztea.
1.– Hautetsiak karguaz jabetu bezain laster, aurrekoek kargua utziko dute.
2.– Elkargokideak kargua aldez aurretik utzi ahal izango du honako kasu hauetan baino ez:
a) Elkargokide izateari utzi badio.
b) Dimisioa aurkeztu duelako.
c) Kargutik kendu badute.
3.– Elkargoko gobernu-batzarrak hartu beharko du norbait kargutik kentzeko erabakia. Karguduna automatikoki kenduko da kargutik, baldin eta, arau-hauste larria edo oso larria egiteagatik, diziplina-zehapena jarri bazaio; edo gobernu-batzarreko bileretara justifikaziorik eman gabe bertaratu ez bada, estatutuon 59. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
4.– Dimisioa gauzatzeko, gobernu-batzarrak nahikotzat ematen duen zioa adierazteko idatzizko alegazioa aurkeztu behar da.
5.– Zio nahikotzat hartuko da hauteskundeetan hautagai gisa lehiatzeko dimisioa aurkeztea. Edonola ere, dimisioa aurkeztu dutenek jardunean jarraituko dute hurrengo hautetsiak karguaz jabetu arte. Hala eta guztiz ere, aldi horretan ezin izango dute hauteskunde-prozesuari buruzko erabakirik hartu.
6.– Norbaitek elkargokide izateari uzten badio, automatikoki utziko du kargua, estatutuon 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
48. artikulua.– Hauteskunde-arauak osatzea.
1.– Elkargoko gobernu-batzarrak osatu ahal izango ditu hauteskunde-aldi bakoitzean behar diren prozedura-arau guztiak.
2.– Edonola ere, arau horiek ezarritako aginduak beteko dituzte, bai eta aurreko artikuluetan ezarritakoa ere.
3.– Baldintza horietan onartzen diren arauak elkargokide guztiei jakinaraziko zaizkie, hauteskunde-aldia hasten denean.
V. TITULUA
FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ARAUAK ETA ERABAKIAK HARTZEA
LEHEN KAPITULUA
BATZAR OROKORRA
49. artikulua.– Elkargoko batzar orokorraren bilerak.
1.– Elkargoko batzar orokorra gutxienez bitan bilduko da urtean: lehenengo bilera azaroan edo abenduan egingo du, aurrekontuak onartzeko, urteko memoria-txostenaren aurrerapena aurkezteko eta, hala dagokionean, karguak berritzeko; eta bigarren bilera maiatzean edo ekainean egingo du, kontuak eta elkargoaren funtzionamenduari buruzko txosten orokorraren alderdi guztiak onartzeko.
2.– Elkargoko gobernu-batzarrak erabakiko du ezohiko bilera egitea, bere ekimenez edo gutxienez elkargokide guztien % 5ek idatziz eskatu badute. Bilera egiteko eskaera elkargoko gobernu-batzarrean aurkeztu behar da.
Batzar orokorra bildu behar da eskaera jaso eta hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.
3.– Elkargoaren estatutuak onartzeko eta aldatzeko, beharrezkoa izango da elkargoko batzar orokorraren ezohiko bilera-deia egitea.
50. artikulua.– Batzar orokorraren bilera-deia.
1.– Batzar orokorraren ohiko zein ezohiko bilera-deia idatziz egin beharko da, eta, informatika-baliabideak (webgunea edo posta elektronikoa) lehenetsiko dira. Deialdian jaso beharko da bilera non, zer ordutan eta zer egunetan egingo den. Halaber, zehatz-mehatz adierazi beharko da zer gai jorratuko diren. Deialdiaren eta batzar-bileraren artean gutxienez 10 egun igaro behar dira.
2.– Presakoa denean, batzar orokorrean justifikatu beharko da presa hori. Elkargoko dekanoak gutxienez 72 ordu lehenago egin beharko du bilera-deia. Edonola ere, gai-zerrenda bidali beharko du.
51. artikulua.– Batzar orokorreko gai-zerrenda.
1.– Batzar Orokorrean jorratzeko gai-zerrendan jasoko dira bileran jorratu eta erabaki behar diren gai guztiak. Gainera, edukiaren ideia eta irismena argi azaldu behar dira.
2.– Elkargoko gobernu-batzarraren eskumena da elkargoko batzar orokorrean jorratzeko gai-zerrenda finkatzea.
3.– Batzar orokorrak urteko laugarren hiruhilekoan egiten duen ohiko bilerako gai-zerrendan gutxienez honako gai hauek bildu behar dira:
– Urteko aurrekontua aurkeztea, eztabaidatzea eta onartzea.
– Karguak berritzea, hala dagokionean.
– Urteko memoriaren aurrerapena.
– Eskaerak eta galderak.
4.– Batzar orokorrak urteko bigarren hiruhilekoan egiten duen ohiko bilerako gai-zerrendan gutxienez honako gai hauek bildu behar dira:
– Aurreko urteko kontuak aurkeztea, eztabaidatzea eta onartzea.
– Elkargoaren funtzionamenduari buruzko txosten orokorra.
– Aurreko urteari buruzko memoria-txostena.
– Eskaerak eta galderak.
5.– Honako gai hauek ere gai-zerrendan sartuko dira:
a) Elkargoko gobernu-batzarrak gai-zerrendan sartzeko zehazten dituen gaiak.
b) Gutxienez 50 elkargokidek elkargoko batzar orokorrean jorratzeko eskatu dituzten gaiak.
Elkargokideek proposatzen dituzten gaiak gobernu-batzarrean aurkeztu behar dira batzar orokorraren bilera egin baino hilabete bat lehenago, gutxienez.
52. artikulua.– Batzar Orokorraren quorum.
1.– Bilerak egingo dira lehen edo bigarren deialdian.
2.– Lehenengo deialdian egiteko, botoa emateko eskubidea duten elkargokideen gehiengoa bildu beharko da.
3.– Bilerak bigarren deialdian egiten direnean, lehenengo deialdia baino ordu erdi geroago hasiko dira, bertaratu direnen kopurua edozein izanda ere.
4.– Quorumaren ondorioetarako, ez dira zenbatuko elkargokide ordezkatuak.
53. artikulua.– Batzar orokorreko lehendakaritza eta idazkaria.
1.– Elkargoko batzar orokorreko lehendakaria dekanoa izango da, eta, bera ez dagoenean, dekanordea.
Lehendakariak hasiera eta amaiera emango dizkio bilerari. Eztabaidak zuzendu, eta hitzezko esku hartzeak antolatuko ditu, bilerak ahalik eta ordena zein eraginkortasun handienez egin daitezen. Bozketak 61. eta 62. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo dira.
2.– Bilerako idazkaria izango da elkargoko idazkari bera. Idazkariak egingo du bileraren akta.
BIGARREN KAPITULUA
GOBERNU-BATZARRA
54. artikulua.– Elkargoko gobernu batzarraren bilerak.
1.– Elkargoko gobernu-batzarra gutxienez hiru hilean behin bilduko da.
2.– Dekanoak erabakitzen duenean ere bilduko da, bai dekanoak bere ekimenez erabaki duelako, bai batzarkideetako bost kidek idatziz eskatu dutelako.
Bilera egiteko eskaera jaso eta hilabetea igaro baino lehen bildu behar da gobernu-batzarra.
55. artikulua.– Gobernu-batzarra biltzeko deialdia.
1.– Idazkariak batzarkideei bidaliko die bilera-deia, gutxienez egutegiko hamar egun aurretik. Deialdiarekin batera, bileran jorratu beharko diren gai guztien zerrenda ere bidaliko du.
2.– Deialdia aldez aurretik bidaltzeko epea txikiagoa izan daiteke, dekanoak zehazten badu bilera presakoa dela.
Hurrengo bileran, dekanoak presako bilera egiteko zioak justifikatu beharko ditu gobernu-batzarrean, eta gobernu-batzarrak uste baldin badu erabakia ez dagoela behar bezala justifikaturik, bileran hartu diren erabakiak ezeztatu ahal izango dira.
56. artikulua.– Gobernu Batzarreko gai-zerrenda.
1.– Elkargoko gobernu-batzarreko gai-zerrendan jasoko dira bileran jorratu eta erabaki behar diren gai guztiak. Gainera, edukiaren ideia eta irismena argi azaldu behar dira.
2.– Elkargoko dekanoaren eskumena da elkargoko gobernu-batzarrean jorratzeko gai-zerrenda finkatzea.
3.– Honako gai hauek ere gai-zerrendan sartuko dira:
a) Elkargoko dekanoak gai-zerrendan sartzeko zehazten dituen gaiak.
b) Elkargoko gobernu-batzarreko edozein kidek edo gutxienez 15 elkargokidek elkargoko gobernu-batzarrean jorratzeko eskatu dituzten gaiak.
57. artikulua.– Gobernu-batzarraren quorum.
Gobernu-batzarra baliotasunez eratzeko, batzordeko kideen erdiek eta bat gehiagok bertaratu beharko dute, izan kideak, izan kideen ordezkariak. Ordezkaritza berariaz eta idatziz onartuko da, batzar-bilera bakoitzerako, eta egin ondoren iraungiko da baimena.
Bileran bertan dauden kideen eta kide ordezkatuen boto-gehiengoz hartuko dira erabakiak.
58. artikulua.– Gobernu-batzarreko lehendakaritza eta idazkaritza.
1.– Gobernu-batzarreko lehendakaria dekanoa izango da, eta, bera ez dagoenean, dekanordea.
Lehendakariak hasiera eta amaiera emango dizkio bilerari. Eztabaidak zuzendu, eta hitzezko esku hartzeak antolatuko ditu, bilerak ahalik eta ordena zein eraginkortasun handienez egin daitezen. Bozketak 61. eta 62. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo dira.
2.– Bilerako idazkaria izango da elkargoko idazkari bera. Idazkariak egingo du bileraren akta.
59. artikulua.– Gobernu-batzarrera bertaratzea.
1.– Gobernu-batzarraren bileretara joatea nahitaezko betebeharra da; hortaz, kideek derrigorrean joan behar dute, gobernu-batzarrak justifikatutzat hartzen dituen zioak adierazi ezean.
2.– Jarraian hiru bileratara edo txandaka bost bileratara ez joanez gero, baliteke kargudun hori kargutik berehala kentzea, diziplina-erantzukizunak baztertu gabe. Ondorio horietarako, interesdunari jakinaraziko zaio kargutik kendu dutela.
Zenbaketa horretan ez dira gehituko presaz antolatzen diren batzar-bilerak.
HIRUGARREN KAPITULUA
ORGANO ZUZENTZAILEAK
60. artikulua.– Organo zuzentzaileen funtzionamendu orokorra.
1.– Gai jakin bat gai-zerrendan, batzar orokorrean edo gobernu-batzarrean jasota ez badago, ez da hartuko gai horri buruzko erabakirik, bertaratutako kideek gai hori gai-zerrendan presaz sartzea erabaki ezean.
2.– Gai-zerrendan jasotzen den gai bakoitzeko, honako etapa hauek beteko dira: azalpena, eztabaida eta erabakia. Horretan bete beharko da hurrengo zenbakietan ezarritakoa.
3.– Gaiari buruzko azalpena emango du proposamena egin dutenek izendatu dituzten kideak.
4.– Batzarreko lehendakariak moderatuko du eztabaida. Hitza emango die eskatzen duten guztiei eta esku-hartzeen kopurua eta denbora mugatuko ditu.
5.– Aldez aurretik bozketa eginez ala bozketarik gabe har daitezke erabakiak. Bozketa egingo ez bada, bertaratuek aldez aurretik eta argi erakutsi beharko dute guztiak ados daudela. Edonork eska dezake bozketa egitea.
Bozketa egiten baldin bada, lehendakariak argi eta zehatz ezarriko ditu bozketaren baldintzak eta bozkatzeko modua.
Bozketa isilpekoa izango da, elkargokide baten edo gehiagoren ohoreari eragiten dionean, edo bertaratu direnetako batek eskatzen badu.
61. artikulua.– Bozketak.
1.– Bozketa mota hauek daude:
a) Arruntak: kideek taldean eta ikur konbentzionalen bidez adieraziko dute ados dauden, eskua altxatuz edo zutik jarriz.
b) Nominalak: idazkariak organoko kideen zerrenda irakurriko du, eta kide bakoitzaren izena aipatzen duenean, kide horrek jakinaraziko du botoa edo abstentzioa, bozketaren baldintzak nolakoak diren.
c) Isilpekoak: bozketa-paperak hautestontzian edo poltsa batean bilduz egiten dira.
2.– Behin bozketa hasita, ezin izango da ezein ziorengatik eten.
62. artikulua.– Gehiengoak.
1.– Boto gehiago behar direla legeek edo estatutuok agindu ezean, eman diren botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak.
2.– Berdinketa osatuz gero, lehendakariak bozketa errepikatu, bere kalitatezko botoaren bidez berdinketa hautsi edo beste bilera bat deitu ahal izango du.
3.– Diziplina-arloko erabakiak batzar-kideen gehiengo osoz hartuko dira, estatutuon 82. artikuluan ezarritakoaren arabera.
63. artikulua.– Erabakiak hartzea.
1.– Behin bozketa amaituta, halakorik egonez gero, idazkariak zenbatuko ditu emandako botoak, eta emaitza argitaratuko du. Emaitza zein den, lehendakariak aldarrikatuko du hartu den erabakia.
2.– Aho batez hartzen bada, lehendakariak hori aitortu, eta erabakia aldarrikatuko du.
64. artikulua.– Aktak eta ziurtagiriak.
1.– Elkargoak egiten duen bilera bakoitzari buruzko akta bat idatziko du idazkariak, eta lehendakariak ikus-onetsiko du. Aktan jasoko da bileran jorratu denaren laburpena, eta hitzez hitz transkribatuko dira hartu diren erabakiak.
2.– Erabakien frogabidetzat hartuko da aktan jasota egotea.
3.– Erabakien ziurtagiriak elkargoko idazkariak egingo ditu, eta lehendakariak ikus-onetsiko ditu.
LAUGARREN KAPITULUA
ANTOLAKETARI BURUZKO BESTE ALDERDI BATZUK
65. artikulua.– Lehiatila bakarra.
1.– Elkargoak web-orria izango du Interneten. Horrela, profesionalek leihatila bakarraren bidez egin ditzakete elkargokide izateko, elkargokide aritzeko eta baja hartzeko izapide guztiak; bide elektronikoan eta urrutik egin dezakete. Leihatila bakarraren bidez, honako izapidea hauek doan egin ditzakete elkargokideek:
a) Beren lanbidean hasteko eta horretan jarduteko behar diren datuak eta inprimakiak eskuratzea.
b) Beharrezko dokumentazioa eta eskariak aurkeztea, elkargokide egiteari buruzkoa barne.
c) Norberari interesatzen zaizkion prozeduren izapidetze-egoera ezagutzea, aginduzko izapide-egintzen jakinarazpena jasotzea eta prozeduren ebazpena ezagutzea (bai eta diziplina-espedienteen gainekoa ere, beste baliabide batzuen bidez lortzea ezinezkoa denean).
d) Elkargokideei batzar orokorren ohiko eta ezohiko bilera-deiak bidaltzea; eta haiei jakinaraztea elkargoaren jarduera publikoak zein pribatuak.
2.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, elkargoak leihatila bakarraren bidez eskainiko du honako informazio hau, argi eta doan:
a) Elkargokideen Erregistrorako irispidea. Bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira: elkargokideen izen-deiturak, elkargokide-zenbakia, titulu ofizialak, lanbide-helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera.
b) Sozietate Profesionalen Erregistrorako sarbidea, legeetan eta estatutuotan jasotako edukiak adierazita.
c) Erreklamazio-bideak eta errekurtsoak, kontsumitzaileen edo erabiltzaileen eta elkargokide baten edo elkargoaren arteko gatazkarik gertatuz gero aurkez daitezkeenak.
d) Zerbitzu profesionalen hartzailek zer kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkartetara edo erakundetara jo dezaketen (elkarteen datuak).
e) Elkargoaren Kode etiko eta deontologikoa.
3.– Elkargoak teknologia egokiak eta plataforma teknologikoak baliatuko ditu, sistemen arteko funtzionamendua bermatzeko, eta desgaitasuna duten pertsonei sarbidea ziurtatzeko. Horrez gain, elkargoak abian jarriko ditu behar diren koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak, beste korporazio profesionalekin batera ere bai.
66. artikulua.– Urteko memoria-txostena.
Elkargoak gardentasun-printzipioa bete behar du kudeaketan. Horretarako, elkargoko gobernu-batzarrak urteko memoria-txostena egin, eta honako informazio hau bilduko du:
a) Kudeaketa ekonomikoari buruzko urteko txostena, kontu-auditoretzari buruzko txostenarekin batera. Horretan, langileen gastuak ere jaso beharko dira, behar bezala banakatuta. Elkargoko gobernu-batzordeko kide guztiek jaso dituzten ordainsarien guztizkoa jaso beharko da (dietak).
b) Kuota aplikagarrien txostena, kontzeptuen eta eman diren zerbitzu moten arabera banakatuta. Horrez gain, kuotak ezartzeko eta aplikatzeko arauak ere adieraziko dira.
c) Bideratzen ari diren edo irmo diren informazio- edo zehapen-prozeduren gaineko informazio agregatua eta estatistikoa. Arau-haustea, izapidea eta behin-behineko zehapena adierazi beharko dira. Edonola ere, datu pertsonalak babestu beharko dira.
d) Kontsumitzaileen, erabiltzaileen edo haien eskubideak defendatzeko erakunde eta elkarteen kexei eta erreklamazioei buruzko informazio agregatua eta estatistikoa, bai eta kexak eta erreklamazioak izapidetzeko moduen gainekoa ere. Edonola ere, datu pertsonalak babestu beharko dira.
e) Kode etiko eta deontologikoaren aldaketak.
f) Elkargoko gobernu-batzarreko kideek dituzten bateraezintasunei eta interes-gatazken egoerei buruzko arauak.
g) Oniritzia emateko jarduerei buruzko estatistika-informazioa.
h) Elkargokideen lanbidean aritu bitartean gertatu diren istripuen gaineko informazioa. Edonola ere, datu pertsonalak babestu beharko dira.
i) Elkargoko batzar orokorretan eta gobernu-batzarretan hartu diren erabaki guztien zerrenda eta betetze-maila.
j) Urteko memoria-txostena web-orriaren bidez argitaratuko da memoriari dagokion urtea eta hurrengo urteko lehen seihilekoan.
k) Ondorio horietarako, elkargoak Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialen Kontseiluari emango dio urteko memoria-txostena egiteko behar duen informazio osoa.
VI. TITULUA
ERREKURRITU AHAL DIREN EGINTZAK ETA ERREKURTSO-ARAUBIDEA
67. artikulua.– Egintzak baliodunak direla eta bete behar direla jotzea.
1.– Elkargoko organoen eskumenen arloko egintzak eta erabakiak hartzen diren unetik bertatik baliodunak izango dira, maila handiagoko baimena behar ezean, edo, indarreko manuetan edo aginduetan ezarritakoarekin bat, etenda egon ezean.
2.– Egintzak eta erabakiak baliodunak direla eta bete behar direla joko da, lege-errekurtso egokiak gorabehera.
68. artikulua.– Ofiziozko berrikuspena.
1.– Elkargoko organoek edonoiz baliogabetu ahal izango dituzte kargak ezartzen dituzten egintzak edo egintza kaltegarriak. Edonola ere, baliogabetze horrek legeetan onartuta egon behar du, eta ezin da inola ere izan berdintasun-printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren aurkakoa.
2.– Elkargoko organoek, ofizioz edo interesdunek eskaturik, edozein unetan zuzendu ditzakete beren egintzetako eta erabakietako errakuntza materialak, egitezkoak edo aritmetikoak.
3.– Interesdunen aldeko egintza edo erabaki baliogabeak edo ezeztagarriak berrikusten direnean, indarreko legeetan ezarritakoa bete beharko da.
69. artikulua.– Errekurtsoak.
1.– Interesdunek elkargoaren egintzen eta erabakien aurka jarri ahal izango dituzte gora jotzeko errekurtsoak eta aukerako berraztertze-errekurtsoa.
2.– Legeek gora jotzeko errekurtsoaren eta aukerako berraztertze-errekurtsoaren ordez beste aurkatze-prozesu batzuk ezarri ahal izango dituzte (baina bigarrenak aukerakoa izaten jarraituko du).
70. artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa.
1.– Elkargoaren egintzen eta erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira, egintzak eta erabakiak hartu zituen organoa baino maila hierarkiko handiagoko organoan.
2.– Gora jotzeko errekurtsoa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, egintza espresua baldin bada. Espresua ez bada, epe hori hiru hilabetekoa izango da, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatuta, berariazko araudiarekin bat etorrita.
3.– Errekurtsoa aurkeztu ahal da aurkatu nahi den egintza eman zuen organoan edo egintza ebatzi behar duen organo eskudunean.
4.– Ezarritako epeak amaitzen badira, eta errekurtsorik aurkeztu ez bada, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako.
5.– Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izango da gehienez. Epe hori amaituta, ebazpenik eman ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela uler daiteke.
71. artikulua.– Berraztertze-errekurtsoa.
1.– Administrazio-bidea amaitzen duten egintzen eta erabakien aurka aurkeztu ahal dira aukerako berraztertze-errekurtsoak, egintzen edo erabakien organo erantzulean bertan; bestela, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan ere aurkatu ahal dira, zuzenean.
2.– Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezin da aurkeztu, berraztertze-errekurtsoa berariaz ebatzi arte edo presuntzioz ezetsi arte.
3.– Berraztertze-errekurtsoa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, egintza espresua baldin bada. Espresua ez bada, eskatzaileak zein balizko interesdunak hiru hilabeteko epea izango du, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatuta, berariazko araudiarekin bat etorrita.
4.– Epe horiek igaro ondoren, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da; eta, edonola ere, berrikuspeneko ezohiko errekurtsoa ere bidezkoa izan liteke.
5.– Errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea hilabetekoa izango da.
6.– Berraztertze-errekurtso baten ebazpenaren aurka ezin da berriro aurkeztu errekurtso mota bera.
72. artikulua.– Errekurtso jurisdikzionalak.
Korporazio-errekurtso gehiago jada aurkeztu ezin denean, administrazio-zuzenbidearen mende dauden eta elkargoko organoetatik datozen egintzek eta erabakiek bide administratiboa amaituko dute, indarreko legerian ezarritakoarekin bat etorrita (administrazioarekiko auzien jurisdikzioa baino lehen dago bide administratiboa).
VII. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
73. artikulua.– Elkargoaren ondarea.
1.– Elkargoaren ondasun eta eskubide guztiek osatzen dute.
2.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak administratzeko eta erabiltzeko ahalmenak hurrengo artikuluetan ezarri diren mugen barnean baliatu behar dira.
74. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak.
1.– Honako hauek izango dira elkargoaren ohiko baliabideak:
a) Ohiko kuotak, sartze-kuotak eta aldizkakoak. Arrazoizkoak, proportziozkoak eta ez-baztertzaileak izan behar dute.
b) Lan profesionalei dagozkien agirien eta sinaduren gaineko oniritziek, legeztatzeek, erregistroek, ziurtagiriek ekarritako diru-sarrerak.
c) Elkargoaren ondasunek eta eskubideek sortzen dituzten errentak eta emaitzak.
d) Kudeatzen dituen ikastaro, argitalpen eta zerbitzuengatik lortzen dituen onurak eta eskubideak.
2.– Elkargoak honako ezohiko baliabide hauek izango ditu:
a) Estatuak, erakunde publikoek edo pertsona pribatuek elkargoari ematen dizkioten diru-laguntzak, dohaintzak eta abarrak.
b) Batzar orokorrean ezar daitezkeen ezohiko kuotak. Arrazoizkoak, proportziozkoak eta ez-baztertzaileak izan behar dute.
c) Elkargoaren ondare higigarria edo higiezina besterentzeagatik lor ditzakeen emaitzak.
d) Herentzia, dohaintza edo irabazizko zein kostubidezkoa den beste titulu mota bat direla-eta, elkargoaren ondarean jasotzen diren ondasun higigarriak edo higiezina eta eskubideak, inbentarioaren onura arte.
e) Elkargoak zehaztu gabeko beste edozein kontzepturengatik jaso ditzakeen zenbatekoak.
75. artikulua.– Elkargoaren aurrekontua.
1.– Elkargoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean aurrekontua osatuko du, eta bertan esleituko dira aldi bakoitzean aurreikusita dauden diru-sarrerak eta gastuak.
Ekitaldi ekonomikoa eta egutegiko urtea bat etorriko dira.
2.– Elkargoko gobernu-batzarrak behin-behinean onartuko du aurrekontua. Ondoren, batzar orokorrak onartu beharko du, urteko laugarren hiruhilekoko ohiko bileran.
3.– Ekitaldi ekonomikoa hasten denean, aurrekontua behin betiko onartuta ez badago, aurreko ekitaldikoa behin-behinean egongo da indarrean.
76. artikulua.– Zorrak eta ordainketak.
1.– Dekanoak, dekanordeak, kontu-hartzaileak, diruzainak eta zuzendari kudeatzaileak zorrak hartu eta ordainketak egin ahal izango dituzte, gobernu-batzarrean eta barne-araubidearen erregelamenduan ezarritako mugak arte.
2.– Ezarritako muga gainditzen duten zorrak eta gastuak aurrekontuan zordunduko badira, elkargoko gobernu-batzarrak onartu beharko du gastuen proposamena.
77. artikulua.– Informazio ekonomikoa.
1.– Elkargoak kudeaketa ekonomikoa liburu egokietan jaso behar du. Horrela, aldiro egiaztatu ahal izango dira aurrekontuaren eragiketak, eta, liburuak kontsultatuta, eman beharreko kontuak ere atera ahal izango dira.
2.– Elkargokideek aldiro eskatu eta lortu ahal dute elkargoaren funtzionamendu ekonomikoari buruzko informazioa, baina eskaerak zehatza izan behar du. Batzar orokorraren ohiko bileraren eta deialdiaren artean dagoen aldian baino ezin dituzte kontsultatu kontabilitatea eta liburuak.
78. artikulua.– Urteko kontuen auditoretza egitea eta urteko kontuak onartzea.
Elkargoaren kontuak urtero onartu behar dira batzar orokorrean, honako prozedura hau egin ostean:
1.– Elkargoko kontu-hartzaileak honako agiri hauek idatziko ditu urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan:
a) Aurreko ekitaldiaren memoria.
b) Igaro den urteko galeren eta irabazien kontua.
c) Egoeraren balantzea, urte bereko abenduaren 31n.
2.– Gobernu-batzarrak dokumentu horien auditoretza egitea eskatuko dio kanpoko auditore bati.
3.– Elkargoaren kontuak behin betiko onartuko dira, elkargoko batzar orokorrak egin behar duen eztabaida gauzatu ondoren. Eztabaida hori urteko bigarren hiruhilekoko ohiko bileran egingo da.
VIII. TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA
LEHENENGO KAPITULUA
ELKARGOKIDEAK
79. artikulua.– Lehia.
1.– Elkargoak bere gain hartzen du elkargokideek beren betebeharrak –profesionalak zein elkargoari buruzkoak– betetzen dituztela egiaztatzeko, lanbidearen ohorea zaintzeko eta lankideen arteko errespetua zaintzeko erantzukizuna.
2.– Erantzukizun hori egikaritzeko, elkargoak diziplina-ahala baliatuko du, eta elkargokideen arau-hausteak legeetan ezarritakoarekin bat zehatuko ditu.
3.– Aurreko zenbakian ezarritakoa gorabehera, elkargoko gobernu-batzarreko kideei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniarien Kontseiluko kideei dagokienez, kontseilu horrek dauka diziplina-ahala, era esklusiboan.
80. artikulua.– Arau-hausteak.
Arau-hausteen sailkapena, definizioa eta preskripzioa, dagozkien zehapenekin batera, honako hauek izango dira, 18/1997 Legean ezarritakoaren arabera (18/1997 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa):
A) Arau-hausteen sailkapena.
1.– Tituludun lanbideetan aritzean egin daitezkeen arau-hausteak oso larriak, larriak edo arinak izan daitezke.
2.– Honako arau-hauste hauek oso larriak dira:
a) 11. artikuluan zehaztu den titulazioa eduki gabe, lanbidean aritzea.
b) Lanbide-betebeharrak ez betetzea, lanbide-jarduerak eskatu edo hitzartu dituzten pertsonei kalte egiten dienean.
c) Lanbide-isilpekotasuna urratzea.
d) Lanbiderako desgaikuntza-, bateraezintasun- edo debeku-egoeran dagoela, elkargokidea lanbidean aritzea.
e) Lanbidean aritu bitartean, dolozko delituak egitea, parte-hartzea edonolakoa izanda ere.
f) Elkargoaren Barne Araubidearen Erregelamenduan, Industria Ingeniarien Elkargoen Kontseilu Orokorrean edo EAEko Ingeniarien Kontseiluan arau-hauste oso larritzat hartzen direnak.
g) Bi urteko epean gutxienez bi arau-hauste larri egitea. Zenbaki honetan ezarritakoa ez zaio aplikatuko hurrengo zenbakiko j) letran adierazitako arau-hausteari.
h) Elkargoko lanbidean aritzea, elkargokide izan gabe.
3.– Honako arau-hauste hauek larriak dira:
a) Elkargokide izateko arauetan ezarritakoa ez betetzea (11. eta 12. artikuluak).
b) Lanbide-betebeharrak ez betetzea, lanbide-jarduerak eskatu edo hitzartu dituzten pertsonei kalte egiten dienean.
c) 18/1997 Legearen 11. artikuluan intrusismoari buruz eta arauen aurkako beste jarduketa batzuei buruz ezarritako jakinarazpen-betebeharra ez betetzea. Intrusismo-egitateak jakinarazi behar dira elkargoak justizia-auzitegiei horren berri eman diezaien, egitateok ikertu, eta, hala dagokionean, zehatu ditzaten.
d) Aseguramendu-betebeharra ez betetzea, legez eskatu ahal denean.
e) 18/1997 Legearen 13. artikuluan ezarrita dagoen derrigorreko lanaren gaineko betebeharra ez betetzea; zerbitzua egiteko ezintasuna azaltzen duen kasua justifikaturik egon ezean, kausa argitzeko eskatzen zaionean.
f) Modu larrian iraintzea lanbide bereko beste profesional batzuen duintasuna, lanbideko gobernu-organoena, lanbidearen bidezko harremanetan egon bitartean beste pertsona edo erakunde batzuena; eta pertsona edo erakunde horiei fisikoki erasotzea.
g) Urtarrilaren 10eko 3/1991 Legean lehia desleialtzat hartzen diren egintzak egitea (3/1991 Legea, Lehia Desleialari buruzkoa).
h) Lanbideko kontseiluen edo elkargoen funtzionamendu arrunta oztopatzen edo nahasten duten egintzak.
i) Elkargoaren Barne Araubidearen Erregelamenduan, Industria Ingeniarien Elkargoen Kontseilu Orokorrean edo EAEko Ingeniarien Kontseiluan arau-hauste larritzat hartzen direnak.
j) Bi urteko epean gutxienez bost arau-hauste arin egitea.
4.– Arau-hauste arina da lanbide-jarduera arautzen duen edozein manu urratzea; betiere, baldin eta urraketa hori arau-hauste larria edo oso larria ez bada. Arau-hauste arinak dira erregelamenduko araudian, edo, hala dagokionean, estatutuon araudietan (kontseiluek eta elkargoek onartuta) edo elkargoaren barne-araubidearen erregelamenduan arau-hauste arintzat hartzen direnak.
B) Zehapenak.
1.– Arau-hauste oso larrien zehapenak izan daitezke honako hauek:
a) Urtebete eta egun bat gehiagoko epearen eta hogei urteko epearen arteko lanbide-desgaikuntza, 18/1997 Legearen 17. artikuluan ezarritako baldintzetan.
b) 3.000 euro eta 30.000 euro arteko isuna.
2.– Arau-hauste larrien zehapenak izan daitezke honako hauek:
a) Gehienez ere urtebeteko epean lanbiderako desgaikuntza agintzea, artikulu honetako C) letran ezarritako baldintzetan.
b) 300 euro eta 3.000 euro arteko isuna.
3.– Arau-hauste arinen zehapenak izan daitezke honako hauek:
a) Ohartarazpena.
b) Gehienez ere 300 euroko isuna.
4.– Arau-haustea dela-eta, arau-hausleak onura ekonomikoa atera baldin badu, onura ekonomiko horren ebaluazioak aurreko zenbakietan ezarri diren gehienezko mugak zenbateraino gainditzen dituen, haraino igoko da isunaren zenbatekoa. Isuna gutxienez ebaluazioaren zenbatekoaren baliokidea izango da, eta, gehienez ere, ebaluazioaren zenbateko bikoitza.
5.– Kasu bakoitzeko inguruabarren arabera ezarriko dira zehapenen mailak.
6.– Aurreko zehapenak gorabehera, dagozkien gainerako erantzukizun guztien erantzuleak izango dira zehapena jaso dutenak.
7.– Diziplina-ahala egikaritzean elkargoek jasotzen dituzten zehapenen produktu guztiak etengabeko lanbide-prestakuntzako programak sustatzeko erabiliko dira. Horretarako, prozedura egokia baliatuta, kasu bakoitzean erabili behar den araudiaren araberako neurriak hartuko dira.
Autonomia Erkidegoko Administrazioak diziplina-ahala egikaritzean jasotzen dituen zehapenen produktuak EAEko Diruzaintza Nagusian sartuko ditu.
C) Lanbiderako desgaikuntza.
1.– Norbaitek bere tituluaren arabera egin ahal duen lanbidean arau-haustea egiten badu, eta, besteak beste, lanbiderako desgaikuntza-zehapena ezartzen bazaio, ezin izango du jardunik egin lanbide horretan, desgaikuntza-zehapenaren epea indarrean egon bitartean.
2.– Lanbide horretan tituluduna den bati lanbiderako desgaikuntza-zehapena ezarri ahal izango zaio, 18/1997 Legearen 30. artikuluko 1. zenbakian ezarritakoa betetzen ez badu. Halakorik gertatzen denean, zehapen-epea zenbatzen hasiko da elkargokide izatea eskatzen duenetik. Eskaera etengo da zehapena bete arte.
3.– Ebazpena eman duen organoak, bidezkoak diren ondorioetarako, administrazio eskudunei eta EAEko profesionalen kontseiluari (halakorik egonez gero), edo, hala dagokionean, Estatuko elkargoari jakinaraziko die zehapena ezarri dela.
4.– Desgaikuntza eraginkorra izango da elkargoaren erabakia edo administrazio-zehapena irmoa izan bezain laster. Beste kausa edo arau-hauste batzuk direla-eta, zehatuak jada desgaikuntza-zehapena ezarrita baldin badauka, ezarri berri zaion desgaikuntza zenbatzen hasiko da aurrekoa amaitzen denetik, elkarren segidan.
81. artikulua.– Zehapen-prozedura.
1.– Zehapen guztiak ezarri aurretik, zehapen-prozedura bideratu behar da, eta interesdunari entzun behar zaio.
2.– Elkargoko gobernu-batzarrak erabakiko du espedientea hastea.
3.– Elkargoko gobernu-batzarrak prozedura hastea erabakitzen badu, batzarkide bat instruktore izendatu beharko du. Idazkari ariko da elkargoko idazkaria, edo gobernu-batzordeak izendatzen duena.
Interesdunek zortzi eguneko epea izango dute instruktorearen aurka errekusatzeko, indarreko legeetan ezarritako zioengatik.
4.– Instruktore horrek egitateak argitzeko frogak eta jarduketak gauzatuko ditu, eta, ondoren, bidezkoa baldin bada, kargu-orria egingo du, eta bertan jasoko ditu egotzitako egitateak. Egitate horiei zehapen jarri ahal izango zaie.
5.– Kargu-orria interesdunei jakinaraziko zaie, eta 15 eguneko epea izango dute erantzun ahal izateko. Erruztatuak epe horretan aurkeztu ahal izango ditu egoki deritzen froga guztiak, bere defentsa egiteko.
6.– Kargu-orriari erantzuna eman ondoren, edo erantzuna emateko epea amaituta, instruktoreak ebazpen-proposamena egingo du hurrengo 15 egunetan.
7.– Ebazpen-proposamena elkargoko gobernu-batzarrari bidaliko zaio, eta, instruktorea bertan ez dagoela, bidezko ebazpena hartuko du.
8.– Prozedura-arloan araututa ez dagoen guztia ebazteko, 18/1997 Legean eta 2/1998 Legean ezarritakoari jarraituko zaio (18/1997 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa; 2/1998 Legea, Euskal Autonomia. Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa).
82. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Elkargoko gobernu-batzarrak diziplina-arloan jarduten duenean, kide guztien laguntza jasoko du, errekusatuak izan edo batzarrak ontzat hartu duen eragozpenik izan ezean. Elkargokide batek derrigorrean bete behar duen betebehar hori betetzen ez badu, elkargokide izateari utziko dio.
2.– Akordioak, kasu guztietan, batzarreko egitezko kideen gehiengo osoz hartuko dira.
3.– Bozketa isilpekoa izango da.
BIGARREN KAPITULUA
SOZIETATE PROFESIONAL ERREGISTRATUAK
83. artikulua.– Elkarte profesionalei zuzendutako diziplina-araubidea.
1.– Elkargoak diziplina-eginkizunak betetzen ditu, sozietate profesionalek egin litzaketen arau-hausteak (elkargoko betebeharrak edo lanbide-deontologia urratzea) zuzentzeko eta prebenitzeko.
2.– Estatutuon 80. eta 81. artikuluetan bilduta dago zehapen-prozedura.
3.– Faltak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
3.1.–Honako falta hauek arinak dira:
a) Estatutuotako manuak edo elkargoko zein kontseilu orokorreko organo zuzentzaileetan bilduta dauden manuak arrazoirik gabe axolagabekeriaz betetzea.
b) Lan profesionaletan garrantzi txikiko akatsak egitea.
c) Lankideei garrantzi txikiko eragozpenak eta begirunerik eza egitea.
d) Elkargoko diziplinaren aurkako egintza arinak, bereziki, gobernu-batzarrak edo kontseilu orokorreko osoko bilkurak agindu dizkion lanetan. Lanbidearen izena edo ohorea kaltetzen dituzten egintzak, eta, oro har, lanbideko edo elkargoko betebeharrak urratzeko gainerako kasuak, ustekabeko edo inguruabarren araberako axolagabetasunez gertatu baldin badira.
3.2.– Honako falta hauek larriak dira:
a) Estatutuotako manuak edo elkargoko zein kontseilu orokorreko organo zuzentzaileetan bilduta dauden manuak doloz urratzea.
b) Betebehar ekonomikoak ez betetzea.
c) Lankideengana modu iraingarrian eta begirunerik gabe jotzea.
d) Balizko intrusismoari buruzko kasuak elkargoari ez jakinaraztea, elkargoak justizia-auzitegiei horren berri eman diezaien, iker ditzaten, eta, hala dagokionean, zehapena ezarri diezaieten.
e) Lanbidearen ohoreari kalte egiten dioten lanetan aritzea, lan horien ezaugarriak direla-eta.
f) Elkargoko diziplina-arauen aurkako egintza larriak, bereziki, gobernu-batzarrak edo kontseilu orokorreko osoko bilkurak agindu dizkion lanetan; eta, orokorrean, lanbideko edo elkargoko betebeharrak urratzeko gainerako kasuak, salbuets daitekeen axolagabetasun zirkunstantzialez gertatu ez baldin badira.
g) Aseguramendu-betebeharra ez betetzea, legez eskatu ahal denean.
h) Sozio profesionalek ez betetzea sozietate profesionala sozietate profesionalen erregistroan sartzeko eskaera egiteko betebeharra.
3.3.– Honako falta hauek oso larriak dira:
a) Bi zehapen jasotzea, urtebeteko epean bi falta larri egiteagatik; epea zenbatzen hasiko da lehen falta egin zenetik.
b) Delitua osatzen duten egitateak, lanbidearen ohoreari edo etikari kalte egin badiete.
4.– Falta arinak sei hilabetera indargabetuko dira; larriak bi urtera; eta oso larriak hiru urtera.
Falten preskripzio-epea zenbatzen hasiko da faltak bultzatu zituzten egitateak egin zirenetik.
5.– Sozietate profesional batek faltak egiten baditu, honako zehapen hauek ezarri ahal izango dizkio elkargoak:
a) Falta arinak direnean: ohartarazpen pribatua edo ofiziozko ohartarazpena, sozietatearen espedientean jasota.
b) Falta larriak direnean: ohartarazpen publikoa, eta sozietatearen espedientean horren berri jasotzea; edo aldi baterako baja ematea sozietate profesionalen erregistroan eta lanbidean aritzeko debekua ezartzea, urtebete eta egun bat gehiago baino epe txikiagoa ezarrita.
c) Falta oso larriak direnean: sozietate profesionalen erregistroan aldi baterako baja ematea eta lanean aritzeko debekua ezartzea, urtebetea eta egun bat gehiago baino epe handiagoan baina hiru urteko epea baino epe txikiagoan. Edo sozietate profesionalen erregistroan behin betiko baja ematea eta lanbidean aritzeko behin betiko debekua ezartzea.
IX. TITULUA
OHOREZKO TITULUAK
84. artikulua.– Ohorezko sariak.
Gobernu Batzarrak ohorezko elkargokide izendatu ahal izango ditu elkargokide batzuk, baldin eta sari hori merezi badute, lanbidean ohorezko lana egin badute, edo lanbidearen ohorea areagotu badute.
Halaber, ohorezko elkargokidearen saria eman ahal izango zaie elkargokide ez diren pertsonei, baldin eta gobernu-batzarrak uste badu sari hori merezi dutela.
X. TITULUA
ONIRITZIA. KONTROLA EGITEKO BESTE JARDUKETA BATZUK
85. artikulua.– Oniritziaren edukiak.
Industria-ingeniarien elkargoetako kideek edo kide tituludunek, profesional eskudunek edota haien bezeroek elkargoei eskatu ahal izango diete lanen oniritzia ematea, betiere elkargoen eskumenen barnean, eta otsailaren 13ko 2/1974 Legean, abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuan ezarritako kasuetan eta legeetan ezarritako gainerako kasuetan (2/1974 Legea, Elkargo Profesionalei buruzkoa).
1.– Elkargoaren oniritzia arautzen dute 18/1997 Legeak, abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuak, bi manu horiek garatzen dituen araudiak eta estatutuok. (18/1997 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa; 1000/2010 Errege Dekretua, Elkargoaren nahitaezko oniritziari buruzkoa).
2.– Oniritziaren helburua da, gutxienez, lana egin duena nor den eta zer gaikuntza duen ziurtatzea, eta lan profesional horren dokumentazioa zuzena eta formaz egokia dela bermatzea, dena delako lan horri aplikatzen zaion araudiaren arabera.
3.– Bestalde, oniritzian ez dira jasota egongo, ez zerbitzu-sariak, ezta kontratuaren gainerako baldintzak ere, aldeek askatasunez elkarrekin hitzartu beharko dituztelako. Halaber, oniritzian ez da jasoko lanbide profesionalaren elementu fakultatiboen kontrol teknikoa.
4.– Oniritziak oso argia izan behar du bere xedeari, kontrolatu diren kontuei eta elkargoak hartzen duen erantzukizunari dagokienez.
5.– Elkargoak ziurtagiri egokia eman, eta lege-erregistroa egingo du.
86. artikulua.– Oniritzia jasotzeko betebeharra.
1.– Elkargoaren oniritzia edukitzea nahitaezkoa da indarreko legeek zehazten duten lanetarako. Lan profesional batek elkargo baten oniritzia jaso behar badu. Hala dagokionean, administrazio publiko eskudunaren aurrean aurkeztu aurretik jaso beharko da lanaren nahitaezko oniritzia.
2.– Nahitaezko oniritzia emateaz gain, elkargoak oniritzia eman ahal izango die bere eskumenen barne dauden lan profesional guztiei, baldin eta bezeroek –administrazio publikoek barne hartuta (bezero jarduten dutenean)– berariaz eskatzen badiote, edo indarrean dagoen araudiak hala agintzen duenean.
87. artikulua.– Oniritziaren prozedura eta ebazpena.
1.– Gobernu-batzarrari dagokio elkargoaren oniritziak ematea edo ukatzea.
2.– Batzarrak funtzio hori egitea eskuordetu ahal izango du. Ondorio guztietarako joko da organo eskuordetzaileak hartu dituela erabakiak.
3.– Oniritzia ematea egintza aratua da.
4.– Eusko Jaurlaritzak elkargoari industria-ingeniarien lanbidea antolatzeko agintzen dizkion eginkizunekin eta jarduerekin batera, organo jarduleak honako hauek ere ziurtatuko ditu:
a) Sinatzailea nor den eta elkargokide den.
b) Dokumentuak sinatzeko legezko gaikuntza.
c) Dokumentazioaren zuzenketa formala.
d) Dokumentazioan lege-hausterik dagoen.
5.– Oniritzia ez emateko erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal da elkargoko gobernu-batzarraren aurrean.
88. artikulua.– Oniritziaren eskubideak.
Elkargoak likidatuko du dagokion zenbatekoa, indarreko xedapenen arabera. Kostua zentzuduna izango da, eta ez da gehiegizkoa edo baztertzailea izango. Elkargoek oniritziaren kostua argitaratu behar dute, eta telematikoki izapidetu ahal izango da.
89. artikulua.– Dokumentuak eta beste izapide batzuk erregistratzea.
1.– Elkargokideek eta, elkargokideak izan ez arren, industria-ingeniaritzaren arloan eskumenak dituzten beste profesional batzuek eskatuz gero, elkargoak arlo horretako lan profesionalak erregistratu eta zainduko ditu, elkargokide edo profesional horiek ematen badizkiote. Lanen edukia zehaztuko du, eta, lana gordetzeko eskaera egin duenak eskatzen badu, elkargoak ziurtagiri bat emango dio dokumentua han utzi duela adierazteko.
Zerbitzu horren baldintza bereziak jasota daude barne-araubidearen erregelamenduan.
2.– Lanbidearen antolamendua egiteko xedea betetze aldera, elkargoak ezarri ahal izango ditu lanbidean garrantzia duten egitateak eta egintzak izapidetzeko, egiaztatzeko edo ziurtatzeko beste zerbitzu batzuk. Zerbitzu horien irismena dagokien erregelamenduan edo prozeduran adieraziko da, eta borondatezkoak izango dira.
90. artikulua.– Administrazio publikoei zuzendutako dokumentu-kontrola.
Elkargoak, administrazioen ahalen eremuan eta administrazio-eginkizunak hobeto betetze aldera, administrazio publikoekin ezarri ahal ditu hitzarmenak, honako hauek egiaztatzeko: lan profesionalei lotutako dokumentuak, alderdi teknikoak edo araudi egoki aplikagarriak.
Era berean, elkargoak edozein enpresa edo erakunderekin kontratatu ahal ditu azterketa, egiaztapen edo ziurtapen osagarriak, lanen alderdi teknikoei buruzkoak. Edonola ere, elkargokideek proiektuak egiteko duten askatasuna eta legeetan ezarritakoa beteko dira.
91. artikulua.– Sozietate profesionalei zuzendutako oniritzia.
Elkargoak sozietate profesional baten aldeko oniritzia ere eman ahal du, sozietatea behar bezala inskribatuta badago sozietate profesionalen erregistroan.
92. artikulua.– Sozietate profesionalen erregistroaren erregelamendua.
Elkargoko gobernu-batzarrak onartu behar du Sozietate Profesionalen Erregistroaren Erregelamendua eta aldaketak.
XI. TITULUA
ELKARGOKO LANGILEAK
93. artikulua.– Langileak eta aholkulariak.
1.– Elkargoaren zerbitzuek behar bezala funtzionatzen dutela ziurtatzeko, gobernu-batzarrak erabaki ahal du teknikariak, administrariak edo mendekoak kontratatzea, beharren arabera.
2.– Langile horien baldintzak batzarrak ezarriko ditu, lan-arau aplikagarriei jarraituz.
3.– Langileen balizko bateraezintasunak lanbidean aritzeko, barne-araubidearen erregelamenduan zehaztuko dira.
4.– Elkargoak profesionalekin hitzartu ahal izango du aholkularitza juridikoa, fiskala, ekonomikoa edo beste aholkularitza mota bat, egokitzat hartzen badu.
94. artikulua.– Zuzendari kudeatzailea.
1.– Elkargoak zuzendari kudeatzailea izendatu ahal izango du, eta bera arduratuko da elkargoaren gaiak kudeatzeaz eta administratzeaz, bai eta organo zuzentzaileen erabakiak betearazteaz ere.
2.– Zuzendari kudeatzailea elkargoko langile guztien zuzendari zuzena izango da. Langileen lana agindu eta kontrolatuko du, zerbitzuen eraginkortasun handiena lortzeko.
3.– Zuzendari kudeatzailearen gainerako eskumenak eta betebeharrak kontratu bidez ezarriko dira kasu bakoitzean, pertsona izendatuarekin.
4.– Zuzendari kudeatzailea lehiaketa bidez izendatuko da, eta gobernu-batzarrak egingo du deialdia, bai eta oinarriak zehaztu ere.
Horrez gain, gobernu-batzarrak berretsi beharko du izendapena.
5.– Elkargokideek, halakorik eskatuz gero, lehentasunezko eskubidea izango dute zuzendari kudeatzailea izendatzeko lehiaketan. Behin izendatuta, eginkizun horretan jardun bitartean, ezin izango du aurkeztu ikus-onesteko lanik. Lanbide horretan ager daitezkeen bateraezintasunak barne-araubidearen erregelamenduan zehaztuko dira.
XII. TITULUA
ARAU DEONTOLOGIKOAK
95. artikulua.– Arauketa.
Lanbideko jardunak indarreko kode deontologikoarekin bat etorri behar du. Kodea batzar orokorrean onartu behar da.
Kode deontologikoan ezarritako baldintzen aplikazioaz arduratuko da gobernu-batzarrean zehaztu eta onartutako batzorde bat.
XIII. TITULUA
ELKARGOA DESEGITEA
96. artikulua.– Elkargoa desegitea.
1.– Xede zehatz hori betetzeko, batzar orokorra ezohiko bileran biltzen bada, eta bozketa zuzena egiten denean, elkargokideen hiru laurdenak ados badaude, elkargoa desegingo da.
2.– Batzar orokorraren akordioa Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko zaio, 18/1997 Legearen 31. artikulua betetzeko (18/1997 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa). Elkargoa artikulu horretan ezarritako baldintzen eta ezaugarrien arabera desegingo da.
3.– Profesionalen beste elkargo batekin bat egiteko desegiten bada, edo beste elkargo batean edo batzuetan sartzeko desegiten bada, elkargo horiek lehenengo elkargoaren harreman eta egoera guztietan subrogatuko dira.
4.– Elkargoa desegiten bada, betebehar guztiak bete ondoren, soberakina entregatu beharko da indarreko legeetan ezarritakoaren arabera; edo, hala dagokionean, elkargoak zituen interes orokorreko antzeko helburuak dituzten erakundeei emango zaie. Erakunde horiek batzar orokorrean erabaki behar dira.
AZKEN XEDAPENAK.
1.– Estatutuotan ezarrita ez dagoen guztia arautuko dute otsailaren 13ko 2/1974 Legeak; abenduaren 22ko 25/2009 Legeak; 18/1997 Legeak; eta, hala badagokio, profesionalen elkargoei eta zerbitzuei buruzko etorkizuneko legeak. (2/1974 Legea, Elkargo Profesionalei buruzkoa; 25/2009 Legea, Zerbitzu-jardueretan aske sartzeari eta aritzeari buruzko legera egokitzeko asmoz hainbat lege aldatzeari buruzkoa; 18/1997 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa).
2.– Estatutuok indarrean jarriko dira behin betiko onartzen direnetik bertatik.
3.– Elkargoak ahala dauka estatutuok garatzeko behar diren xedapen orokor guztiak emateko.
4.– Barne Araubidearen Erregelamendua.
Gobernu Batzordeak Barne Araubidearen Erregelamendua egingo du. Bertan garatuko dira estatutuotan ezarritakoa osatzeko xedapenak. Elkargoko batzar orokorrak onartu behar du erregelamendua.
5.– AIIB-Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkartearekiko harremanak. Elkargoa sortu zenetik, oso harreman estua izan du Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkartearekin. 1909ko urtarrilaren 21ean Bilboko Ingeniarien Elkartea sortu zen, eta Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkartea haren ondorengoa da. Organo zuzentzaileen, bazkideen eta elkargokideen kontu konbinatuak egin zituen, identitatea adierazita.
6.– Elkargoa Euskal Herriko Ingeniari Industrialen Kontseiluko kidea da. Elkargoaren barne-araubidearen erregelamenduak arautuko ditu kontseilu horrekin dituen harremanak.