EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2016194

AGINDUA, 2016ko urriaren 4koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onesten baita Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioaren, BIOEF, gaixotasun arraroen ikerketa proiektuentzako laguntzen deialdia.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-10-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201604304
Maila: Agindua
Aurreko urteetan bezala, 2015eko EITB maratoia ekimenak, zeinetan modu aktiboan parte hartu duten hainbat elkarte, erakunde eta entitatek, zein pertsona askok beraien kontutik, ikerketa biomedikorako funts kopuru nahiko handia lortu dute; aurten, gaixotasun arraroen inguruan ikertzeko. Ekimen solidario honen bitartez bilduko den dirua, behin antolaketaren eta EITBren ekoizpenaren gastuak, eta BIOEFeren kudeaketa-gastuen zati bat kenduta, gaixotasun arraroen ikerketa sustatzeko laguntzei gehituko zaie. Aurten, ikerketa-arlo hori sendotzeari eta bultzatzeari zuzendutako zenbatekoa ikerketa-proiektuak finantzatzeko izango dira.
BIOEF Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio bat da, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaritzaren menpekoa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuak esaten duen bezala. Estatutuen arabera, (...Fundazioak Euskal Osasun Sisteman berrikuntzaren eta ikerketaren sustapena du xede, horren interbentzioa gaitasunak garatzeko eta hobetzeko asmoz, herritarren osasuna babesteko...). Laguntzen deialdi honen bitartez, BIOEFek gaixotasun arraroen ikerketan aurrera egiten jarraitu nahi du.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da gaixotasun arraroei buruzko osasunaren inguruko ikerketa-proiektuentzako laguntza ekonomikoak emateko deialdia arautzea, objektibotasun, lehiakidetasun eta publizitate printzipioak beteaz.
Deialdi honetarako, ikerketa eta garapena ordaingabeko jardueratzat hartuko dira eta Europar Komisioak ezarritako baldintzak bete beharko dira Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Batasuneko Esparruan (EBren Aldizkari Ofiziala, C 198, 2014-06-27koa); guzti hori agindu honen 2.3 eta 2.4 ataletan aurreikusitakoari jarraikiz.
2. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ahalko dituzten proiektuak.
1.– Diru-laguntzak jaso ahalko dituzten proiektuek jasoko dituzte gaixotasun arraroetan ikerketa biomedikoko proiektuak. Gaixotasun arraroen inguruko ikerketa biomedikoko proiektuak berriak izango dira, eta ez dute kanpoko finantzaziorik jasoko.
Gaixotasun arrarotzat ulertzen da (gaixotasun umezurtzak ere deituak), herritarren portzentaje txiki batek jasaten duen edozein gaixotasun. Europar estandarren arabera, gaixotasun bat arraroa da 2.000 pertsonetarik 1ek jasaten duenean. Kolektiboki, erronka sozial garrantzitsua adierazten du, eta ahalegin handiago bat behar da diagnostiko eta terapia berrien garapenerako.
Deialdi honi dagokionez, oinarrizko ikerketa (gaixotasunera zuzendua), klinikoa (gaixoari zuzendua), epidemiologikoa, osasun publikokoa eta osasun zerbitzuetakoa, da ikerketa biomedikoa. Baita osasuna edo ikerketa biomedikoko prozesu eta teknologiak hobetzeari zuzendutakoak garatzea ere.
2.– Diru-laguntzei dagozkien proiektuek ikertzaile nagusi bat izan behar dute, proiektuaren exekuzio zientifiko eta teknikoaren arduraduna izango dena. Laguntza deialdi honetarako diru-laguntzak eskatzen dituzten erakunde ezberdinetako ikertzaileek parte hartzen duten proiektuetan, proiektu bakoitzean parte hartzen duten erakunde bakoitzeko ikertzaile Nagusietako bat Proiektuaren koordinatzailea izango da eta hau izango da BIOEFekiko hizketakidea; halaber, horrek burutuko du eskakizuna 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Laguntzek ekonomikoa ez den erako jarduerak finantzatuko dituzte, Europar Komisioak ezarritako baldintzei jarraiki Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Batasuneko Esparruan (EBren Egunkari Ofiziala, C 198, 2014-06-27koa), 19. puntuan (ikerketa erakundeen eta ikerketa azpiegituren jarduera nagusiak, eta ezagutza transferentzia jarduerak).
4.– Beraz, jarduera ekonomikoaren finantzaketa deialdi honetatik kanpo gelditzen da. Horretarako, jarduera ekonomikotzat hauxe ulertzen da:
a) I+G zerbitzuak ematea eta enpresek burututako I+G.
b) Ikerketa azpiegituren alokairua.
c) Beste era ekonomikoko edozein jarduera, eskatutako baldintzak eta Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Batasuneko Esparruan (EBren Egunkari Ofiziala, C 198, 2014-06-27koa) jasotakoak betetzen ez dituena.
5.– Aurkeztuko diren ikerketa proiektuek Helsinkiko Aitorpenean zehaztutako funtsezko printzipioak beteko dituzte, eta baita ikerketa biomedikoko eremuan indarrean dagoen legeria ere.
6..– Gizakiekin esperimentatzea edo giza jatorria duten lagin biologikoak erabiltzen duten proiektuetan zentroko Ikerkuntza Klinikoko Etika Batzordeak bidalitako baimena ere aurkeztu beharko dute, indarrean dagoen akordioak osatutakoa. Batzordearen baimen horrekin batera, baimen informatua eta gaixoari informatzeko orria ere aurkeztuko dira.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetan jasotako laguntzen onuradun izan ahalko dira, izaera publiko edo pribatuko erakundeak Europar Batasuneko edozein estatu kideko nazionalitatea dutenak edo bertan haien egoitza soziala dutenak, edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioaren Estatu sinatzaileetan, eta Deialdiak berak adierazten dituen ikerketa jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko zentro publiko edo pribatuetan burutzen dituztenak. Ezingo dira deialdira aurkeztu, dagokion zigorrak esaten duenaren arabera, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten duten administrazio-zigorra edo bestelakoa duten zentroak, ezta horretarako eskubidea kentzen dien legezko debekuren bat dutenak ere.
Kasu honetan onuradunak hauek izango dira: osasun entitate edo erakunde publikoak, unibertsitate publikoak, ikerketa erakunde publiko onartuak, herri administrazioaren mendeko I+G zentroak, Osasun Ikerketa Institutuak, osasun entitate eta Erakunde pribatuak, unibertsitateak eta beste erakunde pribatuak, berariazko pertsonalitate juridikoa dutenak eta I+G jarduerak burutzen dituztela edo buru ditzaketela egiaztatzen dutenak.
2.– Onuradunek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta ezin izango dira egon artikulu horretako 2. eta 3. ataletan adierazitako edozein egoeratan. Halaber, aipatutako legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.
Onuradun izatea debekatzen duten egoeratan ez egotearen justifikazioa, azaroak 17ko 38/2003 Legearen 13.7 artikuluan aurreikusitako bideen bitartez egin ahalko da.
Onuradunek zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzaren aurrekoetan egunean daudela frogatu beharko dute, horretarako erakunde eskudunak igorritako egiaztagiri administratibo positiboak aurkeztuz. Dokumentu hauek aurkezteko betebeharrik ez dagoenean, onuradunaren erantzukizun aitorpena aurkeztu beharko da, baita administrazio publiko eta hauen erakundeen kasuan eta erakunde publiko eta fundazioenetan. Onuradunek aitorpen horretan jasotako egoeran egon daitezken aldaketak organo bideratzaileari jakinarazi beharko dizkiote. Halaber, erantzukizun aitorpen bitartez frogatu beharko dute ez direla zordunak diru-laguntzen itzultzea ezartzen duen ebazpen baten arabera.
Diru-laguntza ezin izango da ordaindu onuradunak arestiko betebeharrak betetzen ez dituen bitartean.
3.– Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak entitateak (laguntza jasotzen duenean) jarduera behar bezala burutzeko konpromisoa hartu duela esan nahi du, eta baita eskakizunean datozen datuak egiazkoak direla egiaztatu eta baieztatu duela ere. Gainera, eskatutako betekizunak betetzen dituela ere esan nahiko du, ikerketa jarduerei aplikatzen zaien araudia betetzeaz gain.
4. artikulua.– Laguntza emateko prozedura.
Laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira. Horretarako, aurkeztuko diren eskakizunak konparatu egingo dira 12. artikuluan biltzen diren irizpideei jarraituz haien lehentasunaren arabera sailkatzeko, eta laguntzak agortu arte banatuko dira, deialdian esleitu diren kredituen arabera.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa, jatorria Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako zuzendutako aurrekontuen kredituetan duena, berrehun eta hogeita sei mila zortziehun eta hogeita hamabost euro eta laurogei zentimokoa (226.835,80) da.
6. artikulua.– Dirua jaso dezaketen proiektuen eskakizunak.
1.– Diru-laguntzak jaso ahalko dituzten proiektuetan, nahitaezko baldintza da Euskal Osasun Sistemako zentro batek, gutxienez, parte hartzea, Euskal Osasun Sistematzat ulertuko da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 5. artikuluan ezarritakoa.
2.– Ikerketa biomedikoko proiektuek gutxienez bi urte eta gehienez hiru urte iraungo dute.
3.– Ikerketa biomedikoko proiektuak banaka burutu ahalko dira, edo erakunde ezberdinen arteko elkarlanean, erakunde horietako bat koordinatzaile eta entitate antolatzailearekiko hizketakide izango delarik.
7. artikulua.– Ikertzaile nagusia izateko baldintzak.
Ikertzaile nagusiak ondorengo baldintzak beteko ditu:
a) Lotura funtzionariala, estatutarioa edo kontratu bidezkoa formalizatuta edukitzea proiektuaren eskaera egin edo proiektua burutu duen zentroarekin, gutxienez laguntza eskatu den unetik diru-laguntza emateko datara arte. Osasun Ikerketako Institutuei dagokienez, ikertzaile nagusien lotura eskaera egin duen zentroarekin izango da, edo bestela, ikertzailearen lotura hartzen duen eta indarrean dagoen hitzarmena duten entitateekin.
b) Deialdi honetara ikertzaile nagusiak soilik aurkeztu ahalko du proiektu bat.
8. artikulua.– Finantza daitezkeen gastuak.
1.– Kasu bakoitzean emandako laguntza jarraian aipatuko diren gastuak ordaintzeko izango dira, beti ere proiektua burutzearekin lotuta badaude eta aurretik Eskakizunaren memorian sartu badira.
Puntuetan adierazten diren kopuruak deialdiak finantzatuko dituen gehienezkoei buruzkoak dira, eta ezingo dira bateratu xede berarekin lor daitezkeen beste diru-laguntzekin, baldin eta diru-laguntza jasotzen duen jardueraren gehiegizko finantzaziorik ez bada.
2.– Langileen gastuak. Proiektua burutzeko behar diren pertsonen kontratazioa. Ez lukete lanaldi osoko erlazio funtzionariala, estatutarioa edo lan-harremana edukiko zentro onuradunekin edo kontratua egiteko unean proiektua burutuko duenarekin.
Aukeraketa kontratatzen duen zentroaren kontratazio araudi aplikagarriaren arabera egingo da, publizitate, konkurrentzia eta lehiakortasun printzipioak betez.
Deialdi honetan kontraturako jaso daitezkeen diru-laguntzen gehienezko zenbatekoak urteko 40.000 euro izango da kontratatutako pertsona doktorea bada, urteko 33.000 euro goi-mailako titulua badu, urteko 26.000 euro erdi-mailako tituluduna bada eta 21.000 Lanbide Heziketako teknikaria bada.
Proiektuan lan egindako denbora kontratatzen duen zentroaren urteko lanaldia baino txikiagoa bada, ordainduko litekeen zenbatekoa proiektuan lan egindako denboraren proportzionala izango da.
Halaber, atal honetan ere sartuko dira ikertzaileen taldearen kide den osasun profesionalaren laguntza-jardueraren liberaziotik eratorritako kostuak, proiektuan parte har dezan, bere lanaldiaren % 50 arte. Proiektuak Deialdiak finantzatuko duena baino ikertzaileen lan gehiago behar badu, zentro onuradunak jarriko du dirua.
3.– Ondasunak erostearen eta zerbitzuak kontratatzearen ondoriozko gastuak. Proiektua burutzeko nahitaezko materiala sartzen da hemen, eta ez dira kontuan hartuko altzariak eta instalazioak.
Material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta proiektua jakitera emateko gastuak ere sartuko dira hemen (argitalpenak, etab.). Behar bezala arrazoituta badago, eta proiektua burutzeko beharrezkoa denean, sail horretan ez da mugarik egongo.
Bulegoko material orokorraren finantzazioa ez da hemen sartuko: fotokopiak, laserra, telefono-gastua, etab.
Memorian azalduko da proiektua garatzeko espero den kanpo zerbitzuen kontratazioa, eta zerbitzu horien ezaugarriak eta kontratuaren kostua adieraziko dira.
4.– Bidaia eta desplazamenduen ondoriozko gastuak. Landa-lanean eta koordinazio-bileretan sortutakoak eta kongresuetara, hitzaldietara eta halakoetara joateak sortutako gastuak, proiektuarekin harreman zuzena badute.
5.– Deialdi honekin ordaintzeko gastu finantzagarriak izango dira, kostu zuzenaren % 10 arte, proposatutako proiektuaren gastu zeiharrak. Hau da, proiektua burutuko duen entitatearen egitura gastuak (argia, ura, garbitasuna, mantentze-lanak edo antzerakoak), proiektu zehatz bati zuzenean esleitzen ez badira ere proiektua burutzeko beharrezkoak direnean.
6.– Aginte honen inguruan emango diren laguntzak xede berarekin lortu daitezkeen laguntza edo subentzioekin bateragarriak izango dira, gehiegizko finantzazioa ez bada. Gehiegi finantzatzea bada, diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion gehienezko mugara arte emango da.
7.– Ikertzaileen taldeko kideek, osasun trebakuntza espezializatze aldiko lizentziatuak barne, ezingo dituzte proiektuan kargatzeko ordainsaririk jasoko.
8.– Proiektua bukatutakoan, emandako laguntzarekin erosi den zenbatu daitekeen materiala eta bibliografikoa proiektua burutu duen zentroarena izango da etorkizunean eta ikerketa jardueran erabiliko da printzipioz.
9.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikagarriak izango dira Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (DLO) 29. eta 31. artikuluak eta Diru Laguntzen Erregelamendu Orokorraren (DEO) 68. eta 83. artikuluak, oinarrizkoak baitira.
9. artikulua.– Eskakizunak aurkezteko lekua eta epea.
1.– Eskakizunak BIOEFen aplikazio informatikoaren bitartez edo paperean egin ahalko dira.
2.– Eskakizuna modu elektronikoan tramitatzeko, BIOEFeren web-orrian sartu behar da (www.bioef.org).
3.– Paperean egingo diren eskakizunak inprimaki normalizatu bidez aurkeztuko dira (I. eranskina), BIOEFen web-orrian eskuratu daitezkeenak (www.bioef.org), eta Proiektuaren ikertzaile nagusiak edo eskatu duen zentroko legezko ordezkariak sinatuko du aurkeztu aurretik. Gainera, ikertzaileen taldeko gainerako kideek ere sinatu behar dute parte hartze horrekin ados daudela egiaztatzeko.
4.– Eskakizunak helbide honetara bidaliko dira: BIOEF, Ronda de Azkue 1, 48902 Barakaldo, Bizkaia.
5.– Laguntzak eskatzeko epea Laguntzen deialdiaren agindua Euskal Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hile batekoa izango da.
6.– Zentroek haien eskakizunak eskatuko zaizkien gainerako dokumentu guztiekin batera aurkeztu ahalko dituzte, aukeratutako hizkuntza ofizialean. Gainera, eskaeraren ondoriozko ekintzetan, eta prozedura osoan zehar, eskaera egin duen zentroak aukeratutako hizkuntza bera erabiliko du, azaroaren 24ko Euskararen Erabileraren inguruko 10/1982 Legearen 5.2) eta 6.1 artikuluek zehazten dutena beteaz.
10. artikulua.– Eskakizunak: eskakizun-inprimakiarekin batera entregatu behar diren dokumentuak.
Proiektu batean entitate ezberdinak elkarlanean aritzen direnean koordinatzaile den zentroak proiektu bakoitzeko eskakizun bakarra aurkeztuko du.
Honako dokumentazio hau entregatu beharko da:
a) Ikerketa proiektuaren memoria, eredu normalizatuan (II. eranskina), hala badagokio, parte hartzen duenaren entitate bakoitzaren informazioarekin batera (II.a eta II.b eranskinak). Ingelesez ere onartuko da proiektuaren memoria.
b) Ikertzaile nagusien Curriculum vitaea (III. eranskina) eredu normalizatuan (Osasun Sailaren curriculumentzako ereduak eta Carlos III Osasun Erakundearenak onartuko dira, eta baita Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren Curriculum Vitaearen Eredu Normalizatua ere.– FECYT).
c) Proiektua proposatu duen ikerketa taldearen historial zientifiko-teknikoaren memoria (IV. eranskina), eredu normalizatuan.
d) Ikertzaile nagusiari dagokion zentroaren Ikerketa Batzordearen txostena, proiektuaren bideragarritasuna bermatzen duena.
e) Ikertzaile nagusiari dagokion Ikerketa Klinikoko Batzorde Etikoaren txostena, beharrezkoa denean.
f) Ikerketarako Euskal Biobankuaren Ziurtagiria, proiektuan giza jatorria duten lagin biologikoak erabili behar badira, ikertzaile nagusiak Biobankuari deialdi honetan eskatutako diru-laguntzaren xede izango den proiekturako lagin biologikoak eman edo lagatzea eskatu izana ziurtatzen duena.
g) Arduradunaren adierazpena (V. eranskina).
Atal honetan aipatzen diren eredu normalizatuak BIOEFen web-orrian daude (www.bioef.org).
a, b, c, d, e, f, g dokumentuak aplikazio telematikoaren bitartez bakarrik bidaliko dira, aukera hori aukeratzen bada (9.1 artikulua) eta ez da paperez aurkeztu beharko, eta onuradunentzat izango dira.
11. artikulua.– Eskakizunean egon daitezkeen akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzen eskakizunetako eremu guztiak beteta ez baleude, edo eskatzen den dokumentazio guztia ez baditu, zentro eskatzaileari eskatuko zaio hamar egunetan hori zuzendu edo falta diren dokumentuak bidaltzea, eta hala egiten ez badu eskakizuna ukatuko zaio eta Administrazioak ebatziko du eskakizun horren inguruan eta hura jakinaraziko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
12. artikulua.– Eskakizunen ebaluazioa.
Ongi eta epearen barruan aurkeztutako edo zuzendutako eskakizunen ebaluazioa eta aukeraketa, aurreko artikuluaren arabera, Balorazio Batzordeak egingo du, artikulu honen 1. artikuluan zehaztu den bezala.
1.– Hauek izango dira Balioztatze Batzordearen partaideak: Berrikuntza+Ikerketa+Osasuna Euskal Fundazioaren, BIOEF, I+G+b kudeaketa arloko zuzendaria, presidente gisa jardungo duena eta bokal gisa ikerketa arloko Osasun Saila eskuduneko zuzendaria, Osakidetzaren Osasun Laguntzako zuzendariordea, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren zuzendaria, EITBko ordezkari bat. –Euskal Irrati Telebista–, eta gaixotasun arraroak jasaten dituztenen Nafarroa eta Euskadiko elkarteen ordezkari bat eta BIOEFen I+G laguntzen deialdien kudeaketa arduradun bat izango dira, azken hori izango delarik idazkaria.
2.– Balorazio Batzordeak proiektuak ebaluatuko ditu ondorengo balorazio irizpideen arabera:
a) Ikerketa proiektuen kalitate zientifiko-teknikoa deialdi honen 3. puntuan zehazten dena beteaz. Gehienez, 50 puntu.
b) Proiektuak deialdian zehaztu diren eremu eta ildo nagusietara egokitzea: Gehienez 20 puntu. Deialdi honetan lehentasuna edukiko dute gaixotasunaren prebentzioari, tratamenduari eta diagnosi goiztiarrari zuzendutako zentro edo diziplina anitzeko proiektuek, eta baita gaixotasun arraroak dituzten gaixoei laguntza ematea errazteari zuzendutakoak. Zentro anitzeko proiektuak dira deialdi honen 3. artikuluan adierazitako onuradunen arteko 2 edo gehiagok parte hartzen dutenak. Diziplina anitzeko proiektuak dira espezialitate mediko-kirurgiko ezberdinak dituzten osasun profesionalen parte-hartzea dakartzatenak edota ezagutza adar ezberdinetan espezializatutako profesionalenak.
c) Euskal Osasun Sistemarentzako proposamenaren interesa. Gehienez, 30 puntu. Puntu honetan honako hauek baloratuko dira:
c.1.– Aintzat hartuko dira puntu honetan proiektuak Osasun Sailaren ildo nagusietara, Euskadiko Osasun Planera 2013-2020, Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategiara 2020, Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Ildo Estrategikoetara 2013-2016, Osakidetzaren 2013-2016ko Lerro Estrategikoak eta Ekintza Planetara egokitzea (dokumentuak hemen eskuragarri:http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85ckpubl01/es/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/es_pub/publicaciones.html) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Planera (dokumentua hemen atzigarri: http://www.emakunde.euskadi.eus/u7220010/es/contenidos/informacion/u72_iv_plan/es_emakunde/iv_plan_es.html). Gehienez 15 puntu.
c.2.– Aintzat hartuko da puntu honetan osasun profesionalen parte-hartzea proiektuen ikertzaile eta ikertzaile nagusi gisa, bereziki laguntza-jarduera duten profesionalak. Gehienez 15 puntu.
3.– Proiektuen ebaluazioa egin aurretik, Balorazio Batzordeak Ebaluazio eta Prospekzioko Nazioko Agentziaren laguntza eskatuko du.– ANEP.– zeinek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak ekarriko dituen, eta ondorengo alderdiak ebaluatu eta baloratuko dituen:
3.1.– Ikerketa proiektuen ebaluazio zientifiko-teknikoa ondorengo irizpideen arabera burutuko da:
a) Ikerketa taldearen balorazioa: garapen klinikoaren, asistentzialaren edota Osasun Sistema Nazionalaren garapen teknologikoarekin lotutako ikerketa proiektuen, saiakuntza klinikoen, ikerketa jardueren ekarpenak, argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste hainbat erregistro, ikertzaile nagusiarena eta proiektuaren gaiarekin lotuta, ikerketa taldearen historialarena. Ikertzaileen taldea proiektuarentzat egokia den ere baloratuko da. Gehienez, 18 puntu.
b) Proiektuaren balorazio zientifikoa: ikertzaileen taldeak duen gaiaren ezagutza mailaren eta hipotesiaren balorazioa. Proiektuaren xedeen garrantzia zientifiko-sanitarioa. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan egitasmoa. Genero ikuspuntua proiektuan integratzearen alderdiaren arreta. Gehienez, 27 puntu.
c) Proiektuaren balorazio ekonomikoa. Proiektua burutzeko eskatu diren baliabideen egokitasuna. Eskatu diren baliabideen justifikazioa. Gehienez 5 puntu.
Proiektuaren balorazio zientifikoan 15 puntu edo gehiago lortzen ez duten proiektuak ez finantzagarri izendatuko ditu Hautespen Batzordeak.
4.– Bere betekizuna betetzeko, Batzordeak zentro eskatzaileei proiektua ongi ulertzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak ekartzea eskatu ahalko dio; gainera, proiektuetan aldaketak egitea iradoki ahalko dizkie zentro eskatzaileei haiek programa honen helburuei hobeto egokitzeko.
13. artikulua.– Zenbatzeko irizpideak.
1.– Balorazio Batzordeak laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko hauxe hartuko du kontuan: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua egokia den aurkeztu diren helburuentzat Ebaluazio eta Prospektibako Nazioko Agentziak. –ANEP– egindako txosteneko oharrak kontuan hartuta eta 4. artikuluan bildutakoa aplikatuz.
2.– Koordinatutako proiektuen kasuan, azpiproiektu bakoitza independentea izango da artikulu honi dagokionez.
14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, itzultzeko eta jakinarazteko epeak, publizitate-prozedura eta laguntza onartzea.
1.– Aurkeztutako eskakizunak prozeduraren bidez tramitatuko dira, eta haien ebazpena, eskaera egin duten zentroek planteatutako galderen inguruan erabakiz, Balorazio Batzordeak proposatuta, Osasuneko sailburuari dagokio.
2.– Ebazpenak esleipena zehaztuko du eta eskatutako laguntzak ukatzen badira, lehenengoen kasuan, zentro onuraduna, diru-laguntza jasoko duen proiektua eta laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, urtean zenbatekoa izango den adierazita. Ukatu direnetan, ukatze horren arrazoiak zehaztuko dira.
3.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta honen aurka interesdun entitate eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Osasuneko sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.
4.– Hartuko den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da eta BIOEFen web-orrian Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita sei hileko epean. Epe hori igaro eta ebazpena argitaratu ez bada, eskaera egin duten zentroek eskaera hori onartua izan ez dela ulertuko dute.
5.– Finantzazioa lortuko duten zentroei laguntza emango zaiela jakinarazteko idatzia bidaliko zaie. Jakinarazpen hori jaso eta 15 eguneko epean, zentroek hari uko egin ahal izango diote. Uko-egite hori aurkezten ez bada, deialdiari dagokionez, laguntza onartu dela ulertuko da.
15. artikulua.– Zentro onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzaren zentro onuradunek ondorengo betebeharrak bete beharko dituzte nahitaez:
1.– Diru-laguntza xede zehatzerako erabili eta haren helburuentzat erabili behar da.
2.– BIOEFi deialdi honen bitartez jasoko den diru-laguntzaren inguruan eskatuko dion informazioa erraztea.
3.– BIOEFi ahalik eta azkarren jakinaraztea datuetan egon daitezkeen aldaketa edo eskakizunean islatu diren beste egoerak.
4.– Ikertzaile nagusiak laguntza eskakizunean islatu duenean aldaketak edo eraldaketak egitea aurretik eta arrazoituta eskatu beharko dio BIOEFi.
16. artikulua.– Laguntzen Ordainketa eta Kudeaketa.
1.– BIOEFen eta Osakidetzaren arteko elkarlanerako hitzarmenei jarraituz, eta BIOEFek eta Osasun Sailak adostutakoetan ikerketa funtsen kudeaketaren inguruan, laguntzen kudeaketa ekonomiko eta administratiboa BIOEFek burutuko du Osakidetzan eta Osasun Sailean burutuko diren proiektuetan, Osasun Ikerketa Institutuetakoak izan ezik, zeinak emandako laguntza kudeatuko duten.
Finantzatutako proiektua BIOEFek kudeatzen ez badu, BIOEFek berehala transferituko dio laguntzaren onuradun diren zentroei proiektuaren lehenengo urteari dagokion laguntza. Horretarako, ikertzaile nagusiari laguntza emango zaiola jakinarazi zaionean, hark BIOEFi bidali beharko dio «Entitatearen Banku-datuak» dokumentuaren kopia, haren legezko ordezkariak sinatuta. Dokumentu hau eskuragarri egongo da BIEOFen web-orrian (www.bioef.org).
2.– Gainerako urteei dagokien dirua osasun-ikerketa arloan eskudun den Zuzendaritzak memoria zientifikoa onartu eta proiektuan sortutako gastuen dokumentuen justifikazioaren ondoren jasoko da (VI. eta VII. eranskinak).
3.– Zentro onuradunek euren memoria zientifikoak eta ekonomikoak BIOEFeri bidaliko dizkiote eta, haien oniritzia lortutakoan osasun-ikerketa arloan eskudun den Zuzendaritzaren eskutik, gainerako urtekoen finantzazioa gaituko du.
4.– Zentro onuradunak, arrazoi sendoengatik, finantzatutako ikerketa proiektua bukatzerik ez badu, berehala jakinaraziko dio BIOEFi eta proiektuaren garapen zientifikoaren eta balantze ekonomikoaren egoerari buruzko txostena ere bidaliko dio.
BIOEFek espedientea aztertuko du eta Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio laguntza kitatzeko ebazpena onartzea eta itzuli beharreko kantitateak zehaztuko ditu.
5.– Komenigarria iruditzen zaionean, BIOEFek Proiektua nola doan ikusteko baliagarria izan daitekeen informazio osagarria aurkeztea eskatu ahalko du.
17. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Laguntza jasoko duen zentroak laguntza nola bideratuko duen arrazoitu beharko du nahitaez, eta horretarako ondorengo dokumentuak aurkeztuko dizkio BIOEFi.
Urteroko memoria zientifiko eta ekonomikoa, dagokion ebazpenean adierazitako epean, VI. eta VII. eranskinetan datorren eskema jarraituz. Memoria zientifikoan proiektuaren garapenaren egoera eta lortu diren xede partzialak azalduko dira, eta ikertzaile nagusiak sinatuta aurkeztuko da. Memoria ekonomikoa ikertzaile nagusiak eta laguntza kudeatuko duen zentroaren lege ordezkariak sinatuko dute eta bertan islatuko da memoriak hartzen duen aldeari dagokion balantze ekonomikoa.
Proiektua bukatu eta hurrengo hiru hileetan, VI. eranskineko inprimaki normalizatua, memoria zientifiko finala, ikertzaile nagusiak sinatua eta memoria ekonomikoa (VII. eranskina) laguntzaren kudeaketa entitatearen legezko ordezkariak eta ikertzaile nagusiak sinatuta bidaliko ditu. Gastuak justifikatzeko haiek azaltzen dituen memoria eta kontu justifikatzaile bat bidaliko dira. BIOEFetik jasotako zenbatekoko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztiak biltzen dituen aitorpen arduratsua da kontu justifikatua (dokumentuen izaera, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, zenbatekoa eta jardueraren egotzitako portzentajea adierazten duena). Adierazitako gastuen ziurtagiriak aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin egin beharko dute bat eta BIOEFek onetsi behar ditu, eta aurrekontuaren totalari dagokionez kontzeptu bakoitzari dagokion proportzioa eratu beharko dute.
Diru-laguntza behar bezala aplikatzen dela egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuen ordainagiriak diru-laguntza eman denetik hurrengo bost urteetan egiaztatu ahalko dira.
2.– Jarraipen memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urteko laguntzaren ondorengo igorpenak ez dakar egindako gastuak onartzea eta azken memoria ekonomikoan oro har baloratuko den aurrekontuak egoztearekin bat egitea.
3.– Memoria finalarekin batera, dagokionean, ikerketaren emaitzen ondoriozko argitalpen, tesi, karrera bukaerako proiektu eta kongresuetarako jakinarazpen guztien kopia ere aurkeztuko da. Horietan guztietan, eta ondoren sor daitezkeen beste guztietan ere, EITB Maratoia finantzazio-iturri dela aipatuko da.
4.– Zentro onuradunak memoria ekonomikoan datozen gastuen faktura eta agiri guztiak gordeko ditu nahitaez 5 urteko epean.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.
1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egon daitezkeen aldaketak, haien xedea bete denean, eta dagokionean, beste erakunde publiko edo pribatuk emandako beste diru-laguntzak aldi berean lortzeak, laguntzaren kantitatea aldatzea eragin dezake. Ondorio horietarako, osasun-ikerketa arloan eskudun den Zuzendaritzak izango du zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta tramitatzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak horren gaineko ebazpena ematekoa.
2.– Proiektua burutzen ari denean beharrezkoa bada, laguntzaren zenbateko osoa gainditu gabe, hainbat gasturi zuzendutako zatikako zenbatekoetan aldaketak barneratu nahi badira, idatziz, aurretik eta arrazoituta eskatu beharko du proiektuaren ikertzaile nagusiak, entitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin.
BIOEFeri zuzenduko zaio eskakizuna.
3.– Proiektuaren bukaera entitate onuradunaren errua ez den eta dagokion bezala justifikatutako arrazoiren batengatik atzeratzen bada eta idatziz eskatuz gero proiektua burutzeko epea bukatu aurretik, eskatutako epea zehaztu eta Osasuneko sailburuordeak proiektua bukatzeko epea luzatu ahalko du. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskakizunean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.
19. artikulua.– Urratzeak eta dirua itzultzea.
1.– Urratzea eragingo duten kasuak izango dira honako hauek, eta jasotako diru-laguntzak itzuli beharra ekarriko dute:
a) Emateko ebazpenaren baliorik eza, DLOaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Diru-laguntza lortzea hartarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz.
c) Osorik edo partez urratzea helburua, jarduera eta proiektua ere, edo ez hartzea diru-laguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarrera.
d) DLOaren 37. artikuluan ezarritako gainontzekoak.
2.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena, urratzea dagoen kasuetan, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola ezarriko da, prozedurazko izapideak egin ondoren, egoki izan daitezkeen gainerako ekintzak eragotzi gabe.
Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako. Osasun-ikerketa arloan eskudun den Zuzendaritzak izango da urraketen espedienteen hasiera eta tramitazioa egiteko eskuduna eta Osasuneko sailburuordeak hori ebaztekoa.
3.– Urratze ondorioz dirua itzuli behar denean, BIOEFen aurrean dirua jaso duen entitate onuraduna izango da erantzulea.
4.– Aurreko puntuetan aurreikusi gabekoari dagokionez, DLOaren 37. artikuluan ezarritakoa bete beharko da; izan ere, lege hori oinarrizkoa baita.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, hberen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi ez den guztirako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean idatzita dagoen bezala) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamenduan (DEO, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartuta), oinarrizkotzat jotako manuen aplikazioari dagokionez.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Barakaldo, 2016ko urriaren 4a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.
I. ERANSKINA
PROIEKTUA ESKATZEKO INPRIMAKIA
II. ERANSKINA
ESKAKIZUN MEMORIA NORMALIZATUA
II.A ERANSKINA
ENTITATE ESKATZAILEAREN IKERTZAILEEN TALDEA
II.B ERANSKINA
ENTITATE ESKATZAILEAREN MEMORIA EKONOMIKOA
III. ERANSKINA
CURRICULUM NORMALIZATUA
IV. ERANSKINA
HISTORIAL ZIENTIFIKO – TEKNIKOAREN MEMORIA NORMALIZATUA
V. ERANSKINA
ERANTZUKIZUN AITORPENA