EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016196

EBAZPENA, 2016ko irailaren 30ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearena eta Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordearena, Berezko Ikasketen Arautegi Bateratua argitaratzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-09-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201604348
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2011/02/08an argitaratutako 2011/01/14ko EBAZPENA indargabetzen du [201100647]

Estatu osoan balioa duten ikasketa ofizialez gain, unibertsitateek, beren autonomiaren babesean, aukera daukate berezko titulu eta diplomak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko, bai eta etengabeko prestakuntzako programak ere. Hori guztia Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak zehaztutakoaren babesean.
Berezko tituluak, ikastaro osagarriak eta etengabeko prestakuntzako ikasketak arautzen dira, gaur egun, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2010eko abenduaren 22ko bileran onartu zuen Berezko Ikasketen Arautegi Bateratuaren bidez (ondoren aldatua, 2011/02/8ko EHAA), UPV/EHUren Estatutu zaharretako 130. eta 150. artikuluetan xedatutakoaz bat (abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuaren bidez onartuak).
Kontuan hartuta gertatu diren lege aldaketak, eta ikusita urteotako esperientzia eta sortu diren premia berriak, beharrezkoa da arautegia aldatzea. Aldaketa batzuk sakonak dira, baina batez ere formako aldaketak egin dira; hau da, arautegia modu argi eta ulergarriagoan egituratu da, eta titulu desberdinetan jaso dira berezko tituluei (gradukoak, graduko titulu ofizialei lotutakoak, berezko masterra eta unibertsitateko espezialista) buruzko xedapenak eta etengabeko prestakuntzako ikasketei eta ikastaro osagarriei buruzkoak.
UPV/EHUko Estatutuek, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuak (2011-02-24ko EHAA, 2011038 zk.), 86. artikuluan diote Gobernu Kontseiluak arautuko dituela unibertsitateko berezko ikasketak, ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.
Era berean, estatutu horietako 88.b) eta 90.b) artikuluek diote Graduko Batzordearen eta Graduondoko Batzordearen eskumena dela proposatzea Gobernu Kontseiluari onar ditzala beren arloetako ikasketen akademia antolakuntza eta gestiorako arautegiak. Hori dela-eta, Graduko Batzordeak eta Graduondoko Batzordeak erabaki zuten, 2016ko irailaren 15eko bileran eta 2016ko irailaren 23ko bileran, hurrenez hurren, Gobernu Kontseiluari aurkeztea Berezko Ikasketen Arautegi Bateratua, onar zezan.
Adierazitako guztia kontuan hartuta,UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak Berezko Ikasketen Arautegi Bateratua onartu zuen 2016ko irailaren 29ko bileran, eranskinean jasota dagoen moduan.
Azkenik, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 10.2 artikuluan dio antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitateak emandako arauak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko direla eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berezko Ikasketen Arautegi Bateratua, zeina ebazpen honen eranskinean jasota baitago.
Leioa, 2016ko irailaren 30a.
Errektorea.
EE (2013ko urtarrilaren 30eko Ebazpena, errektorearena; 2013ko otsailaren 13ko EHAA).
Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,
MIREN NEKANE BALLUERKA LASA.
Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea,
AMAYA ZÁRRAGA CASTRO.
BEREZKO IKASKETEN ARAUTEGI BATERATUA
HITZAURREA
Estatu osoan balioa duten ikasketa ofizialez gain, unibertsitateek, beren autonomiaren babesean, aukera daukate berezko titulu eta diplomak lortzera bideratutako ikasketak ezartzeko, bai eta etengabeko prestakuntzako programak eta ikastaro osagarriak ere. Hori guztia Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak zehaztutakoaren babesean.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2011ko otsailaren 15eko Dekretuaren bidez onartu ziren UPV/EHUren Estatutuetako 82. artikuluaren arabera, UPV/EHUk berezko tituluak lortzeko eskubidea dakarten unibertsitateko ikasketak eman ahal izango ditu.
Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, 2006ko abenduaren 20an egindako bileran, UPV/EHUko Berezko Ikasketen Arautegi bateratua onartu zuen. Arautegi hori aldatua izan zen ondoren, Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 22ko bileran.
Berezko ikasketa ikasketak curricular ofizialen osagarriak dira eta, unibertsitateen irakats eskaintzan agertzen direnez ikasketa ofizialekin batera, berezi egiten dute unibertsitate bakoitzaren eskaintza. Gainera, berezko ikasketek erantzun azkarra eta eraginkorra ematen diete gizarte eskakizunei esparru kultural, zientifiko, artistiko edo profesionalean.
Beraz, aipatutako ikasketak arautu eta garatuko dituen araudi bat behar da eta, azken urteotako esperientzia baliatuta, kalitateko eskaintza bikaina lortu.
Unibertsitate esparru akademikoan gertatu diren lege aldaketak direla-eta, beharrezkoa da aipatu den arautegi bateratua berrikusi eta egokitzea.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Helburua.
Arautegi honen helburua da UPV/EHUko berezko tituluak lortzera bideratutako ikasketak, etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak emateko oinarrizko baldintzak arautzea.
2. artikulua.– Ezarpen eremua.
Arautegi hau ezarriko zaie bere babesean antolatzen diren berezko tituluak lortzera bideratutako ikasketei, etengabeko prestakuntzako ikasketen programei eta ikastaro osagarriei.
3. artikulua.– ECTS kreditu sistema.
Ikasketa planak ECTS kreditu sistemaren arabera osatuko dira. ECTS europar kreditua 25 lan orduren parekoa da, gai bati dagozkion ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak bereganatzeko ikasleak egin beharreko lanari dagozkionak. Lan ordu horietan honakoak sartzen dira: eskola orduak, bai teorikoak bai praktikoak; irakasgaia egunean izateko ikasten eman beharreko orduak; mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak egiteko erabilitako orduak; eta azterketak eta ebaluazio probak prestatu eta egiteko beharrezko direnak.
4. artikulua.– Berezko ikasketen helburuak.
Berezko ikasketen, etengabeko prestakuntzako ikasketen eta ikastaro osagarrien helburuak hauek dira:
1.– Ikasketa plan ofizialetan ez dauden ikasketak eskaintzea.
2.– Goi mailako eta graduko titulatuen prestakuntza akademikoa osatzea, garapen profesional, zientifiko, tekniko eta artistikoa hobetzeko aukera eskainiz.
3.– Eremu profesionalean ezartzeko aukera daukaten ikerketa arlo berrietan arreta jartzea, elkarlanean arituta erakunde eta enpresekin.
5. artikulua.– Ikasketa motak.
1.– UPV/EHUk berezko tituluak sortu ahal izango ditu, titulu homologatuei dagozkien ikasketak eta unibertsitatearenak berarenak direnak uztartuta, betiere aplikazio profesionala edota ondo zehaztutako interes zientifikoa izango badute. Ez da baimenik emango berezko tituluak lortzera bideratutako graduko edo graduondoko ikasketarik emateko, baldin eta edukiak graduko edo graduondoko irakasgaietako edukien oso antzekoak badira. Batzordeak erabakiko du zein baldintza bete behar den eta zein izango den prozedura ikasketan artean kredituak onartzeko.
2.– Osasun arloko ikasketen kasuan, Espezializazioei buruzko Dekretuan zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta, beraz, debekatuta dago dekretuan aipatutako tituluekin bat datorren titulurik ematea edo nahastea sor dezakeenik.
3.– Helburuak, hartzaileak eta lortuko diren titulu edo ziurtagiriak kontuan hartuta, UPV/EHUko berezko ikasketak ondokoari jarraituz antolatu eta egituratuko dira:
– Graduko ikasketak: graduko berezko ikasketak eta graduko titulu ofizialei lotutako berezko tituluak
– Graduondoko ikasketak: berezko masterra eta unibertsitateko espezialista
– Etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak.
II. TITULUA
GRADUKO BEREZKO IKASKETAK, GRADUKO TITULU OFIZIALEI LOTUTAKO BEREZKO TITULUAK, BEREZKO MASTERRA ETA UNIBERTSITATEKO ESPEZIALISTA
I. KAPITULUA
GRADUKO BEREZKO TITULUAK
6. artikulua.– Definizioa eta iraupena.
Graduko berezko tituluak graduko ikasketak dira, baina ez daude estatu osoan balioa duten titulu ofizialen erregistroan.
180-240 ECTS kreditu izango dituzte eta unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituztenei zuzenduta egongo dira. Tituluaren izena ondokoa izango da: «Unibertsitateko graduko berezko titulua:.».
II. KAPITULUA
GRADUKO TITULU OFIZIALEI LOTUTAKO BEREZKO TITULUAK
7. artikulua.– Definizioa eta iraupena.
Graduko titulazio ofizialei lotutako berezko tituluak titulazio ofizialetan ikasketen ari direnei bideratutako ikasketak dira. Guztira 20-60 ECTS kreditu izango dituzte, eta iraupena kasuan kasuko graduko tituluaren araberakoa izango da. Halaber, titulua lortzeko gradu ofiziala eduki behar da. Tituluaren izena hau izango da: «.–n aditua,.–ko gradu titulazioari atxikia».
III KAPITULUA
BEREZKO MASTERRA
8. artikulua.– Definizioa eta iraupena.
Graudondoko ikasketak dira, unibertsitateko tituluren bat daukaten pertsonei zuzenduak.
Berezko masterra lortzera bideratutako ikasketek, oro har, 60-120 ECTS kreditu izango dituzte. Iraupena, gutxien dela, ikasturte batekoa izango da, baina irizpide nagusia izango da ikasketak bi ikasturtetan emateko diseinatzea.
Aparteko kasuetan, kreditu gehiagoko tituluak emateko baimena eman ahal izango da, baina, edozelan ere, ezin izango dituzte eman 60 kreditu baino gehiago ikasturte batean.
Berezko ikasketetako edo master ofizialetako ikasketa planetako modulu edo gaiak etengabeko prestakuntza moduan eskaini ahal izango dira, betiere 20 kreditu baino gutxiago badituzte. Ikasketa hauek antolatu eta emateko irizpideak aurrerago zehaztuko dira.
Nahiz eta aukera hori erabilita ikasleak berezko ikasketen edo master ofizialen titulu bateko modulu guztiak gaindituta izan, ez du eskubiderik izango dena delako titulua eskuratzeko.
Hala ere, ikasketa hauen bidez gainditutako moduluak onartu edo baliozkotu ahal izango zaizkio berezko titulua edo titulu ofiziala lortze aldera, baina gehienez ere ikasketa planeko kredituen % 30.
9. artikulua.– Berezko masterra titulaziora sartzeko eta titulazioan onartua izateko betekizunak.
Honako hauek sartu ahal izango dira berezko masterra titulaziora:
– graduko unibertsitate titulua dutenak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, zehaztutakoari jarraituz.
– UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.
Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluetako ikasleak onartzeko, egiaztatu egin beharko da egindako ikasketen prestakuntza maila graduko titulu ofizialaren pareko dela eta ikasleak unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituela.
Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar, nahikoa da errektoreak baimena ematea aipatu titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (arautegi osagarrian zehaztutakoaren arabera).
IV. KAPITULUA
UNIBERTSITATEKO ESPEZIALISTA
10. artikulua.– Definizioa eta iraupena.
Berezko masterra bezala, unibertsitateko tituluren bat daukaten pertsonei zuzendutako graduondoko ikasketak dira.
30-59 ECTS kreditu izango dituzte, eta seihileko bateko edo biko iraupena izango dute.
11. artikulua.– Unibertsitateko espezialista titulaziora sartzeko eta titulazioan onartua izateko betekizunak.
Honako hauek sartu ahal izango dira unibertsitateko espezialista titulaziora:
– graduko unibertsitate titulua dutenak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketa ofizialak antolatzen dituenak, zehaztutakoari jarraituz.
– UPV/EHUn graduko berezko titulua egin dutenak, betiere berezko graduak graduko ikasketa ofizialen kreditu kopuru bera badauka.
Beste unibertsitate batzuetako graduko berezko tituluetako ikasleak onartzeko, egiaztatu egin beharko da egindako ikasketen prestakuntza maila graduko titulu ofizialaren pareko dela eta ikasleak unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituela.
Atzerriko titulua izanik ikasketa hauetara sartu nahi dutenek ez dute titulu hori homologatu behar, nahikoa da errektoreak baimena ematea aipatu titulua eta dokumentu akademiko osagarriak egiaztatu ondoren (arautegi osagarrian zehaztutakoaren arabera).
Aparteko kasuetan, unibertsitateko espezialista titulazioetan unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalak onartu ahal izango dira, baldin eta kasuan kasuko ikasketen arloan esperientzia handia badute. Horrelakoetan Graduondoko Batzordeak onartu beharko du eskaria, titulazioko zuzendaritza akademikoak egindako proposamenari jarraituz. Irizpide honen arabera gehienez ere 2 ikasle onartu ahal izango dira, edo matrikulatutako ikasleen % 5. Halaber, ehuneko hori gorabehera, kontuan hartuta titulu bakoitzaren ezaugarri bereziak eta arduradunaren eskaria, Graduondoko Batzordeak beren-beregiko baimena eman dezake kasuan kasuko ikasketen arloan esperientzia handia daukaten profesionalak onartzeko.
Unibertsitateko titulurik ez daukaten profesionalek (aurreko puntuan aipatutakoek) unibertsitatean ikasteko lege betekizunak bete behar dituzte.
V. KAPITULUA
BEREZKO IKASKETAK EMATEKO PROPOSAMENAK: GRADUKO BEREZKO IKASKETAK, GRADUKO TITULU OFIZIALEI LOTUTAKO BEREZKO TITULUAK, BEREZKO MASTERRA ETA UNIBERTSITATEKO ESPEZIALISTA
12. artikulua.– Proposamenak egin ditzaketen organoak.
Errektoreak, ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez diezaiokete proposamena Gobernu Kontseiluari, horretarako zehaztutako epean, berezko tituluak lortzera bideratutako ikasketak onar ditzan.
13. artikulua.– Berezko ikasketen antolaketa.
1.– Berezko ikasketen antolaketa eta zuzendaritza akademikoa UPV/EHUko ikastegi bati dagokio, ala sail bati edo batzuei. Proposamen batek jakintza arlo batzuk edo sail batzuetako irakasleak biltzen baditu, horietako edozeinek har dezake bere gain zuzendaritza akademikoa. Ikasketok egiteko proposamena errektoreak edo beste egituraren batek eginez gero, ezinbestekoa izango da kasuan kasuko saileko kontseiluaren adostasuna.
2.– Berezko tituluak lortzera bideratutako ikasketen proposamenean jasota badago ikasketak beste unibertsitate eta/edo goi mailako hezkuntzako erakundeekin batera antolatzeko aukera, arautegi honetan zehaztutakoa ezarri beharko da UPV/EHUren eta beste erakundearen arteko hitzarmenik egon ezean. Hitzarmenik badago, berriz, hitzarmenean zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta bertan jasota egon beharko dira UPV/EHUko batzorde eskudunak adierazitako gutxienekoak. Berezko ikasketa beste unibertsitate edota goi mailako hezkuntzako erakundeekin batera emateko proposamena eta hitzarmena batera onetsiko dira, eta izapideak egingo dira hitzarmenean esku hartzen duten aldeek hitzarmena izenpetu dezaten.
3.– UPV/EHUrenak berarenak ez diren ikastegi eta institutuek proposatutako berezko tituluen kasuan, ikastegia edo institutua sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmenean adierazitakoa aplikatuko da, bai eta eskolak emateko eta kudeatzeko baldintzak zehazteko UPV/EHUk eta kasuan kasuko erakundeak izenpetuko duten hitzarmenean adierazitakoa ere. Hitzarmen hori eta berezko titulua emateko proposamena batera onetsiko dira, eta hitzarmenak eragiten dien unibertsitate egiturek eta, edonola ere, UPV/EHUko Gerentziak, alde ala kontra dauden adierazi beharko dute.
Hitzarmen horrek informazio hau jasoko du, gutxienez: eskolak emateko baldintzak; ikasketen antolatzailea izango den organo arduraduna; kudeaketa ekonomikoren arduraduna; zuzendaritza akademikoaren arduraduna; finantza gaiak eta, zehazki, UPV/EHUren eskubide ekonomikoak.
Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.
14. artikulua.– Proposamenaren edukia.
1.– Izena; ezin izango da izan Gobernu Kontseiluak onartutako beste ikasketa batzuen berbera, eta ezin izango du nahasterik sortu beste titulu ofizial batzuekin.
2.– Zuzendari akademikoa; UPV/EHUko irakasle-ikertzaile iraunkorra izan behar da, eta titulua antolatu eta kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Berezko master baten zuzendari izateko, doktore titulua izan behar da.
3.– Unibertsitate arteko berezko tituluetan unibertsitate bakoitzak bere zuzendari akademikoa izan ahalko du.
4.– Irakaskuntza Gida, ondokoak zehaztuta: nahitaezko eta hautazko ikastaro eta mintegi praktiko eta teorikoen kopurua, edukia, iraupena eta programa; ikasturte bakoitzeko eskola orduak; hasiera eta amaiera eguna; tokia; praktikak; aurreikusitako ebaluazio sistema; eta, hala badagokio, ikerketa lan edo aplikazio teknikoko lan berezituengatik onar daitezkeen kredituak.
5.– Gutxieneko eta gehieneko ikasle kopurua: Gutxieneko ikasle kopuruak ondorengo irizpideak bete beharko ditu:
– 20 ikasle, graduko unibertsitateko berezko tituluetan;
– 10 ikasle, graduko titulu ofizialei lotutako berezko tituluetan;
– 10 ikasle, graduondoko berezko tituluetan (master eta espezialista).
6.– Unibertsitateko graduko tituluetan eta graduondoko berezko tituluetan eskola guztiak euskaraz ematen direnean, 10 eta 5 ikasle egon daitezke, hurrenez hurren. Salbuespen moduan, eta batzorde eskudunak gaia aztertu eta onartu ondoren, ikasle gutxiagoko proposamen arrazoituak onartu ahal izango dira.
7.– Ikasketetan onartua izateko baldintzak, arautegi honetan zehaztutako baldintza orokorrak kontuan hartuta.
8.– Irakasleen zerrenda, emango dituzten orduak zehaztuta. UPV/EHUko irakasleen kasuan, irakasleak berak oniritzia eman beharko du. Irakasle guztien curriculuma erantsi behar da, eredu arautuari jarraituz osatua.
9.– Batzorde Akademikoa osatzeko proposamena. Batzordeko burua zuzendari akademikoa izango da (bat baino gehiago badaude bat proposatu beharko da) eta bi kide izango ditu, proposatzen den tituluko irakasleak biak, eta bietako bat UPV/EHUkoa izan behar da.
10.– Ikastegiko, saileko edo institutuko baliabide materialak eta giza baliabideak titulazioko premiei aurre egiteko. Proposamenarekin batera ikastegiko zuzendaritzak gelak erabiltzeko emandako baimena aurkeztu beharko da.
11.– Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.
– Diru sarreren aurrekontuan honakoak zehaztu behar dira:
– Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.
– Erakunde publiko edo pribatuen diru laguntzak.
– Ikasturtea hasi aurretik ikasketen organikoan egongo den kreditu gerakinaren kalkulua.
– Aurreikusitako bestelako diru sarrerak.
– Gastuen aurrekontuan honakoak zehaztu behar dira:
– UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.
– UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.
– Gastu orokorretarako atxikipena.
– Gainerako gastu orokorrak.
Berezko tituluetan matrikulako tasen diru sarreren gaineko % 12 atxikiko da; kopuru horren % 10a unibertsitatearen gastu orokorretarako izango da eta % 2a Berezko Ikasketen Atalari esleituko zaio.
Unibertsitate arteko titulazioetan atxikipenaren ehunekoa lankidetza hitzarmenean zehaztuko da.
15. artikulua.– Proposamenak onartzea.
1.– Gobernu Kontseiluak, kasuan kasuko batzorde eskudunaren txostena jaso ondoren, UPV/EHUko berezko tituluak lortzera bideratutako ikasketen eskaintza onetsiko du, eta, urtero, ekaina baino lehen argitaratuko du.
2.– Ikasketak ematen jarraitu ahal izateko, ikasketa horiek proposatzen dituen organoak horren berri eman beharko du horretarako ezarritako epe eta eran. Eskariarekin batera aurrekontua aurkeztu beharko da eta zehaztu egin beharko dira jatorrizko proiektuan egindako aldaketak, guztia ondoren zehaztutakoari jarraituz. Era berean, zuzendari akademikoaren onespena aurkeztu beharko da.
3.– Edozelan ere, batzorde eskudunak ikasketak errepikatzearen aldeko iritzia eman beharko du. Horretarako, kontuan izango du aurreko ikasturteetako memoria, eta akademia arlokorako eta gizarterako ikasketak etorkizunean egokiak izango diren aztertuko du. Gizarte Kontseilua ere alde agertu beharko da bere eskumeneko arloetan. Ikasketak errepikatzeko baimena batzorde eskudunak emango du.
4.– Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak eman beharko du aldaketa egiteko baimena. Ikasketa planetako aldaketak matrikula egin aurretik jakinarazi eta baimendu beharko dira.
16. artikulua.– Titulazioak ebaluatzea eta akreditatzea.
1.– Berezko tituluak ebaluatu eta akreditatu egin behar dira UNIBASQ agentzian, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 80.b) artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
2.– Ebaluazioaren emaitzak kontuan hartuko dira berezko tituluak ezartzeko edo ematen jarraitzeko eskariak aztertzerakoan.
VI. KAPITULUA
BEREZKO TITULUETAKO IKASTAROAK ANTOLATZEA
17. artikulua.– Irakasleen lanorduak.
1.– Berezko tituluak lortzera bideratutako ikasketa guztietan, ikasketa planeko kredituen % 30, gutxien dela, UPV/EHUko irakasleek emango dute, bateraezintasun irizpideak eta printzipioak errespetatuta betiere. Salbuespenezko egoeretan, zuzendari akademikoak eskaria egin ahalko dio batzorde eskudunari ehuneko hori gehitzeko. Eskaria behar bezala justifikatuta egon beharko da eta batzordeak erabakiko du onartu edo ez.
2.– Ikasketen proposamena egin duen organoari lotutako UPV/EHUko irakasleek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira, ikasturte bakoitzean, unibertsitateko berezko ikasketetan. Batzorde eskudunak aztertu egingo ditu aipatutako kreditu kopurua gaindituko duten kasuak eta, egoki ikusiz gero, baimena emango du.
3.– Zuzendaritza lana kreditutan balioetsi beharko da proposamenean, eta aurreko puntuan adierazitako kreditu kopuruan eskola lanari dagozkion kredituak eta zuzendaritza lanari dagozkionak hartuko dira kontuan. Zuzendaritza lanak, gutxien dela, 3 kreditu izango ditu.
4.– Ikasketa hauetan irakasle lana edo zuzendaritza lana betetzen duten irakasleek, UPV/EHUkoek zein kanpokoek, ezin izango dute kasuan kasuko ikasketetarako matrikularik egin.
18. artikulua.– Zuzendari akademikoa.
1.– Zuzendari akademikoa; UPV/EHUko irakasle-ikertzaile iraunkorra izan behar da, eta titulua antolatu edo kudeatzeko ardura daukan organoko kidea. Ezin izango da hartu graduondoko berezko titulu bat edo graduko berezko bat baino gehiago zuzentzeko ardura.
2.– Berezko master baten zuzendari izateko, doktore titulua izan behar da.
3.– Zuzendari akademikoak bere lanaren berri emango dio titulazioko Batzorde Akademikoari, eta ondokoak dira bere eginkizunak:
– Ikasketak emateko proposamena egitea.
– Azken memoria egitea.
– Ikasketen gorabeheren berri ematea batzorde eskudunari.
– Ikasketetan parte hartzen duten irakasleen irakaskuntza lana ziurtatzea, kasuan kasuko saileko zuzendariaren oniritziarekin.
– Aurrekontua gestionatzea, arautegi honetan zehaztutakoari jarraiki.
– Ikasleen praktika programaz arduratzea, hala badagokio.
– Ikasketak behar bezala emateko eta ondo funtziona dezaten beharrezko izan daitezkeen gainerako guztiak.
19. artikulua.– Batzorde Akademikoa.
Batzorde Akademikoaren eskumenak dira:
1.– Ikasleak aukeratzeko irizpideak zehaztea.
2.– Ikasleak hautatu eta onartzea, eta kanporatuen errekurtsoak ebaztea. Dena dela, ikasleek, onartuak izateko, matrikula egin beharko dute UPV/EHUko kasuan kasuko administrazio atalean.
3.– Bekak ematea.
4.– Ikasleen azken ebaluazioa eta ebaluazio orokorra egitea.
5.– Praktiketako arduraduna izendatzea.
6.– Akademia esparruko beste eskumen guztiak.
20. artikulua.– Irakasleen ordainsariak.
1.– UPV/EHUko irakasleen ordainsariak 1930/84 Errege Dekretuko 5. artikuluan jasotako mugetara egokitu beharko dira (aipatutako errege dekretua aldatu egin zen 1450/89 Errege Dekretuaren bidez).
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako mugak kalkulatzeko, batu egin behar dira graduko eta graduondoko berezko tituluetan, etengabeko prestakuntzako ikasketetan eta ikasketa osagarrietan egindako irakats lanagatik urtean jasotako ordainsariak eta ekitaldi berean Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoko 83. artikuluaren babesean egindako kontratuei dagozkien ordainsariak. Gehienezko kopuruak izango dira unibertsitateak zehaztutakoak ekitaldi bakoitzeko aurrekontuei buruzko araudian.
3.– Titulazio hauetako irakasleek ikasketa ofizialetako irakats betebeharrak beteta badituzte ikasketa ofizialotan benetan ere ematen dituzten eskolekin, berezko ikasketetan ematen dituzten gehiegizko kredituengatik diru sarrerak izan ditzakete graduko eta graduondoko berezko tituluen, etengabeko prestakuntzako ikasketen eta ikasketa osagarrien kargura. Aurreko paragrafoan zehaztutakoari kalterik egin gabe, berezko ikasketetan (berezko tituluak eta ikasketa osagarriak) parte hartzen duten irakasleek ez badituzte beteta irakats betebeharrak, kredituari dagokion diru kopuruaren herena jasoko dute, legez edo kontratuz dagozkien irakats betebeharrak osatu arte. Irakats betebehar guztiak betetzean, ordainsari osoa jasoko dute.
4.– Master ofizialetako ikasketa planetan sartutako ikastaro osagarrien eta berezko tituluen kasuan, unibertsitateko irakasleek, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz, ezin izango dute ordainsaririk hartu, berezko ikasketa horietan egindako lana beren irakats betebeharretan sartuta baitago.
21. artikulua.– Administrazioko eta zerbitzuetako langileak.
1.– Gestio lanak titulua antolatu eta kudeatzeaz arduratzen den organoko administrazio eta zerbitzuetako langileek egingo dituzte; bestela, ahal den heinean, Berezko Ikasketen Atalak egingo ditu.
2.– Langileak kontratatu ahal izango dira unibertsitateko Gerentziaren bidez, eta Gerentzia izango da langileak hautatu eta kontratuak egingo dituena. Kontratu horiek berezko tituluen aurrekontuaren kargura egingo dira.
VII. KAPITULUA
FINANTZIAZIOA ETA GESTIO EKONOMIKOA
22. artikulua.– Finantziazioa.
Arautegi honen bidez araututako ikasketak autofinantzatu egingo dira, eta proposamenean orekatuta egon beharko dira diru sarrerak eta gastuak.
23. artikulua.– Gestio ekonomikoa.
Gestio ekonomikoak UPV/EHUn indarrean dagoen arautegi orokorra eta hurrengo artikuluetan zehaztutakoa bete beharko du.
24. artikulua.– Gune organikoak irekitzea eta ixtea.
1.– Gestio ekonomikoa egiteko, berezko titulu bakoitzak gastu gune organiko bat izango du, arautegi orokorrak dioenaz bat.
2.– Gune organikoa irekitzeko tramiteak Berezko Ikasketen Atalak egingo ditu, titulazioa eman egingo dela argi jasota dagoenean. Gune organiko hori titulazioa kudeatzeko ardura daukan organoaren menpe egongo da.
3.– Gune organikoko lehenengo sinatzailea tituluaren zuzendari akademikoa izango da, eta bigarrena berezko tituluaren zuzendaritza akademikoa dagokion organoaren arduraduna. Proposamen egileak bat baino gehiago badira, zuzendari akademikoa atxikita dagoen ikastegiko dekano/zuzendaria edo saileko zuzendaria izango da Batzorde Akademikoaren burua. Irakasle berak betetzen baditu kargu biak, bigarren arduraduna antolaketa eta gestioaren ardura duen saileko idazkaria izango da.
4.– Gune organikoak administrazioak ofizioz itxiko ditu ondoz ondoko bi alditan titulazioa berriro emateko eskaririk ez badago edo horretarako erabakia hartzen den unean, jakinaren gainean jarrita aldez aurretik gune organikoaren lehenengo arduraduna.
5.– Gerakinik egonez gero, ikasketen kudeaketaz arduratzen den organoaren gune organikoan sartuko da, kontsulta egin ondoren Kontabilitate eta Aurrekontuen Gerenteordetzari.
25. artikulua.– Diru sarrerak matrikulengatik.
1.– Matrikularen diru sarrerak horretarako sortutako kontuan egingo dira, eta jarduera honek eragindako gastuak finantzatzeko erabiliko dira zuzenean, betiere aurrekontuari jarraituz.
2.– Matrikula egiteko epea behin bukatuta, Berezko Tituluen Bulegoak kitapenak egingo ditu, Kontabilitate Zerbitzuaren bitartez. Diru sarreraren bat itzuli behar bada kontabilizatu ondoren, berezko ikasketen arduradunek zuzenean itzuliko diote ikasleari, ikasketen aurrekontuaren kargura.
26. artikulua.– Diru sarrerak diru laguntzengatik.
1.– Diru laguntza berezko ikasketen gune organikoan sartuko da unibertsitateak diru hori jaso ondoren. Dena den, zuzendari akademikoak hala eskatuz gero, eta arrazoia justifikatuta badago, dirua aurreratu ahal izango da.
2.– Gorabeheraren bat dela-eta diru laguntza jasotzen ez bada, kendu egingo da aurrekontutik dirua, bai eta matrikulengatik hartutakoa ere, egoki izanez gero.
27. artikulua.– Diru sarrerak gerakinengatik.
1.– Superabitik egonez gero, diru hori hurrengo ikasturtean erabili ahal izango da, gerakin kontzeptupean.
2.– Tituluko ikasketak desagertuz gero, gerakina ikasketak kudeatzeaz arduratzen den organoarentzat izango da; beraz, ikasketen arduradunak egoeraren berri eman beharko dio Berezko Ikasketen Atalari, gune organikoa itxi eta aurrekontuko diruaren transferentzia egin dezaten.
28. artikulua.– Prezio publikoak.
Ikasketa hauen prezio publikoak, bai eta ziurtagiriak, txartelak eta titulua eskatzeko tasak ere, Gizarte Kontseiluak zehaztuko ditu, Gerentziaren txostena kontuan hartuta.
29. artikulua.– Gastuen gestioa.
Graduko eta graduondoko berezko tituluak emateagatik sortutako gastu guztiak matrikulen diru sarrerarekin, diru laguntzekin eta aurreko ikasturteetako gerakinekin ordainduko dira. Gastuen gestioa unibertsitatearen arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta ondoko hauek:
Berezko tituluetan matrikulako tasen diru sarrera guztien % 12 atxikiko da; kopuru horren % 10a unibertsitatearen gastu orokorretarako izango da eta % 2a Berezko Ikasketen Atalari esleituko zaio. Atxikipena zerbitzu nagusiek egingo dute zuzenean, diru hori matrikuletako dirutik hartuta. Unibertsitate arteko titulazioetan atxikipenaren ehunekoa lankidetza hitzarmenean zehaztuko da.
Ikasketak ematen dituzten eta administrazio gestioaz arduratzen diren UPV/EHUko langileei nomina bidez egingo zaizkie ordainketak, arloan arloko indarreko araudiari jarraituz.
UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzean, indarrean egongo den PFEZren araberako atxikipena ezarriko zaie.
Unibertsitateko berezko tituluen eta ikasketa osagarrien finantziazioaren bidez lortutako material inbentariagarria UPV/EHUren ondarekoa izango da.
VIII. KAPITULUA
HITZARMENAK
Kapitulu honetan zehaztutakoa Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegiko 25.g) artikuluan zehaztutakoaren araudi espezifikoa da (arautegi hori 2005eko irailaren 29an onartu zen eta abenduaren 5eko EHAAn argitaratu).
30. artikulua.– Hitzarmen motak.
4.3 artikuluan zehaztutako hitzarmenez gain, hitzarmenak sinatu ahal izango dira ikasleek praktikak egiteko, finantziazioa lortzeko, lokalak erabiltzeko eta egoki den beste edozein helburutarako.
31. artikulua.– Hitzarmenak onartzea.
1.– Batzorde eskudunaren eskumena da, ondorengo paragrafoan zehaztutakoari kalterik egin gabe, hitzarmenak onartzea, baldin eta hitzarmenetarako zehaztu diren ereduekin bat badatoz.
– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako ereduarekin bat datozen hitzarmenak zuzenean izenpetuko dira, eta jakinaren gainean jarriko da batzorde eskuduna hitzarmena indarrean sartu aurretik.
– Hitzarmenak ez datozenean bat Gobernu Kontseiluak onartutako ereduarekin, organo horrek hitzarmenak onartzeko zehaztuta daukan prozedura orokorrari jarraituko zaio.
2.– Hitzarmena graduondoko titulua emateko proposamenarekin batera tramitatu bada, Gobernu Kontseilura eramango da dena batera onar dezan Kontseiluak.
3.– Berezko Ikasketen Atalak bilduko ditu hitzarmenak sinatzeko beharrezko diren txosten guztiak.
32. artikulua.– Hitzarmenak sinatzea.
1.– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako ereduarekin bat datozen hitzarmenak kasuan kasuko ikasketetarako proposamena egin duen unibertsitate organo edo egiturako arduradunak sinatuko ditu, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz; dena dela, egokitzat joz gero, unibertsitateko goragoko agintariek sinatuko dituzte. Aparteko kasuetan, batzorde eskudunak baimena eman diezaioke ikasketen arduradunari hitzarmena sinatzeko. Batzorde eskuduna jakinaren gainean jarri beharko da hitzarmena indarrean sartu aurretik eta, edonola ere, ikasleek praktikak egiten hasi baino lehenago.
2.– Hitzarmenean parte hartzen duen alderdi bakoitzeko ale bat sinatuko da, eta bi ale sinatzaileentzat izango dira. UPV/EHUren alea arautegiaren arabera hala dagokionari bidaliko zaio.
33. artikulua.– Gobernu Kontseiluari informazioa ematea.
Sei hilabeterik behin, errektoreordetza eskudunaren bidez, Gobernu Kontseiluak onartutako ereduarekin bat datozen hitzarmenen berri emango zaio Kontseiluari.
IX. KAPITULUA
IZENA EMATEA ETA MATRIKULA
34. artikuluka.– Izena ematea, onartua izatea eta eskaria berrestea.
1.– Ikasketa hauetara sartu ahal izateko, arautegi honetan zehaztutako baldintza orokorrak bete beharko dira. Ikasketetara sartzeko eskaria on line egingo da, edota ikasketak antolatzen dituen sail, institutu edo ikastegiko idazkaritzan aurkeztu beharko da, horretarako zehaztutako epean.
2.– Izena emateko epea behin amaituta, titulazioko Batzorde Akademikoak etorkizuneko ikasleak aukeratu eta onartuko ditu.
3.– Onartutako ikasleek berretsi egin beharko dute ikasketak egiteko eskaria.
35. artikulua.– Matrikula.
1.– Ikasketetan sartzeko eskaria behin berretsita, ikasleek matrikula egin ahal izango dute on line, titulazio bakoitzerako zehaztutako epean.
2.– Prozedura arautegiaren arabera matrikularekin batera aurkeztu behar diren dokumentuak Berezko Ikasketen Atalera bidaliko dira, errebisatzeko.
3.– Matrikulak behin-behinekoz onartuko dira, ikasleek arautegi aplikagarrian jasotako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu artean. Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igaro badira Berezko Ikasketen Atalak horren kontra erabakia hartu eta jakinarazpenik egin barik, matrikula onartu egin dela ulertuko da eta irmoa izango da ondorio guztietarako.
Matrikulak ez baditu betetzen baldintza guztiak, interesatuari horren berri emango zaio eta hamar egun dituela jakinarazi, zuzentzeko.
36. artikulua.– Matrikulagatik ordaindu beharrekoa eta ordaintzeko era.
1.– Prezio publikoak osorik ordainduko dira, organo eskudunak preziook ez ordaintzeko edo murrizteko baldintzaren bat ezarri ezean.
2.– Ikasketak ikasturte batean baino gehiagotan emateko programatu badira, ikasturte bakoitzean egin beharko da matrikula, eta matrikulan ikasturte horretan irakatsiko diren kredituei dagokien zenbatekoa baino ez da ordaindu beharko.
3.– Matrikula bi epetan ordaindu ahal izango da, % 50 bakoitzean. Epe horiek prozedura arautegian zehaztutakoak izango dira.
37. artikulua.– Matrikula baliogabetzea.
1.– Matrikulak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, eta ez bada zuzentzen horretarako egongo den epearen barruan, baliogabetu egingo da.
2.– Matrikula baliogabetu egingo da, baldin eta prezio publikoak ordaindu ez badira zehaztutako epeetan.
3.– Era berean, baliogabetu egingo da matrikula ikasleak hala eskatuz gero; horrelakoetan itzuli egingo da ordaindutako zenbatekoa, baldin eta eskaria eskolak hasi aurretik egin badu.
Matrikula erabaki arrazoitu baten bidez baliogabetuko da, eta erabaki horren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari edo hark eskuordetutakoari.
38. artikulua.– Aseguruak.
Ikasketa hauek ez daude eskola aseguruaren babespean; hori dela-eta, zuzendari akademiko bakoitzak egin beharko dio poliza ikasle bakoitzari. Asegurua Cum Laude izan daiteke, edo gutxienez estaldura berbera daukan beste edozein. Aseguru horiek berezko tituluaren ikasketen kargura ordainduko dira.
X. KAPITULUA
KREDITUAK AITORTZEA ETA EBALUAZIOA
39. artikulua.– Kredituak aitortzea.
1.– Lehendik egindako graduko ikasketetako edo graduondoko berezko tituluetako gai edo irakasgaiei dagozkien kredituak aitortzeko eskariak berezko tituluko Batzorde Akademikoak ebatziko ditu, batzorde eskudunak ezarritako arautegiari jarraituz.
2.– Batzorde Akademikoaren erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak UPV/EHUko batzorde eskudunari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, jakinarazpena hartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
3.– Kredituak aitortzea onartuz gero, ikasleak unibertsitateko Gizarte Kontseiluak, Gerentziaren proposamenari jarraituz, horretarako zehaztutako tasak ordaindu beharko ditu.
40. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Berezko titulua lortzeko, gaindituta izan beharko dira, horretarako zehaztutako ebaluazioaren bidez, bai tituluko ikasketak bai jarduera akademikoak. Eskoletara joatea ez da izango, inolaz ere, nahikoa titulua eskuratzeko.
2.– Ebaluaziorako irizpideak titulurako proposamenean zehaztu behar dira. Kalifikazioa Gai, Ez Gai ala Aurkezteke izango da, eta esleituriko kreditu guztiei dagokie. Ez da egongo zati bat gainditzeko aukerarik. Deialdi bakarra egingo da titulu bakoitzerako ezarritako gutxieneko kredituak gainditzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik, ez bada batzorde eskudunak horretarako beren-beregiko baimena eman duela.
3.– Ikasleen % 20k, gehienera, aipamen berezia lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da.
4.– Ikasketak bi mailatan egituratuta badaude (espezialista eta masterra), ikasleak beheragoko mailako kredituak lortu eta finkatu ahal izango ditu eta gorako mailakoekin jarraitu.
5.– Ikasturte bat baino gehiago irauten duten titulazioetan, azken ebaluazioa egin ahal izango da ikasturte bakoitzean. Ebaluazioa gaindituz gero, kalifikazioa gorde egingo da eta hurrengo ikasturteren batean antolatuz gero titulazioa, kredituok onartu ahal izango zaizkio titulazioa lortze aldera.
6.– Kalifikazioa berrikusteko prozedura Graduko eta Graduondoko batzordeek onartuko dituzten arau osagarrietan zehaztuko da.
XI. KAPITULUA
TITULUAK ETA ZIURTAGIRIAK
41. artikulua.– Tituluak ematea.
UPV/EHUren berezko tituluak errektoreak emango ditu, eredu normalizatuari jarraiki. Unibertsitateko Berezko Tituluen Erregistroan jasota geratu beharko dira emandako tituluak, unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan egin ohi den moduan eta baldintza berberetan (identifikazioa, zaintzea, ziurtapena eta izaera publikoa).
Gizarte Kontseiluak ikasturtero onartuko dituen tarifak ordaindu beharko dira tituluak eta ziurtagiriak eskuratzeko.
42. artikulua.– Titulua eskuratzeko eskaria.
Titulua eskuratzeko eskaria on line egin ahal izango da, edo Berezko Ikasketen Atalean eta campusetako errektoreordetzek horretarako zehaztutako bulegoetan aurkeztu beharko da. Tituluak emateko prozedura batzorde eskudunak zehaztuko du.
43. artikulua.– Bertaratze ziurtagiria.
Gai kalifikazioa lortu ezean, bertaratze ziurtagiria eskatu ahal izango du ikasleak. Ziurtagiriok Akademia Batzordeak sinatuko ditu, eta batzordeak berak zehaztuko ditu ziurtagiriok emateko baldintzak.
44. artikulua.– Ziurtagiri akademikoa.
Aurreko artikuluan adierazitako ziurtagiriez gain, berezko tituluko ikasketetan GAI kalifikazioa lortu dutenek ziurtagiri akademikoa eskatu ahal izango dute Berezko Ikasketen Atalean. Ziurtagiri hori web bidez eskatu ahal izango da, edo eskaria aurkeztuta Berezko Ikasketen Atalean bertan.
XII. KAPITULUA
AZKEN MEMORIA
45. artikulua.– Aurkezpena eta edukia.
1.– Ikasketak amaitzean, ikasketak proposatu edo antolatu dituen organoak azken memoria aurkeztu beharko du, txosten ekonomikoarekin batera. Azken memoria aurkeztu izana ezinbesteko baldintza izango da berriro ere ikasketak antolatu ahal izateko.
2.– Txosten ekonomikoan jasota ageri beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa, eta ondokoak zehaztu beharko dira:
– Aurrekontuaren behin betiko kitapena.
– Ondasunen inbentarioa.
– Baliabide ekonomikoen gestioari buruzko txosten zehatza.
3.– Datu akademikoen arloan ondokoak zehaztuko dira: ikasketen egutegia, aurreikusitakoak zein heinetan bete diren, ikasle kopurua, inkesten emaitzak, egindako ebaluazio mota, eta bertaratze ziurtagiriak emateko zehaztutako baldintzak (horrelako ziurtagiririk eman bada).
II. TITULUA
ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETAK ETA IKASTARO OSAGARRIAK
46. artikulua.– Definizioa eta iraupena.
Ikastaro osagarriak ezagutzak eguneratzeko, espezializatzeko, birziklatzeko eta ezagutzak zabaltzeko ikastaroak dira, eta ikasleen prestakuntza osagarri eta jarraitua dute helburu.
Enpresak edo kanpoko beste edozein erakundek eskatutako unibertsitateko ikastaro osagarriak eta prestakuntzakoak 20 ECTS kreditu izango dituzte gehienera, eta ikasketetara sartzeko baldintzak ikasketak emateko proposamenean zehaztuko dira.
Berezko ikasketetako edo master ofizialetako ikasketa planetako modulu edo gaiak etengabeko prestakuntza moduan eskaini ahal izango dira, betiere, 20 kreditu baino gutxiago badituzte. Ikasketa hauek antolatu eta emateko irizpideak aurrerago zehaztuko dira.
Nahiz eta aukera hori erabilita ikasleak berezko ikasketen edo master ofizialen titulu bateko modulu guztiak gaindituta izan, ez du eskubiderik izango dena delako titulua eskuratzeko.
Dena dela, ikasketa hauen bidez gainditutako moduluak onartu edo baliozkotu ahal izango zaizkio berezko titulua edo titulu ofiziala lortze aldera, baina, gehienez ere ikasketa planeko kredituen % 30.
47. artikulua.– Etengabeko prestakuntzako ikastaroetara eta ikastaro osagarrietara sartzeko eta ikasketa horietan onartua izateko betekizunak.
Ikasketetara sartu eta ikasketan onartua izateko baldintzak ikasketa horiek emateko proposamenean zehaztuko dira.
I. KAPITULUA
ETENGABEKO PRESTAKUNTZAKO IKASKETAK ETA IKASTARO OSAGARRIAK EMATEKO PROPOSAMENAK
48. artikulua.– Proposamenak egin ditzaketen organoak.
Errektoreak, errektoreordetzek (materiaren arabera), ikastegiek (UPV/EHUrenak berarenak eta atxikiak), sailek eta unibertsitateko institutuek (UPV/EHUrenak berarenak, mistoak eta atxikiak) aurkez ditzakete etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak emateko proposamenak. Proposamenak kasuan kasuko batzordeari aurkeztuko zaizkio (gradukoa edo graduondokoa), arautegi honetan zehaztutakoaz bat.
UPV/EHUrenak berarenak ez diren ikastegi eta institutuek proposatutako etengabeko prestakuntzako ikasketen eta ikastaro osagarrien kasuan, egitura hori sortzeko edo UPV/EHUri atxikitzeko hitzarmenean adierazitakoa aplikatuko da, bai eta eskolak emateko eta kudeatzeko baldintzak zehazteko UPV/EHUk eta kasuan kasuko erakundeak izenpetuko duten hitzarmenean adierazitakoa ere. Hitzarmen hori batzorde eskudunak (gradukoa edo graduondokoa) onetsiko du, eta hitzarmenak eragiten dien unibertsitate arloek eta, edonola ere, UPV/EHUko Gerentziak, alde ala kontra dauden adierazi beharko dute.
Hitzarmen horrek informazio hau jasoko du, gutxienez: eskolak emateko baldintzak; ikasketen antolatzailea izango den organo arduraduna; kudeaketa ekonomikoren arduraduna; eskolen arduraduna; finantza gaiak eta, zehazki, UPV/EHUren eskubide ekonomikoak.
Hitzarmen horietan jasota ez dagoenerako arautegi honetan adierazitakoa aplikatuko da.
49. artikulua.– Proposamenaren edukia.
1.– Ikastaroaren arduraduna izendatzea, UPV/EHUko plantillakoa izan behar dena.
2.– Irakaskuntza Gida, ondokoak zehaztuta: nahitaezko eta hautazko ikastaro eta mintegi praktiko eta teorikoen kopurua, edukia, iraupena eta programa; ikasturte bakoitzeko eskola orduak; hasiera eta amaiera eguna; tokia, praktikak; eta aurreikusitako ebaluazio sistema.
3.– Gutxieneko ikasle kopurua: ezingo dira izan 5 baino gutxiago, baldin eta ez badira berezko tituluetako edo master ofizialetako ikasketa planetako moduluak; halakoetan, proposamenean zehaztuko da gutxieneko kopurua.
4.– Irakasleen zerrenda, emango dituzten orduak zehaztuta.
5.– Ikastegiko, saileko edo institutuko baliabide materialak eta giza baliabideak titulazioko premiei aurre egiteko. Proposamenarekin batera kasuan kasuko gelak erabiltzeko emandako baimena aurkeztu beharko da.
6.– Aurrekontu osoa, diru sarrerak eta gastuak osotasunean ebaluatuta.
● Diru sarreren aurrekontuan honakoak zehaztu behar dira:
– Matrikulatik espero diren sarreren ebaluazioa eta zenbatekoa.
– Erakunde publiko edo pribatuen diru laguntzak.
– Ikasturtea hasi aurretik ikasketen organikoan egongo den kreditu gerakinaren kalkulua.
– Aurreikusitako bestelako diru sarrerak.
● Gastuen aurrekontuan honakoak zehaztu behar dira:
– UPV/EHUko irakasleen ordainsariak.
– UPV/EHUtik kanpoko hizlari eta irakasleen ordainsariak.
– Matrikulako tasen % 12 atxikiko da; kopuru horren % 10a gastu orokorretarako izango da eta % 2a Berezko Ikasketen Atalari esleituko zaio. Esperientzia Gelak proposatutako etengabeko prestakuntzako ikasketen kasuan matrikulako tasen % 10 atxikiko da.
– Gainerako gastu orokorrak.
50. artikulua.– Proposamenak onartzea.
1.– Etengabeko prestakuntzako ikasketak eta ikastaro osagarriak batzorde eskudunak onartuko ditu. Ikastaroak berriro ere eman nahi izanez gero, aurreko ikasturteetako memoria hartuko da kontuan. Matrikularen prezioa onartzea Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari dagokio eta organo horrek ezarritakoari jarraituko zaio.
2.– Proposamena behin onartuta aldaketarik egin nahi izanez gero, batzorde eskudunak eman beharko du aldaketa egiteko baimena.
II. KAPITULUA
IKASTAROAK ANTOLATZEA
51. artikulua.– Arduradun akademikoa.
1.– Arduradun akademikoa UPV/EHUko plantillakoa izan behar da. Beste erakunde batekin batera irakasten diren ikastaro osagarrien kasuan bi arduradun akademiko egon ahal izango dira, betiere horietako bat UPV/EHUko plantillakoa bada.
2.– Arduradun akademikoaren eginkizunak ondokoak dira.
– Ikasketak emateko proposamena egitea.
– Azken memoria egitea.
– Ikasketen gorabeheren berri ematea batzorde eskudunari.
– Ikasketetan parte hartuko duten irakasleen irakaslanari dagozkion ziurtagiriak egitea.
– Ikasketekin zerikusia daukaten gaiei dagozkien ziurtagiriak egitea.
– Aurrekontua gestionatzea, arautegi honetan zehaztutakoari jarraiki.
– Ikasleen praktika programaz arduratzea, hala badagokio.
– Ikasketak behar bezala emateko eta ondo funtziona dezaten beharrezko izan daitezkeen gainerako guztiak.
3.– Arduradun akademikoaren eginkizunak honela mugatuko dria:
– 10 ordu, 10 ECTS kreditu baino gutxiagoko ikastaroetan.
– 20 ordu, 10-20 ECTS kredituko ikastaroetan.
52. artikulua.– Gestio organoak.
Ikastaro osagarrien gestio ekonomiko eta administratiboa arduradun akademikoa atxikita dagoen ikastegi, sail, instituto edo errektoreordetzari dagokio.
53. artikulua.– Irakasleen lanorduak.
1.– UPV/EHUko irakasleek gehienez ere 10 kreditu eman ahal izango dituzte guztira unibertsitateko berezko ikasketetan. Batzorde eskudunak aztertu egingo ditu aipatutako kreditu kopurua gaindituko duten kasuak.
Ikasketa hauetan irakasle lana edo zuzendaritza lana betetzen duten irakasleek, UPV/EHUkoek zein kanpokoek, ezin izango dute kasuan kasuko ikasketetarako matrikularik egin.
54. artikulua.– Irakasleen ordainsariak.
1.– UPV/EHUko irakasleen ordainsariak 1930/84 Errege Dekretuko 5. artikuluan jasotako mugetara egokitu beharko dira (aipatutako errege dekretua aldatu egin zen 1450/89 Errege Dekretuaren bidez).
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako mugak kalkulatzeko, batu egin behar dira graduko eta graduondoko berezko tituluetan, etengabeko prestakuntzako ikasketetan eta ikasketa osagarrietan egindako irakats lanagatik urtean jasotako ordainsariak eta ekitaldi berean Unibertsitateen 6/2001 Lege Organikoko 83. artikuluaren babesean egindako kontratuei dagozkien ordainsariak. Gehienezko kopuruak izango dira unibertsitateak zehaztutakoak ekitaldi bakoitzeko aurrekontuei buruzko araudian.
3.– Titulazio hauetako irakasleek ikasketa ofizialetako irakats betebeharrak beteta badituzte ikasketa ofizialotan benetan ere ematen dituzten eskolekin, berezko ikasketetan ematen dituzten gehiegizko kredituengatik diru sarrerak izan ditzakete graduko eta graduondoko berezko tituluen, etengabeko prestakuntzako ikasketen eta ikasketa osagarrien kargura. Aurreko paragrafoan zehaztutakoari kalterik egin gabe, berezko ikasketetan (berezko tituluak eta ikastaro osagarriak) parte hartzen duten irakasleek ez badituzte beteta irakats betebeharrak, kredituari dagokion diru kopuruaren herena jasoko dute, legez edo kontratuz dagozkien irakats betebeharrak osatu arte. Irakats betebehar guztiak betetzean, ordainsari osoa jasoko dute.
4.– Master ofizialetako ikasketa planetan sartutako ikastaro osagarrien kasuan, unibertsitateko irakasleek, arautegi honetan zehaztutakoari jarraituz, ezin izango dute ordainsaririk hartu, ikasketa horietan egindako lana beren irakats betebeharretan sartuta baitago.
55. artikulua.– Administrazioko eta zerbitzuetako langileak.
1.– Gestio lanak UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileek egingo dituzte.
2.– Langileak kontratatu ahal izango dira unibertsitateko Gerentziaren bidez, eta Gerentzia izango da langileak hautatu eta kontratuak egingo dituena. Kontratu horiek ikastaro osagarriaren aurrekontuaren kargura egingo dira.
III. KAPITULUA
FINANTZIAZIOA ETA GESTIO EKONOMIKOA
56. artikulua.– Finantziazioa.
Arautegi honen bidez araututako ikastaro osagarriak autofinantzatu egingo dira, eta proposamenean orekatuta egon beharko dira diru sarrerak eta gastuak.
57. artikulua.– Gestio ekonomikoa.
Gestio ekonomikoak UPV/EHUn indarrean dagoen arautegi orokorra eta hurrengo artikuluetan zehaztutakoa bete beharko du.
58. artikulua.– Gune organikoak irekitzea eta ixtea.
1.– Gestio ekonomikoa egiteko, ikastaro osagarri bakoitzak gastu gune organiko bat izango du, arautegi orokorrak dioenaz bat.
2.– Berezko Ikasketen Atalak jakinaren gainean jarriko du Kontabilitate Zerbitzua ikastaroa onartzen denean, eta arduradun akademikoak egingo du gune organikoa irekitzeko eskaria.
3.– Gune organikoko lehenengo sinatzailea ikastaroaren arduradun akademikoa izango da, eta bigarrena proposamena aurkeztu duen organoak izendatuko du, baina UPV/EHUko plantillakoa izan beharko da.
4.– Ikastaro osagarria amaitu eta handik bi hilabetera itxiko da gune organikoa, baina arduraduna jakinaren gainean jarriko da aldez aurretik.
5.– Etengabeko prestakuntzako ikasketak edo ikastaro osagarriak berezko titulazioetako edo ikasketa ofizialetako moduluak edo irakasgaiak badira, gune organikoa berezko titulukoa edo master ofizialekoa izango da.
59. artikulua.– Diru sarrerak matrikulengatik.
Matrikularen diru sarrerak horretarako sortutako kontuan egingo dira, eta jarduera honek eragindako gastuak finantzatzeko erabiliko dira zuzenean, betiere aurrekontuari jarraituz.
60. artikulua.– Diru sarrerak diru laguntzegatik.
Diru laguntzarik jasoz gero ikastarorako, diru laguntza hori eskatu, gestionatu eta justifikatzearen ardura ikastaroa proposatu duen organoak eta arduradun akademikoak izango dute.
61. artikulua.– Gerakinak.
Superabitik egonez gero, Graduko edo Graduondoko Batzordeak, eskumena izango duenak, erabakiko du zertarako erabiliko den.
62. artikulua.– Prezio publikoak.
Ikasketa hauen prezio publikoak eta ziurtagiriak egiteko tasak Gizarte Kontseiluak zehaztuko ditu, Gerentziaren txostena kontuan hartuta.
63. artikulua.– Gastuen gestioa
Unibertsitateko ikasketa osagarriak emateagatik sortutako gastu guztiak matrikulen diru sarrerarekin, diru laguntzekin eta aurreko ikasturteetako gerakinekin ordainduko dira. Gastuen gestioa unibertsitatearen arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta ondoko hauek:
Ikasketa osagarrietan, % 12ko atxikipena ezarriko zaio matrikulako diru sarrera osoari; kopuru horren % 10a unibertsitatearen gastu orokorretarako izango da eta % 2a Berezko Ikasketen Atalari esleituko zaio. Esperientzia Gelen kasuan % 10 atxikiko da.
Ikasketak ematen dituzten eta administrazio gestioaz arduratzen diren UPV/EHUko langileei nomina bidez egingo zaizkie ordainketak, arloan arloko indarreko araudiari jarraituz.
UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzean, indarrean egongo den PFEZren araberako atxikipena ezarriko zaie.
Unibertsitateko ikasketa osagarrien finantziazioaren bidez lortutako material inbentariagarria UPV/EHUren ondarekoa izango da.
IV. KAPITULUA
HITZARMENAK
64. artikulua.– Hitzarmen motak.
Arautegi honetan zehaztutako hitzarmenez gain, hitzarmenak sinatu ahal izango dira ikasleek praktikak egiteko, finantziazioa lortzeko, lokalak erabiltzeko eta egoki den beste edozein helburutarako.
65. artikulua.– Hitzarmenak onartzea.
1.– Onartuko diren hitzarmen ereduekin bat datozen hitzarmenak zuzenean izenpetuko ditu ikasketen arduradun akademikoak, eta jakinaren gainean jarriko da batzorde eskuduna hitzarmena indarrean sartu aurretik.
2.– Hitzarmenak ez datozenean bat onartutako ereduekin, batzorde eskudunak onartu beharko ditu eta kasuan kasuko errektoreordeak izenpetuko; aipatutako batzordeak baimena emanez gero, ikasketen arduradun akademikoak izenpetu ahalko ditu.
3.– Hitzarmena ikastaro osagarria emateko proposamenarekin batera tramitatu bada, batzorde eskudunari helaraziko zaio aztertu eta onar dezan, eta kasuan kasuko errektoreordeak izenpetuko du.
V. KAPITULUA
IZENA EMATEA ETA MATRIKULA
66. artikulua.– Izena ematea eta matrikula.
Ikastaro osagarrietarako izena ematea eta matrikula arduradun akademikoa atxikita dagoen sail, ikastegi edo errektoreordetzak egingo du.
67. artikulua.– Matrikulagatik ordaindu beharrekoa eta ordaintzeko era.
1.– Prezio publikoak osorik ordainduko dira, organo eskudunak preziook ez ordaintzeko edo murrizteko baldintzaren bat ezarri ezean.
2.– Matrikula epeka ordaintzeko eskaria egin ahal izango dio ikasketak proposatzen dituen organoak batzorde eskudunari.
68. artikulua.– Matrikula onartzea eta baliogabetzea.
1.– Ikasketak proposatu dituen organoak eta arduradun akademikoak onartuko dituzte ikastaro osagarriak egingo dituzten ikasleak.
2.– Matrikula baliogabetu egingo da, baldin eta prezio publikoak ordaindu ez badira zehaztutako epeetan. Era berean, baliogabetu egingo da matrikula ikasleak hala eskatuz gero, horrelakoetan itzuli egingo da ordaindutako zenbatekoa, baldin eta eskaria eskolak hasi aurretik egin badu.
69. artikulua.– Aseguruak.
Ikasketa hauek ez daude eskola aseguruaren babespean; hori dela-eta, arduradun akademiko bakoitzak egin beharko dio poliza ikasle bakoitzari. Asegurua Cum Laude izan daiteke, edo gutxienez estaldura berbera daukan beste edozein.
VI. KAPITULUA
EBALUAZIOA
70. artikulua.– Ebaluazioa.
Ikasketa osagarrietan edo etengabeko prestakuntzako ikastaroetan, arduradunak ikasleen zerrenda bidaliko du, zerrendan zehaztuta ikasle bakoitzari eman beharreko ziurtagiri mota (bertaratze ziurtagiria edo onuraz parte hartu izanaren ziurtagiria), baldin eta ebaluazio motaren bat zehaztuta egon bada eta gainditu egin badute, Zerrenda ikastaroaren arduradunak sinatuko du.
VII. KAPITULUA
ZIURTAGIRIAK
71. artikulua.– Bertaratze ziurtagiria eta/edo onuraz parte hartzearen ziurtagiria.
Unibertsitateko ikasketa osagarrietako eskoletara eta mintegietara joanez gero, «Bertaratze ziurtagiria» lortu ahal izango du ikasleak, edo, ebaluaziorik gainditu behar izanez gero, «Onuraz parte hartzearen ziurtagiria».
72. artikulua.– Ziurtagiriak ematea.
Aurreko artikuluan aipatutako bertaratze eta/edo onuraz parte hartzearen ziurtagiriak kasuan kasuko errektoreordetzak emango ditu, eta beste erakunderen batek ere parte hartu badu ikastaroak antolatzeko lanean, ziurtagiriok erakunde horrekin batera eman ahalko dira. Edozelan ere, ziurtagiriak Berezko Ikasketen Atalean erregistratuko dira.
Gizarte Kontseiluak ikasturtero onartuko dituen tarifak ordaindu beharko dira ziurtagiriak eskuratzeko.
VIII. KAPITULUA
AZKEN MEMORIA
73. artikulua.– Aurkezpena eta edukia.
1.– Ikastaro bakoitza amaitzean, arduradun akademikoak azken memoria aurkeztu beharko du, txosten ekonomikoarekin batera, gehienez ere hilabeteko epean. Azken memoria aurkeztu izana ezinbesteko baldintza izango da berriro ere ikasketak antolatu ahal izateko.
2.– Txosten ekonomikoan jasota ageri beharko da aurrekontua bete egin dela eta aurrekontuaren egoera ekonomikoa, eta ondokoak zehaztu beharko dira:
– Aurrekontuaren behin betiko kitapena.
– Ondasunen inbentarioa.
– Baliabide ekonomikoen gestioari buruzko txosten zehatza.
3.– Datu akademikoen arloan ondokoak zehaztuko dira: ikasketen egutegia, aurreikusitakoak zein heinetan bete diren, ikasle kopurua, inkesten emaitzak, egindako ebaluazio mota, eta bertaratze ziurtagiriak emateko zehaztutako baldintzak (horrelako ziurtagiririk eman bada).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
UPV/EHUko batzorde eskudunari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatuko duten arau osagarriak emateko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzorde eskudunaren iritzia ezagutu ondoren, ahalmena emango zaio kasuan kasuko errektoreordeari arautegi honetan aipatutako hitzarmen ereduak onartzeko.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Indarren dauden titulazioek proposamena aurkeztu eta onarpena lortu zutenean indarren zegoen arautegiari jarraituko diote, baina ikasketak berriro ere eman nahi izanez gero, arautegi hau bete beharko dute.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabe geratuko da lehendik emandako zirkular, xedapen eta erabakietan jasotakoa, arautegi honetan zehaztutakoarekin bat ez datorren heinean.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Arautegi honetan eta bera garatzen dutenetan aurreikusita ez dagoen guztirako indarrean dagoen legeriari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Arautegi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean aplikatuko da.