EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016188

EBAZPENA, 2016ko irailaren 8koa, HABEren zuzendari nagusiarena, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2016-2017 ikasturteko diru-laguntzak emateko baldintzak ezartzen dituena.

Xedapenaren data: 2016-09-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201604178
Maila: Ebazpena
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk laguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzegintzan jardunez, HABEk jarritako helburuak lor daitezen, HABEren zuzendari nagusiak ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran diru-laguntzen deialdia egingo duelarik.
Bestalde, HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak arautzen ditu HABEk, bere baliabideen arabera, ikasturtero ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek euskara-ikastaroak emateko bete behar dituzten baldintza akademikoak eta HABErekiko harremanetan aintzat hartu beharrekoak.
Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak, 2013an onartu zuen Euskararen Agenda Estrategikoan, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako diru-laguntzak aurreikusi zituen 3.1. Euskararen Gaitasuna eta Erabilera eremuko atalean; hain zuzen ere, «EGE 14.5 Euskaltegi publikoen eta pribatu homologatuen finantzaketara laguntza deialdiak egin» kodea duen ekintza-atalean, eta horren ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak 2016ko maiatzaren 2ko Aginduz onartu zuen Plan Estrategikoan jaso zituen diru-laguntza horiek.
Bidezkoa da, beraz, 2016-2017 ikasturterako diru-laguntzen deialdia egitea eta finantzaketa-moduluak ezartzea, honen bidez udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, hau da, udal euskaltegi deituei, dagozkienak finkatuz.
Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezartzen dutenaren arabera,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
1.– Ebazpen honen bitartez, udal euskaltegiek 2016-2017 ikasturtean (2016ko urri-abendua eta 2017ko urtarril-iraila) emandako ikastaroen finantzaketarako laguntzak arautuko dira.
2.– Laguntzarako eman daitezen kopuruak HABEk bere aurrekontuetan horretarako dituen fondoetatik emango dira, hau da, 11.604.025 euro, dirutza hori izango delarik aurreikusitako laguntza guztien gehienezko muga jarriko duena.
3.– Dirutza hori eskatutako finantzaketa behar guztiei erantzuteko aski ez balitz, diru-laguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean, deialdi honetan ezartzen diren irizpideei jarraikiz jaso beharko lituzketen kopuruak kontuan izanda.
2. artikulua.– Onuradunak.
1.– Ebazpen honen bidez deitutako diru-laguntzen onuradunak euskaltegi publikoak, HABEren Erregistroan horrela sailkatutakoak, izan daitezke.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza izango da deialdi honen I. eranskinak araututakoa betetzea. Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak ezarritako baldintzez gain, C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea eta HABEk emandako gaikuntza didaktikoa izan beharko dituzte; eta ikasleek C1 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute.
3.– Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu, sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
4.– Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea diru-laguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.
5.– Diru-laguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.
3. artikulua.– Kopuruak mugatzeko irizpidea.
Honako era honetan kalkulatuko da HABEk onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza:
1.– Deialdi honen I. eranskinak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroei aurre egiteko behar eta eskolak ematen dituzten irakasleak babestuko dizkio HABEk 2016-2017 ikasturtean euskaltegi bakoitzari, dagokion zuzendari, idazkari didaktiko eta bulegoko pertsonalaz gain.
Irakasle-beharrak urrian hasitako ikastaldeen orduen, autoikaskuntzako matrikulen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera onartutako ikastaldeen orduen eta autoikaskuntzako matrikulen arabera erabakiko dira, ikasturte osoko proiekzioa eginda eta 2010erako Euskal Toki Erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen UDALHITZ izeneko Hitzarmenak aitortutako eskola-orduen kopuruan oinarrituta.
Taldeen osaketarako, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak, 5. artikuluan ezarritako irizpideak bete beharko ditu euskaltegiak. Hala ere, euskaltegi batek talde-ratioari dagokion batez bestekoa betetzen ez badu, Ebazpen horren 10.6 artikuluak aurreikusi bezala, proiekzioko orduak baldintza hori betetzeraino doitu ahal izango dira irakasle beharrak erabakitzeko.
Halaber, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluaren azken pasartean aurreikusitakoaren arabera, 2016-2017 ikasturtearen hasieran, hau da, urrian, herri-tamainaren arabera dagokion ikasleen gutxieneko kopurura heltzen ez diren hondar-taldeak ere diruz lagungarriak izan litezke salbuespen gisa, betiere kontuan izanda, alde batetik ikasleen maila eta ordutegien arabera taldea osatzeko beste aukerarik dagoen eta, bestetik, euskaltegiaren jarduera osoarekiko alderaketa, aldez aurretiko Ikuskatzailetzaren txostena jasota.
Era honetako hondar-talderik onartua izateko, bi baldintza bete beharko ditu euskaltegiak:
– Ikasle horiek (maila eta ordutegiaren arabera) beste taldeetan txertatzeko ezintasuna.
– Euskaltegiaren ikasturte-hasierako talde-orduen % 10 baino gutxiago izatea salbuespen-gai diren taldeen orduak.
Honelako hondar-talderik daukan euskaltegiak HABEren zuzendari nagusiari dagokion eskari arrazoitua helarazi beharko dio 2016ko urriaren 10a baino lehen.
Autoikaskuntzako matrikulen kasuan ere, 2016-2017 ikasturtean hasitako matrikulen ordu teorikoak 2015-2016 ikasturtean ordu teorikoetatik errealetara eman zen aldearen proportzio berean doituko dira (deialdi honen I. eranskinaren 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera), baldin eta 2015-2016 ikasturteko ordu teorikoak baino gehiago badira; gutxiago balira, aldiz, gehienez ere, 2015-2016 ikasturteko ordu errealak izango dira.
Irakasle-beharraren gutxieneko unitatea irakasle erdia izango da, horretatik hurbilenekora biribilduz.
2.– Langileen kostuak kalkulatzeko, 2010erako UDALHITZ izeneko Hitzarmenak aitortutako soldata gordinari dagozkion kopuruak bakarrik hartuko dira kontuan, deialdi honetarako % 1eko igoera aplikatu ondoren. Kopuru horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen legea aldatzen duen ekainaren 24ko 3/2010 Legearen laugarren xedapen gehigarriaren arabera egokituta, hauek dira horren ondoriozko laguntza-kopuruak:
Diru-laguntzen esleipenean, soldataz gain, antzinatasunaren hirurtekoengatiko kopurua ere aintzat hartuko da behin betiko karrerako funtzionarioen eta lan-itunpeko behin betiko langileen kasuan.
4. artikulua.– Eskarien aurkezpena.
1.– Eskariak HABEren zuzendari nagusiari luzatuko zaizkio Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita 2016ko azaroaren 7ra bitarteko epean.
2.– Eskatzaileak II. eranskineko inprimakia behar bezala betea ekarriko du. Bertan, 2016-2017 ikasturtean ikasleek ordaindu beharreko matrikula-saria eta euskaltegiak emango dituen aurrez aurreko eskola-orduak eta autoikaskuntzarako matrikula-kopurua zehaztuko dira. Eskola-ordu eta matrikula hauek bat etorri beharko dute 2016-2017 ikasturterako hasitako ikastalde eta ikasleen arabera aurreikusten diren guztirako aurrez-aurreko orduekin eta autoikaskuntza-matrikulekin, ebazpen honen 3. artikuluan irakasleen beharrak erabakitzeko ezartzen diren irizpideak kontuan hartuta.
Eskari honetan, deialdi honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroak soilik hartuko dira aintzat.
3.– Halaber, euskaltegiko langileria osoaren informazio zehatza helaraziko du behin betiko karrerako funtzionarioei edo lan-itunpeko behin betiko langileei aitortzen zaizkien antzinatasun-data eta hirurtekoen kopuruak bereziki zehaztuz.
4.– Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan eta garbi adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela, aldez aurreko ebazpenaren bitartez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan jasotako baldintzetan.
5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.
HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.
6. artikulua.– Diru-laguntzen ebazpena.
1.– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari diru-laguntza finkatzeko onartzen zaion pertsonala eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko zaizkio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta Ebazpen honen 7. artikuluak dioenaren arabera.
2.– Ebazpena 2016ko abenduaren 31 baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.
3.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.
7. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.
Ikasturteko behin betiko datu errealak eta pertsonal gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, diru-laguntzak emateko erabakia aldatu ahal izango da. Zentzu horretan, HABEren zuzendari nagusiak kitapen-ebazpena egingo du, datu errealen eta 3. artikuluan finkatutako irizpideen arabera emandako laguntza-kopuruak doituz.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta, edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira.
8. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Erabaki honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebeharreko hauek izango dituzte:
1.– Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
2.– Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.
3.– Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak, Eukal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, xedapen horretan ezarritakoaren arabera eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren arabera, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.
4.– Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako diru-laguntzaren izaera publikoari, diru-laguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.
9. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
1.– Diru-laguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:
a) Diru-laguntzaren ebazpena hartzean, 2016ko abendua amaitu baino lehen, esleitutako diru-laguntza osoaren % 6,43 ordainduko da, eta, 2017ko urtarrilaren 20a baino lehen, % 16,40.
b) 2017ko apiriletik aurrera, udal euskaltegiek 2016ko urria-abendua epeko gastuen zuri-agiriak bidali eta HABEk aztertu eta onartu ondoren, diru-laguntzaren ebazpenean esleitutako laguntzaren % 55 ordainduko da.
c) Ikasturtearen dokumentazio frogagarriak jaso eta gero, dagozkion egiaztapenak egin eta diru-laguntzaren kitapena burutu ondoren, geratzen den kopurua ordainduko da, kasu bakoitzean dagokiona kitatuko delarik.
2.– Dokumentazio frogagarria diru-laguntzaren kontura aurreratutako kopurua estaltzeko adina ez bada, onuradunak behar ez bezala jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, HABEk eginiko jakinarazpenetik hasita hilabeteko epean, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritako prozedurari jarraikiz. Ordainketa edo itzulketa hori emandako diru-laguntzaren behin betiko kitapena izango da.
3.– Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea diru-laguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.
10. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.
2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.
3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.
11. artikulua.– Zuriketa.
1.– Udal euskaltegiek jasotako diru-laguntzen zuriketa beren langileen soldata gastu gordinei buruz euskaltegiaren legezko ordezkariak luzatutako egiaztagiriaren bitartez egingo da.
Halaber, lehen zuriketarekin batera, euskaltegiaren 2016 urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruz euskaltegiaren legezko ordezkariak sinatutako egiaztagiria erantsiko da, izan dituen benetako sarrerak eta gastuak atalez atal zehaztuz.
Gastuak ez zuritzeak diru-laguntza osorik bertan behera uztea ekarriko du eta, horrez gainera, kasu honetan, ordaindutako kopuruak itzuli beharko dira abenduaren 17ko 698/91 Dekretuaren arabera.
2.– Aipatutako egiaztagiriak HABEri aurkezteko epeak:
a) 2017ko otsailaren 10a, 2016ko urritik abendura bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2016. urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruzko egiaztagiria aurkezteko.
b) 2017ko urriaren 11, 2017ko urtarrila-iraila bitarteko gastuen zuri-agiriak aurkezteko.
12. artikulua.– Hutsegiteei eta ez-betetzeei buruzko arauak.
Edozein kasutan, deialdi honetako onuradunak lotuta daude azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta azaroaren 17ko 38/2003 Legean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.
Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko xedapenek ezarritakoa erabiliko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.
Donostia, 2016ko irailaren 8a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.
I. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira, HABEren diru-laguntzen deialdian partaide izateko, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro guztiek 2016-2017 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko irizpideak:
1.– Ikasturtea.
Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroen ikasturtea, 2016ko urriaren 1ean hasi eta 2017ko irailaren 30ean amaituko da. Betiere, helduen euskalduntzearen antolaketaren baitan, irizpide hauen ardatzetan:
– Irailean zehar hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira eta, diru-laguntzetan onartuak izateko, ikastaro hauetako talde guztiek 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluan taldeak antolatzeko ezarritako gutxieneko ikasle-kopurua izan beharko dute, ikastaroaren hasiera egunetik bertatik, lehenengo eskola-eguna barne.
– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira, irailaren 30era bitartekoa batean eta urriaren 1etik aurrerakoa beste ikasturtera bilduz.
Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasierako zirkularraren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.
2.– Aurrez aurreko irakaskuntzan.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:
2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak:
a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 6 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.
b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak: A1 mailan gutxienez 125 irakastordu jarraian eta A2, B1, B2 eta C1 mailetan gutxienez 165 irakastordu jarraian osatzen dituzten ikastaroak.
c) C2 mailako ikastaroak:
C2 mailako ikastaroek bi atal dituzte:
– C2 maila aurrez aurreko irakaskuntzan gutxienez 150 eta gehienez 200 irakastordu. Ikastaro honetan ikasle guztien abiapuntua C1C1 eta helburua C2C1 izango dira. Diru-laguntzen barruan urritik ekainera bitartean antolatutako ikastaroak bakarrik onartuko dira.
– Autoikaskuntzan 15 tutoretza-ordu ikasleko. Ikastaro honetako ikasle guztien abiapuntua C2C1 eta helburua C2C2 izango dira. Atal hau ikasturte berean edo hurrengoan egin ahal izango da, baina osorik eta zatikatu gabe.
2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak:
a) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.
b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.
c) Baldintza hauetatik kanpo ondoko ikastaroak antolatu ahal izango dira udan ekainetik irailera bitartean HABEren diru-laguntzapean, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean (ikasturtean zehar euskaltegi edo zentro berean ikasitako ikasleak, euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehenengo deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duten edo agiria eskuratu ez duten ikasleak...):
– Ekainetik irailera bitarteko udako ikastaroetan HABEren mailak egiaztatzeko bigarren deialdian aurkeztuko diren ikasleentzat maila burutzeko helburua izanik eta trebetasun zehatzak lantzeko osatzen diren ondoko ikastaroak eta aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena behar ez dutenak:
.– Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
.– Udako barnetegi ikastaroak: aste beteko udako barnetegiak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu irakastordu. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
– Ikastaro horiez gain euskaltegiak besterik emateko asmorik badu eta diru-laguntzapean bildua izan dadin, aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena beharko luke.
2.3.– Maila burutzeko ikastaroak:
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2 eta C1 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroak:
a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua A1A0 salbuespenik gabe.
b) A2, B1, B2 eta C1 mailak burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 120 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, burutu nahi den mailaren aurreko azpimaila.
c) C2 mailako HABEren ohiko deialdietako egiaztatzegintza-probak gainditu ez dituzten ikasleei zuzendutako ikastaroak: gutxienez, 60 irakastordu.
Aurreko puntuetan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduena izango da, hauen arteko atsedenaldiak kanpoan utzita.
3.– Autoikaskuntzan.
HABErentzat onargarria izan dadin, autoikaskuntza bidezko ikaskuntzak honako baldintzak bete behar ditu:
3.1.– Ikastaro-moduluei dagokienez:
a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 9 hilabetez bakarlanean, mintza– eta tutoretza-saioetan banatuta.
b) 100 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 4 hilabetez bakarlanean, mintza– eta tutoretza-saioetan banatuta.
c) 70 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, ekainetik irailera bitarteko udako autoikaskuntza-ikastaroetan, bakarlanean, mintza– eta tutoretza-saioetan banatuta.
3.2.– Bestelako baldintzak:
Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da diru-laguntzetarako. Beraz, ikastaroaren gehienezko orduak eman eta hartutako mintzasaio eta tutoretzakoak gehi ikasleak bakarlanean emandako orduen batura izango da.
Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza ordukoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa.
Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.
Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, diru-laguntzetarako ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza– eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.
Autoikaskuntzan ikasprozesuaren jarraipena bermatzen duen e-learning plataforma batean ostatatua egon beharko da ikasmateriala, ikasleak bere kasa, mintza– eta tutoretza-saioetan egiten duen lana eta emandako denbora HABEk jarraitzeko era izan dezan. Hori izan ezean, ikas-prozesuaren jarraipena bideratu ahal izateko tresnaren bat proposatu beharko dio euskaltegiak HABEri, honek onar dezan. Halaber, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasle guztientzako mintza-saioen eta tutoretza-saioen plangintza bermatu beharko du. HABEren zuzendari nagusiak zehaztuko duen maiztasunaz eman beharko dio horren berri, baita ikasleen asistentziarena ere.
IKTen bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».
3.3.– C2 maila autoikaskuntzan:
HEOCaren C2 maila autoikaskuntzaren bidez eman ahal izateko, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena izan beharko du eta diru-laguntzari dagokionez, atal honetan autoikaskuntzarako zehaztutako irizpideak aplikatuko dira. Autoikaskuntzaren bidezko C2 mailako ikastaroek bi atal dituzte:
a) Eskariaren arabera onartutako autoikaskuntza-ikastaroa. Atal honetan ikasle guztien abiapuntua C1C1 eta helburua C2C1 izango dira.
b) Autoikaskuntzan 15 tutoretza-ordu ikasleko. Ikastaro honetako ikasle guztien abiapuntua C2C1 eta helburua C2C2 izango dira. Atal hau ikasturte berean edo hurrengoan egin ahal izango da, baina osorik eta zatikatu gabe.
4.– Jardun biko ikastereduan.
4.1.– HABEren diru-laguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan behar dute aurrez aurreko jardunean, bakarkako jardun tutorizatuan eta tutoretza-saioetan banatuta:
a) Aurrez aurreko jardunean, gutxienez, 40 eta gehienez 120 irakastordu.
b) Bakarkako jardun tutorizatuan, gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.
c) Tutoretza-saioetan, aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.
4.2.– Ikastaro horiez gain, euskaltegiak beste ikastarorik emateko asmorik badu eta diru-laguntzapean bildua izan dadin, aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena beharko luke.
5.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.
5.1.– Aisa, Dendaketan eta Ostalaritza ikastaroak: 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra. Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, onartutako taldearen eskola-ordua, oinarrizko moduluaren bitartez babestuko da, euskaltegiaren ratioan eraginik izan gabe.
5.2.– Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, ESEP, LanHitz edo gutxienez udal-mailako zein erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortuak eta txertatuak dauzkaten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu.
Kasu bakoitzean, eskariarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskarian ikastaro bereziaren bitartez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.
5.3.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak: egunean, gehienez, 8 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.
5.4.– Euskaltegietan aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak: egunean 5 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.
6.– Malgutasuna.
Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago. Zuzendaritza honek helduen euskalduntzearen sustapenari begira eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako lehentasunak kontuan hartuz ebatziko du eskariaren gainean. Erabakia ezezkoa balitz, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.