EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2016185

12/2016 EBAZPENA, irailaren 6koa, Erakunde Harremanetarako sailburuordearena, Kriminologia Graduko Ikasleek irakaskuntza-praktikak egiteko Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600012
Xedapenaren data: 2016-09-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201604109
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Kriminologia Graduko Ikasleek irakaskuntza-praktikak egiteko Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko irailaren 6a.
Erakunde Harremanetarako sailburuordea,
PEDRO LUIS BAZAKO ATUCHA.
ERANSKINA, ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDEAREN IRAILAREN 6KO 12/2016 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN (SEGURTASUN SAILAREN BIDEZ) ETA ERRIOXAKO NAZIOARTEKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, KRIMINOLOGIA-GRADUKO IKASLEEK IRAKASKUNTZA-PRAKTIKAK EGIN DITZATEN
Vitoria-Gasteizen, 2016ko uztailaren 21ean.
BILDU DIRA:
Alde Batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz Segurtasuneko sailburua, Segurtasuneko sailburua izendatzen duen Lehendakariaren abenduaren 15eko 27/2012 Dekretuari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuz.
Bestetik, Josu Ahedo Ruiz Ikasleen eta Kalitate Akademikoaren errektoreordea, UNIR-Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko (IFK: A26430439; helbidea: Rey Juan Carlos I. kalea 41, 26002, Logroño, Errioxa) errektoreak eskuordetuta (errektorearen 2013-12-30eko 693/2013 Ebazpena).
Hezkuntzako lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko beharrezko lege-ahalmena onartu diote elkarri. Alderdi biek gaitasun eta legitimazio nahikoa aitortzen diote elkarri lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko eta bertan ezartzen diren terminoetan behartuta geratzeko, eta xede horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Errioxako Nazioarteko Unibertsitatea (aurrerantzean UNIR) unibertsitate pribatu bat dela, Espainian legez eratua eta ofizialki aitortua, urriaren 13ko 3/2008 Legearen bidez; eta, besteak beste, ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzea dituela helburu eta, konpromiso gisa, etengabe hobetzea eta bikaintasuna erdietsi nahi dituen kalitatezko prestakuntza eskaintzea.
Bigarrena.– Bestetik, Segurtasun Saila dela Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren segurtasun-politikaren organo arduraduna. Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen misioa da babestea herritarrek beren eskubideak eta askatasunak aske baliatzen dituztela, eta herritarren segurtasuna bermatzea, eta, horretarako, elkarbizitza baketsua zaindu behar du eta pertsonak eta haien ondasunak babestu, legeak ezarritakoari jarraituz.
Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ertzaintzaren Zuzendaritzaren ardura da EAEko herritarren segurtasuna hobetzeko neurriak zein baliabideak egitea eta proposatzea, eta polizia judizialeko eta ikerketa kriminaleko egitekoei dagozkien lanak zuzentzea. Eta beste hauek sustatzea ere hari dagokio: polizia-erakundearen eta bere zerbitzuen proiektu eta jarduera-plan orokorrei buruzko azterketak eta proposamenak; horiek eraginkortasunez kudeatzea eta kontrolatzea ahalbidetuko duten sistemak, metodoak eta prozedurak; eta lanbide-teknikak modernizatzea eta hobetzea.
Hirugarrena.– UNIR unibertsitateak Zuzenbidearen alorrean Kriminologiaren Gradua eskaintzen du eta bere ikasleen prestakuntza errazteko helburuarekin eta haiek etorkizunean lan-merkatura sartzeko eran prestatzeko, kanpoko praktika akademikoen prestakuntzan Segurtasun Sailarekin elkarlanean jardun nahi du.
Laugarrena.– Hitzarmen honen helburua da Segurtasun Sailaren eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearen artean ahalik eta lankidetzarik handiena egon dadin lan egitea, bi erakundeen baliabideak era optimoan erabiltzen direla sustatuta.
Bosgarrena.– Kontraprestazio ekonomikorik ez duen lankidetza horren bidez, aipatutako titulazio horretako ikasleen prestakuntza praktikoa hobetu nahi dela; lantokietako egoera errealetara egokitu behar baita prestakuntza, eta kolektibo horrek harreman zuzena izan behar du lan-errealitatearekin eta egungo arazoekin. Titulazioa lortuko duten pertsonek lanbide-kualifikazio hobea izatea ekarriko du horrek.
Ondorioz, hitzarmen honen helburua da bi erakundeen arteko hezkuntza-lankidetzarako akordio bat ezartzea, praktiken bidez garatuko dena. Horretarako hauek dira kontuan hartuko diren
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen helburua UNIR eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arteko jarduketarako esparru komun bat artikulatzea da; horrela, hezkuntza-lankidetzarako programak garatuko dira Kriminologia Graduko laugarren mailako ikasleek Ertzaintzako Zuzendaritzan praktikak eginda.
Bigarrena.– Praktika-programa.
UNIRek, Zientzia Juridikoen, Sozialen eta Giza Zientzien Fakultateko Kriminologia Graduaren bidez, urterik urte zehaztuko du laugarren mailako ikasleei zuzendutako praktika eta jardueraprogramaren egitaraua. Hartara, hautatutako ikasleen zerrendak sortzeko eta kudeatzeko prozedurak gardentasun, publizitate, irisgarritasun unibertsal, eta aukera berdintasun printzipioak bermatu beharko ditu, irizpide objektiboak baliatuz. Irizpideok programa bakoitzerako zehaztuko dira eta ikaslegaien zerrendak argitaratu baino lehen emango dira ezagutzera.
Ikasturte akademiko bakoitza hasi baino lehen, Ertzaintzako Zuzendaritzako arduradunei emango zaie programa horren berri, eta, gutxienez, honako datu hauek jasoko ditu:
a) Xede pragmatikoen eta aurreikusitako jardueren proposamena.
b) Praktiken egutegiaren eta ordutegien proposamena.
c) Hautaketa-irizpideak.
d) Ebaluazio- eta kontrol-sistemak.
Ertzaintzaren Zuzendaritzak programa onetsitakoan, eskainitako plazakopurua argitaratuko du UNIRek I. eranskineko ereduan zehaztu bezalaxe. Ondoren, UNIRek Ertzaintzako Zuzendaritzari jakinaraziko dio hautatutako ikasleen zerrenda eta ikasle bakoitzaren tutorearen izena.
Hirugarrena.– UNIRen konpromiso espezifikoak.
Tituluko zuzendaritza akademikoak irakasle tutore bat esleituko dio ikasle bakoitzari. Tutorea arduratuko da ikasle horren prestakuntzaren jarraipena egiteaz, Ertzaintzako Zuzendaritzak izendatutako irakaslearen lankidetzan, bai eta ikaslea ebaluatzeaz ere.
UNIReko tutore akademikoak eskubide hauek izango ditu:
a) Jarduera akademikoaren egiazko errekonozimendua jasotzekoa.
b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari buruzko informazioa jasotzekoa, baita hezkuntza-proiektuari buruzkoa ere; halaber, tutoretzapeko ikaslearen egonaldia zein baldintzetan egingo den jakiteko eskubidea izango du.
c) Segurtasun Sailerako sarbidea izatekoa, bere funtzioari dagozkion helburuak bete daitezen.
Halaber, betebehar hauek izango ditu:
a) Hezkuntza-proiektua era normalean garatzen dela bermatu beharko du; hala, praktikak egiteko ordutegia eta ikaslearen betebehar akademikoak, prestakuntza-betebeharrak eta ordezkaritza- zein partaidetza-betebeharrak bateratzen direla egiaztatuko du.
b) Praktiken jarraipen eraginkorra egingo du; horretarako, Segurtasun Saileko irakaslearekin koordinatuko da eta, beharrezkoa bada, jarraipen-txostenak ikusita.
c) Prestakuntza-proiektuan egiten diren aldaketak baimendu beharko ditu.
d) Tutoretzapeko ikaslearen praktiken prozesu ebaluatzailea gauzatu beharko du.
e) Tutore gisa jardutearen ondorioz ezagutzen duen edozein informazio isilpean gorde beharko du.
f) Unibertsitateko kanpoko praktiken organo arduradunari izandako balizko gorabeheren berri eman beharko dio.
g) Ikasleak aukera-berdintasuneko, diskriminaziorik gabeko eta irisgarritasun unibertsalaren baldintzetan daudela bermatzeko beharrezkoak diren laguntza-baliabide egokiak daudela gainbegiratuko du, eta halakorik behar bada, eskatu egingo ditu.
Laugarrena.– Segurtasun Saileko konpromiso espezifikoak.
1.– Ertzaintzaren Zuzendaritzak bermatuko du beharrezko instalazioak eta baliabideak erabiliko direla praktikak gauzatzeko. Zenbat ikasle jaso ditzakeen jakinaraziko du, erabilgarri dauden eta lortu nahi diren xedeen arabera.
Segurtasun Sailak ziurtagiri bat eman beharko dio ikasleari praktikak amaitutakoan; zer lan egin duen azalduko da bertan, eta adieraziko da ziurtagiria informaziozkoa dela eta lanari dagokionez ez dela loteslea.
2.– Ertzaintzaren Zuzendaritzak ikasle bakoitzarentzat irakasle bat izendatuko du eta eskubide hauek izango ditu:
a) UNIRek irakasleari venia docendi ematekoa lankidetza-hitzarmenean araututakoaren arabera; horretarako, ikasleen eta kalitate akademikoaren errektoreordeak eta tituluko praktika akademikoen zuzendari arduradunak irakasle gisa izendatuko dute.
b) UNIRek lankidetza-jarduera aitortzekoa, dagokion ziurtagiriaren edo antzeko agiri baten bidez.
c) Kanpoko praktikak erregulatzen dituen araudiaren inguruko informazioaren berri izatekoa, baita prestakuntza-proiektuaren eta horren garapenaren baldintzen ingurukoa ere.
d) UNIRerako sarbidea izatekoa, bere egitekoa betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza jaso ahal izateko.
Halaber, betebehar hauek izango ditu:
a) Ikasleari harrera ematea.
b) Ikaslearen jarduera antolatzea erakundean dagoen bitartean.
c) Erakundea nola antolatzen den eta nola funtzionatzen duen azaltzea (xedeak, eginkizunak, ondorio deontologikoak, etab.).
d) Dagokion irakaskuntza praktikoa ematea.
e) Bere jarduerak gainbegiratzea.
f) Programan zehaztutako jardueren bilakaera koordinatzea tituluaren zuzendaritza akademikoak izendatutako tutorearekin.
g) Praktikak amaitutakoan, ebaluazio txostena egitea, II. eranskineko ereduan zehaztuta dagoen bezala.
h) Praktikek irauten duen artean jazo daitezkeen gertakarien berri ematea jarraipen-batzordeari.
3.– Segurtasun Sailak ez du inolako zenbateko ekonomikorik jasoko titulazioaren zentro arduradunaren aldetik, bertako instalazioetan egiten diren praktiketako jarduerak konpentsatze aldera.
Bosgarrena.– Praktiketako ikasleak.
Praktiketako ikasleek Ertzaintzako Zuzendaritzako praktiketako irakaslearen eta UNIReko tutore arduradunaren kontrolpean eta gainbegiratupean egingo dituzte praktikak, eta une oro lankidetza-erakundeko funtzionamendu-arauen mende egongo dira. Praktiken ezaugarriak horretarako izenpetzen den dokumentuan jasoko dira, eta horretarako III. eranskineko eredua erabiliko da.
Kanpoko praktika akademikoak egiten ari direnean, ikasleek eskubide hauek izango dituzte.
a) Tutoretza izatekoa dagokion praktiken aldian; unibertsitateko irakasle batek eta Segurtasun Sailean zerbitzua eskaintzen duen profesional batek eratua.
b) Unibertsitatean ezarritako irizpideen arabera ebaluatzekoa.
c) Segurtasun Sailak praktikei buruzko txosten bat ematekoa; hala, txosten horretan, egindako jarduera, iraupena eta, halakorik beharko balitz, errendimendua aipatuko dira.
d) Jabetza intelektual eta industriala izatekoa, arlo hori arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.
e) Segurtasun Sailak segurtasunaren eta laneko arriskuen araudiari buruzko informazioa ematekoa.
f) Bere jarduera akademikoa eta prestakuntza-jarduera betetzekoa.
g) Desgaitasuna duten ikasleek baliabide nahikoak izatekoa, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eta praktikak aukera berdintasunean egiteko.
Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten ari denean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Segurtasun Sailaren arautegian kanpoko praktiken inguruan xedatua betetzea.
b) Praktiken prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, Segurtasun Sailak hautatutako tutorearen argibideei jarraikiz, eta UNIReko tutore akademikoaren gainbegiratupean.
c) Praktika egiten duen bitartean, UNIReko tutore akademikoarekin harremana izatea, horrek dirauen bitartean gerta daitekeen edozein gertakari jakinaraztea, eta tutoreari bitarteko segimendua egiteko dokumentuak eta txostenak eta amaierako memoria entregatzea.
d) Adostutako datan hastea Segurtasun Sailean lanean, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta erakundearen funtzionamendurako, segurtasunerako eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.
e) Prestakuntza-proiektua egitea eta Segurtasun Sailarekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, proiektuaren inguruan adostutakoaren arabera.
f) Praktiketako amaierako memoria egitea eta, halakorik beharko balitz, tarteko txosten bat egitea.
g) Segurtasun Sailaren barneko informazioa isilpean gordetzea, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktikek dirauten bitartean eta ondoren.
h) Segurtasun Sailaren politikarekiko errespetua erakustea uneoro, eta UNIRen izen ona zaintzea.
Seigarrena.– Ordutegiak.
Praktiken ezaugarrien eta Ertzaintzako Zuzendaritzaren aukeren arabera ezarriko dira ordutegiak, praktikek Zuzendaritzaren jarduera arruntean ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten.
Zazpigarrena.– Ez da lan-harremanik izango.
Praktikak egiten ari den ikasleak ez du lan-harremanik edo bestelako inolako loturarik izango Segurtasun Sailarekin, eta ez du ordainsaririk jasoko jarduera horregatik.
Zortzigarrena.– Ardurak.
1.– UNIRek erantzukizun zibileko eta istripuetarako poliza bat dauka hitzartuta, ikasleek praktikak egitean eragin ditzaketen kalteak ordaintzeko.
2.– Ez unibertsitateak ez praktiketako ikasleek ez dute erantzukizunik izango kalterik sortzen bada Ertzaintzako Zuzendaritzako irakaslea praktiketako programatik kanpo emandako agindu edo jarraibideen ondorioz.
Bederatzigarrena.– Jarraipen-batzordea.
Lau kideko jarraipen-batzorde bat eratuko da. Hala, batzorde hori Zuzenbideko Fakultateko Kriminologia Graduko bi ordezkarik eta Ertzaintzaren Zuzendaritzako beste bi ordezkarik eratuko dute. Bi aldeak hitzarmen hau gauzatzeko jarraipena egiteaz arduratuko dira, ikasleen jarduerei buruzko informazioa trukatuta aldian-aldian (6 hilero, gutxienez).
Era berean, sor daitezkeen arazoak konpontzeaz arduratuko da.
Hamargarrena.– Indarraldia eta salaketa.
1.– Hitzarmen honek ondorioak sortuko ditu formalizatzen den egunetik hasita eta lau urte iraungo du; halere, sinatzen duen aldeetako edozeinek salatu ahal izango du, hitzarmen honetako ondorioak sortu nahi ez diren ikasturtearen aurreko ikasturteko martxoa baino lehen.
2.– Hitzarmena idatziz salatu beharko da eta ez du eraginik izango une horretan egiten ari diren praktiketan.
Aldeetariko edozeinek halakorik adierazi ezean, hitzarmena automatikoki luzatuko da urtero.
Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.
1.– Hitzarmen honetako klausulen mende egongo da hitzarmena bera, eta ezer interpretatu edo behar bada, administrazio-zuzenbideko printzipioak beteko dira.
2.– Aldeen artean sor daitezkeen eztabaidak ez baditu jarraipen-batzordeak konpontzen, eztabaidak administrazioarekiko auzien ordena jurisdikzionalean ebatziko dira.
Aurretik azaldutako guztiarekin ados daudelako, alderdiek hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan eta goian adierazitako egunean eta lekuan.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
UNIReko Ikasleen eta Kalitate Akademikoaren errektoreordea,
JOSU AHEDO RUIZ.
HEZKUNTZAKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN I. ERANSKINA
PRAKTIKA-PROGRAMA
II. ERANSKINA
INSTRUKTOREAREN AMAIERAKO TXOSTENA
UNIRKO UNIBERTSITATEAREN ETA SEGURTASUN SAILA ENTITATEAREN ARTEKO HEZKUNTZAKO LANKIDETZA-HITZARMENAREN III. ERANSKINA