EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2016194

AGINDUA, 2016ko irailaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, gailu digitalak eskuratzeko diru-laguntzetarako deia egiten duena (2016-2017 ikasturtea). Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleak baliatu ahal izango dira gailu horietaz.

Xedapenaren data: 2016-09-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201604301
Maila: Agindua
Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe eta hori betearazteko eta bermatzeko beharrezko den goi-ikuskaritzari kalterik egin gabe».
Halaber, hiritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta herri agintarien zeregina da dauden muga edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila berriztatze-prozesuak bultzatzen ari da unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, deialdi espezifikoen bidez zein zuzenean aldaketak sartzeko jarduera, proiektu eta esperientziak proposatuta, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetuko dituztenak eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko aukera emango dutenak.
Gizartean izandako aldaketa eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Zenbait programaren bidez sartu dira pixkanaka IKTak gure ikastetxeetan, eta, une honetan, sare eta gailu digitalak erabiltzeak eragin beharko lukeen aldaketa pedagogikoa zein metodologikoa sustatzea da xedea. Baliabide teknologikoen erabilerak ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzen laguntzen du, berdinen arteko ikasketa bultzatzen, ikasten ikasteko gaitasuna indartzen eta gelaren espazio fisiko eta denborazkoa zabaltzen ikasketarako ingurune birtual eta nonahikora. Horrez gain, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da, eta ikasleek eta haien familiek edozein unetan izan ditzakete baliabide gehiago, eduki analogikoen mende soilik zertan egon gabe. Horri guztiari bide emateko, pixkanaka hurbildu beharra dago baliabide digitalen errealitate berrira (baliabide metodologikoak eta tresnak) irakasteko eta ikasteko prozesuan.
Horregatik, hiru deialdi egin dira, ikastetxe publikoei eta itunduei zuzenduta, baliabide digitalen bidezko ikaskuntza-irakaskuntza berritze-proiektuan parte har dezaten, hau da, «sare_hezkuntza gelan» proiektuan; Sare_Hezkuntza izeneko ikastetxe-sare bat sortzea da helburua, eta haren garapenak beste ikastetxe batzuei joera bat markatu eta hobetzeko bideak erakutsiko dizkie.
Deialdi horietan ezarritakoaren arabera, hautatutako ikastetxeetako ikasleek gailu digitalak erosteko laguntzak jaso ahalko dituzte baldin eta beka baten onuradun izan badira unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta ikasketa-laguntzen ebatzitako azken deialdian, eskola-materialaren atalean.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretua kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa– xedatutakoaren arabera, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek diotenari jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deia egiten dut gailu digitalak eskuratzeko diru-laguntzetarako (2016-2017ko ikasturtea), Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleek erabil ditzaten.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
760.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partidaren kontura.
Zenbateko hori handitu ahal izango da, baldin eta agortu gabeko dirurik geratzen bada Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren eta deialdia ebatzi aurretik. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez.
3. artikulua.– Betebehar orokorrak.
1.– Deialdi honetaz balia daitezke Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 2016-2017ko ikasturteko ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko zein itunduetakoak, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:
a) Ikastetxea «sare_hezkuntza gelan» izeneko sarean egotea 2014-2015eko ikasturtetik aurrera.
b) Ikasle onuradunak unibertsitateaz kanpoko mailarako beka eta ikasketa-laguntzetarako deialdiko beka bat jaso izana 2015-2016 ikasturtean, eskola-materialaren atalean.
Deialditik kanpo gelditzen dira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko irailaren 30eko Aginduaren bidez araututako aurreko deialdian diru-laguntza hau bera jaso zuten ikasle bekadunak.
c) Berdinak izatea laguntza-eskaerako gailu digitala eta ikastetxeak eskatzailearen talde osorako aukeratutakoa, eta gailu digitala 2015eko urtarrilaren 1aren ondotik erosi izana.
2.– Ezingo dute laguntzarik jaso honako egoera hauetan dauden ikasleek:
– Diru-laguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenek.
– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratibo edo penalik dutenek, eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenek ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren argitan.
4. artikulua.– Gailu digitalen ezaugarriak.
Gailu digitala deialdi honetako laguntzaz erosi ahal izateko, II. eranskineko ezaugarri teknikoak edo hortik gorakoak bete beharko ditu gailuak.
5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
Eskatzaile bakoitzarentzako laguntza 200 (berrehun) euro izango da gehienez, eta muga izango da gailu bakoitzaren fakturaren bidez justifikatutako diru-kopurua.
Irizpide horiek aplikatu ondoren eman beharreko laguntzetan ateratzen den guztizko kopurua 2. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, onuradun bakoitzari kalkulatu zaizkion zenbatekoak proportzioan murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.
6.– artikulua.– Parte hartzeko eskabidea.
1.– Eskabidea nahitaezkoa izango da, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera egingo da: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu. Eredu hori I. eranskinean dago.
2.– Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu behar dute eskatzaileek honako eskakizun hauek betetzen dituztela:
a) Unibertsitateaz kanpoko mailarako beka nahiz ikasketa-laguntzetarako deialdiaren onuradun izatea 2015-2016 ikasturtean, eskola-materialaren atalean.
b) Aurreko deialdian (2015-2016 ikasturtea) diru-laguntza hau bera jaso ez izana.
c) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratibo edo penalik ez izatea, eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ez izatea.
d) Adieraztea eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
e) Erantzukizunpeko adierazpen bat, non ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari ordezkaritza ematen zaion eskabidea izapidetu dezan, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.
3.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
4.– Behin eskabidea betez gero, inprimatu egin behar da eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskatzaileak eta haren aitak eta amak edo legezko tutoreak izenpetu behar dute.
5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
6.– Inprimatu eta sinatu ondoren, eskabidea ikaslearen ikastetxeko zuzendariari aurkeztuko zaio, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan aipatutako bulegoetan, hogei egun naturaleko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
Erositako gailuaren faktura ere erantsi behar zaio eskabideari. Fakturan argi eta garbi agertu behar da gailu horren modeloa.
7.– Ikastetxeak epe barruan izapidetuko ditu ikastetxean matrikulatutako ikasleen eskabideak, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.
Ikastetxeek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Halaber prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.
7. artikulua.– Ikastetxe itunduak. Eskaerak aurkeztea.
1.– Ikastetxe itunduek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.
Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzekoan.
2.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta gainerako izapideei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu
Eskaeraren ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Eskaerak aurkezteko epea hamar egun natural izango dira, 6.6 artikuluan eskabidea aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
4.– Eskaerarekin batera ikasle eskatzaile guztien zerrenda emango da, proposatutako ereduaren arabera.
Ikastetxeak konpromisoa hartzen du, eskaeraren barruko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileen eskabideak eta fakturak.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak deialdi honetan xedatutakoa betetzen dela egiaztatuko du; horretarako, laginketa-teknikak erabiliko ditu, eta egoki iritzitako dokumentazio oro eska diezaioke ikastetxeari.
8. artikulua.– Ikastetxe publikoak. Eskaerak aurkeztea.
1.– Ikastetxe publikoek eurentzat jarritako atariaren bidez egin beharko dituzte eskaerak, kontsultak eta gainerako izapideak, emate- edo ukatze-ebazpena izan arte. Ikastetxe publikoetarako ataria hauxe da: Herri-ikastetxeak/Deialdiak (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).
2.– Eskaerak aurkezteko epea hamar egun natural izango dira, 6.6 artikuluan eskabidea aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
3.– Eskaerarekin batera ikasle eskatzaile guztien zerrenda emango da, proposatutako ereduaren arabera.
Ikastetxeak konpromisoa hartzen du, eskaeraren barruko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko eskatzaileen eskabideak eta fakturak.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak deialdi honetan xedatutakoa betetzen dela egiaztatuko du; horretarako, laginketa-teknikak erabiliko ditu, eta egoki iritzitako dokumentazio oro eska diezaioke ikastetxeari.
9. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
1.– Deialdiko diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, eskaera epe barruan eta behar bezala aurkeztuta, 3. eta 4. artikuluetako eskakizun subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute ikasleek, agindu honetan xedatutakoaren arabera. Eskaera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kalkulua honela egingo da: 5. artikuluak ahalbideratzen duen diru-laguntzaren zenbatekorik handiena esleituko da, eta, deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada horrela kalkulatutako banakako kopuru guztiak ordaintzeko, horrela kalkulatutako zenbatekoei dagozkien diru-laguntzak zehaztuko dira. Bestela, linealki murriztuko dira hasieran kalkulatutako kopuruak, guztiz doitu arte.
2.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak banan-banan egiaztatuko ditu eskabide guztiak, eta, horretarako, behar beste txosten tekniko eska diezaieke laguntza-zerbitzuei.
3.– Eskabideak egiaztatu ostean, eskuratutako diru-laguntzei buruzko ebazpena emango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak; bertan, ikastetxeen arabera taldekatu, eta ikasleen identifikazio-datuak eta emandako zenbatekoak adieraziko ditu. Horretaz gain, ukatutako diru-laguntzen zerrenda ere sartuko du, ukatzeko arrazoia adierazita. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, aurreko zenbakian adierazitako argitalpen-egunetik aurrera.
5.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera zenbatuta. Epe hori bukatu eta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluko eskakizunak bete behar dituzte onuradunek.
12. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Emandako diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Ikastetxeak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari justifikatu beharko dio diru-laguntza horiek ordaindu izana, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan deskribatutako jarraibideen arabera: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu
2.– Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
13. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea.
1.– Diru-laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ondorengo kasu hauetan itzuli egin beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):
– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. zenbakian jasotako itzulketa-kausaren bat badago.
– Diru-laguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.
– Diru-laguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.
– Justifikatzen ez bada diru-laguntza erabili dela eman zeneko helburu zehatzetarako.
– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
14. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira eskatzaileak helburu bererako lortzen duen beste edozeinekin, administrazio publikoek edo erakunde publiko zein pribatuek emanda ere, baldin eta laguntza metatu guztien zenbatekoak gainditzen ez badu laguntza jasoko duen gailu digitalaren kostua. Gaindituz gero, gaindikina bateraezina dela deklaratuko da, eta neurri berean txikiagotuko da agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatzen bada, eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta 3. artikuluko betebeharrak konplitzen badira, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.
16. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «Erakunde laguntzaileak» izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman dutenean datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
17. artikulua.– Ikuskatzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ahalmena izango du nahi beste ekintza egiteko, bai datuen egiazkotasuna eskatu eta neurtzeko, bai agindu honetan araututakoa betearazteko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak emateko baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 26a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
2016-2017 IKASTURTERAKO GAILU DIGITALAK ESKURATZEKO DIRU-LAGUNTZETAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXEETAN LEHEN HEZKUNTZAN, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAN ETA BATXILERGOAN DABILTZAN IKASLEENTZAT
II. ERANSKINA
GAILU DIGITALEN EZAUGARRIAK