EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-09-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016184

AGINDUA, 2016ko abuztuaren 30ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazte-asmorik gabeko erakunde pribatuentzako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta laguntzon deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2016-08-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201604101
Maila: Agindua
Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.
Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatzen du, betiere lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz; izan ere, dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteari buruzko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998 Legea) 98. artikuluaren arabera, herri-administrazioek dute ingurumen-hezkuntza gizarte-sektore guztietan sustatzeko eginkizuna, hain justu ere ingurumena babestera bideratutako informazioa, jarrerak, balioak eta jokabideak herritarrengan hedatzeko eta zabaltzeko ekimenen bitartez.
Boluntarioei buruzko Legeak (ekainaren 25eko 17/1998 Legea), batetik, boluntarioek gure erkidegoan egiten duten jarduerarako berariazko lege-esparrua ezartzen du, eta, bestetik, zehaztu egiten du: euskal administrazioak boluntariotza sustatzeko eta herritarrek gizartea eraikitzen parte hartzeko duten eskubidean sakontzeko konpromisoa.
Bestalde, 2002ko ekainaren 4an, honako kontsiderazio hau egin zen Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako 2002-2020 Garapen Iraunkorreko Euskal Ingurumen Estrategian: ingurumen-politiken arloan, herritarren eta eragile sozialen lankidetza aktiboa baldintza behinenetarikoa da jasangarritasunean aurrera egiteko bidean.
Ildo horretan, aipatutako Euskal Estrategia horren arabera, gobernuz kanpoko erakunde, ekologista, kontsumitzaileen elkarte eta beste erakunde batzuen partaidetza aktiboa ere funtsezkoa izango da, zertarako-eta, batetik, ardura eta interes kolektiboen gaineko sentsibilizazioa eta zabalkundea egiteko, eta, bestetik, pertsona oro motibatu eta inplikatzeko.
Deialdi honen helburua da Natura 2020 Sarearen eta klima aldaketaren aurkako borrokaren esparruko jarduketak indartzea, EAEko 2020rako Ingurumeneko IV. Esparru Programarekin bat etorriz. Programaren ingurumen-erronken artean, erantzunkidetasun publiko-pribatua lehenetsiko duen eta herritarrak gero eta gehiago sentikortzearen alde egingo duen gobernamendu publikoarena zehaztu da. Azken finean lortu nahi da ingurumenarekiko konpromisoa pertsonengan sakon errotzea, herritarren balio-eskeman sar dadin.
Ingurumen-boluntariotza da herritarrek parte hartzeko era libre, altruista eta zuzena; eta era berean honako emaitzak eragiten ditu: ingurunea hobetzea; eta ingurumena hobetu eta kontserbatzeko motibazioari eta inplikazioari dagokienez eraldaketa pertsonal eta sozial sakona. Eta ikusten denez, aipatutako helburuak lortzeko tresna eragingarrienetako bat da.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak sostengua ematen die irabazi-asmorik gabe egiten diren ingurumenaren inguruko boluntario-proiektu guztiei, diru-laguntza hauen bidea irekiz, hezkuntzarentzat, gizarte-kontzientziarentzat eta ingurumenarentzat hain onuragarriak diren jarduera horiek sustatzeko. Laguntza hau Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko abenduaren 29ko Aginduaren bidez onartutako diru-laguntzen plan estrategikoaren barruan dago jasota, Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 8.1 artikuluan xedatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.
Ondorioz, abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatua) eta lehendakariarenak apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak (Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoarekin, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau Abenduaren 23ko 9/2015 Legeak (2016ko ekitaldirako Euskadiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) islatzen duenez, bada aurrekontu-kreditu nahikoa Agindu honen esparruko jarduerak garatzen dituzten proiektuak behar besteko finantzazioz hornitzeko.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Norgehiagoka-prozeduraren bitartez diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzeko eta laguntzok deitzeko helburua du agindu honek; irabazte-asmorik gabeko erakunde pribatuek jaso ditzakete laguntza horiek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte ingurumen-boluntariotzako proiektuak 2016ko urtarrilaren 1etik 2017ko martxoaren 31ra arte.
2. artikulua.– Ingurumen-boluntariotzako proiektuen deskribapena.
1.– Honelako proiektuak lagun daitezke diruz: ingurune fisikoaren gaineko ekintza zuzenak egiten dituztenak, hain justu ingurumen-boluntarioek era libre, altruista eta irabazte-asmorik gabekoan egindakoak badira ekintzok, eta horretaz gain, erakunde sozialek koordinatzen badituzte, zertarako-eta, ondoren aipatutako eremuetakoren batean, ingurunea hobetu eta babesteko:
a) Ingurune naturala: ekosistemak kontserbatzea (ibaiak, basoak, kobak, gailurrak, itsasertza, hezeguneak, eta beste habitat batzuk); pasaia mantentzea eta leheneratzea; flora eta faunako espeziak ikertzeko atazetan laguntzea, eta natura-ingurunearen erabilera publikoa. Honelako proiektuek ez dute jasoko diru-laguntzarik: espezie inbaditzaileak kentzeko direnak, salbu eta boluntariotza bidez gauzatzeko ekintzak direla jasota egon berariaz, betiere erakunde eskumendunek onartutako kontrol-egitasmo baten barruan.
b) Babestutako naturguneak: goragoko idatzi-zatian jasotakoez gain, baliabideak mantentzen laguntzea (bide-zidorrak, ekipamenduak, ...).
c) Hiri-ingurumena: hiriko giroaren kalitatea hobetzea, hiriko eta hiri inguruko berdeguneetan ekintzak egitea, hiriaren jasangarritasuna eta iraungarritasuna sustatzea (mugikortasuna, hondakinak, energia, kontsumoa, eta beste edozein esparru), herri eta hirietako flora eta fauna ezagutzeko ikerlanetan kolaboratzea.
d) Mintegien edo hazi-bankuen bidez landare-espezie eta –barietateak kontserbatzea.
e) Flora eta faunako espezie babestuak eta mehatxatuak eta haien habitata kontserbatzeko ikerlanetan kolaboratzea.
2.– Ikerketa-atazetan laguntzearen arloan, ibilbide zientifiko eta ikertzaile aitortua duten pertsona eta erakundeekin gauzatu behar da lankidetza hau.
3.– Ez dira joko boluntariotzako jardueratzat: informazio- edo zabalkunde-materialen edizio hutsa, edo prestakuntza-jardueren gauzatze hutsa.
4.– Eskabidea egiten duten erakundeek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatu beharko dute, zeina proiektua diseinatu, exekutatu eta ebaluatzeaz arduratuko baita. 18 urtetik gorako gutxienez 10 partaide boluntario izan behako ditu proiektu bakoitzak.
5.– Aurreko ataletan azaltzen diren proiektuak; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan gauzatu beharko dira, eta 2016an hasita egon beharko dute.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honen helburua betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
2.– Horretarako, ehun eta hamabi mila (112.000) euro jarriko dira gehienez, aurrekontu-aplikazio honetan: 16.0.1.09.22.0100.4.454.99.44210.013/G
4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak (Administrazio Elektronikoari buruzkoak) eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa (ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen).
3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/volamb/y22-izapide/es
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak «Nire kudeaketak» webgunean egingo dira, bitarteko elektronikoen bidez: https://euskadi.eus/nirekudeaketak
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Honako hauek jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzak: irabazte-asmorik gabeko erakunde edo elkarte pribatuak, legez eratuak eta administrazio publikoaren partaidetzarik ez dutenak.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaile izateko baldintzak.
1.– Erakunde eskatzaileak dagokion Erregistroan inskribatuta egon behar dute.
2.– Boluntarioei buruzko Legeaz (ekainaren 25eko 17/1998) eraenduko dira erakunde onuradunak.
3.– Honako hauek ezingo dituzte eskuratu deialdi honetako diru-laguntzak: laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat dutenak; edo legezko galarazpen edo kausaren bat izatea, eta horrek halakorik eskuratzeko ezgaitzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeko (otsailaren 18ko 4/2005) azken xedapenean ezarritakoa barne.
4.– Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluko 2. zenbakian jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.
7. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.
1.– Parte hartzeko eskaerak berekin dakar baimena, erakunde kudeatzaileak ofizioz egiaztatu dezan erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenpeko elkarte- eta fundazio-erregistroetan inskribatuta dauden.
Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenpeko elkarte eta fundazio erregistroetan inskribatuta dagoela, inskripzioa egiaztatu beharko du, organo eskudunek jaulkitako ziurtagiri administratibo positiboen bidez. Era berean, aurrekoez besteko elkarte- nahiz fundazio-erregistro batean badago inskribatuta, erakunde eskatzaileak dagokion erregistroan inskribatuta dagoen egiaztagiria aurkeztu beharko du eskabidearekin batera.
2.– Parte hartzeko eskaerak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela.
Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, organo eskudunek jaulkitako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.
Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
3.– Eskaeretan, laguntza eskatzen duten erakundeek aukera izango dute beren-beregi adierazteko baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak gauzatzea.
4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak) aplikatuz, honako betekizun eta eskakizun hauek egiaztatuko dira eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
a) Jakinaraztea ea eskatu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako diru-laguntzarik, laguntzarik, sarrerarik edo baliabiderik eta, kasua bada, ea eskuratu den.
Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
b) Ez jasotzea helburu bererako diru-laguntzarik Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kargura.
c) Egiaztatzea, diru-laguntza esleitzeko ebazpen-proposamena eman aurretik, egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, araututa dagoen bezala; horretaz gainera, bete egin behar dute azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) hemezortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa.
d) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea: administrazio- edo zigor-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, bereziki kontuan izanik sexu-diskriminazioaren ondoriozkoetan.
e) Era berean, adieraztea eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla, eta diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak betetzen dituela.
5.– Erakunde eskatzaileek eskabidearekin batera eman beharreko erantzukizunpeko adierazpenean adierazi dezakete ez daudela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko edo bukatzeko dagoen inongo itzultze- edo zigor-prozeduratan.
8. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira funts publiko zein pribatuen kontura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntzekin, ondorengo paragrafoan xedatutakoa salbuespena izango da.
2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kontura helburu bererako lor litezkeen beste diru-laguntza batzuekin.
3.– Nolanahi ere, laguntzen zenbateko osoak ezin izango du proiektuaren edo jardueraren kostuaren ehuneko ehuna gainditu.
9. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Honako kanpo-gastu hauek lagundu daitezke diruz, Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera:
a) Boluntarioen erantzukizun zibileko eta istriputako asegurua.
b) Jarduera gauzatzeko materialak, memoria teknikoan behar bezala justifika daitezenak.
c) Boluntarioak prestatzeko eta egindako jardueren zabalkunde egiteko behar diren materialen edizio-gastuak. Gehienez ere 500 euro.
d) Garraio- (kilometroak) eta mantenu-gastuak edo pertsonak (20 plazatik gora) edo merkantziak garraiatzeko ibilgailuak alokatzeko direnak, betiere jarduerak burutzeko beharrezkoak badira eta memoria teknikoan egoki justifikatzen badira. Ahal delarik, ibilgailuen plaza guztiak aprobetxatuko dira.
2.– Goragoko gastu horiez gain, gastu orokorrak ere lagunduko dira diruz. Halakotzat hartuko dira: erakundearen egiturak jarduera gauzatzeko eragindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, paper-gauzak, material suntsikorra, etab.). Gehienez ere, aurreko paragrafoan zehaztutako kanpo-gastu diruz lagungarrien % 10 izango dira. Ez da beharrezkoa gastu horiek justifikatzea.
3.– Gastu hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:
a) Diru-laguntza jaso duen proiektuari zuzenean lotuta ez dudenak; batez ere, erakunde onuradunaren ohiko funtzionamendukoak edo egiturazkoak.
b) Produktu ikus-entzunezkoak edo elektronikoak (bideo, CD-ROM, DVD edo antzekoak) diseinatu, muntatu, kopiatu edo banatzea.
c) Web-orriak argitaratzeari lotutako gastuak.
d) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratu edo konpentsatzekoak direnean.
e) Beharrik gabekoak eta gaizki justifikatutakoak. Beharrik gabeko gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren nolakotasunari erantzuten ez diotenak, behar-beharrezkoak ez direnak eta Agindu honek ezarritako epean gauzatzen ez direnak.
Diruz lagundutako gastuen erosketa-kostua ezingo da izan, inondik inora, merkatuko balioa baino handiagoa, ezta neurriz gabekoa ere, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun harremanaren printzipioei dagokienez.
4.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan –egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuta– artikulu honetan diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuak biltzen badira, ebaluazio-organoak ezabatu edo kendu egingo ditu, gastu diruz lagungarrien aurrekontua zehazteko, hori izango baita diru-laguntzaren munta erabakitzeko oinarria. Diruz lagundu daitezken gastuak zein diren eta zein ez diren erabakitzea, 15. artikuluan deskribatutako ebaluazio-organoari dagokio, aurreko paragrafoetan xedatutakoari jarraituz.
10. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzak norgehiagoka bidezko diru-laguntzatzat hartuko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak onartzen duena) 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, 9. artikuluan ezarritakoarekin bat, onartutako gastu-sailen % 100 izan daiteke, gehienez ere, eta proiektu bakoitzerako, ezingo du gainditu 20.000 euroko kopurua.
3.– Irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzari, gehienez ere, proiektu baterako diru-laguntza eman dakioke. Eskabide bat baino gehiago aurkezten bada, puntuaziorik handiena lortu duen proiekturako baino ez da emango diru-laguntza.
11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
2.– Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2016/volamb/y22-izapide/es
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
4.– Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, erakunde eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente ere kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza da. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkatzeko eskubidea sail bereko Zerbitzuen Zuzendaritzan baliatu ahal izango da. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1 -01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).
12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Erakunde eskatzaileek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
1.– «Memoria teknikoa» inprimaki normalizatua. 16. artikuluan jasotako balioespen-irizpideei buruzko informazio garrantzitsua ere memoria horretan zehaztu beharko da (aukera izango da memoria osagarri bat entregatzeko).
2.– «Aurrekontua» inprimaki normalizatua. Behar bezala xehatua eta prezio unitarioak banakatuta, ahal den xehetasun handienaz. Hala behar izanez gero, zehaztu beharko da helburu bererako beste diru-laguntzarik edo -sarrerarik jasotzen den edo horiek jasotzeko aukerarik den, baita adierazi ere, ea erakundeak BEZa ordaindu behar duen ala ez eskabidea aurkeztu duen programa diruz lagungarrietan.
3.– Dagokion Ogasunaren egiaztagiri eguneratua, erakundea erroldatuta dagoen Balio Erantsiaren Gaineko Zergaren araubidea egiaztatzen duena eta, hala behar bada, BEZa ordaintzeko salbuespena.
13. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.
Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak antzemango balu akatsak edo zehaztasun-ezak daudela aurkeztutako eskabidean, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta hamar eguneko epea emango dio horiek zuzentzeko; eta ohartaraziko dio hala egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aldez aurretik dagokion ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz emango da.
14. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen erakundea.
Ingurumen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.
15. artikulua.– Ebaluazio-organoa.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, kide anitzeko ebaluazio-organo bat eratuko da, honela osatua:
a) Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria. Bera izango da buru.
b) Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak izendatuak. Bietatik, zerbitzuan antzinatasun handiagoa duenak jardungo du idazkari-lanetan.
2.– Nolanahi ere, euskadi.eus egoitza elektronikoan argitaratuko da ebaluazio-organoaren osaera izenduna, aurreko atalean aurreikusitakoaren arabera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako.
3.– Ebaluazio-organoak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen horretan zehaztuko da zein jarduerek jaso dezaketen diru-laguntza eta horien zenbatekoak, agindu honen 16. artikuluan aipatutako esleipenerako irizpideen eta aurrekontu-mugen arabera. Era berean, adieraziko du zein proiektu baztertzea proposatzen duen, eta zergatik.
16. artikulua.– Balioespen-irizpideak eta esleipen-prozedura.
1.– Diru-laguntzak emateko, eskabidean jarraian adierazten diren baldintzak betetzen diren balioetsiko da. Gehienez ere ehun (100) puntu lor daitezke, irizpide hauen arabera banatuta:
a) Proposatutako jarduerek ingurumenari buruz duten interesa eta proiektua zenbateraino egokitzen zaion deialdiaren xedeari (gehienez 20 puntu).
Lehentasunez balioetsiko dira jarduketa Natura 2000 Sarearen barruko eremuetan ardazten duten proiektuak eta klima-aldaketaren aurka borrokatzera bideratu direnak.
b) Memoria teknikoan aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa. Balioesteko, kontuan hartuko dira: helburuen zehaztasuna, jardueren azalpen zehatza, metodologiaren garapena, giza baliabideak egokiak izatea, bideragarritasuna eta ebaluazioa (gehienez, 20 puntu).
c) Proiektuan parte hartuko duten boluntarioen kopurua gutxi gorabehera (gehienez, 20 puntu). Memoria teknikoan kalkulu zehatza aurkeztu ezean, atal honetan 0 puntu lortuko da.
d) Gizarte-errentagarritasuna, hau da, kostuen eta jardueren onuren edo onuradunen arteko oreka (gehienez 15 puntu).
e) Erakundearen esperientzia antzeko jarduerak gauzatzen (gehienez, 5 puntu). Irabazi-asmorik gabeko beste elkarte, fundazio eta erakunde batzuk honako agindu honen 2. artikuluan azaldutakoen antzeko proiektuetan izan duten ibilbidea egiaztatzeko, memoria teknikoaren atal bat, honako hauei dagokiena, bete beharko da: erakundeak garatutako edo garatzen ari den ingurumen- edo boluntariotza-ekintzen laburpena; dena dela, Sailak, egoki baderitzo, agiri osagarriak eskatu ahal izango ditu.
f) Proiektua beste erakunde batzuekin batera gauzatzea (6 puntu). Memoria teknikoan zehaztuko da zein entitate, elkarte eta erakunderekin lan egingo den, eta elkarrekin egitekoak diren jarduerak. Ez da lankidetza kontsideratuko: erakundeek diruzko kontraprestazio baten truke egindakoa.
g) Euskaraz gauzatutako proiektuak (6 puntu).
h) Genero-ikuspegia sartzea proiektuaren diseinuan eta exekuzioan (gehienez 4 puntu). Proiektuaren fase bakoitzean –hau da, helburuetan, jardueretan, metodologian eta ebaluazio-adierazleetan– genero-ikuspegia txertatzeko egiten diren jarduketak balioetsiko dira (nahitaez bete beharrekoak salbu).
i) Desgaitasuna dutenekin lan egitea eta haien parte-hartzea sartzea proiektuan (gehienez 4 puntu).
2.– Laguntzak lortu ahal izateko, nahitaezkoa izango da gutxienez 10 puntu lortzea aurreko paragrafoko a) eta b) letretan zehaztutako alderdietan eta, gainera, gutxienez 51 puntu lortzea paragrafo horretan jasotako irizpideen arabera egiten den balioespen orokorrean.
3.– Behin galdatutako eskakizun subjektibo eta objektiboak dauzkatenek aurkeztutako proiektuen balioespena egin dutenean, galdatutako gutxieneko puntuazioa lortu dutenak ordenatzeari ekingo zaio, beheranzko noranzkoan, lortu duten puntuazioaren arabera, eta laguntzak ordenazio horren arabera esleituko dira, agindu honen 10.2 artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko kopuruagatik, harik eta, hala gertatzen bada, deialdiaren zuzkidura agortzen den arte.
17. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitateko prozedura.
1.– Aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeari dagokio, betiere ebaluazio-organoaren proposamenez.
2.– Hartzen den Ebazpenean, eskatutako diru-laguntzak eman diren edo ez adieraziko da. Diru-laguntza ematen denean, zehaztuko da: onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua, partida diruz lagungarrietan onartutako aurrekontua, baztertutako gastuak eta eman den diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskaera ukatzen denean, zergatik ukatu den azaldu beharko da.
3.– Goragoko paragrafoan aipatutako Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, hala xedatzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak) 114. eta 115. artikuluetan.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta finantzatutako inbertsio-proiektua adierazita.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei (6) hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 44.1. artikuluan xedatutako ondorioetarako.
6.– Diru-laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.
18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Emandako diru-laguntzaren % 50 laguntza onartu ondoren ordainduko da, 20.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Diru-laguntzaren gainerako % 50a, berriz, erakunde onuradunak 19. artikuluan adierazten diren epeetan diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztearen pentzutan geratuko da.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.
1.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, «Nire kudeaketak» eremuan: https://euskadi.eus/nirekudeaketak
2.– Erakunde onuradunek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) «Exekuzioari buruzko memoria»-ren inprimakia, zeinetan honako hauek jaso beharko baitira: eskabideko memorian jasotako alderdi guztiei dagokienez proiektuaren exekuzioa; hasierako aurreikuspenei dagokienez jazotako aldaketak, eta horien justifikazioa, barne direla jardueraren argazkiak; gauzatutako jardueraren planoak edo krokisak; jarduera zenbat pertsonak egin zuten (sexuaren arabera bereizita); boluntarioen zerrenda izenduna, proiektuaren exekuzioari buruzko ebaluazioa, eta itzulkinen eta errentagarritasun sozialaren adierazle objektiboak, proiektu edo jarduera zehatz bakoitzerako egokituak (Aukeran, memoria osagarri bat ere eman ahal izango da).
b) «Balantze ekonomikoa eta gastuen justifikazioa» inprimakia, zeinetan jasoko baitira proiektuko gastu eta sarrera guztiak, nahiz eta emandako diru-laguntzak ez aurreikusi gastuko kontu-sail guztiak. Hala behar izanez gero, zehaztu beharko da helburu bererako beste diru-laguntzarik jasotzen den, baita adierazi ere, ea erakundeak BEZa ordaindu behar duen ala ez eskabidea aurkeztu duen programa diruz lagungarrietan.
c) Fakturak eta balio frogagarri baliokidea duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan baliodunak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, diruz lagundutako aurrekontu-sailetan egindako gastuei dagozkienak. Fakturetan adierazten bada ordainketa transferentzia bidez egiten dela, hura egin dela justifikatzeko agiri bat helaraziko da.
Zerrenda bateko zenbakiak dituztela aurkeztu beharko dira dokumentuak. Zerrenda horretako dokumentuak ordenatuta agertuko dira, aurrekontuko atalen arabera.
d) Erakundera sartzeko erabakien kopia, boluntarioek eta antolakundeak sinatua, betiere Boluntarioei buruzko 17/1998 Legeko 8.3 artikuluko zehaztapenekin bat etorriaz.
e) Erakunde aseguratzaileak aseguru-polizei buruz emandako egiaztagiria. Bertan, gutxienez, zehaztu beharko dira organizazioak boluntarioen alde kontratatutako istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibilekoaren estaldura, eta, gainera, aseguratuak zenbat diren eta polizaren munta osoa zenbatekoa den. Bai istripu-aseguruak eta bai erantzukizun zibilekoak, biek egon beharko dute indarrean jarduerak egiteko denbora guztian.
f) Proiektuan edo jardueran sortutako materialen kopia.
g) Proiektua egiteko beharrezkoak diren baimenak. Jarduerak egin aurretiko data izan behar dute.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, jardueraren amaiera-datatik zenbatzen hasita, eta betiere 2017ko maiatzaren 31 baino lehenago.
4.– Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako emaitzetan eta egiaztapenetan eta dokumentazioan oinarrituz, diru-laguntzaren likidazioa egingo du, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak emandako ebazpenaren bidez.
20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.2 artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute, eta horrekin batera, Agindu honetan aipatzen diren baldintza eta arau guztiak. Alde horretatik, diru-laguntza esleitu izana jakinarazten duen komunikazioa jaso eta 10 eguneko epearen barruan, diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz hari uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu duela ulertuko da.
2.– Diru-laguntza zein helbururako eman den, helburu horretarako bakarrik erabiliko dute.
3.– Helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo jokaera hartu behar dute: diru-laguntza esleitzeko oinarria izan den hori egikaritu, alegia. Diruz lagundutako jarduerak 2017ko martxoaren 31rako amaitu beharko dira.
4.– Diru-laguntza esleitzen duen organoaren edo –hala dagokionean– entitate laguntzailearen aurrean justifikatu behar dute betetzen dituztela eskakizunak eta baldintzak, egin dutela jarduera eta bete dutela helburua: hots, diru-laguntza esleitzeko erabakian oinarri izan den hori egikaritu dutela.
5.– Diru-laguntza esleitzen duen organoak edo –hala dagokionean– erakunde laguntzaileak egingo dituen egiaztapen-ekintzen mende jarri behar dira, eta eskumena duten nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintzaren mende ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.
6.– Behar bezala ikuskatuta eduki behar dituzte kontabilitate-liburuak, bideratutako erregistroak eta gainerako agiriak, kasu bakoitzean onuradunari aplikatzekoa den merkataritzako legerian eta legeria sektorialean eskatzen den eran; eta eduki egin behar ditu, halaber, diru-laguntzak arautzen dituzten oinarrietan eskatzen diren kontabilitateko egoera-orri eta berariazko erregistro guztiak, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak egoki gauzatzen direla bermatzeko.
7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.
8.– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 18. artikuluko 4. zenbakian jasotako zabalkunde-neurriak hartu behar dituzte.
9.– Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan ezarritako baldintza guztietan jasotako funtsak itzuli behar dituzte.
10.– Boluntarioei buruzko Legearen (ekainaren 25eko 17/1998) ondoriozkoak, besteak beste:
a) Istriputako eta erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea boluntarioentzat, baldin eta proiektuan boluntarioek parte hartzen badute. Erakundeek aseguru-poliza bat kontratatu beharko dute boluntarioen alde, boluntario-lanetan ari direla izandako istripuen ondoriozko asistentzia sanitarioaren, heriotzaren eta baliaezintasunaren estaldura bermatzeko, eta boluntario horiek boluntario-lanean hirugarrenei egin liezazkieketen kalteak eta galerak estaltzeko. Erantzukizun zibileko aseguruak gutxienez 300.506,05 euroko kapital aseguratua izan behar du, istripu eta aseguru-urte bakoitzeko, polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.
b) Boluntariotzaren barneko estatutu bat izatea.
c) Boluntarioei informazioa ematea honako hauetaz: helburuak, antolaketa-egitura eta antolakundearen funtzionamendua.
d) Boluntarioekin akordioak sinatzea, zeintzuetan jasoko baitira boluntarioek erakundearekin duten erlazioari buruzko zehaztapenak, eta, halaber, parteek hartzen dituzten konpromisoak.
e) Jarduerak gauzatzeko gaitzen eta identifikatzen dituen akreditazio bat eman behar diete boluntarioei, eta, halaber, parte hartzea justifikatzeko agiri bat.
f) Boluntarioen alta eta bajen erregistroa abiaraztea eta mantentzea.
11.– Organo eskudunak aldez aurretik emandako baimenak aurkeztu beharko dira proiektuko jarduerek eremu hauek ukitzen badituzte: natura-ondarea, naturagune babestuak, ibai-ibilguak, garrantzi komunitarioko lekuak, ondare historikoa osatzen duten ondasunak, eta babestutako flora eta fauna espezieak. Proiektua egiteko unean, erakundeak behar diren baimen guztiak ez baditu, diru-laguntza osorik kentzea ekarriko du.
12.– Jarduerak sorrarazten duen argitalpen, liburuxka eta, oro har, publizitate orotan, berariaz adierazi behar da Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu duela hura, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua; EHAAn argitaratua, 205. zk.).
13.– Diruz lagundutako ekintzak sustatzeko sortutako kartelak, testuak eta agiriak euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, idatziko dira.
14.– Azterlan eta argitalpenek berdintasun- eta genero-ikuspuntuak hartu behar dituzte barne, eta jardueretarako publizitatea edo material didaktikoak baliatzen badituzte, ez dute hizkuntza edo irudi sexistarik erabiliko hedapen-euskarrietan. Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietan, hizkera inklusiboa izango da.
15.– Aurkeztutako dokumentazioan dagoen informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uztea, doan eta esklusibotasunik gabe, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren informazio-sistemetan erabili eta sartzeko, eta bai honako hauetan argitaratu eta hedatzeko ere: edozein hedabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko edo informatikotan zein teknikak ahalbidetzen duen orotan. Erakundeak material horiek bere web-orri batean argitaratzen baditu, artxibo digitala entregatu ordez, nahikoa izango da adieraztea zein URL helbidetan dagoen artxiboa, bertatik eskuratu ahal izateko. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.
Erakundearen ustez, emandako informazioaren zati bat uztailaren 18ko 27/2006 Legeak (Ingurumenaren gaian informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituenak) 13. artikuluan aurreikusitako salbuespenekin bat badator, dokumentazioa bi bertsiotan aurkeztuko da: alde batetik, bertsio osoa, salbuespenekin bat etor daitezkeen zatiak adierazita; eta, bestetik, bertsio laburtua, zati horiek kenduta. Azken bertsio hori izango da jendaurrean jarriko dena.
16.– Emaitzak hedatu edo esperientziak trukatze aldera Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldietan parte hartzea, horrelakorik erabakitzen bada.
17.– Proiektu guztien emaitzak hedatu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren euskarri elektronikoen bidez eta, horretarako, proiektuan zehar sortutako dokumentazioaz gainera, erakunde onuradunek proiektuaren laburpen bat ere aurkeztu beharko dute guztia batera hedatzeko, honako eduki hauekin: xedea, parte-hartzailea, dimentsioak eta emaitzarik adierazgarrienak.
18.– Diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebeharrak konplitu beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.2 artikuluan ezarritakoak. Horrez gainera eta bereziki, edozein informazio eman beharko dute Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioetan jardunez, eskatuz gero.
19.– Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote diru-laguntza emateko baldintza izan den edozein inguruabar, dela objektiboa, dela subjektiboa, aldatzen bada, aldaketa gertatu dela jakin orduko eta, edonola ere, proiektua exekutatzeko epea amaitu aurretik.
21. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
1.– Esleitutako aurrekontua aldatzeko, arrazoitu egin beharko da, eta aldaketak ezingo du emendatu proiektuari esleitutako diru-laguntza osoaren munta.
2.– Inbertsioaren behin betiko benetako kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
22. artikulua.– Diru-laguntzarako baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
Ondorio horietarako, Ingurumeneko sailburuordeak dagokion ordainketa-ebazpena emango du, onartutako diru-laguntzaren kopurua doitzeko, edo, hala badagokio, lortutako gehiegizko diru-kopurua itzuli beharra agintzeko.
23. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
Erakunde onuradunak ez badu diru-laguntza eskatu eta eman zen helbururako erabiltzen, ez badu gauzatzen diru-laguntza emateko zergatia izan zen jarduera, ez badu justifikatzen diru-laguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako betebeharrak edo, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003) 37. artikuluan ezarritakoak, edo agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutakoak, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko dio EAEko Diruzaintza Nagusiari, sortutako legezko interesekin batera, aplikatu beharrekoa den araudiko 37.1 artikuluan (azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Diru-laguntzei buruzkoa) aurreikusitakoaren arabera.
Halaber, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasun-maila gaindituz gero, onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza honen helburu den jardueraren kostutik gora jasotako dirua, agindu honetako zortzigarren artikuluan adierazitakoaren arabera. Hala ere, hori guztia ez da eragozpen izango zehapenak ezartzeko, ez eta kalte eta galerengatiko kalte-ordainak edota, kasua bada, erantzukizun penala eskatzeko ere.
Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.3 artikuluan ezarritakoa izango da.
24. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.
Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, arau hauek aplikatuko dira: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina; azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Diru-laguntzei buruzkoa, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko abuztuaren 30a.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.