EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2016189

EBAZPENA, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, 2016ko irailaren 15ekoa, zeinaren bidez Donostiako udal mugarteko UN.06 Artzabaleta lurzatiko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten baita.

Xedapenaren data: 2016-09-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201604194
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko urtarrilaren 6ko Ebazpenaren bidez, Donostiako UN.06 Artzabaleta lurzatiko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plan Berezia) ingurumen-azterlan estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zen, bai Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.
2016ko martxoaren 22ko iragarkiaren bidez, Donostiako Udalak jendaurrean jarri zuen Plan Berezia, ingurumen-azterlan estrategikoarekin batera, bai eta horren laburpen ez-tekniko bat ere, 45 egunez, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2016ko martxoaren 23ko datarekin.
Informazio publikoaren tramitea bukatutzat eman ostean, Donostiako Udalean bederatzi alegazio-idazki jaso dira orotara, zeinen edukiek ez duten inongo harremanik Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioarekin.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Donostiako Udalak, 2016ko martxoan, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zien, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txosten eta alegazioak aurkez zitzaten. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa eta Ura-Uraren Euskal Agentzia (Eusko Jaurlaritzaren organismoak); Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia, Kultura Zuzendaritza Nagusia, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusia (Gipuzkoako Foru Aldundiaren zuzendaritza nagusiak); Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Aranzadi Zientzia Elkartea, ENBA Gipuzkoa, Behemendi eta EHNE Gipuzkoa (interesduntzat jotzen dira).
Ukitutako administrazio publikoentzako eta interesdunentzako kontsulta-tramitearen emaitza ebazpen honetako eranskinean jasotzen da.
2016ko irailaren 1ean, Donostiako Udalak ingurumen-adierazpen estrategikorako eskaera egin du, otsailaren 27ko 3/1998 Legeak eta abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezarritakoaren arabera.
Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu ziren:
– UN.06 Artzabaleta lurzatiko Plan Bereziaren azken proposamena. Ed. 4, 2016ko ekainekoa.
– Ingurumen Azterketa Estrategikoa. Ed. 2.0, 2016ko ekainekoa, 2016ko uztailean osatua.
– Laburpena. Planaren azken proposamenean ingurumen-alderdiak integratzea. Ed. 0, 2016ko ekainekoa.
– Informazio publikoaren tramitearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.
– Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako entzunaldi-tramitearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen helburua honako hau da: ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen planak arautzeko oinarriak finkatzea eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, lege-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurraldearen antolamenduari.
Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-eraginari buruzko ebaluazio bateratua egin behar da, ingurumen-ebaluazio estrategiko gisa hartuta, arauaren I. eranskineko a) letran jasotako planekin lotuta, eta planen artean daude lege-xedapen batek beharturik prestatu eta onartutakoak, ingurumenean eragin nabarmena izan badezakete eta lurraldearen antolamenduarekin lotuta badaude. Plan batek ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeela jotzen da, besteak beste, ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badu.
Horrela, bada, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak eskatzen du Donostiako UN.06 Artzabaleta lurzatiko Plan Berezia (aurrerantzean, Plan Berezia) egitea eta onartzea, eta plan hori behin betiko onartzeko eskumena Donostiako Udalak dauka, arau horretan xedatutakoarekin bat etorriz. Era berean, Plan Bereziak ezartzen du Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroa kokatuko den esparruaren antolaketa zehatza (bertan, etxeko hondakinen balorizazio energetikorako instalazio bat sartzen da), eta, beraz, proiektuen ingurumen-eraginaren ebaluazioa egin behar zaio.
Halaber, Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta baita planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. eta hurrengo artikuluetan adierazitakoaren arabera, bai Donostiako Udalak, organo substantibo gisa, eta baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Estrategia Energetikoaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren txostenean dagoen dokumentazio teknikoa eta agiriak aztertu ostean, eta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola kontuan hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskudun gisa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen den, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du, hau da, Plan Bereziaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten duena eta Plana aplikatzeak ingurumenerako dakartzan ondorio nabarmenen aipamena jasotzen duena, azkenik onartzen den Plan Berezian bildu beharreko azken ebazpenak barne, ingurumenaren alorreko ondorioetarako bakarrik.
Orain arte azaldutako guztiari jarraikiz, espedientean jasotako txostenak aztertuta, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea ikusirik, baita aplikatzekoa den gainontzeko araudia ere, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako udal mugarteko UN.06 Artzabaleta lurzatiko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plan Berezia) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea. Donostiako Udalak sustatzen du adierazpen hori, eta honako ezaugarri hauek ditu:
A) Planak Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Azpiegituren Gipuzkoako Lurralde Plan Sektorialean (LPS) ezarritako esparruaren (Donostiako HAPO Hiri Antolaketarako Plan Orokorrean jasoa) hirigintza-antolamendu xehatua garatzen du.
Plan Bereziaren esparru geografikoari dagokionez, UN.06 Artzabaleta lurzatia hartzen du, Arkaitz errekaren ibarbidearen goiko aldean, Zubietako auzunean, Donostian. Esparru hori dokumentazio grafikoaren (behin betiko onarpena) II. Dokumentuaren 1. zenbakidun kokapen-planoan dago kartografiatuta – Ed. 4 (2016ko ekaina).
Lurzoru ez-urbanizagarriko esparru horretan, zeina Donostiako HAPOk Zerbitzu Azpiegituren Sistema Orokor gisa kalifikatzen baitu, hirigintza-antolamendu xehatua egin behar da, Artzabaletako inguruan Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroa ezarri ahal izateko (Gipuzkoako Ingurumen Gunea – 1. fasea, GIG-1), interes publikoko zerbitzu-azpiegitura baita.
Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren bidez, gainera, ingurumen-alderdiak integratzen dira planean eta ingurumenaren aldetik bideragarriak diren antolamendu xehaturako aukerak zehazten dira. Horretarako, ingurumenaren gaineko eraginak aurreikusten dira –lurzatian Plan Berezi horren esparrukoak diren eraikuntza-egitura batzuek duten kokapen zehatzaren ondoriozkoak–, eta eragin horiek saihestu, zuzendu edo konpentsatzeko beharrezkoak diren zehaztapenak sartzen dira.
Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren ikuspuntutik, kontuan hartu behar da instalazioaren eraikuntza eta muntaketa lanak egiteari dagozkion alderdiak dagoeneko ebaluatu direla Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroaren proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozeduran.
Hori dela eta, hainbat plan direla kontuan hartuta (erabakitzeko esparru hierarkiko desberdinetan egituratuak) eta ebaluazio bat baino gehiago egitea saihesteko, eta, horrela, ingurumen-eragin nabarmen guztiak behar bezala ebaluatuko direla ziurtatzeko, Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoak erabakitze-prozesuaren unean-uneko faseari dagozkion zehaztapenetan jarri behar du arreta, beste fase batzuetan behar bezala ebaluatu ez direnetan.
Horrela, esparruaren egungo egoeratik abiatuta, antolamendu xehatuko zenbait aukera aztertu dira, zeinen alderik garrantzitsuena plataforma desberdinen kota baita. Azkenean, hautatu den antolamendu xehatuko aukera (kota + 112) egokiagoa da, batez ere paisaian eragin gutxiago daukalako eta lurren mugimenduak dakartzan ondorioak minimizatzeko.
Gainera, kultur ondarearen babesarekin lotutako beste ingurumen-alderdi batzuk ere hartu dira kontuan (Santiago bidea, hain zuzen ere), baita kutsadura akustikoarekin lotutako alderdiak ere, etorkizunean izango diren instalazioen eraikuntza-partzelen antolaera kontuan hartuta.
B) Plan Bereziaren tramitazioa burutu bitartean ez da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk gehitu.
C) Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak indarreko araudiaren arabera hartuko dira, bai hurrengo idatzi-zatietan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterlan estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere bai.
Plan Bereziak Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.k 2016ko maiatzaren 26ko txostenean egindako proposamena onartu beharko du, hau da, Santiago bidearen egungo ibilbideari eustea –Saiatz bide-adarra–, Plan Bereziaren antolaketa-eremutik igarotzen baita.
D) Planetik ondorioztatutako plan eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.
Nahikotzat jotzen dira Ingurumen Sailburuordetzak hartutako jarraibideak; hain zuzen ere, ingurumen-eragina ebaluatzeko Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Zentroaren prozeduran hartutakoak –Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U. enpresak Plan Bereziaren esparruan bultzatua–.
Bigarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 15a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.
ERANSKINA
Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako entzunaldi-tramitearen emaitza, Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategikoa dela eta.
Eranskin honetan aztertzen da administrazio publikoei eta interesdunei egindako entzunaldi-tramitean jasotako txostenen edukia, ingurumen-ebaluazio estrategikoaren helburu diren Plan Bereziko alderdiei dagokienez, hau da, Planaren esparruko antolamendu xehatutik eratorritako ingurumenarekiko eragin posibleei loturiko alderdiekin lotuta.
Ingurumen-adierazpen estrategikorako eskabideari lotutako espedientean, honako organismoen txostenak daude jasota:
– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.
– Kantauriko Ur-konfederazioa.
– Uraren Euskal Agentzia. Ura.
– IHOBE. Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.
– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
Txosten horien edukia aztertu ondoren, Planaren esparruko antolamendu xehatutik eratorritako ingurumenarekiko eragin posibleekin zuzenean lotutako gai garrantzitsu bakarra da Santiago bidean izan dezakeen eragina.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Plan Bereziaren esparruan Santiago bidearen egungo ibilbidea eusteari edo aldatzeari buruz egindako azterketa ikusita, sustatzaileak (Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U.) ibilbideari eustea proposatu du.
Donostiako Udala ados dago sustatzailearen proposamenarekin, eta, beraz, Planean jasota geratu beharko da, ebazpen honetako lehenengo zenbakiko C letran ezartzen den bezala.