EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2016195

ERABAKIA, 2016ko irailaren 29koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena: Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen arautegia onartzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-09-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201604321
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/08/28an argitaratutako 2012/07/19ko AKORDIOA indargabetzen du [201203887]
  • 2012/10/23an argitaratutako 2012/09/27ko AKORDIOA indargabetzen du [201204692]

UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 2.2 artikuluak dio Gobernu Kontseiluaren eskumena dela ikastegien arautegiak onartzea.
Espedientea tramitaturik, Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen arautegi proposamenak bere txostena jaso du.
Beraz, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak ondokoa
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen Arautegia onartzea, eranskinean ageri den bezala.
Bigarrena.– Agindua ematea Hezkuntza eta Kirol Fakultatearen Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, hurrengo egunetik indarrean sartuz.
Hirugarrena.– Erabaki honen aurka aukerako berraztertze errekurtsoa jar daiteke hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Bilboko administrazio auzietarako epaitegietan, bi hilabeteko epean.
Leioa, 2016ko irailaren 29a.
Errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Idazkari nagusia,
JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.
ERANSKINA
ERANSKINA: HEZKUNTZA ETA KIROL FAKULTATEAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Izaera.
Hezkuntza eta Kirol Fakultateak hezkuntzarekin, jarduera fisikoarekin eta kirolarekin zerikusia daukaten graduko tituluak eskuratzera zuzendutako ikasketak antolatzeko ardura du, eta graduko tituluak, graduondokoak edo bestelakoak lortzeari begirako prozesu akademikoak eta administratiboak gidatu, koordinatu eta kudeatzen ditu.
2. artikulua.– Egoitza.
Fakultateak hainbat gune ditu Arabako Campusean, eta haren egoitza Juan Ibañez de Santo Domingo kalea 1, 01006 Vitoria-Gasteiz helbidean dago.
3. artikulua.– Araubide juridikoa.
Hezkuntza eta Kirol Fakultateak indarrean dauden legeen, Estatutuen eta Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren arabera jardungo du, eta arau horiek zuzenean aplikatuko zaizkio. Horrez gain, fakultatea barne arautegi honi ere lotuko zaio, arau horietako xedapenak osatzeko.
4. artikulua.– Ikastegiko Atala.
1.– Ikastegiak Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziei dagokien atala izango du, Lasarteko Atea 71, 01007 Vitoria-Gasteiz helbidean kokatua.
2.– Ataleko koordinatzailea, ahal den guztietan, atalari atxikitako irakasleren bat izango da, edo, ezinezkoa bada, eskolak bertan ematen dituen irakasle bat. Errektoreak izendatuko du, ikastegiko dekanoak proposaturik, Ataleko Batzarraren iritzia entzun eta gero, eta dekanotza taldean sartuko da dekanorde karguarekin.
3.– Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Ataleko Batzarra honako kide hauek osatua egongo da: koordinatzailea (batzarburua izango da); ikastegiko idazkari akademikoa, batzarkidea bada, edo batzarrean eginkizun hori betetzen duen dekanordea; eta, atalean erantzukizun gorena duen administrazio eta zerbitzuetako langilea. Atalean horrelako langilerik egon ezean, lanpostuen zerrendan maila goreneko lanpostua betetzen duen langilea izango da Ataleko Batzarreko kidea. Horiez gain, batzarrak beste 15 kide izango ditu, ataleko kolektiboek hautatuko dituztenak, banaketa honen arabera:
– Irakasle-ikertzaile iraunkorrak: 9 kide.
– Gainerako irakasle-ikertzaileak: 1 kide.
– Ikasleen ordezkariak: 3 kide.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 2 kide.
4.– Ataleko Batzarrak honako eskumen hauek izango ditu:
a) Ataleko koordinatzailea izendatzeko dekanoaren proposamenaren berri ematea.
b) Atalaren urteko aurrekontua proposatu eta gestionatzea.
c) Koordinatzaileari laguntza eta aholkularitza ematea, bere eskumeneko gaietan.
d) Atalaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen erregimenaren berri ematea, Ataleko koordinatzaileak hala proposatuta.
e) Campuseko Batzarrerako irakasleen eta ikasleen ordezkariak izendatzea. Ikaslea ikastegiko Ikasleen Kontseiluak proposatuko du.
f) Ataleko urteko txostenean, irakasleak kontratatzeko beharren berri ematea. Nolanahi ere, ikastegiari atxikitako irakasle plazen eskaeren berri Fakultateko Batzarrak edo haren Batzorde Iraunkorrak emango du.
g) Fakultateko Batzarrari proposatzea berezko tituluen eta masterren eskaintza adierazteko.
h) Atalari dagozkion ikasketen egutegi akademikoa eta ordutegia prestatzea eta proposatzea, Fakultateko Batzarrak edo, hala badagokio, haren Batzorde Iraunkorrak onar ditzan.
i) Ikasleen taldeak kudeatzea.
j) Fakultateko Batzarrari ikasturte bakoitzean proposatzea ataleko numerus claususak finkatzeko.
k) Ikastegien Oinarrizko Arautegiak baimentzen edo Fakultateko Batzarrak eskuordetzen dizkion gainerako guztiak.
Ataleko koordinatzaileak atalari atxikitako administrazio langileen laguntza izango du.
5.– Artikulu honetan jasotzen ez den guztirako, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Ataleko Batzarrak Ikastegien Oinarrizko Arautegian Ikastegiko Batzarrerako ezarritakoaren arabera jardungo du.
5. artikulua.– Ikastegiko Batzarra.
Ikastegiko Batzarra honako kide hauek osatua egongo da: dekanoa (Batzarburua izango da), idazkari akademikoa, ardura goreneko administrazio eta zerbitzuetako langilea, eta ataleko koordinatzailea. Berezko kideen izaera izango dute guztiek. Era berean, batzarkideak izango dira dekanoak izendatutako dekanordeak, baina haien kopuruak ezingo du gainditu, inola ere, Ikastegiko Batzarrerako hautagarri kopuruaren % 10. Horiez gain, batzarrean beste 50 kide izango dira, fakultateko hainbat sektorek hautatukoak, banaketa honen arabera:
– Irakasle-ikertzaile iraunkorrak: 32 kide.
– Gainerako irakasle-ikertzaileak: 2 kide.
– Ikasleak: 10 kide.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 6 kide.
Ikastegiko Batzarrari lotutako gainerako alderdiak Ikastegien Oinarrizko Arautegian ezarritakoaren arabera arautuko dira.
6. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.
Ikastegiko Batzorde Iraunkor bat izango da, honako kide hauek osatua: dekanoa (batzordeburua izango da); idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); eta, beste 11 kide hautetsi, sektoreen artean hautatuko direnak, banaketa honen arabera:
– Irakasle-ikertzaile iraunkorrak: 7 kide.
– Gainerako irakasle-ikertzaileak: 1 kide.
– Ikasleak: 2 kide.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 1 kide.
Ikastegien Oinarrizko Arautegiak ikastegiko batzarretarako ezarritako eginkizun guztiak izango ditu batzarrak, eskuordetu ezinak izan ezik, eta aipatutako Oinarrizko Aratuegian ikastegiko batzarretarako ezarritako oinarrizko funtzionamendu arau berberen arabera arautuko da.
7. artikulua.– Akademia Antolakuntzako Batzordea.
1.– Akademia Antolakuntzako Batzordeak emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango du, ahal bada, eta honako kide hauek osatua egongo da: dekanoa edo hark bere ordez izendatutako pertsona, idazkari akademikoa, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Ataleko koordinatzailea; bai eta, fakultatean emandako tituluetako irakasleen ordezkari bana eta ikasleen bi ordezkari, bat hezkuntzaren arlokoa eta beste kirolaren arlokoa.
2.– Batzordearen eginkizunak dira bertako jarduera akademikoa ahalik eta ongien antolatzeari buruzko proposamenak aztertzea eta Ikastegiko Batzarrari helaraztea, eta kredituak aitortzeko edo baliozkotzeko aurkezten zaizkion eskarien gaineko erabakiak hartzea, indarrean dagoen araudiaren arabera. Erabaki horiek errekurritu ahal izango zaizkio errektoreari.
3.– Aholkularitza azpibatzorde bana egon daiteke atalean eta egoitzan, eta azpibatzorde horietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango da, ahal bada. Hurrenez hurren, atalekoak eta egoitzakoak diren Ikastegiko Batzordeko kideek osatuko dituzte. Ataleko Azpibatzordearen burua ataleko koordinatzailea izango da, eta Egoitzako Azpibatzordearena, berriz, dekanoa, bertako kidea bada. Idazkari akademikoa kide den azpibatzordearen idazkaria izango da, eta bestean, irakasle bat izango da idazkari.
8. artikulua.– Egoitzako Batzordea.
1.– Deszentralizazioa bultzatzeko, atalarenarekin batera, Egoitzako Batzordea sortuko da. Haren helburua egoitzan lana egin eta ikasten ari diren pertsonen identitateari eustea izango da fakultatearen barruan, eta, horretarako, campus horretan fakultateari lotutako akordioak proposatzea eta eztabaidatzea bultzatuko du, dagokion fakultateko organoak horiek onartu baino lehen.
2.– Batzordea kide hauek osatua egongo da: dekanoa edo, hala badagokio, egoitzako kide den dekanordea (batzordeburua izango da); dekanorde bat (batzordeko idazkaria izango da); fakultate barruan ardura gorena duen administrazio eta zerbitzuetako langilea; eta, beste 24 kide, atalari atxikita ez dauden fakultateko kolektiboek hautatuko dituztenak.
Kide hautetsien banaketa honela egingo da:
– Irakasle-ikertzaile iraunkorrak: 13 kide.
– Gainerako irakasle-ikertzaileak: 1 kide.
– Ikasleen ordezkariak: 4 kide.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 2 kide.
3.– Egoitzako Batzordeak eskumen hauek izango ditu:
a) Batzordeburuari laguntza eta aholkularitza ematea, beren eskumeneko gaietan.
b) Fakultateko egoitzaren aurrekontu dotazioa proposatzea eta gestionatzea.
c) Fakultateko egoitzaren erabilera orokorreko edo partikularreko lokalak erabiltzeko arauen erregimenaren berri ematea.
d) Egoitzako urteko txostenean, irakasleak kontratatzeko beharren berri ematea. Nolanahi ere, ikastegiari atxikitako irakasle plazen eskaeren berri Fakultateko Batzarrak edo haren Batzorde Iraunkorrak emango du.
e) Fakultateko Batzarrari proposatzea fakultatearen egoitzarako berezko tituluen eta masterren eskaintza adierazteko.
f) Egoitzari dagozkion ikasketen egutegi akademikoa eta ordutegia prestatzea eta proposatzea, Fakultateko Batzarrak edo, hala badagokio, haren Batzorde Iraunkorrak onar ditzan.
g) Fakultatearen egoitzan ikasleak taldeka banatzako lana kudeatzea. Kudeaketa hori modu koordinatuan egingo da, eta kontuan hartuko dira unibertsitateak eta ikastegiak ezarritako irizpide orokorrak.
h) Fakultateko Batzarrari proposatzea fakultateko egoitzarako kredituak aitortzeko.
i) Fakultateko Batzarrari ikasturte bakoitzean proposatzea fakultateko egoitzarako numerus claususak finkatzeko.
j) Ikastegien Oinarrizko Arautegiak baimentzen edo Fakultateko Batzarrak eskuordetzen dizkion gainerako guztiak.
9. artikulua.– Euskara Batzordea.
Ikastegiak Euskara Batzorde bat dauka, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa dena, eta haren helburua izango da euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea, eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea. Kide hauek osatua egongo da: dekanoa edo hark bere ordez izendatu eta arlo horretan eskumenak dituen dekano taldeko kide bat, eta irakasle-ikertzaileen taldeko lau kide, bi hezkuntzaren arlokoak eta beste bi kirolaren arlokoak. Administrazio eta zerbitzuetako langileek, bestalde, bi ordezkari izango dituzte, arloko bana. Amaitzeko, ikasleek ere ordezkari bana izango dituzte arloko.
Batzordeak aholkularitzako azpibatzordeen bidez jardun ahal izango du egoitzan eta atalean, arlo bakoitzaren testuingurua aztertu ondoren egoki irizten badio. Hala bada, azpibatzorde horiek arlo bakoitzaren Ikastegiko Batzarreko kideek osatuko dituzte.
10. artikulua.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordea.
Ikastegian Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Batzordea egongo da, parte hartzerako, kontsultarako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du berdintasun politikak bultzatzea eta ezartzea ikastegiaren gestioko eta ikastegiko bizitzako eremu guztietan. Batzordeak emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izango du, ahal bada, eta honako kide hauek osatua egongo da, gutxienez: dekanoa edo hark haren ordez izendatu eta arlo horretan eskumenak dituen dekano taldeko kide bat, ataleko koordinatzailea, eta irakasle-ikertzaileen taldeko lau kide, bi hezkuntzaren arlokoak eta beste bi kirolaren arlokoak. Administrazio eta zerbitzuetako langileek, bestalde, bi ordezkari izango dituzte, arloko bana. Azkenik, ikasleek hiru ordezkari izango dituzte, fakultatean emandako gradu bakoitzeko bat.
Hala egoitzan nola atalean, aholkularitza azpibatzorde bat egongo da, arlo bakoitzari dagokion batzordeko kideek osatuko dutena.
11. artikulua.– Kide anitzeko organoen funtzionamendua. Xedapen orokorra.
Sarbide elektronikoari buruzko legeak eta UPV/EHUko bitarteko elektronikoen arautegiak ezarritakoarekin bat, fakultateko kide anitzeko organoek lekuan bertan edo urrutitik egin ahal izango dituzte honako hauek: batzordea eratu, bilerak deitu eta egin, erabakiak hartu eta aktak bidali. Urrutitik behar bezala funtzionatzeko, aplikatu beharreko arau orokorretan zein unibertsitate mailako arauetan ezarritako eskakizunak bete beharko dira, eta eskakizun horiek beteko direla bermatzeko bitarteko tekniko eta elektronikoak jarri beharko dira. Zehaztutako baldintzak betetzen diren kasuetan, ikastegiko organo bakoitzak bitarteko elektronikoak erabili daitezkeen ala ez erabaki ahal izango du eta horiek erabiltzeko baldintzak edo xehetasunak zeintzuk diren zehaztu.
12. artikulua.– Botoa eskuordetzea.
Botoa kide anitzeko organoaren beste kide batzuei eskuordetu ahal izango zaie, hauteskundeetarako izan ezik. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.
Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
Ezingo da botoa eskuordetu, bileretara huts egiten bada justifikaziorik gabe.
13. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.
1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman, eta ziurtagiriak egingo ditu.
2.– Ikastegiak hartutako erabakien berri emateko, idazkari akademikoak ziurtagiri bat egingo du, eta hor jasoko du ikastegiak hartutako erabakien zerrenda. Ziurtagiria hiru egun balioduneko epean argitaratuko da. Ziurtagiri hori ikastegiko idazkaritzaren iragarki oholean jarriko da, eta, hala behar bada, ikastegiaren iragarki ohol birtualean eta webgunean, betiere pertsonen intimitatea eta datuak babesteko indarrean dagoen legeria errespetaturik. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratzen direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai, argitaratzen direnetik. Bitarte horretan, errektoreari erabakien aurkako errekurtsoak aurkezteko epeak aurrera egingo du.
3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie interesdunei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.
14. artikulua.– Dekanoa.
1.– Dekanoa fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo gorena da, eta sufragio unibertsal haztatu bidez hautatzen da unibertsitatearen Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren arabera, ikastegiari atxikitako irakasle-ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta errektoreak izendatzen du. Halako irakasle-ikertzailerik ez balego, irakasle-ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko litzateke.
2.– Fakultateko dekano izateko hautagaitzari gobernu taldea eta programa eranstea ez da beharrezkoa izango, baina gomendagarritzat jotzen da. Dekanoa errektoreak izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Haren agintaldia lau urtekoa izango da, eta, gehienez ere, bi agintaldi egin ahal izango ditu segidan.
15. artikulua.– Epaimahaiak.
Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.
16. artikulua.– Ordezkapenak, hautetsiak kargua uzten duenean.
Organoko idazkariak ordezkapena gauzatu beharko du, kargu uztearen berri izan eta bost egunera, eta kargua uzten duena hautatua izan zeneko zerrendan hautetsi ez den hurrengoak ordezkatuko du.
Bertaratu gabeko egonaldia edo gaixotasuna luzerako direnean, titularrek kide anitzeko organoaren buruari egoeraren berri emango diote, bilera egin baino 48 ordu lehenago, eta kasuan kasuko ezaugarriek eskatu bezalako egiaztapenaren bidez. Organoko buruak ordezkapena onartuko ez balu, horretarako arrazoiak agertu beharko ditu.
17. artikulua.– Xedapen indargabetzailea.
Arautegi hau indarrean sartzen denean indargabetuta geratuko dira Vitoria-Gasteizko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren arautegia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko arautegia, zeinak 2012ko urriaren 23ko eta 2012ko abuztuaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baitziren, hurrenez hurren.