EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2016185

AGINDUA, 2016ko irailaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez publikoak ez diren artxiboak antolatzeko eta digitalizatzeko diru-laguntzak ezartzen baitira, eta 2016ko ekitaldirako deialdia iragartzen.

Xedapenaren data: 2016-09-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201604116
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren artxibo-politikaren helburuetako bat jabetza pribatuko artxibo-funtsen antolaketa sustatzea da. Helburu hori lortzeko, urtero ari da dagokion diru-laguntzen deialdia egiten, eta emaitza oso onak eskaini ditu. Horregatik, oso komenigarria da deialdioi eustea. Horrela, behar bezala kontserbatu nahi da dokumentazio-ondarearen zati hori, informazioa kontsultatzea eta zabaltzea posible egiteko.
Kontua da lankidetza bilatzea, elkarrekikotasunaren eta alde bakoitzaren idiosinkrasiarekiko eta ardurekiko elkar errespetuaren prismaren bitartez, bi alde hauen artean: batetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Euskadiko Dokumentazio Ondarearen politikaren arduraduna; bestetik, artxibo-fondoen, dokumentu-bildumen eta, baita ere, Autonomia Erkidegoko Dokumentazio-ondarearen parte izanik publikoak ez diren dokumentu bitxien titularrak. Filosofia hori berariaz jasota dago Euskal Kultur Ondarearen Legean (uztailaren 3ko 7/1990).
Euskal Kultur Ondarearen Legearen artikuluetan, bestalde, muga sorta bat ezartzen zaie ondasun horien titularrei; jakina, dagokion ahalegina egitea eskatzen diote Administrazioari, jada aipatutako legean aurreikusitako arauak bete daitezela eskatzeko bide emango dioten kontraprestazioak edo erraztasunak arbitratzeko. Hitzarmen egokiaren eta batzuen eta besteen arteko lankidetzaren baitan dago, azken batean, ageriko errealitate bihur dadila gu guztion nahia: hau da, lankidetzarako bide sendoak ezar daitezela, arian-arian sare eta informazio-sistema publikoetan txertatzeko dokumentazio-ondarearen parte hori, horretarako ezertan urratu gabe ondasun horien titularren eskubideak, Legean bertan jasoak eta babestuak.
Aurreikusitako lankidetzak artxibo-fondo horien titularrek planteatutako programak ditu oinarri. Horretarako, artxibo-programatzat ulertuko da urtebeteko edo iraupen txikiagoko programa bat, programaren aplikazioaren xede diren dokumentuen edo artxibo-fondoen tratamendu zehatz bat proposatzen duena, eta diru-laguntzaren eskaera eragiten.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea honako hau da: hala artxiboko dokumentuak nola artxibo-fondoak eta dokumentu-bildumak deskribatzeko, digitalizatzeko eta zabaltzeko programak garatzeko diru-laguntzen emakiden araubidea erregulatzea eta 2016ko ekitaldirako deialdia egitea. Dokumentu horiek, Euskal Herriaren Dokumentazio Ondarearen parte izanik ere, ez dute izaera publikoa.
2.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, honako hauek ulertuko dira artxibo-dokumentutzat, artxibo-fondotzat eta dokumentazio-bildumatzat: Euskal Kultur Ondarearen Legearen (uztailaren 3ko 7/1990) 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako definizioetan zehaztutakoak, hurrenez hurren.
2. artikulua.– Pertsona nahiz erakunde onuradunak, diru-laguntzaren xede diren programak eta kanpo utzitako programak.
1.– Pertsona nahiz erakunde onuradunak:
a) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke izaera publikorik ez duten pertsonak, baldin eta, edonon daukatela ere egoitza soziala nahiz fiskala, Euskal Herriaren Dokumentu Ondarearen osagai diren artxibo-dokumentuen, artxibo-fondoen eta dokumentu-bildumen titular badira, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Programa hauek lagunduko dira diruz:
Xede hau dutenak:
a) Artxibo-fondo historikoak antolatzea, batez ere 1960 urtera artekoak, eta/edo horien artxiboko tratamendua hobetzea.
b) Aurrez datu-base batean antolatutako eta deskribatutako artxibo-fondoak digitalizatzea. Proiektuek barne hartu behar dute kontserbazio-artxibo digital iraunkor baten sorrera, baita kopia digital baten sorrera ere, Euskadiko Artxibo Sistemaren web-orriaren bitartez zabaltzeko. Aurkeztutako proiektuak Agindu honetako A) eranskinean jasotako baldintza teknikoen mende egongo dira.
c) Diru-laguntzen xede diren programak 2016an gauzatu beharko dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.
3.– Kanpo utzitako programak:
Deialdi honen babespean ez da emango diru-laguntzarik programa hauek garatzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Aurrekontu Orokorretan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokion atalean izendatuta agertzen diren diru-laguntzen bitartez finantzatutako jarduketekin lotutako programak.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira Agindu honetan jasotako xedea lortzeko: hirurehun eta hirurogeita hamar mila (170.000,00) euro.
4. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak.
1.– Baldintzak:
a) Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-zentsuetan inskribatuta egotea.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
c) Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
d) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
e) Diru-laguntzaren emakida eta, hala badagokio, ordainketa, baldintza hauen pean geratuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko diru-laguntzen edo laguntzen esparruan abiarazi bada, eta oraindik izapidean bada, itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitu beharko dira diru-laguntza jasotzeko. Baita, itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitutakoan, zorrak irauten duenean ere.
f) Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela Agindu honetan erregulatutako laguntzak jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
2.– Baldintzak egiaztatzea:
a) Pertsona fisikoak:
a.1.– Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, eskatzailearen aurretiazko baimenarekin eta behar bestetan.
a.2.– Deialdi hau kudeatzen duen Zuzendaritzak automatikoki eta behar bestetan egiaztatuko du diru-laguntza eskatu duten pertsonek (edo, hala dagokionean, erakundeek) zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen.
a.3.– Nafarroako Foru Ogasunean ordaintzen badituzte tributuak, tributu-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
b) Izaera publikorik gabeko pertsona juridikoak:
b.1.– Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan badaude inskribatuta, a. letran bezala jokatuko da; beraz, ofizioz egiaztatuko da erakundea legez eratuta dagoela eta nor den erakundea ordezkatzen duen pertsona, eta ordezkari horrek erakundea ordezkatzeko behar besteko botere duela.
b.2.– EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean badaude inskribatuta, a. letran bezala jokatuko da; horrez gain, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, baita erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere.
5. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskatzaile mota bakoitzari ezarritakoaz gain, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
a) Memoria xehatua, non jasoko baitira aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa.
b) Aurkeztutako programa bakoitzaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer beste diru-laguntza edo laguntza eskatu diren eta zer egoeratan dauden, baita xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozela ere.
6. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeaz.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, hala aurrez aurre nola telematikoki aurkeztutakoetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak bertatik bertara aurkeztu behar zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, aurrez aurre Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (hemen daude zerrendatuta: apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan), edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezain ondo bete beharko den. Eskabidea eta eskatutako gainerako dokumentuak eskura izango dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, agindu honen 7.4 artikuluan adierazitako helbidean.
3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen duen moduan.
4.– Horrez gain, eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.net-eko egoitza elektroniko hau dago: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/archivos-privados/es/
Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak: https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/egoitza_nire_gestioak_laguntza/eu_egoitza/sede_mis_gestiones_ayuda.html
5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/archivos-privados/es/
6.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurretiazko ebazpena eman delarik.
9. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.
1.– Balioespen-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa. Batzorde berak ebaluatuko ditu, halaber, Agindu honetako hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzorde horrexek prestatuko du dagokion ebazpen-proposamena, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari helaraziko dio. Proposamenean, hala badagokio, honako hauek jasoko dira: erakunde edo pertsona onuradun bakoitzeko diru-laguntzaren zenbatekoa eta xedea, baita eskabideak eta horiek ezesteko arrazoiak ere.
2.– Balioespen-batzordea kide hauek osatuko dute:
– Imanol Agote Alberro jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburu izango da.
– Borja Aguinagalde Olaizola jauna, Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzakoa.
– Faustino Ruiz Arnáez jauna, Euskadiko Artxibo Historikoko teknikaria, Kultura Ondarearen Zuzendaritzakoa, batzordeko idazkaria izango da.
3.– Diru-laguntzen emakida lehiaketa-prozedura bidez ebatziko da. Horretarako, 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta ordenatuta banatuko, hasi puntu kopuru handiena lortu duen eskabidetik eta horrela gainerakoak, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte.
4.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (11. artikuluan xedatutakoaren arabera), Balioespen Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio berori onartzeko eskudundutako organoari. Agiri horretan jasoko dira proposatutako esleipenak, eta bertan adierazi beharko dira onuradunen identitatea, finantzatutako jarduketa-programak eta bakoitzerako proposatutako zenbatekoa, halaber, baita, hala badagokio, zer eskabide ezesten diren eta zergatik.
5.– Era berean, zerrenda bat ere sartu daiteke emakidaren ebazpenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu delako, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adieraziko da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Kasu horretan, onuradunen batek diru-laguntzari uko egiten badio, diru-laguntza ematen duen organoak erabakiko du –Balioespen Batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea diru-laguntza, baldin eta hark onartzen badu. Ordezko pertsona edo erakundeei esleituko zaien zenbatekoa zehazteko, agindu honen 9., 10. eta 11. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio. Ordezko erakundeari eman beharreko laguntzak ez du gaindituko hautaketa-fasean puntuaketa-irizpidea aplikatuta izan zezakeena, deialdian behar besteko dotazioa izan balitz. Diru-laguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo erakunde interesdunei, diru-laguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak diru-laguntza emateko egintza gauzatuko du.
10. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
Diru-laguntzen ebazpen-proposamena prestatzeko eta laguntzon zenbatekoa ezartzeko, Balioespen Batzordeak jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera balioetsiko ditu eskabideak.
a) Aurkeztutako programaren kalitate zientifikoa; hau da, ea barne hartzen dituen programon deskribapen xeheak, ondarearen eta artxiboen ikuspuntutik, proposamenaren berezko balioak adierazteko moduan (% 50).
Puntuatzeko irizpideak:
– 30 punturaino, artxibategietako mantentze-lanak egiteko urteko programetarako, indar handia jarrita jendaurrekoak izatean: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea; agiri-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza eta abar.
– 30 punturaino, artxibo-sistemak ezartzeko edo sendotzeko programetarako, epe luzekoetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-epeak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza, eta abar), indar handia jarrita jendaurrekoak izatean, eta barnean honelakoak hartzen dituzten programetarako: agiri-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxibategietako agiriak web-atarien bidez hedatzea.
b) Dokumentazio bolumen adierazgarri bat ekartzea, edukia dela-eta balioa erantsiko diona artxibo fondoen inbentarioari eta Euskadiko Artxibo Historikoaren web-atariari (% 30).
Puntuatzeko irizpideak:
– 1900. urtera arte: 30 puntu.
– 1900-1960: 15 puntu.
c) Programak barne hartzea deskribapen estandarren garapena indartuko duten elementuak, edo artxibo-interesa duen euskarazko beste edozein elementu (% 20).
Puntuatzeko irizpideak:
5 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak.).
10 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak.).
15 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta artxibategietarako interesgarria den beste edozein osagarri (edukien hedapena, erregelamenduak, erabiltzaileentzako arreta, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak.).
20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak.), eta, horretaz gain, aurreko paragrafoko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.
11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.
1.– Diru-laguntzen zenbatekoa honako hau izango da: aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoari lortutako balioespen-portzentajea aplikatuz gero ateratzen dena.
2.– Kasuan-kasuko diru-laguntzak osorik edo zati batean estal dezake aurkeztutako programa bakoitzerako onartu den aurrekontua gauzatzeko gastuen zenbatekoa (bazter utzita zergak), eta programa bakoitzeko partida zehatzak eslei dakizkioke.
3.– Aurkeztutako programa bakoitzeko diru-laguntza ezingo da, inondik inora, hogei mila (20.000,00) eurotik gorakoa izan.
12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, aldiz, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
13. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuak ebatziko du prozedura, Balioespen Batzordeak helarazitako proposamena ikusi ondoren, eta banan-bana jakinaraziko zaio pertsona edo erakunde interesdunei, hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita zenbatzen.
2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jende guztiak jakin dezan.
3.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan adierazitako epea igarota onuradunei ez bazaie jakinarazi ebazpena, dagokion eskabidea ezetsi dela uler dezakete onuradunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa ezar daiteke Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak) 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoa betez.
14. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.
c) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.
e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.
h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.
i) Beren-beregi adieraztea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Euskadiko Artxibo Historikoak emandako babesa, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
k) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea), bai eta diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko gainerako lege-xedapenetan ezarritakoak ere.
15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.
Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, Erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori eskabide-ereduarekin batera eskuragai jarri zaie pertsona edo erakunde eskatzaileei, eta URL honetan ere eskuratu daiteke: http://www.zuzenean.euskadi.eus/s68-cont/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html.
16. artikulua.– Laguntza justifikatzea.
1.– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira, Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (hemen daude zerrendatuta: apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 30. eta 31. artikuluetan oro har aurreikusitakoari jarraitu beharko diote.
2.– Halaber, justifikazioak elektronikoki ere aurkez daitezke, egoitza elektroniko honetan, URL honen bitartez: https://www.euskadi.eus/misgestiones.
3.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2017ko urtarrilaren 15a baino lehenago:
a) Diruz lagundutako programaren xedea bete dela justifikatzeko memoria.
b) Diruz lagundutako programa gauzatzeko gastuak justifikatzeko agiriak. Gastuak fakturen bidez eta egiaztapen-balioa duten gainerako agirien bidez justifikatuko dira (agiri originala edo kopia konpultsatua).
c) Hala badagokio, diruz lagundutako programan sortutako material zientifikoak (inbentarioak, datu-baseak, etab.).
d) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.
Diru-laguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren, diru-laguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:
a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako programa aldatzea, Kultur Ondarearen Zuzendaritzaren aurretiazko baimenik gabe.
d) Diru-laguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Diru Laguntzen Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan xedatutakoak.
2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere bi arau hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoarekin (abenduaren 13ko 15/1999) eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko Legearekin (otsailaren 25eko 2/2004) bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu ematen dituzun datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko direla. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarena da fitxategia, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduan dago erregulatuta, Agindu horren bidez arautzen baitira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak) datu pertsonalen fitxategiak. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DPBLk berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETATIKLEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
A) ERANSKINA
BALDINTZA TEKNIKOAK
1.– Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira, deskribapen-fitxa bakoitzari -digitalizazio-unitatetzat hartuko da- bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkie. Datu-basearen formatua Euskadiko Artxibo Historikoarekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-tresneriaren kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera. digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.
2.– Digitalizazioa nagusiki aireko eskaner edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira.
3.– Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira, kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.
4.– Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5600 x 3700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuen kasuan -hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab.–, era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Artxibo Historikoak ezarritako baldintza teknikoak kontuan izanda.
5.– Digitalizazioa «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da beti; hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.
6.– Digitalizazioaren emaitza gisa, honako hauek emango zaizkio Euskadiko Artxibo Historikoari digitalizatutako irudi bakoitzeko:
6.1.– Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimitu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.
6.2.– Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edota, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio-mastertzat hartuko da.
6.3.– Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edota segurtasun-fitxategitik eratorria, bereizmena 3266 x 2100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.
6.4.– Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.
7.– Artxibo-funtsek entzunezko edo ikus-entzunezko dokumentuak badituzte, honako hauek entregatuko zaizkio Euskadiko Artxibo Historikoari:
7.1.– Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.
7.2.– Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.
7.3.– Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta-fitxategi gisa.
8.– Halaber, item edota dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat entregatuko zaio Euskadiko Artxibo Historikoari, PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio-masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez beharrezko konpresioa –ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa– aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da ondoriozko PDF fitxategiko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea, horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.
9.– Euskadiko Artxibo Historikoari kopiak entregatzeko/biltegiratzeko formatua:
9.1.– Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio akatsak ezabatzeko.
9.2.– Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.
9.3.– Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztietan edukia jakiteko behar den informazioa jasoko da: zenbakia, izenburua, edukia eta sorrera-data.
9.4.– Orobat, gomendagarria da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan grabatzea.