EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016186

AGINDUA, 2016ko uztailaren 28koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, udalei bake-epaitegien 2016ko funtzionamendu-gastuetarako diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201604125
Maila: Agindua
Botere Judizialaren Lege Organikoak xedatzen duenez, udalerriaren esparruan txertatutako organoak dira bake-epaitegiak, eta Auzitegi eta Epaitegien Mugape eta Antolaketari buruzko abenduaren 28ko 38/1988 Legearen 50. eta hurrengo artikuluetan jasotako aurreikuspenen arabera, instalazioak eta baliabide materialak, besteak beste, udalaren ardura dira aipatutako bake-epaitegirik dagoen lekuetan. Artikulu horietan jasotzen da, halaber, udalei diru-laguntzak eman behar zaizkiela, eta, hori dela-eta, ez zaio orain arte uko egin aipatutako organoetako baliabide materialen mantenurako udalekin izan ohi den lankidetzari.
Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak han-hemengo arauak bildu ditu, arlo horretako diru-laguntzei buruzko alderdi orokorrak arautzeko.
Horrela, diru-laguntzen programa bat garatu da Euskal Autonomia Erkidegoan, udalek bake-epaitegien arloan dituzten beharrei aurre egiteko sostengu ekonomiko gisa. Hori dela-eta, 1990. urtetik hona Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eman beharreko laguntzak arautu dira baita laguntza horietarako deialdiak egin ere, bake-epaitegien funtzionamendu- eta inbertsio-gastuei aurre egin diezaieten.
Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Udalerri bakoitzeko bake-epaitegien funtzionamendu-gastuei aurre egiteko, 2016ko ekitaldiari dagokionez, udalei diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzea da agindu honen helburua.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Bake-epaitegia duten Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiek jaso ditzakete agindu honetan araututako diru-laguntzak.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Bake-epaitegietako funtzionamendu-gastuetarako gehienez 459.250 euroko diru-laguntza emango da.
4. artikulua.– Diru-laguntza izan dezaketen jarduerak.
1.– Udal bakoitzari eman beharreko diru-laguntzak udalerri bakoitzak daukan biztanle-kopuruaren arabera kalkulatuko dira, eskala honi jarraikiz:
Taula hori aplikatuta ateratako kopuruak faktore zuzentzaile hauen arabera egokituko dira:
1) 1.850 euroko osagarria jasoko dute udalek, udalerrian espetxea badago.
2) Udalerriko biztanleriaren arabera egokituko litzaiekeen kopuruaren % 85 jasoko dute udalek, udalerriko bake-epaitegiko idazkaritza langile bakarreko idazkaritza-talde bateko partaidea bada.
3) Aurreko paragrafoan aipatutako idazkaritza-taldeen egoitza udalerrian kokatuta duten udalek, arau orokorren arabera dagokien zenbatekoaren % 100ez gain, udalerriko biztanleriaren arabera idazkaritza-taldeko udalei dagokien zenbatekoaren % 15 jasoko dute.
2.– Diru-laguntzak emateko, udalerriko biztanleria besterik ez da kontuan hartuko, erakunde eskudunaren azken argitalpen ofiziala aintzat hartuta.
5. artikulua.– Diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena argitaratzea.
1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hilabeteko epean, Justizia Administrazioko zuzendariak ofizioz ebatziko du, aldizkari ofizial horretan bertan argitaratuko den ebazpen baten bidez.
2.– Aurreko zenbakian ezarritako epean Justizia Administrazioko zuzendariak ebazpenik ematen ez badu, eskaerak ezetsitzat joko dira, administrazio-isiltasunaren bidez.
3.– Artikulu honen 1. zenbakian xedatutako emate-ebazpena argitaratu ostean ordainduko zaizkie diru-laguntzak udal onuradunei.
6. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak, diru-laguntzak emateko arauak eta baldintzak betetzen direla ikusteko, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egingo ditu, besteak beste, egokitzat jotzen dituen gainbegiratu, ikuskatu eta egiaztatzekoak direnak.
7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Udal onuradunek Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dizkiote beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik helburu bererako jasotako laguntza edo diru-laguntzak, diru-sarrerak nahiz bestelako baliabideak.
2.– Diru-laguntza jasotzen duten udalak behartuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko duten funtzioa betetzeko eskatzen dieten informazio guztia ematera.
3.– Diru-laguntzak gastu zehatz batzuei aurre egiteko eman badira, horrexetarako bakarrik erabiliko dituzten udak onuradunek diru-laguntzok.
4.– Bake Justiziari buruzko abenduaren 12ko 411/1998 Dekretuaren 14.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, udalek urteroko lehen hiru hilabeteetan memoria aurkeztu beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari, eta bertan azaldu zein udal-bitarteko eta -instalazio erabili ziren aurreko urtean bake-epaitegiari zerbitzua emateko, eta gastu errealak zenbatekoak izan ziren. Agindu honetako I. eranskinean ezarritako eredua erabilita idatziko da memoria.
Alde horretatik, justifikatutako gastua onartutako diru-laguntza baino txikiagoa bada, justifikatu gabeko zenbatekoa bueltatu beharko da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluekin bat.
5.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira entitate publiko edo pribatuek xede berarekin ematen dituztenekin, baldin eta guztiak batuta diru-laguntza honen objektu den gastuaren % 100 gainditzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, gastuaren % 100 gainditzen duen kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera dagokion diru-laguntzari.
6.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu egiten badira edo agindu honen objektu den diru-laguntzaz gain beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jasotzen bada beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke, betiere laguntza eskuratzeko bete beharreko betekizunak bete gabe uzten ez direnean.
7.– Diru-laguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kopuruak eta, bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan dago jasota.
AZKEN XEDAPENEETATIK LEHENENGO.– Ordezko erregimena.
Agindu honetan aurreikusten ez denari dagokionez, honako hauek aplikatu beharko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartua (batez VI. titulua); Bake Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretua; eta administrazio-prozedura erkidegoa erregulatzen duten arauak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztailaren 28a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.