EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-10-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016188

EBAZPENA, 2016ko irailaren 19koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, «René Cassin» sarirako 2016ko deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-09-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201604167
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/10/24an argitaratutako 2013/10/16ko 201300427 DEKRETUA

2013ko urriaren 16ko 427/2013 Dekretuak arautzen du René Cassin saria, zeinaren helburua baita jendaurrean aitortzea eta nabarmentzea pertsonek eta elkarteek giza eskubideen arloan egin duten lan esanguratsua eta ibilbide pertsonal edo profesionalaren bidez giza eskubideen sustapen, defentsa eta zabalkundean hartu duten konpromisoa.
Dekretu horren 3. artikuluan aurreikusten denez, urtero, Giza Eskubideen arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak saria emateko deialdia egingo du, ebazpen bidez; artikulu horren arabera, halaber, deialdian ezarriko da zenbat diru emango den sariaren bidez, eta hautagaiak aurkezteko epea eta tokia zein diren.
Halaber, aipatu dekretuaren 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, saria merezi duten pertsona edo pertsonak hautatzeko epaimahai bat eratuko da, Giza Eskubideen arloari loturiko itzal aitortua duten 9 pertsonez osatutakoa. Giza Eskubideen arloan eskumenak dituen zuzendaritzako titularrak izendatuko ditu pertsona horiek, ebazpen bidez.
Horrenbestez, 2016ko ekitaldian, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du sarirako deialdia, eta epaimahaikideak izendatu.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da «René Cassin» sarirako 2016ko deialdia egitea.
2. artikulua.– Diru-zenbatekoa.
Sariaren diru-zenbatekoa 12.000 euro da.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera.
2.– Hautagaiak Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara bidali behar dira (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz), eta, horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein modu erabili ahal izango da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
3.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak bermatu egingo du herritarrek gaztelania nahiz euskara erabili ahal izango dutela, ahoz zein idatziz, zuzendaritzarekiko harremanetan.
4. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Hauek izango dira epaimahaiko kideak:
Presidentea: Jonan Fernández jauna, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia.
Bokala: Silvia Escobar Moreno andrea, Giza Eskubideen inguruko gaietarako Espainiak 2011ra arte izandako misio bereziko enbaxadorea.
Bokala: Jon Mirena Landa Gorostiza jauna, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria 2005etik 2009ra.
Bokala: Maixabel Lasa Iturrioz andrea, Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria 2001etik 2012ra.
Bokala: Juan José Alvarez Rubio jauna, EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna, Zuzenbidean doktorea.
Bokala: Izaskun Moyua Pinillos andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari nagusia 2005etik 2009ra.
Bokala: Mikel Mancisidor de la Fuente jauna, Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea.
Bokala: M.ª del Carmen Hernández andrea, Jesus María Pedrosaren alarguna.
Bokala: Mariano Ferrer Ruiz jauna, kazetaria.
Idazkaria: Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz araututa ez dagoen guztirako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimena arautzen duen araudia, eta 2013ko urriaren 16ko 427/2013 Dekretua, Giza Eskubideen René Cassin saria arautzen duena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beraz, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 19a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.