EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2016193

35/2016 EBAZPENA, irailaren 22koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 1936-1978 urte bitartean urratu ziren oinarrizko eskubideei buruz datuak bildu eta oinarrizko txostena egiteko.

Xedapenaren zenbakia: 201600035
Xedapenaren data: 2016-09-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201604283
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen hori sinatu duenez gero, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 1936-1978 urte bitartean urratu ziren oinarrizko eskubideei buruz datuak bildu eta oinarrizko txostena egiteko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 22a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN IRAILAREN 22KO 35/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, MEMORIAREN, BIZIKIDETZAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN INSTITUTUAREN, UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO/EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEAREN ARTEKOA, 1936-1978 URTE BITARTEAN URRATU ZIREN OINARRIZKO ESKUBIDEEI BURUZ DATUAK BILDU ETA OINARRIZKO TXOSTENA EGITEKO
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 13a.
PARTE-HARTZAILEAK:
Jonan Fernandez Erdozia jauna, Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren izenean eta hura ordezkatuz.
Aintzane Ezenarro Egurbide andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, institutu horren izenean eta hura ordezkatuz.
Iñaki Goirizelaia Ordorika jauna, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (aurrerantzean UPV/EHU) errektore magnifikoa, haren izenean eta hura ordezkatuz.
Francisco Etxeberria Gabilondo jauna, Aranzadi Zientzia Elkarteko burua, elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.
Alderdi guztiek hitzarmen hau sinatzeko behar besteko gaitasuna aitortu diote elkarri, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren 2013-2016 Bake eta Bizikidetza Planak, 2013. urtean onartuak, bere 1. ekimenean jaso zuen memoria historikoari buruzko lehentasunen oinarrizko programa bat egin behar zela. Programa hori 2014ko azaroan aurkeztu zen, eta, bertan, lehentasunen artean, frankismoan (1936-1978) urratutako giza eskubideen oinarrizko txostena egin beharra eta txosten hori prestatzeko batzordea sortu beharra adierazi zen.
Hala, 2015eko abenduan, aurretiazko azterketa bat egin zen, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eskatuta, giza eskubideen nazioarteko eskubidea behatzen duten erakunde ofizialek Espainiako gerra zibilean eta ondorengo diktadura-garaian urratutako giza eskubideei buruz igorri dituzten adierazpen, aitorpen, txosten eta ebazpenik esanguratsuenak aztertzeko asmoz. Hori horrela, modu sistematikoan batu nahi izan dira erakunde horiek igorri dituzten elementu informatibo eta kritikoak, «1936-1978 urte bitartean urratutako giza eskubideei buruzko behin-behineko txostena» proiektatzeko oinarri gisa, txosten hori erabilgarria izan dadin, batez ere bidezko aspirazioen ikuspegitik, biktimen eta gizarte osoaren egiarako eskubidea aseta geratzeko.
Halaber, azterketa honetan metodologiaren aurretiazko proposamen bat egin nahi izan da, bai eta txostenaren behin-behineko aurkibidea, sumarioa edo egitura eman ere, eta, horren harira, biktimen kategorien zerrenda bat jaso eta txostena egiteko metodologia bat proposatu da.
Eremu honetan urteetan lanean diharduten EAEko erakunde publikoak hainbat dira. Gaiari buruzko dokumentazioa bildu dute, eta 1936-1978 urte bitartean urratutako giza eskubideei buruzko txosten hau egiteko interesa adierazi dute. Horren harira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia dauka, lehendakariari bakea behin betiko finkatzeko eta bizikidetzaren gizarte-normalizazioa lortzeko estrategia eta jarduerak definitzen eta zuzentzen laguntzen diona. Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuaren 19. artikuluan adierazitakoaren arabera, bada, honako eskumenak dauzka, besteak beste: memoria historikoaren politika publikoak zehaztea; biktima guztiekiko elkartasun, aitorpen eta arretarako politikak garatu, hedatu eta horiei jarraipena ematea; eta helburu horiek lortzeko erakunde, elkarte eta instituzioekin lankidetzan eta elkarrekintzan aritzea.
Horretarako, «Frankismoaren biktimen kudeaketa» izeneko fitxategian eta «Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen kudeaketa» izeneko fitxategian gai honekin lotutako dokumentazioari buruzko hainbat artxibo dauzka.
Azaroaren 27ko 4/2014 Legearen bidez sortutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren xedea da, gainera, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea. Institutu horren zereginen artean, honakoak aurki ditzakegu:
● Kontserbazioa, Euskadiko memoria demokratikoaren ondarea gordetzeko lana eginez, haren euskarri material guztietan.
● Ikerketa, instituzioekin, entitate espezializatuekin eta gogoeta-foroekin lankidetzan arituz, ikerketa- eta azterketa-lanen bidez benetako informazioa eta datuak biltzeko behar diren dokumentazio-azpiegiturak sortzeko.
● Parte-hartzea eta zabalkundea, memoriaren ondarea Administraziok herritar guztiei modu irisgarrian bermatu beharreko eskubidetzat hartuz.
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk), bere helburu eta eskumenen artean, jakitearen sorkuntza, kritika eta transmisioa sustatzeko bokazioa dauka, eta, hala, ezagutzaren aurrerapenean eta gizarte-garapenean laguntzen du, ikerketak egin eta horien emaitzak gizartean zabalduta (UPV/EHUko Estatutuak, 4.1.a artikulua). Era berean, unibertsitatean gaia hedatu eta proiektatzeko helburua dauka, gizarte- eta kultura-mailako desberdintasunak murriztu eta bizitza politikoan, kulturalean eta sozialean hobeto parte hartzea ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko asmoz (UPV/EHUko Estatutuak, 4.1.f artikulua). Eta, helburu horiekin batera, hitzarmen honen xedearekin hertsiki lotuta, UPV/EHUren estatutuek bizikidetza demokratikoa sustatzeko eta euskal gizartearen garapen bidezkoa eta iraunkorra indartzeko konpromisoa jasotzen dute, terrorismoaren eta indarkeriaren zantzu oro baztertuta (UPV/EHUko Estatutuak, 4.2.c artikulua).
Bizikidetza sustatzeko konpromiso hori, beraz, zuzenean lotuta dago proiektu honekin. Bada, Euskal Herriko Unibertsitateak profil bereziki egokia dauka proiektu honetarako, berau gauzatuko duen diziplina arteko ikerketa-talde independente eta kaudimenduna eratzen laguntzeko orduan. UPV/EHUk, gainera, guztien esku jarriko ditu dauzkan funts dokumental guztiak, eta, bereziki, gerra zibilaren, errepresio frankistaren eta memoria historikoaren azterketa historiko, mediko-forentse eta juridikoaren eremuan lan egiten aritu diren ikerketa-taldeekin lotutako horiek.
Aranzadi Zientzia Elkartea 1947an sortu zen ikerketa-zentro gisa. Artxiboan funts dokumental oparoa dauka, bai eta memoria historikoaren arloan gauzatu diren ikerketa zehatzen txostenak ere, euskal erakundeek finantzatuta. Material hori guztia ikerketaren profesionalen esku dago, eta urteetan zehar eskari partikularrei eta erakundeen eskariei erantzuna emateko balio izan du.
Horregatik guztiagatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmena arautuko duten
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Lankidetza-hitzarmen honen xedea da 1936-1978 urte bitartean urratu ziren oinarrizko eskubideei buruzko datuak batzea eta datuok lotu eta modu zientifiko eta sistematikoan aurkeztuko dituen oinarrizko txostena egitea, exekuzio, desagerpen behartu, hautazko atxiloketa, lan behartu eta erbesteratzeari bereziki erreparatuta.
Txosten hori oinarritzat hartuta, beraz, berau hedatzeko neurri osagarriak ezarriko dira.
Bigarrena.– Jarduerak.
Aurreko klausulan adierazitako xedea lortzeko, honako jarduera hauek gauzatuko dira:
● Alderdietako bakoitzak gai honekin lotuta daukan dokumentazioa aurkeztuko du.
● Batzorde akademikoak, bestalde, aurkeztutako datuak eta biltzeke daudenak aztertuko ditu, eta lan-plan bat egingo du, ikerketa-taldeak betearazi beharko duena.
● Ikerketa-taldeak datuak bildu eta ikerketak egingo ditu.
● Memoria-elkarteekin parte hartzeko dinamikak garatuko dira, ikerketaren emaitzak partekatu, eta, hala badagokio, informazio osagarria batzeko.
● 1936-1978 urte bitartean urratutako oinarrizko eskubideen txostena egingo da, exekuzioei, desagerpen behartuei, hautazko atxiloketei, lan behartuei eta erbesteratzeei bereziki erreparatuta.
● Azken agiria hedatuko da, eta, horretarako, agiri hori jendaurrean azalduko da. Fase horretan, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak parte hartuko dute.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren konpromisoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, konpromiso hauek hartuko ditu bere gain, hitzarmen honen garapenean aurreikusitako jarduerak burutzeko eta abian jartzeko:
1.– Batzorde akademikoaren esku jartzea Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzan eskuragarri dagoen honako material hau:
«Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen kudeaketa» (1978ra arte) izeneko fitxategian eta «Frankismoaren biktimen kudeaketa» fitxategian jasotako edukia. Bi horiek lehendakariaren otsailaren 25eko 8/2016 Dekretuaren bidez aitortu dira. Besteak beste honako dekretuei buruzko datu-basea identifikatu da: 280/2002 eta 22/2006 Dekretuak, Amnistiari buruzko Legean jasotako kasuen ondorioz askatasun-gabetzea jasan zuten pertsonentzako konpentsazioari buruzkoak, eta 107/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzeko eta biktima horiei ordainak ematekoa.
2.– Ikerketa-taldearen eta batzorde akademikoaren lanak sustatu, aholkatu eta babestea, jarraipen-batzordearen bitartez.
3.– Garatzen diren ekimenak hedatu eta txostena aurkezteko ekitaldi publiko bat egitea.
4.– Txostena Espainiako Gobernuari eta NBEko Giza Eskubideen Goi Mailako Ordezkaritzari edo/eta Nazio Batuetan giza eskubideak kontrolatzen dituzten gainerako erakundeei edo Europa-mailan antzeko eskumenak dituzten erakundeei helaraztea.
5.– Hitzarmen honen zortzigarren klausulan adierazitako diru-kopuruaren ekarpena egitea, zehaztutako xedeetarako.
Laugarrena.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren konpromisoak.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak honako konpromiso hauek hartuko ditu beregain, hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak burutu eta abian jartzeko:
1.– Memoriaren eta giza eskubideen elkarte desberdinekin parte hartzeko prozesu bat garatzea, txostena egiteko eta berau hedatzeko elkarrizketa konstruktiboa sortuko duten ikuspegiak jasoz.
2.– Txostenaren emaitzak hedatzea, eta, horretarako, hitzaldiak antolatu eta memoria-elkarteekin harremanetan jartzea.
3.– Txostenean jasotako eta aipatutako gaiak sustatu eta hedatzeko politika zehatzak bultzatzea, hezkuntzaren munduan.
4.– Hitzarmen honen zortzigarren klausulan adierazitako diru-kopuruaren ekarpena egitea, zehaztutako xedeetarako.
5.– 1936-1975 urte bitartean urratutako giza eskubideei buruzko txostenaren harira 2015eko abenduan egindako aurretiazko azterlana aurkeztea.
Bosgarrena.– UPV/EHUren konpromisoak.
UPV/EHUk honako konpromiso hauek hartu ditu:
1.– Batzorde akademikoaren esku jartzea UPV/EHUn eskuragarri dagoen material bibliografiko eta dokumentala, eta, batez ere, memoria historikoaren gainean egindako tesiak.
2.– Historiaren gaineko bi pertsona aditu jartzea, ikerketa-lanak egiteko, eta beste hiru pertsona, batzorde akademikoaren kide izateko: bat historia garaikidean aditua eta beste biak zuzenbidean adituak.
3.– Txostena egitean genero-ikuspegia sartzen dela bermatzea.
Seigarrena.– Aranzadi Zientzia Elkartearen konpromisoak.
Aranzadi Zientzia Elkarteak honako konpromiso hauek hartu ditu, hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak burutu eta abian jartzeko:
1.– Aipatu elkartearen artxiboetan dagoen material hau batzorde akademikoaren esku jartzea:
● Memoria historikoaren gaineko ikus-entzunezko lekukotasunak.
● El Ferroleko Erregistro Militar Nazionaleko (RMN) Bitarteko Artxibotik hartutako dokumentazioa, 50.000 pertsona baino gehiagori buruzkoa.
● Euskal Autonomia Erkidegoan hobietatik ateratako gorpuei buruzko txostenak.
● Gerra zibilaren eta frankismoaren biktimen beste zerrenda batzuk.
2.– Historiaren eta antropologiaren gaineko pertsona aditu bat jartzea, batzorde akademikoaren kide izateko.
3.– Historialari bat jartzea, landako ikerketa-taldean parte hartzeko.
4.– Txostena egitean genero-ikuspegia sartzen dela bermatzea.
Zazpigarrena.– Lan-taldeen osaera.
1.– Batzorde akademiko bat eratuko da, eta honakoak izango dira batzordekideak:
● Jon-Mirena Landa Gorostiza, Enara Garro eta Iosu Txueka irakasleak, UPV/EHUren aldetik.
● Lourdes Herrasti historialaria, Aranzadi Zientzia Elkartearen aldetik.
2.– Gainera, ikerketa-talde bat eratuko da, UPV/EHUko bi pertsonak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko pertsona batek osatuta. Talde hori arduratuko da batzorde akademikoak egiten duen lan-planean zehaztutako ikerketa-lana egiteaz, txostena prestatzeko beharrezkoak diren datuak jasotze aldera.
Zortzigarrena.– Hornidura ekonomikoa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, hogei mila (20.000) euroko ekarpena egingo du, hitzarmen honen bigarren klausulan deskribatutako jardueren kostuaren zati bat ordaintzeko. Kopuru hori aurrekontuko partida honen kargura egingo da:
16.0.1.01.31.0000.1.238.99.46210.002/M
2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak hogei mila (20.000) euroko ekarpena egingo du. Kopuru hori aurrekontuko partida honen kargura egingo da:
16.0.1.42.00.0000.3.238.99.46220.005/T
3.– Diru-ekarpena bi alditan ordainduko da, honela:
– Lehenengo ordainketa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak egingo duena, 20.000 eurokoa, batzorde akademikoak ikerketa-taldearen eskutik egin beharreko lan-plana prestatzen duenean eta berau jarraipen-batzordean onartzen denean, 16.0.1.42.00.0000.3.238.99.46220.005/T partidaren kargura. Lehenengo ordainketa horretatik 13.750,00 euro UPV/EHUri ordainduko zaizkio eta 6.250,00 euro Aranzadi Zientzia Elkarteari.
– Bigarren ordainketa, Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak egingo duena, gehienez ere 20.000 eurokoa, azken txostena aurkeztu ondoren, 16.0.1.01.31.0000.1.238.99.46210.002/M partidaren kargura. Bigarren ordainketa horretatik gehienez ere 13.750 euro UPV/EHUri ordainduko zaizkio eta gehienez ere 6.250 euro Aranzadi Zientzia Elkarteari. Ordaindu beharreko azken zenbatekoa egindako eta justifikatutako gastuen araberakoa izango da.
4.– Bitarteko ekonomikoak Bake eta Bizikidetzarako Idazkariak eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak kudeatuko dituzte zuzenean.
Bederatzigarrena.– Lankidetza ageriko egitea.
Sinatzaileek hitzarmen honen xede den lankidetza nabarmentzeko konpromisoa hartu dute. Berariaz jasota geratuko da alderdien arteko lankidetza, eta bermatuta egongo da sinatzaile guztien irudi korporatiboa ageriko egitea, ordezkagarritasun- eta neurri-ezaugarri berberekin, eta egokiak izan daitezkeen beste ezaugarri batzuk ezertan eragotzi gabe.
Hamargarrena.– Txostenaren jabetza intelektuala.
1.– Erakunde sinatzaileek hitzarmen honen baitan egindako ekintzen eta ikerketa-lanen ondorio diren datuak eta ezagutzak erabili ahal izango dituzte.
2.– Hitzarmen honen xede diren jardueren ondorioz argitaratutako txostenaren jabetza intelektualari datxezkion ustiapen-eskubideak haren sinatzaile guztienak izango dira, neurri berean.
Hamaikagarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Hitzarmenaren jarraipena egiteko, eta hura behar bezala interpretatzeko eta izan daitezkeen zalantzak argitzeko ere, jarraipen-batzorde bat zehaztuko da. Honako hauek osatuko dute batzordea:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik, Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia.
– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aldetik, institutuko zuzendaria.
– Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik, Amaia Maseda, UPV/EHUko errektoreordea, eta Jon Mirena Landa Gorostiza, proiektuaren koordinatzaile eta zuzendaria.
– Aranzadi Zientzia Elkartearen aldetik, Juan Aguirre, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia.
Batzorde horrek zehaztuko du nola jardun elkarrekin hitzarmen honen garapenean.
2.– Batzordeak bilerak egingo ditu gutxienez bi aldiz, proiektua garatzen ari den bitartean. Hala ere, aldian-aldian harremanak izango dira hala eskatzen duten gai guztietarako.
– Ikerketa-taldeak betearazi beharreko lan-plana prestatu ondoren.
– Azken txostena prestatu ondoren.
3.– Bilera bakoitzari buruz akta bat egingo du idazkari-lanetan ari den pertsonak. Pertsona hori Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak aukeratuko du, Idazkaritza horretara atxikitako teknikarien artean.
4.– Batzordeak oniritzia emango du, aurreikusitako jarduera bakoitza egin ahala. Baldintza hori ezinbestekoa izango da hitzarmen honen zortzigarren klausulan aipatutako ordainketa partzialak egiteko.
5.– Kide anitzeko organoei buruzko arauei lotuko zaie batzordearen araubide juridikoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluaren II. kapituluan bildutakoaren arabera.
Hamabigarrena.– Datu pertsonalak.
1.– Batzorde akademikoak eta ikerketa-taldeak (Aranzadi Zientzia Elkarteko eta UPV/EHUko langileez osatuak) egin beharreko lanetan gai honen gaineko indarreko araudian ezarritakoaren arabera araututako fitxategietan jasotako datu pertsonalak tratatzen badira, bi erakundeek fitxategi horien gaineko segurtasuna eta konfidentzialtasuna betetzeko eta konfidentzialtasun osoz jokatzeko bermea eta betebeharra izango dute, indarreko legediaren arabera, eta, zehazki, tratamenduaren arduradun diren aldetik, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta berau garatzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan jasotakoa bete beharko dute.
2.– Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren artean datuak helarazteko, Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 21. artikuluan ezarritakoa beteko da.
Hamahirugarrena.– Indarraldia eta iraungipena.
1.– Izenpetzen den egunetik 2016ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean hitzarmen hau.
2.– Hitzarmena amaituko da aurreko zenbakian ezarritako epea bukatzen denean, edota, bestela, alde guztiek idatziz horrela erabakitzen dutenean.
3.– Halaber, edozein alderdik amaitutzat eman dezake hitzarmena, alde bakarretik. Horretarako, amaiera hiru hilabete lehenago jakinarazi behar du gutxienez, idatziz. Amaiera gainerako alderdiei jakinaraziko zaie.
4.– Nolanahi ere, martxan dauden edo hirugarrenekin adostu diren jarduerek berariaz lotuko dituzte alderdi horiek, jarduerak amaitu arte, eta, azkenean egindako eta justifikatutako gastuak lehenengo ordainketan entregatutako zenbatekoak baino baxuagoak badira, ordaindu diren eta justifikatu ez diren zenbatekoak itzuli beharko dira.
Eta adostasunaren lekuko, hitzarmen hau izenpetu dute hitzarmeneko kideek lau aletan, orri guztietan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik, Jonan Fernández Erdozia.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aldetik, Aintzane Ezenarro Egurbide.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik, Iñaki Goirizelaia Ordorika.
Aranzadi Zientzia Elkartearen aldetik, Francisco Etxeberria Gabilondo.