EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016188

AGINDUA, 2016ko irailaren 21ekoa, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, jakitera ematen duena 2016an EAEn nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei laguntzak emateko deialdia, azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuaren barruan («Elkarteak» Programa).

Xedapenaren data: 2016-09-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201604173
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/12/12an argitaratutako 2011/11/15eko 201100233 DEKRETUA

2011ko abenduaren 12an, honako hau argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 233. zenbakian: 233/2011 Dekretua, azaroaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» Programa).
Dekretu horretako 8.6 artikuluan ezarritakoaren arabera, sailburuaren agindu baten bidez erabakiko da urtero zer eperen barruan aurkeztu behar diren laguntza-eskaerak, zer irizpide aukeratuko diren 7.1 artikuluan ezarritakoen artetik, zein den sektore bakoitzerako (nekazaritza, arrantza, elikagaigintza) aurrekontu-esleipena, eta zer diru-laguntza eman daitezkeen gehienez ere diruz lagun daitezkeen 5. artikuluko gastu hauetarako: a) ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkionak, b) funtzionamenduaren gastu arruntak, c) izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkionak eta d) nekazaritza, arrantza eta/edo elikadurari buruzko azokak eta lehiaketak antolatzeko egindakoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legeak bideratuta ditu deialdi honetarako aurrekontuak.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 1.– Agindu honen helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialetarako laguntzen deialdia egitea, 2016. urtean. Laguntza horiek azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan ezarritakoak dira (Elkarteak Programa).
Zazpiehun eta berrogeita hamabost mila hirurehun eta hirurogeita hamabi euro (755.372,00) erabiliko dira guztira horretarako, 2016. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru-kopuru hori:
– Nekazaritza-sektorerako: laurehun eta hirurogeita hamabost mila (475.000) euro.
– Elikaduraren sektorerako: ehun mila (100.000) euro.
– Arrantza-sektorerako: ehun eta laurogei mila hirurehun eta hirurogeita hamabi euro (180.372).
2.– Sektore bakoitzerako emango diren diru-laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Egoera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko zerbitzu-zuzendariaren ebazpen baten bidez, diru-laguntzak esleitu baino lehen.
Bigarrena.– 1.– Pertsona onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, jarraian sektoreka adieraziko diren balorazio-ehuneko metakorrak aplikatuko zaizkio onartutako gastuaren zenbatekoari, aurrez aipatutako dekretuko 5. artikuluan finkatutako mugen barruan betiere:
Elikaduraren sektorea:
a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (% 10eraino).
b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 10eraino).
c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 20raino).
d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (% 20raino).
e) Azoka profesionaletan duen parte-hartzea (% 10eraino).
f) Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan (% 15eraino).
g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (% 15eraino).
Nekazaritza-sektorea:
a) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 25eraino).
b) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 20raino).
c) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak dagokion sektorea modernizatzeko eta hobetzeko sustatzen dituen jarduera eta ekimenetan erakundeak izan duen lankidetza-maila (% 10eraino).
d) Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua (% 10eraino).
e) Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta beren emaitzek arloaren hobekuntzari, garapenari eta modernizazioari ekar diezazkieketen abantailak ere (% 20raino).
f) Zuzendaritza-organoetan dagoen emakume-ehunekoa. (% 10eraino).
g) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan (% 5eraino).
Arrantza-sektorea:
a) Lurralde historikoetako zenbait elkarte batuta sortu berri den elkartea edo federazioa (% 20raino).
b) Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (% 15eraino).
c) Erakundeak sektore bakoitzean garatu eta/edo sustatzen dituen jardueren garrantzia (% 15eraino).
d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila (% 15eraino).
e) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak dagokion sektorea modernizatzeko eta hobetzeko sustatzen dituen jarduera eta ekimenetan erakundeak izan duen lankidetza-maila (% 15eraino).
f) Ekoizpenaren garrantzia, lehen sektorearen barruan (% 10eraino).
g) Elkartea osatzen duten ekoizle edo egileen kopurua (% 10eraino).
2.– Lehenengo atalean ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, diru-laguntza proportzionalki banatuko da sektore bakoitzeko onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte. Sektore bakoitzaren barruan diru-laguntza sobera badago, soberakin hori gainerako sektoreei esleituko zaie, harik eta soberakina erabat agortu arte. Ehunekotan neurtuta aurrekontu-beharrik handienak dituenari emango zaio lehentasuna.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzko azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan («Elkarteak» programa) ezarritako diru-laguntzak jaso ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
1.– Onuradun izatea, erreferentziako dekretuko 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– Dekretu horretako 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
Laugarrena.– 1.– Diru-laguntza eskaerak egiteko, aipatutako dekretuko I. eranskineko inprimaki arautuak aurkeztu beharko dira, 8. artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera.
2.– Diru-laguntza eskaerak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetara bidali behar dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste edozein bidetatik aurkeztu. Sektore bakoitzak dagokion zuzendaritzara bideratu behar ditu eskaerak:
a) Nekazaritza-sektoreak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara.
b) Elikaduraren sektoreak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzara.
c) Arrantza-sektoreak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara.
3.– Aurkeztutako eskabideak akatsen bat badu edo behar bezalako zehaztasunak ematen ez baditu, edota baldintza guztiak betetzen ez baditu, errekerimendu bat egingo zaio interesdunari, akatsa zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko hamar eguneko epearen barruan. Adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta ebazpen bat egingo dela, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21 artikuluak ezarritakoari jarraituz.
Bosgarrena.– Azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuan («Elkarteak» Programa) aurreikusitako laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuz.
Seigarrena.– Dagokion zuzendaritzak, eskaera jaso duenak, izapidetu, ebatzi eta ordainduko ditu laguntza-eskaerak, azaroaren 15eko 233/2011 Dekretuaren 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
Zazpigarrena.– Aurrez aipatutako dekretuaren 5. artikuluan adierazitako gastuak lagundu ahal izango dira diruz 2016an, honako zenbateko hauekin:
a) Ordezkaritza-zereginak betetzeko gastuak: % 90 gehienez ere.
b) Funtzionamendu-gastu arruntak: gastuen % 50 gehienez ere. Hala ere, zenbait funtzionamendu-gastuetan 50 eurotik gorako ordainagiriak (BEZa barne) baino ez dira hartuko diruz lagundu beharrekotzat: bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairua, aseguru-primak, garbiketa- eta erkidego-gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenetako kuotak, kontserbazioa eta konponketak.
c) Ikasketa-gastuak eta ekintza esperimentalen gastuak, gehienez ere % 100.
d) Azokak eta ekitaldiak antolatzeko gastuak, % 100 gehienez ere.
Zortzigarrena.– Hona hemen diru-laguntzen gehieneko zenbatekoak, kontzeptu jakin batzuetarako:
a) 75.000 euro, Autonomia Erkidego, Estatu eta Batasunaren eremuetan bazkideen interesak defendatzeko eman eta aitortu zaizkien ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkion gastuetarako.
b) 100.000 euro, elkarteen funtzionamendurako gastu arruntak ordaintzeko, gastu horiek elkarteen helburu sozialak behar bezala bete daitezen sustatzeko badira betiere.
c) 120.000 euro, izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteko gastuetarako, baldin eta jarduera eta azterlan horien helburua bada sektoreetako jardueren baldintzak eta baldintza sozioekonomikoak sustatu eta hobetzea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 21a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.